Budapest |
Zlin-era eguerdian iritsi naiz. Bart arratsean sartu nintzen Txekiar Errepublikara eta hauxe da bidean azaldu zaidan lehen hiria. Dirua aldatu beharra daukat eta ikusi dudan lehen bankuaren ondoan gelditu naiz. Kale zabal eta jendetsu batean dagoen eraikin handia da eta, bizikleta hormaren kontra jarri eta giltzatu ondoren, barrura noa eskaileretatik gora. Iladan pixka batean zain egon eta, nire txanda heldu denean, bigarren solairura joan behar dudala argitu dit leihatilaz bestaldeko mutilak, hantxe aldatzen dutela atzerriko dirua. Gora noa presaka, bankuak ez ditut atsegin eta bizikleta luzaroan bistatik galtzea ere ez. Bigarren solairuan jende gutxiago dabil eta ez dut itxaron beharrik. Nire kalkuluen arabera, bi egun beharko ditut Austriako mugara iristeko, eta 25 euro nahikoa eta gehiago izango da horretarako. Dirua eman diot eskura andre bati eta ordaina jaso dut segituan, billete ezezagun batzuk eta agiri bat. Luze gabe kalean naiz berriro, eta orduan diru berria eta agiria aztertzeko beta hartu dut. Euro bakoitzaren truke 30’6 korona jaso ditut eta... kaka zaharra!... bankuak 50 koronako komisioa kendu dit eragiketa egiteagatik!
Erosketa egin beharra daukat eta, kilometro bat lehenago, hiriaren sarreran ikusi dudan LIDL supermerkaturantz abiatu naiz. Bide guztian haserre noa, marmarka neure artean eta bankuengatik gaizki esaka: "50 korona ia bi euro dira...horrek esan nahi du...%ko 7 edo 8ko komisioa ordainarazi didatela... bankuak beti zeken, beti diru-gose, beti irabazle...gaizkile galantak! " " 50 korona ez da hainbeste diru” -esaten diot hurrena neure buruari- “seguru asko komisio estandarra izango da, beti bera, aldatzen den diru kopuruarekin zerikusirik ez duena..." Baina alferrik da, horrek ez nau lasaitzen, amorrua ez da baretzen, bankuei dirua emateak ernegatu egiten nau ezinbestean. Supermerkatura hurbilduz noa eta nik purrustadaka segitzen dut: "50 korona...diru horrekin, akaso, pote bat ezti eros nezake hemen... horixe da, horixe kendu dit bankuak, pote bat ezti... lapur halakoak!" Ikuspuntu horretatik galera are larriagoa iruditzen zait orain.
Iritsi naiz LIDLera. Bizikleta kanpoko kristalen kontra kokatu dut eta, orduan, barrura egin baino lehentxoago, gizon bat hurbildu zait. Bizikleta zamatuari arretaz begira geratu da une batez eta, jarraian, ulertzen ez dudan zerbait esan dit irribarrez. 60 bat urte izango ditu eta atsegina iruditzen zait lehen begi-kolpean. "Sorry, I don,t speak your language", erantzun diot, irribarrez ni ere, agian inglesa ulertuko duelakoan. Ez, ez daki inglesez, baina bere jakinminak hizkuntz oztopoa baino handiagoa dirudi eta ekin egiten dio: "Nongoa zara?" -uste dut oraingoan tankera hartu diodala galderari-. "Basque Country", erantzun dut astiro, bi aldiz. "Basque...?", pentsakor geratu da une batez eta, "Espainia?!", hots egin du gero. Baietz egin dut buruaz. Bere hurrengo galderaren soinu arrotzen artetik "kilometro" hitza nabarmendu zait, eta horri heldu diot. Hatz erakusleaz 90 zenbakia marraztu dut nire ezkerreko esku-ahurrean, eta saiatu naiz adierazten hori dela egunero ibiltzen dudan distantzia. Baina bere aurpegierari erreparatu eta zalantza egiten dut elkarri ondo ulertu ote diogun orain. "Alemanez badakizu?". Nire ezetzaren ondoren keinu bat egin du, "Lastima!", esanez bezala.
Supermerkatura sartu naiz. Nik ere lastima bat dela pentsatzen dut, gizon jatorra zen eta jakinminez zegoen. Baina halakoak gertatzen dira maiz, hizkuntz-oztopoa gainditzea ez da beti erreza eta, oinarrizko maila batetik aurrera, ulerbidea asko zailtzen du hizkuntza komunik ez izateak. 15 bat minutu eman ditut denda barruan eta, kanpora irten naizenean, gizonak hantxe jarraitzen du, andre batekin hizketan dago orain. Gelditu gabe, irribarre batez agurtu dut bere ondotik pasatzean, eta erositakoa bizikleta-poltsetan antolatzen hasi naiz, gauza bakoitza dagokion toki zehatzean kokatuz: espagetiak, eztia (52 korona), ogia, txokolatea, platanoak,... Horretan nagoela, gizona nire ondoraino inguratu da berriro. Ukabila itxi eta hatz lodia goraka jarri du, "Hori da, hori!", edo "Primeran!" adierazteko ohikoa den keinua osatuz. Eta, jarraian, bostekoa eskaini dit. Luzatu egin diot nik neurea eta gure eskuek elkar estutu dutenean, zerbait gertatu da. Zerbait somatzen dut nire esku-ahurrean, zerbait dago orain han lehen ez zegoena, gizonak bertan jarri duen zerbait, inondik ere. Papertxo bat dirudi... eta bat-batean jabetzen naiz, begiratu beharrik ez daukat zer den jakiteko, inongo hizkuntzarik ez dut behar zer gertatzen ari den ulertzeko.
Gizona badoa eta korri egiten dut bere atzetik, harrituta eta hunkituta nago, besotik heldu diot, eskerrak eman nahi dizkiot, eskerrak eman baina dirua bueltatu ere bai, ez dudala behar esan nahi diot, ez dela beharrezkoa billete hori, ez... Nire jardunari amore eman gabe, besoa libratu eta korrika txikian alde egiten du gizonak aparkalekurantz. Hango autoen artean zeharo izkutatu baino lehen burua jiratu du istant batez, eta istant horretaz baliatzen naiz esker oneko azken irribarre batez berari agur esateko, hitzez ezin dudana modu horretan adierazten saiatzeko. Oso bitxia da gertatu berri dena, pentsatzen dut, oso ezohikoa, lehen aldia izan ez arren. Bidaiak iraun duen azken zazpi urteotan beste hirutan gertatu zaizkit antzekoak - Txilen, Argentinan eta Iranen- eta, orain bezala, enkontru laburretan egokitutako ezezagunak izan ziren, orduan ere, niri diruz laguntzen saiatu zirenak.
Jira eta atzera noa bizikleta ondora. Emakume baten begiekin gurutzatu dira nireak unetxo batez, bere begirada eztia da, esango nuke dena ikusi duela. Eta orduan bai, eskua zabaldu dut. Hantxe, bil-bil eginda, arretaz tolestua, billete bat azaldu da, eta ni izkina batean ageri duen zenbakiari begira-begira geratu naiz, uste dut bihotza larritu ere egin zaidala pixka bat, baina nire larridura goxoa da, kezka arrastorik gabea, ustekabearekin eta harridurarekin zerikusi gehiago duena. Kointzidentzia batzuk, izan ere, oso bitxiak baitira, halabeharrak oso modu berezian kateatu batitu goiz honetako gertakizunak. Gogora datorkit bankutik irtendakoan piztutako haserrea, eta nola, gero, zapuztuta eta marmar batean egin dudan honainoko bidea. 50 koronagatik. Horixe da, hain zuzen ere, begien aurrean daukadana, gaur, niri laguntzearren, ezezagun batek ustekabean eskuratutakoa: 50 koronako billete bat.
No hay comentarios:
Publicar un comentario