Cobija (Bolivia) - Cuzco (Peru): 850 km., 14 egun. Nondik nora: Cobija - Brasilea (Brasil) - Assis Brasil (Brasil) - Iñapari (Peru) - Iberia - Mavila - Puerto Maldonado - Quincemil - Marcapata - Ocongate - Urcos - Cuzco
Peruko oihanetik Cuzcora etortzeko Ande mendien ekialdeko lerroa zeharkatu behar da. Alturak zeharo aldatzen ditu paisaia, klima eta biztanleen ezaugarriak. Aldaketa ikusgarri hori Quincemil herrian (720 m.) hasi eta kilometro gutxiko tartean burutzen da.
Brasileko mugatik (Iñaparatik) Cuzcoraino datorren bide hori asfaltatua da, berri-berria (lanean ari dira oraindik tarte batzuetan) eta badirudi azpiegitura handi horren atzean Brasil dagoela; Brasilek bere produktuak Asiara eta Txinara errezago esportatzeko Pazifikoko portuak behar ditu, eta errepide berriari esker hurbilago edukiko ditu hemendik aurrera . "Estrada do Pacifico" esaten diote Brasilen; "Carretera Interoceànica", Perun. Gure garapen-ereduak horrelako komunikabideak behar ditu (Abiadura Handiko Trena, gurean), gero eta urrunago eta gero eta azkarrago iristea da ekonomiak ezartzen duen legea eta bestelako arrazoiek pisu gutxi dute egia horren aldean. Baina kalteak ere badira, bai naturarentzat eta bai natura horretan bizi diren giza taldeentzat (eta bai denontzat, azken batean). Amazonia urratzen eta ahultzen duen bide berri horren inguruan ere iritzi guztiak ez datoz bat. Gaiaz jakinmina duenak hemen ditu esteka interesgarri batzuk:
http://www.bbc.co.uk/mundo/america_latina/2010/09/100809_carretera_transoceanica_interoceanica_peru.shtml, http://www.connuestroperu.com/index.php?option=com_content&task=view&id=2134&Itemid=32, http://esencia21.wordpress.com/2008/05/30/localizan-tribus-desconocidas-en-la-amazonia-peruana/
Urriaren 14an Pirhuayani izeneko mendatearen gailurrera iritsi nintzen. Pirhuayani Puerto Maldonadotik Cuzcora igarotzeko atea da, Ekialdeko Andeak (Vilcanota mendikatea) zeharkatzean errepide berriak hartzen duen alturarik handiena. Elurbustia ari zuen eta aldian behin trumoien danbatekoak eta burrunbak aditzen ziren, lehor, luze. Arratsaldeko ordu bata eta erdiak ziren. Hodei ilun eta beltzek zerua guztiz estaltzen zuten eta behelainoa errari zebilen maldetan, mendizokoak ezkutatuz orain, ostarteak zabalduz geroxeago. "Abra Pirhuayani, 4725 m." zioen kartelaren ondoan gelditu eta praka luzeak eta arropa beroa jantzi nituen. Gero aurreraxeago zegoen baseliza-aterpera hurbildu nintzen.
Familia bat zegoen han, senar-emazte gazteak eta hiruzpalau urteko alaba. Janzkera eta aurpegieragatik ketxuak, inguru haietako nekazariak. Gizona berehala hasi zen hizketan nirekin, gaztelera onean. Emaztea gaixorik zegoen eta Marcapatako "postara" (osasunetxera) zihoazen. Beren etxetik goiz irten eta hainbat ordutako bidea egina zuten haraino oinez; eguerdian iritsi eta orduz geroztik zeuden aterpe hartan Marcapatara eramango zituen ibilgailu baten zain; trafiko gutxi zebilen, ordea, eta gainera emaztea ezin zen kamioi edo kamioneta baten atzeko kaja irekian bidaiatu, kabinan joan beharra zeukan, zailagoa zen horregatik norbaitek hartzea. Marcapata, herri txiki bat, 30 km. eta 1800 m. beherago zegoen, handik abiatua nintzen ni goiz hartan. Gizonak lasai hitz egiten zuen, irribarretsu. Haurrak aitaren hankari heltzen zion eta behe hartatik so egiten zidan, zabal-zabalik begiak, jakinminez. Baselizako atarian geunden hirurok, emakumea barruan. Gure eskuinaldean, lainoak erdi ezkutaturik, mendi handi bat ageri zen, pareta batean glaziar itxurako zurigune bat zeukana. Ausangate ote zen galdetu nion gizonari (Ausangate, 6384 m, Vilcanota mendilerroko gailurrik altuena da). "Ez, ez da Ausangate Colque Cruz (5500 m.) baizik", erantzun zidan. "Ausangate aurrerago ikusiko duzu, Ocongatera gehiago hurbildutakoan". Kamioi bat agertu zen une hartan, aldapan gora astiro zetorren Ocongateko aldetik. Gizona korrika batean hurreratu eta gidariarekin labur hitz egin zuen; ondoren keinuka hasi zitzaien emazte-alabei, joateko, joateko, bazutela tokia han. Atzera korrika etorri eta baselizako lurrean zegoen fardela, oihal handi batekin antolatutakoa, bizkarrean hartu zuen. Agur egin zidan eta hirurak kabinara igotzen ikusi nituen. Gaua Marcapatan igaro beharko zuten, pentsatu nuen. Emaztearen gaitza larria ez bazen beharbada bihar bertan jarriko ziren itzulbidean; zorte pixka batekin gaua baino lehen iritsiko ziren etxera. Bi egun oso, kasurik onenean, medikuari bisita egiteko.
Bizikletara igo eta aurrera egin nuen nik ere, aldapan behera oraingoan. Paisaia igoerakoa ez bezalakoa zen, malkar eta pareten ordez kolore berde-horiko bailara zabal bat neukan aurrean. Herritxoak ugariak ziren eta baita han-hemen bazkatzen ziren alpaka taldeak ere. Poztu egin nintzen, Boliviako altiplanoko irudia zen, aspaldian ikusi gabea. Ezkerrean, garai eta harro, Vilcanotako mendien gailur zorrotzak ageri ziren.
Herri haiek zeharkatzean bi gauzak eman zidaten atentzioa: emakumeen janzkera izan zen bata, zehatzago buruan zeramaten kapela: borobila eta zapala zen, plater handi bat bezalakoa, eta inguru guztian, ertzetik zintzilik, koloreko zinta bat zegoen. Bolivian behin ere ez nuen halakorik ikusi; bestea etxeetako teilatuak ziren: ez lasto, ez kalamina (zinkezko xaflak) teila gorria baizik. (1)
Ocongatera ilundu baino lehen iritsi nintzen. "Inoiz handik pasatzen bazara eman goraintziak Antonio eta Joxerrari", esan zidaten behin Getariako Emiliok eta Amaiak, Sylver Cloud belauntziko nabigatzaileek. Antonio (donostiarra) eta Joxerra (naparra) jesuitak dira eta bi egunez gelditu nintzen haiekin. Cuzcora igande goiz batean, urriaren 17an, iritsi nintzen.
................................................................................
Cusco (Qosqo, bertako udalak hobesten duen grafiaz) Inka inperioko hiriburua eta gobernuaren egoitza izan zen XIII. mendearen erdialdetik aurrera. Andeetako eta Hegoamerikako hiririk garrantzitsuena omen zen garai hartan. XVI. mendearen hasieran Pizarrok konkistatu zuen eta etorri berriek lehengo tenplu eta jauregietako harrien gainean eraiki zituzten bere elizak eta etxeak (Inkak iaioak ziren harria lantzen eta oinarri bikain haiek Cusco kolonialeko eraikuntza askotan ikus daitezke oraindik). XVIII. mendean kontinenteko hiririk populatuena zen baina hurrengo mendeetan gainbehera txikian hasi omen zen. Gaur egun Cusco Hegoamerikako lehen hiria da berriro eta postu hori turismoari esker berreskuratu du: Hegoamerikara datozen turisten helburu nagusia bera da, nahiz eta ez izan bereak bakarrik merituak: ez da ahaztu behar Machu Picchu eta beste hiri eta tenplu inkaikoen aztarna garrantzitsuak inguruan dituela.
Hori dena banekien nik, gutxigorabehera, Cuzcora sartu nintzen igande goiz hartan. Lehen inpresioa? Txarra. Ohiko hiri handi (miloi erdi bat biztanle), zarpail, zaratatsu eta trafiko bizikoa. Erdialde historikora iritsi nintzenean, ordea, hori dena bat-batean aldatu zen. Beste nonbait nengoen, aurreko kaleekin zerikusi gutxi zeukan oasi gisako batean. Erdialde kolonial ederra, oso ederra, du Cuscok, nik espero baino atseginagoa. Haren erdian, inken enparantza nagusia zegoen toki berean eraikia, Plaza de Armas delakoa dago: zaila da haren parekorik, hain ederrik, beste nonbait aurkitzea.
................................................................................
Machu Picchu (mendi zaharra), "munduko mirarietako bat", planetako gune turistiko bisitatuenetakoa.... eta hala ere dudatan egon naiz antzinako hiri famatua ikustera joan ala ez, nire izpiritu bakarzaleak mesfidantzaz begiratzen zien toki hura egunero eta leporaino betetzen duten jende tropelei, haren fama akuilu baino gehiago zalantza-iturri zen niretzat. Joan nintzen azkenean eta ez dut esango damu naizenik. Tokiaz lasai eta (ia) bakardadean gozatzeko aukera ere izan nuen (luxu bat!) Machu Picchu deritzon mendiaren tontorrera igota, eta ibilaldi horri esker salbatu nuen bisita, bestela ziur nago marmarka eta purrustadaka itzuliko nintzela handik, nere buruari errieta eginez amuari heldu izanagatik.
Kokapenak ematen dio Macchu Picchuri daukan indarra eta berezitasuna, natur-inguru ikusgarri hura gabe hondakin haiek munduan ugari diren beste hamaikaren parekoak lirateke. Eta hondakinei eta natur-inguruari ondo erreparatzeko, hartaz gozatzeko, igo egin behar da. Hiru dira aukerak, hiru dira hiri zaharra zaintzen duten mendiak, gaztelu baten dorreak balira bezala: Huayna Picchu, Machu Picchu eta Putucusi. Dorre horien atzean, haiei gain hartuz eta inguru guztia itxiz, mendi-eraztun berde eta ikusgarri bat dago. Handik gora zerua. Behean, aizkora-kolpe baten indarraz mendien artetik sigi-saga aurreratuz, suge bat: Urubamba ibaia eta berak zabaldu duen arro sakona. Bai behean eta bai goian oihanak eta landaretza oparoak bazter gehienak hartzen dituzte.
Lehen aipatutako hiru mendi horietatik Huayna Picchu (argazki guztietan agertzen dena) da entzutetsuena, jende saldoak abiatzen dira egunero tontor hartarantz eta horregatik, hara igo nahi duen jende-kopurua mugatzearren, kupo bat jarri behar izan dute. Huayna Picchuk ("Mendi gaztea") 2667 m. ditu. Machu Picchu mendia ("Mendi zaharra", 2795 m.) aurrekoa baino garaiagoa da eta hondakinetatik abiatuta ordu eta erdi inguruko igoera behar da tontorrera iristeko; bidea basoan barrena doa, itzalpean, eta polita da, jende gehiegi ez dabil gainera; bai igoerak eta bai tontorrak eskaintzen dituzten bistak apartak dira: mendi-ingurua bere zabaltasun eta edertasun osoan eta haren altzoan inken hiri zaharra; ez dut uste Huayna Picchutik ikuspegi hobea dagoenik. Putucusi ("Mendi zoriontsua", 2592 m.) hiruretatik misteriotsuena da, haren berri jende gutxik du eta are gutxiago dira bertara igotzen saiatzen direnak (agian horregatik zoriontsua). Baina lasaitasuna eta bakardadea estimatzen badituzu eta uste baduzu haiek gabe tokirik ederrena arrunta eta baldarra bilakatu daitekeela, hura duzu aukera onena. Putucusiko tontorretik Machu Picchuko oso bista ederra omen dago eta ziurrena bakarrik egongo zara hartaz gozatzeko. Beste abantaila bat: dohainik da. Arazo nagusia: igoera ez da erraza, arduraz egiten ez bada arriskutsua ere izan daiteke (gero emango ditut argibide batzuk).
GERRAKO EKONOMIA DUTEN BIDAIARIENTZAKO AHOLKU PRAKTIKOAK
Machu Pichhu beste zerbait ere bada, bere aire misteriotsu eta erromantikoaz elikatzen den baina oso helburu praktikoak dituen beste zerbait: "Dirua egiteko makina bat da toki hau", horrela entzun nion eta horrela adierazi zuen, garbi eta gordin, handik zebilen batek. Machu Picchu kate baten azken maila da eta kate horretan dena da garestia eta denagatik kobratuko dizute: bertara iristeko, bertara sartzeko eta bertan zaudela bai komunera joateko ere. Gastuak murriztu daitezke hala ere. Azalduko dut nola.
Bi modu daude antzinako hirira iristeko: oinez bata, "Inken bideak" esaten dieten bide zaharretako bat hartuta. Hainbat egunetako ibilaldiak dira eta ospetsuena(k) hautatuz gero diru askotxo ordaindu behar dela uste dut. Dena den, ez dakit gauza handirik bide horietaz. Bigarrena Cuscotik Aguas Calientesera joatea da. Azken honetaz arituko naiz.
Aguas Calientes herria Machu Picchuko ate nagusia da, azken geltokia, hara iritsi behar duzu derrigorrez, han pasa beharko duzu gaua eta handik abiatuko zara biharamunean Machu Picchurantz, zure moduko beste milaka lagunekin batera. Aguas Calientes ( zer zen lehenago ez dakit baina orain toki zatarra da, jatetxe eta hotel pilaketa kaotiko samar bat) Urubamba ibaiak irekitako sakan estuaren barruan dago, Machu Picchuren oinean. Ez da errepiderik iristen hara, trena bakarrik, eta tren polit horretara igo ahal izateko atzerritarrok ondo astindu behar ditugu poltsikoak. Badago modu bat, hala ere, trena erabat sahiesteko, Aguas Calientes-era ekonomiari kalte gehiegi egin gabe iristeko. Honako hau. Garraio publikoa hartu (autobusak eta furgonetak) eta bide hau egin: Cuzco - Santa Maria - Santa Teresa - Hidroelectrica. Hidroelectrica esaten dioten tokira heldutakoan oinez abiatu trenbidearen ondotik; ordu eta erdiko/bi orduko ibillaldi lasaia eta atsegina duzu Aguas Calienteseraino. Cuzcotik goizeko 7etan abiatzen bazara ilundu baino lehen iritsi zaitezke A.Cs-era.
Sarrera-txartela A. Cs-en bertan eros daiteke (126 sol, 34 bat euro) eta bertatik abiatzen dira hiri zaharrera igotzen diren autobusak (10 minutuko bidaia). Ibiltzeak ez bazaitu izutzen, egin uko autobusari eta oinez igo zaitez. Ordubeteko edo ordu eta erdiko osteratxo horrek 20 sol aurreztuko dizkizu eta goizeko freskuraz gozatzeko aukera emango. Goizean goiz abiatu.
Eta areago aurreztu nahi baduzu, sarrera-txartelako 126 sol horiek ere ordaindu nahi ez badituzu, badago aukera bat, aukera ona alde askotatik baina baita zaila ere: Putucusi mendira igotzea. Putucusi mendia, Huayna Pichu eta Machu Picchu ez bezala, hondakinen esparrutik kanpo dago eta bertara daraman bidea Aguas Calientesetik bertatik abiatzen da (trenbideari jarraitu 200 edo 300 metroz eta mendian gora jotzen duten eskumako eskailerak hartu). Goizean goiz ekin nion nik bide horri. Zerua oskarbi zegoen eta baso itxian barrena pozik nindoan, itzalpean, harrizko mailaz hornitutako zidor zahar batetik gora. Baina 20 bat minutuko bidea egina nuela oztopo serio batekin egokitu nintzen: 15/20 bat metro garai zen tarte bertikal samar bat (80 gradu?). Hura gainditzeko egurrezko hiru eskailera jarri dituzte bata bestearen segidan; esku-helduleku bat ere badago, altzairuzko kable lodi bat eskaileren ondotik goitik behera doana. Eskailerak erdi suntsituta zeuden, ordea, maila asko falta ziren, itxuraz lur-jauzi baten kausaz. Kablea egoera onean zegoen eta hari helduta eta eskaileren hondakinez baliatuta paretaren erdia baino gehiago igo nuen. Hala ere, azken partearekin ez nintzen ausartu eta poliki-poliki eta penatuta egin nuen atzera. Igo direnek esaten dutenez Machu Picchuko bistak, tontor hartatik, paregabeak dira. Eskailerak konpontzen ez dituzten bitartean (eta luze joko du horrek!) mosketoi eta eskalada-zinta pare bat aski lirateke altzairuzko kablearekin aseguru on bat antolatu eta lasai igotzeko. Baina une honetan, halakorik ez baduzu, Putucusira igotzea arriskutsua da.
...............................................................................
Ia bi aste pasatu ditut Cuzcon, denbora hegan joan da ihesi... Ustekabe batzuk izan dira hiri honetan, ustekabeko enkontru pozgarrri batzuk zehatzago esateko. Bata Nina Casper berriro topatzea izan da; Nina txirrindulari alemaniarra da eta Iranen ezagutu nuen 2003. urtean; orduan, orain bezala, bakarrik zebilen; 7 urte hauek on egin diote. Neil eta Harriet inglesak ere hemen daude; Neil, Harriet eta hirurok elkarrekin ibili ginen orain hilabete batzuk Argentinan eta Txilen, eta Boliviako Laguna Blancan bereizi ginen; betiko moduan jarraitzen dute, beti bezain jator eta beti bezain gora: 4000 metrotik behera gutxitan jeisten dira, beti bide zailenak eta ederrenak aukeratuz. Hirugarren enkontrua ere guztiz ustekabekoa izan da, egun batean Plaza de Armasetik nindoala Dean Fiore australiarra ikusi nuen (berak ni ikusi ninduen); Dean Fiore eta biok Congon eta Gabonen ibili ginen elkarrekin 2007an eta gero Montevideon elkartu ginen berriro orain dela urtebete, geroztik ez genuen elkarren berri; bizikleta utzi eta motoz dabil orain, Errusiako modelo zahar bat den eta alboan "sidecarra" daukan moto batean. Beste txirrindulari batzuk ere ezagutu ditut hemen: Mateo mexikar-estatu batuarra, Alaskatik datorrena, eta Alaskatik datorren Qebec-eko bikote bat ere. Elkartzeak ustekabekoak izan dira baina ez guztiz kasualak: badago Cuzcon ostatu bat ("Estrellita", Tullumayo kalean) gringo gurpildunen oso gogokoa dena. Hor gaude denok. Bat-bateko aglomerazio horrek, ordea, ez du luze iraungo. Nork bere bideak eta asmoak ditu eta laster bereiziko gara denok.
Bihar abiatuko naiz ni. Orain dela 11 urte kostaldeko bideak hobetsi nituen eta oraingoan mendialdekoak hartuko ditut: Abancay, Ayacucho, Huancayo... Limara ez naiz joango eta kostaldera behin bakarrik jaitsi nahi dut, iparraldean dagoen Trujillo hirira joan eta hango lagunei bisita egiteko. Oihana ez dut oso gustoko baina litekeena da Puerto Bermudez inguruko behe-lurretara ere sartu-atera azkar bat egitea. Arrazoia? Han omen dago Lòpez Dicastillo naparra. Nik ez dut bera ezagutzen baina 25 bat urte izango dira haren liburu bat irakurri nuela ("Crònica de un viaje en bicicleta"), eta nago nire bizimodu honen errua liburu harena -eta liburuaren egileareana- ere badela (nork jakin...).
Segi ondo.
(1)- Hirugarren kontutxo bat ere aipatu beharko nuke, nahiz eta ez izan bailara haietako ezaugarria bakarrik, baizik eta, itxura batera, Peru osokoa. Bai, Perura sartu eta berehala konturatu nintzen hemen, aurreko herrietan ez bezala, denek zekitela -eta denen ahotan zebilela- nire izena; ez zen nik, edo nire gurasoek aukeratutakoa, baizik eta deitura orokor bat ni bezalakoak (?) izendatzeko hangoek baliatzen zutena: "gringo" "gringuito". Afrikako "zuria", hamaika hizkuntzatan esana eta errepikatua, ekartzen zidan gogora. Esan behar dut, hala ere, han, Afrikan, arazoa -deituraren zergatia- oso garbi zegoela, edonork ikus zezakeen hori, eta horrenbestez ulergarriagoa eta onargarriagoa egiten zitzaidala bereizketa (horixe egiten baitute hitz horiek, zu bereizi, aparteko talde batean jarri, diferentzia azpimarratu). "Gringo" honen eremua eta zentzua, ordea, zabalagoak eta lausoagoak dira, eta horregatik, eta baita hitzaren jatorrizko esanahiagatik ere, muturra okertu egiten zitzaidan pixka bat hasieran, entzuten nuen bakoitzean. Nekagarria da, ordea, muturra hain maiz okertu behar hori, orduro bost edo sei aldiz gutxienez, zergatik eta hitz hutsal batengatik, gehien-gehienetan zentzu peioratibo eta bat ere asmo txarrik gabe esaten dena, gainera.... Beraz, onartzen saiatu naiz, eta onartu egin dut azkenean (hala uste dut) nire deitura berria, ez poz-pozik eta gogoberoz baizik eta galtzaile onaren aldartearekin.
"Gringo" hitzaren aldaera dotore edo jaso bat ere aditu izan dut inoiz edo behin (bitan zehazki), oso hitz bitxi bat: "patricio": "Buen dia patricio" "Ya le falta poco patricio". "Gringo" edo "patricio" deitura merezi ahal izateko antzeko merituak behar direla uste dut, hortaz parekoak dira biak, bata bestea bezain urruntzaile. Meritu horien artean, ziurrenik, larruazalaren kolorea da nagusia. Perun, Latinoamerikako beste toki askotan bezala, kolore horrek mailak edo kastak bereizteko balio du, zuriari dagokiolarik gorena)
viernes, 29 de octubre de 2010
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario