jueves, 5 de enero de 2012

Nikaragua

NONDIK NORA: Los Chiles (Costa Rica) - San Carlos (Nikaragua, 2011ko abuztuak 23) - Acoyapa - Santo Tomas - Juigalpa - Comalapa - Camoapa - Muy Muy - Matagalpa - Sèbaco - Malpaisillo - Leon - Ciudad Sandino - Managua - Masaya - Granada - Tipi Tapa - San Benito - Ciudad Dario - Sebaco - Esteli - Ocotal - Las Manos (Honduraseko muga, 2011ko urriak 6). GUZTIRA: 973 km.

Nicaragua

Chozas de paja,
Tierra, tierra,
Casitas de confite,
Monte, monte,
Y Managua
Paloma blanca encerrada
Entre un lago infinito
Y una espada.

(Virginia Grütter)





"Ay Nicaragua, Nicaraguita..."
 


2011ko abuztuak 23. Los Chiles (Costa Rica) - San Carlos (Nikaragua)

Los Chiles -Costa Rica iparraldeko herria, Nikaraguako muga ondoan- toki lasaia eta atsegina da. Frio ibaia dauka alboan eta ibai hori nabigatu beharra dago Nikaraguara sartzeko, mugaz iparralderaxeago dagoen San Carlos herrira iristeko.

Pasaporteak eta nortasun agiriak labur aztertu ditu funtzionari batek eta ondoren bidaiariok, 25 edo 30en bat guztira, txalupara igo gara. Eguerdia-edo izango da eta hodei beltz lodien artetik filtratzen den eguzkiak min emateraino berotzen du. Ibaiko urak geldirik daude, berunezko ispilu bat dirudite. Presarik gabe abiatu da ontzia. Basoa dugu bi aldeetan, tropikoetako zuhaitz-ore trinkoa. Tarteka soilgune txikiek eteten dute trinkotasun berde eta heze hori, oholezko etxetxo zarpailak ageri dira orduan ibaiaren ertzetan, zuhaitz enborrez egindako kanoatxoak uretan, agian gizonen bat hamaka batean etzanda guri axolagabe begira. Gero berriro oihan itxia eta bera urratzen duen ubidea, gu aurrera garaman ibai mantsoa. Zeru goibelak zaparrada txikiak bidaltzen dizkigu noizik behin, lasai goaz hala ere, txalupako sabaiko olanak ondo babesten gaitu. Bat-batean ibaia zabaldu eta itsasoaren adinakoa ematen duen ur eremu gris, metaliko, geldi batera iritsi gara. Cocibolca lakua da, Nikaraguako handiena. Nikaragua lakua ere esaten zaio, edo "laku handia" besterik gabe. Bidaiari-ontzi bat dabil bertan, gugandik ez hain urrun. Gure txaluparen aldean ikaragarri handia ematen du, hiru solairu edo gehiago izango ditu. Sandinisten bandera gorri-beltza darama goiko aldean, masta batean zabalduta; indarge dago zintzilik oihala, haizerik ia bat ere ez dabil-eta. Itsaso geza horretan barruratu eta urrunduz doa apurka eta nik begiekin jarraitzen diot. Urak eta zeruak bat egiten duten laino ilun hartarantz doa. Nora? Granadara? Ometepera? Solentinameko uharteetara? Ontzi horretan egon nahi nuke nik ere, ez dadila amaitu gaurko nabigazioa, eraman nazala laku eta zeruertz lainotsu horietan barrena, argi metalikoaz bestaldeko sekretuetarantz, Ernesto Cardenalen babeslekurantz, agian... Ez, gure txalupak bira txiki bat egin eta San Carlos-eko kairantz doa. San Carlos, arrain disekatu bat, lakua bera bezain geldi eta mutu, ur ilunetatik irtenda dirudien etxe multzoa. Ezkata grisak dira zinkezko teilatuak. Kaian gaude dagoeneko, nor bere fardelak eta kutxak porlanezko plataforman lehorreratzen.  45 bat minutu Los Chiles-etik abiatu garenetik. Emigrazio bulegoak berria ematen du, Che Guevararen irudi bat dago eskuineko horman. 12 dolar ordaindu ditut. Polizien jarrera lagunkoia eta profesionala da. Zigilu berria pasaportean dut jadanik. 25 urte lehenago bezala, 23 urte lehenago bezala, 13 urte lehenago bezala. Nikaraguan berriro. Nire lehen Latinoamerikan. Nire betiko Latinoamerikan.

Bizikletari eskulekutik heldu eta kalera irten naiz. Jendearen begiradek eman didate atentzioa: begirada serioak, adeitasunik erakusten ez dutenak, hotzak. Neska ilehori bi igaro dira kaletik. Hemen kanpotarrok ez dugu pasaporterik behar geure arroztasuna erakusteko, hamaika xehetasunek nabarmentzen gaituzte. Baina urre distira hori, esnezko larruazal hori, bestetasunetik datozen tximistargiak dira, edo oihuak, beste modu batera esanda. Nahi gabe eta eskubide osoarekin egiten diren oihuak, nolanahi den. Gizonen begiak ikusten ditut iparralde urruneko bi neskei segika, orratzak dirudite, desatsegina egin zaidan zorroztasuna dute. Hotza sentitu dut une batez eta atzera begiratu dut, Frio ibaiaren aldera, Costa Rica aldera.


Goseak amorratzen nago eta malekoi ondoko jantoki batean "gallopintoa" eta pitaya-ura eskatu ditut. Gero hotel bila abiatu naiz, Solentinamera joateko ideia ez dut baztertu oraindik. Batetik bestera ibili arren ez dut nire presupuesto eta gustuen barruan dagoenik aurkitu. Azkena sartu naizen ostatuan -egurrezko etxe handi, zahar bat-  logela soil-soil bat erakutsi didate, poxpolo kutxa baten tamainakoa: oholezko hormak, ohe txiki bat eta zutik egoteko toki justua haren ondoan. Prezioa galdetu dut. "200 cordoba" . Bere ohiko balioaren halako lau, gutxigorabehera, kalkulatu dut. Gringoaren zerga. Ugazabandreari agur esan diot, erdi purrustada batez. Lehor begiratu didate berak eta bere ondoan dagoen gizonak. Aurrera joko dut. Adio San Carlos. Beste bat arte Solentiname.

Quintalidia herrixkako eskolan egin dut lo, San Carlos-etik 8 bat kilometrora. Don Adolfok eman dit horretarako baimena, ikasgela berriko lanak ere berak zuzentzen ditu. Ez du herdoilik mingainean eta, ez bat eta ez bi, nirekin hasi da bere amorrua husten: "Sandinistak... lapurrak, horixe besterik ez dira, pobreen gobernua direla esan eta guk geuk eraiki behar dugu ikasgela berria ia dirurik eta laguntzarik gabe... Sandinoren izena ere lapurtu dute, Sandino liberal bat zen... baina ez pentsa, Libiako Gadaffi horrekin egiten ari diren moduan, halaxe botako dugu guk ere diktadore komunista hau...".

Arratsa da, laster ilunduko du. Don Adolfo eta bere langileak inguruko etxeetara abiatu dira eta ni bakarrik gelditu naiz. Afaria prestatu eta mauka-mauka irentsi ondoren esterilla zabaldu dut lurrean, arbelaren azpian. Gainetik eltxo-sarea atondu dut arretaz. Gustatzen zait aulki eta pupitre zahar hauen artean egotea, eskola galdu honetan. Gaurko nire jauregia da, bost izarreko hotel batean ez nintzateke hobeto sentituko (egia esan, sekulan ez naiz egon bost izarreko hotel batean). Lotarako ordua. Loa oin-puntetan hurbiltzen. Nikaraguako gau isila kanpoan. Nikaragua... bihotzeko Nikaragua...
...................................................................................

San Carlos-etik Santo Tomas-era 140 kilometroko asfalto leuna, berri-berria, dago. Landa berdeak, arbolatuak askotan, oholezko etxetxo umilak, zaldizkoak, behi taldeak, auto banaka batzuk, aldapa gutxi... horixe eskaintzen du bideak. Baita azaroaren 6an egingo diren lehendakaritzarako hauteskundeen propaganda-iragarkiak ere. Acoyapatik aurrera dagoen bidegurutzean Daniel Ortega zahartu eta nekatu bat ikusi dut arrosa koloreko kartel erraldoi batean: "Nicaragua, cristiana, socialista y solidaria" leloa dauka idatzia ondoan.  Eguerdian iritsi naiz Santo Tomas-era.  Orain dela 23 urte egon nintzen hemen azkeneko aldiz eta, pentsatzekoa denez, herria aldatuta aurkitu dut. Hoberako. Nik gogoan nuen herri trakets hura, 1988koa, ez da gehiago ageri. Ez behintzat erdialde guztian: kaleak galtzadarriz ondo atonduta daude, eta garbi; enparantza nagusia, 1988ko Juana urakanak guztiz soildu zuena, zuhaizti itzaltsu eta atsegina da berriro. Hazi egin da baina txikia eta lasaia da oraindik Santo Tomas.

Arrazoi bakar batek ekarri nau hona: Mollarri izeneko aroztegiak. Zarauzko lagun talde baten ekimenari eta lanari esker jaso zen aroztegia 1986an, Euskal Herritik eramandako makinekin, eta Chontales departamenduko handiena eta onena omen zen garai hartan (1). 1988an pare bat hilabete pasa nituen nik bertan, Barakaldoko Carlosekin. Geroztik, eta gaur arte, tokiaren ia bat ere berririk izan gabe joan zaizkit urteak.

Mollarri herritik kilometro batera-edo zegoen, Ramara zihoan errepidearen ondoan. Santo Tomasera sartu eta ia zuzenean abiatu naiz hara, herrian denborarik eman gabe. Zutik iraungo ote du Mollarrik? Auskalo. Urte asko joan dira eta Nikaraguan gauza asko aldatu. Zaila da igartzea. Eta zabalik eta lanean aurkitu ezkero, nor ibiliko da han? Ezagutuko ote dut inor? Ez dut uste, garai urrun haietatik bi pertsona baino ez ditut gogoan: Maria sukaldaria, eta hitz gutxiko mutil lotsati eta atsegin bat, Bernardo. Aldapan behera noa astiro ezkerreko maldari begira. Herria atzean da eta etxe banaka batzuk baino ez dira ageri orain zuhaitzen artean. Halako batean, begiz jo dut garai bateko eraikin handia: zinkezko teilatu grisa eta porlanez eta burdinsarez egindako hormak, goi txiki batean. Gu gorago, egurrezko etxean, bizi ginen. Bizikletatik jeitsi eta lurrezko bidexkatik gora eraman dut bultzaka aroztegiko sarreraraino. Iritsi baino lehen entzun dut makinen hotsa.

Bizikleta kanpoan utzi eta sartu egin naiz. Zerrautsa eta makina ebakitzaileen zaratotsa. Ile txuriko neska bat izkina batean eserita. Gizon batzuk makinen inguruan. Baina nire begiak eskuadradoran makurtuta panel bat mozten ari den mutilarengana joan dira zuzenean. Badu zerbait... ez du ematen hemengoa... Nire begirada sentitu balu bezala begiak altxatu ditu berak ere. Erabateko harridura adierazten dute orain nigan josita dauden begi horiek. Egia esan, ni bera bezain harrituta nago. Segundu erdi bat baino ez, zeren mozten ari den panela bertan behera utzi eta korrika batean baitator nigana, nire izena oihu batean errepikatuz. Besarkatu egin nau.

Rafael Garde da, otxandiotarra, eta ile txuriko neska, Gemma, Debakoa. Gasteizen bizi dira biak aspalditik eta aspalditik ezagutzen dugu elkar. 80ko urte haietan Rafak -arotza lanbidez- urtebete eman zuen aroztegi honetan eta orain udako oporrak aprobetxatuz bueltatu da hona. Guztiz ustegabeko egokiera izan da, aspaldi baita elkarren bat ere berririk ez dakigula.
....................................................................................

1979ko uztailaren 19an Nikaraguako izena -3 bat miloi biztanleko herri pobre eta gehien bat nezakaria, orduan- munduko komunikabide askotako titularretan hizki handiz agertu zen: egun hartan FSLN (Frente Sandinista de Liberaciòn Nacional) talde gerrilaria eta haren inguruan bildutako herria Somoza familiaren armada garaitu eta Managuan sartu ziren; 43 urtetako diktadura amaitua zen horrenbestez. Egun hura izan zen Iraultza Sandinista deitu izan denaren hasiera (2). Handik aurrera, eta hamar urtez, Nikaragua erreferentzia-puntua izan zen munduko pertsona ezkertiar eta aurrerakoi guztientzat. Nikaragua eta iraultza sandinistaren aldeko babes eta elkartasun taldeak onddoak bezala sortu ziren munduko bazterretan eta milaka eta milaka izan ziren nazio askotatik hara joan eta Nikaragua berri hartan gertatzen ari ziren aldaketen lekuko izan zirenak. Makina bat han gelditu eta era askotako kooperazio lanetan aritu ziren. "Internazionalistak" deitzen zieten.
...................................................................................

Bai, milaka eta milaka erakarri gintuen iraultza sandinistaren itzal erromantiko eta irekiak. Nikaraguak ateak parez pare zabaldu zituen eta hango hirietara, herrietara, eta atzerriko bisitari bat sekula ezagutu gabeko urrutieneko nekazari komunitateetara ere iritsi ginen "internazionalistok". Gioconda Belli Nikaraguako idazlearen esaldi bat famatu zen garai hartan: "La solidaridad es la ternura de los pueblos".
....................................................................................

Si todo es corazón y rienda suelta
y en las caras hay luz de mediodía,
si en una selva de armas juegan niños
y cada calle la ganó la vida,

no estás en Asunción ni en Buenos Aires,
no te has equivocado de aeropuerto,
no se llama Santiago el fin de etapa,
su nombre es otro que Montevideo.

Viento de libertad fue tu piloto
y brújula de pueblo te dio el norte,
cuántas manos tendidas esperándote,
cuántas mujeres, cuántos niños y hombres

al fin alzando juntos el futuro,
al fin transfigurados en sí mismos,
mientras la larga noche de la infamia
se pierde en el desprecio del olvido.

La viste desde el aire, ésta es Managua
de pie entre ruinas, bella en sus baldíos,
pobre como las armas combatientes,
rica como la sangre de sus hijos.

Ya ves, viajero, está su puerta abierta,
todo el país es una inmensa casa.
No, no te equivocaste de aeropuerto:
entrá nomás, estás en Nicaragua.

 
(Julio Cortazar, Managua, febrero de 1980, "Nicaragua, tan violentamente dulce")
...................................................................................

Eta sartu egin ginen. 1986ko uda zen eta ondo gogoan dut hegazkineko atea ireki eta herri hark egin zigun lehen agurra: ez ziren banderak edo kanta iraultzaileak gure zain zeudenak baizik goitik behera bildu gintuen eta birikak estutu zizkigun aire bolada bero, heze, astun bat. Gehienontzat iraultza batera ezezik tropikoetako herri batera hurbiltzen ginen lehen aldia ere bazen hura.


Ia lau hilabete eman nituen han. Gazte eta berde ginen eta uste dut ez genekiela ondo nora gindoazen. 86. urtea ez zen Julio Cortazarren poemako 80 hura, edo haren ondokoak, zeinetan iraultzaren lorpenak eta haiek sortutako ilusioa eta esperantza nagusi ziren artean giroan. 86an Nikaragua gerran zegoen, gerra nazio ia guztira zabalduta zegoen, armak non-nahi ziren eta nahiz eta tiro hotsak gutxitan iritsi hiri eta herri nagusietara herria odolustutzen ari zen: zerbitzu militarra derrigorrezkoa zen eta Nikaraguako gazteak barra-barra hiltzen ziren mendietan; ekonomiari ere kalte larria egiten zion Estatu Batuetako Reagan presidenteak sustatutako gatazka hark: inflazioa handia zen eta hasierako urteetako lorpenei eustea eta merkatuak hornituta mantentzea gero eta zailago. 
Iraultzak ez zuen atsedenik ia ezagutu. Nikaragua berriaren etsaiek segituan ekin zioten ametsa zapuzteko ahaleginari. Hala dio Gioconda Bellik "El país bajo mi piel" liburu autobiografikoan: "Un año después de que alcanzáramos incrèdulos y exultantes nuestros más enfebrecidos sueños, mi país volvió a la guerra, al desangre... En vez de maná del cielo llovieron balas; en vez de cantar en coro, los nicaraguenses nos dividimos; en vez de abundancia, hubo escasez"
...................................................................................

"Gerra garaian", "En el tiempo de la guerra". Horrela hitz egiten dute nikaraguarrek 80ko urte haietaz. Horrela izendatzen dute orain garai hura: "el tiempo de la guerra". Hamarkada hura gogorra eta aberatsa izan zen, Nikaraguako historian mugarriak izan ziren gertaeraz betea, baina badirudi oroimenean gelditu den marka lehena, nagusia, gerraren latza izan dela.

Gaua da eta Rafa eta Gemmarekin nago Santo Tomaseko jatetxe batean. Ez gaude bakarrik, gurekin dira aroztegiko langileak eta baita Fatima eta Pedro ere, Comite de Desarrollo Comunal-eko kideak, eta gure anfitrioak, beraien etxean baikaude ostatuta egun hauetan. Nire ondoan eserita Bernardo dago. Bai, 88an Mollarrin ezagutu nuen mutil lotsati eta hitz gutxiko hura 43 urteko gizona da orain eta bi seme ditu; aroztegian jarraitzen du lanean eta izakera ez zaio aldatu: ez du erretzen, ez du edaten (ebangelista izan gabe, ez da marka makala!) eta garai bateko zuhurtasun berdina erakusten du oraindik hitz egitean. "Zer moduz Bernardo?" galdetu eta beti erantzun bera jasotzen dut: "Màs o menos..." Gizon jatorra da, lehengo lepotik burua horretan ere.

Gaur, ordea, lagunarteko giroak eta mahai gainean pilatuz doazen Toña eta Victoria garagardo-botilek (salbuespen bat eginda berak ere edan du bat edo bi) mingaina askatu diote pixka bat. Esan dit nola gerra-urte haietan bera ere soldadu ibili zen gudatokietan, mendietan, denbora luzean gainera. Labur eta ohiko aldarte serioarekin esperientzia haren xehetasun batzuk eman dizkit. Eta halako batean mixeria hura -gerra guztien mixeria- laburbildu du lau hitzetan. Isilean, bere golkorako bezala, ahoskatu ditu: "Aquello era una mortandad".
...................................................................................

Norbaiti entzun nion behin Euskal Herria izan zela urte haietan Nikaraguara "internazionalista" gehien bidali zuen munduko herria, ez kopuru absolutuetan jakina, baina bai bere populazioaren neurri txikia kontuan hartzen bazen. Auskalo, ez dakit horrela izan zen eta ez dut uste inor datuekin hori frogatzeko moduan dagoenik (interesgarria izango zen dena den halako estadistikak izatea...) baina egia da makina bat euskaldun -uholde bat ia, esango nuke- bidaiatu ginela Nikaraguara urte haietan. Gazteak gehienok. Denok iraultzaren aldekoak -jakina!-  baina halakoetan gertatu ohi denez hara eraman gintuzten motiboak, egiatan, askotarikoak izan ziren eta elkarrekin nahastuak gehienetan: jakinmina, abenturarako gogoa, turismoa, Nikaraguaren eta hango prosezuaren aldeko egiazko interesa, arrazoi pertsonalagoak (giroa aldatzeko edo heroinari izkin egiteko nahia)... Nikaragua "modan" zegoen, bolo-bolo zebilen bere izena, eta bere ospea, gure artean. Kortaturen abestia tabernetan entzuten zen, Nikaraguaren aldeko jaiak eta ekintzak non-nahi egiten ziren. Gauza batek ematen dit orain atentzioa: zein azkar itzali zen bor-bor hura. Esan lezake norbaitek 1990ko hauteskunde porrotak eta sandinista batzuek ondoren hartu zuten jokabideak (3) esplikatzen dutela urruntze hori. Ez dakit... Beste zerbait ere egiten zait deigarri: uholde hartatik zein testigantza gutxi gelditu den, idatzizko zein testigantza gutxi esan nahi dut. Ez naiz ari analisi politikoen aldetik edo garai hura deskribatuz egin daitezkeen liburuez (beharbada badira halakoak...); gogoan dudana kontakizun pertsonalagoak dira, xumeagoak nahi bada, norberaren esperientzia jorratzen duten horietakoak. Milaka euskaldun haiei Nikaraguak oso bizipen berri eta baliotsuak eskaini zizkien, ordura arte ezezagunak zitzaizkigun toki, bizimodu eta egoeren aurrean gertatu ginen, oso egoera berezien aurrean, eta horrek, dudarik ez, bihotza ikutu zigun. Esango nuke gure artean denetarik egon zela, ezjakintasuna, folklorismoa eta arinkeria ez ziren falta izan, oker asko egin ziren, baina benetako gogoa, ahalegina eta herri harekiko maitasuna ere isuri genituen (batzuek bizia eman zuten, Ambrosio Mogorronek, kasu) (4). Nikaraguak biluztu egin gintuen, lezio asko eman zigun, geure onena emanarazi ere bai. Baina nik dakidala esperientzia guzti haietatik, zoritxarrez, ez da idatziz ezer gelditu. Nik ez dut behintzat halakorik ezagutzen.
.................................................................................

Santo Tomas-en hamar bat egun egin nituen, Rafa, Gemma, Fàtima eta Pedrorekin. Gero Juigalpatik pasatu eta Comalapara abiatu nintzen. Comalapa Chontales departamenduko mendietan dagoen herri txiki bat da eta 86an han elkartu ginen, eta lanean elkarrekin aritu, internazionalista euskaldunak eta alemanak. Comalapa ere aldatuta aurkitu dut. Hala esaten nion, handik bidalitako gutunean, lagun bati: "Herria oso aldatuta dago eta hoberako, kaleak adokinatuta, dena txukun, parke berria... Etxeak itxura aberatsekoak, edo ez hain pobreak, zainduak... ganaduzaleak ez dira nonbait hain gaizki bizi hemen...Liberalen gotorlekua dela ematen du, Aleman-en propaganda alde guztietan dago (azaroan hauteskundeak). Jaten ematen zigun andrearekin izan naiz (Doña Ticha), garai haietako ezagunetatik bera da herrian dagoen bakarra, beste batzuk Managuan edo Costa Rican dabiltza, beste askotxo hilda daude. Hitz eta pitz aritu gara gure jantokia zen gelan (etxea ez da ia aldatu). Rosinarekin eta Papachurekin (Linorekin) asko gogoratzen da..."

Comalapatik Matagalpara jo nuen eta handik Leon-era. Bidean, Malpaisillo herrian, geldialdi bat egin eta Mertxe Brosarekin izan nintzen. Mertxe andoindarra 81ean etorri zen lehenengo aldiz Nikaraguara eta 83az geroz hemen bizi da. Ondo ezagutzen du herria eta oso kritikoa da gaur egungo sandinismo ofizialarekin: " Frentea (FSLN, Frente Sandinista de Liberaciòn Nacional) Daniel Ortegaren eta bere emazte Rosario Murilloren agindupean dagoen enpresa bat da, famili-proiektu bat, guztiz bertikala... botereari eustea da orain haien kezka lehena..." (5).
Leon, hiri kolonial polita eta lasaia da (Granada baino atseginagoa, nire ustez) eta han bi aste eman nituen, pasaporte berri baten zain (zaharrari orriak amaitu zitzaizkion). Leon-en lau txirrindulari ezagutu nituen, bi nafar -Javier eta Ruben-, Paul estatu batuarra eta Pedro madrildarra . Javier, Paul eta Pedro  hegoaldera doaz eta Kolonbian daude orain; Ruben orain dela egun gutxi bueltatu da Estatu Batuetatik etxera (http://sudamericabtt.blogspot.com/). Leon, Masaya, Granada, Ciudad Dario... toki horiek guztiek eskaini zizkidaten pasadizo eta enkontru interesgarriak baina beste baterako utzi beharko horien kontaketa... gaueko hamar eta erdiak dira orain eta motxilak prestatu eta ohera joan beharra daukat. Gasteizko bi lagunen bisita izan dut Eguberri eta urte hasiera honetan eta haiekin zabaldu den parentesia gaur itxi da. Bihar berriro bidez bideko bizimodura bueltatuko naiz, errepidera alegia. Urte Berri On guztiei.

Oaxaca, Mexiko. 2012ko urtarrilak 5




(1) Zarauztar haietatik honako hauek ezagutu nituen nik: Ezkerra, Kukulu, Hugo eta Danel. 25 urte geroago makina haiek gehienak lanean ari dira oraindik, tartean Euskal Herrian egindako bi: Gasteizko Sierras Alavesas enpresako zinta-zerra bat eta Iruñako "Ortza" markako eskuadradora bat.

(2) Se conoce como Revolución Sandinista o Revolución Nicaragüense al proceso abierto en Nicaragua en 1978, y que se extendió hasta febrero de 1990, protagonizado por el Frente Sandinista de Liberación Nacional (llamado así en memoria de Augusto César Calderón Sandino) en el que se puso fin a la dictadura de la familia Somoza, derrotando al hijo de Anastasio Somoza, Anastasio Somoza Debayle, sustituyéndolo por un gobierno de perfil progresista de izquierda.[1]
La lucha contra la dictadura de los Somoza, que ya había comenzado a finales de los años 50 del siglo XX se intensifica significativamente en 1978. En marzo de 1979 se firma el acuerdo de unidad por parte de los representantes de las tres fracciones sandinistas y se decide impulsar la lucha. En junio se hace el llamamiento a la "Ofensiva Final" y a la huelga general y el 19 de julio de 1979 las columnas guerrilleras del FSLN entran en Managua, con un amplio respaldo popular, consumando la derrota de Anastasio Somoza Debayle.[1]
El nuevo gobierno, formado por un amplio espectro ideológico con presencia socialdemócrata, socialista, Marxista-leninista y con una influencia muy grande de la teología de la liberación, trataron de introducir reformas en los aspectos socio-económicos y políticos del Estado nicaragüense, tratando además los problemas relativos a la sanidad, la educación y reparto de la tierra que el país sufría, logrando avances significativos y reconocidos internacionalmente.[2]
La oposición armada realizada y organizada por los Estados Unidos, que organizó la llamada contra y hundió al país en una guerra civil, junto a diversos errores de gobierno achacables a la inexperiencia de los sandinistas llevaron a Nicaragua a una posición económica crítica que hicieron que el FSLN perdieran las elecciones de febrero de 1990 en favor de la UNO presidida por Violeta Chamorro poniendo fin al periodo revolucionario. (Wikipedia)

(3) "Ordura arte esandakoen eta egindakoen kontra bihurtu ziren" sandinistez ari naiz. Eduardo Galeanoren hitzak dira, oker ez banago. Eta oker ez banago, 90eko hauteskundeak galdu ondoren ideal iraultzaileak alde batera utzi eta kezka nagusia bere posizio ekonomikoa ziurtatzea izan zuten sandinistei daude zuzenduta.

(4) Ambrosio Mogorrón erizain bilbotarra Bocayn hil zuen mina batek 1986an. 34 urte zituen orduan eta 1980az geroztik zegoen Nikaraguan, osasunaren arloan lanean. "Ambrosio llegó a Nicaragua en 1980. Había nacido en un pueblito pobre de la provincia española de Cuenca y emigró con sus padres a Bilbao, en el país vasco, buscando trabajo en las minas y en los altos hornos. Trabajó como obrero agrícola en Francia y en Madrid estudió enfermería, mientras seguía trabajando para pagarse los estudios. A los 27 años, con el diploma fresco, se ofreció voluntario para alfabetizar en Nicaragua. Fue destinado a una brigada de Salud que apoyaba a los alfabetizadores en la zona minera de Bonanza (Zelaya Norte). Después, decidió quedarse, en el poblado de San José de Bocay, al norte de Jinotega. Es ésta una de las regiones más selváticas, montañosas, olvidadas, atrasadas, pobres e incomunicadas de toda Nicaragua..." (Envio aldizkaria, 1986ko ekaina, http://www.envio.org.ni/articulo/491)

(5) 1979tik 1990era, iraultza sandinistaren hamarkadan alegia, Daniel Ortega izan zen Nikaraguako lehendakaria. 2006an, hauteskundeak irabazi eta berriro eskuratu zuen lehendakaritza. 2011ko azaroko hauteskundeak ere berak irabazi ditu. Urte guzti horietan FSLNko (Frente Sandinista de Liberaciòn Nacional) buru egon da.