Palmira, Siria |
2005. urtearen hasieran
izan nintzen Sirian. Europako iparraldetik nentorren –Norvegiatik, Iparraldeko
Lurmuturretik- eta Afrikarantz nindoan. Ondorengo testuak handik gutxira atondu
nituen, Egipton, Sinai penintsulako Dahab herrian.
Siria nire lehen herrialde
arabiarra da bidaia honetan. Turkian bi hilabete pasatxo egin eta gero, 2005eko
otsailaren 2an zeharkatu nuen muga eta Alepora iritsi (Alepo: Siriako hiririk
handiena, 3 bat miloi biztanle). Hona hemen hasierako inpresio eta gorabehera
batzuen kontaera, nire egunerokotik zuzenean hartua.
2205ko otsailak 5, Alepo
Atzo hiri
zaharreko souka (estalpeko azoka)
bisitatu nuen. Pasabide meharrek labirinto bat osatzen dute, eta, bertan, artisau eta
merkatarien denda txikietan, era guztietako merkantziak daude salgai. Oihalak
eta alfonbrak, zilarra, lurrinak, espeziak, fruitu lehorrak eta eztia,
xaboiak... denetarik aurkitu daiteke mendez-mende saltzaile eta erosleen joan-etorriak
babestu dituzten korridore zahar haietan. Ez da turistentzako tokia, ez du
inondik ere Estanbuleko "Bazar Handiaren" giroa eta eitea, nahiz eta gerta
litekeen, aldian behin, saltzaileren bat zugana hurbiltzea, bere dendako produktuen
eta prezioen bertuteak goraipatuz -frantsesez, inglesez edo gaztelaniaz, agian-,
eta zu hara eraman nahiz.
Labirintoan sartu nintzen, eta zuzenean jo nuen pasabide batetik aurrera, alboetara desbideratu gabe, bueltan bidea ez nahastearren. Bukaeran, kalera atera nintzenean, antzinako zitadela zaharra ikusi nuen, ezustean, muino baten gainean, nire aurrean. Bere harresiek gaina hartzen zioten inguruko auzo multzoari, dorretxe bat zen bere ate nagusia, eta arkuz hornitutako harrizko zubi inklinatu bat harako sarbide bakarra; harresiak muinoaren inguru guztian zut goratzen ziren, eta haien oinetik behera harriz estalitako malda handi bat jaisten zen, zuzenki azpiko lubakiraino. Ikusgarria iruditu zitzaidan, gotorleku bikaina oraindik ere. Nahiz hiria bere inguruan hazi den, nahiz orain preso bat ematen duen bere denbora zaharraren itxituran harrapaturik. Baina, zer izango ote zen antzinako denboretan? Desertuko eremu zabaletatik iristen ziren karabanentzat ikuspegi txundigarria, eta etsaiaren armaden begietan gaztelu garaiezina. Orain hiria da bera setiatzen duen etsaia eta guda galdua da, baina oraindik gordetzen dute bere harriek behinolako ahalaren eta harrotasunaren oihartzun sendo bat.
Gaur, hirugarren
aldiz Alepora iritsi nintzenetik, Khan Al Khalili jatetxera hurbildu naiz, gauean.
Bi euroren truke primeran afaltzen da bertan, kebab berenjenekin, esate
baterako. Baina gaur agur esatera bakarrik joan naiz. Ahmad –jabea- mahai
batean eserita aurkitu dut, aurreko gauetan bezala, eta Siriako jendearen
ahotan gehien entzuten dudan hitzarekin, "Welcome" (Ongi etorri), agurtu
nau berriro ere eta berarekin esertzera gonbidatu. 60 bat urte izango ditu,
musulmanen kapela txikia darama buruan, eta ondo zaindutako bizarra aurpegian.
Duela bi aste Mekan izan zen; bete du, beraz, bere erlijioaren agindu hori eta hayi bat da orain.
Arabierazko
lehen ikasgaiak hartu ditut berarekin egun hauetan: marhaba (kaixo), wada'an
(agur), bikam hada? (zenbat da hau), nosof kilo (kilo erdia), fundok (hotela)... Zenbakiak ere landu
ditugu. Nik galderak egiten dizkiot, eta saiatzen naiz bere erantzunak orri
batean transkribatzen. Nire ahoskera egokia iruditzen ez bazaio (maiz samar)
errepikarazi egiten dit: "no, no, listen to me... honela esan behar
duzu...". Gizon ona da, hori da betaurrekoen atzean bere begiek adierazten
didatena.
Gaur liburu potolo bat ekarri du, arabiera/gaztelania elkarrizketa-gida bat, eta bera ere gogoz saiatu da gaztelaniazko agurrak eta esaldiak ebakitzen. Ondo egiten duela esaten diodanean irribarre egiten du zabal eta gustura. Arabierak gaztelaniari mailegatu dizkion hitzak ere ekarri ditugu gogora: aceituna, azucar, arroz, alubia... (eta euskerari: souk - azoka). Al Andalus aipatzen du berak eta hiri zerrenda bat atzetik: Granada, Zaragoza, Valladolid (Balad Al Walid, azaltzen dit).
Gaur liburu potolo bat ekarri du, arabiera/gaztelania elkarrizketa-gida bat, eta bera ere gogoz saiatu da gaztelaniazko agurrak eta esaldiak ebakitzen. Ondo egiten duela esaten diodanean irribarre egiten du zabal eta gustura. Arabierak gaztelaniari mailegatu dizkion hitzak ere ekarri ditugu gogora: aceituna, azucar, arroz, alubia... (eta euskerari: souk - azoka). Al Andalus aipatzen du berak eta hiri zerrenda bat atzetik: Granada, Zaragoza, Valladolid (Balad Al Walid, azaltzen dit).
Jatetxeko telebistan Quatar-eko katea dago jarria, Al Jazeera. Dokumental interesgarri bat ematen ari dira, Bush
administrazioaren eta eskuineko talde erlijiosoen arteko lotura azaltzen duena,
baina arabierara bikoiztuta dago eta ez dut hitzik ulertzen. Dokumentala Estatu
Batuetan bertan egindakoa dela uste dut. Ezinbestean politika etorri da
hizpidera. "Aznar very, very, very bad" -esan dit- "criminal,
murderer" Ahmadek ez daki ondo inglesez, eta horregatik harritzen naiz
ikusita zein ondo eta erraz lotu eta ebaki dituen azken bi adjetiboak, "but Zapatero very good, a
gentleman" –ekin dio. Nik esan diot bat natorrela Aznarri buruzko
iritziarekin, baina, jarraian, zalantzazko keinu bat egin dut eskuarekin, adierazi
nahiz Zapatero ere badaezpadakoa iruditzen zaidala, ez dudala nik berak
bezainbeste estimatzen. Nire ibilbideaz galdetu dit ondoren. "Siria,
Jordania, Egipto..." "Israelera ere joan behar duzu?" Ezetz
erantzun diot, Palestina libre denean bakarrik joango naizela hara. Nire hitzak
egiazkoak dira baina badakit, aldi berean, ondo hartuak izango direla. Poztu
egin dira bere begiak, diz-diz egin dute, eta bostekoa eskaini dit. Al Jazeera-ko
kazetari baten izena ere aipatu dit, Espainian preso dagoena.
2005eko otsailak
6, Alepo - Hama, 145 km.
Egun euritsua izan zen atzokoa. Gaur aterri zabaldu du eguna, eta
urdinguneak zeuden goizeko zeruan. Ez du luzaroan iraun, hala ere, eguraldi
garbiak, eta lainotu egin du geroago eta euria hasi. Zaparradak bota ditu egun
osoan zehar. Hama-ra joateko, errepide nagusia, autobidea, hartzea erabaki dut,
eta etapa batean egin distantzia hori, nahiz luzea izan. Handik desertura joko
dut gero, Palmira aldera.
8ak inguruan
ailegatu naiz Hamara, eguzkia sartu eta hiru ordu geroago. Kopetako
linternarekin egin dut gaueko bidea, eta euripean. Bidean hainbat aldiz gelditu
naiz, bai errepide bazterreko postu txikietan tea edatera, bai falafelak
jatera. Gehienetan ez dute nire dirurik hartu nahi izan, keinu batez eta hitz
soil batez ("Welcome") ematen zidaten aditzera opari bat zela.
Hirutan gertatu zait hori.
Beste batzuetan
hurbiltzeko keinua egiten zidaten inguruko etxeetatik. Behin, moto
batean zihoazen bi gaztek zerbait esan didate inglesez niri aurrea hartzean. Gero,
aurreraxeago, abiada moteldu eta ia gelditu egin dira, nire zain zeudela somatu
dut, nirekin pixka bat hitz egin nahiko zutela pentsatu. Baina aldapa
behera luze baten hasieran negoen, eta hura aprobetxatzeagatik pedalei eragin
diet eta ziztuan pasa bere ondotik. Gaizki ulertu didate, pentsatu dute beldur
nintzela eta, aurrerago, bidea berdindu denean, berriro aurreratu naute eta
orduan, bai, ondo ulertu dut nire ondotik igarotzean oihu batean esandakoa:
"No fear, Syrian no fear!!" (“ez izan beldurrik, Sirian ez izan
beldurrik!!”)
2005eko otsailak 8, Hama - Aqeirbat, 75 km
Goibel baina aterri atera du eguna. Hama-tik Aqeirbat-era doan bidea ez da
oso interesgarria, ez du aparteko berezitasunik. Basamortuaren sarreratzat jo
daiteke, laua da, soildua, soro eta sail landu batzuk badira tartean, eta
errepideak zeharkatzen duen herri txiki sorta bat ere bai. Horietako batean felafel bat (Siriako otartekoa) jatera
gelditu naiz. Oso denda txikia zen eta barruan, erdian, estufa zegoen piztuta.
Ordaintzerakoan, agureak ez du nire dirua hartu nahi izan.
Aqeirbat ez da oso herri handia. Ez dago hotelik bertan. 4ak inguruan
iritsi naiz eta justu momentu horretan elurra hasi du. Ez du luzaroan bota
baina hotz egiten zuen, egun hotza zen. Gasolindegi baten parera heldu eta
hurbiltzeko keinua egin didate su baten inguruan zeuden gizonek. Laster,
haietako batek, zaharrenak, bere etxera joateko esan dit, hobe nuela gaua han
pasa eta biharamunean jarraitzea.
Zaharraren etxea gasolindegiaren albo batean dago. Zementuzko eraikina da,
solairu bakarrekoa, eta kaletik gela handi batera sartu gara zuzenean. Gela
honetan ez dago altzaririk, ez mahairik edo aulkirik. Alfonbrek zoruaren eremu
gehiena estaltzen dute, haien inguruan, hormen jira guztian, almohadak eta
kuxinak daude, eta, erdian, estufa bat. Hori da dena. Apaindura bakarra pareta
zurietan ageri diren arabierazko testuak dira, "Koran-eko bertsoak",
pentsatu dut . Toki soila da, baina goxoa ere bai, garbia eta txukun antolatua.
Hauxe izan da etxean ikusi eta zapaldu dudan sala bakarra, eta, geroago esan
didatenez, etxe guztiek daukate horrelako bat: madafe da, bisitarien gela. Lo ere bertan egin dut.
Afaldu baino lehen, artean bera eta biok bakarrik geundela, zaharrak bere
otoitzak egin ditu nire aldamenean. Ariketa naturala izan da eta, hala iruditu
zait, geunden tokiarekin bat zetozela, bera bezain sinple eta atseginak zirela,
nire ondoko gizonaren mugimendu erritualak: zutik lehendabizi Meka-ra begira;
belauniko ondoren; gorputza makurtuz eta kopetarekin lurra ikutuz, hurrena. Horrela
hainbat aldiz, sailean. Bere ahotik murmurio batean irteten ziren hotsetatik,
"Allah", "Allah", zen bereizi ahal nuen bakarra.
Alfonbren gainean eserita eta estufaren arrimuan afaldu dugu. Mutil gazte
batek, etxeko beste aretoetara ematen bide zuen ate batetik sartu eta erretilu handi
bat ekarri du. Ogi puxketekin (ogi zapala, legamiarik gabekoa) erretiluko ontzi
txikietan atondutako jakiak hartu eta ahoratu ditugu: askotariko olibak ,
arrautzak, piperrak, olioa, gazta, yogurta, mermelada... Hura guztiaren atzean
etxeko emakumeen lana eta arreta zeuden, inondik ere, baina nik ez ditut ikusi
egonaldi guztian eta haien aipamenik ere ez da egin nire aurrean.
Bost gizon ginen, tartean herriko dentista, inglesez apur bat zekien mutil
berritsu bat. Berak eman dit biharko bidearen berri. Aqeirbat-etik aurrera,
Palmira-ra bitartean, herririk ez dagoela azaldu dit, desertua baino ez, eta
bertan aurkituko dudan jende bakarra jende ezjakina dela, arkaikoa, primitiboa.
Hau esatean, gutxiespenezko keinu batekin azpimarratu du desertuko jendeak
merezi dion estimu gutxia.
Afaldu ondoren
tea edan dugu. Laster beste bi gizon bildu dira taldera. Gelan dauden gehienek
bezala (dentista eta biok gara salbuespen bakarrak) tunika luzeak janzten
dituzte, eta sorbaldaraino erortzen diren buruko zapiak, arabiar modu
tradizionalera. Bietan zaharrenak, agure adintsu eta serio samar batek, bi
korda beltz daramatza zapiaren gainean, biribil baten gisara antolatuak. Azken
honen begiradan nirekiko jakingura eta mesfidantza batera nahasten zirela
iruditu zait. Eta iruditu zait, halaber, mesfidantza jakinminari gailentzen
zitzaiola.
Hainbat galdera egin dizkidate -dentistak egin du itzultzailearen lana- galdera
bitxiak niretzat, haietako batzuk. Esate baterako, nire herrian,
ezkontzerakoan, gizonak emakumearen familiari dirurik ordaindu behar ote dion;
edo nire herrian lehengusu-lehengusinen arteko ezkontza onartzen den. Beste
galdera batzuek, ordea, ez naute ustekabean harrapatu. Ustekabea, egiatan,
haiek ez entzutea izango zen: nire adina, ezkonduta ote nagoen, eta seme-alabarik
ba ote dudan. Gizon zaharrenaren mesfidantza, edo nirekiko ezin ulertua, hobeto
konprenitu dut orain: berak 15 seme-alaba ditu. Berarekin etorritako beste
gizonak (gazteagoa, 50-55 urte) lau baino ez.
Hurrena
dentistaren txanda izan da, bera hasi zait galdezka. Zergatik aukeratu dudan
Aqeirbatetik pasatzea Palmirara joateko. Bere iritziz Homs-etik datorren
errepidea egokiagoa da, trafikoa hortik dator, ez da hain bakartia. "Eta
zakurrak?" -izan ere, zakur deslai ugari ikusi ditut bidean- "eta
bestelako piztiak?" "Damascos-era ere desertutik joan behar al
duzu?" Bizikletaz bidaiatzea, Siriara etortzea herrialdea eta hizkuntza
ezagutu gabe, gutxi ibilitako bideetan barrena jotzea, horixe da berari
deigarri eta ulergaitz egiten zaiona. Saiatu naiz esplikatzen ez nabilela
itsu-itsuan, irakurri dudala Siriari buruz etorri aurretik, beste bidaiariek
kontatutakoa aintzat hartzen dudala, mapak baditudala. Eta, azken batean,
jendearen harrera -garrantzitsuena- ona dela, eurek berek erakusten didaten
bezala. Baina azalpenok ez dira, nonbait, aski nire solaskidearentzat:
"Beraz, nahikoa da zure mapetan bide bat gustukoa izatea hortik jotzeko? Ez
al duzu beldurrik?"
Nitaz fidatzen ez den agureak zeharka begiratu dit, eta zerbait esan dio
ondoren dentistari. "Pistolarik ba ote daramazun galdetzen du"
Sorbaldak jaso eta begira geratu natzaie. "Ez, ez daukat
pistolarik..." -hasi naiz. Eta orduan, bat-batean, hitzetik hortzera
etorri zaizkit hitzok: "God, God protects me" (Jainkoaren babesa
daukat).
Une batez isilik gelditu gara denok. Ni neu ere pixka bat harritu nau
esandakoak. Bi gizon etorri berrietatik gazteenak onespenezko begirada bat
eskaini dit. Arrazoi hori aski da, badakit haiek ulertu eta onartuko dutela
(dentistaren kasuan ez nago hain ziur). Eta hala izan da, hizketaldiak beste
gai batzuei heldu die hortik aurrera. Baina ez da izan, hala ere,
komenentziazko erantzun soila nirea, ez da izan irtenbide hutsa. Fededuna izan
ez arren hitzok lasai asko bota ditut, eta ez dut sentitu gezurrik zegoenik
-erabateko gezurrik behinik-behin- haien atzetik.
Geroago, bakarrik gelditu eta estufaren ondoan prestatu didaten ohera sartu
naizenean, hitzok -"Jainkoaren babesa daukat"- nire gogoan bueltaka
zebiltzan, itaunka, bila. Eta iruditu zait hala zela, bazegoela egia bat -edo
egia batzuk- hausnartu gabe egindako aitorpen haren baitan. Besteak beste,
badirela ez nik ez beste inork erantzun ditzakeen galdera asko hemen, mundu
honetan, misterioak inguratzen gaituela. Edo, gure patuaren lerroak geure eskuz
idazten saiatu behar dugula ("saiatze hortan ezin gelditu" -dio
kantak) eta ahalegin horretan lantzen eta eskuratzen dugula askatasuna; baina
badela, aldi berean, eta ezinbestez, beste zerbait ere gu gobernatzen gaituena
-halabeharra, patua, jainkoa... nahi den hitza erabil liteke- eta hori ere
onartzen jakin beharko dugula. Eta pentsatu dut, bazegoela, azken batean, egia
soil bat hitz haien jatorrian: sentitu ere babestuta sentitzen naizela, alegia.
Maite gaituztenen eta maite ditugunen babesaz ari naiz. Eta baita, agian, ondo
zehazten ez dakidan beste zerbaitetaz ere. Ezkutu horien ahala handia da. Alepoko
gotorleku gaindiezinaren barruan ez nintzateke seguruago egongo.
2005eko
otsailak 9, Aqeirbat - Tadmor
(Palmira), 123 km.
Aqeirbat-etik aurrera etorri da Palmirako bidearen parterik
interesgarriena, politena: desertua eta bere zabaltasuna. Abiatu eta gutxira,
mendialde mortu batetik gora egin du errepideak eta bere barren biluzietatik
bihurrituz joan da aurrera. Atzoko elurrak pixka bat zuritu du hemen. Goietatik
paisaia bikainak begiztatu ditut: eremu zabalak eta bakartiak, zeruertza beste
mugarik ez zuten urrezko ordoki amaigabeak, basamortuaren handitasuna eta
indarra. Egun hotza izan da baina eder-ederra ere bai, laino arrastorik ez
zegoen zeruan.
Aqeirbat-eko
dentistak aipatutako jende "arkaiko eta ezjakinak" ikusi ditut hemen,
eta ia bide guztian: desertuko biztanleak dira, beduinoak (bedu). Ahuntz larru beltzez egindako dendetan -jaimetan- kanpatuak daude bere artaldeekin. Antza denez, han hemen
hazten diren sastraka meheak eta belar izpiak aski dira abereak bazkatzeko.
Beduinoak. Esan didatenez, haietako askok uko egin diote hirietan
bizitzeari eta usadio zaharrei harro eusten diete; nomadak edo erdi nomadak
dira oraindik ere. Baliteke kanpamendu bakoitzaren inguruan ikusten ditudan
traktor eta kamioi txikiak izatea, garai modernoek bere bizimodura ekarri duten
berritasun nagusia.
Oso haize hotza
dabil. Aurpegia ia osorik tapatzen dien zapiaren zirrikituetan ikusten ditut,
errepide ondoko artaldeak zaintzen dituzten gizonen begiak. Begi horiek apenas
mugitzen dira haien ondotik igarotzen naizenean, edo isilik jarraituko dute
nire ibilera beste batzuetan. Niri ez zaizkit arkaikoak edo anakronikoak
iruditzen. Hor daude, tinko nire aurrean. Toki honetatik, hazkunde
ekonomikoaren zibilizazioak, bere dogmek, eta bere badaezpadako lilurek, oso
gauza urrunak dirudite, apur bat irrealak ere bai. Ezjakinak? Azken batean, non
dago gauzen egia, eta nor ote dago egia horretatik gertuago?
Niri duina iruditzen zait jende hauen aukera. Desertua ezagutzen dute eta
ez dira bertan sekula galduko. Gaur, ilundu artean, haize hotzak eta argiak
inguratuko ditu. Ilundutakoan, bere larruzko etxearen babesa eta desertuko
isiltasuna izango dute lagun.
Haizeak indarrez narama aurrera. Urrutian, muino txiki baten babesean
dagoen jaimaren silueta ilunerantz begiratu dut, eta harro sentitu naiz
beduinoen askatasunaz. Nik ere ez nuke desertuko handitasuna hiriko kaiola
baten truke emango.
2005eko otsailak 11, Tadmor (Palmira)
Palmira hiri
greko-erromatar garrantzitsua izan zen Kristo Ondorengo hasierako mendeetan.
Basamortua zeharkatzen zuten karabanek izugarri aberastu zuten, eta, gaur egun,
antzinako tenplu, kale eta eraikin haien hondarrak dira Siriako interesgune
historiko-turistiko nagusia.
Atzo harri
horien artean ibili nintzen. Iraganeko lorien lekuko dira han-hemen oraindik
zutik dirauten arku eta zutabe garaiak; maizago, ordea, denborak lurrarekin
berdindu du, eta lautada lehorrean barreiatu, gizakiak altxatu zuena; arkeologoen
lana ere saiatu da, bestetan, eroritako puskak elkarrekin josten eta lehengo
distira bihurtzen harri maiztuei. Bitxia da pentsatzea behin, desertu hutsaren
erdian, holako oparotasuna eta boterea izan zirela. Ordu pare bat eman nuen
hondakinen artean, batera eta bestera. Gero, harriek asetu egin ninduten,
eta hotelera bueltatu nintzen.
Gaur arabiar gaztelura igo naiz. Paseo polita izan da, bista ederra zen
goitik, ikusmira zabala: Palmira zaharra eta berria, oasia eta bere berdetasuna,
desertuko hareak eta harriak. Egun argitsua atera du, haizerik gabea.
2005eko otsailak 12, Tadmor - 2garren bidegurutzea, 145 km.
Lainotua atera
du eguna. Palmiratik abiatu naiz eta desertuko bakardadean berriro barneratu.
Errepidea ona da, trafikoa urria. Palmiratik 40 kilometrora beste txirrindulari
batekin egin dut topo. Bakarrik dator kontrako norabidean, eta ni bultzaka eta
abiadan naraman haize hotzarekin borrokan ari da bera, aurrera astiro eginez.
Nahiz errepidea hutsik egon, azken momentura arte ez dut ikusi, jada nire
ondoan zegoenean. Gelditu eta, haizeari bizkarra erakutsiz, ezaguera eman diogu
elkarri. Daniela du izena eta Suitzakoa da. Hiru asteko bidaian dabil, Sirian
bakarrik. Palmira bisitatu eta gero Eufrates ibairaino hurbilduko da autobuses eta
ekialdeko bazter urrun hartan ibiliko, harik eta Suitzara bueltatzeko tenorea
iristen zaion arte. Damascos-etik dator eta azken bi gauak hotelik gabeko
herritxoetan pasa ditu, (ez darama kanpindendarik) baina harrera ona egin omen diote,
ez du falta izan aterperik.
Neska txikia eta bizia da Daniela, 35 bat urtekoa. Artilezko txano bat,
begietaraino sartua, eta eskularru lodiak janzten ditu. Emakume bezala bere
esperientzia Sirian nolakoa den galdetu diot. "Bikaina" -erantzun dit
segituan zalantza izpirik gabe, "emakume bat bakarrik eta bizikleta baten
gainean ikusteak sortzen duen hasierako ustekabearen ondoren, erreakzioa ona
da. Gizonek tarteko bat banintz bezala hartzen naute eta aurrera joateko
animoak ematen ere"
Ez dugu luzaroan jardun hizketan. Hotz egiten du. Geldirik, eta pedaleei eragin gabe, nik ere sentitzen dut orain haize zakarraren ziztada. Danielak aurpegi eman dio, ostera, haize horri, eta elkarri ondo segitzeko opa ondoren, abiatu egin gara.
Giroa goibela da oso. Zerua inguruko muino eta mendixka arreen pareraino
jaitsi da, eta badirudi sabai astun eta beltz horrek desertua eta bertan den
guztia zanpatu egin behar duela. Iluna eta hitsa da errepideak zeharkatzen duen
lautada ere. Geldiune bat egin eta platanoak, datilak eta ogia jan ditut horma
batzuen babesean. Termometroak bi gradu markatzen zuen.
Gaua pasa dudan bidegurutzera seietan iritsi naiz, ilundu eta ordu erdi bat
beranduago. Elurra ari zuen, astiro eta indarrik gabe. Kopetako linternaren
argitan elur maluta txikiak -argi-zipriztin herrariak- nabarmendu egiten ziren
iluntasunean eta hura zurrunbiloka bete; ez nuen besterik ikusten, izpi txuri ñimiñoak
jira-biraka, ezin konta ahala, eta gau beltzaren zuloa. Bidegurutzean polizia-postua,
gasolindegia eta jatetxe bat daude. Hemendik Irak-eko muga 175 kilometrora
dago. Jatetxean eskaini didate lo egiteko tokia. Afaldu ere bertan afaldu dut:
berenjena eta patata frijituak, biak ala biak zaharrak, hotzak, ia
momifikatuak. Ötzi-ko gizona ekarri didate gogora.
2005eko otsailak 13, Aurreko tokia - Damascos, 106 km
Egun lainotu samarra
baina ez atzokoa bezain goibela. Apurka-apurka desertu bakartiak zonalde
urbanizatuei egin die leku, eta ,azkenean, Damascos-eko sarbidea den autobide
bizian gertatu naiz.
Al Haramein hotelera etorri naiz. Alde zaharretik gertu dago, jostundegiak
eta bestelako denda txiki ugari dituen karrika lasai batean. Hiri handiaren
nahasmena eta zalaparta ez daude urruti, baina ez dira oraindik jabetu txoko
honetaz. Inguruko kaleek ere itxura atsegina dute, kale estuak dira, giro
tradizionalekoak. Hotela bera antigoaleko eraikin polita da (1200. urtean
eraikia, omen) eta bezero gehienak, antza, ni bezalako kanpotarrak. Behealdean,
harrera-tokiaren ondoan, egongela zabal bat dago, besaulki eta mahaitxoekin
jantzia. Erdian iturri txiki bat.
Bertan eserita
nengoela, ondoko apalategi bateko liburuen multzotik bat hartu dut, uste dut
izenak eman didala atentzioa, Understanding
the roots (Sustraiak ulertzen) nahiz eta gero edukia ez etorri bat nik
espero nuenarekin. Arabieratik inglesera itzulitako liburua zen, eta erlijioa
zuen gaia, zehazkiago islama. Orri-miran hasi naiz eta laster antzeman diot
mezu nagusiari. Sinplea zen: mendebaldeko gizartea (the West, westerners...) dekadentea da eta gaisorik dago.
Mendebaldeko gizona gaixotasun psikikoen (etsipena, antsietatea...) zein
fisikoen (sexu bidezko gaixotasunak) menpe dago. Herrialde musulmanak pobreak
dira baliabide materialetan baina espiritualki hobeak. Islama aurreko erlijio
guztien perfekzioa da eta bere barruan bakarrik aurkituko dute gizonak eta
gizarteak zoriona eta oreka.
Gogora etorri zait Alepoko jatetxean ikusitako dokumentalaren irudi bat.
Estatu Batuetan, manifestazio batean, emakume bat oihuka ari zen, eskuan
pankarta txiki bat zuela. Pankartak honela zioen: God in our side (Jaungoikoa gure alde dago) Brasileko hegoaldean
ere, behin, afrikar jatorriko erlijioak aintzat hartu eta honela bota zuen, destainez
eta harro, kristau fedearen jarraitzaile sutsu batek: “Baina gure Jainkoa
indartsuagoa da!”
"Banaka
batzuk baino ez dira" -esan dit Damascos-en arabiera ikasten dabilen
madrildar batek, liburuarena aipatu diodanean. Ez dakit ba, ez da erlijio
kontua bakarrik nire ustez. Azken batean, sinistea eta nork bere bizitzari
helburu eta arrazoi baten sostengua eta gida ematea arrazoizkoa da, giza-premia
sakon baten oinarrian dago, ziurrenera. Mesianismoa, ordea, beste zerbait da.
Mesianismoak on guztiaren nahitanahiezko sorburu bihurtzen ditu gure arrazoia
eta gure justizia-ideala; gu arras bereizi eta aukeratuen taldeko kide egiten
gaitu. Eta hemen ere badago, agian, beste giza-joera bat, joera txit etsigarri
bat.
"Borreroak
baditu milaka aurpegi" -zioen aspaldiko kanta batek. Nagusikeriak ere
badaki mozorro diferenteak janzten: zeinahi dogmaren atzean ezkutatu liteke
(itxuraz askatzaile direnen atzean
ere bai). Erlijioa aitzaki bat da orduan, nola izan daitezkeen aitzaki beste
hamaika kontu ere (demokrazia, aurrerapena, hazkunde ekonomikoa, etnia, iraultza
edo nazio askapena...)
Ez dago erlatibismorik. Utopia behar-beharrezkoa dugu. Askatasunaren
utopiak bizi egiten gaitu, hobetu eta aurrera eraman, dogmaren etsaia da,
berez. Baina, paradoxaz, erraz, ia oharkabean egiten dugu, batzuetan, batetik
besterako bidaia. Eta hau nahasmenaren, noraezaren eta, okerrenera,
zanpaketaren bidaia da. Gure ingurutik oso urrutira ez dugu joan behar horretaz
jabetzeko.
(Dahab, Egipto 2005eko martxoak 12)
No hay comentarios:
Publicar un comentario