sábado, 23 de agosto de 2008

Lehen Bidaia/Primer Viaje - Indonesia,Malaysia (2)


Noizean behin inglesa ikasten dabiltzan gazteak etortzen zaizkit mintzapraktika pixka bat egiteko asmoz, mendebaldeko atzerritar guztiek inglesez dakitelako ustea baitago hemen. Nik haiek adina ikasten dut saio hauetan. Holakoetan galdera hau egin izan didate inoiz: "Ez zinen beldur Indonesiara etortzeko?" "Ez zenuen pentsatzen gu guztiok terroristak ginela?". Izan ere, bisitarien kopuruak behera egin du nabarmen azken urtean. Gune turistikoagoetan, behinik behin, hori da maiz entzun dudana. Javan bitan ikusi ditut ikasle taldeak hirietako kaleetan, pankartak eskuan, Palestinarentzat dirua biltzen edo kazeta islamistak saltzen. Ezin ulertu pankarta horiek zer zioten, baina behin hitz bat ezagutu nuen: "Jihad" (borroka,guda). Egun batean, kafetegi batean beste atzerritar batzuekin eserita nengoela, manifestazio bat azaldu zen kalearen mutur batetik. Ehundaka batzuk gazte ziren eta, taldearen buruan, poliziaren auto bat zihoan bidea zabaltzen. Manifestarien oihuen artetik bi nabarmentzen ziren zeharo ulergarri: "Amerika terrorista!" "Israel terrorista!". Gure paretik pasatzean batzuek begiratu egiten ziguten. Ez ziren haserrezko edo mehatxuzko begiradak, baina zerbait adierazi nahi ziguten.

Nire bidaiatzeko ohiturak dexente aldatu dira Australiatik hona. Erosketak aire egokituko supermerkatu handietan egitetik kaleetako merkatu koloretsuetara pasa naiz, adibidez. Nire kanping denda, lehen gauero lotokia nuena, poltsa batean bilduta eta ia ahaztuta dago orain. Eta gose naizenean bide ondoko jatetxeetara jotzen dut orain gehienetan. Arroza da hemengo plater gehienen oinarria, eta otordu guztietan agertzen da normalean. "Nasi goreng"(arroz frijitua eta barazkiak edo haragia) da aukerarik errezena eta nire gogokoenetako bat. Edo "Gado gado"(barazki egosiak kakahuetezko saltsa minez hornituak), behatzak zupatzeko moduko gutizia bat. Indonesia merkea da bisitariarentzat. Merkatuetan edo "warung"etan (jatetxe merkeak) ehun pezeta inguru balio du holako platerkada batek. Ostatu batean luxurik gabeko gela apal baina egoki bat 500 edo 600 pezetaren truke erraz da aurkitzen, sarritan merkeago ere bai.

Javako irla, ekialdeko muturretik mendebaldeko ipar kostan dagoen Jakarta hiribururaino korritu nuen. Bidean Yogyakarta hiritik pasa nintzen eta bere inguruetan dauden Prambanan eta Borobudur tenplu hinduista eta budista zaharrei bisita egin nien. Orain dela 1000 urte baino gehiago eraikiak interesgune turistikoa dira gaur egun eta garai batean Javako erdialdean izan ziren kultura boteretsuen lekuko. Yogyakartara heldu baino lehenago Bromo sumendira igo eta bere hareazko kraterra zeharkatu nuen bizikletaz. Javako nire ibilbidean paisaiarik ikusgarrienak hor aurkitu nituen eta 5 urteko bidaia honetan egin dudan igoerarik zailena ere izan zen, 30 bat kilometrotan 2100 metro inguru igo bainituen. Ikuspegia ederra da hemen gora joan ahala: mendiak,basoak,lainoak,amildegiak...; itxura sendoko etxeak kale bakarreko herri aldapatsuetan; kolorez margotutako edo azulejoz hornitutako aurrealde txukunak etxeetan. Soro eta baratzak ere arretaz landuak malkarretan. "Hello,mister!" "Hello,sir!" "Good morning!" denen ahotik entzun nituen diosal hauek, behin eta berriro, igoera guztian zehar. Gizon izan ala emakume, zahar ala gazte, berdin zion, denek zeukaten zerbait niri esateko. Aurpegietan irribarre zabal eta jatorrak beti. Goian, aintzinako krater erraldoia inguratzen duen mendi eraztunaren ertzean, Cemoro Lawang herria dago. Bertatik ikus daitekeen paisaia ez da ohikoa: harea grisezko lautada zabal bat behealdean mendi malkarrez itxia inguru guztian eta, bere erdigunean, hiru sumendi: Bromo ez da altuena baina bai kea darion bakarra.

Jakartan pasaporte berria eskuratu nuen, zaharrak bai orriak eta bai denbora ia agortuak baitzituen ordurako. Indonesiako hiriburuko zarata, kea eta mugimendua ez nituen oso gustoko izan eta, barku bat hartuta, ahalik eta lasterren irten nintzen handik.
Jakarta utzi eta egun t'erdi beranduago Sumatrako mendebaldeko kostara iritsi zen bidaiarien itsasuntzi handia. Gaueko giro epelean egin nituen kaitik Padang hiriko erdialdera dauden kilometroak eta, biharamunean, Padang-eko kale zabal eta garbietatik zehar paseatzen, Javako hiri zaratatsu eta kutsatuetatik oso urrun sentitu nintzen. Etxe eta eraikin askotako teilatuek fantasiazkoak dirudite hiri honetan: bizkarrak kurboak dira eta muturrak zerurantz goratzen dira orratzak bezela. Lanerako erabiltzen den bufaloaren adarren irudira eginak omen daude eta Minangkabau kulturaren ezaugarri dira. Minangkabau jendeak bere usadio eta ohiturei gogor eusten die eta, musulman porrokatuak izan arren, bere gizartea matrilineala eta matriarkala omen da oraindik. Herentzia alaba zaharrenari dagokio eta adineko emakumeak dira familaren burua. Hala dio, behinik behin, bidai literaturak.

Sumatran 900 km. ibili ditut guztira, Padang-etik ipar ekialdeko kostan dagoen Medan hirira bitartean. Errepidea, tarteka, kaxkar samarra izan arren lasaia ere izan da Javako bideen aldean. Paisaiak ederrak: baso tropikalak, mendiak eta laku polit batzuk. Bukittingi ondoan Danau Maninjau lakua dago aintzinako krater baten zuloan eta bere ertzetan ostatu txiki zenbait dagoen arren, ez dirudi turismoak hango bizimodua asko nahasi duenik. Toki baketsua eta atsegina da. Iparralderago beste laku askoz handiago bat dago, Danau Toba. Laku honetan eta Pulau Samosir-en, bere erdian dagoen irlan, turismoaren presentzia askoz nabariagoa da. Bisitari gehienak ekialdetik hurbiltzen dira Danau Tobara, Parapat herritik. Mendebaldeko errepide berri eta bakartia, berriz, askoz interesgarriagoa da: Tele herritik (1850 m.) lakua inguratzen duten mendi magal berde eta aldapatsuetan sigi-sagan eraikitako errepide estuak behera egiten du modu ikusgarrian Pulau Samosir-aino (950 m.). Jaitsiera hau ederra da eta behealdean ageri diren lakuak, irlak eta inguruko mendiek ikuspegi gogoangarria eskeintzen dute.

Danau Tobatik gertu, Karo Batak kultura eta hizkuntzaren esparruan, Berastagi izeneko herria dago, 1300 metroko altueran. Ni han izan nintzen 3 egunetan behelainoa teilatuen paretik ez zen mugitu eta zirimiria ia etengabean erori zen. "Herri honi izena eman ziona etxeko eguraldiarekin gogoratzen zen,nonbait", pentsatu nuen. Turismo bulegora hurbildu nintzen jakinminez, eta izenaren jatorriaz eta zergatiaz galdetu nuen.Hango mutil jatorrak azalpen hau eman zidan:"Indonesieraz "bras" arroza da eta "tagi"k gure esan nahi du. Dakizunez, arroza oso garrantzitsua da guretzat eta hortik izena: Berastagi-k "gure arroza" esan nahi du". (2002ko iraila)

No hay comentarios: