sábado, 18 de agosto de 2012

ALASKA - AMERIKA


Anchorage (Alaska), 2012ko abuztua
Nondik nora: Dawson – The top of the world highway errepidea – Kanada/Alaskako muga (2012ko uztailak 30) – Tok- Delta Junction – Denali highway errepidea – Anchorage. Guztira: 1220 km.


2012ko abuztuak 2, Tok – Dot Lake, 81 km.
Ia hilabete eta erdi pasa dugu elkarrekin Julienek eta biok eta gaur esan diogu agur elkarri. Hegoaldera abiatu da bera Malin-ekin. Malinekin edo Malinen atzetik hobeto esanda, eta ironia handirik gabe diot, ze neska horren aurretik ibiltzea ezinezkoa da, eta parean joateko ere nahikoa lan. Halako txirrindulari gogorrik ez dut oso aspaldian ikusi, egun bakar batean bete dezake berak, erraz, nik bi egun luzetan ibiltzen dudan distantzia.
Bakarrik berriro. Haizea nire alde eta aldapa gutxi, hori ere berritasuna. Baso boreala, lakuak… betiko paisaia deigarririk gabea. Kanpaleku ona aurkitu dut Dot Lake-ko postetxearen atzean. Iluntzen hasi du gauez, bart ohartu nintzen.

2012ko abuztuak 4, Richardson Highway errepidea, 81 km.
Oso egun lainotua. Aurpegiko haizea, tarteka gogorra. Trafiko gutxi eta arratsaldean euria. Alaska mendikateko gailur txuriak nire aurrean beti. Mendi artean kanpatu dut, euripean, ibaitik gertu.

2012ko abuztuak 5, Denali Highway errepidea, 77 km.
Ederra, espero baino askoz ederragoa, Utah-z geroztik topatu dudan lurrik ikusgarriena, agian. Tundra zabala, bakartia eta amaigabea daukat parean, haren berde infinitua hamaika laku eta aintziraren urdinguneek zipriztintzen dutela. Urrutirantz  ondulatzen da, oztoporik gabe, baina haren muga ez da zeruertza  baizik eta begien ikusmira guztia betetzen duen 180 graduko anfiteatro urrun bat, gailur txuriz eta glaziarrez osatua. Alaskako mendiak (1). Ikuskizun benetan ederra. Arratseko eguzkiak urrezko argi leun batez blaitzen du dena. Ñirñirka ari da tundra, aintzira bakoitzaren barruan eguzki ttipi bat dagoela ematen du.

2012ko abuztuak 9, Parks Highway errepidea, 110 km.
Denali-Mackinley mendia, 6194 m. Alaska.
Sasiarteko nire gordelekutik –nire kanpalekutik- irten naizenean begiak igurtzi behar izan ditut, bigarren aldiz goiz honetan. Ez loaren arrastoak uxatzeko, harriduraz eta mirespenez baizik.  Elur eta izotzezko erraldoi bat ikusi dut nire aurrean, iceberg  bat  goizeko aire garbian ainguraturik. Oihan ilunetik ernetzen da eta jainko baten indarraz goratzen du bere gorputz txuria goi urdinerantz. Zalantzarik ez, galdetu beharrik ez estraineko aldiz ikusi arren: Denali/Mckinley mendia da, Ipar Amerikako altuena. Errepideko 171garren milian nengoen kanpatuta eta aurrera jo dut, hegoalderantz, pozik goizaren eskaintza bikoitzagatik: ezohiko giro garbiagatik eta ustegabeko ikuspen hargatik. Koloso haren gainetik begiak kendu ezinik ibili naiz luzaroan: buru harro eta egoki bat bizkar zabaleko gorputz sendo batean; eskuineko sorbalda – iparraldeko tontorra- pixka bat goratua, ezkerrekoa atsedenean, koskarik gabe. Bakarrik dago, toki honetatik ezerk ez dio itzalik egiten, beste mendirik ez du ageri ondoan. Bera, goi urdina eta oihanaren altzo iluna, besterik ez. Autoak bazterretan gelditzen dira argazkiak egitera. Goiza aurrera, mendi gehiago azaldu dira, gailur ilun eta zorrotz ilada bat, eta alboetan kokatu zaizkio, ezker-eskuin, peoiak bailiran. Lainoak ere etorri dira geroago eta Denali handia apurka-apurka inguratu dute. Eguerdirako guztiz estalita zegoen.

(1) Izan ere,  "Amphitheater Mountains" dute izena mendi horiek eta Denali errepideko Paxson eta Tangle Lakes bitarteko zatian haien bista zabal ederra dago. Denali errepidea 200 km inguruko bide asfaltogabea da, neguan ixten dena. 1971.era arte Denali Parke Nazionalera iristeko bide bakarra izan zen.
..........................................................................................................


¡QUÈ VIVA AMÈRICA! (edo nola ibili nintzen bizitzaren lau puntu kardinalen peskizan eta bidaia horretan ikusi eta ikasi nuena)

 “Està mi casa, donde mis ojos
quieran posarse para soñar,
duermo en el aire, es el deseo
quien me arrebata a otro lugar”
             "Vengo del norte", Luz Casal


“Hala esan zaidan, haizearen boladetan datzala
txorien halabeharra
badirela portua sekula aurkitzen ez duten
ontziak itsasoan”
             B. Atxaga

“Eta zuk nola dakizu nora joan nahi duzun?”, galdetu zidan El Cairon, 2005.aren hasieran, han ezagutu nuen Kanadako txirrindulari batek. Bera ez aurrera ez atzera zebilen ordu hartan, zalantzaz betea. Ez zekien zein bide hartu, nondik nora jo. Libia ikusten zuen mendebaldean, Sudan eta Afrika beltza hegoaldean, Ekialde Hurbileko herriak ere hantxe, gertu…  aukera asko, lurralde asko, zaila zen, nonbait,  erabakia. Nik norabideen kontua aipatu nion. Iparrorratzak eskaintzen dituen lau norabide nagusietatik bat hautatu eta hari jarraitu, horixe egiten nuela nik. Jarraitu gainera azkeneraino, lurra amaitu arte, tartean oztopo gaindiezinik edo zelai goxoagorik azaltzen ez bazen behintzat. Hamaika erabaki egin beharko ziren, bai, gero, unean-unean, hamaika errepide, bide eta zidor daudelako munduko puzzlearen zatiak, handiak eta txikiak, lotuz, eta hamaika direlako bidaiariaren kapritxoak eta halabeharraren aginduak. Haiek arduratuko ziren, apurka-apurka, amaraunean hari bat iruteaz. Ibilian. Baina norabide nagusia funtsezkoa zen, hark ematen zuen iparra. Eta ibileraren amaieran atzera begiratu – amaitu nuen kanadiarrari esaten, seriotasun handiz-  eta konturatuko zara zure norabide nagusi hori ez dela izan mapan egindako lerro zuzen eta garbi bat baizik eta sigi-saga aurreratzen duen bide bihurri eta aldrebestua. Aitzaki bat baino ez delako, azken batean, gidari izango duzun iparrizar hori. Ibiltzeko  erabiliko duzun makulu bat eta ez egiazko helmuga.

El Cairoko hartan hegoaldean zegoen ni gidatzen ninduen iparrizarra eta hari segika nindoan Europako puntaren punta den Iparraldeko Lurmuturraz geroztik. Bi bat urtez eraman ninduen aurrera norabide hark eta ez nuen abandonatu Hegoafrikako Agullas Lurmuturrera iritsi nintzen arte. Kanadiarrari esandakoa bete zen arte. Lurra amaitu zitzaidan arte, alegia.

¡Què viva Amèrica!
2008ko urrian ere, bidaia honen hirugarren atalari hasiera eman eta Caracas-era iritsi nintzenean, hegoan zegoen nire iparra (uruguaiarren pozerako,“que nuestro norte sea el sur” esaten dute-eta haiek). Montevideo ikusten nuen orduan han urrutian, kontinentearen behealdean, eta are urrutiago, are hegoalderago, Patagoniako ordekak. Abiatu nintzen, bada, eta behe hartarainoko bidea ez zen izan, espero bezala, bat ere zuzena. Hegoaldera nindoalakoan ekialdera jo nuen batzuetan eta mendebaldeko deiari ere jarraitu zioten, bestetan, nire urratsek; eta inoiz mapa guztia goikoz behera jarri zitzaidan eta iparra munduak –Uruguaitik kanpokoak- ematen dion ohiko tokian ikusirik, aldapa gorari ekin nion eta atzeraka damurik gabe abiatu. Halako gorabeherak eta zorabioak sufritzen –gozatzen- ditu inora iristeko presa handirik ez duenak. Baina izar bat neukan poltsikoan eta haren bero urruna sumatzen nuen. Iritsi nintzen noizbait Montevideora (2009.aren amaieran, udarekin batera) eta hango plaza eta merkatu zaharretan, hango kale geldi itzaltsuetan eta itsas pasealekuko horizontearen zelatan endredatu zitzaizkidan begiak eta gogoa. Eta iritsi nintzen noizbait ere Patagoniako ordoki hutsetara eta, zinez, iheslariaren zoriona sentitu nuen han, lur eta zeru ezin zabalago eta ezin nereago haietan, ez hegorik ez iparrik, mugarik gabeko mundu oso bat, bide infinitoen ametsa, ihes betearen zorabioa, inora ez doanarentzat, lur propiorik ez duenarentzat, egon al daiteke horizonte ederragorik? Eta noizbait magal handi haren amaiera ere ikusi nuen, muino koskorrak panparen urrutiko ertzean, eta hurrena laku, baso eta gailur bilakatu zen dena nire inguruan. Hantxe, Ande mendien oinetan, eman nion buelta neure iparrizarrari, gida nazazu orain urdin hotzeko zure erresumara esan nion, eraman nazazu Amerikako  iparralde urrunera.

Eta eraman ninduen, ekarri  nau. Hegoamerikako bizkarrezurrera igota lehenik, gailurrik gailur, Kolonbiaraino. Han, Argentina eta Boliviako paramo andinoetan, minerala eta pezoa,  haizea, gatza eta duintasunaren mintzaera isila; han, punako ilunsentian, urre-brontzezko sastrakadiak eta kanpaleku bat. Peruko goi-mendateetan zerua  laztantzen zuten  alturak eta bideak, eta airearen hats mehea; berdearen harrera sakona mendikate luzearen  delta kolonbiarrean . Ekarri nau. Ertamerikako laku, sumendi eta oihanetako hezetasunetan barrena; behinolako iraultzen oihartzunez eta gaurko bizitzaren indarraz mintzo diren kale zahar beti berrietan zehar (han, Nikaragua, nire lehen latinoamerika). Ekarri nau. Bihotzeko Mexiko garden eta ahaztezineraino (Mexiko, bizikletaren amets alderraiari harrera egin zion nire lehen latinoamerika). Mexikoko egunak, aspaldikoak eta arestikoak, nola ahaztu? Nola ahaztu denbora zaharraren orein-ibilkera, gaztetasun harritu hura? Nola ahaztu denbora berriaren argia, itzuleraren transparentzia?

Lleguè a San Cristobal de las Casas y me encantò, habia alli una luz y una claridad especial, y la gente con la que me tocò compartir aquellos dias tambien la tenia. Venia ademas de un periodo de lluvias y cielos oscuros en Amèrica Central. Pero fue cuando me reencontrè con aquel Pacifico que ya habíamos recorrido en el año 87, cuando me reencontrè con aquella costa transparente, suave y solitaria (asi recuerdo al tramo que va desde Salina Cruz a Huatulco, el que màs me conmoviò), cuando se despejaron  mis dudas… Esa luz de la costa, esa luz de San Cristobal y de Managua en el 86, y de otros muchos sitios …es una luz especial, una luz que aparece y desaparece, que a veces solo se presiente. Una luz que no solo la tienen los lugares... Es la  luz que nos recuerda porquè caminamos. La que el venezolano Eugenio Montejo describe en su poema  Manoa. …

Mexiko, Latinoamerikako azken geltokia, hizkuntzaren azken babeslekua, sutondoa, herrimina. Hurrena, Muga Handia. Ez dago Amerika guztian antzekorik,  urruntzaileagorik, bereizgarriagorik. Kontinentearen bularra distantziazko haizkorakada batek erdibiturik, bi ertz itsu elkarri begira, zubi gutxiko leize zahar bat, bi Amerikak (zorionez han ere, hemen bezala, mugalari onak daude). Handik gora, aurrerantzean, AMERIKA, hizki larriz idazten dena, izen hori merezi duen bakarra, kontinente guztiak adina, eta askoz gehiago, balio duena.  Handik behera, aurrerantzean, azpiamerika bat, “subamerica”, muga bakarreko eta  forma eta eduki zehatzik gabeko multzo ilun, pobre eta kaotiko bat.

AMERIKA horretan, honetan, deserriraturik, arrozturik, etxegabeturik. Eta AMERIKA horretan, honetan, berriro buhame, iheslari, aske, etxean.  Ubi bene, ibi patria. Ongi sentitzen garen tokian, hantxe daukagu aberria, hantxe aterpea. Beste zerik gabe. Aintzinakoen egiak. Gure uharteak. Utah hegoaldeko bakardade okreak. Montanako  mendi-zelaiak. Urdin leuneko udaberria, Missoulan. Jende zintzoen lagunartea. Ibi patria. Aberria, etxe berria. Your land, my land. Atezuan. Leizeari desafio eginez. Amerika harro hanpatuaren ertzetik Amerika prestuaren ertzera, arranoaren hatzaparretatik herritarren elkartasunera, joan-etorri etengabean, mugalari hor ere, edo orekari, (nire) bi ertz horiek lotzen dituen sokako orekari. Halamoduzkoa. Dorpe samarra.

Kanada ondoren. Arranoaren auzokide europartua, frantsesez ere dakiena, osasun sistema zibilizatua daukana. Cow Boyrik ez han, private property, keep out, keep away, stay out, no trespassing…  mehatxuzko ohar lehen non-nahikoek ageririk ez. Burges zuriak, burges otzanak, nonbait, kanadiarrak. Familiarragoa dena, aspergarriagoa ere bai. Eta basoak, eta mendiak, lakuak, elurra, lanbroa, euria, hartzak… eta gero eta gorago, eta nire iparrizarretik gero eta gertuago. Gida nazazu urdin hotzeko zure erresumara, esan nion. Eta hemen nago, izotzaren udako lorategietan, lurraren amaiera ilunperik gabekoan. Beste amaiera bat. Zenbat honezkero?

Orain dela aste gutxi Artikoko tundra zeharkatu eta Kanadako Inuvik herrira heldu nintzen, Ozeano Artikoaren ia parera. Patagoniaz geroztik ekarri nauen ipar norabidearen amaiera izan zen, bi urte luzeko ibiliaren ipar muturra. Handik mendebaldera egin nuen hurrena, Alaskara, Tok, Denali highway errepidea, Anchorage. Eta lerro hauek Anchorage hiritik Seattle-era naraman ontzian idazten ari naiz, Alaskako uretan oraindik, oker ez banago. Bost eguneko nabigazioa, poltsa bat bete urre kareletik behera eta milaka kilometro hegoalderantz.

Iparra galduta nora orain? Bizitzaren puntu kardinalek zer diote? Aitzaki berria aurkitu beharko dute. Eta badirudi aurkitua dutela dagoeneko. Winnipeg du izena eta ekialdean dago. Winnipeg, Kanadako hiria. Norvegia eta Finlandiako baso-gauetan, 2004. urtean, kanpindendan eta kandela baten argitara (iraupen luzeko diodo-linternek erromantizismo  horrekin amaitu dute ) entzun nuen izen hori lehenengo aldiz. Indiano aberastu baten paperezko ezpainetan, entzun. Gogoan izkutatu zen eta orain hasi zait deika. Norabide batek ez du gehiago behar. Bidaiari bat pozik egon liteke horrenbestez. Behin-behineko norabidea izango da, izatekotan. Urriak elurra eta hotza omen dakartza inguru haietara. Sutondo bat bilatu behar negurako. Aterpe goxo bat. Bihotza izoztu ez dadin. Eta horizonteak aztertzen, horizonteak laztantzen,  jarraitu dezan. Ipar (Izar) berri baten bila.

2012ko abuztuaren 16an
Alaskako uretan, MV Kennicott ontzian.