lunes, 10 de agosto de 2015

200.000 km

Burdinazko bihotza dauka eta gurpil nekaezinak: 165.000 km
ibili ditu munduan barrena eta aurrera doa
Bidaia honek 200.000 km bete zituen aurreko batean: pasa den maitzaren 25eko lehen orduetan, Hego Koreako Seoul eta Busan hiriak lotzen dituen bidegorrian, Gumi hiritik gertu, eman nuen berrehun mila kilometroko marka ezarri zuen pedalkada. Bizikletako kilometro-kontagailuek adierazitakoaren araberako zifra da eta uste dut aski zehatza dela. Hasiera-hasieratik erabili nituen aparatutxo horiek eta egunez egun hartu eta apuntatu izan ditut ibilitako distantziak. Gasteizen ibilitakoa --hara itzuli naizen hiru aldietan-- ez dut kontuan hartzen. Hori ere aintzat hartuz gero beste 10.000 bat km gehitu beharko lirateke.

Zifra borobila eta potoloa da hainbeste urteren eta gurpil-biraren buruan Korean lortutakoa, baina askoz apalagoa batezbestekoaren ikuspuntutik begiratzen bazaio: hain zuzen, berrehun mila horiek borobildu eta zazpi egun geroago, ekainaren 1ean, bizikletaldi hau adin nagusira iritsi eta bere 18. urteurrena bete zuen (Japoniako Nagasaki hirian); 18 urte behar izan ditut, hortaz, kilometro mordoxka hori metatzeko, 30 pasatxo eguneko, batez beste. Ibilalditxo bat baino ez. Bizikletak, azken batean, horretarakoxe daude: ez denbora eta distantziak "hausteko", baizik eta, alderantziz, denbora ez estutzeko, abiadura txikiko plazerraz gozatzeko eta paseoak --bizialdi baten adinako paseo luzeak ere bai-- emateko.

Eta amaitzeko beste datu pare bat. Guztira bi bizikleta izan ditut lagun urte eta distantzia horietan, baina orain naramana  da aipagarriena: Zeelanda Berrian erosi nuen bigarren eskutik 2001. urtean (lehena Txiletik hara eraman ninduen hegalaldian hondatu zuten) eta 165.000 km egin ditugu elkarrekin. Eta bigarren datua: Hegoafrikako hego-puntan nengoen (Agulhas lurmuturraren inguruan) 100.000. kilometroa bete nuenean; 2006. urtearen erdialdean izan zen hori eta gutxi uste nuen orduan egindako hura bikoiztu behar zenik!