domingo, 24 de agosto de 2008

Lehen Bidaia/Primer Viaje - Bhaktapur (Nepal)


"Bhaktapur Nepaleko hiririk ederrena da", entzun nion, orain dela gutxi, bertatik etorri berria zen bati. Nik ez nuen, artean, Bhaktapur ezagutzen baina orain, "Jainkozaleen Hirian" hainbat egun pasa eta gero Katmandun bueltan nagoela, uste dut ondo merezia dela hasierako laudorio hori. Erdi Aroko kutsua gordetzen duen hiri honetan lehenak eta orainak -historiak eta arkitekturak eta eguneroko bizitzak- bat egiten dute naturaltasunez, eta elkartze horretatik sortzen den paisaia bikaina da.
Bhaktapur Katmanduko bailaran dago, Nepaleko hiriburutik 15 kmra bakarrik. Garai batean erresuma independentea izan zen eta, 14-16 mendeen bitartean, bailara guztiko hiriburua ere bai.Gaur egun ikus daitekeen arkitektura zaharra XVII. mendekoa da.

Bhaktapurrera heldu eta ,daitekeena da, bisitariaren lehen helmuga Durbar Square eta Taumadhi Tole enparantzak izatea. Bi plaza hauek eta ekialderago dagoen beste bat, Tachupal Tole, hiriaren bihotza dira eta bertan daude pagoda estiloko tenplu dotoreenak. Durbar Square-ra sartu baino lehen, hiri zaharrean (autorik eta motorik ia ez dabil esparru honetan) ibiltzeko ezinbestekoa den sarrera ordaindu behar da, 7500 rupia, 10 bat euro. Aurreraxeagoko horman dagoen plaka batean toki honetako monumentuak "Gizon-Emakume Guztien Ondarea" direla irakur daiteke. Plazaren albo batean errege-jauregia dago eta, inguru guztian, jainko eta jainkosa hinduei eskainitako tenpluak. Jendea hara eta hona dabil paseoan, lasai eta presarik gabe hemen ohitura den legez. Turista gutxi dago egun hauetan -"maoistekiko arazoagatik, badakizu", esan dit jatetxe bateko jabeak- eta bakan horien zelatan egongo dira mutil gazteak, bere burua gidari eskaintzeko edo ostatu edo dendaren batera eramaten saiatzeko.

Durbar Square-tik beherantz jarraitu kale estu batetik eta, pare bat minututara, Taumadhi Tole plaza agertuko da. Hemengo tenpluen artetik aipagarriena Nyatapola izenekoa da. Bost teilatu ditu eta Katmandu bailarako altuena omen da. Tenpluetako teilatuei eusten dieten zurezko habeak eta inguruak oso landuak izaten dira jeneralean, eta arte erotikoak badu horietan toki bat. Durbar Squaren dagoen Pashupatinath tenpluko teilapean (Shiva ostatuaren parean), adibidez, eskultua erotikoak daude inguru guztian. Estilo honetako irudirik bitxiena, ordea, plaza honetatik kanpo dago, mendebaldeko sarreratik 100 bat metrotara dagoen bi teilatuko tenplu txiki batean. Maitasunarentzat ezinezkorik ez dagoela garbi ikus dezakegu hemen, grabatu txiki batean bi elefante ageri baitira larrutan...abadearen posizioan.

Bhaktapurrek ez du tenplu eta aldarerik faltan. Dozenaka daude, handiak edo txikiak, hiri guztian zehar barreiatuta, mugarri sakratuak balira bezala. Baina Bhaktapur ez da tenplu multzo bat soilik, ez arte bilduma bat. Toki honen xarma, beste inon baino gehiago akaso, hiriaren eta bere biztanleen artean somatzen den harmonian datza.
Bhaktapurtarren egiazko bizitokia, etxe barrua baino gehiago, kalea da. Hemen astiro eta patxadaz gertatzen da bizitza. Erdi Aroko eszenario honetan, adreilu gorriko etxe zaharren artean, emakumeek arropak garbitzen dituzte iturrietan; beste batzuek, lurrean eserita, solasean dihardute; atso batek gari aleak bahean astintzen ditu eta, hormaren kontra, koskan eserita dauden gizonek ni ere bertakoa banintz bezala begiratzen didate pasatzean. Oiloak eta txitak dabiltza bazterretatik eta haur taldeak jolasean non-nahi. Durbar Squaretik hegoaldera, Ontzigileen Enparantzan, buztinezko ontziak eguzkitan lehortzen dira, lurrean zabalduta. Arkupeetan, jiraka dabiltzan gurpilen inguruan, esku lokaztuek arretaz modelatzen dute ore iluna.

Techupal Tole plaza eta bere inguruak hiriaren alderik zaharrena dira. Hemengo etxeetako leiho eta saretetan zurezko lan ikaragarri fin eta ederrak ikus ditzakegu. Arratsean, eguzkia Bhimsen tenpluaren atzetik izkutatzen hasten denean, kale saltzaileak heltzen dira plazara bere saskiekin: mandarinak, sagarrak, granadak, barazkiak eta arropak dituzte eskaingai.
Plaza honen inguruko karrika estu eta ilunetan daude -hala iruditu zitzaidan niri- Bhaktapurrek dituen txoko liluragarrienak. Hemen gordetzen ditu hiriak bere sekretuak. Hemen bizi dira bere alkimistak. Eta sekretu horien ateak zirrikitu bat irekitzen badio, bidaiariak menderik mende goruetan diharduten atsoak ikusi ahal izango ditu patioetan; eta sentitu ahalko du hauspoari eragin eta burdina goriari mailuka ari den errementariaren begirada uzkurra, ataurretik; eta kupel umelen usaina adituko du Bhaktapur eternal honetako pasabide ospeletan.

Lo egin: denboraz oso estu ez bazabiltza merezi du Bhaktapurren egun batzuk pasatzea. Durbar Square eta Taumadhi Tole enparantzetan ostatu eta hotel ugari daude. "Golden Gate" aukera ona da (2-10 euro bitartean banako eta binako gelak.Logela batzuek balkoiak dituzte). "Pagoda Guest House" (2,5-13 euro bitartean) gertu dago. Tachupal Tole plazan "Unique Guest House" duzu (10-15 euro).

Jan: jatetxe ugari dituzu Durbar Squaren eta Taumadhi Tolen. Eszena turistikotik pixka bat urrundu nahi baduzu irten Durbar Squaretik, elefante erotikoak eta bere amodio ausartak pasatu eta, apur bat haruntzago, "Tibetian Momo Corner" dioen txartel bat ikusiko duzu. Barruko patio batean dagoen lokal txiki eta garbi honetan bezeroak bertakoak dira, baina atzerritarrak ongi etorriak izaten dira eta menua inglesez ere baduzu. Janaria ona da eta merkea. (2003ko urtarrila)

No hay comentarios: