jueves 9 de febrero de 2012

Honduras, El Salvador, Belize, Guatemala


NONDIK NORA: Las Manos (Nikaragua/Honduras-eko muga, 2011ko urriak 6) - El Paraiso - TEGUCIGALPA - Nacaome - El Amatillo (Honduras/El Salvador-eko muga, urriak 15) - Santa Rosa de Lima - San Francisco Gotera - Comunidad Segundo Montes - Perquin - San Miguel - El Cuco - Usulutan - Zacatecoluca - SAN SALVADOR - Nejapa (Vitoria-Gasteiz) - Santa Ana - Metapan - Anguiatu-ko muga (El Salvador/Guatemala, urriak 28) - Chiquimula - Morales - Puerto Barrios - Punta Gorda (Belize, txalupaz, urriak 31) - BELMOPAN - Belize/Guatemala-ko muga (2011ko azaroak 5) - El Zapote - El Remate - Tikal - Sata Elena - Flores - Sayaxchè - Chisec - Coban - Uspantan - Aguacatàn - Huehuetenango - La Mesilla (Guatemala/Mexiko-ko muga, 2011ko azaroak 23). GUZTIRA: 2167 km.

"No es justo que unos pocos tengan todo y lo absoluticen de tal manera que nadie lo pueda tocar, y la mayoria marginada se estè muriendo de hambre" (Monseñor Romero El Salvador-eko artzapezpikua, 1980an tiroz hila)

 

Honduras igarobide bat baino ez da izan nire ibilian, jauzi txiki bat Nikaraguatik El Salvadorrerako bidean. Beste asmorik gabe iritsi nintzen hara eta entzungor egin nien Hondurasen ere toki ederrik bazela eta haietara hurbiltzea merezi zuela esaten zidatenen aholkuei. Tegucigalpan astebeteko geldialdia egin nuen Mèdicos sin Fronteras erakundeko lagun bilbotar baten etxean eta handik El Salvadorreko mugarantz abiatu nintzen.

Euripean sartu nintzen El Salvadorrera (1), Ertamerikako "erpurutxora", eta iparraldeko mendietan dagoen Perquin herrira jo nuen zuzenean, gerrako museoak ikusteko asmoz. Euripean egin nuen San Francisco Goteratik aurrerako igoera ia guztia eta Perquinera iritsi nintzenean behelainoak lausotuta ageri ziren herriko etxeak eta kaleak, lanbro hotz batean bilduta. Mendietako berde bizia han zegoen, ikusezin baina zelatan laino zuriaz bestalde. Egun garbietan Morazan departamentuko altura haiek haren menpeko dira ia oso-osorik.
1980tik 1992ra iraun zuen El Salvadorreko gerran Perquin izan zen FMLNko (Frente Farabundo Martì para la Liberaciòn Nacional) "hiriburua", gerrillaren gotorlekurik sendoenetakoa. Paraje hartan ere, El Mozoten eta inguruko beste herritxo batzuetan, sarraski gorria egin zuen El Salvadorreko armadak 1981eko abenduaren 10, 11 eta 12an, 900 bat nekazari  hil baitzituen gerrillaren aurkako operatibo batean (2). Perquineko eta Segundo Montes komunitateko "Schafik Vive" museoei egindako bisitak interesgarriak eta hunkigarriak izan ziren. Garai hartan El Salvadorren izan ziren gure lagunekin gogoratu egin nintzen behin baino gehiagotan toki haietan. Haien adorea eta konpromisoa apartak iruditu zaizkit beti.
Beste gerra bat dago orain El Salvadorren, odoljarioa ez da eten. Hori esaten zidan San Miguel hiriko suhiltzaileen buruak beren egoitzan nengoela: "Gerra ez da amaitu. Orain delinkuentziak eragiten ditu hildakoak. Bahiketak, estortsioak... eguneroko ogia dira. Edonork jaso dezake telefono-dei bat "gerrako zerga" ordaintzeko eskatuz. Hor, kaleaz bestaldean ikusten dituzun negozio txiki horiek guztiek ordaintzen dute zerga hori. Merkatuko emakumeek ere ordaintzen dute, saltoki txiki bat baino ez daukatenek..." El Salvador gaixoa! Esatera nindoan herri txiki baina bihotz handiko honek ez duela merezi halako izurriterik.. baina, merezi, zeinek merezi du biolentziaren esklabotza? Suhiltzailearekin hitz egin eta biharamun goizean, urriaren 21ean, urrutiko beste bi gerraren albisteekin gosaldu nuen telebista aurrean: Libian Muammar al Kadafi aurkitu eta hil zuten bere aurka borrokan ari ziren matxinatuek eta Euskal Herrian armak behin betiko uzten zituela adierazi zuen ETAk komunikatu batean.

San Salvadorren egun pare bat pasa eta Santa Ana aldera jo nuen. Bidean, Nejapa herrian, geldialditxo bat egin eta herriminak -edo jakinminak, hobeto esanda- bultzatuta Vitoria-Gasteizera (3) hurbildu nintzen.
Belizera nindoan (Ertamerikan ezagutzen ez nuen nazio bakarra) eta horretarako Guatemalara sartu eta Karibeko kostalderantz egin nuen. Puerto Barrios hirian txalupa txiki batera igo eta ordu eta laurden beranduago PG (Punta Gorda) herrian atrakatu genuen. Belizera iritsia nintzen. PG herri lasaia da, 6000 biztanle ingurukoa, eta munduko builatik urruti dauden toki baketsu eta zorionekoen itxura hartu nion. Lehen momentutik sentitu nuen, gainera, beste nonbait nengoela, ordura arteko Ertamerikarekin zerikusi gutxi zeukan nazio batean: kolore beltza zen nagusi -ez bakarra- kaleetan batetik bestera patxadaz zebiltzatenen aurpegi-besoetan eta inglesarekin antza zeukan hizkuntza baten doinua iristen zitzaidan belarrietara. Jatetxe batean dirua trukatu eta Inglaterrako erreginaren aurpegiarekin apaindutako billete sorta bat eman zidaten eskura; dirua gorde eta Belmopanera zenbat kilometroko bidea zegoen galdetu nuenean "150 bat milia" erantzun zidan barran eserita zeuden gizonetako batek.

Belize Britaina Handiko kolonia bat izan zen (Britainiar Honduras) eta 1981ean bihurtu zen nazio independente. Arraza eta kultura nahasketa handia da eta horretaz ondo konturatu nintzen ondorengo egunetan: asiatikoak, latinoak, maiak, kreoleak (esklabu beltzen eta inglesen ondorengoak), garifunak (esklabu beltzen eta Karibeko indigenen ondorengoak), zuriak... horiek denek osatzen dute gaurko Belize. Hizkuntza ofiziala inglesa da baina gaztelania ere askok dakite. Niretzat Belize parentesi labur eta lasai bat izan zen Erdiko Amerikako ibilian, aparteko toki bat. Biztanle dentsitatea oso txikia da eta errepideetan, gehienetan, lasai asko ibili nintzen. Belize Cityra (hiririk handiena) ez nintzen hurbildu eta Belmopan hiriburura iritsi nintzenean Potatoren doinu zahar baten hitzak hasi ziren segituan dantzan nire gogoan: "...capital artificial de un pais singular...". Bai, hiriburu xelebrea da Belmopan eta Potatoren hitzak ezin hobeto egokitzen zaizkio berari ere.

Peten departamentutik sartu nintzen berriro Guatemalara eta maien zibilizazioaren antzinako Tikal hirirantz jo nuen. Tikal toki ikusgarria da, maien hiri zaharretatik ikusgarriena nire ustez, eta kokapenari zor dio, neurri handi batean, bere berezitasuna: oihan zabalaren barruan daude sakabanatuta piramideak eta hiriko beste eraikinen hondarrak eta natur inguru horrek babestu egiten du, eta indartu, tokiaren misterioa. Oraingo honetan, baina, Tikalera iristeko bidean egon zen - Tikalen bertan baino gehiago- bisita hark eskeini zidan unerik ederrena eta misteriotsuena. Gauez eta oihana zeharkatzen duen errepide bakarti batetik barrena egin nituen azken 17 kilometroak, Parke Nazionaleko sarreratik Tikaleraino bertaraino doazenak. Gauez eta ilgoraren argitan. Zuhaitz-adaburu ilunak, zeru puska txiki bat eta izarrak ikusten nituen goian; asfalto zerrenda zurbil bat, argi-itzalez zeharkatua, nire aurrean. Inguruan baso itxiaren beltza. Gau lasaia zen, epela, eta lasai nindoan ni ilunpe hartan pedalei presarik gabe eragiten. Lasai harik eta baso barrenetik zetorren garrasi latz batek ileak laztu zizkidan arte. Ez nekien orduan ze pizti klasek egin zezakeen behin eta berriro errepikatu zen -eta une batez aprentsioz bete ninduen- dei agoniatsu hura. Biharamunean jakin nuen Tikaleko zaindarien ahotik: tximinoak baino ez ziren, tximino orrolariak.

Tikal hiria eta haren antzekoak eraiki zituztenen ondorengoek osatzen dute gaurko Guatemalako populazioren ia erdia. Maia-jatorriko biztanle horiek eta beren ohiturek eta hizkuntzek kolorez janzten dute nazio hau eta bera da Erdiko Amerikan kultur eta hizkuntza dibertsitate handiena duena. Guatemalako maiek, hala ere, bazterketa eta zapalketa sistematikoa pairatu dute mendetan. 80ko hamarkadan haien aurkako biolentziak goia jo zuen (4).

Ez nintzen hurbildu Guatemalako gune turistiko nagusietara. Ez nuen bisitatu Antigua Guatemala, behinolako hiriburua eta gaur egun herri kolonial eder aparta (omen), eta ez nintzen joan Atitlan lakura edo Chichicastenangora. Horren ordez, Peten-eko lur lauak zeharkatu nituen hegoalderantz eta Alta Verapaz eta Quiche departamenduetatik jo nuen gero mendebalderantz, Mexikoko mugaren bila. Coban eta Huehuetenango hirien arteko errepideak (Uspantan-en barrena, 180 bat km.) merezi du pare bat hitz. Nekazal inguru lasaiak zeharkatzen dituen bidea da, trafiko gutxikoa eta gehienean asfaltatua baina ikaragarri malkartsua. Aldapen portzentaiak hamarretik gorakoak -edo hamarretik dexente gorakoak- izaten dira maiz eta esan liteke muturreko ziklismoa dela han egiten dena, bai behintzat bizikleta zamatua eramanez gero. Egoskorra naizenez pedalen gainean igo nituen aldapa guztiak baina batzuetan ez zen samurra izan. Coban-etik Chisec-era doan tartea antzekoa da, trafiko gehiagokoa.
..........................................................................................................................

Post Scriptum 1

Honduras, izarrik gabeko herria, apaletan apalena, morroietan morroiena, jipoituetan jipoituena, itzal ahul bat tropikoetako argi-ekaitzetan, gure urratsen eremu grisa, igarobide, oztopo, langile zarpaila, ukabil ezindua, egunkarietako kronika dagoeneko ahaztua, jauntxo txikien ustelkerien zimaur-putzua, andre ilunen kemena, odol jario isil loriarik gabea... azkar igaro naiz zure arruntasunetik, zure aurreikusitako ezdeustasunetik, ate bat zabaldu, ate bat itxi, zeharkako begirada bat...
...helduiozu nire eskuari, eta berak bilatzen ez bazaitu helduiozu indarrez, behin eta berriro galdu ez zaitzadan, ez nadin berriz izan itsu bat zure ondoan...

Post Scriptum 2

Zacatecolucatik San Salvadorrera igotzen den autobidean nago. Gasolindegi batean kera bat egin eta bertan bazkaltzea erabaki dut. Gasolindegiko zaindariak, hortzetaraino armatuta dauden bi gizon 55 urte ingurukoak, segituan hurbildu zaizkit. Segundu gutxi behar izan dute arriskutsua ez naizela erabakitzeko eta hortik aurrera zabal egin dute irribarre. Ongi etorria eman nahi didate eta ondoko etxe batera abiatu dira nire bazkaria eskatzera. Gero aulki bat jarri dute zuhaitz baten itzaletan eta bertan esertzeko adierazi. Gizalege fin hori ez da arraroa El Salvadorren, askotan hartzen dut halako adeitasun-keinuen oparia. Gaurkoan, ordea, egoera berezia-edo da, nire anfitrioien kanpoko itxura ez da, behinik behin, kafetegi bateko bi kamarerorena: kulata motzeko eskopeta bana daramate eskuetan eta gerritik zintzilik tamaina ederreko pistola puxkak; gerriaren bueltan munizio-uhalak.
Ohiko galderak, ohiko jakinmina, ohiko erantzunak. Gero gizonetako bat hasi da kontatzen nola bera Guardiakoa (5) izan zen, Guardia Nazional zaharrekoa, baina bake akordioak sinatu eta gero desegin egin zutela polizia talde hori, "Frenteak hala eskatu zuen-eta". Harro hitz egiten du bere iragan hartaz, gero eta azalpen gehiago ematen dizkit: "Guardia Nazionala sortzeko Espainiako poliziaren eredua hartu zuten... hangoen laguntza eta entrenamendua jasotzen genuen eta kaskoan, El Salvadorrekoaren ondoan, Espainiako bandera ere bageneraman..." Nire konplizidadea irabazi nahian ari dela iruditu zait. "Espainian militarren diktadura zegoen garaian gertatuko zen hori...", erantzun diot ahalik eta tonu neutroenean. Gizonak pittin bat aldatu du bere jarrera. Ez du irribarrea galdu baina apur bat urrundu da, bat-batean bere polizia-senak bion bitartean distantzia bat jartzeko agindu balio bezala-edo. Begien distiran lehen ez zegoen errezelo bat antzematen diot orain.
Bazkaldu bitartean bigarren zaindaria hurbildu zait eta hitz-aspertu bat egin dugu elkarrekin. Maren (bandak) eta delinkuentziaren gaia ekarri dut hizpidera. "Egoera ez da erraza" -onartu du- "hementxe bertan inguratuta gaude", eta eskuarekin keinu bat egin du gure azpian  eta inguruan dauden zink-teilatuak seinalatuz. "Koloniak" dira, hiria inguratzen duten auzo pobreak. "Dena lasai dagoela ematen du baina hemen bertan hiru zaindari hil dituzte gu etorri baino lehen. Bat izkina hartan, beste bat zu eserita zauden tokitik gertu, horko kokotero horretan... hor nonbait egongo da gurutzea..." Arbolara hurbildu eta egurrezko gurutzetxo trakets bat jaso du lurretik. Zutik jarri eta kokoteroaren ondoan utzi du. "Hirugarrena haruntzaxeago..." "Zergatik?" -galdetu dut nik- "Lapurreta egiteagatik?" Lepoak goratu ditu ez dakienaren keinuarekin. "Lapurreta egiteagatik, armak kentzeagatik, hiltzeagatik besterik gabe... Lehengo gerra baino okerragoa da hau, orduan bagenekien nor zen nor, orain ordea..."
Ingurura begiratu dut eta bai, lasai dirudi denak. Eguna garbia eta eguzkitsua da. Autoak errepidetik igarotzen dira etenik gabe. Batzuk gasolindegira sartu eta bertan egoten dira minutu batzuetan, depositoak bete bitartean. Uniformez jantzitako nerabe batzuk, eskolaren bateko ikasleak, oinez dabiltza haruntzago, patxadaz. Aldameneko kolonietan ere normaltasun itxura da nagusi. Latinoamerikako ohiko auzo umilak dira: zinkezko teilatuak eta pobreziaren maila diferenteak erakusten dituzten etxeak eta kaleak. Dena lasai eta baketsu eguerdiko eguzkipean.
Gasolindegiaren aurrean eta auzoak inguratuz muino berde eta arbolatuak daude. Baso horiek, noranahi hedatzen direnak... beste gerra baten gudu-zelai izan ziren hain aspaldi ez dela, beste gizon eta emakume armatu batzuen bizilekua. Beharbada horko ikasle horien gurasoena, otu zait; edo "maretara" sartu beste aukerarik ikusten ez duten oraingo gazteenena. Gerra, gerraren atzetik, madarikazioa dirudi. Jose Oscar Perquin-eko museoko gidari eta gerrillari ohiak (12 urte pasa zituen mendian) hala esaten zidan behin eta berriro bisita hartan: "Ez da erreza gerra bat, ez da erreza... memoria gorde nahi dugu museo honetan eta odola berriro isuri ez dadin aldarri bat izan" Gerra gerra da eta heriotza heriotza, baina badira aldeak. Mendietan ibili ziren gerrilari haiek esperantza erein nahi zuten, esperantza ekarri nahi zuten El Salvadorrera, baita auzo ahaztu hauetara ere, eta horren alde borrokatu ziren armak eskuetan. Ez dut uste hau esatean idealizazio erromantiko baten gatibu naizenik, ez dut uste egiatik asko urruntzen ari naizenik. Gizon-emakume haiek gainera aukera gutxi zuten. Armak lurpean daude orain eta han egon bitez betiko. Borroka haren muinean egon zen esperantza hura, ordea, oraindik hain urruti dagoena... bera da ereiten eta defendatzen segitu behar dena. Ez dezala ito melankoliak, edo zinismoak. Ez dezatela ihartu ahanzturak, etsipenak edo egoismoak, guztiok zelatatzen gaituzten neke horiek.


Guadalajara (Mèxico), 2012ko otsailak 9
 .......................................................................................................................

(1) "El Salvador Erdialdeko Amerikako naziorik txikiena da, biztanle-dentsitate handiena daukana eta Karibe itsasoan kostalderik ez duen bakarra. 6.1 miloi biztanle bizi dira 21.000 km2 inguruan. 2004. urtean 3.2 miloi salvadortar bizi ziren El Salvador-etik kanpo; AEBak dira aukera ekonomiko hobeen bila emigratzen dutenen jomuga nagusia. Kanpotik datozen diru-bidalketak per capita Erdiko Amerikako altuenak dira eta esportazio-irabazi guztien adinakoak. Familia guztien heren batek jasotzen du diru-errenta hori.
Geografikoki Erdiko Amerikako herririk txikiena izan arren hirugarren ekonomiarik handiena dauka; errenta per capita Costa Rica edo Panamakoaren bi heren da gutxigorabehera eta Nikaraguakoa erraz bikoizten du. 20001 urtera arte colon izan zen bertako diru ofiziala; urte hartan AEBetako dolarra onartu zuten.
1980tik 1992ra gerra zibila egon zen El Salvadorren. Armada eta FMLNko gerrilla (Frente Farabundo Martì para la Liberaciòn Nacional) elkarren aurka borrokatu ziren. Kalkuluen arabera 75.000 salvadortar hil edo desagertu ziren hamabi urte haietan. 1989ko azaroaren 16an San Salvadorreko Universidad Centroamericana (UCA) delakoan sodaduek 8 lagun hil zituzten, tartean Unibertsitateko errektore Ignacio Ellacuria bizkaitarra. 2009an FMLNk hauteskundeak irabazi eta gobernuaren buruzagitza lortu zuen, ARENA alderdi eskuindarraren 20 urteko agintearen ostean.
Gaur egun El Salvadorrek dauka Latinamerikako bigarren gizahilketa tasarik handiena (Honduras-en atzetik) eta "mara" esaten zaien gaizkile-taldeen edo banden krisiaren epizentroan dago, Guatemala eta Hondurasekin batera. Uste da 25.000 bandakide daudela El Salvadorren eta beste 9.000 espetxeetan." (Wikipediatik)
.......................................................................................
"El 16 de noviembre de 1989, el rector de la Universidad, Ignacio Ellacurìa; el vicerrector académico, Ignacio Martìn-Barò; el director del Instituto de Derechos Humanos de la UCA, Segundo Montes; el director de la Biblioteca de teología, Juan Ramòn Moreno; el profesor de filosofía, Amando Lòpez, junto con otro jesuita, Joaquìn Lòpez y Lòpez, y dos mujeres, colaboradoras de la Universidad, Elba y Celina Ramos, fueron asesinados por un pelotón del Batallón Atlacatl de la Fuerza Armada de El Salvador." (Wikipedia)

(2) "Según las investigaciones de la Comisión de la Verdad, (el organismo de la ONU, creado para investigar los hechos de violencia cometidos durante la guerra civil salvadoreña) aproximadamente 900 campesinos salvadoreños fueron asesinados en El Mozote y los cantones aledaños. Se la considera no sólo el mayor acto de violencia contra población civil cometida por agentes gubernamentales, durante la Guerra Civil de El Salvador, sino también la peor masacre en el Hemisferio Occidental, en tiempos modernos." (Wikipedia)

(3) "En Nejapa existe un importante centro llamado Polideportivo «Vitoria Gasteiz», el cual contiene piscinas, (una con olas artificiales) y estadio de fútbol. Este complejo surgió gracias a la ayuda de ayuntamientos de España, especialmente el de Vitoria, por el que lleva su nombre. En la localidad se encuentran, además, pupusòdromos, para disfrutar el platillo nacional salvadoreño por excelencia." (Wikipedia)

(4) El genocidio maya (llamado también genocidio guatemalteco) es el genocidio ocurrido en Guatemala en la década de 1980. Fue un período de la Guerra civil de Guatemala (1960-1996) en el que se produjeron, según el informe de Naciones Unidas Comisiòn para el Esclarecimiento Històrico, 669 matanzas con más de 200.000 muertos y más de 45.000 desaparecidos a lo largo de la contienda que durò 36 años. Los militares y paramilitares, según la ONU, cometieron el 80% de los crìmenes. Anualmente se cometieron 6.000 asesinatos de que los que el 98% han quedado sin castigo ya que las vìctimas, la mayoría indìgenas mayas, no se atrevieron ni atreven a interponer los correspondientes recursos judiciales. (Wikipedia)

Para el 2007 Guatemala poseía un índice de desarrollo humano de 0,689 que lo ubicaba en la posición 118 de los países del mundo. En términos de índice de pobreza, el 51% de la proporción de la población se encontraba bajo la línea de la pobreza  total, siendo el segundo país de la región con mayor concentración de pobreza. La población guatemalteca habita mayoritariamente en zonas urbanas (en el 2005, casi el 50% de la población era urbana). (Instituto Interamericano de Derechos Humanos)

(5) La Guardia Nacional de El Salvador fue un cuerpo policial de carácter militar fundado en 1912 por el presidente Manuel Enrique Araujo. En cumplimiento de los acuerdos de Chapultepec, la Guardia Nacional fue disuelta el 16 de enero de 1992.

...Peralta Lagos, a graduate of the Military Academy of Spain in 1897, used Spanish Guardia Civil as a model... this Spaniard, with vast experience in the Spanish military, was the first director general of the National Guard... The United Nations sponsored Truth Commission report, issued in 1993, alleges that the National Guard in the 1980s committed crimes against humanity, including massacres, torture, and extrajudicial assassinations... The National Guard closed its doors on June 30, 1992, leaving behind more than eighty years of history in the service of the Salvadoran people, and the last director was Col. Juan Carlos Carrillo Schlenker. (Wikipedia)

jueves 5 de enero de 2012

Nikaragua

NONDIK NORA: Los Chiles (Costa Rica) - San Carlos (Nikaragua, 2011ko abuztuak 23) - Acoyapa - Santo Tomas - Juigalpa - Comalapa - Camoapa - Muy Muy - Matagalpa - Sèbaco - Malpaisillo - Leon - Ciudad Sandino - Managua - Masaya - Granada - Tipi Tapa - San Benito - Ciudad Dario - Sebaco - Esteli - Ocotal - Las Manos (Honduraseko muga, 2011ko urriak 6). GUZTIRA: 973 km.

Nicaragua

Chozas de paja,
Tierra, tierra,
Casitas de confite,
Monte, monte,
Y Managua
Paloma blanca encerrada
Entre un lago infinito
Y una espada.

(Virginia Grütter)





"Ay Nicaragua, Nicaraguita..."
 


2011ko abuztuak 23. Los Chiles (Costa Rica) - San Carlos (Nikaragua)

Los Chiles -Costa Rica iparraldeko herria, Nikaraguako muga ondoan- toki lasaia eta atsegina da. Frio ibaia dauka alboan eta ibai hori nabigatu beharra dago Nikaraguara sartzeko, mugaz iparralderaxeago dagoen San Carlos herrira iristeko.

Pasaporteak eta nortasun agiriak labur aztertu ditu funtzionari batek eta ondoren bidaiariok, 25 edo 30en bat guztira, txalupara igo gara. Eguerdia-edo izango da eta hodei beltz lodien artetik filtratzen den eguzkiak min emateraino berotzen du. Ibaiko urak geldirik daude, berunezko ispilu bat dirudite. Presarik gabe abiatu da ontzia. Basoa dugu bi aldeetan, tropikoetako zuhaitz-ore trinkoa. Tarteka soilgune txikiek eteten dute trinkotasun berde eta heze hori, oholezko etxetxo zarpailak ageri dira orduan ibaiaren ertzetan, zuhaitz enborrez egindako kanoatxoak uretan, agian gizonen bat hamaka batean etzanda guri axolagabe begira. Gero berriro oihan itxia eta bera urratzen duen ubidea, gu aurrera garaman ibai mantsoa. Zeru goibelak zaparrada txikiak bidaltzen dizkigu noizik behin, lasai goaz hala ere, txalupako sabaiko olanak ondo babesten gaitu. Bat-batean ibaia zabaldu eta itsasoaren adinakoa ematen duen ur eremu gris, metaliko, geldi batera iritsi gara. Cocibolca lakua da, Nikaraguako handiena. Nikaragua lakua ere esaten zaio, edo "laku handia" besterik gabe. Bidaiari-ontzi bat dabil bertan, gugandik ez hain urrun. Gure txaluparen aldean ikaragarri handia ematen du, hiru solairu edo gehiago izango ditu. Sandinisten bandera gorri-beltza darama goiko aldean, masta batean zabalduta; indarge dago zintzilik oihala, haizerik ia bat ere ez dabil-eta. Itsaso geza horretan barruratu eta urrunduz doa apurka eta nik begiekin jarraitzen diot. Urak eta zeruak bat egiten duten laino ilun hartarantz doa. Nora? Granadara? Ometepera? Solentinameko uharteetara? Ontzi horretan egon nahi nuke nik ere, ez dadila amaitu gaurko nabigazioa, eraman nazala laku eta zeruertz lainotsu horietan barrena, argi metalikoaz bestaldeko sekretuetarantz, Ernesto Cardenalen babeslekurantz, agian... Ez, gure txalupak bira txiki bat egin eta San Carlos-eko kairantz doa. San Carlos, arrain disekatu bat, lakua bera bezain geldi eta mutu, ur ilunetatik irtenda dirudien etxe multzoa. Ezkata grisak dira zinkezko teilatuak. Kaian gaude dagoeneko, nor bere fardelak eta kutxak porlanezko plataforman lehorreratzen.  45 bat minutu Los Chiles-etik abiatu garenetik. Emigrazio bulegoak berria ematen du, Che Guevararen irudi bat dago eskuineko horman. 12 dolar ordaindu ditut. Polizien jarrera lagunkoia eta profesionala da. Zigilu berria pasaportean dut jadanik. 25 urte lehenago bezala, 23 urte lehenago bezala, 13 urte lehenago bezala. Nikaraguan berriro. Nire lehen Latinoamerikan. Nire betiko Latinoamerikan.

Bizikletari eskulekutik heldu eta kalera irten naiz. Jendearen begiradek eman didate atentzioa: begirada serioak, adeitasunik erakusten ez dutenak, hotzak. Neska ilehori bi igaro dira kaletik. Hemen kanpotarrok ez dugu pasaporterik behar geure arroztasuna erakusteko, hamaika xehetasunek nabarmentzen gaituzte. Baina urre distira hori, esnezko larruazal hori, bestetasunetik datozen tximistargiak dira, edo oihuak, beste modu batera esanda. Nahi gabe eta eskubide osoarekin egiten diren oihuak, nolanahi den. Gizonen begiak ikusten ditut iparralde urruneko bi neskei segika, orratzak dirudite, desatsegina egin zaidan zorroztasuna dute. Hotza sentitu dut une batez eta atzera begiratu dut, Frio ibaiaren aldera, Costa Rica aldera.


Goseak amorratzen nago eta malekoi ondoko jantoki batean "gallopintoa" eta pitaya-ura eskatu ditut. Gero hotel bila abiatu naiz, Solentinamera joateko ideia ez dut baztertu oraindik. Batetik bestera ibili arren ez dut nire presupuesto eta gustuen barruan dagoenik aurkitu. Azkena sartu naizen ostatuan -egurrezko etxe handi, zahar bat-  logela soil-soil bat erakutsi didate, poxpolo kutxa baten tamainakoa: oholezko hormak, ohe txiki bat eta zutik egoteko toki justua haren ondoan. Prezioa galdetu dut. "200 cordoba" . Bere ohiko balioaren halako lau, gutxigorabehera, kalkulatu dut. Gringoaren zerga. Ugazabandreari agur esan diot, erdi purrustada batez. Lehor begiratu didate berak eta bere ondoan dagoen gizonak. Aurrera joko dut. Adio San Carlos. Beste bat arte Solentiname.

Quintalidia herrixkako eskolan egin dut lo, San Carlos-etik 8 bat kilometrora. Don Adolfok eman dit horretarako baimena, ikasgela berriko lanak ere berak zuzentzen ditu. Ez du herdoilik mingainean eta, ez bat eta ez bi, nirekin hasi da bere amorrua husten: "Sandinistak... lapurrak, horixe besterik ez dira, pobreen gobernua direla esan eta guk geuk eraiki behar dugu ikasgela berria ia dirurik eta laguntzarik gabe... Sandinoren izena ere lapurtu dute, Sandino liberal bat zen... baina ez pentsa, Libiako Gadaffi horrekin egiten ari diren moduan, halaxe botako dugu guk ere diktadore komunista hau...".

Arratsa da, laster ilunduko du. Don Adolfo eta bere langileak inguruko etxeetara abiatu dira eta ni bakarrik gelditu naiz. Afaria prestatu eta mauka-mauka irentsi ondoren esterilla zabaldu dut lurrean, arbelaren azpian. Gainetik eltxo-sarea atondu dut arretaz. Gustatzen zait aulki eta pupitre zahar hauen artean egotea, eskola galdu honetan. Gaurko nire jauregia da, bost izarreko hotel batean ez nintzateke hobeto sentituko (egia esan, sekulan ez naiz egon bost izarreko hotel batean). Lotarako ordua. Loa oin-puntetan hurbiltzen. Nikaraguako gau isila kanpoan. Nikaragua... bihotzeko Nikaragua...
...................................................................................

San Carlos-etik Santo Tomas-era 140 kilometroko asfalto leuna, berri-berria, dago. Landa berdeak, arbolatuak askotan, oholezko etxetxo umilak, zaldizkoak, behi taldeak, auto banaka batzuk, aldapa gutxi... horixe eskaintzen du bideak. Baita azaroaren 6an egingo diren lehendakaritzarako hauteskundeen propaganda-iragarkiak ere. Acoyapatik aurrera dagoen bidegurutzean Daniel Ortega zahartu eta nekatu bat ikusi dut arrosa koloreko kartel erraldoi batean: "Nicaragua, cristiana, socialista y solidaria" leloa dauka idatzia ondoan.  Eguerdian iritsi naiz Santo Tomas-era.  Orain dela 23 urte egon nintzen hemen azkeneko aldiz eta, pentsatzekoa denez, herria aldatuta aurkitu dut. Hoberako. Nik gogoan nuen herri trakets hura, 1988koa, ez da gehiago ageri. Ez behintzat erdialde guztian: kaleak galtzadarriz ondo atonduta daude, eta garbi; enparantza nagusia, 1988ko Juana urakanak guztiz soildu zuena, zuhaizti itzaltsu eta atsegina da berriro. Hazi egin da baina txikia eta lasaia da oraindik Santo Tomas.

Arrazoi bakar batek ekarri nau hona: Mollarri izeneko aroztegiak. Zarauzko lagun talde baten ekimenari eta lanari esker jaso zen aroztegia 1986an, Euskal Herritik eramandako makinekin, eta Chontales departamenduko handiena eta onena omen zen garai hartan (1). 1988an pare bat hilabete pasa nituen nik bertan, Barakaldoko Carlosekin. Geroztik, eta gaur arte, tokiaren ia bat ere berririk izan gabe joan zaizkit urteak.

Mollarri herritik kilometro batera-edo zegoen, Ramara zihoan errepidearen ondoan. Santo Tomasera sartu eta ia zuzenean abiatu naiz hara, herrian denborarik eman gabe. Zutik iraungo ote du Mollarrik? Auskalo. Urte asko joan dira eta Nikaraguan gauza asko aldatu. Zaila da igartzea. Eta zabalik eta lanean aurkitu ezkero, nor ibiliko da han? Ezagutuko ote dut inor? Ez dut uste, garai urrun haietatik bi pertsona baino ez ditut gogoan: Maria sukaldaria, eta hitz gutxiko mutil lotsati eta atsegin bat, Bernardo. Aldapan behera noa astiro ezkerreko maldari begira. Herria atzean da eta etxe banaka batzuk baino ez dira ageri orain zuhaitzen artean. Halako batean, begiz jo dut garai bateko eraikin handia: zinkezko teilatu grisa eta porlanez eta burdinsarez egindako hormak, goi txiki batean. Gu gorago, egurrezko etxean, bizi ginen. Bizikletatik jeitsi eta lurrezko bidexkatik gora eraman dut bultzaka aroztegiko sarreraraino. Iritsi baino lehen entzun dut makinen hotsa.

Bizikleta kanpoan utzi eta sartu egin naiz. Zerrautsa eta makina ebakitzaileen zaratotsa. Ile txuriko neska bat izkina batean eserita. Gizon batzuk makinen inguruan. Baina nire begiak eskuadradoran makurtuta panel bat mozten ari den mutilarengana joan dira zuzenean. Badu zerbait... ez du ematen hemengoa... Nire begirada sentitu balu bezala begiak altxatu ditu berak ere. Erabateko harridura adierazten dute orain nigan josita dauden begi horiek. Egia esan, ni bera bezain harrituta nago. Segundu erdi bat baino ez, zeren mozten ari den panela bertan behera utzi eta korrika batean baitator nigana, nire izena oihu batean errepikatuz. Besarkatu egin nau.

Rafael Garde da, otxandiotarra, eta ile txuriko neska, Gemma, Debakoa. Gasteizen bizi dira biak aspalditik eta aspalditik ezagutzen dugu elkar. 80ko urte haietan Rafak -arotza lanbidez- urtebete eman zuen aroztegi honetan eta orain udako oporrak aprobetxatuz bueltatu da hona. Guztiz ustegabeko egokiera izan da, aspaldi baita elkarren bat ere berririk ez dakigula.
....................................................................................

1979ko uztailaren 19an Nikaraguako izena -3 bat miloi biztanleko herri pobre eta gehien bat nezakaria, orduan- munduko komunikabide askotako titularretan hizki handiz agertu zen: egun hartan FSLN (Frente Sandinista de Liberaciòn Nacional) talde gerrilaria eta haren inguruan bildutako herria Somoza familiaren armada garaitu eta Managuan sartu ziren; 43 urtetako diktadura amaitua zen horrenbestez. Egun hura izan zen Iraultza Sandinista deitu izan denaren hasiera (2). Handik aurrera, eta hamar urtez, Nikaragua erreferentzia-puntua izan zen munduko pertsona ezkertiar eta aurrerakoi guztientzat. Nikaragua eta iraultza sandinistaren aldeko babes eta elkartasun taldeak onddoak bezala sortu ziren munduko bazterretan eta milaka eta milaka izan ziren nazio askotatik hara joan eta Nikaragua berri hartan gertatzen ari ziren aldaketen lekuko izan zirenak. Makina bat han gelditu eta era askotako kooperazio lanetan aritu ziren. "Internazionalistak" deitzen zieten.
...................................................................................

Bai, milaka eta milaka erakarri gintuen iraultza sandinistaren itzal erromantiko eta irekiak. Nikaraguak ateak parez pare zabaldu zituen eta hango hirietara, herrietara, eta atzerriko bisitari bat sekula ezagutu gabeko urrutieneko nekazari komunitateetara ere iritsi ginen "internazionalistok". Gioconda Belli Nikaraguako idazlearen esaldi bat famatu zen garai hartan: "La solidaridad es la ternura de los pueblos".
....................................................................................

Si todo es corazón y rienda suelta
y en las caras hay luz de mediodía,
si en una selva de armas juegan niños
y cada calle la ganó la vida,

no estás en Asunción ni en Buenos Aires,
no te has equivocado de aeropuerto,
no se llama Santiago el fin de etapa,
su nombre es otro que Montevideo.

Viento de libertad fue tu piloto
y brújula de pueblo te dio el norte,
cuántas manos tendidas esperándote,
cuántas mujeres, cuántos niños y hombres

al fin alzando juntos el futuro,
al fin transfigurados en sí mismos,
mientras la larga noche de la infamia
se pierde en el desprecio del olvido.

La viste desde el aire, ésta es Managua
de pie entre ruinas, bella en sus baldíos,
pobre como las armas combatientes,
rica como la sangre de sus hijos.

Ya ves, viajero, está su puerta abierta,
todo el país es una inmensa casa.
No, no te equivocaste de aeropuerto:
entrá nomás, estás en Nicaragua.

 
(Julio Cortazar, Managua, febrero de 1980, "Nicaragua, tan violentamente dulce")
...................................................................................

Eta sartu egin ginen. 1986ko uda zen eta ondo gogoan dut hegazkineko atea ireki eta herri hark egin zigun lehen agurra: ez ziren banderak edo kanta iraultzaileak gure zain zeudenak baizik goitik behera bildu gintuen eta birikak estutu zizkigun aire bolada bero, heze, astun bat. Gehienontzat iraultza batera ezezik tropikoetako herri batera hurbiltzen ginen lehen aldia ere bazen hura.


Ia lau hilabete eman nituen han. Gazte eta berde ginen eta uste dut ez genekiela ondo nora gindoazen. 86. urtea ez zen Julio Cortazarren poemako 80 hura, edo haren ondokoak, zeinetan iraultzaren lorpenak eta haiek sortutako ilusioa eta esperantza nagusi ziren artean giroan. 86an Nikaragua gerran zegoen, gerra nazio ia guztira zabalduta zegoen, armak non-nahi ziren eta nahiz eta tiro hotsak gutxitan iritsi hiri eta herri nagusietara herria odolustutzen ari zen: zerbitzu militarra derrigorrezkoa zen eta Nikaraguako gazteak barra-barra hiltzen ziren mendietan; ekonomiari ere kalte larria egiten zion Estatu Batuetako Reagan presidenteak sustatutako gatazka hark: inflazioa handia zen eta hasierako urteetako lorpenei eustea eta merkatuak hornituta mantentzea gero eta zailago. 
Iraultzak ez zuen atsedenik ia ezagutu. Nikaragua berriaren etsaiek segituan ekin zioten ametsa zapuzteko ahaleginari. Hala dio Gioconda Bellik "El país bajo mi piel" liburu autobiografikoan: "Un año después de que alcanzáramos incrèdulos y exultantes nuestros más enfebrecidos sueños, mi país volvió a la guerra, al desangre... En vez de maná del cielo llovieron balas; en vez de cantar en coro, los nicaraguenses nos dividimos; en vez de abundancia, hubo escasez"
...................................................................................

"Gerra garaian", "En el tiempo de la guerra". Horrela hitz egiten dute nikaraguarrek 80ko urte haietaz. Horrela izendatzen dute orain garai hura: "el tiempo de la guerra". Hamarkada hura gogorra eta aberatsa izan zen, Nikaraguako historian mugarriak izan ziren gertaeraz betea, baina badirudi oroimenean gelditu den marka lehena, nagusia, gerraren latza izan dela.

Gaua da eta Rafa eta Gemmarekin nago Santo Tomaseko jatetxe batean. Ez gaude bakarrik, gurekin dira aroztegiko langileak eta baita Fatima eta Pedro ere, Comite de Desarrollo Comunal-eko kideak, eta gure anfitrioak, beraien etxean baikaude ostatuta egun hauetan. Nire ondoan eserita Bernardo dago. Bai, 88an Mollarrin ezagutu nuen mutil lotsati eta hitz gutxiko hura 43 urteko gizona da orain eta bi seme ditu; aroztegian jarraitzen du lanean eta izakera ez zaio aldatu: ez du erretzen, ez du edaten (ebangelista izan gabe, ez da marka makala!) eta garai bateko zuhurtasun berdina erakusten du oraindik hitz egitean. "Zer moduz Bernardo?" galdetu eta beti erantzun bera jasotzen dut: "Màs o menos..." Gizon jatorra da, lehengo lepotik burua horretan ere.

Gaur, ordea, lagunarteko giroak eta mahai gainean pilatuz doazen Toña eta Victoria garagardo-botilek (salbuespen bat eginda berak ere edan du bat edo bi) mingaina askatu diote pixka bat. Esan dit nola gerra-urte haietan bera ere soldadu ibili zen gudatokietan, mendietan, denbora luzean gainera. Labur eta ohiko aldarte serioarekin esperientzia haren xehetasun batzuk eman dizkit. Eta halako batean mixeria hura -gerra guztien mixeria- laburbildu du lau hitzetan. Isilean, bere golkorako bezala, ahoskatu ditu: "Aquello era una mortandad".
...................................................................................

Norbaiti entzun nion behin Euskal Herria izan zela urte haietan Nikaraguara "internazionalista" gehien bidali zuen munduko herria, ez kopuru absolutuetan jakina, baina bai bere populazioaren neurri txikia kontuan hartzen bazen. Auskalo, ez dakit horrela izan zen eta ez dut uste inor datuekin hori frogatzeko moduan dagoenik (interesgarria izango zen dena den halako estadistikak izatea...) baina egia da makina bat euskaldun -uholde bat ia, esango nuke- bidaiatu ginela Nikaraguara urte haietan. Gazteak gehienok. Denok iraultzaren aldekoak -jakina!-  baina halakoetan gertatu ohi denez hara eraman gintuzten motiboak, egiatan, askotarikoak izan ziren eta elkarrekin nahastuak gehienetan: jakinmina, abenturarako gogoa, turismoa, Nikaraguaren eta hango prosezuaren aldeko egiazko interesa, arrazoi pertsonalagoak (giroa aldatzeko edo heroinari izkin egiteko nahia)... Nikaragua "modan" zegoen, bolo-bolo zebilen bere izena, eta bere ospea, gure artean. Kortaturen abestia tabernetan entzuten zen, Nikaraguaren aldeko jaiak eta ekintzak non-nahi egiten ziren. Gauza batek ematen dit orain atentzioa: zein azkar itzali zen bor-bor hura. Esan lezake norbaitek 1990ko hauteskunde porrotak eta sandinista batzuek ondoren hartu zuten jokabideak (3) esplikatzen dutela urruntze hori. Ez dakit... Beste zerbait ere egiten zait deigarri: uholde hartatik zein testigantza gutxi gelditu den, idatzizko zein testigantza gutxi esan nahi dut. Ez naiz ari analisi politikoen aldetik edo garai hura deskribatuz egin daitezkeen liburuez (beharbada badira halakoak...); gogoan dudana kontakizun pertsonalagoak dira, xumeagoak nahi bada, norberaren esperientzia jorratzen duten horietakoak. Milaka euskaldun haiei Nikaraguak oso bizipen berri eta baliotsuak eskaini zizkien, ordura arte ezezagunak zitzaizkigun toki, bizimodu eta egoeren aurrean gertatu ginen, oso egoera berezien aurrean, eta horrek, dudarik ez, bihotza ikutu zigun. Esango nuke gure artean denetarik egon zela, ezjakintasuna, folklorismoa eta arinkeria ez ziren falta izan, oker asko egin ziren, baina benetako gogoa, ahalegina eta herri harekiko maitasuna ere isuri genituen (batzuek bizia eman zuten, Ambrosio Mogorronek, kasu) (4). Nikaraguak biluztu egin gintuen, lezio asko eman zigun, geure onena emanarazi ere bai. Baina nik dakidala esperientzia guzti haietatik, zoritxarrez, ez da idatziz ezer gelditu. Nik ez dut behintzat halakorik ezagutzen.
.................................................................................

Santo Tomas-en hamar bat egun egin nituen, Rafa, Gemma, Fàtima eta Pedrorekin. Gero Juigalpatik pasatu eta Comalapara abiatu nintzen. Comalapa Chontales departamenduko mendietan dagoen herri txiki bat da eta 86an han elkartu ginen, eta lanean elkarrekin aritu, internazionalista euskaldunak eta alemanak. Comalapa ere aldatuta aurkitu dut. Hala esaten nion, handik bidalitako gutunean, lagun bati: "Herria oso aldatuta dago eta hoberako, kaleak adokinatuta, dena txukun, parke berria... Etxeak itxura aberatsekoak, edo ez hain pobreak, zainduak... ganaduzaleak ez dira nonbait hain gaizki bizi hemen...Liberalen gotorlekua dela ematen du, Aleman-en propaganda alde guztietan dago (azaroan hauteskundeak). Jaten ematen zigun andrearekin izan naiz (Doña Ticha), garai haietako ezagunetatik bera da herrian dagoen bakarra, beste batzuk Managuan edo Costa Rican dabiltza, beste askotxo hilda daude. Hitz eta pitz aritu gara gure jantokia zen gelan (etxea ez da ia aldatu). Rosinarekin eta Papachurekin (Linorekin) asko gogoratzen da..."

Comalapatik Matagalpara jo nuen eta handik Leon-era. Bidean, Malpaisillo herrian, geldialdi bat egin eta Mertxe Brosarekin izan nintzen. Mertxe andoindarra 81ean etorri zen lehenengo aldiz Nikaraguara eta 83az geroz hemen bizi da. Ondo ezagutzen du herria eta oso kritikoa da gaur egungo sandinismo ofizialarekin: " Frentea (FSLN, Frente Sandinista de Liberaciòn Nacional) Daniel Ortegaren eta bere emazte Rosario Murilloren agindupean dagoen enpresa bat da, famili-proiektu bat, guztiz bertikala... botereari eustea da orain haien kezka lehena..." (5).
Leon, hiri kolonial polita eta lasaia da (Granada baino atseginagoa, nire ustez) eta han bi aste eman nituen, pasaporte berri baten zain (zaharrari orriak amaitu zitzaizkion). Leon-en lau txirrindulari ezagutu nituen, bi nafar -Javier eta Ruben-, Paul estatu batuarra eta Pedro madrildarra . Javier, Paul eta Pedro  hegoaldera doaz eta Kolonbian daude orain; Ruben orain dela egun gutxi bueltatu da Estatu Batuetatik etxera (http://sudamericabtt.blogspot.com/). Leon, Masaya, Granada, Ciudad Dario... toki horiek guztiek eskaini zizkidaten pasadizo eta enkontru interesgarriak baina beste baterako utzi beharko horien kontaketa... gaueko hamar eta erdiak dira orain eta motxilak prestatu eta ohera joan beharra daukat. Gasteizko bi lagunen bisita izan dut Eguberri eta urte hasiera honetan eta haiekin zabaldu den parentesia gaur itxi da. Bihar berriro bidez bideko bizimodura bueltatuko naiz, errepidera alegia. Urte Berri On guztiei.

Oaxaca, Mexiko. 2012ko urtarrilak 5




(1) Zarauztar haietatik honako hauek ezagutu nituen nik: Ezkerra, Kukulu, Hugo eta Danel. 25 urte geroago makina haiek gehienak lanean ari dira oraindik, tartean Euskal Herrian egindako bi: Gasteizko Sierras Alavesas enpresako zinta-zerra bat eta Iruñako "Ortza" markako eskuadradora bat.

(2) Se conoce como Revolución Sandinista o Revolución Nicaragüense al proceso abierto en Nicaragua en 1978, y que se extendió hasta febrero de 1990, protagonizado por el Frente Sandinista de Liberación Nacional (llamado así en memoria de Augusto César Calderón Sandino) en el que se puso fin a la dictadura de la familia Somoza, derrotando al hijo de Anastasio Somoza, Anastasio Somoza Debayle, sustituyéndolo por un gobierno de perfil progresista de izquierda.[1]
La lucha contra la dictadura de los Somoza, que ya había comenzado a finales de los años 50 del siglo XX se intensifica significativamente en 1978. En marzo de 1979 se firma el acuerdo de unidad por parte de los representantes de las tres fracciones sandinistas y se decide impulsar la lucha. En junio se hace el llamamiento a la "Ofensiva Final" y a la huelga general y el 19 de julio de 1979 las columnas guerrilleras del FSLN entran en Managua, con un amplio respaldo popular, consumando la derrota de Anastasio Somoza Debayle.[1]
El nuevo gobierno, formado por un amplio espectro ideológico con presencia socialdemócrata, socialista, Marxista-leninista y con una influencia muy grande de la teología de la liberación, trataron de introducir reformas en los aspectos socio-económicos y políticos del Estado nicaragüense, tratando además los problemas relativos a la sanidad, la educación y reparto de la tierra que el país sufría, logrando avances significativos y reconocidos internacionalmente.[2]
La oposición armada realizada y organizada por los Estados Unidos, que organizó la llamada contra y hundió al país en una guerra civil, junto a diversos errores de gobierno achacables a la inexperiencia de los sandinistas llevaron a Nicaragua a una posición económica crítica que hicieron que el FSLN perdieran las elecciones de febrero de 1990 en favor de la UNO presidida por Violeta Chamorro poniendo fin al periodo revolucionario. (Wikipedia)

(3) "Ordura arte esandakoen eta egindakoen kontra bihurtu ziren" sandinistez ari naiz. Eduardo Galeanoren hitzak dira, oker ez banago. Eta oker ez banago, 90eko hauteskundeak galdu ondoren ideal iraultzaileak alde batera utzi eta kezka nagusia bere posizio ekonomikoa ziurtatzea izan zuten sandinistei daude zuzenduta.

(4) Ambrosio Mogorrón erizain bilbotarra Bocayn hil zuen mina batek 1986an. 34 urte zituen orduan eta 1980az geroztik zegoen Nikaraguan, osasunaren arloan lanean. "Ambrosio llegó a Nicaragua en 1980. Había nacido en un pueblito pobre de la provincia española de Cuenca y emigró con sus padres a Bilbao, en el país vasco, buscando trabajo en las minas y en los altos hornos. Trabajó como obrero agrícola en Francia y en Madrid estudió enfermería, mientras seguía trabajando para pagarse los estudios. A los 27 años, con el diploma fresco, se ofreció voluntario para alfabetizar en Nicaragua. Fue destinado a una brigada de Salud que apoyaba a los alfabetizadores en la zona minera de Bonanza (Zelaya Norte). Después, decidió quedarse, en el poblado de San José de Bocay, al norte de Jinotega. Es ésta una de las regiones más selváticas, montañosas, olvidadas, atrasadas, pobres e incomunicadas de toda Nicaragua..." (Envio aldizkaria, 1986ko ekaina, http://www.envio.org.ni/articulo/491)

(5) 1979tik 1990era, iraultza sandinistaren hamarkadan alegia, Daniel Ortega izan zen Nikaraguako lehendakaria. 2006an, hauteskundeak irabazi eta berriro eskuratu zuen lehendakaritza. 2011ko azaroko hauteskundeak ere berak irabazi ditu. Urte guzti horietan FSLNko (Frente Sandinista de Liberaciòn Nacional) buru egon da.

miércoles 12 de octubre de 2011

Kolonbia, Panama, Costa Rica (Tegucigalpa, 2011ko urriak 12)

NONDIK NORA: Ipiales (Ekuador/Kolonbiako muga, 2011ko apirilak 20) - Pasto - Popayan - CALI - Salvajina urtegia - Piendamo - Silvia - Totorò - Inzà - San Andres de Pisimbalà (TIERRADENTRO) - Tarqui - SAN AGUSTIN - Neiva - Girardot - Nariño - Cambao - Libano - Murillo - Parque Nacional Los Nevados - Termales del Ruiz - MANIZALES - Aranzazu - Salamina - Aguadas - Sonson - La Union - La Ceja - San Antonio de Padro (MEDELLIN) - Alto Boqueron - Santa Fe de Antioquia - TURBO - Capurgana (txalupaz) - Puerto Obaldia (PANAMA, 2011ko uztailak 22) (txalupaz) - Miramar (txalupaz) - Portobelo - PANAMA HIRIA - Penonome - Sona - Gualaca - Almirante - Sixaola (COSTA RICA, 2011ko abuztuak 7) - Puerto Limon - Turrialba - Cartago - SAN JOSE - Alajuela - Ciudad Quesada - Los Chiles (Nikaraguako muga, 2011ko abuztuak 23). Guztira: 3814 km.


KOLONBIA

Kolonbiak urrezko amaiera bat jarri dio urrezko aro bati, Hegoamerikan egin dudan ia hiru urteko egonaldiari. Urte zinez gogoangarriak, ederrak, Hegoamerikak eskaini dizkidanak eta mereziko luke haiek idatziz laburbiltzeko lana noizbait hartzea. Egokiera bilatu behar, ordea, horretarako, ez da beti hain erreza...

Santa Barbara konpainiako hegazkin batek ekarri ninduen Tenerife uhartetik Caracas-era, eta Hegoamerikara, aspaldiko egun batean, 2008ko urriaren 18garrenean, hain zuzen. Esan behar dut naufrago errukarri baten gisara heldu nintzela Venezuelara urte hartan, burua urpetik kostata ateratzen nuela. Ez du merezi orain hasiera kaskar haren zergatiak azaltzen hastea, baina bai esatea, Caracas ezagutzen ez dutenei batik bat, hiri hura ez dela hondartza lasai bat, palmondoz eta ur gardenez inguratua, arima desorientatuei atseden hartzen eta indarrak berritzen laguntzen dieten horietakoa. Caracas hiri gris, deprimente eta dekadentea da eta han lehorreratu ninduen ekaitzak, huraxe izan zen kontinente honetan zapaldu nuen lehen lurra. Eta azkena? Capurgana du izena. Capurgana Kolonbiako herri koskor bat da, lasaia eta atsegina, alde batean Uraba golkoko itsasoa eta bestean Darieneko oihan sarria dituena. Han, bai, palmondoak daude eta area garbiko hondartzak eta abegi oneko zeru bat. Bertan esan nion, bada, agur Hegoamerikari, txalupa bat hartuta, pasa den uztailaren 22an. Caracas eta Capurgana, beraz... infernutik paradisura dagoen aldea. Edo hor nonbait.

Baina Kolonbiaz ari nintzen. Kolonbia: narkotrafikoaren, paramilitarren, gerrilaren, legebakoen lurralde basati eta arriskutsua... Nork ez du, gutxi-asko, horrela pentsatzen? Biolentziaren estigmarekin dago oraindik lotuta Kolonbiako izena eta jende askok kopeta zimurtuko du hura entzun orduko, goiko zorigaitzen errenkada -edo are luzeago bat- gogora ekarrita. Ondo dakite hori hango gobernariek eta horregatik saiatzen dira - nahiz eta haiek ere biolentziaren sortzaile eta babesle izan- orbana garbitzen, munduari irudi atseginago bat aurkezten: "Kolonbia: arrisku bakarra, bertan gelditu nahi izatea" ("Colombia: el ùnico peligro es que te quieras quedar"), esaten digute azken publizitate-mezu arrakastatsuan. Eta bat nator ni ere, uste dut oraingoan asmatu egin dutela. Esan nahi dut Kolonbiak ez duela merezi gainean daraman gurutzea, bere ospe txarrak ez diola inondik inora justiziarik egiten. Egia da errealitate horiek - gatazka armatu kronikoarekin eta kokainaren ekoizpen eta trafikoarekin lotutakoak- hor daudela baina nekez egingo du topo haiekin, modu zuzenean behintzat, haiek bilatzen ez dituen bidaiariak. Beste zerbait aurkituko du, beste errealitate batzuk, bidaiari horrek eta horiek hartu nahi ditut aintzat hurrengo lerroetan. Beti bezala, neure ikuspuntutik mintzatuko naiz, han izan naizen aldi laburrean ikusi eta bizi izandakoaren esperientzia murritzetik. Dena den, esango dut nire gisara ibilitako gehien-gehienei oso antzeko hitzak adituko dizkiezuela Kolonbiaz galdetuz gero.

Eta zer aurkituko du, bada, hara doan bidaiariak eta, zehatzago, bizikleta-bidaiariak? Honako hau: geografiaren aldetik herrialde ikaragarri ederra eta oparoa, mendiek tolesduraz eta sakontasunez moldatu dutena. Beste modu batera esanda: aldapak eta malkarrak ia non-nahi, gora eta behera egiten duten bide luze politak, gailurrak, bailara sakonak, ibaiak, basoak... den-dena ia zentimetro bat ere huts egiten ez duen berde bizi-bizi, itxuraz infinitu batez, apaindua (eurien sasoian nintzen han). Ande mendiez ari naiz. Kolonbian du hasiera (edo amaiera) 7500 km luze den mendikate zoragarriak eta nazioaren bizkarrezurra osatzen du. Bizkarrezur hirukoitza, hiru adarretan bereizten baita han; bertan, adar horien arteko bailara eta zokoetan, kokatzen dira bide nagusiak eta hiru hiririk handienak: Bogota, Medellin eta Cali. Ande mendiekin lehenengo aldiz topo egiten duena aho zabalik utziko dute, ziur asko, hango sakontasunak eta neurrien eskergak. Argentina, Bolivia, Peruko..  berri daukanak, ordea, ez ditu aurkituko Kolonbian -edo gutxiagotan- hango eremu zabal bakartiak edo mundutik aparte diruditen mendi bazterrak, baina errepide nagusiak utzi eta bigarren mailako edo asfaltatugabeko bideak hartzera ausartzen bada, saria ez da nolanahikoa izango: hirietatik nekez suma daitekeen Kolonbia batekin egingo du topo, nekazari txikien Kolonbiarekin; haien eremuetan barruratuko da eta hor ere aparteko mundu batean dagoela sentituko du maiz; mendietako biztanleen gizalegea eta kanpotarrarekiko abegi ona ezagutuko ditu eta, bitxia bada ere, bakea sentituko du, hori ere eskaini baitezake gerraz hainbeste dakien herri honek...

Gauza gehiago ere aurkituko ditu bidaiariak: herri txit politak (Salamina, Santa Fe de Antioquia, Capurgana, San Andres de Pisimbala... goiko zerrendatik irten gabe); eremu arkeologikoak (Tierradentro, San Agustin); gailur txuriak eta alturetako paramoak eta paisaiak (Parque Nacional de los Nevados, Totorò eta Inzà bitarteko zatia...); desertu beroak ( "La Tatacoa" Neivatik gertu, nahiz eta ez nintzen bertara sartu...)...  Aurkituko du ekonomikoki aurrera doan eta aberastasuna sortzen ari den nazio bat eta horrekin batera erraz konturatuko da aberastasun horren banaketa guztiz orekagabe eta bidegabeaz; halako hausturak onartzen dituen herri bat -mundu bat- gaixorik dagoela pentsatuko du beharbada(1); eta konturatuko da Kolonbiako herria gerraz nekatuta eta gogaituta dagoela, bakea desio duela une honetan beste ezeren gainetik agian, eta hori ulertu behar dela Uribe lehendakari ohi eskuindarraren eta bere jarraitzaileen arrakasta ere ulertzeko (oker ez banago Kolonbia eta Txile dira gaur egun eskuineko gobernu garbiak dituzten Hegoamerikako herri bakarrak).

Baina guztiaren gainetik zerbait nahi nuke esan eta azpimarratu orain: Kolonbiak daukan altxorrik handiena bere jendea da. Asko izan dira bihotza eskuan zutela bidaiariari hurbildu zaizkionak eta kontinenteko toki gutxitan sentitu da han bezain eroso eta ondo hartua. Izan ere, Kolonbiakoa kontinenteko jenderik adeitsuena dela dio batek baino gehiagok; beste batzuek baieztapen hori zehaztu eta meritua erdibanatu beharra dagoela uste dute: haien iritziz, argentinarrei eta kolonbiarrei aitortu behar zaie lehen postua, biek ala biek merezi dute...

Nik honen harira Medellin inguruko familia "paisa" bat aipatu nahi dut, San Antonio del Pradon bizi diren Manuel, Marta eta Manuela. Manuelek eta Martak bizikletadenda txiki bat daukate ("Ciclocampeòn") eta hara iritsi nintzenean arreta oso berezien premian zegoen nire bizikleta, inoiz egon den egoerarik larrienean (arazo mekaniko eta estruktural serio samarrak...). Inoiz baino ederrago, galantago eta sendoago atera zen tailer hartatik eta horrez gain egun txit politak igaro nituen nik Manuel eta Martaren ondoan.


PASADIZOAK, SOLASAK, BITXIKERIAK...

Manuel eta Marta pertsona zintzoak dira, atseginak tratuan eta eskuzabalak. Inguruko guztiekin erakusten dituzten bertuteak dira horiek. Haien bizikletadendara hurbiltzen dena irribarrez eta arduraz hartuko dute beti. Marta da negozioaren bihotza, inurri nekaezin baten modura ibiltzen da goizetik gauera lanean, bai etxean eta bai dendan, guztiari kontu egiten, eta nago bera gabe ontzi hark laster joko lukeela hondoa. Manuel ere arduratzen da lan horietaz, jakina, eta ez da makala. Ameslariagoa aukeran.

Bizikleta ez da haientzat ogibide bat bakarrik, biek eta baita haien alaba Manuelak ere kirola maite dute eta maiz irteten dira inguruko bideak bi gurpilen gainean ibiltzera. Manuel urrunago ere heldu da eta hainbat bidaia eginak ditu Kolonbian barrena. Badu teoria bitxi bat, behin baino gehiagotan azaldu didana:"Gerrila dabilen inguruak, horietxek dituk Kolonbiako ederrenak. Herri honekin benetan maitemindu nahi duenak hara joan beharra zeukak".
Bai Manuelek eta bai Martak ondo ezagutzen dituzte Kolonbiako alde bortitza eta bere ondorioak. Manuelen gurasoak biolentziak hil zituen, ez dakit zeinek eta nola, ez nintzen halako galderarik egitera ausartu. Martaren aita paramilitarrek hil zuten. Horrek, hala ere, ez du piztu berarengan gerrilarekiko sinpatiarik. Martak bortizkeria gorroto du orain, edozein bortizkeria mota, eta harekin lotutako albisteak entzuten dituenean telebistan tristetu eta haserretu egiten da.
..............................................................................................................................................................

Tierradentro-ko Parke Arkeologikoa
 (San Andres de Pisimbala)

"La evidencias arqueològicas del Parque de Tierradentro pertenecen a sociedades agrìcolas precolombinas... que habitaron la regiòn de Tierradentro, en el municipio de Inzà, departamento del Cauca. En el Parque y sus alrededores se encuentran cientos de càmaras funerarias subterraneas (hipogeos), profusamente decoradas, que servian para entierros colectivos. Igualmente hay estatuas talladas en piedra, con estilo similar a las de San Agustin. Por su importancia històrica y cultural el Parque fuè declarado por la Unesco en 1995 como Patrimonio Mundial"
  (parkeko sarreran emandako esku-orritik)

"... ederra tokia. Ederra mendi inguruagatik eta non-nahi den berde biziagatik, eta ederra darion lasaitasunagatik ere. San Andres de Pisimbala herri txiki bat da, koloniaren garaiko elizatxo polit bat daukana (horma txuriak eta lastozko teilatua). Jendea lasaia eta oso jatorra da, atsegin handia da, alde horretatik ere, hemen egotea... Hipogeoak VI. edo VII. mendetik X.enera bitartean harri bolkanikoa zulatuz egindako putzu edo zulo bertikalak dira, harmailaz hornituak eta sakonera bost eta sei metro izatera iritsi daitezkeenak. Zuloaren behealdean ate txiki baten adinakoa den sarrera bat dago, gela batera ematen duena (hilobia). Gelarik handienek zutabeak dituzte eta asko kolore gorri, beltz eta zurizko marrazki geometrikoz daude apainduta... 

Noizbehinka borrokak eta tiroketak gertatzen dira inguruetan (hala esan dit hipogeoetako zaindari batek) baina oso bakanak omen dira gertaera horiek eta sekula ez da odola herrira iritsi. Gerrilaren aktibitatea txikia da, aldizkakoa baino ez... ez da ahaztu behar, hala ere, Cauca departamenduan gaudela, "zona gorrian" alegia... Gaur Alto del Aguacatera igo naiz (ordubeteko igoera) eta handik herrira jeitsi gero. Inortxo ere ez dut ikusi bide guztian. Goian langarra ari zuen eta laino zerrendek beheko herritxoak ezkutatzen zituzten aldizka. Guztira, hipogeoak ikusteko geldialdiak barne, 4 bat orduko ibilaldi ederra mendiz mendi. Herrira iritsi baino ordu erdiren bat lehenago soldaduen kanpamendu txiki batekin egin dut topo. Bi soldadu baino ez ditut ikusi, dozena erdi bat baino gehiago ez ziren izango kanpadenda txiki haietan. Batekin aritu naiz hizketan, mutil jator eta adeitsu batekin. Halako tokietan profesionalak baino ez dabiltzala esan dit, eta aldi baterako datozela. Pentsatu dut ez zela samurra izango mendian bakarrik egotea hain talde txikia izanda, are gutxiago halako inguru batean. Herrian bertan "FARC" pintada batzuk ikusi ditut hormetan..." (nire egunkaritik. 2011ko ekainak 10)
...................................................................................................................................

Gizon bat dator nire atzetik bizikletaz. Nire parean jarri da eta hizketan hasi gara. Guataquì herriaren inguruetan gaude, Cundinamarcako departamenduan. Nire nonkik norakoez galdetzen dit, bidaiaz... Hegoamerikari itzulia ematen ari naiela azaldu diot, bi urte eta erdi daramadala zeregin horretan. Hegoamerikako geografiaren berri badaki eta mundukoarekin ere moldatzen da. Roberto du izena, 55 urte inguru. Animoak ematen dizkit, merezi duela egiten dudanak, Jainkoak lagunduko didala aurrerantzean, orain arte bezala... Elkarren ondoan jarrita goaz errepide estutik aurrera. Kolonbia ekarri dugu hipidera eta halako batean bera M19 taldekoa izan zela aitortu dit, ideia haien ingurukoa (2). "Ezer gutxi dakit nik M19ari buruz baina uste dut  haien buru guztiak akatu zituztela, borrokan ari ziren garaian batzuk, armak utzi eta gero besteak..." "Bai, hala izan zen -onartu du berak-, nik ere bost atentatu sufritu nituen baina hemen nago oraindik. Herritxo honetan aurkitu dut nire herriak beste inon eskaini ez didan bakea..."
..............................................................................................................................

Salamina herria. Sartzerakoan, bidetik oinez zetorren gizon batekin izandako elkarrizketa: "Buenos dìas, va usted bien cargado, esa bici debe pesar por lo menos cuatro arrobas..." "Buenos dias, entre 60 y 70kilos. ¿cuànto es una arroba?" "Son 25 libras, o sea unos 12 kilos... Pero dice usted que 60 kilos... eso son màs de 4 arrobas, ¡son 5! Y uted otro tanto, mucho màs no creo... 10 arrobas rodando sobre esas ruedas y por estas cuestas... ¡Ave Maria, usted si que es berraco!"
.................................................................................................................................

Capurgana herri koskor bat da, 2000 biztanle ingurukoa, Urabako golkoan, Panamako muga ondoan, dagoena. Lehen begiratu batean ez zaio ezer falta, lehen eta bigarren hezkuntzako eskolak ditu, erietxe txiki bat, futbol-zelaia, dendak eta hotelak, kai bat, argindarra eta edateko ona den kanilako ura,  polizia-etxe bat... Herri batzuek izan ohi dituzten gauza horiek guztiak ditu eta beste zerbait ere bai: kostalde berde eta oparo bat, hainbat hondartza txikiz hornitua, eta Darieneko oihan sarria haien inguru guztian. Zer falta zaio Capurganari, zein du gabeziarik deigarriena? Esan dezadan azkar: autoak. Ez dago bat ere herri guztian. Izan ere, Capurganara ez dago lehorrez iristerik oinez ez bada, ez dago errepiderik alegia. Berezitasun horrek eta naturaren edertasunak gero eta bisitari gehiago -atzerritarrak eta Medellin ingurukoak- erakartzen dituzte herrira, nahiz eta txalupaz egin beharreko bidaia, bi ordu eta erdi ingurukoa, bat ere erosoa izan ez. Baina inork ez du damurik, Capurgana paradisu bat da. Hori esaten badu bertako jendeak harrotasunez -nahiz eta haientzat paradisu arrunta izan, egunerokoa-, zer esanik ez kanpotarrek: denok liluratuta geratzen gara herriko eta herritarren lasaitasunarekin eta hango edertasunak areago edertzen dituzten erritmo nagi eta motelekin. Capurganan autorik ez dago eta, antza, inork ez ditu faltan aurkitzen. Itsasoa, oihana eta denbora, ordea, soberan dute bertakoek. Toki exotikoa da, inondik ere, eta horregatik gero eta bisitari gehiago hurbiltzen da bertara, gero eta hiritar gehiagok egiten du amets hango bizitzarekin.
...............................................................................................................................

PANAMA ETA COSTA RICA

La Región del Darién, es un área selvàtica ubicada en el límite de Amèrica Central (Panamà) y Amèrica del Sur (Colombia), que ha funcionado históricamente como una barrera natural entre ambos subcontinentes. Aún en la actualidad no existen vías terrestres de comunicación que atraviesen la zona. En el tapón del Darién se interrumpe la Carretera Panamericana, que conecta la mayor parte de los países del continente americano. 
Por el lado colombiano, la carretera termina cerca de 43.5 km al occidente de Chigorodò en Lomas Aisladas (Casa 40) ... Por el lado panameño, la carretera termina en el pueblo de Yaviza. La carretera Transversal de las Amèricas será una carretera que unirá Panamá con Colombia, este proyecto ya esta adjudicado. (Wikipedia)


La région de Darién ou bouchon de Darién (de l'espagnol, tapón del Darién ; en anglais : Darién Gap) est une zone de marais et de forêt séparant le Panamà et la Colombie, d'environ 160 km de long et 50 km de large.
Le bouchon de Darién ne comporte aucune infrastructure. En particulier, il ne possède aucune route, leur construction étant hors de prix dans la zone et le bilan écologique très lourd : aucun consensus politique en faveur la construction d'une voie le traversant n'a émergé. Le bouchon de Darién sépare donc physiquement l'Amérique centrale de l'Amérique du Sud et reste le dernier maillon inachevé de la route panaméricaine. (Wikipedia)

Darien-eko oihana zeharkatzeko aukeren artetik merkeena aukeratu nuen (lehorrez joatea hasieratik baztertuta, zaila eta arriskutsua zelako): itsasoz gurutzatuko nuen Erdiko Amerika eta Hegoamerika bereizten dituen errepiderik gabeko tarte ospetsua eta horretarako hiru txalupa erabiliko nituen: lehenak Kolonbiako azken herrira eramango ninduen, Capurganara; bigarrenak aurrekotik gertu dagoen Puerto Obaldiara, Panamako lehen herrira; azkenak San Blas artxipielagoa gurutzatu -Kuna indioen bizitokia- eta Colon hirian edo haren inguruetan utziko ninduen. Han bizikletara ostera igo eta normal jarraituko nuen Panama Hirirantz.

Ez dut bat ere maite bizikleta ez den beste ibilgailurik erabiltzea bidean aurrera egiteko eta gutxi maite ditut, halaber, abiadura handiak eta presak baina oraingoan aukera gutxi zegoen. Karelez kanpoko motor indartsuekin hornitutako txalupa arinak izaten dira Uraba golkoko herriak maizenik lotzen dituztenak (3) eta halakoetan iritsi nintzen Capurganara, lehendabizi, eta Puerto Obaldiara gero, hasieran pentsatu bezala. Arazo handirik gabe iritsi ere, bidaia ez zen, haraino, nik espero eta entzuna nuen bezain txarra izan. Lasaitu egin ninduen horrek eta larunbat goiz garbi batean Puerto Obaldiatik Colon-era eraman behar ninduen azken ontzira -beira-zuntzezko txalupa luzexka batera- igo nintzenean, ez nien ia erreparatu popako bi motortzarrei. Uste nuen okerrena pasatua zegoela. Bai, zera. Nire bizialdi guztian egin dudan bidaiarik beldurgarriena eta mingarriena hastera zihoan eta horretaz konturatzeko ez nuen luzaroan itxaron beharrik izan. Motor deabru haiek martxan jarri eta handik minutu erdira gure txalupatxoa abiadura eroan zihoan jauzika eta kolpeka olatuen gainetik, motorrek eman ahal guztian orro egiten zuten gure ondoan, eta bi bidaiariok (emakume isil bat eta biok) karelari ahal bezala heldu eta elkarri begiratzen genion, astindu bortitz haiekin guztiz izututa. Goiz polita atera zuen egun hartan, laino gutxikoa, baina abiatu eta handik gutxira horizontetik etorritako hodei beltz astunak zabaldu ziren zeruan. Ilundu egin zuen, bat-batean, eta euria zarra-zarra hasi. Olatuek ikatzaren tankera hartu zuten eta itsasoa muino eta zulo beltzez bete zen gure inguruan, baina gure pilotua ez zen horregatik kikildu eta aurrera jarraitu zuen abiadura gutxitu gabe, desanparo hartan egoskorkeriaz barruratuz. Ilunpea, euria, itsasoaren dardar sakona eta txaluparen lasterketa urduri eta axolagabea: haiek ziren gure paisaia, inguratzen gintuen mundu likidoaren mugetan ez zegoen besterik -kostaldeko marra, ordura arte begien bistan edukitakoa, ez zen gehiago ageri-. Lehorrekoa naiz ni eta akaso horregatik ez nintzen lasai-lasai sentitzen baina guztiarekin ere zera esango dut, indarra eta edertasuna ez zirela falta paisaia hartan. Itsasoaren goibeltasunak eta ezohiko hurbiltasunak ikuskizun aparta eskeintzen zidaten, kezkak gorabehera. Gutxi iraun zuen, dena den. Laster ostarteak zabaldu eta eguzkia zeruaz nagusitu zen berriro. San Blas artxipielagora hurbiltzen ari ginen.

Bidaia anker hartan San Blas artxipielagoak eskaini zizkigun atsegin eta atseden une batzuk, une bakarrak. Uharte txikien postaleko edertasunari zor zaio tregua hori eta baita itsasoaren bat-bateko baretasunari ere, ispilu baten antza hartu baitzuten han urek; ingurura patxadaz begiratzeko aukera eman zigun horrek, egun hartan lehenengo aldiz. Kolore berde biziko nenufarrak dira Kuna indioen uharteak, itsasoa zipriztintzen duten oihan pusketaxo disdiratsuak, eta gure txalupa nekerik gabe irristatzen zen orain haien artetik. Area txuriko hondartzak eta palmondoen ilada lerdenak ikusten nituen berdamenaren ertzetan eta lastozko etxetxoz osatutako herrixka trinkoak. Ostarteak zabalak ziren orain, argia zen berriro egunaren jabe. Kuna indioen arraunontzitxoak patxadaz mugitzen ziren ur urdin ilunetan batera eta bestera. Nik inbidiaz eta jakinminez begiratzen nien. Lana ote zen -galdegiten nion neure buruari- arrantzale haien jarduna, eguneroko "ogia" (arraina) mahaira eramateko ahalegin lasai hura? Izatekotan, antz gutxi zeukan nik ezagutu nuen soldata irabazte plazer gutxikoarekin, garai bateko inertzia grisarekin. Beharbada abesti zaharrak ez zioen guztiz gezurrik eta lana ez zen beti zigorra eta nekea, ez zen beti menpekotasuna, errealitatearen alde gogaikarri baina ezinbesteko bat; beharbada kantagai ere bihurtu zitekeen, atsegin iturri. Hantxe neukana, aurre-aurrean, ez al zen horren froga?..


Txalupa jauzika eta astinduka hasi zen berriz ere eta gogor heldu nion karelari. Kuna indioen goroldiozko uharteak atzean ziren jadanik, atzean arrantzaleen kanoa zaharrak eta nire gogoetak. Atzean arestiko bakea eta tregua ere, hori zen okerrena. Paradisutik kanpo geunden, berriro sufritzen. Bitan eskatu nion pilotuari, motorren orroaren gainetik ahotsa ahal bezala goratuz, abiada pixka bat mantsotzeko baina hitz gutxiko eta begitarte uzkurreko bihozgabe hura ez zen errukitu, bost axola berari gure arrenkurak eta minak (bera zutik zihoan, bolanteari ondo helduta). Beste bitan lortu nuen, hala ere, txalupa geldiaraz zezala, bizikleta eta poltsak hobeto kokatzeko, haiek ere jauzika eta zilipurdika baitzihoazen gure aurrean, batidora batean bezala. Bizikleta zen nire benetako kezka, bidaia hartan hargatik hartu nuen minik handiena. 
Arratsaldeko ordu bietan, sei orduko tortura latzaren ondoren, Miramar-en lehorreratu ginen. Handik errepidez Portobelora abiatu nintzen ni. Bi egun geroago Panama hirian nengoen.

Panama hirian zazpi egun eman nituen. Besteak beste, zauriak sendatzeko baliatu zitzaidan denbora hura, ipur masailak ubelduta eta handituta nituelako eta nekez etsitzen nuelako eserita. Bizikletak ere sufritu zuen: kalte gehiago hartu zituen sei ordu haietan aurreko hamar urte guztietan baino (4).
...........................................................................................................................................

Panama hirira 1998. urtean ere sartu nintzen bizikletaz. Hiriko hiru tokik, edo hiru irudik, iraun dute tinko nire gogoan urte hartaz geroztik: kanal ospetsua eta hura zeharkatzen duen zubia (Puente de las Amèricas), Alde Zaharra (Panama koloniala) eta banketxe eta merkataritza guneko etxeorratzen pilaketa, itsasoaren ondoan, hiriari halako Manhattan aire bat ematen diona. Hamairu urte joan dira eta gogoan gordeta nituen oroitzapen haietatik badago bat historiara pasatu dena: Alde Zaharrarena.

Panama hiria 1519. urtean fundatu zuten espainolek (Pascual de Andagoya arabarra egon zen hiriko sorrera taldean) baina 1671an Morgan pirata inglesak eta harekin zihoazen 1400 gizonek gogor eraso zioten eta suntsitu. Ez ziren esku hutsik bueltatu beren ontzietara, 195 mando erabili omen zituzten lapurtutako altxorrak garraiatzeko. Hiria berriro eraiki zuten bi urte geroago, 1673an, baina defentsa errazteko asmoz beste kokaleku bat aukeratu zuten, aurreko tokitik 8 bat km hegomendebaldera zegoen penintsula bat: gaurko Alde Zaharra dagoen lekua. Hasierako kokaleku haren mugak gainditu gabe iraun zuen hiriak 1904. urtera arte. Orduan, kanala egiteko lanekin batera, handitzen hasi zen eta ekialderantz zabaltzen.

Orain dela 13 urte Alde Zaharra Panama hiriko auzo herrikoi bat zen, auzo umila eta polita, zarpaila ere, agian, neurri batean, eraikin asko diru eta arreta faltagatik bertan behera utzita edo hondatu samartuta zeudelako, baina auzo bizia inondik ere, ostatu, jantoki eta denda txikiz betea. Hura dena desagertu egin da: ostatuak, jantokiak, dendak... eta baita jendea ere, dena atera dute handik. Tristura ematen du kale haiek, lehen mugimenduz eta jendez beteak ageri zirenak, orain ia hutsik eta hilik ikusteak. Zer gertatu da? Hona hemen nire susmoa: egun batean norbaiti bururatu bide zitzaion auzoa goitik behera berritu beharra zegoela, negozio ona ere izan zitekeela hori, eta jende pobre haiek eta beren dendatxo itsusiak oztopo bat zirela horretarako, soberan zeudela. Lanari ekin zioten. Auzoa garbitu zuten lehendabizi, hustu. Gero langileak eta makinak ekarri eta lanak hasi ziren. Eta horretan ari dira oraindik, eraikin zaharrak eraberritzen eta auzoari sekulako "liftinga" egiten. Diruak agintzen du. Lehengo biztanleak ez dira itzuliko eta auzoaren aurpegi berria diruarena izango da, "dotoreziarena". Han eta hemen ateak zabaltzen hasi diren denda berriek hori erakusten dute jadanik. Orain dela 13 urte auzoaren bihotzean -Plaza de la Independencian- bazegoen hotel umil baina egoki bat eta bertan hartu nuen nik ostatu; laupabost solairuko eraikin hartara hurbildu naiz egun hauetan: guztiz hustuta dago barrutik, kanpoko paretek baino ez diraute zutik. Langileetako batek esan didanez eraikina berritzen ari dira eta amaitzen dutenean igeritoki dotore bat edukiko du barruan hotel berriak eta ez dakit zenbat izar ate gainean.
1671an sakeatu zuen Morganek Panama hiria eta orduko biztanleak ihesean abiarazi. Oraingo piratak ez dira itsasoz etorri, ez dira hirira kainonazoka eta ezpatak eta labanak astinduz sartu, baina nago Morgan zaharrak miraz eta inbidiaz begiratuko liekeela, harro ere seguruenik, mendeak joan arren bere lanbidearen osasuna eta sasoi ezin hobea ikusita. Bere azainak ume jolasak irudituko litzaizkioke agian gaurkoen aldean.
......................................................................................................................................

Igande goiz eguzkitsu batean atera nintzen Panama hiritik. Kanalaren gainetik doan zubia, Puente de las Americas ospetsua, igotzen hasi baino lehen atzera begiratu eta orain dela 13 urte, hirira sartzen ari nintzela, lapurreta egin zidaten tokia ikusi dut: zubipe bat, Avenida de los Martires eta Avenida de los Poetas hiribideak bereizten diren lekua baino lehentxoago. Hamalau urte honetan pairatu dudan indarrezko lapurreta bakarra izan zen eta zorionez ondorio larririk gabea. Zubia jeitsi eta bestaldean oroimenari eta nostalgiari amore eman diet beste behin ere. Emigrante eta langile txinatarren omenez jasotako oroitarriaren ondoan gelditu naiz, errepide ondoko enparatzatxoan. Ameriketako Zubia ezin hobeto ikusten da handik. Zubi hori bera eta zeru garbi bat ikusten genituen 1988. urtean ere Gasteizko hiru lagunek. Houston eta Buenos Aires bizikletaz lotzea zen gure asmoa eta toki honetan bertan, aurrean dudan petrilean eserita, ageri gara orduko argazki batean: bizikletak ondoan eta Panama hirirako sarrera eman behar zigun zubiari serio begira.

Costa Rica alderako bidea ez da oso interesgarria. Errepide panamerikanoa, ia beste aukerarik ez dago, eta hura hartu nuen hurrengo egunetan, salbu eta Sonà inguruan, non monotoniatik eta trafikotik urruntzearren bigarren mailako errepideak hobetsi nituen. Kolonbian hartutako ohiturari eutsi nion Panaman ere eta ia arratsaldero hurbilduko nintzen suhiltzaileen egoitzetara, kanpatzeko toki baten bila. Ondo eta adeitsu hartu ninduten beti.  David hiria baino lehenago bide nagusia utzi eta iparraldera jo nuen, Atlantikoko kostalderantz. Cordillera Central-eko mendiak eta oihanak zeharkatu eta Sixaola-ko mugatik sartu nintzen Costa Rica-ra, abuztuaren 7an.
....................................................................................................................................

"Banana Errepublika Hego Amerikako eta Ertamerikako hainbat herrialde mespretxuz izendatzeko erabiltzen den terminoa da. Hala ere, kontzeptua zabaldu eta demokrazia eskaseko gobernu bat edo enpresa atzerritar eta multinazionalen eskaera zein interesei men egiten dien edozein herrialde aipatzeko erabiltzen da". (Wikipedia)

Banana sail handiak aurreneko aldiz Kolonbian ikusi nituen, Andeak atzean utzi eta Turbo inguruko behe-lurretara iritsi nintzenean. Panaman ere bai, Costa Ricako mugarantz nindoala, eta paisaia hori ez zen asko aldatu bestaldean, muga zeharkatu eta gero. Sail handiak, bananaren eta monolaborantzaren monotonia kilometrotan eta kilometrotan, plastiko urdineko banana multzoak zintzilik lerroz lerro, ilada amaigabeetan. Eta alde guztietan logotipo eta hizki berdinak: "Chiquita". "Chiquita" Estatu Batuetako banana enpresa banatzaile garrantzisuena da eta United Fruit Company konpainia ezaguna izan zenaren oinordekoa (5). Eta nondik zetorkion ospea United Fruit Company delakoari? Ez dago tokirik hemen horren inguruko xehetasunak ematen hasteko, esan dezadan bakarrik hari horretatik tiraka Banana Errepubliken urrezko arora iritsiko ginatekeela eta gorbatako pirata eta gaizkileekin ere topo egingo genukeela berriro... Baina, urrezko aroa esan dut iraganeko kontua balitz bezala? Banana Errepublikak? Zein eta non? Wikipediako goiko definizioan ezabatu "enpresa atzerritar eta multinazionalak" eta jarri horren ordez gaurkotasun handiko termino bat, "merkatuak"...
......................................................................................................................................

Azkar pasatu nintzen Costa Rica-tik, parke nazional eta hondartza ospetsuak bisitatu gabe. Puerto Limon-en eta San Josen bakarrik egin nituen egun batzuetako geldialdiak. Costa Rica herri berezia-edo da Ertamerikan: demokrazia zaharra eta egonkorra, eskualdeko ekonomiarik sendoena eta garatuena, naturaren santutegia, armadarik gabeko herria... lorpen horiek aipatzen dira maiz eta haiek eman diote "bakearen eta ongizatearen uharte bat" izateko ospea. Ospe horrek, prezio egokien eta exotismoaren xarmarekin nahastuta, erakarri ditu Estatu Batuetako eta Europako milaka eta milaka jubilatu, etxea erosi eta han bizitzen jarri direnak eta ospe horrek erakartzen du urtero atzerriko turista olde bat ere. Egia esan lorpen azpimagarriak dira lehen aipatutakoak, are gehiago Ertamerika bezalako eskualde nahasi eta zail batean (6), eta agian horregatik batzuek -suitzarrek edo munduan hain ugari bide diren Suitzazaleek- "Ertamerikako Suitza" deitu izan diote, nazio batentzat hori baino laudorio hoberik ez dagoelakoan. Ez, ez da Suitza bat Costa Rica, ondo latinoamerikarra da eta eskerrak. Baina, esan bezala, baditu hainbat ezaugarri inguruko nazioetan nekezago aurkitzen direnak: zaila da, esaterako, muturreko pobrezia ikustea; badago halako "orden" bat gauzetan, inguruko beste herrietan askoz meheagoa dena; turistak ezezik langile etorkinak ere (Nikaraguakoak batez ere) saldoka hurbiltzen dira bertara, soroetan eta etxe-eraikuntzan lan egitera.. . Estatu Batuen eragina nabarmena da batzuetan, adibidez ingles hizkuntzaren presentzian eta inglesdunen jokabide ausartan (edo lotsagabean...) ez baita arraroa norbait zurekin inglesez hitzetik hortzera hastea, aurretik hizkuntza hori ba ote dakizun galdetu ere gabe. Ni ez naiz inoiz oso Costa Rica zalea izan, herri horrek ez zuen lortu lehen -eta ez du lortu orain ere- nire arreta eta gogoa bahitzea baina esango dut, hala ere, lasai eta gustora ibili naizela hango bideetan (trafiko bizia gorabehera). Costa Ricako jendea adeitsua da, lasaia eta jatorra eta nirekin ezin hobeto portatu dira. Eta beste zerbait, oso garrantzitsua: errepidean gidari zentzudunak eta gizabidetsuak dira, nire ikuspuntutik aspaldiko onenak (nahiz eta asko hobetu litezkeen oraindik gauzak arlo horretan), eta horrek asko esaten du haien alde eta Costa Ricaren alde. Azken baten, ez al dira horiek gizarte zibilizatu eta aurreratu baten ezaugarririk behinenak?

............................................................................................................................
Kanta eta bideo bat amaitzeko. Puerto Ricoko Calle 13 musika taldearen "Latinoamerica". Merezi du ikustea. http://www.youtube.com/watch?v=DkFJE8ZdeG8&feature=topvideos_music

Tegucigalpa, Honduras. 2011ko urriak 12


(1) Colombia is a standing middle power with the fourth largest economy in Latin America. However income and wealth are unevenly distributed. In 1990, the income ratio between the richest and poorest 10% was 40-to-one, climbing to 80-to-one in 2000. In 2009, Colombia had a Gini coefficient  of 0.587, the highest in Latin America, with 46% of Colombians living below the poverty line and 17% in "extreme poverty". (Wikipedia)

(2) El Movimiento 19 de Abril abreviado como M-19 o el eme fue un movimiento insurgente colombiano nacido a raíz de un supuesto fraude electoral en las elecciones presidenciales del 19 de abril de 1970 , nace como rebeldia y movimiento politico y luego se vuelve un movimiento armado. Tras su desmovilizaciòn se convirtió en un movimiento político de izquierda conocido como AD-M19 (Alianza Democrática M-19) que ganó importante respaldo popular y fue uno de los constituyentes de 1991; desapareció a mediados de la dècada de 1990 y algunos de sus miembros se unieron a otras agrupaciones políticas. (Wikipedia)

(3) Zamauntziak ibiltzen dira kostalde hartan eta haiekin ere egin daiteke bidaia modu merke samarrean. Uharte eta portu askotan gelditzen direnez hainbat egun behar izaten dute jomugara iristeko.

(4) Orain daukadan bizikleta Zeelanda Berrian erosi nuen, 2001ean, bigarren eskutik (berrehun dolar amerikarretan). Geroztik 120.000 km inguru ibili ditut harekin. Txalupa-bidaian atzeko parrilla, bizikletaren urte eta kilometro berdinak dituena, okertu zen eta koadroari zulo bat egin zitzaion.

(5) United Fruit Company (UFC) (1899-1970) fruta tropikalen (batez ere banana eta ananak) ekoizpenean eta salerosketan nabarmendu zen multinazional estatubatuarra da. Ertamerikan eta Karibean sail handiak zituen. Mamá Yunay izenarekin ere ezaguna zen ("Yunay" "United" terminoaren deformazio bat da). Botere izugarria zuen Ertamerikako herrialdeetan eta legez kanpoko ekintza asko egin zituen bere historian... (Wikipedia)


...En 2007 Chiquita Brands enfrentó un juicio en Estados Unidos por haber financiado grupos de "autodefensa paramilitar" en Colombia que fueron responsables de la masacre de sindicalistas y campesinos; la compañía tuvo que pagar una multa a las autoridades de su país...

(6) Tegucigalpan nago eta egun hauetako egunkariek zera diote, ONUk (Nazio Batuen Erakundeak) egindako ikerketa baten arabera Honduras dela munduko herririk biolentoena, 100.000 biztanleko 82.1eko hilketa-tasa duelarik, Venezuela, Mexiko edo Boli Kostakoa (Costa de Marfil) baino altuagoa. Bigarren postua El Salvadorri dagokio. Guatemala ez dabil urrun eta hiru herri horiek ematen diote Ertamerikari munduko eskualderik odoltsuenetakoa izateko ospea. Bestaldean Nikaragua eta Costa Rica daude, eskualdeko lasaienak.