domingo, 31 de agosto de 2008

Bigarren Bidaia/Segundo Viaje - Nubia

Nubiako etxeak eta Nilo ibaia







NUBIA








Nubia: "Antzinako Kush Erreinua, bere boterearen gailurrean Egipto konkistatzeko gauza izan zena, munduko giza-arrazarik zaharrenetakoa...", diote liburuek...

Nubia zer den hitz gutxitan azaltzeko eskatuko balit norbaitek, aise burutu nezake nik eginkizun hori: "Nubia basamortu bat, ibai bat, eta bien bitartean bizi den herri xalo eta prestua da" erantzungo nuke, eta nire deskripzioa laburra ezezik zehatza ere izango litzateke.

Desertua du bizitoki Nubiako herri zaharrak. Hondarretan eta hondarrez eraiki ditu bere etxeak eta haiek gordetzen dituzten murru luze eta sendoak. Baina murru horiek ibai baten ondoan kokatu ditu, eta ibaiari buruz zabaltzen dira kolore biziz eta alaiz apaindutako ateak. Goizero, egunsentiko otoitzak amaitu eta, lehen printzekin, ate horiek zeharkatzen dituztenean, Nubiako gizon-emakumeek ibaia ikusiko dute hondarraz haratago: Nilo ibaia, haren ertzetako palmondoak, eta zerrenda berde horren luzera guztian antolatuta dauden lursail txiki eta emankorrak.


Nubia urrun dago. Gutako gehienok urrun eta arrotz somatzen dugun kontinente batean, eta kontinente hori bisitatzekotan ere -demagun- inork gutxik aintzat hartuko lukeen nazio batean. Baina hurbildu gaitezen Nubiara. Zabal dezagun gure aurrean mapa bat eta bila dezagun bertan Afrikako herrialderik handiena: Sudan (1). Eta bila dezagun, ondoren, paperezko geografía horretan, ibai bat -arraia urdin bat- eta Egiptoko muga gurutzatzerakoan ibai horren ondoan idatzita egongo den izen bat: Wadi Halfa. Nubian gaude dagoeneko.

(1) Sudan Afrikako herrialderik handiena izan zen 2011ra arte; urte horretan hegoaldeko zatiak independentzia lortu eta Hego Sudango Errepublika sortu zuen. Gaur egun, Sudan Afrikako hirugarren herrialdea da tamainari dagokionez (Aljeria eta Kongoko Errepublika Demokratikoaren atzetik).





NUBIA I

Arratsaldeko ordu bata inguruan iritsi da ontzia Wadi Halfa-ra. Lehorreratu baino lehentxoago itzuli didate pasaportea. Zigilu berria ikusi dut orduan orrialde bateko izkinean. Lauki urdinaren erdian, “19 April 2005 Arrival” idatzita, eta data inguratuz niretzat irakurtezina den idazkera arabiarra.



Irteerako ate ondoan egoteko esan dit ontziko arduradunetako batek. Ferry txikiaren pasillo estuetan mugimendua dago orain, 17 orduko nabigazio luzearen ondoren bidaiari guztiok lehorra zapaltzeko gogoz gaude. Fardelak, maletak, kutxak eta zakuak ni nagoen atearen inguruan pilatuz doaz. Une batez, Aswan-en, barkura igotzerakoan, izandako builak eta sesioak etorri zaizkit gogora, eta nahasmen hura berrituko ote zen beldur izan naiz. Baina soldaduak igo dira laster ontzira, eta haien aginteak ez du zalantzarako tarterik utzi: irteerako ate ondoan dauden guztiak bidali dituzte handik larderiaz. Ni ez naiz mugitu, ordea. “What are you doing here?”, zuzendu zait orduan, zakar antzean, haietan buru egiten duena. “Hemen egoteko esan didate” “Bizikleta hau zurea al da?” “Bai” Eta bakean utzi dit. Ordubietan ontzitik irten den lehena izan naiz.

…………………………………………………



Kaian nago. Nasser lakuko ura berde iluna da, beroa zakarra, zeruko txuritasunak itsutu egiten du. Kaia txikia da, soila, eta hutsik dago. Bertatik abiatzen den pista gorriaren ondoan gizon batzuk ari dira, pikotxekin, erreten bat zabaltzen eguzki galdaren azpian. Aduanako eraikina harantzago dago. Arreta handirik gabe miatu dituzte nire poltsak eta aurrera segitzeko agindu. Eguzkitara ostera atera eta bizikletara igo naiz. Hondarra dago nire aurrean, nire inguruan, hondarrezko lautada mortu bat. Hareatza horretan barreiatuta auto zahar baten hondakin herdoilduak ikusi ditut, tren bagoi irauli bat, harrizko tontor txikiak. Trenbidea eta geltoki bakartia ezkerrean daude; eskuinean, urrun samar, adobez egindako etxe multzo bat. Ez dago biderik. Autoen gurpil arrastoak batera eta bestera doaz. Landrover bat pasa da. Asto-gurdi bat norabait doa astiro.

…………………………………………………………………….



Esan liteke Wadi Halfa -“Afrikako tokirik lehorrena”, nire mapamundiaren arabera- bi deserturen artean dagoela. Eta, paradoxaz, urezkoa da bata, Egiptoko Aswan hiritik Sudaneko ipar mugaraino luzatzen den Nasser urtegi erraldoia daukalako ondo-ondoan, eta ur eremu geldi eta itxuraz amaiezin hori nabigatu beharko duelako, ezinbestez, iparraldetik etorrita munduko bazter apartatu honetara iritsi nahi duenak. Hondarrezkoa da bigarrena, eta hartaz ondo konturatuko da bidaiaria lehorra zapaldu bezain laster  -Wadi Halfako egiazko izaeraren aurrean dagoela, alegia- urari bizkar eman eta hondarra eta hautsa baino ez dizkiolako eskainiko, aurrerantzean, begien aurrean eta gurpilen azpian daukan lur berriak. Eta pentsatuko du ezikusia egiten diola Wadi Halfak bere inguruko ur oparotasunari. Edo areago: arbuiatu egiten duela, etsai bat balitz bezala tratatu, eta mespretxu eta arroztasun horiek ez direla, agian, zauri baten oroimena baino: urtegi ankerraren azpian ito zen Wadi Halfa zaharragatik oraindik sentitzen duen dolumina adierazteko modu bat. Baina bidaiariarentzat beharrezkoagoa den beste egia bat badago: urez iritsi bada ere, hondarrezko eta harrizko basamortu erabatekoak zeharkatu beharko ditu, orain, bere bidaia jarraitu ahal izateko. Ekialdetik zein hegoaldetik Wadi halfak ez dio beste aterabiderik utziko.



Bi desertu horiek bi nazioren arteko mugaren inguruan egiten dute topo: Egipto eta Sudan. Mende luzez muga horren berririk, eta beharrik, izan ez duen herri bat bizi izan da hemen, Nilo ibaiak hondarretan irekitako ildo berde-urdinaren arrimuan eta babesean: Nubia herria. Orain, ordea, Egiptoko Nubia suntsituta dago, urezko desertu bare horren azpian betirako itota. Sudaneko Nubia, ez. Sudaneko Nubiak bizirik dirau eta Wadi Halfa berria da bere iparraldeko atea.

..................................................................................................................


Wadi Halfak ez du egitura zehatzik. Adobezko eta zementuzko eraikinak hareatzan barreiaturik daude ordenarik gabe, kale edo multzo antolaturik osatu gabe, norbaitek deskuiduan ahaztu edo axolagabeki han jarri balitu bezala. Wadi Halfa, hala ere, gune aski ezberdinez osatua dago. Hegoalderantz, esate baterako, herria gehiago zehazten da, nortasuna bereganatzen du, eta hondarrezko kale zabalak eta garbiak ikusiko ditugu, eta ikusiko dugu lurraren kolore bera duten murru luzeak direla kale horiek zedarritzen dituztenak. Murru horiek Nubiako etxea -patio handi bat eta bizitokia osatzen duten eraikuntzak- hesitzen dute. Atearen ondoan, inguruko idortasuna pixka bat goxatuz, zuhaitzen baten gerizpea aurkituko dugu maiz. ..................................................................................................................


Merkatuak, polizi-etxeak, bankuek, hotelek eta hainbat denda eta jatetxe xumek gune horietako bat osatzen dute, ”erdialdea”- edo deitu genezakeena. Hiru hotel daude Wadi Halfan, bata bestetik gertu eta oso antzekoak hirurak. Logela soil batzuk eduki arren, beroagatik, burdinazko oheak patiora aterata egiten da lo, hondarraren gainean eta zeru beti izarrez josiaren azpian. Ura, bai edateko bai garbiketarako, Nilotik, edo inguruko putzuetatik, ekartzen da eta buztinezko ontzi handietan gorde. Hiruetatik Wadi El Nil da nik aukeratu dudanaren izena.

...............................................................................................

Abulkasik-ek ere nire hotelean hartu du ostatu.
Gaztea da, 22 urte, eta ezkondua dago. Ile kizkur motza eta bibotea ditu eta musulmamen “gualabiya” - tunika beix bat- darama soinean. Patioko oheetan eserita, arabierazko eta inglesezko hitzak nahastuz, eta keinu ugari tartekatuz, mintzatzen gara. Esan dit Wadi Halfatik aurrera, Akasha-ra bitartean, hienak daudela bidean (“Mafain”,”Dabba”). Liburu bat atera du poltsa batetik, Teach english yourself in 7 days, eta behar dituen hitzak bilatzeari ekin dio. Banan-banan erakutsi dizkit gero: hyena-don’t touch-danger-danger of death-careful-abandoned. Bidea desertutik doala azaldu dit, Nilo ibaitik aparte, eta menditsua eta oso bakartia dela, behin motoz zihoan kanpotar bat bertan galdu zela betiko, motoa eta argazki makina baino ez zituztela aurkitu. Hienak gauez dabiltzala bakarrik, argitu dit ondoren, eta suak, edo linterna baten argiak, uxatuko dituela. Bera Karman bizi da eta bihar joango da hara bere Toyotan. Ni eramateko eskaintza egin dit. Abulkasik-ek barru-barrutik begiratzen dit eta diztira egiten diote begi beltzek hitz egiten duenean. .............................................................................................


Eguerdian 41 gradu markatzen du termometroak itzalpean. Jendea isilik eta burumakur dago, teilatupeetan, edo etxe atarietan, babestuta. Gutxitan altxatzen dira eta oso astiro mugituko dira orduan. Gauean hondar-ekaitza izan da, eta patioan lotan geunden guztiok mantetan eta maindireetan bildu gara, hautsak lurperatu ez gintzan.

…………………………………………………………………


Ez kezkatzeko hienekin esan dit beste lagun batek, Mohamed-ek. Urte askotan berak ez duela bat ere ikusi, atzerritar askok ibiltzen dutela bide hori, bizikletaz, motoz...



.................................................................................................

Airea epela eta sentsuala da Wadi Halfako gauetan. Joanak dira atzoko bidaiari tropelak, hotela hutsik dago (eta argirik eta urik gabe), ni naiz, nonbait, bezero bakarra. Lasaitasuna da nagusi kanpoan, hareazko kaleetan. Zakur zaunkak aditzen dira, eta txokoetan eserita hitz-aspertuan ari direnen murmuriozko jardunak. Ilargiak Wadi El Nileko bazterrak argitzen ditu, adobezko paretak, teilatuko txapak, zutoin zaharrak, ohe-burdinak: argitasun zurixka eta itzal beltzak. Barrakoi ahaztua dirudi Wadi El Nilek.

...............................................................................................

Goizean, tea saltzen duen betiko andrearengana jo dut. Bere jantzi koloretsuekin eserita dago, betiko tokian, egurrezko aulki txikian. Bere aurreko mahaitxoan edalontziak ditu eta, kristalezko poteetan, infusioak prestatzeko belarrak. Han nengoela itsu bat hurbildu zaigu bere mutilarekin. Aldameneko dendan gelditu dira aurrena, eta itsuak lanturu baten antza zuen doinu bat kantatu du. Ondoren, zuzenean etorri da, itsumutilaren eskutik, nire ondoraino, eta kantu tristea berritu du. Txukun dago jantzia, tunika eta turbanteak garbiak dira, makila darama esku batean. 50 dinar eman dizkiot eta bere ibiliarekin jarraitu du. Hautsa dago airean, eguzkia ere zapuzteko gauza den lanbro zikin bat.

...................................................................................................



Midhat eta Mazar anaiek turismo-bulego bat daukate Wadi Halfan. Gutxi izaten dira asteroko ferryan Egiptotik iristen diren, edo hara joan nahi duten bidaiari europarrak baina, hala ere, bakan horiei dago zuzendua, gehien bat, bi anaien negozio xumea. Midhat, Khartum-en dago egun hauetan eta Mazar-ekin joan naiz gaur bulegora. Nire hoteletik gertu, muino baten oinean dagoen eraikin txiki bat da. Kanpoaldean “Mashan Sharti for service” dago idatzia. Gure hizkuntza da, Nubiako hizkuntza, eta “eguzki izpiak” esan nahi du, argitu dit Mazarrek “Mashan Sharti” hitzen zentzuari buruz galdetu diodanean. Barruko gela bakarrean mahai bat, telefono bat eta bi aulki daude. Eta inguru guztian, hormetatik zintzilik, Wadi Halfa zaharraren zuribeltzeko argazkiak. Astiro ibili naiz irudi maiztuei banan-banan eta arretaz begiratuz: kai eta ontzi bat ikusi ditut ibai handi baten ertzean, nekazariak soroetan lanean, beste garai bateko gizon-emakumeen begiradak, dotoretasunik falta ez duen hotel handi bat... Itxuraz herri handi eta atsegina zen Wadi Halfa zaharra.

Gero mahai aurrean eseri eta Nubiako hizkuntzaren lehen hitzak ikasteari ekin diot, Mazarrekin.
.....................................................................................


EUSKERA-NUBIERA HIZTEGI TXIKIA 
(Wadi Halfa eta Karma bitartean hitz egiten den eran)


 Zer moduz? - Maskaglo


Egunon - Maskafixo



Agur - Afialogo



Bai - Eio



Ez - La-la



Lo egin - Ner



Ura - Aman



Jana - Kaba



Datilak - Fenti



Tea - Xai/Sada



Esnea - Suu



Kafea - Bun



Haizea - Tug



Beroa - Yuk



Ederra - Axria



Herria - Jila



Krokodiloa - Ulum



Harea - Skid



Astoa - Katx



Etxea - Nok



Zein herri da hau? - Injitdole?



Ni Dongola-ra noa - Ai Dongola lenafil





1 Guera



2 Uo



3 Tisko



4 Tamso



5 Didza



6 Gordzo



7 Kolot



8 Iduo



9 Oskoda



10 Dime



20 Aro



..................................................................................................................


NUBIA II


Wadi Halfatik Dongolara -Nilo ibaia hegoalderantz jarraituz aurkituko duzun lehen hirira- ez dago errepiderik. Desertuko azala doi-doi urratzen duten pistak dira inguru hauetako bide bakarrak. Pista harritsuak eta hondartsuak, oso astiro ibiltzera behartuko zaituztenak, eta maiz -uhinen gisako tolesdurek zorua guztiz baldartzen dutenetan, esate baterako- zure abiada motela areago mantsotuko dutenak, asto gainean patxadaz dabilen nekazariaren pausoa berdintzeraino. Ez duzu, baina, zertan larritu horregatik. Abiada txikia ez da izango -zure iparraldeko sorterrian askok uste dutenaz bestera- oztopo bat lurralde hauetan. Aitzitik, zorionekoa sentitu zintezke, zeren presarik gabeko mugimenduarena baita Nubiako bizimodua gobernatzen duen lege printzipaletako bat (jakinduria handiko legea, bide batez esanda, eta zu sortu zinen mundu urdurian, zoritxarrez, maizegi ahaztua) eta, besterik ez bada, horretan bat egin ahalko duzu bidaiatzen ari zaren tokiko ohiturekin, eta, hartara, zure piura xelebrea apur bat arindu eta disimulatu. Ez kezkarik izan. Nubian zaude. Herri honen bihotz zabalak astiro jotzen ditu bere taupadak eta astiro ibiliz, bakarrik, sentitu ahalko duzu taupada horien bultzada irmo eta ederra. Ongi etorri Nubiara. Estimatu daukazun zortea. Ez presarik hartu, ez izan zekena, ez ahaztu atzo bertan norbaitek gogorarazi zidana: Jainkoak txuriei erloju bat eman zien, guri denbora.

……………………………………………………………………….. 


Litekeena da bide hauetan, aldian behin, kamioi baten motor hotsa zugana nekez hurbiltzen aditzea, edo, bizkorrago, "box" bat (atzealdea bidaiariak eramateko eserlekuz hornitu diren toyotak) inguruko hondarrak harrotuz zure ondotik astinduka pasatzea. Baina, une labur bateko presak eta zaratak baino ez dira izango horiek. Esan bezala, isiltasuna eta sosegua dira ohizko araua paraje hauetan, eta astoak, eta asto-gurdiak, zure ahalegin bitxiaz ohartuko diren bidezale ia bakarrak.

…………………………………………………………


Wadi Halfatik Dongolara -Khartum-era bitartean aurkituko duzun hiri bakarra- 8 bat eguneko bidea dago, 400 kilometro inguru. Distantzia hori ibili nahi duena desertu hutsean gertatuko da Wadi Halfatik abiatu eta hondarrezko auzuneko azken etxeak igaro bezain azkar. Handik aurrera bidea ibaitik urruntzen baita, eta harria eta hondarra jaun eta jabe diren lurraldeak zeharkatzen baititu, lurralde lehor eta isilak, gerizpe baten babesa edo beste bizitza zantzurik nekez eskainzen dutenak. Bizikletaz dabilen bidaiariak aintzat hartu beharko luke bere aurrean daukan desertuaren gordintasuna. Ez luke gutxietsi behar -neurri batean niri gertatu zitzaidan bezala- eguerdiko eta eguerdiosteko ordu astunek, berorik handienekoek, gaineratuko dioten zama, ez eta bide gaiztoak zama horri gehituko dion nekea ere. Eta ez lioke, agian, entzungor egin behar batek baino gehiagok egingo dion gomendioari: ez barruratzeko lagunik gabe hain paraje mortu eta bakartietan. Nolanahi ere, komeniko litzaioke -bidelagunik ezean, aurrera bakarrik egitea erabakitzen badu azkenik- bere burua arreta eskatzen duen trabesia baterako ondo prestatzea.

Noizbait, ordea, (ustekaberik ez izatera bigarren egunaren bukaera aldera-edo) bidea ostera ibaira hurbilduko da, eta aurrerantzean gertu samarretik jarraituko dio bere ertzari. Hauxe izango da - hemendik Dongolara bitartekoa- Nubiak eskeiniko digun tarterik ederrena.
...................................................................................................................

Agrira ilundu baino lehentxoago heldu naiz. Ur-murko handiak gordetzen diren estalpearen ondoan gelditu naiz, hondarrezko kalearen amaieran, eta bizikleta egurrezko zutoinetako batean bermatu dut. Gaua pasatzeko toki aproposa dirudi honek, ura dago buztinezko ontzietan, zumezko estera batek estaltzen du izkina bateko hondarra. Kanpoko kale bakartian haur bat baino ez da ageri; herritar gehienak soroetako lanak amaitu eta bere etxeetara erretiratuak egongo dira honezkero. Ibaitik datorren bidean norbait ikusi dut orduan, asto baten gainean astiro hurbiltzen. Astoa estalperaino ekarri eta nire aurrean jaitsi da. 40 edo 50en bat urteko gizonezko bat da, txikia eta iharra, maiztua dago soinean daraman tunika, hortzen erdiak falta zaizkio.
Harritu naiz hizketan hasi eta ingles txukunean agurtu nauenean: "How are you?, Can I help you?, Do you need anything?... Bai, gaua hemen pasa zenezake, inork ez dizu enbarazurik egingo, baina… nire etxera ere etorri zintezke, erosoago egongo zara han
akaso...". 


Gizonaren etxea hurbil dago, estalpearen atzeko kalean, bide nagusiaren alboan. Kanpoko murruaz bestalde patio zabal bat dago, eta bi ohe kokatu ditu bertan, altura txikiko eraikuntza baten ondoan. Gaua han pasako dugu. Beste bi gizonezko gazterekin afaldu dugu barruko gela batean, eta, ondoren, ostera bakarrik bera eta biok, patioko oheetan eseri gara, aurrez aurre. Ixilik dago gaua, izar zerua. Aulki baten gainean, kriseilu baten garrak dardarrik gabe egiten digu argi. Rifat Mahmud Ali-k -hori da nire anfitrioiaren izena- bere historia kontatu dit orduan. Bera hemen sortua da, eta bere familiarekin bizi da herri txiki honetan, baina badu kanpoko munduaren berri. Sukaldaria da eta Afrikako herrialde askotan ibilia da, lehenago, lanean. Hain zuzen, datorren hilean berriro abiatuko da, Djibuti-ra oraingoan, lan bila beti bezala. Europara joatea ere gustatuko litzaioke, baina badaki hori ezinezko ametsa dela. Afrikako mugak, ordea, ondo ezagutzen ditu, ez dira oztopo handia berarentzat. Lotara jarri baino lehen eskaera bat egin dit: gomendio-gutun bat idazteko biharamunean gaztelaniaz, nork daki, Afrikan ere bizi direla nire herrikideak, agian noizbait batekin egokituko dela, eta baliatuko zaiola gutun hori lan bat lortzeko... 


Biharamun goizean, abiatu baino lehen, agindutako gutuna idazteari ekin diot, Rifat Mahmud Alik eskuratu didan koaderno zaharrean. Koaderno maiztu hori bere "curriculum vitae" dela pentsatu dut, eskuz zirriborratutako orrialde horiek berak lan egindako tokien zerrenda osatzen dutela otu zait, beste norbaitek idatzitako lerroak direla agian, bere dohainen berri eman eta bere zintzotasuna nabarmentzen dutenak... Nire gutuna soila da, haren izena eta lanbidea aipatu ditut bertan, nola ezagutu dudan, nola bere etxea eskaini didan, ni nor naizen... Duda egiten dut nire hitzek bere helburua lortzen inoiz lagunduko ote dioten, baina, hala ere, idazki txukuna egiten saiatu naiz.

Pozik ageri da gizona koadernoa bihurtu diodanean, pozik begiratzen dio berak
ulertzerik ez duen orrialde beteari. Dena prestatu eta abiatzekoa egin dut. Rifat Mahmud Ali nigana hurbildu da orduan, eta hitzik gabe zerbait utzi du bizikleta gainean: dirua da, billete ximur batzuk. Billeteak hartu eta itzuli egin dizkiot, "ez, ez, inola ere ez" -protesta egin dut kemenez- "jana eta ohea eskaini dizkidazu, neu nago zorretan...". Baina ez dut ulertu, eta tinko dago bera ere: "ezer gutxi da, bide luzea daukazu oraindik aurrean...", arrazoitzen du. Billeteak bizikleta gainean daude ostera. Aztoratuta nago. Zer egin? Afrikako nekazari behartsu batek emandako diru-laguntza onartu behar ote nuke...? Susmoa dut hori dela Rifat Mahmud Alik nahiko lukeena.


Kanpora atera naiz. Eguzkia goraka doa pixkanaka zeruan, eta distira gorriztak ateratzen dizkie inguruko hondarrei. Gustukoak ditut Nubiako goizak. Eguerdian suzkoa bihurtuko da airea, eta zeru-lurrak berdindu eta kiskaliko dituen zuritasun bat jabetuko da Nubiaz. Ordu hori latza izango da. Baina orain, esnatu berritan, bake doi bat dario basamortuari. Rifat Mahmud Ali -Djibutira lanera laster joango den gizon iharra- atarian dago zutik, niri begira. Bizikletara igo eta agur egin diot eskuaren keinu batez.

..................................................................................................................

NUBIA III

Herritxo honetara ordu bata inguruan heldu naiz, berorik handienean, siesta-orduan. Ur-murkoak babesten dituen estalpea ikusi dut bidearen ondoan, eskuinaldean: polita da, pezozkoa, hormak margotuak ditu. Barrua txikia du baina txukun antolatua: pareta baten kontra bi murko handi daude, ur freskoz beteak, eta ura edateko katilu metaliko bat alboan; parean ohe bat, almohada eta maindire garbiekin jantzia. Toki hau arretaz zaintzen dute herrikoek. 


Umeen builek eta ohiuek esnatu naute. Emakume bat ikusi dut atearen ondoan, tea eta ogi opilak dakartza erretilu batean. Haren inguruko ume tropelak adi eta isilik begiratzen dit orain. Emakume hori datorren hilean Estatu Batuetara joango da bizitzera, pasaporte amerikarra duen bere senarrarekin batera. Hala azaldu dit berak nik, ohean eserita, tea edan eta ogia jaten dudan bitartean. Eta ondoren, nire galderari erantzunez: "Toki hau, ohea, ura... ibiltarientzat dira, hemendik igarotzen denak atseden hartu dezan. Herriko irakasle baten ama hil zen, eta haren omenez eta oroitzapenez eraiki zuen irakasle horrek aterpe hau..." ..................................................................................................................

Saddifendi herri polita da, txukuna, argitsua. Etxeak kolorez pintatuak daude, kolore kremaz eta marroi ilunez, eta marrazki geometrikoz ere apaintzen dira, hainbatetan, kanpoko murruak. Herria zeharkatzen duen hondarrezko kale garbian denda txikiak ikusi ditut pasaeran; Nubiako ur-murkoak Nim zuhaitzen gerizpean freskatzen dira izkinetan. Dendatxo baten aurrean edari freskagarri bat edatera gelditu naiz. Kanpoan, ataurreko teilatupean, dozena erdi bat gizon dago eserita, hankak gurutzaturik, eltze baten inguruan. Zirkulua ireki egin da pixka bat eta, keinuz, hurbiltzeko esan didate. Taldera bildu naiz, eta holako posturetara ohituta ez dauden nire hanka luzeak ahal bezala antolatuz, eltzearen aurrean egokitu naiz ni ere. Opil bat eskeini didate, eta jaten hasi gara, eltzeko babarrun beltz goxoa ogi pusketekin hartuz eta ahoratuz. Beste gizon bat azaldu da handik minutu gutxitara; zirkulua berriro zabaldu da eta tokia egin dio berari ere. Eltzekoa amaitu eta tea edan dugu ondoren. ..................................................................................................................


Abu Saran eguerdiosteko orduak, berorik handienekoak, ibai ondoko estalpean pasa ditut. Palmondo ostoz eta adarrez egina dago, eta bi murko handi freskatzen ditu, izkina batean, bere itzalak. Ibaia ondoan, beherago, igarotzen da, lasai eta nagi, berari ere kosta egingo balitzaio bezala aurrera egitea ordu astun hauetan. Baratze txikiek eta palmondoek berdez eta gerizpez janzten dute gu gauden ertza, baina ibaitik dozenaka batzuk metro urrutiratuz gero, Nubia eguzki zital baten azpian kiskaltzen da ordu honetan. 


Herriko gazte batzuek lagundu didate honaino. Haietako batek arrain egosia eta arroz txuria ekarri ditu plater banatan eta denok jan dugu bertatik, lurrean, zumezko esteretan eserita. Gazteen jarrera lagunkoia eta gizabidetsua da. Nire berri jakin nahi dute, baina presa eta ardailarik gabe luzatzen dituzte galderak. Harritu egin dira bere hizkuntzan ere, Rotanaz, hitz batzuk badakizkidala ohartu direnean. Litekeena da kanpotar batek arabieraz jakitea -pentsatu dut- , arabiera urrutira iristen da, baina Nubiakoa hizkuntza txikia da, bertakoek baino ez dakitena. Eta harro erabiltzen ditut, aukera datorrenean, azken egunetan ikasi ditudan hitz apurrok.


Gazte bat ibaian igerian ibili ondoren gugana hurbildu da. "Ez al dago krokodilorik?", galdetu diot, krokodilo buru txikiak ikusi baititut, zenbaitetan, Nubiako etxeetako ate gainetan. "Bai, badaude" "Eta, ez al dira arriskutsuak?" "Bai, badira" "Igeri egin nahi al duzu?", eskaini dit orduan uretatik irten berriak, "nirekin joanez gero ez duzu arazorik izango".


Pentsatu dut hobe dela krokodiloei enbarazurik ez egitea bere siestaldian, denok merezi dugu-eta deskantsua ordu nekagarri hauetan. Eta nire ondoan daudenek dagoeneko egin duten modura, estera gainean etzan eta lo-kuluxkarako prestatu naiz ni ere. ..................................................................................................................


Labe zuria da Nubia eguerdiostean. Erre egiten du hareak, erre egiten dute harriek, erre egiten du biriketan dudan aire astunak, argiak berak ere itsutu eta erre egiten du. Urtu da eguzkia eta bere materia goria isuri du nire gaineko zeru anker, zurbil, xehetasunik gabeko horretan. Labe zuria da Nubia eta zuritasun horretan kiskaltzen dira nire indarrak, gorputzarenak eta gogoarenak. Dena suntsitzen du, dena agortzen, dena berdintzen argi horrek. Eta ni noraezean nabil. Ez dut helbururik, inora ez darama bide honek, inor ez dago zain amaieran: Wind and dust are my companions, the end of the earth is my home. Arrotza naiz lurralde arrotzetan. Bakarrik nago. "Zerk ekarri hau deserri honetara? Noiz arte herrari?"... "Aurki ezak gerizpe bat lehenbailehen!", agindu diot, larritasunez, neure buruari. Eta nire begiek pago bat bilatu dute, iturri bat, zikoinak kanpandorrean, nire hizkuntzetan mintzo diren bozak... Aterpe bat zuritasun honetatik libra nadin!!

..................................................................................................................


Jambukol-era gauez iritsi naiz. Lehenago, bidea Nilotik urrundu eta desertu bakartian barneratu da: hondar gorria eta harrizko muinoak. Iluntzen hasi duenean pista nagusia utzi, eta Nilo aldera jo dut berriro ere, ez nuen bakardade hartan kanpatu nahi. Erdi galdurik ibili naiz. Ilunpean bidea ikustea eta jarraitzea zaila da, kopetako linternaren argitan dena bat da, dena harea, dena desertua. Jambukolera iritsi naiz azkenik eta pozik nago. Nubiako herriak gustuko ditut, gustuko dut bere jendea, gustuko bere sosegua. Pozik egin dut lo Jambukolen, ur-murkoen aldamenean, adobezko estalpean.
 ..................................................................................................................


Elkarrizketa txikiak (edo gisakoak)


Orduek presarik gabe egiten dute aurrera Nubiako arratsaldean. Eta ni ere haiekin batera, edo haiek baino are astiroago, mugitzen naiz, pedalei poliki eraginez hondarrezko bidetik. Nire alboan, asto baten gainean doazen bi gazterekin ari naiz hizketan. "Sudan good?", galdetu dit haietako batek. "Sudan good", erantzun dut nik erabakitasunez eta egiaz. "No, Sudan no good", zuzendu dit berak astoa seinalatuz, "Germany, America, France...are good. They don´t go on donkeys". Nik neure bizikleta seinalatu diet.

…………………………………………………………


Arratsaldea astiro doa aurrera Abu Saran ere. Lo-kuluxkatik esnatu eta abiatzekoa egin dut. Gustura egoten da ibai ondoko freskuran, palmondoen gerizpean, baina segi beharra dago. Nirekin dauden mutil nubiarrek bide nagusiraino lagundu didate. "Afialogo!", egin diet agur bere hizkuntzan. Haietako bat nigana hurbildu, eta honela hitz egin dit: "Arabic good, Rotana (Nubiera) no good".

……………………………………………………….


Afaltzen ari garela Rifat Mahmud Alik Khartum-eko gobernua aipatu du: "Gu ere musulmanak gara baina ez Khartum-ekoak bezain zorrotzak..."

……………………………………………………………


Nubia lurralde baketsua dela, bidaiariei harrera ona egiten diela, lasai eta arazorik gabe ibiliko naizela hemen esan didate behin baino gehiagotan. Hitz hauekin gaurkoan: "Nubian ez dago lapurrik, ez pistolarik edo sastakairik..." 


NUBIA IV


Karma eta Argo bitartean ez dago etenik edo bereizketa garbirik, etxez eta auzunez dago inguratuta bi herriak lotzen dituen bide hondartsua. Argon hartu nuen Nilo-ren bestaldera eraman ninduen ferrya, derrigorrez egin beharreko zeharkaldia, zeren, handik aurrera, utzi ekialdeko ertza eta mendebaldekoa hautatzen baitu Khartum-era doan bide nagusiak (eta ertz horri lotuko zaio aurrerantzean, harik eta lehen bihurgune handira iritsitakoan ibaitik bereizi eta desertuan zuzenki barruratzen den arte).


Zaharra zen ferrya. Lehorreratua zegoen ibai bazterretik urte luzetan mugitu gabea zela, hala pentsatu nuen ikusi orduko, burdina puska hura ez zela handik abiatzeko gauza izango, bere onenak aspaldian emanda zegoela -Gordon edo Kitnecher-en garaietan, apika- . Baina oker nengoen. Bi furgoneta heldu ziren laster, eta plastikozko ontziz lepo-lepo egindako asto-gurdi bat, eta haiek, eta nire bizikleta, plataforma estuan nola edo hala egokitu genituenean, abiatu zen ferrya -nik mirarizko gertaeratzat jo nuena- , diagonal bat eginez ibaiko uretan. Mutil gazte bat zen pilotua, bere lanaz pozik eta harro zirudiena. Bere ondoan eserarazi ninduen, goiko kabinan, eta keinuz eman zidan -mutua zen- aurrean genituen oztopoen berri: seinalatzen zizkidan, kasu, ur zurrunbiloak, edo uretatik ernetzen ziren lur muturtxoak, eta haiek nola sahiestu adierazten zidan, talka egingo genuela-eta, bestela. Iaioa zen pilotu mutua. Lema mugitzeko gurpil bat, eta ohol bat eserlekutzat, ez zegoen besterik kartoi gogortuz egindako kabina hartan, baina hinki-hankarik gabe, eta irribarretsu denbora guztian, gidatu zuen ontzia -nik naufragotzat hartutako txalupa zarpail hura- bestaldeko maldaraino. Jatorra ere bazen, jaitsi baino lehen 200 dinar baino gehiago ez nuela ordaindu behar argitu zidan, 500 eskatuta ere 200 ordaintzeko. Baina ez zegoen horren beharrik. Lehorra zapaldu nuenean, 100 baino ez zidaten eskatu ferryko bi langileek. ..................................................................................................................


Atzean da Nubia eta bere desertuak, atzean jadanik Dongola eta Nilo ibaia, atzean - beste hainbatetan bezala- betirako urrundu diren tokiak, ostera sekula zapalduko ez ditudanak. Oroimenarena izango da aurrerantzean Nubia. Bidaiak ez du etenik, eta ez dago itzulbiderik oroimenetik kanpo. Bera da zatien arteko lotura. Berak bultzatzen gaitu aurrera ere.
Abudulur-etik sei eta erdietan abiatu naiz. Zazpiak inguruan sartzen da eguzkia, eta bide gehiena gauez egin dut, linternaren argitara. Trafiko gutxi dabil basamortuko errepide asfaltatuan. Epela da airea, isilik dago gaua, etxerik, edo argi zantzurik, ez da sumatzen inguruko lautadan. Kopetako linternak nire aurrean zabaltzen duen horiuneak nik uste baino hobeto erakusten dizkit bideko zulo eta altxatuak. Azpiko hondar gorria agerian uzten dute asfaltoaren urratu zabalek, eta kolore hura nabarmendu egiten da, kontrastez, galtzadaren azal ilunean. Ezker-eskuin noa holakoetan, hondar-putzuen arteko asfalto zerrenda estuak bilatuz, oztopoak sahieztuz, gaua atseginez nabigatuz. Jemedi-ra iritsi baino lehen argitasun zurixka bat antzeman dut nire aurreko ilunpean. Ortzemugatik ernetzen da, eta alde hartako zeru puska handi bat esnezko lanbro batez urdintzen du. Orduantxe ohartu naiz. Hiri handi bateko argiek baino ezin dute holako distirarik sortu. Bai, hantxe da Khartum. Bihar helduko naiz.
 
Maputo, 2006ko apirilak 19

jueves, 28 de agosto de 2008

Bigarren Bidaia/Segundo Viaje - Siria

Palmira, Siria




2005. urtearen hasieran izan nintzen Sirian. Europako iparraldetik nentorren –Norvegiatik, Iparraldeko Lurmuturretik- eta Afrikarantz nindoan. Ondorengo testuak handik gutxira atondu nituen, Egipton, Sinai penintsulako Dahab herrian.









Siria nire lehen herrialde arabiarra da bidaia honetan. Turkian bi hilabete pasatxo egin eta gero, 2005eko otsailaren 2an zeharkatu nuen muga eta Alepora iritsi (Alepo: Siriako hiririk handiena, 3 bat miloi biztanle). Hona hemen hasierako inpresio eta gorabehera batzuen kontaera, nire egunerokotik zuzenean hartua.

2205ko otsailak 5,   Alepo
Atzo hiri zaharreko souka (estalpeko azoka) bisitatu nuen. Pasabide meharrek labirinto bat osatzen dute, eta, bertan, artisau eta merkatarien denda txikietan, era guztietako merkantziak daude salgai. Oihalak eta alfonbrak, zilarra, lurrinak, espeziak, fruitu lehorrak eta eztia, xaboiak... denetarik aurkitu daiteke mendez-mende saltzaile eta erosleen joan-etorriak babestu dituzten korridore zahar haietan. Ez da turistentzako tokia, ez du inondik ere Estanbuleko "Bazar Handiaren" giroa eta eitea, nahiz eta gerta litekeen, aldian behin, saltzaileren bat zugana hurbiltzea, bere dendako produktuen eta prezioen bertuteak goraipatuz -frantsesez, inglesez edo gaztelaniaz, agian-, eta zu hara eraman nahiz.

Labirintoan sartu nintzen, eta zuzenean jo nuen pasabide batetik aurrera, alboetara desbideratu gabe, bueltan bidea ez nahastearren. Bukaeran, kalera atera nintzenean, antzinako zitadela zaharra ikusi nuen, ezustean, muino baten gainean, nire aurrean. Bere harresiek gaina hartzen zioten inguruko auzo multzoari, dorretxe bat zen bere ate nagusia, eta arkuz hornitutako harrizko zubi inklinatu bat harako sarbide bakarra; harresiak muinoaren inguru guztian zut goratzen ziren, eta haien oinetik behera harriz estalitako malda handi bat jaisten zen, zuzenki azpiko lubakiraino. Ikusgarria iruditu zitzaidan, gotorleku bikaina oraindik ere. Nahiz hiria bere inguruan hazi den, nahiz orain preso bat ematen duen bere denbora zaharraren itxituran harrapaturik. Baina, zer izango ote zen antzinako denboretan?  Desertuko eremu zabaletatik iristen ziren karabanentzat ikuspegi txundigarria, eta etsaiaren armaden begietan gaztelu garaiezina. Orain hiria da bera setiatzen duen etsaia eta guda galdua da, baina oraindik gordetzen dute bere harriek behinolako ahalaren eta harrotasunaren oihartzun sendo bat.
Gaur, hirugarren aldiz Alepora iritsi nintzenetik, Khan Al Khalili jatetxera hurbildu naiz, gauean. Bi euroren truke primeran afaltzen da bertan, kebab berenjenekin, esate baterako. Baina gaur agur esatera bakarrik joan naiz. Ahmad –jabea- mahai batean eserita aurkitu dut, aurreko gauetan bezala, eta Siriako jendearen ahotan gehien entzuten dudan hitzarekin, "Welcome" (Ongi etorri), agurtu nau berriro ere eta berarekin esertzera gonbidatu. 60 bat urte izango ditu, musulmanen kapela txikia darama buruan, eta ondo zaindutako bizarra aurpegian. Duela bi aste Mekan izan zen; bete du, beraz, bere erlijioaren agindu hori eta hayi bat da orain.
Arabierazko lehen ikasgaiak hartu ditut berarekin egun hauetan: marhaba (kaixo), wada'an (agur), bikam hada? (zenbat da hau), nosof kilo (kilo erdia), fundok (hotela)... Zenbakiak ere landu ditugu. Nik galderak egiten dizkiot, eta saiatzen naiz bere erantzunak orri batean transkribatzen. Nire ahoskera egokia iruditzen ez bazaio (maiz samar) errepikarazi egiten dit: "no, no, listen to me... honela esan behar duzu...". Gizon ona da, hori da betaurrekoen atzean bere begiek adierazten didatena.
Gaur liburu potolo bat ekarri du, arabiera/gaztelania elkarrizketa-gida bat, eta bera ere gogoz saiatu da gaztelaniazko agurrak eta esaldiak ebakitzen. Ondo egiten duela esaten diodanean irribarre egiten du zabal eta gustura. Arabierak gaztelaniari mailegatu dizkion hitzak ere ekarri ditugu gogora: aceituna, azucar, arroz, alubia... (eta euskerari: souk - azoka). Al Andalus aipatzen du berak eta hiri zerrenda bat atzetik: Granada, Zaragoza, Valladolid (Balad Al Walid, azaltzen dit).
Jatetxeko telebistan Quatar-eko katea dago jarria, Al Jazeera. Dokumental interesgarri bat ematen ari dira, Bush administrazioaren eta eskuineko talde erlijiosoen arteko lotura azaltzen duena, baina arabierara bikoiztuta dago eta ez dut hitzik ulertzen. Dokumentala Estatu Batuetan bertan egindakoa dela uste dut. Ezinbestean politika etorri da hizpidera. "Aznar very, very, very bad" -esan dit- "criminal, murderer" Ahmadek ez daki ondo inglesez, eta horregatik harritzen naiz ikusita zein ondo eta erraz lotu eta ebaki dituen azken bi adjetiboak,  "but Zapatero very good, a gentleman" –ekin dio. Nik esan diot bat natorrela Aznarri buruzko iritziarekin, baina, jarraian, zalantzazko keinu bat egin dut eskuarekin, adierazi nahiz Zapatero ere badaezpadakoa iruditzen zaidala, ez dudala nik berak bezainbeste estimatzen. Nire ibilbideaz galdetu dit ondoren. "Siria, Jordania, Egipto..." "Israelera ere joan behar duzu?" Ezetz erantzun diot, Palestina libre denean bakarrik joango naizela hara. Nire hitzak egiazkoak dira baina badakit, aldi berean, ondo hartuak izango direla. Poztu egin dira bere begiak, diz-diz egin dute, eta bostekoa eskaini dit. Al Jazeera-ko kazetari baten izena ere aipatu dit, Espainian preso dagoena.


2005eko otsailak 6,     Alepo - Hama, 145 km.

Egun euritsua izan zen atzokoa. Gaur aterri zabaldu du eguna, eta urdinguneak zeuden goizeko zeruan. Ez du luzaroan iraun, hala ere, eguraldi garbiak, eta lainotu egin du geroago eta euria hasi. Zaparradak bota ditu egun osoan zehar. Hama-ra joateko, errepide nagusia, autobidea, hartzea erabaki dut, eta etapa batean egin distantzia hori, nahiz luzea izan. Handik desertura joko dut gero, Palmira aldera.

8ak inguruan ailegatu naiz Hamara, eguzkia sartu eta hiru ordu geroago. Kopetako linternarekin egin dut gaueko bidea, eta euripean. Bidean hainbat aldiz gelditu naiz, bai errepide bazterreko postu txikietan tea edatera, bai  falafelak jatera. Gehienetan ez dute nire dirurik hartu nahi izan, keinu batez eta hitz soil batez ("Welcome") ematen zidaten aditzera opari bat zela. Hirutan gertatu zait hori.
Beste batzuetan hurbiltzeko keinua egiten zidaten inguruko etxeetatik. Behin, moto batean zihoazen bi gaztek zerbait esan didate inglesez niri aurrea hartzean. Gero, aurreraxeago, abiada moteldu eta ia gelditu egin dira, nire zain zeudela somatu dut, nirekin pixka bat hitz egin nahiko zutela pentsatu. Baina aldapa behera luze baten hasieran negoen, eta hura aprobetxatzeagatik pedalei eragin diet eta ziztuan pasa bere ondotik. Gaizki ulertu didate, pentsatu dute beldur nintzela eta, aurrerago, bidea berdindu denean, berriro aurreratu naute eta orduan, bai, ondo ulertu dut nire ondotik igarotzean oihu batean esandakoa: "No fear, Syrian no fear!!" (“ez izan beldurrik, Sirian ez izan beldurrik!!”)


2005eko otsailak 8,     Hama - Aqeirbat, 75 km
Goibel baina aterri atera du eguna. Hama-tik Aqeirbat-era doan bidea ez da oso interesgarria, ez du aparteko berezitasunik. Basamortuaren sarreratzat jo daiteke, laua da, soildua, soro eta sail landu batzuk badira tartean, eta errepideak zeharkatzen duen herri txiki sorta bat ere bai. Horietako batean felafel bat (Siriako otartekoa) jatera gelditu naiz. Oso denda txikia zen eta barruan, erdian, estufa zegoen piztuta. Ordaintzerakoan, agureak ez du nire dirua hartu nahi izan.

Aqeirbat ez da oso herri handia. Ez dago hotelik bertan. 4ak inguruan iritsi naiz eta justu momentu horretan elurra hasi du. Ez du luzaroan bota baina hotz egiten zuen, egun hotza zen. Gasolindegi baten parera heldu eta hurbiltzeko keinua egin didate su baten inguruan zeuden gizonek. Laster, haietako batek, zaharrenak, bere etxera joateko esan dit, hobe nuela gaua han pasa eta biharamunean jarraitzea.

Zaharraren etxea gasolindegiaren albo batean dago. Zementuzko eraikina da, solairu bakarrekoa, eta kaletik gela handi batera sartu gara zuzenean. Gela honetan ez dago altzaririk, ez mahairik edo aulkirik. Alfonbrek zoruaren eremu gehiena estaltzen dute, haien inguruan, hormen jira guztian, almohadak eta kuxinak daude, eta, erdian, estufa bat. Hori da dena. Apaindura bakarra pareta zurietan ageri diren arabierazko testuak dira, "Koran-eko bertsoak", pentsatu dut . Toki soila da, baina goxoa ere bai, garbia eta txukun antolatua. Hauxe izan da etxean ikusi eta zapaldu dudan sala bakarra, eta, geroago esan didatenez, etxe guztiek daukate horrelako bat: madafe da, bisitarien gela. Lo ere bertan egin dut.

Afaldu baino lehen, artean bera eta biok bakarrik geundela, zaharrak bere otoitzak egin ditu nire aldamenean. Ariketa naturala izan da eta, hala iruditu zait, geunden tokiarekin bat zetozela, bera bezain sinple eta atseginak zirela, nire ondoko gizonaren mugimendu erritualak: zutik lehendabizi Meka-ra begira; belauniko ondoren; gorputza makurtuz eta kopetarekin lurra ikutuz, hurrena. Horrela hainbat aldiz, sailean. Bere ahotik murmurio batean irteten ziren hotsetatik, "Allah", "Allah", zen bereizi ahal nuen bakarra.

Alfonbren gainean eserita eta estufaren arrimuan afaldu dugu. Mutil gazte batek, etxeko beste aretoetara ematen bide zuen ate batetik sartu eta erretilu handi bat ekarri du. Ogi puxketekin (ogi zapala, legamiarik gabekoa) erretiluko ontzi txikietan atondutako jakiak hartu eta ahoratu ditugu: askotariko olibak , arrautzak, piperrak, olioa, gazta, yogurta, mermelada... Hura guztiaren atzean etxeko emakumeen lana eta arreta zeuden, inondik ere, baina nik ez ditut ikusi egonaldi guztian eta haien aipamenik ere ez da egin nire aurrean.
Bost gizon ginen, tartean herriko dentista, inglesez apur bat zekien mutil berritsu bat. Berak eman dit biharko bidearen berri. Aqeirbat-etik aurrera, Palmira-ra bitartean, herririk ez dagoela azaldu dit, desertua baino ez, eta bertan aurkituko dudan jende bakarra jende ezjakina dela, arkaikoa, primitiboa. Hau esatean, gutxiespenezko keinu batekin azpimarratu du desertuko jendeak merezi dion estimu gutxia.

Afaldu ondoren tea edan dugu. Laster beste bi gizon bildu dira taldera. Gelan dauden gehienek bezala (dentista eta biok gara salbuespen bakarrak) tunika luzeak janzten dituzte, eta sorbaldaraino erortzen diren buruko zapiak, arabiar modu tradizionalera. Bietan zaharrenak, agure adintsu eta serio samar batek, bi korda beltz daramatza zapiaren gainean, biribil baten gisara antolatuak. Azken honen begiradan nirekiko jakingura eta mesfidantza batera nahasten zirela iruditu zait. Eta iruditu zait, halaber, mesfidantza jakinminari gailentzen zitzaiola.
Hainbat galdera egin dizkidate -dentistak egin du itzultzailearen lana- galdera bitxiak niretzat, haietako batzuk. Esate baterako, nire herrian, ezkontzerakoan, gizonak emakumearen familiari dirurik ordaindu behar ote dion; edo nire herrian lehengusu-lehengusinen arteko ezkontza onartzen den. Beste galdera batzuek, ordea, ez naute ustekabean harrapatu. Ustekabea, egiatan, haiek ez entzutea izango zen: nire adina, ezkonduta ote nagoen, eta seme-alabarik ba ote dudan. Gizon zaharrenaren mesfidantza, edo nirekiko ezin ulertua, hobeto konprenitu dut orain: berak 15 seme-alaba ditu. Berarekin etorritako beste gizonak (gazteagoa, 50-55 urte) lau baino ez.
Hurrena dentistaren txanda izan da, bera hasi zait galdezka. Zergatik aukeratu dudan Aqeirbatetik pasatzea Palmirara joateko. Bere iritziz Homs-etik datorren errepidea egokiagoa da, trafikoa hortik dator, ez da hain bakartia. "Eta zakurrak?" -izan ere, zakur deslai ugari ikusi ditut bidean- "eta bestelako piztiak?" "Damascos-era ere desertutik joan behar al duzu?" Bizikletaz bidaiatzea, Siriara etortzea herrialdea eta hizkuntza ezagutu gabe, gutxi ibilitako bideetan barrena jotzea, horixe da berari deigarri eta ulergaitz egiten zaiona. Saiatu naiz esplikatzen ez nabilela itsu-itsuan, irakurri dudala Siriari buruz etorri aurretik, beste bidaiariek kontatutakoa aintzat hartzen dudala, mapak baditudala. Eta, azken batean, jendearen harrera -garrantzitsuena- ona dela, eurek berek erakusten didaten bezala. Baina azalpenok ez dira, nonbait, aski nire solaskidearentzat: "Beraz, nahikoa da zure mapetan bide bat gustukoa izatea hortik jotzeko? Ez al duzu beldurrik?"
Nitaz fidatzen ez den agureak zeharka begiratu dit, eta zerbait esan dio ondoren dentistari. "Pistolarik ba ote daramazun galdetzen du" Sorbaldak jaso eta begira geratu natzaie. "Ez, ez daukat pistolarik..." -hasi naiz. Eta orduan, bat-batean, hitzetik hortzera etorri zaizkit hitzok: "God, God protects me" (Jainkoaren babesa daukat).

Une batez isilik gelditu gara denok. Ni neu ere pixka bat harritu nau esandakoak. Bi gizon etorri berrietatik gazteenak onespenezko begirada bat eskaini dit. Arrazoi hori aski da, badakit haiek ulertu eta onartuko dutela (dentistaren kasuan ez nago hain ziur). Eta hala izan da, hizketaldiak beste gai batzuei heldu die hortik aurrera. Baina ez da izan, hala ere, komenentziazko erantzun soila nirea, ez da izan irtenbide hutsa. Fededuna izan ez arren hitzok lasai asko bota ditut, eta ez dut sentitu gezurrik zegoenik -erabateko gezurrik behinik-behin- haien atzetik.

Geroago, bakarrik gelditu eta estufaren ondoan prestatu didaten ohera sartu naizenean, hitzok -"Jainkoaren babesa daukat"- nire gogoan bueltaka zebiltzan, itaunka, bila. Eta iruditu zait hala zela, bazegoela egia bat -edo egia batzuk- hausnartu gabe egindako aitorpen haren baitan. Besteak beste, badirela ez nik ez beste inork erantzun ditzakeen galdera asko hemen, mundu honetan, misterioak inguratzen gaituela. Edo, gure patuaren lerroak geure eskuz idazten saiatu behar dugula ("saiatze hortan ezin gelditu" -dio kantak) eta ahalegin horretan lantzen eta eskuratzen dugula askatasuna; baina badela, aldi berean, eta ezinbestez, beste zerbait ere gu gobernatzen gaituena -halabeharra, patua, jainkoa... nahi den hitza erabil liteke- eta hori ere onartzen jakin beharko dugula. Eta pentsatu dut, bazegoela, azken batean, egia soil bat hitz haien jatorrian: sentitu ere babestuta sentitzen naizela, alegia. Maite gaituztenen eta maite ditugunen babesaz ari naiz. Eta baita, agian, ondo zehazten ez dakidan beste zerbaitetaz ere. Ezkutu horien ahala handia da. Alepoko gotorleku gaindiezinaren barruan ez nintzateke seguruago egongo.

2005eko otsailak 9,    Aqeirbat - Tadmor (Palmira), 123 km.

Aqeirbat-etik aurrera etorri da Palmirako bidearen parterik interesgarriena, politena: desertua eta bere zabaltasuna. Abiatu eta gutxira, mendialde mortu batetik gora egin du errepideak eta bere barren biluzietatik bihurrituz joan da aurrera. Atzoko elurrak pixka bat zuritu du hemen. Goietatik paisaia bikainak begiztatu ditut: eremu zabalak eta bakartiak, zeruertza beste mugarik ez zuten urrezko ordoki amaigabeak, basamortuaren handitasuna eta indarra. Egun hotza izan da baina eder-ederra ere bai, laino arrastorik ez zegoen zeruan.

Aqeirbat-eko dentistak aipatutako jende "arkaiko eta ezjakinak" ikusi ditut hemen, eta ia bide guztian: desertuko biztanleak dira, beduinoak (bedu). Ahuntz larru beltzez egindako dendetan -jaimetan- kanpatuak daude bere artaldeekin. Antza denez, han hemen hazten diren sastraka meheak eta belar izpiak aski dira abereak bazkatzeko.
Beduinoak. Esan didatenez, haietako askok uko egin diote hirietan bizitzeari eta usadio zaharrei harro eusten diete; nomadak edo erdi nomadak dira oraindik ere. Baliteke kanpamendu bakoitzaren inguruan ikusten ditudan traktor eta kamioi txikiak izatea, garai modernoek bere bizimodura ekarri duten berritasun nagusia.

Oso haize hotza dabil. Aurpegia ia osorik tapatzen dien zapiaren zirrikituetan ikusten ditut, errepide ondoko artaldeak zaintzen dituzten gizonen begiak. Begi horiek apenas mugitzen dira haien ondotik igarotzen naizenean, edo isilik jarraituko dute nire ibilera beste batzuetan. Niri ez zaizkit arkaikoak edo anakronikoak iruditzen. Hor daude, tinko nire aurrean. Toki honetatik, hazkunde ekonomikoaren zibilizazioak, bere dogmek, eta bere badaezpadako lilurek, oso gauza urrunak dirudite, apur bat irrealak ere bai. Ezjakinak? Azken batean, non dago gauzen egia, eta nor ote dago egia horretatik gertuago?
Niri duina iruditzen zait jende hauen aukera. Desertua ezagutzen dute eta ez dira bertan sekula galduko. Gaur, ilundu artean, haize hotzak eta argiak inguratuko ditu. Ilundutakoan, bere larruzko etxearen babesa eta desertuko isiltasuna izango dute lagun.

Haizeak indarrez narama aurrera. Urrutian, muino txiki baten babesean dagoen jaimaren silueta ilunerantz begiratu dut, eta harro sentitu naiz beduinoen askatasunaz. Nik ere ez nuke desertuko handitasuna hiriko kaiola baten truke emango.


2005eko otsailak 11,    Tadmor (Palmira)

Palmira hiri greko-erromatar garrantzitsua izan zen Kristo Ondorengo hasierako mendeetan. Basamortua zeharkatzen zuten karabanek izugarri aberastu zuten, eta, gaur egun, antzinako tenplu, kale eta eraikin haien hondarrak dira Siriako interesgune historiko-turistiko nagusia.
Atzo harri horien artean ibili nintzen. Iraganeko lorien lekuko dira han-hemen oraindik zutik dirauten arku eta zutabe garaiak; maizago, ordea, denborak lurrarekin berdindu du, eta lautada lehorrean barreiatu, gizakiak altxatu zuena; arkeologoen lana ere saiatu da, bestetan, eroritako puskak elkarrekin josten eta lehengo distira bihurtzen harri maiztuei. Bitxia da pentsatzea behin, desertu hutsaren erdian, holako oparotasuna eta boterea izan zirela. Ordu pare bat eman nuen hondakinen artean, batera eta bestera. Gero, harriek asetu  egin ninduten, eta hotelera bueltatu nintzen.
Gaur arabiar gaztelura igo naiz. Paseo polita izan da, bista ederra zen goitik, ikusmira zabala: Palmira zaharra eta berria, oasia eta bere berdetasuna, desertuko hareak eta harriak. Egun argitsua atera du, haizerik gabea.


2005eko otsailak 12,    Tadmor - 2garren bidegurutzea, 145 km.

Lainotua atera du eguna. Palmiratik abiatu naiz eta desertuko bakardadean berriro barneratu. Errepidea ona da, trafikoa urria. Palmiratik 40 kilometrora beste txirrindulari batekin egin dut topo. Bakarrik dator kontrako norabidean, eta ni bultzaka eta abiadan naraman haize hotzarekin borrokan ari da bera, aurrera astiro eginez. Nahiz errepidea hutsik egon, azken momentura arte ez dut ikusi, jada nire ondoan zegoenean. Gelditu eta, haizeari bizkarra erakutsiz, ezaguera eman diogu elkarri. Daniela du izena eta Suitzakoa da. Hiru asteko bidaian dabil, Sirian bakarrik. Palmira bisitatu eta gero Eufrates ibairaino hurbilduko da autobuses eta ekialdeko bazter urrun hartan ibiliko, harik eta Suitzara bueltatzeko tenorea iristen zaion arte. Damascos-etik dator eta azken bi gauak hotelik gabeko herritxoetan pasa ditu, (ez darama kanpindendarik) baina harrera ona egin omen diote, ez du falta izan aterperik.
Neska txikia eta bizia da Daniela, 35 bat urtekoa. Artilezko txano bat, begietaraino sartua, eta eskularru lodiak janzten ditu. Emakume bezala bere esperientzia Sirian nolakoa den galdetu diot. "Bikaina" -erantzun dit segituan zalantza izpirik gabe, "emakume bat bakarrik eta bizikleta baten gainean ikusteak sortzen duen hasierako ustekabearen ondoren, erreakzioa ona da. Gizonek tarteko bat banintz bezala hartzen naute eta aurrera joateko animoak ematen ere"

Ez dugu luzaroan jardun hizketan. Hotz egiten du.
Geldirik, eta pedaleei eragin gabe, nik ere sentitzen dut orain haize zakarraren ziztada. Danielak aurpegi eman dio, ostera, haize horri, eta elkarri ondo segitzeko opa ondoren, abiatu egin gara.

Giroa goibela da oso. Zerua inguruko muino eta mendixka arreen pareraino jaitsi da, eta badirudi sabai astun eta beltz horrek desertua eta bertan den guztia zanpatu egin behar duela. Iluna eta hitsa da errepideak zeharkatzen duen lautada ere. Geldiune bat egin eta platanoak, datilak eta ogia jan ditut horma batzuen babesean. Termometroak bi gradu markatzen zuen.

Gaua pasa dudan bidegurutzera seietan iritsi naiz, ilundu eta ordu erdi bat beranduago. Elurra ari zuen, astiro eta indarrik gabe. Kopetako linternaren argitan elur maluta txikiak -argi-zipriztin herrariak- nabarmendu egiten ziren iluntasunean eta hura zurrunbiloka bete; ez nuen besterik ikusten, izpi txuri ñimiñoak jira-biraka, ezin konta ahala, eta gau beltzaren zuloa. Bidegurutzean polizia-postua, gasolindegia eta jatetxe bat daude. Hemendik Irak-eko muga 175 kilometrora dago. Jatetxean eskaini didate lo egiteko tokia. Afaldu ere bertan afaldu dut: berenjena eta patata frijituak, biak ala biak zaharrak, hotzak, ia momifikatuak. Ötzi-ko gizona ekarri didate gogora.


2005eko otsailak 13,    Aurreko tokia - Damascos, 106 km

Egun lainotu samarra baina ez atzokoa bezain goibela. Apurka-apurka desertu bakartiak zonalde urbanizatuei egin die leku, eta ,azkenean, Damascos-eko sarbidea den autobide bizian gertatu naiz.
Al Haramein hotelera etorri naiz. Alde zaharretik gertu dago, jostundegiak eta bestelako denda txiki ugari dituen karrika lasai batean. Hiri handiaren nahasmena eta zalaparta ez daude urruti, baina ez dira oraindik jabetu txoko honetaz. Inguruko kaleek ere itxura atsegina dute, kale estuak dira, giro tradizionalekoak. Hotela bera antigoaleko eraikin polita da (1200. urtean eraikia, omen) eta bezero gehienak, antza, ni bezalako kanpotarrak. Behealdean, harrera-tokiaren ondoan, egongela zabal bat dago, besaulki eta mahaitxoekin jantzia. Erdian iturri txiki bat.

Bertan eserita nengoela, ondoko apalategi bateko liburuen multzotik bat hartu dut, uste dut izenak eman didala atentzioa, Understanding the roots (Sustraiak ulertzen) nahiz eta gero edukia ez etorri bat nik espero nuenarekin. Arabieratik inglesera itzulitako liburua zen, eta erlijioa zuen gaia, zehazkiago islama. Orri-miran hasi naiz eta laster antzeman diot mezu nagusiari. Sinplea zen: mendebaldeko gizartea (the West, westerners...) dekadentea da eta gaisorik dago. Mendebaldeko gizona gaixotasun psikikoen (etsipena, antsietatea...) zein fisikoen (sexu bidezko gaixotasunak) menpe dago. Herrialde musulmanak pobreak dira baliabide materialetan baina espiritualki hobeak. Islama aurreko erlijio guztien perfekzioa da eta bere barruan bakarrik aurkituko dute gizonak eta gizarteak zoriona eta oreka.
Gogora etorri zait Alepoko jatetxean ikusitako dokumentalaren irudi bat. Estatu Batuetan, manifestazio batean, emakume bat oihuka ari zen, eskuan pankarta txiki bat zuela. Pankartak honela zioen: God in our side (Jaungoikoa gure alde dago) Brasileko hegoaldean ere, behin, afrikar jatorriko erlijioak aintzat hartu eta honela bota zuen, destainez eta harro, kristau fedearen jarraitzaile sutsu batek: “Baina gure Jainkoa indartsuagoa da!”

"Banaka batzuk baino ez dira" -esan dit Damascos-en arabiera ikasten dabilen madrildar batek, liburuarena aipatu diodanean. Ez dakit ba, ez da erlijio kontua bakarrik nire ustez. Azken batean, sinistea eta nork bere bizitzari helburu eta arrazoi baten sostengua eta gida ematea arrazoizkoa da, giza-premia sakon baten oinarrian dago, ziurrenera. Mesianismoa, ordea, beste zerbait da. Mesianismoak on guztiaren nahitanahiezko sorburu bihurtzen ditu gure arrazoia eta gure justizia-ideala; gu arras bereizi eta aukeratuen taldeko kide egiten gaitu. Eta hemen ere badago, agian, beste giza-joera bat, joera txit etsigarri bat.
"Borreroak baditu milaka aurpegi" -zioen aspaldiko kanta batek. Nagusikeriak ere badaki mozorro diferenteak janzten: zeinahi dogmaren atzean ezkutatu liteke (itxuraz askatzaile direnen atzean ere bai). Erlijioa aitzaki bat da orduan, nola izan daitezkeen aitzaki beste hamaika kontu ere (demokrazia, aurrerapena, hazkunde ekonomikoa, etnia, iraultza edo nazio askapena...)
Ez dago erlatibismorik. Utopia behar-beharrezkoa dugu. Askatasunaren utopiak bizi egiten gaitu, hobetu eta aurrera eraman, dogmaren etsaia da, berez. Baina, paradoxaz, erraz, ia oharkabean egiten dugu, batzuetan, batetik besterako bidaia. Eta hau nahasmenaren, noraezaren eta, okerrenera, zanpaketaren bidaia da. Gure ingurutik oso urrutira ez dugu joan behar horretaz jabetzeko.

(Dahab, Egipto 2005eko martxoak 12)