NONDIK NORA: Bellinghan (2012ko abuztuak 18) - EVERETT - Rockport - Winthrop - Tonasket - Sandpoint - Whitefish - Polson - MISSOULA - Salmon - Stanley - BOISE - New Meadows - Council - Enterprise - Walla Walla - Richland - Ellensburg - Leavenworth - EVERETT  (urriak 7). Guztira: 3433 km. -  EUSKAL HERRIA (2012KO urriak 19). 
 "On the old highway maps of America, the main routes were red and the back roads were blue. Now even the colors are changing. But in those brevities just before dawn and a little after dusk -times neither day or night- the old roads return to the sky some of its color. Then, in truth, they carry a mysterious cast of blue, and it´s that time when the pull of the blue highway is strongest, when the open road is a beckoning, a strangeness, a place where a man can lose himself." ("Blue Highways" liburutik)
 
MV
 Kennikott, 116 metroko bidaiari eta auto-ontzia, 2012ko abuztuaren 
13garren egunean, udako arratsalde garbi batean, abiatu zen Alaskako 
Whittier herritxotik eta bost gau eta 1200 itsas milia geroago iritsi 
zen bere helmugara, Washington estatuko Bellinghan-eko portura. Bost 
egun eskaseko itsas bidaia  Alaska eta British Columbiako kostari 
hegoalderantz jarraituz, bizikletaz ia hiru hilabeteko ibilaldia izan 
zena -Kanadako mugatik Alaskako Anchorage hirira- berdintzeko. Aukera 
gutxi nituen Alaskatik irteteko eta azkenean huraxe hobetsi
 nuen.
Egun lasaiak izan ziren. Ontziko goiko kubiertan, Solarium
 izena zuen areto zabalean, jarri genituen kanpindendak eta zabaldu 
lozakuak bidaiari "pobreok" -kabina eta ohe bat bat ordaintzeko beste ez
 genuenok- eta, alde horretatik, egun haiek aldaketa gutxi ekarri zieten
 nire ohiturei: ordurarte bezala kanpatuta eta koltxoneta mehe baten 
gainean igaro nituen gauak -eta baziren horrenbestez bi hilabete, 
oso-osorik, ohe baten biguna dastatu gabe- eta otorduak ere neronek 
prestatzen jarraitu nuen, ez baso eta tundrako kanpaldietan gauero 
pizten nuen gasolinazko su txikian, baizik eta kafetegiko mikrouhin labe
 aseptikoa erabiliz. Muga horiek ezartzen zizkien MV Kennikott-ek gure 
ohitura nomadei. Baina berritasun nagusia itsasoa zen, noski. Bertan 
zegoen, orain, zapaltzen nuen lurra eta bizikletaren eskulekuari barik  
kanpoko kubiertako burdin-hesiari helduta so egiten nion inguruko 
munduari. Begiratoki
 horretatik zaintzen nuen Kennikott ontziak Barne Itsasbidea -The Inside
 Passage- 
deritzon kanal eta uharte-labirintoetan barrena egiten zuen 
aurrerapena. Zeru garbiak eta itsaso barea lagun, trabarik gabe gozatu 
ahal izan nuen kostalde hurbileko baso, 
mendi eta gailur txurien edertasuna eta baita begiztatu ere, noizik 
behin, ur urdinetatik ernetzen ziren baleen bizkar ilunak eta ondorengo 
ur-zorrotada airean. Gauez sehaska handi baten itxura hartzen zuen MV 
Kennikott-ek: bere kulunka leunarekin hartzen ninduen loak eta halaxe 
esnatzen goizak.
Bellinghan-era iritsi ginen goiza ere ederra 
atera zuen, eguzkitsua eta epela. Anari, ontzian ezagutu nuen Zaragozako
 neskari, eta bere mutilagunari agur esan -Alaskako izokin faktoria 
batean lanean arituak ziren- eta portuaren inguruko kale atseginetan 
barruratu nintzen. Jack eta Isa, egun hartan ostatu behar ninduten 
Warmshowers-eko kideak (1), zain nituen eta haiek bizi ziren auzo aldera
 jo nuen. Gogoan dut haruntza nindoala gertatu zen zerbait: nire ondotik
 pasatzean auto baten gidariak abiadura moteldu eta burua leihatilatik 
aterata oihu egin zidan: "Good luck wherever you go!!"  (zoazen 
tokira zoazela, ondo ibili!!). Eta besterik gabe, niri ezer esateko 
betarik eman gabe, aurrera segitu zuen. Estatu Batuak, ustekabez eta 
kontrastez betetako herria: aldizka hain arrotza eta urruna, aldizka 
hain ederra eta
 abegikorra.
 Bellinghan-eko goizak seinale onak eskainiz ematen zidan ongi etorria.
Jack
 eta Isa bikote ezin jatorragoa suertatu zen. Jatorriz txinatarrak 
-cantoneraz eta mandarineraz zekiten- kanadiar nazionalitatea zeukaten 
eta Estatu Batuetan bizi ziren. Haien etxean bi gau eman eta 
biharamunean Everett aldera abiatu nintzen, Wall anaiak agurtzera.
(1) Warm Showers: bizikleta -bidaiarioak elkarrekin harremanetan jartzea eta elkarri laguntzea xede duen nazioarteko taldea.
 
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario