viernes, 7 de enero de 2011

Trujillo (Peru). 2011ko urtarrila

Trujillo-ko Txirrindularien Etxea



Cuzco - Trujillo: 2600 km., 50 egun. Nondik nora: Cuzco - Abancay - Andahuaylas - Ayacucho - Huancavelica (Abra Apacheta eta Abra Chontan barrena) - Huancayo - Tarma - La Merced - Villa Rica - Puerto Bermudez - Von Humboldt - Tingo Maria - Huànuco - La Uniòn - Antamina meategia - San Marcos (Chavin de Huantar) - San Luis - Chacas - Carhuaz - Caraz - Tanguche - Trujillo



Miro por las calles esos
nombrecitos raros, y los saboreo
un poquito...
¿què culpas estarè pagando
para caminar tanto y tanto?

Jakin nahi baduzu hor goian idatzi dudan izen-soka luze horren atzean zer dagoen -geografikoki zer dagoen- mendiak imajinatu behar dituzu lehendabizi, mendiak eta maldak, altuera eta forma ugarikoak, alde guztietatik; saia zaitez haien arteko tolesdura, zoko eta sakonuneak irudikatzen ere: ibarrak, sakanak, haizpitarteak, errekak eta ibaiak, belardiak, zuhaiztiak (eukaliptoenak askotan)... Kolorea jarri nahi badiozu orografia malkartsu horri erabili batez ere berdearen tonu diferenteak eta baita, tarteka, marroiarenak ere. Zerurako, berriz, grisei eta kolore ilunei eman lehentasuna, urdina guztiz baztertu gabe. Irudia osatze aldera jarri dezagun orain bertan gizakiak egindakoa: etxetxoak non-nahi hasteko, gehien-gehienak pezozkoak eta txikiak; herritxoak eta hiriak ere han-hemenka, zapalak, alturako eraikuntzarik ia gabe, trinkoak; aldapan gora eta behera etengabe egiten duten bide luze politak (asfaltogabeak eta estu samarrak sarri), soroak eta lur-sail landuak (patata, garia, artoa, garagarra, babak...), harrobiak eta meategiak... Gizon-emakumeak datoz hurrena. Nekazariak dira asko eta asko, maiz aitzurra eta goldea edukiko dituzte ondoan -aldi bakanetan traktorra- eta ia-ia beti abereak (oiloak txerriak, behiak, ardiak, ahuntzak, idiak, zaldiak, llama eta alpaka taldeak...). Gizaki horiek hitz egiten dituzten hizkuntzak aintzat hartu ezkero, azkenik, bi adituko ditugu: ketxua eta gaztelera.


Ahaztuak izango ditut xehetasun asko eta asko, baina Peruko mendialdeko marrazki hala-holako bat (orokor-orokor bat) egiteko, emandako zertzeladak aski direla uste dut. Badira, hala ere, salbuespenak goiko izen-zerrendan, aurreko deskripzioarekin antzik ez duten bi toki. Lehena ondorengo izen hauen inguruan kokatu behar da: La Merced, Villa Rica, Puerto Bermudez, Von Humboldt eta baita Tingo Maria ere. Zergatik? Izen horiek beste nonbaitekoak direlako, beste jende, beste ohitura eta beste paisaia batzuk daudelako haien atzean: Peru erdialdeko oihan eta behe-lurretakoak, hain zuzen. Bigarren salbuespena zerrendari bukaera ematen dioten bi izenak dira: Tanguche eta Trujillo. Bi horiek ere beste nonbait kokatu behar dituzu: iparraldeko kostan, hango basamortu eta hondarretan.
Mendialdea, oihana eta kostaldeko basamortuak: horra hor Peruko hiru eremu geografiko nagusiak.


Badago, hala ere, beste toki bat lehenago aipatu ez dudana, aurrekoak ez bezalakoa, eder-ederra (ederrena nire irudiko). Mendialdean dago baina urruti, gora, apartean: Cordillera Blancako menditzar txuriak dira, hango esmeralda koloreko aintzirak, maldetan izoztutako glaziarrak, lainoak, elurra, bakardadea... Han ere izan naiz, goi-gailurretako lepoak zeharkatu ditut Trujillora iritsi baino lehentxoago. Nere Gabon-oparia izan dira bideok eta haiei esker adiskidetu naiz, nolabait, herri honekin, Perurekin.
...............................................................
GRINGO BATEN GOGOETAK ETA PURRUSTADAK

Mendiak maite ditut eta Perura sartu ezkero mendia ia besterik ez dut ezagutu. Aitzakiarik ez, beraz, alde horretatik. Eta hala ere, behin baino gehiagotan deseroso eta arrotz sentitu izan naiz, ez aurreko herrietan (Bolivia, Argentina...) bezain pozik. Abenduaren 5ean, La Union izeneko herrian nengoela, hauxe idatzi nuen nire egunkarian: "Ohiko mendiak, ohiko herriak, ohiko oihu baldarrak, ohiko giroa... Aurreratzea, hori da nire helburua, gogaituta nago, ez dut bidea gozatzen..."

Batetik ez naiz ohitu -noizbait bestela esan eta sinistu banuen ere- nire deitura eta izaera berrira: gringo bat naiz hemen eta hor daude, nire arroztasuna behin eta berriro gogorarazteko, egunero bazterretatik iristen zaizkidan hamaika oihuak. Hori du bizikletak eta bere abiada motelak: onerako eta txarrerako kanpoan zaude beti, denen agerian, gertu eta eskura. "Hainbesterako ote da "gringo" kontu hori?", pentsa lezake batek baino gehiagok. Bai eta ez. Etxeko eskaratzetik "¡Buenos dias, gringo!!" irribarre batez eta adeitsu esaten didanari "¡Buenos dias!" erantzuten diot nik, eta irribarrea gogoz bihurtu. Gringo horrek ez dakar nekerik, ez dauka garrantzirik. Kontua da askotan, zoritxarrez, ez dagoela ez egunonik, ez diosalik, ez lagun hurkoari hitza zuzentzerakoan gizabideak eskatzen duen bestelako kortesiarik. Bakarrik "gringo!!" soil eta lehorra, harrikada baten gisara. Beste nonbait ere esan nuen eta ez daukat horretaz dudarik: gehien-gehienetan ez dago asmo gaiztorik jokaera horretan, ohitura baldarra baino ez. Baina gogaitu egiten nau baldarkeria horrek, ez zait bat ere gustatzen.


(Honen harira eta gaia pixka bat aldatuz. Zabarkeria hori bera ikusten dut nik gidarien jokabidean. Mendi-errepide estuan bihurgunea "moztu" eta zuganantz zuzen-zuzen abiatzen den auto-gidariak ez dizu gorrotorik, ez zaitu hil nahi, nahiz eta itxura guztiek kontrakoa pentsarazi. Zeuk ibili behar duzu bizkor eta garaiz baztertu, zeure egitekoa da hori. Ez dago inongo legetan idatzita baina hala da eta denek dakite. Ahulenak - dela bizikleta, dela oinezkoa, dela beste edozer- ez dauka eskubiderik hemengo errepideetan, ikustezina da, eta kargu hartuko bazenio gidari axolagabeari eta bere trakeskeria aurpegiratu, harrituta begiratuko lizuke, ez luke agian jakingo zertaz ari zaren.)

"Dame plata, gringo", "dame propina"... bi urte dira Hegoamerikan nabilela eta hemen entzun ditut lehenengo aldiz halako eskaerak, halako deiak. Ez da oso jende pobrea horrela aritzen dena, ez dira berez eskaleak, nahiz eta une batez zu ikustean -gringo bat ikustean, alegia-, bai, eskale bihurtu. Batean lagunekin joasean ari den ume bat izango da, bestean beren auto ondoan eserita dauden familiakideen artetik etorriko da oihua, hurrena mozkor batek eskatuko dizu dirua, balantzaka zugana hurbildu eta bizikleta aurrean jarrita. Halakoetan gringo hitzaren zentzua zehaztu egiten dela iruditzen zait eta pentsatzen dut atzerritarrekiko estereotipoek, tokian tokiko uste eta aurreiritzien arabera eraikiak, nazio guztietan funtzionatzen dutela, denok dauzkagula geureak, denok izan gaitezkeela haien biktima zein borrero.

- ¿De què pais vienes, gringo?
- De Gringolandia, todos nosotros somos de allì
- ¿Ah, si? ¿y còmo es ese pais?
- ¿Por què me preguntas? Tù lo sabes mucho mejor que yo...


Abancay herrian, hotel batean ostatu hartu eta izena erregistro-liburuan idazterakoan:
- No, en ese libro no, ese libro ez para los peruanos. Aqui, èste es el libro de los... de los... americanos.
- Pero yo no soy americano...
- No importa... usted me entiende.

Andahuaylas inguruan. Bi neskato, sei edo zazpi urte ingurukoak, jolasean ari dira, makurtuta, errepide ondoan. Haien ondotik pasatzean burua altxatu eta esan du batek: "¡Hola amigo!", eta besteak segidan: "¡Hola compañero!". Harri eta zur utzi naute, sinisteak lanak ematen dizkit. Halako agur polit eta xaloak "gringo" ahalguztidunaren erresuman...!


Ayacucho baino lehen. Herritxo batera sartu eta haur talde bat oihuka hasi da nire inguruan: "gringo!", "gringo!"... Edadeko emakume bat hurbildu eta errieta egin die: "¿Es que no tienen educaciòn?"


Ez naiz Perura oso gogo beroz etorri, egia esan. Sartu baino lehenago ere banuen halako errezelo bat, banekien giroa diferentea izango zela hemen, nahasiagoa, zailagoa agian. Eta nire usteak bete dira. Usteak, aurreiritziak.... zenbateraino ote nago ni ere haien mende?
.............................................................
BOLIVIA GOGOAN


Ezinbestean konparatu egiten dut. Boliviatik nator eta gainera orain arte ibilitako herrietatik Bolivia da Perurekin antzik handiena duena. Baina Bolivia oso diferentea da. Oro har, zaharragoa, isilagoa eta lasaiagoa dela esango nuke eta jendea ere halatsu (liskar eta protesta politikoak, ordea, gogorrak izaten dira). Bai, boliviarrak isilagoak dira eta badute beste begiramen bat, beste modu zuhurrago bat arrotz batekin tratabidean hasteko. Baina ez dira horregatik hotzak edo urrunak (isiltasuna oihurik baldarrena baino etsai handiagoa izan daiteke), aitzitik nik oso gertu sentitu izan ditut, zerbait behar izan dudanetan gogo onez eta adeitsu hartu izan naute, gustora ibili naiz haien artean.


Horregatik harriduraz bete ninduen behin nire postontzira iritsi zen mezu batek. Bidai-kronikatxo bat zen, gazteleraz idatzia, eta nik ezagutzen ez nuen bikote batek -furgoneta batean Amerikan edo munduan barrena dabilen bikote batek- bidaltzen zuen; Boliviari buruz idatzitakoak utzi ninduen harri eta zur, zeren esan edota iradokitzen baitzuten (ez ditut oroitzen hitz zehatzak) txurienganago halako gorroto edo ezinikusi bat dabilela Bolivian azkenaldian eta indigenek gaizki hartzen gaituztela (bertako zein kanpoko izan). (1)


Nork bere esperientziak ditu, jakina, eta normalean esperientzia diferente eta pertsonal horietan oinarrituta moldatzen dugu, batetik bestera gabiltzanok, herri bati buruzko geure ikuspegia. Baina lehengo komentarioaren atzean beste zerbait zegoela iruditu zitzaidan, ez bakarrik ikusitakoa eta sentitutakoa baizik eta buruak ikusteko eta sentitzeko aurrez agindutakoa. Laburrago esanda, han aurreiritzi ideologiko bat zegoela pentsatu nuen. Izan ere, antzeko arrazoiak (txuriekiko gorrotoa Evo Morales lehendakari indigenak agintea eskuratu zuenetik) entzunda nengoen lehenago ere, beti Evo Moralesen aurkarien ahotik eta kritika politikoaren testuinguruan. Gainera, nola esplikatu nire esperientzia -eta Boliviara doazen gehienena, esango nuke- hain desberdina izatea?


Hirutan izan naiz Bolivian eta ezagutzen ditut hango bideak beste inongoak baino hobeto (nire herrikoak baino hobeto), departamentu guztiak zapaldu ditut. Orain dela 12 urte ibili nintzen aurreneko aldiz han, eta orduan baino txeratsuagoak eta hurbilagoak sentitu ditut boliviarrak oraingo honetan, ez alderantziz. Eta iruditzen zait egoera politiko berriak eragin bat izatekotan horixe dela logikoena, eta ez batzuek aipatzen duten gorrotoa. Nago boliviar asko lehen baino lasaiago eta bere buruarekin seguruago sentitzen direla orain. Baikorrago ere bai. Ezinegona eta etsaitasuna bazterketak pizten ditu eta ez berdintasunaren bideak.


(1) Aurkitu dut furgonetako bikote hark idatzitakoa, nire harridura piztu zuten lerroak. Ahaztuta nengoen Venezuelaz ari zirela eta Bolivia zeharka baino ez zutela ekartzen harira. Berdin dio, orduan bezala ez diot tankerarik hartzen komentarioari, guztiz irreala eta gezurrezkoa iruditzen zait. Uste dut garbi antzematen zaiola nondik dagoen idatzita, ze fobia-klase dauzkan oinarrian: "Sin duda, Venezuela es uno de los países del mundo en donde mejor nos han recibido, pero también es cierto que la cantidad de insultos gratuitos por ser extranjeros y blancos (da igual si vienes de Argentina, España, Estados Unidos o Rusia), se acerca al promedio boliviano." http://viajeros4x4x4.wordpress.com/2009/08/21/86-chavestan-un-nuevo-pais-en-sudamerica/
.............................................................

20010eko abuztuaren 26a da eta La Paz-eko lagun bat eta biok Soratara goaz bizikletaz. Gaua Achacachi herrian pasa dugu eta gaur goiz altxatu eta La Cumbre izeneko mendatea igotzeari ekin diogu. Goiza ederra da, zerua guztiz dago oskarbi eta Illampu menditzarraren gailur elurtuek (6485 m.) diz-diz egiten dute urdinaren azpian. Errepidea asfaltatua da eta La Cumbre gainditu eta gero bailararen hondorantz amiltzen da, aldapa behera larrian. Sorata 32 kmra dago.

Aldapan behera azkar goaz, bihurgunez bihurgune, kilometroak irentsiz. Toki batzuetan, hala ere, asfaltoa oso hondatuta dago, eta abiada moteldu eta kontuz ibili beharra dago. Halaxe noa orain, poliki-poliki, zulo eta kosketan erdi trabatuta. La Pazeko laguna aurrean dabil, urruti, ez dut honezkero ikusten.

Gizon bat dator oinez aldapan gora, errepidearen eskuineko aldetik. Nire ondora iritsi denean hizketan hasi zait. Ez diot ulertu esandakoa eta bizikleta gelditu dut. Gizonak hizketari ekin dio berriro baina laster konturatu naiz jai daukadala, hura ez baita gaztelera edo nik ulertu dezakedan beste edozein hizkera. Aimara behar du, pentsatu dut. Gazteleraz hasi natzaio, lasai eta irribarrez, barkatzeko baina ez dudala bere hizkuntza ulertzen, ez naizela bertakoa... Gizonak, ordea, bereari eutsi eta aimaraz segitzen du, lasai eta irribarrez bera ere, niri begira. Nire adinekoa da edo ni baino gaztexeagoa eta dibertitua ematen du. Susmoa hartzen hasia naiz hura dena jolasa baino ez dela, jolasa edo antzeko zerbait. Hala izan ere. Handik segundu batzuetara erderara (gaztelerara) pasatu da: ea nongoa naizen, ea nora noan, ez ez ote dakidan ezer esaten aimaraz... Akatsik ez du bere gaztelerak. Aimaraz dakidan esaldi paretxoa ahoskatzen saitu naiz, oso arrakasta eskaxarekin...


Elkarri agur esan eta aurrera noa, gertatutakoaz pentsatzen. Gizonaren jarrerak (adeitsua beti) mezu bat bidaltzea zuen helburu (hasiera-hasieratik konturatuta baitzegoen bera nik ez nekiela aimaraz, edo, behintzat, oso zaila zela aukera hori). Eta mezua honako hau zen: hemen gaztelera ez den hizkuntza bat daukagu, aimaraz egiten dugu hemen. Hori eman nahi zidan aditzera, hori zen bere jolasaren helburua. Baina aimara hizkuntza "ikusgarri" egin nahi horrek beste zerbait ere adierazten zuen: balioetsi egiten zuela. Baliorik eman izan ez balio ez zuen horrela jokatuko, garbi dago.


Nire bizikletakidearekin bat egin dudanean gertatutakoa kontatu diot. Ez da harritu, antza gizonak berdin jokatu du berarekin ere. Eta, orduan, oso gaiztoa iruditu zaidan komentario bat egin du: "Ondo iruditzen zait bere hizkuntzari eta usadioei eustea... baina ikasten jarraitu dezatela". Nire laguna boliviar petoa da, La Pazekoa, ez da indigena ez mestizoa, larruazala nik bezain txuria dauka, antropologo bezala lan egin izan du (edo lan egiten du) aldian behin eta ez da gisa horretako komentario bat entzuten diodan lehen aldia. Egun gutxi batzuk dira elkarrekin gabiltzala eta bere herrikide indigenak aipatu dituen bakoitzean haiek gutxiesteko izan da, zeharka eta disimuluz beti. Isilik entzun diot orain arte baina gaurkoa gehiegitxo da nire ustez: "Ikasi? Zeinek du hemen ikasi beharra? -mikaztu natzaio- Gizon horrek bere hizkuntza ezezik gurea ere ondo zekien. Baina zer dakigu guk eta, batez ere, zer dakizu zuk aimaraz?" (lau esalditxo zekizkien, antropologia estudiatu zuen garaian -ni baino zaharragoa da- ikasitakoak).


Ondo ezagutzen ditut Bolivako bideak, baina ez hain ondo bide horien atzean dagoena. Zertzelada batzuk kenduta ez dakit zein den jende honen historia, ez dakit zeintzuk diren eta izan diren elkarbizitzaren koskak eta gorabeherak. Interesatzen zait, eta begi onez ikusten dut, Evo Moralesekin zabaldu den ziklo politiko berria baina azaletik baino ez dut ezagutzen gertatzen ari dena... (1) Hala ere, baditut susmo batzuk eta susmo horiek esaten didate boliviar batzuk - txuriak eta maila ekonomiko altukoak, asko- beldur direla. Ez bere irabazpideak eta bizimodua arriskuan daudelako, ez "komunismoa" datorrelako haien nagusitasun ekonomikoa ahultzera edo ezabatzera. Aginte politikoa galdu eta Evo Moralesen etorrerarekin sektore horiek kolokan sentitu dutena, beharbada, beste zerbait izan da: nagusitasun kultural eta sinbolikoa, hots, Boliviako ikuspegi bat, erro oso sakon eta antzinakoak dituena, zeinetan indigena izatea (halako hizkuntza, kultura eta sinismenen jabe izatea) atzeratu, baliogabe -eta, beraz, menpeko- izatearekin uztartu izan den; berak, ordea, modernitatearen, kulturaren eta beste birtute askoren gordailu eta zaindari egiten zituen ikuspegi horrek eta ematen zien, halaber, nazioa gidatzeko eskubide logikoa, ia naturala. Pentsamolde xenobofo horri, eta berak eskaintzen zuen seguridade psikologikoari, desafio egin diete, seguruenik, azken urteotako aldaketek eta indigenen "ikusgarritasun" berriak (detaile bat, La Pazen ugari dira Boliviako banderarekin batera, edo hura gabe, bazterretan ikusten diren "wiphalak") (2).


Aimaraz hitz egin zigun gizonaren jarrerak, ziurrenera, badu zerikusia giro politiko berriarekin. Eta La Pazeko nire lagunaren erreakzioa ere goian esandakoaren argitan ulertzen dut nik. Gainera bera ez da aberatsa, ez dauka abantaila hori eta goian egon nahi badu gehiago azpimarratu behar ditu bere ustezko nagusitasunaren beste alderdiak. "Ondo iruditzen zait bere hizkuntza eta usadioei eustea... baina ikasten jarraitu dezatela", edo beste modu batera esanda: "Bai, bere hizkuntza, usadio eta abarrak izango dituzte baina gu baino gutxiago dira oraindik, asko falta zaie gure mailara iristeko".


(1). "La elección de Evo Morales como nuevo presidente de la República, más que ser un hecho sorprendente, puede interpretarse como el resultado de un proceso que va más allá del último lustro como muchos interpretan... se ha producido el "retorno del indio"; y no sólo eso... "parece que los indios han entrado dentro del juego y cálculo político". O sea, las identidades no han desaparecido sino que siempre estuvieron (aunque relegadas) y ahora se han politizado.
Lo que tampoco ha dejado de sorprender a muchos es que los protagonistas de esta irrupción en el terreno político y formal hayan sido los propios indígenas. Hasta hace pocos años simplemente eran considerados, desde una perspectiva muy folklórica y paternalista, como una parte simbólica de Bolivia: como los guardianes de la tradición, como sujetos anclados en el pasado y cómo una simple rémora ante los procesos de modernidad que progresivamente han ido alterando el escenario nacional".
http://www.revistafuturos.info/futuros14/emerg_bolivia.htm


(2) La wiphala (aimara: wiphala, "emblema") es una bandera cuadrangular de siete colores usada por las etnias de los Andes... fue reconocida como sìmbolo del Estado Boliviano por la constituciòn de 2008 en el artìculo 6 (II): "Los sìmbolos del estado son la bandera tricolor, rojo, amarillo y verde; el escudo de armas; la wiphala; la escarapela; la flor de la kantuta y la flor del patujù". (Wikipedia)
...............................................................

TXIRRINDULARIEN ETXEAK


Boliviarren aldean peruarrak saltseroagoak dira, ez dago dudarik. Baina saltsero izate horrek baditu bere alde onak ere: "gringo"ka hasten ez direnean inor baino jende beroagoa izan daiteke hemengoa. Orain nagoen tokia, Trujilloko txirrindulari-etxe famatua, horren froga garbia da.

Lucho eta Araceli dira etxe horren jabeak eta haien izenak aspalditik dira ezagunak kontinente honetako bizikleta-bidaiarien artean. Zer dira Ameriketako txirrindularien etxeak? Txirrindularientzat, trukean ezer eskatu gabe, ateak irekita dituzten etxe pribatuak. Haietan aurkitzen dugu lo egiteko eta atseden hartzeko toki seguru bat eta normalean familia baten -eta beste txirrindulari batzuen- lagunartea eta abegia.


Lucho bera txirrindularia izandakoa da (leihaketetan parte hartutakoa) eta aspaldi, oso aspaldi hasi zen txoko bat eskaintzen hemendik pasatzen ziren bizikletazaleei. Denen erregistroa darama. Liburu zaharrak miatzen hasi eta etxe honetara etorritako lehen txirrindularia topatu dut, liburuetan agertzen den lehena, behintzat: 67 urteko peruar bat, 1985eko urrian; bigarrenak Estatu Batuetako bikote bat izan ziren, urte bereko abenduan. Ni pasa den abenduaren 18an iritsi naiz eta erregistro-liburuko 1444garren postua egokitu zait, familia honen 1444garren gonbidatua naiz, beraz. Ez da marka makala, ez!!


Lucho eta Araceli familia umila dira, langile jendea. Orain hamar edo hamaika urte norbaitek ideia polita izan zuen: etxe honetatik urtez urte pasatutakoen artean dirutxo bat jarri eta Luchoren ametsetako bat errealitate bihurtzea, Frantziara eta tourrera joateko aukera eskaintzea, alegia. Ekimenak aurrera egin zuen eta guztiz arrakastatsua izan zen. 2000garren urtean, eta bisa lortzeko oztopo ugariak gainditu eta gero, Lucho Europara joan eta bi hilabete egin zituen han. Tourra gertu-gertutik jarraitzeko modua izan zuen gainera. Izan ere, norbaitek tourreko zuzendaritzaren babesa lortu zuen berarentzat eta lasterketak iraun zuen denbora guztian lehen lerroan eta "handi" guztien ondoan egoteko parada eman zion horrek. Lehengoan esaten zidan: "Han nituen, aldamenean, ordura arte argazkietan bakarrik ikusitako kirolari handi haiek, denen izenak nekizkien... sinisteak ere lanak ematen zizkidan, aldian-aldian neure buruari gogorarazi behar izaten nion egia zela, egiatan nengoela han."


Txango hartatik ekarritako argazki-liburuan orripasan ibili naiz gaur. Halako batean, ezaguna egin zaidan mutil handi bat ikusi dut Luchorekin argazki batean, biak kamerara begira. Oso fisonomista kaskarra naiz (eta une lotsagarri bat baino gehiago pasarazi dit horrek) eta, badaezpada, tentuz ibili eta galdetu nahiago izan dut: "Aizu Lucho, nor da hemen zurekin dagoena?". Begirada arraroa zuzendu dit, esanez bezala: "Benetan ez duzu ezagutzen ala txantxetan ari zara?" Gero erantzuna etorri da: "Miguel Indurain, zure herrikoa da, ba..."


Lucho Ramirez eta Miguel Indurain. Horra hor, elkarren ondoan, bi txirrindulari gogoangarri eta bi gizon prestu. Argazki polita.
.............................................................

"Etxe honetara datorrena bere etxean dago". Nerabe bat nintzela irakurri nuen esaldi hori auzoko lagun min baten etxeko -gurasoen etxeko- sukaldean eta garai urrun haietatik daukat gogoan gordeta (halaxe, euskeraz, halaxe ageri zen-eta lagunaren sukalde erdaldun hartan).

Asko eskatzen -eta eskaintzen- du esaldi horrek. Iruditzen zait ez dela erreza, nahita ere, hitz horietan dagoen mezuarekin, ongi etorri erabateko horrekin, konplitzea. Gertukoekin kostatzen da batzuetan, zer esanik ez ezezagunekin.


Luchok eta Aracelik ez daukate halako esaldirik etxeko inongo paretatan grabatuta baina nonbait behar dute, bihotzean-edo, bestela ez da aise ulertzen hemengoa. Harrigarriena ez baita milaka ezezaguni bere etxeko ateak zabaldu izana, harrigarriena ez da 25 urte eramatea hori egiten. Harrigarriena, nire ustez, honako hau da: mila eta enegarrena ez baizik eta lehena balitz bezala tratatzen dutela etxera iristen den bakoitza. Naturaltasun osoz, gauzak egiteko beste modurik ez balego bezala.
.....................................................................................................................

Bi aldiz izan naiz ni etxe honetan, lehena 1998garren urtean. Urte hartako eguberriak eta 1999ko hasiera ere hemen pasatu nituen, orain bezala. Liburu zaharrak astindu eta hantxe agertu dira orduko argazkiak, nireak eta beste ezagun askorenak, eta haien ondoan idatzitako iruzkinak, halakok egindako marrazkitxoak...


Liburuotako sekretuak: aurpegiak, izenak, datak, bideak, asmoak, abiapuntuak eta helmugak, era guztietako bizikletak (direnik eta harrigarrienak ere), ametsak, uneak, eskerroneko eta animoko hitzak hizkuntza askotan idatziak... urtez urte, liburuz liburu, orriz orri. Ehunka joan-etorriren, ehunka bizitzaren pusketatxo izoztuak. Halako batean ustekabe handia: bizikleta gainean hiru mutil gazte, 1988. urtean. Non? Houston-en again, ez nago ziur. Neu naiz haietako bat. Beste biak Gasteizko bi lagun dira, garai hartan bizikletakide nituenak: Ramon Ruiz de Larrinaga eta Fernando Presa, "Nandus".
"Houston-Buenos Aires, 20.000 km. bizikletaz", horrela deitu genion aspaldiko asmo hari. Perura iritsi baino lehen abandonatu nuen nik bidaia hura baina haiek ez, haiek honaino etorri eta argazki hura - orain ustekabean eta bertigo-sentsazio batekin iraganera eraman nauena- utzi zuten bisita-liburuan.


Gure lehen bidaia handia izan zen hura, urtebetekoa, abentura itzela! Nostalgia pixka bat sentitu dut garai haiek oroitzean eta lagun haiek -eta neure burua- orduko itxuran (ile-mataza eder hura!) berriro ikustean. Gutxi iraun du, baina, nostalgiak. Bere zimikoa laburra da, ez narama bueltan. Garai txarrak ez ziren izan, inondik ere, baina hain daude urruti... gainera nahiago dut oraina. Ez du horrek esan nahi ahaztuta ditudanik ordukoak, aitzitik ondo gordeta daramatzat gogoan bai bidaia eta bai garai hartako guztiak. Orduko bizipen eta lagunei esker naiz orain naizena, haiek ere ekarri naute hona eta nirekin dabiltza. Galera sentipenik ez dago alde horretatik.


Iraganera begiratu eta hura arbuiatu gabe "nahiago dut oraina" ateratzen zait, zalantzarik gabe. Eta uste dut, gainera, beti izan dela horrela. Geroa? Ez diot tankerarik hartzen, lanbroa da, baina hala-holako optimismo neurtu -zalantzati- batez noa lanbro horretarantz.


Iragana beste kontsolamendurik utziko ez didan eguna iritsiko ote zait noizbait? Ez dakit... baina une horren beldur naiz.
..............................................................................................................

NAFAR BAT PERU-KO OIHANEAN

80ko hamarkadako hasierako urteak ziren. Ondo gogoan daukat orduan irakurritako liburuaren izena eta baita azalean agertzen zen mutil ilehoriaren aurpegia ere. "America. Crònica de un viaje en bicicleta" zen liburu hura eta mutil ilehoria -liburuaren egilea- Jesùs Lòpez de Dicastillo nafarra. Uste dut miraz eta harriduraz irakurri nituela orri haiek: ia bi urteko bidaia bat... Amerika goitik behera korritu... bizikleta baten gainean... nola ote zen posible? Eta dirua? Eta mugak? Eta mendiak? Eta distantzia luzeak? Eta pisua? Eta...? Orain niri egiten dizkidaten galdera guztiak egiten nizkion nik orduan neure buruari. Liluratuta nengoen, abentura hartako magiak harrapatuta.


Liburu hura irakurri eta handik urte gutxira, 88garrenan, gu geu ginen abenturaren protagonista, gu geu ari ginen Amerikako kontinentea goitik behera bizikletaz zeharkatzen. Misterioa urratzen hasiak ginen. Izan zuen eraginik Dicastilloren liburuak gure lehen bidaia hartan? Baietz uste dut, ziur asko goranahia eman zion orduko gure hegada txikiari (bizikleta eta bidaiazaleak ginen jadanik), ikusmira zabaldu zigun, ametsa zehaztu eta hurbildu zigun.


Lehen bidaia hartatik ia hamar urtera misterioak indarrean eta deika segitzen zuen eta 1997an, bizikleta eta trasteak berriro hartuta, Amerikara bueltatu nintzen ni, bakarrik oraingoan. Hamahiru urte joan dira harrezkero eta hemen nabil oraindik, biderik bide eta lekurik leku. Eta pasa den abenduan erabaki nuen ezin nuela Perutik alde egin gure lehen "inspiratzailea" izan zen bidaiari hura ezagutu gabe, Jesùs Lòpez de Dicastillori bisita bat egin gabe. Izan ere, bera Peru erdialdeko oihanean bizi da aspaldiko urteotan, Puerto Bermudez izeneko herrian.


Ez ditut oihanak gehiegi maite -klaustrofobia pixka bat ematen didate-, aukeran nahiago ditut mendiak edo basamortuak, baina Puerto Bermudez-era eraman ninduen bidea nik espero baino politagoa izan zen. Lehendabizi, eta ustekabean, jaitsiera luze ikusgarri bat eskaini zidan, 85 kilometrokoa, La Cumbre izeneko mendateko gailurretik (Huancayo eta Tarma bitartean, 4200m) San Ramon-eraino (La Merced ondoan, 990 m.). Garbia da jeitsiera, ia etenik gabea, eta badu berezitasun bat inguru hauetan hain ohikoa ez dena: asfaltozko errepide berriari esker ia pedalik ikutu gabe eta ziztuan egiten da. La Merced-etik Puerto Bermudez-era 173 km inguru dago eta bide horrek ere -batez ere Villa Rica-tik aurrerakoak- badu edertasunik. Menditsua da, gorabehera eta zirrikitu ugarikoa, biztanle gutxikoa eta, oro har, inguru "basati" eta urrunek eskeintzen duten abentura irudipena -gero eta handiagoa Puerto Bermudez-era hurbildu ahala- eduki nuen han. Oihana eta bere berde bizia alde guztietan ziren eta asfaltogabeko bide estuak doi-doi eteten zuen landare eta zuhaitz oparotasun ia gehiegizko hura. Zubirik gabeko errekak eta ibaiak ez ziren falta eta duela gutxi arte, Jesusek geroago esan zidanez, bidelapurrak ere erruz eta lasai asko ibiltzen omen ziren zoko haietan.


Gauez iritsi nintzen Puerto Bermudezera eta ez zen zaila izan Jesus-en etxea - Albergue Humboldt izeneko ostatua- aurkitzea, galdetu eta agudo esango dizu edonork nora jo. Izatez, Puerto Bermudez txikia da, kanpotarrak gutxi eta gutxi horien artean bera ez da oharkabean pasatzen direnetakoa. Albergue Humboldt ilunpean zegoen. Kanpoko ezkilari eragin eta segituan etorri zen barrutik ahots bizi bat, nor zen galdetuz. Lorategiko atexkara hurbildu zen gizona ikusi nuenean ez nuen zalantzarik bat ere izan: 30en bat urteko aldea behar zuen baina aurpegi hura "Crònica de un viaje en bicicleta" liburuko azalean agertzen zen bera zen. Etxe barrura egin genuen. Mahai baten inguruan eseri eta zigarro bat eskaini zidan.


Bidaiariaren biografia labur bat: injiniaria zen Jesus eta lanpostu on bat zeukan, 70eko hamarkadaren amaieran, auto-enpresa handi batean. Hala ere, bizimodu konbentzional harekin ezin burutu eta noizbait, 80. urtean, lanpostua utzi eta garaiko doinu ezagun baten hitzei ("Vagabundear", Joan Manuel Serrat) jarraitzea erabaki zuen: beste lagun batekin Mexikora joan, bizikleta pare bat han erosi, eta hegoaldeko norabidea hartuta Amerikako bideetan barneratu ziren. Ia bi urte iraun zuen lehen bidaia hark segida luzea eduki zuen, eta hurrengo urteetan ugariak izan ziren Hegoamerikara, batez ere Peru eta Boliviara, egindako bisitaldiak. Bizikleta ez zuen, ordea, gehiago erabili. Haren ordez oinak baliatu eta tipi-tapa ibili zituen bi nazioetako bazterrak. Egunkari-kronika ugari eta beste bi liburu jaio ziren ibilera haietatik: " Crònica màgica de Peru y Bolivia, 8000 kms a pie" (Manuel Iradier literatur-lehiaketako lehen saria irabazi zuena) eta "Ayahuasca: la soga de la muerte". Euskal Telebistarako ere hainbat dokumental egin zituen eta, 1998. urtean, batetik bestera ibiltzeari utzi eta Peruko oihaneko baztertxo honetara etorri zen hemen etxe bat jasotzeko asmoz: bizitoki egonkor bat izango zen berarentzat eta aterpe bat bera bezalako bidaiarientzat. Horrela jaio zen "Albergue Humboldt" ostatua.


Etxea: "Albergue Humboldt" oso toki atsegina da. Pachis-Pachitea ibai zabalaren ondoan dago eta bi pisuko egurrezko eraikuntza da, inguru hartako etxe-eredu tradizionalaren arabera egina: zutoinen gainean altxatzen da eta beheko aldea irekia du, hormarik gabea. Lorategi txukun bat dauka inguruan eta begi-bistakoak dira, kanpoan zein barruan, jabeak tokiari eskaintzen dizkion arreta eta ardura. Ez omen dira, hala ere, asko bertara hurbiltzen diren bidaiariak edo bestelako bezeroak. Ohe baten bila dabiltzan peruarrek nahiago omen dituzte herrian dauden beste ostatuak, telebista daukatenak. Eta bestelako bidaiarientzat, Europakoentzat-eta, Puerto Bermudez urruti dago, ohiko turismo-bideetatik aparte samar.


Puerto Bermudez: herri koskor bat, kale guztiak ibiltzeko hogei minutu baino gehiago eskatzen ez duena. Kale asfaltaturik ez dauka. Argindarra bai, baina etenaldiak maiz gertatzen dira. Oso badaezpadako konexioa duten pare bat internet-toki daude, polizia, ibai-portutxo bat, dendak, jatetxeak, bi irrati...


Jesùs Lòpez de Dicastillo: pertsonaje bat. Bizia, berritsua, azkarra, memoria eta etorri handikoa, zazpikia, paisaiaren begiratze soilarekin etsitzen ez duten horietakoa. Herriko aferak interesatzen zaizkio eta parte hartzen du haietan: astean hiru egunetan irratsaio bat zuzentzen du herriko irrati batean eta irakurzaletasuna bultzatu eta "herritarren horizonte kulturalak zabaldu" asmoz biblioteka ibiltari bat jarri du martxan (Puerto Bermudez-eko biblioteka bakarra. Portzierto, erderazko liburu zaharrekin zer egin ez badakizu pozik hartuko dituzte han). Hamar urte daramatza Perutik irten gabe eta orain dela gutxi nazionalitatea eman diote. Batzuek diote, eta ni bat nator, izugarrizko antza duela marrazki bizidunetako aspaldiko heroi batekin -espinakak jaten zituen harekin-. Dena den, nik antz handiagoa hartzen diot fikziozko beste bi pertsonaia ezagunekin: Robinson Crusoerekin eta On Kixoterekin. Noiz bata noiz bestea ekartzen dizkit gogora.


Balizko herri bat (eta aholku bat, apaltasunez): bere ondoko ibaiaren nagitasun eta nagikeria berdinaz mugitzen den balizko herri bat daukat gogoan. Txikia da eta oihanean dago, munduko leku ezagun gehienetatik urrun eta aparte, eta hango erritmo jakinei gertaera gutxik egingo die traba; aldaketak (fisikoak baino gehiago bestelakoak) oso astiro baizik ez dira gertatuko, oso astiro baizik ez dira onartuko balizko herri hartan. Orain 12 urte kanpotar bat iritsi zen bertara eta etorrera hark, urmael geldian erortzen den harriaren antzera, uhinak sortu zituen herriko bizimoduaren uretan. Etorri berriak bere zakutoan zekartzan ikuspuntu, pentsamolde, iniziatiba, ideia eta haize berriek eragin zituzten uhinok eta, halakoetan gertatu ohi denez, berritasunezko dardar haiek oihaneko biztanleen bizitzak astindu eta aberastu zituzten. Baina talkak gertatu ziren, ezinbestez ia. Hartu-emana ez zen beti liskarrik gabea izan. Kanpotarraren espiritu kritiko eta zorrotzak -eta ozen eta hinki-hanka handirik gabe jarduteko joerak- bat baino gehiago asaldatu zuen. Dena den, katramilak katramila, nire balizko herria askoz toki interesgarriagoa izan zen handik aurrera, eta hala da oraindik ere, hori dio, behinik behin, herritar batek baino gehiagok (eta erantsiko du ondoren: "kontuz baina, "interesgarriago"k ez du "erosoago" esan nahi, ez dira biak nahastu behar"). Kanpotarrak ere aspaldi utzi zion kanpotar izateari eta, maiz aitortzen ez badu ere, zor hori dauka balizko herriarekin, han aurkitu baitzuen beste ezein lekuk ordura arte eskaini ez ziona -eta, aldez edo moldez, denok bilatzen duguna "mundu zabal eta arrotz" honetan-: etxe baten babesa bizitzeko eta toki bat, munduan eta munduarekin egoteko. Balizko herri hartan...
Eta hala bazan ez bazan...
Aholkua: ahaztu zait honezkero... Bego horretan.


Bospasei egun eman nituen nik Dicastilloren uhartean, berak berarentzat eta besteentzat oihanaren erdian eraiki duen babesleku lasaian. Bospasei egun goxo, ahaztuko ez ditudanak (hala gertatzen zait etxeko norbaitekin elkartzen naizen gehienetan). Christian izeneko mutil aleman bat ere bazegoen han, eta kontu-kontari, kafe edaten, zigarro erretzen eta xake-jokoan joan zitzaigun denbora. Ez beti harmonia oso-osoan, hala ere. Bitxikeria bat kontatuko dut: xake-jokoa gustatzen zaigu bioi eta, nonbait, jokalari lehiatsuak gara. Partida batean, jokaldi bat zela-eta, biziki haserretu ginen. Txinparta bat izan zen, suziri bat indarrez lehertu eta handik laster itzali zena, baina leherketaren bortitzak itsutu egin gintuen une batez. Partida hura baliogabetu, eta hurrengo egunetan gure lehiaketarekin jarraitu genuen. Berdinketa: hori izan zen azken emaitza.


Alde egin nuen goizean Jesusek galdetu zidan ea ez nengoen nekatuta, hamairu urte askotxo zela, bera bai, azkenean aspertu zela batetik bestera ibiltzeaz, motxila arratsero hustu eta biharamunean berriro bete beharraz, behar zuela bareune bat eta horregatik eraiki zuela Puerto Bermudez-eko aterpea. Egia erantzun nion nik, ezetz, motxilak behin eta berriro desegin eta eginagatik ere ez nengoela nekatuta, eta munduari beste buelta bat emateko eta hartaz gozatzeko gai sentitzen nintzela (bromatan esan nuen hori). Hala da, nork bere bideak ditu eta ni ez nintzateke gai izango Jesusek egin duena egiteko, ez dut horretarako indarrik. Aurrera jotzeko, ordea, bai. Mugimendua eta horizonteak behar ditut nik, "hari fin" horretan aurkitzen dut nolabaiteko oreka. Beste zerbait ere aurkitzen dut edo ematen didate mugimendu eta horizonte horiek: alferrik ez nabilelako, nonbaitera noalako (auskalo nora, ordea!) irudipena.


Lerro hauek amaitzeko agur esango diot Dicastillori eta suerterik onena opa. Gogorarazi nahi diot, baita ere, berdinketa bat daukagula noizbait hautsi beharrekoa. Ez adiorik, hortaz!
...............................................................


PUNTA OLIMPICA


Aurtengo lehen euriekin abiatu nintzen Cuzcotik, pasa den urriaren bukaeran. Mendialdeko bideak aukeratu nituen handik Trujillora -orain nagoen tokira- etortzeko eta horrek esan nahi du gailurrik gailur eta gainik gain ibili naizela, oso salbuespen gutxirekin, denbora guztian: bi mila metro igo, bi mila metro jeitsi, behin eta berriro, eguna joan, eguna etorri. Ibilbidearen perfil grafikoak sismografoek marrazten dituzten lerro puntadun erotu horien antza du. Atseden gutxi hankentzat eta opari handia bihotz-begientzat. Ohi bezala, tokirik altuenak izan dira ederrenak. 4000 metro inguruko mendateak ugariak izan dira, 4500etik gorakoak ez horrenbeste, hiru baino ez. Hona hemen horiek, Cuzco eta Trujillo bitartean igo ditudan 4500 metrotik gorako hiru "handiak":


- Abra Apacheta (4746 m, Ayacucho eta Huancavelica bitartean)
- Paso Chonta     (4853 m,         "                       "                 "       )
- Punta Olimpica (4890 m, Mendikate Txurian, Chacas eta Carhuaz bitartean)


Lehenengo biak zeharkatzen dituen errepideak aipamen berezi bat behar du, titulu-emaileek domina bat eman diote-eta: "Lau mila metrotik gorako munduko errepiderik luzeena" omen da bera , edo "The highest continuous road in the world" titulu-banatzaileen hitz berdinekin esateko. Ayacucho eta Huancavelica bitartean dagoen 155 kmko tartea da, eder askoa. Dena den, nire goiko itzulpena ez da zehatz-zehatza izan, 155 kilometro horietan bidea 3970 metrora jaisten delako bitan.


Altuenetakoa izan ez arren beste mendate batek ere merezi du, nire ustez, aipamen bat, bere edertasunagatik: Abra Huanacocha, 4350 metrokoa. Callejon de Conchucos izeneko bailaran dago, Huari eta San Luis herrien bitartean (Mendikate Txuriaren ekialdean).

Eta beste aipamen berezi bat, bere edertasunagatik, lasaitasunagatik eta kontraste bortitz-bortitzengatik, honako bide honi: La Union herria eta Antamina mehategi erraldoia lotzen dituenari (jarraibideak: La Unionetik abiatu eta 11 kmra hartu eskumako pista, zubitxoa zeharkatuta. 36 km aurrerago pista polit horrek Antaminara doan bide asfaltatuarekin bat egingo du. Antamina Peruko meategirik handiena da eta ederra izandako mendi-inguru batean dago, 4300 metroko altueran. Bideak meategia inguratzen du Callejon de Conchucos-era (San Marcos herrira, 45 km.) jeitsi baino lehen, eta uste dut ikuskizunak merezi duela, espiritua goratzen duten horietakoa ez bada ere. Hango triskantzak eta mendi larrutuek zer pentsatua ematen dute.


Eta dominen banaketarekin amaitzeko, nire lehen saria eta munduko aipamen, laudorio eta gorazarre guztiak Punta Olimpica mendatearentzat. Inoiz igo dudan mendaterik ederrenetakoa eta ikusgarrienetakoa. Edo beharbada, memoriak huts egiten ez badit, ederrena eta ikusgarriena.
......................................................................................................................


Punta Olimpica. Gailurrerantz.
Perun daude, Mendikate Txuria delakoan ("La Cordillera Blanca"), Ande mendietako bigarren gailurrik altuenak, Argentina/Txileko mugan kokatzen direnen ostean. 5000 eta 6000 metroko ezin konta ahala gailur dira eta mundu guztiko eskalatzaile eta mendizaleak erakartzen dituzte (zenbatu ditzagun altuenak: sei milatik gorako hamasei gailur ditu Mendikate Txuriak eta 5500 eta 6000 bitarteko hamazazpi). Peru-ko mendirik altuena, Huascaran (6768 m.), han dago eta berak ematen dio izena ia mendikate osoa bere barruan hartzen duen parke nazionalari. Pentsatzen da 260 glaziar inguru ere badaudela mendiotan, baina zoritxarrez, atzeraka doaz eta haien eremua nabarmen urritzen ari da. Batzuk zeharo urtu eta desagertu dira dagoeneko.


Bi bailarak dute Mendikate Txuria mugatzen eta zedarritzen; bakoitza katearen alde batetik doa, ezker-eskuin, harekin paraleloan, eta haietan daude mendiotara hurbiltzeko herri eta bide nagusiak. Mendabaldean dago ezagunena, Callejon de Huaylas izenekoa (Huaraz hiria hor dago); ekialdean umilago bat, askoz bisitari gutxiago hartzen dituena eta ia bide asfaltaturik gabea: Callejon de Conchucos. Pare bat bidek Mendikate Txuria alderik-alde zeharkatu eta bi bailarok lotzen dituzte. Haietako batean dago, Huascaran mendiaren oinean, Punta Olìmpica mendatea.
.......................................................................................................................


Cuzcon entzun nuen Punta Olimpica izena aurreneko aldiz, "eder-ederra omen da mendate hura", esan zuen afari batean lagunarteko norbaitek, eta, ondoren, non zegoen galdetu nion nik eta kokapena mapan marraztu. Ia hilabete eta erdi beranduago Callejon de Conchuchos bailarako San Luis herrian nengoen, mendate haren ondo-ondoan, eta ez nekien zer egin, ez nekien zein bide hartu eta egun askotxo ziren duda harekin nenbilela.


Bi aukera nituen: lehena Punta Olimpicara igo eta handik Callejon de Huaylas-era jaistea. Bigarrena: mendikatea zeharkatu barik aurrera jotzea, iparralderantz, bailararen goiko muturrean dagoen Sihuas herriraino. Biek ala biek Cañòn del Pato-ko haizpitartera eramango ninduten eta handik barrena kostara eta nire azken helburura, Trujillo hirira.


Mendatea igo ala ez, hori zen nire zalantza, eta igoeraren zailtasuna zalantzaren eragilea. Alturak baino gehiago eguraldiak kezkatzen ninduen, edo, hobeto esanda, bien konbinaketak. Euriak hasiak ziren eta zeru lainotuak eta zaparradak ia eguneroko kontua ziren, auskalo ze giro aurkitu behar nuen han goian, ia 5000 metrotara. Distantzien kontua ere bazegoen, bidea oso txarra omen zen eta ez nekien zehazki zenbat kilometro zegoen abiapuntutik -Chacas herritik- gailurreraino, ezta gailurretik bestaldeko lehen herriraino ere, eta ezinezkoa zirudien hura argitzeko gauza zen norbait aurkitzeak (1).


San Luis-en galdezka ibili nintzen, ea gailurrerako bidean, edo gailurrean bertan, ezer ote zegoen, nekazari-etxerik, artzain bordarik, inolako aterperik... Teilatupe bat nahi nuen, estalpe bat gaua pasatzeko edo, premia izanez gero, ekaitzetik babesteko. Ez nuen kanpatu nahi, nire denda zaharrak itogin gehiegi zeukan gau euritsu bati behar bezala aurre egiteko.  "Despuès de Chacas no hay nada, ni pueblos, ni casas, solo silencio", esan zidan janaridenda batean gizon batek; galdera bera egin nion beste bati gero eta antzeko erantzuna jaso nuen, "las primeras casas estàn despuès de la cumbre, lejos... hasta allì solo silencio". San Luis-eko apaiz italiarrekin ere hitz egin nuen eta haiek Punta Olimpicatik ez joateko aholkatu zidaten, bidea oso txarra zela eta gainera ez nuela, ziur aski, ezer ikusiko, lainoak paisaia ezkutatuko zidala. Neukan alternatiba bestalde, Sihuas herriraino joatea, ez zen txarra, gutxi ibiliak eta ederrak omen ziren hango bideak ere.
Gau hartan, lotara jarri nintzenean, erabakia hartuta zegoen: Sihuas-era joango nintzen. Punta Olimpica, bideko beste hainbat eta hainbat toki bezala, atzean geldituko zen, aukera hobe baten zain.


Auskalo, ordea, zer gertatu zen gau hartan, auskalo nor edo zer ibili zen nire ametsetan azpilana egiten, lotutako hariak askatzen eta haiekin oihal berria josten. Badakit ondo lo egin nuela eta biharamunean, esnatu nintzenean, aurreko gaueko erabakia azpikoz gora jarrita aurkitu nuela: ez, ez nintzen Sihuas-era joango, igoko nintzen Punta Olimpicara, barneratuko nintzen isiltasun hartan. Gainera nire azken goi-mendatea izan zitekeen hura, aurrerantzean, eta Alaskaraino, nekez topatuko nuen halako alturarik berriro. Aprobetxatu beharra zegoen aukera hura, ez zen besterik egongo.
...............................................................................................................................


Punta Olimpica. Azken igoerako sigi-sagak

Ez naiz gehiegi luzatuko igoeraren xehetasunak ematen, merezi badute ere. Esango dizuet, hala ere, Chacas herritik abiatu nintzenetik zeru goibelak eta lainoa izan nituela lagun, baina ez zizkidatela hargatik mendi zokoak ezkutatu, eta zoko haiek eder apartak iruditu zaitzaizkidala, zinez ikusgarriak. Ia igoera guztian menditzar elurtuak eta haien glaziarrak aurre-aurrean izan nituen, gertu, eskura ia; lakuak eta aintzirak ere -esmeralda kolorekoak batzuk- inguruan, baso zaharraren pusketatxoak, belardiak, harkaitzak, errekak.... Eta edertasun hura -eta gu guztiok- bilduz eta ohiko mundutik areago bakartuz, izara mehe bat: iragarritako isiltasuna.


Mendatearen gainak ia azken unera arte ez zuen ageririk eman, igo bitartean zaila zen igarzea nondik joko zuen bideak, non eta nola aurkitu behar zuen mendi puxka haiek gainditzeko pasabidea. Aurkitu zuen azkenean eta, bihurgunez bihurgune, maldan suge bat bezala kiribilduz, ekin zion azken malkarrari. Tontorra toki goibela eta arraroa da, arroka beltzezko ertz zorrotz eta ilun bat, eta hartan egindako ebaki meharretik barrena igarotzen da bidea bestaldera. Giroa negu gorrikoa zen han, elurra ari zuen, eta behe-lainoak, orduan bai, inguruko gailurrak estaltzen zituen. Arratsaldeko ordu biak ziren eta Chacas herritik lehen argi-printzekin abiatua nintzen, goizeko seietan: 8 orduko bidea, beraz, eta kilometro-zenbagailuak esaten zuenez, 33 kmko distantzia. Gainditutako desnibela, 1500 metro.


Tontorretik behera bidea gorakoan baino are okerragoa izan zen, bizikleta gainean ozta-ozta ibiltzeko modukoa. Alde hartan lainoak glaziarren beheko muturra baino ez zuen uzten agerian, baina gailurren faltan beste zerbait eskaini zidan paisaia hark: mendiz eta lainoz inguratutako bailara berde eta luze bat behealdean, harrigarri ederra bere bakardadean. Shangri-La berri bat.


Arratsaldeko seietan, iluntzeko gutxi falta zela, Huascaran-eko parkezainen etxera iritsi nintzen. Gailurretik harainoko 28 kilometroak egiteko 4 ordu behar izan nituen. Paulino parkezainak eta bere laguntzaileak beso zabalik hartu ninduten eta gaua han pasa nuen, haiei esker ez nuen kanpoko giro bustian kanpatu beharrik izan. Haiek esan zidaten igoeran ikusitako bi mendi handiak - bien arteko lepoa zeharkatzen du mendateak- ziur aski Contrahierbas (6036 m.) eta Nevado Ulta (5536 m.) zirela, eta ez Huascaran, nik pentsatu bezala. Huascaran jeitsieran ikusi beharko nuen, oskarbi egon balitz.


Gailurra
Biharamunean, esnatu bezain pronto, Paulinok albiste on bat eman zidan: Callejon de Huaylas-eko errepidea irekita zegoen berriro, herritarrek -matxinatuta astebetez Conococha aintziran egin nahi duten meategiagatik (2)- protesta bertan behera uztea erabaki zuten, bidea libre zegoen. Goiz hartan bai, Huascaran mendiak garbi erakutsi zidan bere kasko txuria eta arratsaldean Caraz herrira arazorik gabe iritsi nintzen, nahiz eta errepidean ugariak izan barrikaden arrastoak. Istiluak, antza, gogorrak izan ziren eta entzun nuenez nekazari bat gutxienez hil zen poliziarekin izandako borroketan.


Hurrengo egunean, Cañón del Pato haizpitarte ospetsuan barruratu eta kostaldera jo baino lehen, penaz begiratu nien nire ezkerraldeko mendi ilunei: han ez zen elurrik, ez zen izotzik, ez zen glaziar-aintzirarik eta eskalatzailerik, baina eder-ederrak begitantzen zitzaizkidan: Mendikate Beltzeko tontor soil eta bakartiak ziren. Isiltasunaren erresumakoak haiek ere. Baina aurrera jo nuen, Trujilloko etxea eta hango lagunak zain nituen. Pozik nindoan. Dohain hori dute bizikletak eta gailurrek, ukendu bat direla. Gringo garela ere ahazten zaigu haien konpainian.

(1). Perun, gehienetan, errepide-distantziak neurtzeko, denbora -motordun ibilgailuek behar dutena- erabiltzen da, eta ez kilometroak.


(2). Conocoha aintziran jaiotzen da Santa ibaia, Callejon de Huaylas guztia eta han dauden herriak zeharkatzen dituena. Meategi berriak hura kutsatuko duela uste dute herritarrek eta egitasmoa bertan behera uzteko eskatzen zuten. Protestaldiari bukaera ematea behin-behineko erabakia izan zen eta abian jarritako negoziazioaren emaitzek erabaki behar omen zuten handik aurrerakoa. Albisterik ez zait iritsi harrezkero, ez dakit zer gertatu zen negoziazio haietan.
..............................................................................................................................


Ia hilabetea eman dut Trujillon eta etzi abiatuko naiz, hemen dauden beste bi txirrindulari frantsesekin batera. Lucho gurekin etorriko da, pixka batean behintzat, Chiclayoraino-edo. Pacasmayo-tik aurrera bakarrik jarraituko dut nik, mendietara berriro igotzea baita nire asmoa: Cajamarca, Chachapoyas, Jaen... Handik Ekuador-era muga txiki batetik (Namballe/Zumba) sartu nahi dut. Vilcabamba eta Loja izango dira mugaz bestaldean aurkituko ditudan lehen herri ezagunak.


Izan ondo.
Lorenzo Rojo
Trujillo, Peru. 2011ko urtarrilak 15

viernes, 29 de octubre de 2010

Cuzco (Peru), 2010eko urriak 29

Cobija (Bolivia) - Cuzco (Peru): 850 km., 14 egun. Nondik nora: Cobija - Brasilea (Brasil) - Assis Brasil (Brasil) - Iñapari (Peru) - Iberia - Mavila - Puerto Maldonado - Quincemil - Marcapata - Ocongate - Urcos - Cuzco


Peruko oihanetik Cuzcora etortzeko Ande mendien ekialdeko lerroa zeharkatu behar da. Alturak zeharo aldatzen ditu paisaia, klima eta biztanleen ezaugarriak. Aldaketa ikusgarri hori Quincemil herrian (720 m.) hasi eta kilometro gutxiko tartean burutzen da.

Brasileko mugatik (Iñaparatik) Cuzcoraino datorren bide hori asfaltatua da, berri-berria (lanean ari dira oraindik tarte batzuetan) eta badirudi azpiegitura handi horren atzean Brasil dagoela; Brasilek bere produktuak Asiara eta Txinara errezago esportatzeko Pazifikoko portuak behar ditu, eta errepide berriari esker hurbilago edukiko ditu hemendik aurrera . "Estrada do Pacifico" esaten diote Brasilen; "Carretera Interoceànica", Perun. Gure garapen-ereduak horrelako komunikabideak behar ditu (Abiadura Handiko Trena, gurean), gero eta urrunago eta gero eta azkarrago iristea da ekonomiak ezartzen duen legea eta bestelako arrazoiek pisu gutxi dute egia horren aldean. Baina kalteak ere badira, bai naturarentzat eta bai natura horretan bizi diren giza taldeentzat (eta bai denontzat, azken batean). Amazonia urratzen eta ahultzen duen bide berri horren inguruan ere iritzi guztiak ez datoz bat. Gaiaz jakinmina duenak hemen ditu esteka interesgarri batzuk:

http://www.bbc.co.uk/mundo/america_latina/2010/09/100809_carretera_transoceanica_interoceanica_peru.shtml, http://www.connuestroperu.com/index.php?option=com_content&task=view&id=2134&Itemid=32, http://esencia21.wordpress.com/2008/05/30/localizan-tribus-desconocidas-en-la-amazonia-peruana/

Urriaren 14an Pirhuayani izeneko mendatearen gailurrera iritsi nintzen. Pirhuayani Puerto Maldonadotik Cuzcora igarotzeko atea da, Ekialdeko Andeak (Vilcanota mendikatea) zeharkatzean errepide berriak hartzen duen alturarik handiena. Elurbustia ari zuen eta aldian behin trumoien danbatekoak eta burrunbak aditzen ziren, lehor, luze. Arratsaldeko ordu bata eta erdiak ziren. Hodei ilun eta beltzek zerua guztiz estaltzen zuten eta behelainoa errari zebilen maldetan, mendizokoak ezkutatuz orain, ostarteak zabalduz geroxeago. "Abra Pirhuayani, 4725 m." zioen kartelaren ondoan gelditu eta praka luzeak eta arropa beroa jantzi nituen. Gero aurreraxeago zegoen baseliza-aterpera hurbildu nintzen.
Familia bat zegoen han, senar-emazte gazteak eta hiruzpalau urteko alaba. Janzkera eta aurpegieragatik ketxuak, inguru haietako nekazariak. Gizona berehala hasi zen hizketan nirekin, gaztelera onean. Emaztea gaixorik zegoen eta Marcapatako "postara" (osasunetxera) zihoazen. Beren etxetik goiz irten eta hainbat ordutako bidea egina zuten haraino oinez; eguerdian iritsi eta orduz geroztik zeuden aterpe hartan Marcapatara eramango zituen ibilgailu baten zain; trafiko gutxi zebilen, ordea, eta gainera emaztea ezin zen kamioi edo kamioneta baten atzeko kaja irekian bidaiatu, kabinan joan beharra zeukan, zailagoa zen horregatik norbaitek hartzea. Marcapata, herri txiki bat, 30 km. eta 1800 m. beherago zegoen, handik abiatua nintzen ni goiz hartan. Gizonak lasai hitz egiten zuen, irribarretsu. Haurrak aitaren hankari heltzen zion eta behe hartatik so egiten zidan, zabal-zabalik begiak, jakinminez. Baselizako atarian geunden hirurok, emakumea barruan. Gure eskuinaldean, lainoak erdi ezkutaturik, mendi handi bat ageri zen, pareta batean glaziar itxurako zurigune bat zeukana. Ausangate ote zen galdetu nion gizonari (Ausangate, 6384 m, Vilcanota mendilerroko gailurrik altuena da). "Ez, ez da Ausangate Colque Cruz (5500 m.) baizik", erantzun zidan. "Ausangate aurrerago ikusiko duzu, Ocongatera gehiago hurbildutakoan". Kamioi bat agertu zen une hartan, aldapan gora astiro zetorren Ocongateko aldetik. Gizona korrika batean hurreratu eta gidariarekin labur hitz egin zuen; ondoren keinuka hasi zitzaien emazte-alabei, joateko, joateko, bazutela tokia han. Atzera korrika etorri eta baselizako lurrean zegoen fardela, oihal handi batekin antolatutakoa, bizkarrean hartu zuen. Agur egin zidan eta hirurak kabinara igotzen ikusi nituen. Gaua Marcapatan igaro beharko zuten, pentsatu nuen. Emaztearen gaitza larria ez bazen beharbada bihar bertan jarriko ziren itzulbidean; zorte pixka batekin gaua baino lehen iritsiko ziren etxera. Bi egun oso, kasurik onenean, medikuari bisita egiteko.

Bizikletara igo eta aurrera egin nuen nik ere, aldapan behera oraingoan. Paisaia igoerakoa ez bezalakoa zen, malkar eta pareten ordez kolore berde-horiko bailara zabal bat neukan aurrean. Herritxoak ugariak ziren eta baita han-hemen bazkatzen ziren alpaka taldeak ere. Poztu egin nintzen, Boliviako altiplanoko irudia zen, aspaldian ikusi gabea. Ezkerrean, garai eta harro, Vilcanotako mendien gailur zorrotzak ageri ziren.

Herri haiek zeharkatzean bi gauzak eman zidaten atentzioa: emakumeen janzkera izan zen bata, zehatzago buruan zeramaten kapela: borobila eta zapala zen, plater handi bat bezalakoa, eta inguru guztian, ertzetik zintzilik, koloreko zinta bat zegoen. Bolivian behin ere ez nuen halakorik ikusi; bestea etxeetako teilatuak ziren: ez lasto, ez kalamina (zinkezko xaflak) teila gorria baizik. (1)
Ocongatera ilundu baino lehen iritsi nintzen. "Inoiz handik pasatzen bazara eman goraintziak Antonio eta Joxerrari", esan zidaten behin Getariako Emiliok eta Amaiak, Sylver Cloud belauntziko nabigatzaileek. Antonio (donostiarra) eta Joxerra (naparra) jesuitak dira eta bi egunez gelditu nintzen haiekin. Cuzcora igande goiz batean, urriaren 17an, iritsi nintzen.
................................................................................

Cusco (Qosqo, bertako udalak hobesten duen grafiaz) Inka inperioko hiriburua eta gobernuaren egoitza izan zen XIII. mendearen erdialdetik aurrera. Andeetako eta Hegoamerikako hiririk garrantzitsuena omen zen garai hartan. XVI. mendearen hasieran Pizarrok konkistatu zuen eta etorri berriek lehengo tenplu eta jauregietako harrien gainean eraiki zituzten bere elizak eta etxeak (Inkak iaioak ziren harria lantzen eta oinarri bikain haiek Cusco kolonialeko eraikuntza askotan ikus daitezke oraindik). XVIII. mendean kontinenteko hiririk populatuena zen baina hurrengo mendeetan gainbehera txikian hasi omen zen. Gaur egun Cusco Hegoamerikako lehen hiria da berriro eta postu hori turismoari esker berreskuratu du: Hegoamerikara datozen turisten helburu nagusia bera da, nahiz eta ez izan bereak bakarrik merituak: ez da ahaztu behar Machu Picchu eta beste hiri eta tenplu inkaikoen aztarna garrantzitsuak inguruan dituela.

Hori dena banekien nik, gutxigorabehera, Cuzcora sartu nintzen igande goiz hartan. Lehen inpresioa? Txarra. Ohiko hiri handi (miloi erdi bat biztanle), zarpail, zaratatsu eta trafiko bizikoa. Erdialde historikora iritsi nintzenean, ordea, hori dena bat-batean aldatu zen. Beste nonbait nengoen, aurreko kaleekin zerikusi gutxi zeukan oasi gisako batean. Erdialde kolonial ederra, oso ederra, du Cuscok, nik espero baino atseginagoa. Haren erdian, inken enparantza nagusia zegoen toki berean eraikia, Plaza de Armas delakoa dago: zaila da haren parekorik, hain ederrik, beste nonbait aurkitzea.
................................................................................

Machu Picchu (mendi zaharra), "munduko mirarietako bat", planetako gune turistiko bisitatuenetakoa.... eta hala ere dudatan egon naiz antzinako hiri famatua ikustera joan ala ez, nire izpiritu bakarzaleak mesfidantzaz begiratzen zien toki hura egunero eta leporaino betetzen duten jende tropelei, haren fama akuilu baino gehiago zalantza-iturri zen niretzat. Joan nintzen azkenean eta ez dut esango damu naizenik. Tokiaz lasai eta (ia) bakardadean gozatzeko aukera ere izan nuen (luxu bat!) Machu Picchu deritzon mendiaren tontorrera igota, eta ibilaldi horri esker salbatu nuen bisita, bestela ziur nago marmarka eta purrustadaka itzuliko nintzela handik, nere buruari errieta eginez amuari heldu izanagatik.
Kokapenak ematen dio Macchu Picchuri daukan indarra eta berezitasuna, natur-inguru ikusgarri hura gabe hondakin haiek munduan ugari diren beste hamaikaren parekoak lirateke. Eta hondakinei eta natur-inguruari ondo erreparatzeko, hartaz gozatzeko, igo egin behar da. Hiru dira aukerak, hiru dira hiri zaharra zaintzen duten mendiak, gaztelu baten dorreak balira bezala: Huayna Picchu, Machu Picchu eta Putucusi. Dorre horien atzean, haiei gain hartuz eta inguru guztia itxiz, mendi-eraztun berde eta ikusgarri bat dago. Handik gora zerua. Behean, aizkora-kolpe baten indarraz mendien artetik sigi-saga aurreratuz, suge bat: Urubamba ibaia eta berak zabaldu duen arro sakona. Bai behean eta bai goian oihanak eta landaretza oparoak bazter gehienak hartzen dituzte.

Lehen aipatutako hiru mendi horietatik Huayna Picchu (argazki guztietan agertzen dena) da entzutetsuena, jende saldoak abiatzen dira egunero tontor hartarantz eta horregatik, hara igo nahi duen jende-kopurua mugatzearren, kupo bat jarri behar izan dute. Huayna Picchuk ("Mendi gaztea") 2667 m. ditu. Machu Picchu mendia ("Mendi zaharra", 2795 m.) aurrekoa baino garaiagoa da eta hondakinetatik abiatuta ordu eta erdi inguruko igoera behar da tontorrera iristeko; bidea basoan barrena doa, itzalpean, eta polita da, jende gehiegi ez dabil gainera; bai igoerak eta bai tontorrak eskaintzen dituzten bistak apartak dira: mendi-ingurua bere zabaltasun eta edertasun osoan eta haren altzoan inken hiri zaharra; ez dut uste Huayna Picchutik ikuspegi hobea dagoenik. Putucusi ("Mendi zoriontsua", 2592 m.) hiruretatik misteriotsuena da, haren berri jende gutxik du eta are gutxiago dira bertara igotzen saiatzen direnak (agian horregatik zoriontsua). Baina lasaitasuna eta bakardadea estimatzen badituzu eta uste baduzu haiek gabe tokirik ederrena arrunta eta baldarra bilakatu daitekeela, hura duzu aukera onena. Putucusiko tontorretik Machu Picchuko oso bista ederra omen dago eta ziurrena bakarrik egongo zara hartaz gozatzeko. Beste abantaila bat: dohainik da. Arazo nagusia: igoera ez da erraza, arduraz egiten ez bada arriskutsua ere izan daiteke (gero emango ditut argibide batzuk).


GERRAKO EKONOMIA DUTEN BIDAIARIENTZAKO AHOLKU PRAKTIKOAK

Machu Pichhu beste zerbait ere bada, bere aire misteriotsu eta erromantikoaz elikatzen den baina oso helburu praktikoak dituen beste zerbait: "Dirua egiteko makina bat da toki hau", horrela entzun nion eta horrela adierazi zuen, garbi eta gordin, handik zebilen batek. Machu Picchu kate baten azken maila da eta kate horretan dena da garestia eta denagatik kobratuko dizute: bertara iristeko, bertara sartzeko eta bertan zaudela bai komunera joateko ere. Gastuak murriztu daitezke hala ere. Azalduko dut nola.

Bi modu daude antzinako hirira iristeko: oinez bata, "Inken bideak" esaten dieten bide zaharretako bat hartuta. Hainbat egunetako ibilaldiak dira eta ospetsuena(k) hautatuz gero diru askotxo ordaindu behar dela uste dut. Dena den, ez dakit gauza handirik bide horietaz. Bigarrena Cuscotik Aguas Calientesera joatea da. Azken honetaz arituko naiz.

Aguas Calientes herria Machu Picchuko ate nagusia da, azken geltokia, hara iritsi behar duzu derrigorrez, han pasa beharko duzu gaua eta handik abiatuko zara biharamunean Machu Picchurantz, zure moduko beste milaka lagunekin batera. Aguas Calientes ( zer zen lehenago ez dakit baina orain toki zatarra da, jatetxe eta hotel pilaketa kaotiko samar bat) Urubamba ibaiak irekitako sakan estuaren barruan dago, Machu Picchuren oinean. Ez da errepiderik iristen hara, trena bakarrik, eta tren polit horretara igo ahal izateko atzerritarrok ondo astindu behar ditugu poltsikoak. Badago modu bat, hala ere, trena erabat sahiesteko, Aguas Calientes-era ekonomiari kalte gehiegi egin gabe iristeko. Honako hau. Garraio publikoa hartu (autobusak eta furgonetak) eta bide hau egin: Cuzco - Santa Maria - Santa Teresa - Hidroelectrica. Hidroelectrica esaten dioten tokira heldutakoan oinez abiatu trenbidearen ondotik; ordu eta erdiko/bi orduko ibillaldi lasaia eta atsegina duzu Aguas Calienteseraino. Cuzcotik goizeko 7etan abiatzen bazara ilundu baino lehen iritsi zaitezke A.Cs-era.

Sarrera-txartela A. Cs-en bertan eros daiteke (126 sol, 34 bat euro) eta bertatik abiatzen dira hiri zaharrera igotzen diren autobusak (10 minutuko bidaia). Ibiltzeak ez bazaitu izutzen, egin uko autobusari eta oinez igo zaitez. Ordubeteko edo ordu eta erdiko osteratxo horrek 20 sol aurreztuko dizkizu eta goizeko freskuraz gozatzeko aukera emango. Goizean goiz abiatu.

Eta areago aurreztu nahi baduzu, sarrera-txartelako 126 sol horiek ere ordaindu nahi ez badituzu, badago aukera bat, aukera ona alde askotatik baina baita zaila ere: Putucusi mendira igotzea. Putucusi mendia, Huayna Pichu eta Machu Picchu ez bezala, hondakinen esparrutik kanpo dago eta bertara daraman bidea Aguas Calientesetik bertatik abiatzen da (trenbideari jarraitu 200 edo 300 metroz eta mendian gora jotzen duten eskumako eskailerak hartu). Goizean goiz ekin nion nik bide horri. Zerua oskarbi zegoen eta baso itxian barrena pozik nindoan, itzalpean, harrizko mailaz hornitutako zidor zahar batetik gora. Baina 20 bat minutuko bidea egina nuela oztopo serio batekin egokitu nintzen: 15/20 bat metro garai zen tarte bertikal samar bat (80 gradu?). Hura gainditzeko egurrezko hiru eskailera jarri dituzte bata bestearen segidan; esku-helduleku bat ere badago, altzairuzko kable lodi bat eskaileren ondotik goitik behera doana. Eskailerak erdi suntsituta zeuden, ordea, maila asko falta ziren, itxuraz lur-jauzi baten kausaz. Kablea egoera onean zegoen eta hari helduta eta eskaileren hondakinez baliatuta paretaren erdia baino gehiago igo nuen. Hala ere, azken partearekin ez nintzen ausartu eta poliki-poliki eta penatuta egin nuen atzera. Igo direnek esaten dutenez Machu Picchuko bistak, tontor hartatik, paregabeak dira. Eskailerak konpontzen ez dituzten bitartean (eta luze joko du horrek!) mosketoi eta eskalada-zinta pare bat aski lirateke altzairuzko kablearekin aseguru on bat antolatu eta lasai igotzeko. Baina une honetan, halakorik ez baduzu, Putucusira igotzea arriskutsua da.
...............................................................................

Ia bi aste pasatu ditut Cuzcon, denbora hegan joan da ihesi... Ustekabe batzuk izan dira hiri honetan, ustekabeko enkontru pozgarrri batzuk zehatzago esateko. Bata Nina Casper berriro topatzea izan da; Nina txirrindulari alemaniarra da eta Iranen ezagutu nuen 2003. urtean; orduan, orain bezala, bakarrik zebilen; 7 urte hauek on egin diote. Neil eta Harriet inglesak ere hemen daude; Neil, Harriet eta hirurok elkarrekin ibili ginen orain hilabete batzuk Argentinan eta Txilen, eta Boliviako Laguna Blancan bereizi ginen; betiko moduan jarraitzen dute, beti bezain jator eta beti bezain gora: 4000 metrotik behera gutxitan jeisten dira, beti bide zailenak eta ederrenak aukeratuz. Hirugarren enkontrua ere guztiz ustekabekoa izan da, egun batean Plaza de Armasetik nindoala Dean Fiore australiarra ikusi nuen (berak ni ikusi ninduen); Dean Fiore eta biok Congon eta Gabonen ibili ginen elkarrekin 2007an eta gero Montevideon elkartu ginen berriro orain dela urtebete, geroztik ez genuen elkarren berri; bizikleta utzi eta motoz dabil orain, Errusiako modelo zahar bat den eta alboan "sidecarra" daukan moto batean. Beste txirrindulari batzuk ere ezagutu ditut hemen: Mateo mexikar-estatu batuarra, Alaskatik datorrena, eta Alaskatik datorren Qebec-eko bikote bat ere. Elkartzeak ustekabekoak izan dira baina ez guztiz kasualak: badago Cuzcon ostatu bat ("Estrellita", Tullumayo kalean) gringo gurpildunen oso gogokoa dena. Hor gaude denok. Bat-bateko aglomerazio horrek, ordea, ez du luze iraungo. Nork bere bideak eta asmoak ditu eta laster bereiziko gara denok.

Bihar abiatuko naiz ni. Orain dela 11 urte kostaldeko bideak hobetsi nituen eta oraingoan mendialdekoak hartuko ditut: Abancay, Ayacucho, Huancayo... Limara ez naiz joango eta kostaldera behin bakarrik jaitsi nahi dut, iparraldean dagoen Trujillo hirira joan eta hango lagunei bisita egiteko. Oihana ez dut oso gustoko baina litekeena da Puerto Bermudez inguruko behe-lurretara ere sartu-atera azkar bat egitea. Arrazoia? Han omen dago Lòpez Dicastillo naparra. Nik ez dut bera ezagutzen baina 25 bat urte izango dira haren liburu bat irakurri nuela ("Crònica de un viaje en bicicleta"), eta nago nire bizimodu honen errua liburu harena -eta liburuaren egileareana- ere badela (nork jakin...).

Segi ondo.


(1)- Hirugarren kontutxo bat ere aipatu beharko nuke, nahiz eta ez izan bailara haietako ezaugarria bakarrik, baizik eta, itxura batera, Peru osokoa. Bai, Perura sartu eta berehala konturatu nintzen hemen, aurreko herrietan ez bezala, denek zekitela -eta denen ahotan zebilela- nire izena; ez zen nik, edo nire gurasoek aukeratutakoa, baizik eta deitura orokor bat ni bezalakoak (?) izendatzeko hangoek baliatzen zutena: "gringo" "gringuito". Afrikako "zuria", hamaika hizkuntzatan esana eta errepikatua, ekartzen zidan gogora. Esan behar dut, hala ere, han, Afrikan, arazoa -deituraren zergatia- oso garbi zegoela, edonork ikus zezakeen hori, eta horrenbestez ulergarriagoa eta onargarriagoa egiten zitzaidala bereizketa (horixe egiten baitute hitz horiek, zu bereizi, aparteko talde batean jarri, diferentzia azpimarratu). "Gringo" honen eremua eta zentzua, ordea, zabalagoak eta lausoagoak dira, eta horregatik, eta baita hitzaren jatorrizko esanahiagatik ere, muturra okertu egiten zitzaidan pixka bat hasieran, entzuten nuen bakoitzean. Nekagarria da, ordea, muturra hain maiz okertu behar hori, orduro bost edo sei aldiz gutxienez, zergatik eta hitz hutsal batengatik, gehien-gehienetan zentzu peioratibo eta bat ere asmo txarrik gabe esaten dena, gainera.... Beraz, onartzen saiatu naiz, eta onartu egin dut azkenean (hala uste dut) nire deitura berria, ez poz-pozik eta gogoberoz baizik eta galtzaile onaren aldartearekin.
"Gringo" hitzaren aldaera dotore edo jaso bat ere aditu izan dut inoiz edo behin (bitan zehazki), oso hitz bitxi bat: "patricio": "Buen dia patricio" "Ya le falta poco patricio". "Gringo" edo "patricio" deitura merezi ahal izateko antzeko merituak behar direla uste dut, hortaz parekoak dira biak, bata bestea bezain urruntzaile. Meritu horien artean, ziurrenik, larruazalaren kolorea da nagusia. Perun, Latinoamerikako beste toki askotan bezala, kolore horrek mailak edo kastak bereizteko balio du, zuriari dagokiolarik gorena)

viernes, 1 de octubre de 2010

Cobija (Bolivia). 2010eko urriak 1

La Paz – Cobija (Bolivia): 1400 km. Nondik nora: La Paz – Sorata- Mapiri – Guanay- Sapecho – Palos Blancos – Yucumo – Rurrenabaque – St Rosa – Yata – Australia – El Triangulo – El Sena – Puerto Rico - Cobija

Beroa, hautsa eta monotonia Bolivia iparraldeko behe-lur hauetan. Asfaltatu gabeko bideak kolore gorriko zidor bat zabaltzen du oihanean, baina askotan -gehienetan- zuhaitzen eta landaretzaren pareta berdea urrutitxo ageri da, errepide inguruak soilduta edo erreta daudelako. Goizak (8ak inguruan abiatzen naiz) ederrak eta lasaiak izaten dira, beroak ez ditu oraindik bazterrak eta burmuinak kiskaltzen eta estimatzen da tregua hori. Erraz eragiten diet pedaleei ordu horietan. Normalean lanbro bat egoten da airean -kea, akaso- paisaia lausotu eta oihanari giro ia fantasmala eransten diona.

Eguerditik aurrera astunagoa da dena. Zeruaren urdina ahuldu egiten da eta ia kolorerik gabeko sabai horren azpian kiskaltzen da mundua. Autobus eta kamioi bakanak ziztuan pasatzen dira hautsa zurrunbiloka harrotuz; behe-laino zikina zintzilik gelditzen da airean luzaroan, eta ni haren barruan. Txitxarren eta beste insektuen eta txorien kantuak grabazio mekaniko eta egoskor baten antza du; batzuetan, ordea, auskalo zergatik, isildu egiten dira hots guztiak eta hila dirudi basoak.

Eguzkia suzko distira txuri bat da zeruan, inguru zehatzik gabeko borobil baldar bat, baina arratsaldea aurrera, bero zakarraren zama arintzearekin batera, zehazten hasiko da, bai forman eta bai kolorean. Arratsaldeko azken orduetan oihan berdearen gainean zintzilik ageriko da, laranja biziko bola perfektu eta ikusgarri bat. Egunak eskeintzen duen bigarren tregua da hori. Handik gutxira bide ondoko komunidade batean bilatuko dut aterpea: oholez eta lastoz egindako etxetxo multzo bat eta eskola txiki bat (eraikuntza moderno bakarra), horixe dira komunidadeak. Suertea izanez gero erreka edukiko dute ondoan edo putzu bat eta gorputzean dudan lohia garbitu ahalko dut. Afaldu eta hamaka eskolan zabalduta egingo dut lo.

.........................................................

Etzi esango diot agur Boliviari. Cobijatik abiatu eta egun berean Iñapariko mugara iristea espero dut. Handik sartuko naiz Perura. Puerto Maldonado hiria da nire lehen helburua baina laster Peruko oihana utzi eta Andeetara igoko naiz, Cuzco-ra iristeko. 4800 metroko mendate bat omen dago Puerto Maldonado eta Cuzco bitartean eta 500 km. inguru. Goi-mendiak ditut zain, beraz, eta ilusioz begiratzen diet.

miércoles, 4 de agosto de 2010

La Paz (Bolivia). 2010eko abuztua

Iquique - La Paz (Bolivia): 16 gau, 17 egun. 858 km. Nondik nora: Iquique - Huara - Cuya - Codpa - Timar - Ticnamar - Belen - Putre - Tambo Quemado (Bolivia) - Patacamaya - El Alto - La Paz

Este es el norte sol
todo desierto
me parece aqui el hombre
más humano
más solo en su tarea de estar solo.

Sergio Hernandez

........................................................

(Putre, Txile. Abuztuak 3)

Aspaldiko ibilaldirik ederrenetakoa izan da egun hauetakoa eta listoia jadanik oso goian zegoen. Egia esan, azken urte honetako bideak ederrak izan dira denak, baina azken hilabeteetakoek goia jo dute. Egun lasaiak ere izan dira honainokoak, kezka gutxikoak: gauean kanpatzeko toki egokia bilatu (errez samarra), ogia nork salduko zidan aurkitu (ia ezinezkoa)... horiek izan dira Iquiquetik hona eduki ditudan buruhauste nagusiak.

Putre Boliviako mugatik gertu, precordilleran -desertutik altiplanora bitartean- dagoen herri txikia eta lasaia da. Txikia baina inguruotako handiena, hala ere. Jatorriz herri aimara izan arren kultura horren aztarnak ez dira hain garbiak Putren, ez hizkuntzari dagokionez behintzat. Aimarazko hitz bakarrak udal liburutegian entzun ditut: hango arduradunak "Kamisaraki?" (zer moduz?) batekin agurtzen ditu bertara sartzen diren guztiak eta "Jikisinkama" (hurrena arte) esanez despeditu.
Atzo iritsi nintzen hona eta aurreneko aldiz, Iquiquetik irtenez gero, dutxa bat hartu eta ohe batean (prezio egokian lortua negoziazio gogorraren ondoren) lo egin nuen. Desertuan eta precordillerako zokoetan kanpatuta igaro ditut honainoko gauak (zortzi guztira). Paisaia aldatuz joan da kostaldetik urrundu eta mendikatera hurbildu ahala. Putre 3500 metro inguruko altueran dago, bailara edo mendi arteko ordeka berde batean. Beste mila metro igo eta laster altiplanoan egongo naiz ostera, beste toki diferente batean.

Esaten nuen, bada, honainoko ibilera oso polita izan dela. Iquiquetik irten eta bideak gora egiten du bat-batean: 600 metro lehendabizi Alto Hospicioraino; beste 500 edo 600 metro ondoren, aldapa etzanago batetik, Humberstone eta Santa Laura nitrato-faktoria zaharretara, eta Panamericana errepide nagusira, iristeko. Atacaman gaude, munduko lehorrena omen den desertuan. Handiena ez da, agian, izango baina hala ematen du, amaigabea. Mundu mortu horri goi batetik begiratzeko aukera baldin baduzu ondo konturatuko zara horretaz: harria eta hondarra besterik ez zure aurrean eta azpian, begien ikusi ahal guztian, zerumugaraino. Eta zerumugatik haruntzago ere berdin, paisaia idor eta marroi bera, itxuraz amaiezina... harik eta itsasoarekin -beste desertu horrekin- topo egin arte. Halaxe ikusi nuen nik Atacama altiplanotik Iquiquera (4000 metro ingurutik itsasora) jeitsi nintzen egunean eta infinitu mortu hura ederra, oso ederra, iruditu zitzaidan.
Errepidez zoazela -Panamericana errepidetik, adibidez-, galduta alturak ematen duen ikuspuntua, Atacamako handitasunak beste izen bat hartuko du: monotonia. Kilometrotan eta egunetan neurtzen eta dastatzen den monotonia. Paisaiak ez du hemen kolore edo bereizgarri askorik eskaintzen baina badaude, iparralderako bidean, berdintasun hori apurtuko duten pare bat ikuskizun: Pampa del Tamarugal izeneko basoa izan daiteke bat (Socairetik San pedro de Atacamara bitartean antzeko beste bat dago, txikiagoa eta garbiagoa: Tambilloko basoa), petroglifoak (antzinako herriek egindako grabatuak) beste bat eta hurrena, Chiza-ra iritsitakoan, Chiza-ko aldapa.
Chizako aldapa ebaki sakon eta ikusgarri bat da desertuko lautada bat-batean eteten duena. Ebaki horretatik behera jotzen du bideak eta Atacamak aurpegi berri eta dramatiko bat erakutsiko digu handik: bailarak, mendiak, sakanak, aldapak, lurraren hamaika gorabehera eta zirrikitu.... itxura batera den-dena hila, isila, bizitzarik gabea. Sakontasun idor eta laberintiko horretan barruratuz gero, nola iraun bizirik? Badira oasiak eta freskura mortutasun horren erdian, ezinezkoa badirudi ere. Lehena gertu dago, mila bat metro beherago: Cuya du izena. Hurrengoak are politagoak dira, biziki politak.
Iquiquetik Tambo Quemadora (Boliviako mugara) joan nahi baduzu utzi Arica alde batera eta hartu -ez zalantzarik egin- Codpan eta Belenen barrena Putrera doan bidea. Trafikorik ia bat ere ez dago inguru hauetan, topatuko dituzun herri bakanak txikiak (husten ari dira) eta umilak izango dira, bideak asfaltogabeak eta aldapatsuak... baina den-dena ederra . Codpa-ra iritsi baino lehentxoago hasiko dira ustekabeak. "Cactus candelabro" esaten zaion kaktusaren ale banaka batzuk ikusiko dituzu lautadan eta, bat-batean, desertua hautsi egingo da berriro, pitzatu, arrakalaz eta zirrikituz bete. Tarte eta tolesdura horietan barruratuko da bidea, eta behera egingo du, bihurgunez-bihurgune, kilometro askotako jaitsiera luzean. Marroia, beste kolorerik ez dago hemen, marroiaren tonu guztiak. Eta bat-batean, Codpa. Behe-behean dago, sakanaren barrenean, eta txundituta gelditu nintzen goitik begiz jo nuenean: pareta garai eta lehorrez inguratutako oasi txiki bat da, ustekabean agertzen dena, herritxo bat bailara estu, berde eta liluragarri batean. Zuhaitzak, ortuak eta ura ez dira falta, tunak eta askotariko fruitu arbolak daude, mahatsa ere landatzen da. Berdetasuna eta freskura basamortuko zoko ezkutu batean. Koloniaren garaiko elizatxo bat... ederra.

Timar ere halakoxea da, beste oasi-herri bat, Codpa baino are txikiagoa, pareta mortuen arteko beste sakan estu batean. Bidea menditsua da inguru hauetan, lehen esan dudan bezala, baina are menditsuagoa eta aldapatsuagoa bilakatuko da laster, Ticnamar-era heldutakoan. Huraxe da muga, esan daiteke herri hartan - Ticnamaren- desertua amaitu eta precordillera hasten dela.
..........................................................

Belen-era bizikleta gainean sartu nintzen, eta bizikleta gainean egina nuen harainoko bidea. Gainean bai, tente eta harro, ordea, ez. Ticnamar eta Belen bitartean dauden aldapak ez dira nolanahikoak: gogorrak, piko-pikoak, etengabeak. Ilundu baino lehentxoago iritsi nintzen eta gogoan dut herri-sarrerako maldetan laborantzako terraza asko ikusi nituela, bertan behera utziak denak. Herri handi samarra eta apaina iruditu zitzaidan. Etxe asko zituen eta hainbat kale; erdian enparantza bat lorategi zainduekin; gertu bi elizatxoren kanpandorre txorrotxak, kalaminazko teilatu grisei gain hartzen zietenak (Kalamina: zinkezko xafla uhinduak). Udaletxeak, enparantzaren albo batean, berria zirudien eta berria, halaber, parean zegoen osasunetxeak. Baina ez zen inor ageri. Inon ez. Hotsik ere ez zen bat ere aditzen. Buelta pare bat eman inguruko kaleetan eta azkenean osasunetxera jo nuen, ate bat irekita ikusi nuen-eta han. "Inor ez al da bizi herri honetan?", galdetu nion, erdi txantxetan, gela batetik irten zen mutilari. "Hamar heldu, denak zaharrak, eta sei haur", erantzun zidan. "Eta etxe horiek guztiak?" "Hutsik daude, giltzatuta. Jendea Aricara joan da bizitzera eta noizean behin baino ez dira itzultzen, oporretan edo erlijio festetan. Gobernuak ahalegin handia egin du precordillerako herri hauek hustu ez daitezen, baina alferrik. Gainera lehortea dago, azken lau edo bost urtean ez du euririk egin... Lehen oreganoa landatzen zen hemen, asko biltzen zen. Orain patata pixka bat, ia besterik ez..." Arratsaldea eguzkitsua eta epela zen eta eguteran eseri eta hizketan jardun genuen tarte batez. Gero altxatu egin nintzen. Denda jartzeko tokia bilatu behar nuen eta ogia erosi. "Janaridendarik bal dago?", galdetu nion Aricako paramedikuari. "Bai, bat. Doña Panchitaren almazena. Gogor jo atea, batzuetan barru-barruan dago eta ez du aditzen. Erakutsiko dizut non dagoen" Izkineraino lagundu zidan eta Doña Panchitaren etxea zein zen adierazi. Ia negar egin nuen hatz erakuslea goratu eta zerua seinalatu zuenean. Doña Panchita goian bizi zen, goregi nire hanka nekatuentzat. Hara zihoan harrizko kaleak harresi bat bezain gaindiezina zirudien.

Doña Pantxitak ez zidan atea ireki, gogor eta luze jo banuen ere. Futbol-zelaiaren parean kanpatu nuen, bideaz bestaldeko terrenoetan, bidezidor txiki baten ondoko sastraken artean. Herriaren kanpoaldea zen, toki lasaia, herri hartako guztiak bezala. Hala uste nuen nik, behintzat. Oker nengoen. Beleneko biztanleak edadetuak dira, bai, baina ez etxe barruan eta geldirik egoten diren horietakoak. Eta nire ondoko bidezidor txatxu hura euren ortuetara eta zereginetara joateko erabiltzen zuten bide nagusia zen. Egunaren azken txintekin itzultzen ziren herrira batzuk, gaututa besteak. Eta argitu baino lehenago abiatzen ziren, ostera, lanera. Nor bere zakurrekin gainera. Langile finak!! Berandu ohartu nintzen horretaz guztiaz, hala ere. Uste dut Beleneko biztanle denak pasatu zirela nire ondotik gau hartan, guztien oin-hotsak aditu nituen; eta Beleneko zakur guztiek egin zuten zaunka kanpadendaren inguruan.

Atseden hartu nuen hala ere. Biharamunean ura erdi jelatuta zegoen botiletan baina gosaria prestatzen hasi nintzen eta mendien atzetik eguzkia atera eta lehen izpiak nigana iritsi zirenean bizitza berriro hasi zen. Beste egun zoragarri bat. Goiz hartan, bai, Doña Panchitak bere gotorlekuko ateak zabaldu zizkidan eta gailetak, latako jurela eta beste gutizia batzuk erosi ahal izan nituen (ez bat ere merke).

Belenetik aurrera maldan gora doa bidea berriro ere (11 km.), baina hankek erraz ekin zioten aldapari igande goiz lasai eta eder hartan. Soro eta errekastoen artetik nindoan, astiro, nekerik gabe igoz. Zaldiak eta astoak zebiltzan larretan. Giroa bukolikoa zen, lehengo nekazari eta artzainen garaikoa, gure aiton-amonen garaikoa. Belen azpian zegoen, isilik bere txokoan, teilatu grisak agerian. Eta ni aldarte ezin hobean nindoan. Eduardo Avaroa eta izen handiko parke nazional guztiekin oroitu nintzen. Ederrak ziren. Baina Belen? Eta Codpa? Eta desertu eta precordillera haietako bideak eta herriak? Nor oroitzen zen haiekin? Ez al ziren ederrak, edo aukeran ederragoak, haiek ere?

.............................................................

Orain dela bi aste pasatxo iritsi nintzen La Paz-era eta bihar abiatuko naiz berriro. Sorata, Rurrenabaque, Cobija... horiek dira nire hurrengo helburuak. Boliviako iparraldea, oihana, herri zoragarri honetan ezagutzen ez dudan eskualde ia bakarra... haruntza hona.

Eta honainoko bideaz -Putretik La Pazerako bideaz alegia- zer esan? Errekak, bofedalak (altiplanoko larre hezeak), lakuak, bikuinak, llamak... eta hiru sumendi kaskazuri: Paranicota, Pomerape eta Sajama. Kaskazuri eta ikusgarri. Altiplanoak gutxitan eskainiko dizu halako ikuskizun dotorerik eta ez dira horiek hitz hutsalak.

La Paz eta El Alto. Bi hiri ote dira edo hiri beraren bi zati? Bien arteko eten fisikorik ez dago baina geografiak, alturak eta konposizio sozio-ekonomikoak bereizten ditu garbiro. La Paz (3600 m.) sortu zen lehenago, bailararen magalean, behean, goiko lautadako haize eta klima gogorretik babestuta (urrea ere aurkitu omen zuten espainiarrek ibaian). Kokapena ikusgarria da, munduan antzeko hiririk ez dago. Gero El Alto (4000 m.) etorri omen zen, herrietatik hurbildutako nekazari indigena pobreekin osatua. Miloi bat biztanle inguru ditu eta diotenez Boliviako hiririk dinamikoenetakoa da gaur egun.

Gauza bitxi bat: ez dago ez La Paz-en ez El Alton txabola-auzorik Buenos Aires edo Montevideon bezala. Dena adreilua da, adreilu gorria bistara, zuriberritzerik gabe (gehienetan). Izan ere, hori da bi hirien ezaugarri bat (El Alton nabarmenagoa), adreilu biluziak El Alto-ko lautadari eta La Paz-eko mendi magalei ematen dien kolore gorria. Lehen begiratu batean zaila egiten zaio atzerritar bati auzo pobreak edo baztertuak zeintzuk diren igertzea. Beharbada alde handirik ez dagoelako batetik bestera. Auzo aberatsak, ordea, bai, berehala antzematen dira: hegoaldekoak dira. Zenbat eta beherago orduan eta aberatsago, hori da hemengo araua.


Lehengo batean, Camacho merkatuaren inguruetan nenbilela, deigarria egin zitzaidan argazki bat ikusi nuen. Handia zen, kartel publizitario baten tamainakoa eta bertan jende multzo bat ageri zen, itxura batera elkarretaratze, manifestazio edo halako kale bilkura batetan parte hartzen ari zena. Zuribeltzeko irudia gertutik hartua zen eta aurpegiak erakusten zituen garbiro. Orrazkerak eta janzkerak 70eko urteak ekartzen zituzten gogora. Irudian deigarriena, ordea, nire atentzioa instantera bahitu zuena, erdi-erdian dagoen gizon txuria da, edo hobeto esanda haren aurpegiera, haren begirada. Hain da ezohikoa begirada hori non bereizi egiten baitu gizona bere inguruan dauden kideengandik, bera aparte eta bakarrik utziz (ez da bera kamerara begira dagoen bakarra). Ez da erraza begi horietan zer dagoen esatea, harridura baino askoz gehiago, kameraren atzean dagoen zerbait ikusi balu bezala, berak bakarrik ikusi dezakeen zerbait, une jakin horretatik baino haratago dagoen zerbait. Irudiaren azpian idatzita zegoena irakurri nuen gero: "Luis Espinal vives en el pueblo. 1980-2010"


"El Padre Luis Espinal Camps (Lucho Espinal) nació el 2 de febrero de 1932 en la ciudad de San Fruitòs de Bages, cerca de Manresa España. En agosto de 1949 ingresa en la Compañìa de Jesùs y se ordena como sacerdote en julio de 1962en la ciudad de Barcelona. Fue enviado Bolivia como misionero, donde luchó por la defensa de los Derechos Humanos.
Entonces se desempeñó como sacerdote Jesuita, Cineasta, Comunicador Social y Radialista en su labor pastoral en Bolivia. Sus posturas contrarias a las dictaduras y su apoyo a los movimientos mineros, especialmente a las huelgas anti-dictatoriales de trabajadores y sus esposas, encabezadas por Domitila Chungara, le valieron enemistades durante el gobierno defacto de Luis García Meza Tejada. Luis Espinal fue detenido por paramilitares y torturado, siendo brutalmente asesinado finalmente el 21 de marzo de 1980. Dicho asesinato había sido planificado, en enero de ese año, por el propio García Meza, junto a Luis Arce Gómez y Guillermo Moscoso". (Wikipedia)

sábado, 24 de julio de 2010

Iquique (Txile). 2010eko uztailak 24



2010eko uztailean Uyuniko gatz-lautada zeharkatu eta Boliviatik Txilera sartu nintzen beste behin ere, Cancosa herritik oraingoan. Altiplanotik kostaldera jaitsi nintzen ondoren, Txileko nitratoaren historiak, eta, batez ere, Iquique hiriak erakarrita. Ondorengo testua hantxe bertan idatzi nuen, Iquiquen.

Uyuni (Bolivia) - Iquique (Txile): 9 gau, 10 egun, 420 km. Nondik nora: Uyuni - Incahuasi uhartea (Uyuniko gatz-lautada) - Llica - Belen - Bellavista - Cancosa (Txile) - Lirima - Collacagua - Laguna/Salar Uhasco - Pozo Almonte - Iquique


Señoras y Señores
venimos a contar
aquello que la historia
no quiere recordar.
Pasó en el Norte Grande,
fue Iquique la ciudad.
Mil novecientos siete
marcó fatalidad.
Allí al pampino pobre
mataron por matar.

Luis Advis

Pregón
Cantata Santa María de Iquique


Hiri arraroa da Iquique, badu zerbait -eta ez dakit ondo zer den- nigan halako egonezin lauso bat, arrengura arrasto bat, eragiten duena. Dena nahasia da hemen, molde garbirik gabea: geografia (desertua, itsasoa eta mendi mortuak, elkarren ondoan); historia hurbila (Peruko lurraldea izan zen Iquique 1879. urtera arte, Pazifikoko Gerraren eszenatokia eta Txileko portua gero); ekonomia ( salitrearen hiria lehendabizi, arrain-irinarena ondoren, zergarik gabeko gune frankoa, gaur egun); arkitektura eta kaleen eitea (hiri zarpaila eta kalamastra batzuetan, glamour zaharkitu batez hornitua bestetan, modernitatearen irudia ere aldizka agerian).

Iquique Txileko iparraldeko kostan dago, Atacamako desertuan, 200.000 biztanle pasatxo ditu. Kokapena berezia da: Cuesta del Toroko aldapa marroi eta idorretan behera nindoala ikusi nuen Iquique, lehenengo aldiz, orain dela bi egun. Handik, urrutitik, hondarretan utzitako umezurtza iruditu zitzaidan, hiri triste bat. Haren atzean itsasoaren urdina ageri zen. Oker nengoen, hala ere, ez zen Iquique une hartan begien aurrean neukana -gero konturatu nintzen- bere bikia baizik: Halto Ospicio, 600 metroko itsas-labarraren gainean dagoen hiri anaia. Iquique behean dago, amildegiaren oinean, hondarrezko pareta erraldoiaren eta itsasoaren arteko zerrenda estuan giltzapetuta.

Gaur goizean Astoreca jauregia bisitatzen izan naiz. O’Higgins kalean dago eta XIX. eta XX. mendeen bueltan hemen jaso ziren luxuzko etxebizitzen etsenplu ederra da, gaur egun kulturetxe eta museo bihurtuta. Georgiako estiloan egina, bi solairu ditu, balkoiak eta balaustradak, 37 gela haundi, antzinako altzari landuak, ispilu handiak, brontzezko lanparak, gortina astunak... Bakarrik nengoen eta lasai ibili naiz gelaz gela. Egurrezko zoruei argizariaren usaina zerien eta nonbaiteko bozgorailuetatik giro harekin oso bat zetorren musika klasikoa aditzen nuen. Geletako batean jauregi hura jasotzeko agindua eman zuten senar-emazteen erretratuak ikusi ditut. Bertan idatzitako testuak zioenez, gizona -Astoreca- Espainiako merkataria zen; emaztea - Felisa Granja- salitreko familia aberats baten alaba. Salitrea: erreparatu diezaiogun hitz horri, gako asko argitu dizkigu-eta; hari esker ulertu dezakegu garai hartako Iquiqueko eta Txileko historia, eta baita Astoreca jauregia -eta haren antzekoak- altxatu zituen aberastasunaren jatorria ere.

Salitrea edo beste modu batera esanda Txileko Nitratoa, desertu hauetako urrea: XIX. mendean eta XX.aren hasierako hamarkadetan bera izan zen -ongarri artifizialak aurkitu zituzten arte- eskualde honetako eta Txileko ekonomiaren ardatza. Urre txuri horrek gerra bat piztu zuen (Pazifikoko Gerra, 1879-1884. Txilek Peru eta Boliviari kendu zizkien lurralde hauek) eta geroxeago Astoreca bezalako jauregiak jaso zituen. Iquiquetik gertu, desertuan sakabanatuta, antzinako nitrato-meategi edo faktoria haiek daude -Oficinas Salitreras-, gaur egun abandonatuak. Iquiquera heldu baino lehen haietako bi bisitatu ditut, Humberstone eta Santa Laura. Gaur iraganaren oroigarri herdoilduak dira baina garai haietan, 1940. urtera arte, Txileko historia han idatzi zen. Hiri txikiak eta biziak omen ziren: kaleak zituzten, enparantzak, dendak, eskolak, hotelak, garaiko artista handiak hartzen zituzten antzokiak... Humberston-en, esaterako, 3500 biztanle pasatxo bizi ziren: pampinoak gehienak -salitreko langileak- eta aldamenean haien nagusi ingles eta txiletarrak. Bisita horietan gauza bitxi batek eman zidan atentzioa: langileei ez zieten diruz ordaintzen baizik eta "fitxekin". Salitrera bakoitzak bere fitxak zituen eta bertako pulperietan (dendetan) bakarrik erabili zitezkeen, elikagaiak eta beste oinarrizko artikuluak erosteko. Hori izan zen 1907ko abenduko greba handian langileek plazaratu zituzten eskakizunetako bat: lanaren truke egiazko soldata, egiazko dirua alegia, jasotzea.

Astoreca jauregia nire hoteletik (Hostal Sol del Norte, aurkitu dudan merkeena) kale gutxitara dago. Baina are gertuago dago Santa Maria eskola. Santa Maria, eskola bat da orain -itxita dago- eta eskola bat zen 1907 urtean ere. Izan ere, urte hartako abenduan milaka langile eta haien familiak (10.000-12.000) salitrerak utzi eta Iquiquera etorri ziren. Greban zeuden eta Santa Maria eskolan eta bere inguruetan bildu ziren. Hona hemen zer eskatzen zuten:

-Aceptar que mientras se supriman las fichas y se emita dinero sencillo cada Oficina representada y suscrita por su Gerente respectivo reciba las de otra Oficina y de ella misma a la par, pagando una multa de $ 50.000, siempre que se niegue a recibir las fichas a la par.
-Pago de los jornales a razón de un cambio fijo de 18 peniques. Libertad de comercio en la Oficina en forma amplia y absoluta.
-Cierre general con reja de fierro de todos los cachuchos y chulladores de las Oficinas Salitreras, so pena de pagar de 5 a 10.000 pesos de indemnización a cada obrero que se malogre a consecuencia de no haberse cumplido esta obligación.
-En cada oficina habrá una balanza y una vara al lado afuera de la pulpería y tienda para confrontar pesos y medidas.
-Conceder local gratuito para fundar escuelas nocturnas para obreros, siempre que algunos de ellos lo pida con tal objeto.
-Que el Administrador no pueda hacer arrojar a la rampa el caliche decomisado y aprovecharlo después en los cachuchos.
-Que el Administrador ni ningún empleado de la Oficina pueda despedir a los obreros que han tomado parte en el presente movimiento, ni a los jefes, sin un desahucio de 2 a 3 meses, o una indemnización en cambio de 300 a 500 pesos.
-Que en el futuro sea obligatorio para obreros y patrones un desahucio de 15 días cuando se ponga término al contrato.
Este acuerdo una vez aceptado se reducirá a escritura pública y será firmado por los patrones y por los representantes que designen los obreros. (Wikipedia)


1907ko abenduko 21ean Txileko armadak tiro egin zuen grebalarien kontra. Hori izan zen agintariek eta salitreko nagusiek eskakizun haiei emandako erantzuna. Ez da jakiten, eta ez da sekula jakingo, zenbat hil ziren. Hobi komun batean lurperatu zituzten denak. 150 diote batzuek; 2000 edo 2500 beste askok. Cantata de Santa Maria de Iquique musika-lan ospetsuan aipatzen den kopurua altuenetakoa da: 3.600 hildako. Jakin badakigu, ordea, gerrako armak erabili zituztela babesik gabeko jendetzaren kontra, ahalik eta minik handiena egiteko helburuarekin. Eta badakigu, halaber, nor zegoen soldadu haien buru, nork eman zuen krimen hura burutzeko azken agindua: Roberto Silva Renard generalak (1).

Sarraskiaren lekuko batek, Nicolás Palacios idazleak, honela narratu zuen greba-batzordeko buruak hil eta gero gertatutakoa:

" (el fuego graneado) fue tan vivo como el de una batalla, las ametralladoras producían un ruido de trueno ensordecedor y continuado (...) La fusilería, entre tanto, disparaba sobre el pueblo asilado en las carpas de la plaza y a los que huían desatentados del centro del combate (...) Callaron las ametralladoras y los fusiles para dar lugar a que la infantería penetrase por las puertas laterales de la escuela, descargando sus armas sobre los grupos de hombres y mujeres que huían en todas direcciones. Entre seis y siete mil huelguistas fueron llevados a la fuerza al Hipódromo, convertido en una especie de campo de concentración"

Hona hemen beste bi testigantza:

"A los cinco minutos el general Silva Renard hizo funcionar las ametralladoras desembarcadas del O’Higgins esa misma mañana y barrió la Plaza y la escuela. Sólo funcionaron un minuto, pero estaban tan apiñada y desprevenida la gente, que más de setecientas personas, en su mayoría mujeres y niños murieron bajo la metralla implacable. Fue tal la premura de Silva Renard que unos ocho soldados que habían entrado a la Escuela Santa María a notificar la orden de desalojo no alcanzaron a salir a tiempo y cayeron también bajo las balas." (Carlos Vicuña. La Tiranía en Chile. Santiago: Editorial Universo, 1938).

"Según el testimonio de mi padre Armando Jobet Angevin, que era suboficial del Carampangue en ese entonces, calculó que las bajas alcanzaron a 2.000 pues a él le correspondió el primer turno de entrega de cadáveres contando 900. Hombres, mujeres y niños estaban rebanados por las ametralladoras. Entre los incidentes curiosos de esta nefasta jornada destaca el que se relaciona con la negativa de un sargento primero a cargar con su pelotón de lanceros sobre la masa indefensa. Dio orden de retirada a sus hombres (139)." (Julio César Jobet. Desarrollo Económico y Social de Chile. México: Casa de Chile, 1982).


Azken finean, hauxe da egia: Astoreca jauregia ez zuen bakarrik salitreak jaso. Ez salitreak, ez beste ezein altxorrek, ezin dute berez halako oparotasunik sortu. Beste zerbait behar da horretarako: lagun hurkoaren mixeria. Baita odola ere, kasu askotan.

Ezer gutxi dago gaurko Iquique hirian sarraski hura gogorarazten duenik. Astoreca jauregian ezer ez. Baquedano kalean dagoen Museo Regional delakoan ere ezer ez, nahiz eta salitreari eta salitrerei eskeinitako gela pare bat eduki. Bertara sartzerakoan eman didaten eskuorriak, ordea, aipamen labur eta orokor bat egiten du gertaera haien gainean: 1907ko urte tragiko hartan museoa dagoen eraikina udaletxea zela esaten du. Eta, Santa Maria eskolan? Gaurko eskola zementuzko eraikin handia da, urdin kolorekoa, eta hutsik dago, bertan behera utzita. Mercado Centenario  merkatu zaharraren parean dago. Inguruko kaleak oso herrikoiak dira, dendak eta hotel merkeak ugariak, mugimendua handia, autobusen geltokia ere han, ondoan, da. Eskolaren albo batean, Ariztia izena duen supermerkatuko atearen parean, oroitarri bat dago, han hil zituztenen omenez eraikia. Non dagoen eta zertaz ari den aurretik ez badakizu, zaila da aintzat hartzea. Hormetan zenbait mural eta pintada zaharrek ere langile haiek oroitzen eta omentzen dituzte.
Hala dirudi, Iquiquek ahaztu egin duela gertatutakoa, edo ez diola hainbesteko garrantzirik ematen. Edo, zeinek daki, lotsatu egiten dela, ez dakiela oraindik nola begiratu iraganaren atal hari.

Urte luzez -orain dela egun gutxi arte- nik zera uste izan nuen: hiri honetako izena, izen osoa, Santa Maria de Iquique zela, eta ez Iquiqe bakarrik. Oker nengoen eta okerraren jatorria azalduko dut: Cantata de Santa Maria de Iquique zuen izena Quilapayun musika-taldearen disko batek, gertaera haiek narratzen zituena, eta disko hori behin baino gehiagotan entzun izan genuen guk 70eko hamarkadan, artean nerabe ginela, Gasteizko gure auzoan. Hunkituta entzun ere. Zeren, nahiz eta oso urrutiko eta oso aspaldiko kontuak izan Quilapayunek kantatzen eta kontatzen zituenak, guk ondo ulertzen genituen hitz haiek, ez zitzaizkigun arrotz egiten. Izan ere, 70eko hamarkadako bigarren erdi hartan gure hiriko langileen borrokak ere oso gogoan genituen. Iquiqueko Santa Maria eskola eta Gasteizko San Francisco eliza bat egiten ziren gure bihotz-buruetan (2). Quilapayunen  Cantatak eta Luis Llach-en Campanades a Mort-ek historia bertsua kontatzen ziguten (3). Hitz haiek, hil kanpai haiek, denengatik ari ziren joka. Lluis Llach-en oihu hartako samina eta amorrua gureak ere baziren, gureak dira oraindik ere:


"Assassins de raons, de vides,
que mai no tingueu repòs en cap dels vostres dies
i que en la mort us persegueixin les nostres memòries!!"


(Arrazoien eta bizitzen hiltzaileak,
ez dezazuela egun bakar batean bakerik aurkitu,
eta heriotzean ere gure oroimena zuen kontra jazarri dadila!!)


(1) Uno de los tantos acribillados en la Escuela Santa María fue un ciudadano español de nombre Manuel Vaca, obrero de la oficina salitrera Jaspampa. Su medio hermano, el supuesto anarquista Antonio Ramón Ramón quiso hacer justicia por sus propias manos. El 14 de diciembre de 1914 a las 10.15 de la mañana, cuando el general Silva caminaba por la calle Viel, en las proximidades del Parque Cousiño... fue atacado por la espalda. Recibió varias heridas que lo mantuvieron enfermo por varios meses, y que motivaron su retiro (Wikipedia).

(2) 1976ko martxoaren 3an, Gasteizen eta greba orokor baten testuinguruan, bost langile hil zituen tiroz espainiar polizia militarrak eta 150 zauritu Zaramagako San Frantzisko elizaren inguruetan. Orduko segurtasun-indarren burua Manuel Fraga Iribarne ministroa zen.
1976ko urtarrilean 6.000 langile inguruk soldatak mugatzen zituen dekretua salatzeko eta haien lan-egoera hobetzeko greba hasi zuten. Bi hilabete geroago, martxoaren 3an, hirugarren greba orokorrera deitu zuten, langileen aldetik erabateko jarraipena izan zuena, hainbestekoa ezen hedabide ofizialek ere grebaren jarraipena %80koa izan zela onartu zuten. Goizeko lehen orduetatik poliziak manifestazio guztiak gogotik erreprimitu zituen. Arratsaldeko bostetan, langileak batzar bat egiten ari zirenean Zaramaga auzuneko San Frantzisko elizan … polizia militarrak —grisak— langileak irtenarazi zituzten gas negar-eragilea erabiliz, esparrua itxia izan arren. Elizaren kanpoaldean… poliziak, pistolaz eta metrailetaz tiro eginda, 150 pertsona zauritu eta 5 langile hil zituen. Haietako bi, tokian bertan hil ziren; beste hirurak, berriz, zauri larrien ondorioz ondorengo egunetan ospitalean. (Wikipedia)


(3) Lluis Llach kantautore katalanak kanta hunkigarri bat konposatu zuen istiluen gau berean. Campanades a morts deritzo, eta 1977an Mendizorrotzako polikiroldegian eman zuen lehen aldiz Mikel Laboak lagunduta. Gasteizko Araba Pabiloian berriz jo zuen hilketen 30. urteurrenean, Donostiako Orfeoiarekin batera. (Wikipedia) 
www.youtube.com/watch?v=cyErfhr8R-c)

sábado, 10 de julio de 2010

Uyuni (Bolivia). 2010eko uztailak 11

San Pedro de Atacama (Txile) - Uyuni (Bolivia): 10 gau, 11 egun, 460 km. Ibilbidea: San Pedro de Atacama - Laguna Blanca- Laguna/Salar Chalviri (Polques) -Laguna Colrada - Laguna Coloradako ipar ertza - Sulor - Capina (mehategia)- Villamar (herria, txikia, polita) - Alota (herria) - Uyuni (herri handia).

Zeru altuan zegoen jaunak
egina zuen mundua
sei egunetan izerdi patsez
moldatu eta ondua
zazpigarrenez deskantsatzia
atera zuen kontua
izadiaren igeltserua
etzen batere tontua.

Xabier Lete



"Erretxin samarra izaten zara batzuetan baina purrustadak purrustada eta zalantzak zalantza, merezi zuen Eduardo Avaroara etortzea, merezi zuen bide hauek aukeratzea". Hori, edo antzeko zerbait, pentsatzen nuen pasa den ekainaren 27an, Laguna Blanca eta Laguna Chalviri bitartean dagoen 4700 metroko mendatearen gailurrean. Aho zabalik nengoen eta ez bakarrik aire faltagatik. Eta poz-pozik ere bai. Alde batetik, egun hartako nire gailurtxoa jo izanak ematen zidan poza sentitzen nuen ( gainera ez zen gailur hura nolanahikoa izan, ahalegin handia eskatu zidan, batez ere haize bortitzari luzaroan gogor egin behar izan niolako); bestetik miretsita nengoen begietan neukan ikuspegiagatik. Munduak berria, ikutu gabea, ematen zuen gain hartatik. Ederra zen, izan ere.
.......................................................................................

Ekainaren 24ko goizean abiatu ginen San Pedro de Atacamatik Neil, Harriet eta hirurok. Argentinako mugarantz doan errepide asfaltatua (Jama) hartu eta arratsa baino lehentxoago kanpatu genuen, Licancabur sumendi bikainaren azpian, 4140 metroko altueran. 1700 bat metro igo genituen egun hartan eta ez ziren denak, egia esan, samur-samurrak izan, aldapak %eko 8tik 10era bitarteko portzentaiak dituelako tarte luzeetan. Biharamunean ere goiz ekin genion aldapari eta 4650 metro inguruan bide nagusia utzi eta ezker hartu genuen Boliviako mugarantz, Juriques sumendia -Licancaburen anaia "itsusia"- inguratzen duen lurrezko pista batetik. Aldapan behera 5 kilometro egin ondoren Boliviako emigraziora iritsi ginen: langa bat eta txabola baten itxura zuen etxetxo soil bat ordeka mortuaren erdian; kanpoan Boliviako bandera txiki bat, haizeak astintzen zuena, eta llama banaka batzuk; urrutiago mendi eta muino marroiak, ilunak, mortuak haiek ere, bat ere zuhaitz eta landarerik gabeak. Ez zen inor ageri. Soinu bakarra haizearena zen. Atea pare bat aldiz jo eta bi ofizialek, bi gizon gaztek, ireki ziguten. Gizabide osoz hartu gintuztez, serio eta profesional (txiletarrak ematen zuten ia). Gure pasaporteetan zigilu berriak jarri eta minutu gutxitan egin beharreko guztiak burututa zeuden. Kanpora ostera atera eta aurrera jo genuen, aldapa behera txikian berriro ere. Laster bidearen ezkerrean zegoen txartel zahar batek Eduardo Avaroa parke nazionalera sartzen ari ginela eman zigun aditzera. Laguna Blanca berehala azaldu zitzaigun, aurrean, sakonune batean: txundituta nengoen, egiatan txuri-txuria zen, ura barik esnea edo gatza balu bezala.
.........................................................................................

"Hoy o mañana va a nevar, lleva ya dias queriendo nevar, estas nubes y este viento...". Gaur goizean Maximak bota dituen -guk aditu dizkiogun- lehen hitzak izan dira. Maxima Laguna Blancaren aurre-aurrean dagoen aterpeko arduradun andrea da (Colque aterpea). Geu gara haren bezero bakarrak. Aintzira -Laguna Blanca (4350 m.)- erdi izoztuta dago eta hemendik, bertatik bertara ikusita, bi kolore antzematen zaizkio: zuria eta berde argi bat. Haizea: uluka dabil kanpoan, gau eta egun. Ez genuen hori espero, mendebaldeko edo ipar-mendebaldeko haize zakar hori ustekabeko oztopoa izan daiteke gure bidean. Hodeiak ez zaizkit hain beldurgarriak iruditzen. Kanpoan hotz da baina eguzkiak bete-betean jotzen du aterpeko kristalera luzean eta haren atzean gu goxo-goxo gaude, negutegi batean bezala. Gauez, egurrezko estufaren arrimuan, Maximak harro esaten digu alaba bat daukala Santa Cruzen eta odontologia ikasketak egiten ari dela, laster bukatuko dituela. Maxima Orurokoa da, andre umila, hemengo enplegatu bat. Gogor egin du lan azken 8 urtean ikasketa horiek ordaintzeko. Beharko du bere alabaren laguntza, pentsatu dut, hortz askotxo falta zaizkio-eta.
.....................................................................................................

Atzo Laguna Blancari bira eman nion (19 bat km.) eta Laguna Verderen aldamenetik ere (arsenikoak ematen omen dio kolore hori) igaro nintzen. Gaur, ekainak 27, Maximari, eta Neil eta Harrieti, agur esan eta goiz atera naiz aterpetik, Laguna Chalviri-ra iristeko asmoarekin. Neil eta Harrietek Licancaburrera igo nahi dute eta bi egun oso beharko dituzte, gutxienez, horretarako, horregatik bereizi gara. Baina ziur asko topo egingo dugu berriro aurrerago. Aintziraren eskumaldetik abiatu naiz eta erraz egin ditut hasierako kilometroak. 9ak inguruan, ordea, haize bortitz-bortitza atera du, aurpegikoa, eta hortik aurrera dena izan da nekea eta borroka. Bidea ere ez zen ona, hondarsua eta uhindua maiz samar ("calamina" edo "serrucho" esaten diete hemen uhin horiei). Astiro-astiro egin dut aurrera, burumakur, ahaleginean, haizearen orroa belarrietan. Besterik entzun gabe, besterik sentitu gabe, hots amorratu horrek dena betetzen zuen, kanpoko eta barruko zirrikitu guztiez jabetua zirudien. Aldian behin, turisten landroverrak nire ondotik igarotzen ziren hondarra eta hautsa zurrunbiloka harrotuz. Hutsik zihoan kamioneta bat gelditu zait, halako batean, ondoan, eta keinuz igotzeko esan dit. Eskerrak eman dizkiot gidariari -ezezkoarekin batera- eta aurrera jarraitu du. Baina une horretan amore emateko zorian egon naiz, Txilera bueltatzeko zorian. Gelditu eta atzera begira jarri naiz: "Hemendik ezin badut, lur hauek ez banaute nahi, San Pedro de Atacamara itzuliko naiz eta handik Iquiquera joko dut, lehen pentsatu bezala. Haize hau bizkarrean dudala ziztuan iritsiko naiz Jamako errepidera. Gaur bertan San Pedron egon ninteke bueltan", horixe pentsatu dut ahituta, purrust batean. Bai, hortxe-hortxe egon naiz, Eduardo Avaroari agur esateko hari-harian, benetan tentatuta. Haizeagatik eta nekeagatik jakina, baina bai halaber parke nazional ospetsuari, artean, errezelo apur batekin begiratzen niolako. Baina atzera egitea ez da sekula samurra izaten, ezta haizea alde edukita ere. Zirt edo zart egin beharreko horretan beste ahots batek irabazi du, azkenean, lehia: "eutsi, ez etsi, segi aurrera!" zioenak. Eta aurrera segitu dut, bizikleta gainean ahal bezala batzuetan, oinez eta bultzaka gehiagotan, haizearen amorruari neure amorruarekin gogor eginez. Gisa horretan 7, 8 edo 10 km egin ondoren bideak bira handi bat egin du eskumarantz eta haizea alboan eta atzean jarri zait. Hantxe hasi da mendateko igoera eta aurrerantzean dena errezagoa izan da. 5 edo 6 km geroago gailurrean nintzen, lepo zabal batean (Laguna Blancatik 22.5 km). Han goian haizeak ahulago jotzen zuen eta gelditu eta ingurura lasaitasunez begiratzeko aukera izan dut, egun hartan lehenengo aldiz. Aho zabalik nengoen eta ez bakarrik aire faltagatik...

Eta otu zait "izadiaren igeltseruak" (aspaldiko kanta bat bueltaka hasi zait buruan une horretan, halabeharrez) material eta kolore gutxi batzuekin artelan ederra egina zuela bazter hartan. Materialak: mendi eta muino borobilduak, harria, hondarra, belar ziztrin batzuk, elur pixka bat. Koloreak: marroiak, laranjak, gorriztak, txuri-berdeak (urrutiko gailur batean) eta, jakina, zeruko urdin garbia. Mundu mineral eta huts hartan ez zen besterik eta ez zen besterik ere behar, bikaina zen bere horretan. Mundu honetakoa ez den zerbait daukate Boliviako lur altu eta bakartu haiek, mundu honetan hain arrunta ez den zerbait bai, behintzat. "Hasierako mundua, akaso, honelakoxea izan zen, jatorrizko mundu aratz gizakirik gabeko hura...", bururatu zait, "...gero Adan eta Eva etorri omen ziren eta oso ilunak diren arrazoiengatik Bilbora herbesteratu behar izan zuten. Eta geroztik denok gara bilbotar eta errari gabiltza, bidez-bide eta gainez gain, hasierako istant zoriontsu haiek nolabait berritu nahirik, perfekziozko obra hura gogoan dugula oraindik..."

Landrover bat pasa da ziztuan nire ondotik, hondarra eta hautsa harrotuz. Eta artean haize pixka bat zebilenez, eta ni bidearen okerreko aldean nengoenez, laino zikinak goitik behera bildu nau. Paradisua zirriborratu zait, gogoeta mistikoek beste arruntago -eta zakarrago- batzuei egin diete leku eta ni ostera Bilbora bihurtu naiz. Bai, ezin patu horri luzaroan ihes egin, onerako eta txarrerako bilbotar peto-petoak gara, munduko mendirik altuenetara igotzen gara bizia arriskatuz, eta gero zaborra maldetan utzita bueltatzen gara etxera. Autoa urrutian da jadanik, presaka doa, hauts zurrunbiloa besterik ez dut ikusten honezkero. Egitaraua bete beharko du eta daitekeena da atzeratuta ibiltzea. Hiruzpalau eguneko bidaia egiten dute turisten auto horiek, zirkuitu zabal bat San Pedrotik edo Uyunitik abiatuta. Zenbat kilometro bide kaskar hauetan barrena? Mila? Mila baino gutxixeago? Mila baino askoz gehiago? Horrelako zenbat igarotzen dira egunero hemendik? 20, 30, 40? Non gelditzen dira? Zenbat denbora ematen dute toki horietan? Egitarauak zehazten ditu, nonbait, gorabehera horiek. Zer ikusten dute kristal eta metalezko kutxaren barrutik? Irudi iheskorrak baino beste zerbait? Haizerik gabe, nekerik gabe, norberaren autonomia besteren esku utzita, esan al daiteke hemen egon direla? Agian bai. Sentsibilitatea ez du bizikleta batek berez ematen eta sentsibilitatea daukanari ez diote dohai hori auto eta abiadura pixka batek zapuztuko. Baina nago zailagoa dela, askoz zailagoa, mundura modu horretan hurbiltzea. Eta, bestalde, ez al dabil gure artean -bizikletaz gabiltzanon artean ere bai- oso zabalduta halako tema bat, halako uste bat, nahi dugun tokira kosta ahala kosta iristeko eskubidea daukagula esaten diguna?

Denak ez dabiltza hain presaka. Duela minutu gutxi, aldapan gora honuntza nentorrela, landrover horietako bat nire ondoan gelditu da. Lehiatila jaitsi eta gidariak zer-edo-zer behar ote nuen galdetu dit. Boliviarra zen, jatorra, irribarre egiten zuen zabal. Hizketalditxo bat egin dugu minutu pare batez. Bitartean atzeko bidaiarien argazki makinak sumatu ditut nigana zuzenduta. Atsegina izan da gidariaren jarrera, lagunkoia. Estimatzen ditut bera bezalakoak.

Gehienetan oso jende gaztea izaten da jeep horietan dabilena, Europakoa, Iparamerikakoa, Australiakoa... inglesa da haien arteko hizkuntza nagusia (ez bakarra). Gaur hemen daude eta agian bi aste barru beste tour bat egiten egongo dira Boliviako edo Hegoamerikako beste toki batean. Eta datorren urtean beste antzeko bat egingo dute munduko beste kontinente batean. Neil eta Harriet ere halatsu ibili ziren urte askotan. Duela 8 urte hemen izan ziren, jeep horietako batean, eta uste dut Eduardo Avaroak ez ziela aparteko zirrararik egin. Daitekeena da orain diferente izatea. Mundu aberatsaren seme-alabak dira. Bidaiatzea dibertsiorako eta sozializaziorako bitartekoa da. Kontsumo-gizartean bidaia ez da salbuespena, beste kontsumogai bat da. Zer gogoratuko dute hemendik urte batzuetara Boliviaz? Ze marka utziko die munduak, alderik alde ibiltzen duten mundu horrek? Ze marka utziko digu gu guztioi?

Rolando Coria medikuarekin gogoratu naiz bat-batean. Rolando Ivana Coriaren aita da, aspaldiko urteotan munduan zehar bizikletaz dabilen neska argentinarraren aita, alegia. Ni Ivanarekin ez naiz aurrez-aurre sekula izan, baina haren -eta interneten- bitartez Rolando ezagutu nuen eta hiru egun benetan atsegin pasa nituen bere etxean, orain bi hilabete. Rolando herri txiki eta lasai batean bizi da, Ande mendien oinean. Izan ere, Agua Negrako mendatea zeharkatu eta huraxe izan zen Argentinako aldean topatu nuen lehen herria. Rodeo du izena. Ikaragarri gustatu zitzaidan inguru hura, gainera udazken beteko giroa zegoen egun haietan. Iluna, ia beltza da lur zabal eta bakarti hura, baina urrutiko gailurretan elurraren zuria ageri zen eta gertuago, han-hemenkako zuhaiztietan, osto horituek urrearen distira zuten. Koloreon kontrastea bortitza zen, bikaina. Uste dut lehenago ere esan dudala beste nonbait baina berriro esango dut badaezpada ere: Argentina eta bere jendea harribitxi bat dira eta Argentina goitik behera zeharkatzen duen Ruta 40 famatua ametsa zikloturista batentzat.
Rolando bakarrik bizi da eta sukaldari ona da. Gau batean, oilaskoa garagardo saltsan afaltzen ari ginela, bere alabaren historia kontatu zidan pixka bat. Ivana haur-psikologian lizentziatu zen eta arlo horretan lan egin zuen hainbat urtez. Gogoko zuen lanbidea baina nahi, desio baten tiradizo bortitza ere sentitzen zuen: arima ibiltaria zen, nonbait, berea, eta munduak dei egiten zion. Eta dei horri forma zehatz bat ematea erabaki zuen noizbait: munduari itzulia emango zion bizikletaz. Urte batzuk joan dira harrezkeroztik eta hor barrena dabil oraindik, bidez-bide (www.elmundoenbici.biketravellers.com ). Tibeten zebilela, Everest menditik gertu, Harry ezagutu zuen. Harry holandarra da eta hiru aldiz zapaldu du Everesteko gailurra. Eta ez beti plazer hutsez. Bezeroak eramaten zituen bertara. Hain zuzen ere, topo egin zutenean horretan ari zen, lanean. Orain ez. Ivana ezagutuz gero mendia utzi du. Orain berarekin dabil bizikletaz.
Rolandok Harryk idatzitako liburu bat erakutsi dit, bere Everesteko esperientziak narratzen omen dira bertan. Zoritxarrez holandesez dago idatzita (hitzaurrea izan ezik, inglesez) eta, beraz, jai daukat nik. Baina argazkiak arretaz aztertu ditut eta mapak ere bai. Aurkitu ditut, mapa horietan, nik 2002. urtean ibilitako bideak, herriak, 5000 metroko goi-mendateak.
Oso pertsonaia interesgarriak iruditzen zaizkit hirurak, Rolando, Ivana eta Harry. Eta bezeroak? Zeintzuk ote dira Everestera diru truke -diru askoren truke, noski- igo nahi duten lagun horiek, gailur hura kosta ahala kosta zapaltzeko prest daudenak?
Rolando eta Ivana Coria etorri zaizkit gogora, ustekabean. Inoiz Rodeotik bizikletaz pasatzen bazara galdetu hospitalean Rolando Coria mediku pediatragatik. Ondo hartuko zaitu.

Laguna Chalviri (Polques izenarekin ere azaltzen da mapetan) aintzira eta gatz-lautada da, biak batera. Ura eta ur putzuak gatzaren zuriarekin nahasten dira. Toki ederra, inondik ere. Zoko batean, muino batzuen babesean, etxe berri samar bat dago "comedor" esaten diotena. Landrover ia guztiek kera bat egiten dute hor, eta ez bakarrik otorduetan: etxearen aurrean, aintziraren ertzean, ur beroak daude, ur beroko putzu edo igerileku txiki bat. Bainu bat hartu dut bertan ilundu baino lehen. Gero afaltzera abiatu naiz. Gelditu ninteke bertan gaua pasatzera, ez dago arazorik, hori esan didate jantokiaz arduratzen diren senar-emazteek. Aholku bat ere eman didate: "Bihar oso goiz abiatzea komeni zaizu, argitu orduko. Haizea lasaiago dabil-eta ordu horietan". Quetena Grandekoak dira biak(Quetena Grande Eta Quetena Chico herriak arduratzen dira parkearen kudeaketaz). Andrea, hemengo gehienak bezala, altiplanoko emakumeen eran jantzita doa: kapela buruan, ile korda luzeak bizkarretik behera zintzilik, gona zabala ("pollera"). Esan didatenez jantokia orain dela sei urte eraiki zuten eta komunala da, Quetena Grandeko herria da jabea eta txandaka etortzen dira bertakoak lanera.

Egun luzea, betea eta zaratatsua ere (haizeagatik) izan da gaurkoa. Baina orain, ilundu ostean, altiplanoa isilik dago. Landroverretako jendea beste nonbaitera joan da lotara, haizea baretuxe dago. Gu hirurok beste inor ez dabil Laguna Chalviriko inguruotan. Nire gelako leihotik ilargi beteari so egiten diot. Aintziraren gain-gainean dago eta haren argia ur eta gatz putzuetan islatzen da. Distira txuriak eta itzalak Boliviako gauean. Bilbotik hain urrun...
...................................................................................................................
Borax-ezko Ilargia

Capina (meatzarien kanpamendua. Ekainak 30)

Eraikin multzo bat, txikiak denak, umilak, soilak, lurraren kolore gris bera hormetan dutenak, horixe da Capina, Boliviako goi-ordeka lehor eta hotzean, 4400 metro inguruko altueran dagoen meatzarien kanpamendua. Hiru edo lau kilometro haruntzago, Villamar herriko norabidean, Capinako gatz-lautada dago eta hara abiatzen dira goizero, boraxa ateratzera, hemen bizi eta lan egiten duten berrogei bat meatzariak. Pikotxekin abiatu ere haietako asko, "meatzaritza tradizionala" da-eta hemengoa. Boraxa Txileko muga ondoan dagoen Apachetako instalazioetara eramango dute gero kamioietan, eta han azido boriko bihurtu ondoren Txileko portuetara, esportatua izateko.

Hondarrezko bide batetik iritsi naiz Capinara, ilundu baino ordu eta erdi lehenago. Eguteran katu bat bezain goxo eta geldi dagoen gizona ez da asko harritu -ez mugitu- ni ikustean. "Si, puedes quedarte aqui a pasar la noche, pero estamos completos, no hay ninguna habitaciòn libre, los ùnicos lugares que te puedo ofrecer son las duchas o el comedor. Si quieres puedes cenar y desayunar con nosotros tambièn". Eskerrak eman dizkiot eta otorduak ordainduko ditudala esan. "No, no...no te preocupes por eso", eta horman bermatu da berriro, aurpegia arratsaldeko eguzki aldera jiratuta, begiak erdi itxita, minutu pare bat lehenago zeukan jarrera berean.

Eguzkia sartu baino minutu batzuk lehenago, 6ak aldean, hasi dira langileak iristen. Gazteak gehienak baina baita adinean aurrera doazen banaka batzuk ere. Txanoak buruan, arropa lodi eta maiztuak soinean, azal iluneko begitarteak eta eskuak bakarrik agerian. Euren gelatxoetara abiatu dira lehendabizi eta jangelara gero, edari bero bat eta ogia banatzen baitute sukaldariek ordu honetan. Afaria (barazki salda bat) geroxeago etorriko da, zazpi eta erdietan.


Jangelan mahai eta aulkiek hartzen dute toki gehiena. Eskola bateko ikasgela tradizional batean bezala daude antolatuta: lerroz-lerro eta alde batera begira denak. Arbelaren ordez, armairu baten gainean jarrita denok ondo ikusteko moduan, telebista bat dago. 9ak arte egongo da piztuta, ordu horretan itzaltzen direlako argindarra sortzen duten motorrak. Telebistaren atzean billar eta futbolin mahai bana daude.
Jangelara sartu, elkar agurtu eta sukaldeko leihatilara hurbiltzen dira meatzariak. Ogia eta edari ilun beroa hartu eta mahaietan esertzen dira gero. Hizketalditxoak aditzen dira han eta hemen, zurrumurruak... zaratarik, ordea, ez. Giroa, oro har, isila da. Meatzari bat baino gehiago nigana hurbildu da. Nahi eta nahi ez, etorri berria -kanpotarra, gainera- semoforo gorri bat baino gehiago nabarmentzen da toki honetan, nahiz eta bera ere mahai baten aurrean eserita egon, isilik eta katilu beroa eskuetan duela, gelako beste bat izan nahiko balu bezala. Ezin dena, garbi dago. Bizikleta, gainera -zalantzarik egon ez dadin- kalean da, guztien begi bistan. Meatzariak nire ondoan eseri eta tea eta ogia eskaintze dizkidate lehendabizi. Gero galderen txanda dator: nondik natorren, nongoa naizen, ez ote naizen nekatzen hain bide luzea eginda, zergatik nabilen horrela, zer irabazten dudan, ikerketaren bat egiten ari ote naizen... gai horien inguruan egiten du aurrera hizpideak. Jakinmina ase eta nire solaskideak gizalegez despeditzen dira. Ez da jende izua edo lar lotsatia baino behar baino gehiago ere ez dute luzatuko jarduna. Batek jakin nahi du ea egia den Espainia jendez gainezka dagoela eta beste inor ez dela honezkero sartzen. Beste batek esan dit alaba Bartzelonan daukala, pedagogia ikastera joan zela orain hamaika hilabete beka batekin eta lau egun barru Boliviara bueltatuko dela. Joan nahi luke La Paz-era ongi etorria ematera baina oraindik ez daki horretarako baimena lortuko duen. Bartzelona oso polita da, ikusi ditu alabak internetez bidalitako argazkiak. Asko harritu da nik hiri hura ezagutzen ez dudala aditu duenean.

Ni ere saiatu naiz neure jakinmina asetzen. Meatzariak herri askotakoak dira baina gehienak Potosi departamentukoak (departamentu horretan dago Capina). Txandaka egiten dute lan, 28 egun pasatzen dute hemen eta 14 etxean. Meategia pribatua da, jabeak Belgikakoak dira. Jakin nahi nuke zenbat irabazten duten baina ez naiz hori galdetzera ausartu. Badakit, lehengoan esan zidaten hori, Boliviako maisu-maistra baten hileko soldata 1200-1800 bolivianokoa dela (138- 208 euro).

Dutxen gela aukeratu dut lo egiteko. Txikia da, hiru dutxa ditu eta bi konketa. Ur beroa naturala da, iturri batetik dator. "Eta komuna? non dago?", galdetu dut. "Panpa zabala, horra hor gure komuna!", horixe adierazi dit langileetako batek. Capinako komuneko sapaia infinitua da eta milaka izarren distirarekin dago apainduta; oso toki ederra da. Hotza ere bai, ikaragarri hotza. Noraino jaitsiko dira gaur tenperaturak? Zero azpiko 15 graduraino? 20raino? Haizea behintzat baretu du, lehen aldiz egun askotan... Komunetik bueltan, zabaldu esterila porlanezko zoruan eta ditudan arropa guztiak jantzita sartu naiz lo-zakura (bi galtza pare, bi kamiseta, alpaka ilezko jertsei bat, bi forro polar, xira, txanoa, Hegoafrikan oparitu zizkidaten artilezko galtzerdiak). Kostata sartu ere. Momia bat bezain korapilatuta nago, ezin naiz ia mugitu. Hotzik ez ahal dut pasatuko behintzat!

Sei eta erdietan gosaria hartu eta zazpietan abiatu dira langileak gatzagara. Eguzkia ez da oraindik irten lautadaren ertzetik. Ni ere altxatuta nago dagoeneko. Dutxa-gelatik irten eta dozenaka batzuk metro urrundu naiz, panpa aldera, txiza egiteko. Hotza soinean ditudan arropa geruza guztiak zeharkatu eta hezur muinetaraino sartu zait. Eskuak minez dauzkat eskularruak jantzita ere. Meatzariak isilik igotzen dira kamioietara. Goitik behera estalita doaz, begiak eta ezpainak dauzkate bakarrik agerian. Batek zer-edo-zer esan die ozenki ondoko kideei. "Turista" hitza aditu dut. Nitaz ari dira, nonbait.

Jangelara sartu naiz. Hutsik dago baina sukaldean hiru emakume ari dira lanean, lapiko handiak sutan daude. Pitxar bat bete esne atera didate eta erretilu bat ogi opilekin. "Es leche con sèmola, toma toda la que quieras, hay de sobra", esan dit emakumeetako batek irribarrez. 35 bat urte izango ditu eta berriketarako gogoa du, atzo meatzariek egindako galdera guztiak, eta otu zaizkion beste batzuk ere, egin dizkit: noiz arte ibili behar dudan horrela, noiz bueltatuko naizen etxera, familiarik ba ote dudan... "¿Y no tienes familia propia? ¿porquè?". Txantxa batekin erantzutea erabaki dut. Esan diot emazte bila nabilela, horregatik etorri naizela Hegoamerikara... "¡pues no esperes màs y llévate una boliviana!", berak barrez. Sucrekoa dela eta sei urteko seme bat daukala argitu dit ondoren. "Su padre està ahora en España. Nos dejò y se fue. Creo que encontrò otra mujer alli", aitortzen du lasai-lasai, ez dirudi oso penatuta dagoenik. "Una tia mia tambièn està alli... ¿hay muchos bolivianos en España, verdad?... pero... España tambièn se llevò mucha plata de aqui..." Hitz-beste egin du segituan niri ezer esateko betarik eman gabe, "pero toma, toma su desayuno antes de que se enfrie...".

Capinatik abiatu baino lehen meategiko arduradunarekin izan naiz eta eskerrak eman dizkiot. "No hay por qué, que tenga un buen viaje. El camino pasa entre aquellas montañas, tiene que atravesar el abra y luego todo es bajada hasta Villamar". Une horretan Sucreko sukaldaria hurbildu zaigu korrika txikian. Paper batean bilduta sandwich bat dakar eta eskura eman dit, "para el camino, que tengas buen viaje", esan eta etorri bezain azkar alde egin du.

Meatzarien kanpamendua eta Villamar herria lotzen dituen bidea arrasto ahul bat da, ildo zalantzati bat Capinako gatz-lautadaren ondotik igaro eta altiplano hutsean barrena urrunduz doana, harantzagoko mendilerro gris baten bila. Gatzagak lur mortuan isuritako esnegain tanto bat dirudi. Ez da leun-leuna bere azala, pinportak eta zimurrak ditu. Kolore zuria ere ez da garbi-garbia, distira metaliko edo gris batez kutsatua dago. Ertzetik gertu langile batzuk daude, pikotxekin, esnegain hori zulatzen. Astiro mugitzen dira. Ezinbestean, lanerako arropa lodiekin goitik behera bilduta baitaude, korapilatuta haiek ere. Lautada zurian eta gisa horretan jantzita astronauten itxura dute.


Turisten jeep bat azaldu da une horretantxe bidetik. Laguna Colorada aldera doaz eta gaurko lehenak dira, goiztiarrenak inondik ere. Meatzarien parean gelditu eta leihatilak jaitsi dituzte. Argazki makinak ikusi ditut. Segundu batzuk baino ez. Gero aurrera egin dute.

Eguzkia goraka doa pixkanaka zeru urdin hotzean. Haren izpiak ahulak dira oraindik, ez dute larregi berotzen. Bizikleta lautada zurixkaren ertzean gelditu eta nik ere begiratu diet, une batez, Boliviako astronauta txiroei, borax-ilargiko meatzariei. Gero besoa altxatu, eskuarekin agur-keinua egin eta aurrera segitu dut.

................................................

Uyunira hilaren 4an iritsi nintzen eta bihar abiatuko naiz. Uyuni herri ertaina da, lasaia, oso boliviarra, oso ketxua. Trenen bidegurutze garrantzitsua izan zen garai batean eta gaur egun inguruotako merkatu eta salerosketa-gune nagusia da. Turismorik ere ez da falta eta hotelak eta bidai-agentziak ugariak dira. Baina uste dut -hala iruditu zait aste honetan- kanpotarrok kolore exotiko pixka bat baino ez diogula eransten Uyuniri, ez dugula oraindik hankaz gora jarri -San Pedro de Atacaman bezela- herriko ohiko giroa eta bizimodua.

Esan bezala bihar abiatuko naiz. Uyuniko gatz-lautada pare bat egunetan zeharkatu eta Txile ondoan dagoen Llica herrira iritsi nahi dut. Eta handik Txilera sartu Iquiquera joateko. Llicako muga hori oso txikia da, oso gutxi erabilia, emigrazio bulegorik ere ez dago eta hemen jarri didate gaur irteerako zigilua.

Izan ondo.