Australia Europatik aski urrun dagoen tokia baldin bada orain, zer
izango ote zen aurreko mendearen hasieran? Hori pentsatu dut Sydney-ko
Euskal Txokoan jaso duten gonbidapen harrigarriaren berri entzun
dudanean. Badirudi batzuetan mugak, distantziak eta hizkuntz eta kultur
diferentziak ezer gutxi direla, hori guztia itzaltzen duen zerbait
indartsuagoa bizi daitekeela gure baitan, zerbait askoz
garrantzitsuagoa. Zerbait hori bizi bide zen orain dela 65 urte bere
herria utzi eta munduaren beste aldera joatea erabaki zuten australiar
batzuen bihotz eta buruetan. Canberran, Australiako hiriburuan, omenaldi
bat egin behar zaie Espainiako Gerra Zibilean, Nazioarteko Brigadak
izeneko taldeetan, faxismoaren aurka borrokatu ziren australiarrei.
Carlos, Euskal Txokoko lehendakaria, hara joatekoa da. Honela azaldu dit
arrazoia: "Gauza apurra da baina gu han egotea merezi dute. Eroak izan
behar ziren, oso eromen ederreko eroak".
.............................................................................
Sydneytik
abiatu eta nire jomuga Australiako iparraldeko kostan dagoen Darwin
hiria zen. Horretarako ekialdeko kostaldean gora egitea erabaki nuen
lehendabizi. Gero mendebaldera jo eta "outback" izenaz ezagutzen den
barrualde huts eta mortua zeharkatu beharko nuen.
Sydney utzi eta
hurrengo egunetan kostaldetik urrundu eta ipar-mendebaldera hartu nuen,
kotoia landatzen den barrualdeko lautadetarantz. Entzuna nuen han lanik
bazegoela eta ni horren atzetik nenbilen. Errepide txikiak eta askotan
asfaltogabeak hartuz kostaldeko eta barrualdeko lurrak bereizten
dituzten mendikateak igaro nituen, Yengo eta Wollemi parke nazionaletan
zehar. Australian nengoen, ez zegoen dudarik: kanguroak non-nahi ikusten
nituen, handi samarrak, grisak eta beltzak. Batzutan errepidea ziztu
bizian zeharkatzen zuten nire aurretik; bestetan irudi iheskor bat baino
ez ziren zuhaitzen artetik. Kolore bizietako txori taldeak ere, ugari.
Kotoiaren
eremua laua eta beroa da. Herri askotan gelditu eta galdetu egin dut
baina ez daukat zorterik: "cotton chipping" deritzon langintzaren sasoia
atzeratuta dator eta oraindik ez dago langile askoren beharrik. Lan
baimenik ba ote dudan ere galdetzen didate maiz. Trangie-n Akira
japoniarra topatu dut. Zorte hobea eduki du, orain lau egun hasi zen
lanean. Trangie herri txikia eta lasaia da, nire gustukoa, baina hemen
ere ezezko erantzuna hartu dut. "Lau aste barru", esan didate. Baina
ezin dut horrenbeste itxaron. Akira-ri hurrengora arte esan,
iparrorratza ekialdera begira jarri eta kostaldera noa berriro,
Queensland-eko hiriburua den Brisbanerantz.
..................................................................................
Nongoa
naizen galdetzen didate sarri. Batzuk asmatzen saiatzen dira:
"Frantsesa al zara?" "Italiarra?". Beste batzuek orokorrera jotzen dute
horrenbeste zehaztu gabe: "Zuk Europako hegoaldekoa izan behar duzu,
ezta?". Baina aldian behin urrunagoko aberriak ere egokitzen zaizkit.
Eguzkiak belztutako larruazalagatik izango da, edo bizarragatik, edo
auskalo... Lehengo batean hala galdetu zidaten: "Zu irakiarra al zara?".
..................................................................................
Gaur
gauza bitxia eta polita gertatu da. Wee Waa aldera nentorren arratsalde
partean abiada onean, haizea atzetik bultzaka nuela. Ingurua zelaia eta
berdea da hemen, belardiak eta basoa tartekatzen dira paisaian. Halako
batean kanguro talde handia agertu da nire ezkerraldean, 20 edo 25
beharbada, helduak, kumeak, tamaina guztietakoak, eta nire parean kokatu
dira errenkadan, bata bestearen atzetik, ilara luze bat osatuz. Abiada
bizian zihoazen haiek ere, jauzi luze eta dotoreak eginez eta, horrela,
lerroz lerro jarraitu dugu tarte luze batez, elkarren ondotik,
norgehiagoka bezala. Nik mirestuta begiratzen nien. Itsasontziei segika,
saltoka eta jolasean aritzen diren izurdeak etorri zaizkit gogora. Gero
abiada azkartu eta banan-banan zeharkatu dute errepidea nire aurretik,
ederrak eta arinak, eta basoaren bestaldean ezkutatu dira.
................................................................................
Garai
batean belauntzi batekin egin nuen amets, belauntzi bat eta mugarik
gabeko itsasoak... Eta uste dut amets hura betetzen ari zaidala orain,
marinela naizela, mundu zabaleko lurrak direla nire itsasoak eta
bizikleta bat nire ontzia. Haizeak lagun ditut. Munduko azken
bazterreraino heldu ninteke. Zergatik...? Nabigatzea ederra delako.
Darwin, 2002ko martxoak 13
lunes, 1 de abril de 2013
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario