Beste testu zahar bat erreskatatu nahi izan dut oraingoan ere eta harekin batera gizon eta liburu baten memoria. 2006garren urtean Hegoafrikan nengoela jakin nuen Eric Attwell-en eta berak idatzitako "The Road to London" liburuaren berri.
THE ROAD TO LONDON
Ez dut Hegoafrikako atala itxi nahi gizon bat eta liburu bat aipatu gabe. Gizon horren izena Eric Attwell da eta berak idatzi zuen liburuarena “The Road to London“ (Londres-eko bidea). 1936garren urtean, hogei urte zituela, Eric Attwell-ek ezohizko bidaia bati ekin zion, hamar urte zaharragoa zen bere anaia Jack-ekin batera: Hegoafrikatik abiatu eta Attwelltarrek Afrika guztia zeharkatu zuten bizikletaz, Egiptoraino. Handik Europan barrena jarraitu zuten gero, neguari aurre eginez, eta Londres-en eman zioten amaiera ibilaldi hari, sorterritik abiatu –Port Elisabeth-etik hain zuzen- eta 13000 km. eta 22 hilabete geroago.
Halako txango batek harrigarria izan behar zuen, inondik ere, garai hartan eta, dakigunez, haiek izan ziren bi gurpilen gainean Afrikako kontinentea punta batetik bestera korritu zuten lehenak. Harrigarria orduan eta baita gaurko egunetik begiratuta ere, kontuan hartzen badugu, besteak beste, 30eko hamarkadan ez zegoela apenas bide asfaltaturik Hegoafrika eta Egipto bitartean eta basapiztiak nonahi eta ugari omen zirela. Attwelldarrek hiru martxako bizikletak erabili zituzten eta bere kasa eta gogo hutsez ekin zioten bidaiari (izan ere, ia ezkutuan abiatu ziren), oso ekipaje eta diru gutxirekin gainera. Aitzindariak izatea eta gisa hartako bidaia bat burutu izana arrazoi aski lirateke haien izenak eta haien abentura gogoan hartzeko. Baina bada besterik. Badago beste zerbait ere bidaia hura areago edertzen duena –nire begien aurrean behinik-behin- eta Eric Attwellen irudiari aparteko xarma eta balioa ematen diona.
Bidaia hark ez zuen nolanahiko hasiera izan. Gure arteko hitz bat erabiliz esan dezakegu Eric Attwell intsumiso bat izan zela eta arrazoi horrexegatik ekin ziola bidaia hari. Izan ere, liburuaren hasieran berak esaten digunez, soldaduzka egiteari uko egin zion, ez zion amore eman nahi izan armadaren deiari, eta justizia orpotik segika eta mehatxuka zebilkiola hartu zuen bere sorterritik alde egiteko erabakia. Liburuak, ondoren, Eric eta Jack-en bidaiaren gorabeherak kontatzen dizkigu eta haien eskutik 30eko hamarkadako Afrika eta Europa haietan barrena eramaten gaitu. Hitzez eta irudiz eraman ere, zeren kontaera bi bidaiariek berek hartutako argazki ugariz baitago hornitua. Zuri-beltzeko argazki haietako batzuek Attwell anaiak ezagutzeko parada ematen digute. Irudi batean, adibidez, bi gizon zuri eta gazte ikusten ditugu Afrikako herrixka batean; Afrika kolonialaren garaiko kapela borobilak janzten dituzte eta zutik daude bizikleta baten aldamenean; bizikletak ekipajearen zakutoak daramatza atzealdean eta koadroaren barra horizontalaren azpian kitarra baten zorroa ere ageri da.
Narrazioa, bestalde, soila eta garbia da, zuzena, eta ez dago, ez estiloan ez edukian, alferrikako apaingarririk. Kontrako aldera gertatzen dela uste dut eta, idatzitakoa atzean dagoen eskuaren ispilu baldin bada, esango nuke esku hura nabarmenkeriak maite ez zituen gizon batena zela.
Bidaiaren hasiera berezia izan baldin bazen amaieran ere badago aintzat hartzekoa den xehetasun bat. Xehetasun garrantzitsua nire ustez, gizon hura gurekin eta gure historiarekin lotzen duelako batetik eta, bestetik, argi gehiago ematen digulako haren pentsakeraz eta nortasunaz. Attwell anaiak Londres-era iritsi zirenean Espainiako Gerra Zibila amaitu gabe zegoen artean. Eric Attwell-ek Errepublikaren alde egin zuen eta Londres-etik hari babesa ematen zioten taldeak lagundu zituen. Bigarren Mundu Gerra Inglaterran igaro eta gero Hegoafrikara itzuli ziren bi bidaiariak. Eric Attwell espetxean egon zen aldi labur batez 60ko hamarkadan apartheidaren kontra egiteagatik.
Nik ez nuen ezagutu Eric Attwell eta Port Elisabeth-etik gertu nengoela zeharka jakin nuen haren berri aurreneko aldiz. Bizikleta-bidaiariak harremanetan jartzen dituen nazioarteko talde baten zerrendetan zegoen bere izena, baina bertan agertzen zen telefonora hots egin nuenean inork ez zien nire deiei erantzun. Gero jakin nuen -Jens Deister-ek esanda- bi urte lehenago hil zela. “Behin Port Elisabeth-etik hona (Lurmutur Hirira) etorri zen auto zahar batean -kontatu zidan Jensek- eta astebetez gelditu zen nire etxean. Liburu batzuk ere utzi zizkidan nik saltzeko. Uste dut pobre bizi zela eta liburuen salmentak aparteko sos batzuk ematen zizkiola. Bere anaia Jack urte batzuk lehenago hil zen istripu batean“. Horrela iritsi ziren Atwell anaiak eta bere historia nire eskuetara. Liburua zatika irakurri nuen une hartan, merezi zuen baino patxada gutxiagorekin eta, pisua arintzearren, pakete batean sartu eta Gasteizera bidali nuen laster beste hainbat gauzarekin batera. Baina bi bidaiariek eta bere abenturak irabazia zuten ordurako nire arreta eta nire sinpatia. Sarritan gogoratu izan naiz haiekin harrezkero.
Ez nuen ezagutu Hegoafrikan –Jens Deister-ez gain- beste inor Attwell anaien edo “The Road to London“ liburuaren berri zekienik. Aipatu nituen haien izenak inoiz edo behin baina bizikletaren munduarekin harremana zutenen artean ere ezezagunak ziren.
“The Road to London“ berandu argitaratu zuen Eric Attwell-ek, 85 urte zituela, eta hori ere egiten zait deigarri, alegia zahartzaroan hartu zuela gaztetako bidaia hura plazaratzeko erabakia, orduantxe sentitu zuela, eta ez lehenago, hori egiteko beharra. Esango nuke bidaia hark arrasto sendoa utzi zuela haren baitan eta arrasto hartaz baliatu zela, bere bizitzaren amaiera aldera, seinale bat uzteko.
Esaten du Eric Attwell-ek bere liburuan: “Berandu bada ere nire agur beroa bidali nahi diet bidean lagundu ziguten ehunka lagunei; baldin eta zuetako inor bizirik egon eta hitz hauek irakurtzen baditu: agur t,erdi. Ordainik espero gabe zuen jatortasuna eta adeitasuna eskeini zenizkiguten. Haiek gabe gure abentura guztiz ezinezkoa izango zen“.
Berandu da orain ere eta beharbada ez du honezkero garrantzi handirik baina nik ere neure agurra bidali nahi izan diet Attwell anaiei hemendik. Eta horretarako haiek Londres-eraino eraman zituen bidea -The Road to London hura- apur bat luzatu eta guganaino hurbiltzen saiatu naiz. Ez gaitu normalean arrazoi bakarrak bultzatzen eta ez ditut nik bide haren bihurgune guztiak ezagutzen. Baina ez naiz hain oker ibiliko esaten badut askatasuna -berea eta besteena- maitatu eta defendatu zuen pertsona zintzo baten urratsak daudela “The Road to London“ liburuan. Iruditzen zait halako pertsona izan zela Eric Attwell.
Niamey, Niger
2007ko maiatza
1 comentario:
Hola Lorenzo;
Somos JOrge y Vanesa de Palencia cerca de tus tierras.
Ya es mucha la gente que nos a hablado de ti y nos apetece mandarte un fuerte abrazo y mucha energía
Ahora estamos en camino de hacer la panamericana si quieres ver el blog es:
unviajedospalentinostresamericas.blogspot
Tampoco tenemos mucho que contar alguna historieta y foto
Muchossss abrazos caminando has conseguido ser inspirador para muchas personas
Esperamos encontrarte algun dia en el camino
Publicar un comentario