domingo 6 de septiembre de 2009

Asunciòn (Paraguai). 2009ko irailak 6

Mundore bicicleta ari ("Munduan Barrena Bizikletaz", guaranieraz)


Asunciòn, harparen hiria. Hamar egun izango dira laster hona, Paraguaiko hiriburura, iritsi nintzela. Hiri apala da Asunciòn, lasaia, aparteko ñabardurarik gabea, nire gustukoa. Ez da hiri zatarra. Borges-ek Montevideogatik aipatzen zuen "patioko argia", ertzak leuntzen dituen argi lasai eta nagi hori, ez da falta hemen ere ("Montevideo es lo que Buenos Aires fuè, una ciudad con luz de patio"). Garai honetan, gainera "lapacho" zuhaitzak loretan daude eta horrek inguruak edertu eta graziaz eta kolorez betetzen ditu. Bai, kalera irten eta kolore eta lurrin bioletaren arrastoak nonahi ageri dira egunotan, goiko adarretan zein beheko asfaltoan, lore-hosto eroriek orbel more batez estaltzen baitute lurra ere.

Zentzu guztietan "perfil bajo"ko hiria da Asunciòn (erdialdeko auzoaz ari naiz beti "hiria" esaten dudanean. Ia ez dut besterik ezagutu). Eraikin gehienak -gustu txarreko dorre garai batzuk kenduta- txikiak dira, bi edo hiru alturatakoak gehienez. Antigoaleko etxe ugari dago, estilo neokolonial edo neoklasikokoak, polit askoak. Erdialde historikoa Paraguai ibaiak egiten duen badia baten aldamanean dago. Han fundatu zen hiria eta han daude, gaur egun, bere eraikin enblematikoenak, hiriburu honetara inguratzen garen turista apurrontzat derrigorrezko bisita direnak (lehendakariaren jauregia, kabildoa, katedrala, parlamentua...). Handik ibili nintzen atzo eta baita herenegun ere. Gauza batek eman zidan atentzioa, gauza bitxi batek. Paraguaiko botere gorenen sinbolo eta egoitza diren etxe agurgarri horien ondo-ondoan, ibaira bitartean dagoen zerrenda estuan, txabola-auzo bat kokatzen da, "Chacarita". Palacio Legislativo-ko eraikin moderno eta distiratsuko eskalinata nagusitik ehun metro eskasera, parke txiki baten bestaldean, uralitaz eta ohol pusketaz egindako lehen etxetxoak altxatzen dira. Jauregiko harmailadi horretatik jeisten diren gizon eta emakume dotoreek horixe ikusiko dute aurrez aurre, ezin beste nonbaitera begiratu. Eta kalea zapaldu eta haien auto distiratsuetan sartu baino lehen, daitekeena da haur zapata-garbitzaileren bat edo beste haien aurretik gurutzatzea - bizkarretik zintzilik, egurrezko kutxatxoan, lanerako tresnak-; eta daitekeena da, apur bat haruntzago -auzoaren sarreran, zaldi gaineko gerlari ezpatadun harroaren estatua inguruan- kometak airean darabilzkiten haurren algarak ere haienganaino iristea. Ezin esan, beraz, herri honetan klasismorik dagoenik, ez behinik-behin gizarte-klaseen arteko distantzia handirik. Non topatu daitezke, bestela, jende umilena eta gorena hain batera, hain hurbil eta elkarturik? Toki gutxitan, nire ustez. Harmonia inork hautsi ez dezan legearen zaintzailerik ez da falta inguruetan. Poliziaren presentzia nabaria da baina ez hainbeste armena. Giroa lasaia da, ez da igertzen tentsiorik.
.............................................................

Ez dakit aingeru goardakorik dagoen ala ez baina baldin badago zor batzuk baditut nik berarekin. Libratu nau ataka gaizto batzuetatik. Azkena Asuncionera sartu nintzen goiz eguzkitsuan bertan. Hiriko sarrera zen eta lasai nindoan ni bazterbidetik, eskuma-eskumatik. Halako batean, abiadan doazen neumatikoek bat-batean frenatzean ateratzen duten deiadar luze eta agonikoa aditu nuen, ezin ozenago, nire atzean. Deiadar horren larritasuna arimaren azken zirrikituraino iristen da eta segundu batez ez dakizu ondoren zer etorriko den. Oraingoan ezer ez, ez zen ezer gertatu. Bidetik irten baino lehen burua apur bat jiratu eta begi izkinarekin autoa ikusi nuen, ia geldirik, nire ondoan. Nolatan ez ninduen ikusi ez dakit, baina ia aurrean eraman ninduela bai. Bihotza taupadaka hasi zitzaidan, bularretik irten beharrean, eta uste dut autoko gidariarena ere ez zebilela nirea baino lasaiago. Aurrera jarraitu zuen poliki-poliki, zer egin ondo jakingo ez balu bezala. Bere onera etorri zenean abiada azkartu eta trafikoaren erdian galdu zen. Orduan abiatu nintzen ni ere.
.....................................................................

Larunbatero udalak ikuskizunak eta musika emanaldiak antolatzen ditu erdialdeko enparantzetan. Hantxe izan naiz lehentxoago. Neska gazte batek harpa nola jotzen zuen ikustera gelditu naiz. Txundituta utzi nau, ez nekien musika tresna horretatik halako doinu eta soinu goxoak atera zitezkeenik! Ederra!!
.....................................................................

Paraguai. Hegoamerikako azken herria, inor txundituko duen edertasun apartekorik gabea, kontinente honetara etortzen garen bidaiariok beti ahaztua, nazioarteko paisaian harri koskor bat baino gutxiago nabarmentzen dena (tira, ia batera apezpiku, aita eta bere herriko lehendakari izan dela estatuburu gutxik esan ahalko du gaur egun...). Eduardo Galeanok, ordea, askotan aipatzen du bere liburuetan. Berak esaten duenez, XIX. mendean herri "gris" hau exenplu bat zen. Garapen ekonomikorako eredu propio eta independente baten oinarriak jarriak zituen eta Hegoamerikako herririk aurreratuenetakoa zen.


"La primera línea ferroviaria, los primeros telégrafos y la primera fundición de hierro de toda Sudamérica eran instalados en las ciudades de Asunción e Ybycu'i, mientras que el primer buque hecho en Latinoamérica y uno de los primeros del continente, el "Yporã", con una fornida coraza de acero, era botado en los astilleros de Asunción. Semanas antes de la muerte de Carlos Antonio López (presidente paraguayo entre 1844 y 1862), el Paraguay era un país sin desempleados. La educación era obligatoria y gratuita con casi 30.000 niños en las escuelas (resultado obtenido en menos de 15 años). Las industrias textiles, siderúrgicas y de la construcción empezaban a dar sus primeros pasos, favorecidas por las políticas proteccionistas implementadas en su favor. Todo indicaba que el Paraguay se convertiría en un punto de referencia en la economía de los países del Nuevo Mundo." (Wikipedia)


Atrebentzia hori, ordea, oso garesti ordaindu zuen. Inglaterrak finantziatuta, Brasilek, Argentinak eta Uruguaik gerra deklaratu zioten ("Guerra de la Triple Alianza", 1864-1870). Gerra hori amaitu zenean Paraguai guztiz suntsituta zegoen, esperientzia eta eredu arrakastatsu haiek hilik, eta haiekin batera Paraguaiko gizonezkoen % 80 edo % 90 ere bai.


"Existen varias teorías respecto de los detonantes de la guerra. En esencia, el revisionismo argentino y la visión tradicional paraguaya atribuyen un rol preponderante a los intereses del Imperio Británico. La visión alternativa pone el acento en la agresiva política del mariscal Solano López (presidente paraguayo) respecto de los asuntos rioplatenses...La financiación de la guerra la obtuvieron mediante las casas de empréstitos británicos, que veían conveniente el conflicto contra Paraguay, uno de los pocos países que no había caído en su tutela económica. El proteccionismo le produjo al Paraguay un gran desarrollo económico en comparación con otros estados sudamericanos.
La guerra terminó —en el combate de Cerro Corá— con una derrota total de Paraguay, que conllevó incluso un desastre demográfico: la población del país, aproximadamente 1.525.000 personas antes de la guerra, fue reducida a unos 221.000 luego de ella (1871), de los que solamente unos 28.000 eran hombres. Según otras fuentes, murieron cinco sextas partes de su población. Otros historiadores, como el argentino Felipe Pigna, ajustan estas cifras a 1.300.000 habitantes antes de la guerra, quedando reducida a 300.000 después de la misma, la mayoría sólo niños y mujeres.
Paraguay perdió gran parte de su territorio (169.174 km²) y fue obligado a pagar una abultada indemnización de guerra: el préstamo de 200.000 £ recibido de Inglaterra debió saldarse con refinanciaciones llevando la suma a 3.220.000 £...
En fechas recientes, la presidenta argentina Cristina Fernández...calificò a la Triple Alianza como una Triple Traición a los intereses de latinoamérica frente a los imperialismos" (Wikipedia)
.............................................................

Boliviako aldapak eta ondoren 900 kilometro ingurukoko lautadak. Villamontes-etik mugara 160 km inguru dago, ia lauak, eta mugatik Asunciòn-era aldapa ziztrin bat ere ez duzu aurkituko bidean. "Chaco" eskualdea da hori, inguru gutxi populatua, baso txikiak eta itxiak iparraldean, hegoaldean abelgorria hazteko belardi amaigabeak eta palmondo sailak, denean, han eta hemen, "palo borracho" deritzon zuhaitz sabel handiaren aleak. "Chaco", "infernu berdea" ezizenez, beste gerra handi eta odoltsu baten eszenatokia (Chaco-ko Gerra, 1932-1935, Paraguai eta Boliviaren artean. Nahiz eta armada txikiagoa eta gizon gutxiago eduki Paraguai garaitu zen eta areago sendotu zuen, hartara, etsai gogorra izateko lehendik ere hartua zuen fama).

Paraguaira sartu eta lehen gaua "Fortin Infante Rivarolan" pasa nuen, dozena erdi bat gizonez osatutako urrutiko destakamentu militar batean, muga ondoan. Uste dut bazter urrun hartako egunen eta asteen monotonia oso gertaera gutxik apurtzen dutela eta soldadu haiek ondo baino hobeto hartu ninduten. Sarrera ona izan zen eta paraguaitar askorenak diren ohitura eta ezaugarri batzuk lehen une hartan ezagutu nituen: jakin nuen "matea" erruz edaten dutela hemen ere (hotza, baina. "Tererè" du izena), boleibol zaleak direla eta jatortasunarekin batera autokonfiantza eta segurtasuna erakusten dutela izaeran eta baita halako seriotasun edo duintasun arrasto bat ere. Egia esan misterio bat da herri hau, hain bakartua, hain ezezaguna eta hain... nola esango nuke...osasuntsua, beharbada. Ez zait iruditzen niri jende grisa.

Beste zerbaitetaz ere konturatu nintzen Infante Rivarolan. Lehen esan dut ezer nabarmen edo deigarririk ez dagoela herri honetan, eta ez da egia. Bi gauza daukate Hegoamerikan salbuespen direnak: harpa musika tresna (ez, halako zaletasunik ez zeukaten destakamentu militar hartan...) eta homogeneidade linguistiko kultural handia, edo beste hitz batekin esanda, elebitasuna. Denek dakite ondo guaranieraz eta gazteleraz eta Asuncion-etik kanpo badirudi guaraniera dela lehen hizkuntza, ahozko komunikazioan behintzat gehienek lehenesten dutena. Zer da harrigarria? Elebitasun orokor hori batetik eta, bestetik, guaraniera ez dagoela hemen "markatua", ez dela indigena edo nekazari pobreen hizkuntza bakarrik, bazterreko eta baztertuen hizkuntza, baizik eta guztiena (izan ere, Paraguaiko biztanle -eta beraz guarani hiztun- gehienak ez dira guarani etniakoak. Rostro palidoak dira hemen ere nagusi). Ez dakit prestigioaren balantzan ze pisu edukiko duen hizkuntza bakoitzak (arlo formal eta jasoagoetan gaztelera da nagusi) baina garbi dago guaranieraz egitea ez dela lotsagarria eta gainera arlo ez-formaletan gain hartzen diola erderari (Asuncionen ez dago hori hain garbi. Esan didatenez guaraniera eta gazteleraren arteko hizkuntza nahastu bat, "jopara" izenekoa, oso zabalduta dago).
Infante Rivarolako militarrek nirekin gazteleraz egiten zuten eta bere artean -ni aurrean egon arren- guaranieraz beti. Haietan buru egiten zuen koronelak ere joera hori zeukan. Eta joera hori bera askotan errepikatua ikusi dut gero. Kanpin-denda jartzen ari nintzela, behin, haur talde bat inguratu eta galderak egin eta egin aritu zitzaizkidan ni ia itotzeraino; bake pixka bat eman eta bere artean jarduten zutenean, beti guaranieraz. Eta beste batean ez haurrak eta ez militarrak baizik eta injineruak! Colon baino lehenagoko hizkuntza bat ahoan nork eta halako jende printzipalak! Zalantzarik ez izan: kontinente honetan hori bakarrik Paraguain gerta daiteke.
....................................................................

Harparen musika, elebitasuna, jende jatorra baina aukeran serioso samarra, jesuiten misioak hegoaldean eta desertu berde bat iparraldean... emozio gogorrik ez, beraz, Paraguain. Ez bidaiarien grinak pizteko adinakorik. Rara avis gara beste zerginik gabe hemen gabiltzan kanpotarrok.

Menoniten kontuak (joan den mendearen lehen partean Chaco-ko erdialdean kokatu ziren kolono menonitak. Haien herri bat bisitatu nuen: Neuland. Alemanaren dialekto zahar bat hitz egiten dute baina, Bolivian ez bezala eta nik espero nuenaz bestera, modernitateari ez diote uko egiten) eta beste gorabehera batzuk aipatu nahi nituen baina afalordua da...

Bihar abiatuko naiz. Hegoaldean dagoen Encarnacion hiritik sartuko naiz Argentinara. Mugaren bi aldeetan antzinako hiri jesuitikoen hondakinak daude eta haiei ere bisitatxo bat egin behar aurrera, Uruguay aldera, segi baino lehen.
Penaz esango diot agur hiri honi ere. Lo egiteko toki ona aurkitua nuen (Residencial Itaipùa, Fulgencio Moreno 943 c/EE.UU), jatetxe ona ere bai (kantoiaren bueltan, "Good Morfi") eta auzokoen artean adiskideak egiten hasia nintzen. Asuncion bihotzekoa: noiz ikusiko ote zaitut hurrena!!??.

Izan ongi lagunok.