Beste testu zahar bat erreskatatu nahi izan dut oraingoan ere eta harekin batera gizon eta liburu baten memoria. 2006garren urtean Hegoafrikan nengoela jakin nuen Eric Attwell-en eta berak idatzitako "The Road to London" liburuaren berri.
THE ROAD TO LONDON
Ez dut Hegoafrikako atala itxi nahi gizon bat
eta liburu bat aipatu gabe. Gizon horren izena Eric Attwell da eta berak idatzi
zuen liburuarena “The Road to London“ (Londres-eko bidea). 1936garren urtean,
hogei urte zituela, Eric Attwell-ek ezohizko bidaia bati ekin zion, hamar urte
zaharragoa zen bere anaia Jack-ekin batera: Hegoafrikatik abiatu eta Attwelltarrek Afrika guztia zeharkatu zuten bizikletaz, Egiptoraino. Handik Europan
barrena jarraitu zuten gero, neguari aurre eginez, eta Londres-en eman zioten
amaiera ibilaldi hari, sorterritik abiatu –Port Elisabeth-etik hain zuzen- eta 13000
km. eta 22 hilabete geroago.
Halako txango batek harrigarria izan behar
zuen, inondik ere, garai hartan eta, dakigunez, haiek izan ziren bi gurpilen
gainean Afrikako kontinentea punta batetik bestera korritu zuten lehenak.
Harrigarria orduan eta baita gaurko egunetik begiratuta ere, kontuan hartzen
badugu, besteak beste, 30eko hamarkadan ez zegoela apenas bide asfaltaturik
Hegoafrika eta Egipto bitartean eta basapiztiak nonahi eta ugari omen zirela.
Attwelldarrek hiru martxako bizikletak erabili zituzten eta bere kasa eta gogo
hutsez ekin zioten bidaiari (izan ere, ia ezkutuan abiatu ziren), oso ekipaje
eta diru gutxirekin gainera. Aitzindariak izatea eta gisa hartako bidaia bat
burutu izana arrazoi aski lirateke haien izenak eta haien abentura gogoan
hartzeko. Baina bada besterik. Badago beste zerbait ere bidaia hura areago
edertzen duena –nire begien aurrean behinik-behin- eta Eric Attwellen irudiari
aparteko xarma eta balioa ematen diona.
Bidaia hark ez zuen nolanahiko hasiera izan.
Gure arteko hitz bat erabiliz esan dezakegu Eric Attwell intsumiso bat izan
zela eta arrazoi horrexegatik ekin ziola bidaia hari. Izan ere, liburuaren
hasieran berak esaten digunez, soldaduzka egiteari uko egin zion, ez zion amore
eman nahi izan armadaren deiari, eta justizia orpotik segika eta mehatxuka
zebilkiola hartu zuen bere sorterritik alde egiteko erabakia. Liburuak,
ondoren, Eric eta Jack-en bidaiaren gorabeherak kontatzen dizkigu eta haien
eskutik 30eko hamarkadako Afrika eta Europa haietan barrena eramaten gaitu.
Hitzez eta irudiz eraman ere, zeren kontaera bi bidaiariek berek hartutako
argazki ugariz baitago hornitua. Zuri-beltzeko argazki haietako batzuek Attwell
anaiak ezagutzeko parada ematen digute. Irudi batean, adibidez, bi gizon zuri
eta gazte ikusten ditugu Afrikako herrixka batean; Afrika kolonialaren garaiko
kapela borobilak janzten dituzte eta zutik daude bizikleta baten aldamenean;
bizikletak ekipajearen zakutoak daramatza atzealdean eta koadroaren barra
horizontalaren azpian kitarra baten zorroa ere ageri da.
Narrazioa, bestalde, soila eta garbia da,
zuzena, eta ez dago, ez estiloan ez edukian, alferrikako apaingarririk. Kontrako
aldera gertatzen dela uste dut eta, idatzitakoa atzean dagoen eskuaren ispilu
baldin bada, esango nuke esku hura nabarmenkeriak maite ez zituen gizon batena
zela.
Bidaiaren hasiera berezia izan baldin bazen
amaieran ere badago aintzat hartzekoa den xehetasun bat. Xehetasun
garrantzitsua nire ustez, gizon hura gurekin eta gure historiarekin lotzen
duelako batetik eta, bestetik, argi gehiago ematen digulako haren pentsakeraz
eta nortasunaz. Attwell anaiak Londres-era iritsi zirenean Espainiako Gerra
Zibila amaitu gabe zegoen artean. Eric Attwell-ek Errepublikaren alde egin zuen
eta Londres-etik hari babesa ematen zioten taldeak lagundu zituen. Bigarren
Mundu Gerra Inglaterran igaro eta gero Hegoafrikara itzuli ziren bi bidaiariak.
Eric Attwell espetxean egon zen aldi labur batez 60ko hamarkadan apartheidaren
kontra egiteagatik.
Nik ez nuen ezagutu Eric Attwell eta Port
Elisabeth-etik gertu nengoela zeharka jakin nuen haren berri aurreneko aldiz.
Bizikleta-bidaiariak harremanetan jartzen dituen nazioarteko talde baten
zerrendetan zegoen bere izena, baina bertan agertzen zen telefonora hots egin
nuenean inork ez zien nire deiei erantzun. Gero jakin nuen -Jens Deister-ek
esanda- bi urte lehenago hil zela. “Behin Port Elisabeth-etik hona (Lurmutur
Hirira) etorri zen auto zahar batean -kontatu zidan Jensek- eta astebetez
gelditu zen nire etxean. Liburu batzuk ere utzi zizkidan nik saltzeko. Uste dut
pobre bizi zela eta liburuen salmentak aparteko sos batzuk ematen zizkiola.
Bere anaia Jack urte batzuk lehenago hil zen istripu batean“. Horrela iritsi
ziren Atwell anaiak eta bere historia nire eskuetara. Liburua zatika irakurri
nuen une hartan, merezi zuen baino patxada gutxiagorekin eta, pisua
arintzearren, pakete batean sartu eta Gasteizera bidali nuen laster beste
hainbat gauzarekin batera. Baina bi bidaiariek eta bere abenturak irabazia
zuten ordurako nire arreta eta nire sinpatia. Sarritan gogoratu izan naiz
haiekin harrezkero.
Ez nuen ezagutu Hegoafrikan –Jens
Deister-ez gain- beste inor Attwell anaien edo “The Road to London“ liburuaren
berri zekienik. Aipatu nituen haien izenak inoiz edo behin baina bizikletaren
munduarekin harremana zutenen artean ere ezezagunak ziren.
“The Road to London“ berandu argitaratu zuen
Eric Attwell-ek, 85 urte zituela, eta hori ere egiten zait deigarri, alegia
zahartzaroan hartu zuela gaztetako bidaia hura plazaratzeko erabakia, orduantxe
sentitu zuela, eta ez lehenago, hori egiteko beharra. Esango nuke bidaia hark
arrasto sendoa utzi zuela haren baitan eta arrasto hartaz baliatu zela, bere
bizitzaren amaiera aldera, seinale bat uzteko.
Esaten du Eric Attwell-ek bere liburuan:
“Berandu bada ere nire agur beroa bidali nahi diet bidean lagundu ziguten
ehunka lagunei; baldin eta zuetako inor bizirik egon eta hitz hauek irakurtzen
baditu: agur t,erdi. Ordainik espero gabe zuen jatortasuna eta adeitasuna
eskeini zenizkiguten. Haiek gabe gure abentura guztiz ezinezkoa izango zen“.
Berandu da orain ere eta beharbada ez du
honezkero garrantzi handirik baina nik ere neure agurra bidali nahi izan diet
Attwell anaiei hemendik. Eta horretarako haiek Londres-eraino eraman zituen
bidea -The Road to London hura- apur bat luzatu eta guganaino hurbiltzen saiatu
naiz. Ez gaitu normalean arrazoi bakarrak bultzatzen eta ez ditut nik bide
haren bihurgune guztiak ezagutzen. Baina ez naiz hain oker ibiliko esaten badut
askatasuna -berea eta besteena- maitatu eta defendatu zuen pertsona zintzo
baten urratsak daudela “The Road to London“ liburuan. Iruditzen zait halako
pertsona izan zela Eric Attwell.
Niamey, Niger
2007ko maiatza