La Paz – Cobija (Bolivia): 1400 km. Nondik nora: La Paz – Sorata- Mapiri – Guanay- Sapecho – Palos Blancos – Yucumo – Rurrenabaque – St Rosa – Yata – Australia – El Triangulo – El Sena – Puerto Rico - Cobija
Beroa, hautsa eta monotonia Bolivia iparraldeko behe-lur hauetan. Asfaltatu gabeko bideak kolore gorriko zidor bat zabaltzen du oihanean, baina askotan -gehienetan- zuhaitzen eta landaretzaren pareta berdea urrutitxo ageri da, errepide inguruak soilduta edo erreta daudelako. Goizak (8ak inguruan abiatzen naiz) ederrak eta lasaiak izaten dira, beroak ez ditu oraindik bazterrak eta burmuinak kiskaltzen eta estimatzen da tregua hori. Erraz eragiten diet pedaleei ordu horietan. Normalean lanbro bat egoten da airean -kea, akaso- paisaia lausotu eta oihanari giro ia fantasmala eransten diona.
Eguerditik aurrera astunagoa da dena. Zeruaren urdina ahuldu egiten da eta ia kolorerik gabeko sabai horren azpian kiskaltzen da mundua. Autobus eta kamioi bakanak ziztuan pasatzen dira hautsa zurrunbiloka harrotuz; behe-laino zikina zintzilik gelditzen da airean luzaroan, eta ni haren barruan. Txitxarren eta beste insektuen eta txorien kantuak grabazio mekaniko eta egoskor baten antza du; batzuetan, ordea, auskalo zergatik, isildu egiten dira hots guztiak eta hila dirudi basoak.
Eguzkia suzko distira txuri bat da zeruan, inguru zehatzik gabeko borobil baldar bat, baina arratsaldea aurrera, bero zakarraren zama arintzearekin batera, zehazten hasiko da, bai forman eta bai kolorean. Arratsaldeko azken orduetan oihan berdearen gainean zintzilik ageriko da, laranja biziko bola perfektu eta ikusgarri bat. Egunak eskeintzen duen bigarren tregua da hori. Handik gutxira bide ondoko komunidade batean bilatuko dut aterpea: oholez eta lastoz egindako etxetxo multzo bat eta eskola txiki bat (eraikuntza moderno bakarra), horixe dira komunidadeak. Suertea izanez gero erreka edukiko dute ondoan edo putzu bat eta gorputzean dudan lohia garbitu ahalko dut. Afaldu eta hamaka eskolan zabalduta egingo dut lo.
.........................................................
Etzi esango diot agur Boliviari. Cobijatik abiatu eta egun berean Iñapariko mugara iristea espero dut. Handik sartuko naiz Perura. Puerto Maldonado hiria da nire lehen helburua baina laster Peruko oihana utzi eta Andeetara igoko naiz, Cuzco-ra iristeko. 4800 metroko mendate bat omen dago Puerto Maldonado eta Cuzco bitartean eta 500 km. inguru. Goi-mendiak ditut zain, beraz, eta ilusioz begiratzen diet.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
1 comentario:
Aupa Txentxo! Goizeko zortzi eta erdiak dira eta suertez ibili naiz. izan ere, zure hurrengo kronikaren zain egon naiz azkeneko aste hauetan eta gaur altxatzean topatu dut. Egun argia dirudi gureak, arratsaldean berotuko du egunak baina orain 7 gradu baino ez dugu. Udan aste beteko ibilaldia egin nuen bizikleta gainean Asturias aldean, mendateak igo eta jaitsiz. Irrikaz itxarongo dut Andeetako kronika. Bidali duzun azkena baino freskagarriagoa izango ahal da!
Agur. Jaime.
Publicar un comentario