miércoles, 4 de mayo de 2011

Cali (Kolonbia). 2011ko ekainak 4

Familia nomada (Andoni, Alice, Maia)

Trujillo (Peru) - Cali (Kolonbia): 103 egun, 3840 km. Nondik nora: TRUJILLO (PERU) - Paijan - Pacasmayo - Cajamarca - Chachapoyas - Jaen - LA BALSA (Peru/Ekuadorreko muga) - Zumba (Ekuador) - Vilcabamaba - Loja - Zamora - Gualaquiza - Macas - Puyo - Baños - Ambato - Latacunga - (Zumbahua - Quilotoa aintzira - Sigchos - Latacunga) - Tumbaco - QUITO - Nono - Tandayapa - Bella Vista - Mindo - La Concordia - Pedernales - Mompiche - Muisne - Quingüe - Sua - Esmeraldas - Las Peñas - La Concepciòn - Mira - El Angel - Bolivar - Tulcan (Ekuador) - Ipiales (Kolonbia) - Pasto - Popayan - CALI





Maite ditut
maite
gure bazterrak
lanbroak
izkutatzen dizkidanean  (Mikel Laboa)


Peruko Trujillo hiritik, Lucho eta Araceliren etxetik, urtarrilaren 17an abiatu nintzen. Lau hilabete eta erdi honetan Peru iparraldeko mendialdea, Ekuador guztia eta Kolonbiako hegoaldeko lurrak zeharkatu ditut.

Ibilbide horretan toki bat nahi nuke bereizi eta nabarmendu, edertasun handiko inguru bat: Peruko iparraldea, hain zuzen, batez ere Cajamarca hiri kolonialetik Chachapoyas-era doan tarte polita. Geografiak, naturak eta hango bideek begiei eskaintzen dieten oparia ez da nolanahikoa, eta oparia da, halaber, eta handia, bertan bizi den jendearen izakera lasai eta amultsua. Eta nire aukera areago zehaztu eta mugatu beharko banu, aipatutako tarte horretan txoko bat aukeratu eta besteen gainetik jartzeko eskatuko balidate, aspaldiko ezagun bat hartuko nuke gogoan: Urrezko Sugea, Marañon ibaia benetako izenez. Haren urek lur bakarti hartan ireki duten sakonune eskergak eta hango maldetan gora eta behera kixkurtzen diren bideek arnasa lapurtu eta aho zabalik utzi ninduten (zentzu guztietan).

Ekuadorreko eta Kolonbiako lurrek, ordea, ez didate Perukoek adinako zirrararik eragin. Ez dut esan nahi ederrak ez direnik. Izan ere, ederrak, oso ederrak dira hemendo bailara berde eta sakonak eta haiek inguratzen dituzten mendi sendoak (gogoan dut 88. urtea, Kolonbiara iritsi eta Ande mendiekin lehenengo aldiz topo egin genuenekoa, eta nola mirestu eta ederretsi genituen lur hauek orduan). Esan nahi dut Ande mendiak izan direla nire ibileraren bizkarrezurra azken urtebete luzean -Patagoniako lautada bakartietatik aldendu nintzenetik-, eta agian atzean geratu diren parajeen handitasunak eta altura haietako argi aratzak itzal egiten diotela orain mendikate luzearen azken mutur honi.


Ekuadorren, hala ere, aurkitu izan dut aipatzekoa den toki bat, berezia eta nire gustokoa, nahiz eta mendiekin eta alturekin bat ere zerikusirik eduki ez: iparraldeko kostaldea. Oso hondartza zalea ez banaiz ere, Mompiche inguruko itsasertzak ezohiko plazer batzuk eskaini dizkit pasa diren asteotan: hondartzako paseoak, olatuen laztana, itsaso handiaren zurrumurrua eta hurbiltasuna... egun lasai eta atsegin batzuk, hitz gutxitan. Esmeraldas hiria bera ere aipatu beharko nuke, kale haietako giro afrikarra, arrantzaleen portua, hango lagunen harrera eta konpainia...


(Digresio bat:
Hiru hilabete eta erdi bakarrik.... eta, hala ere, betiko sentipena, Trujillo eta hango egonaldia hain daude urruti orain, hain daude urruti Peru, Bolivia, Argentina, arestiko Quito bera ere... iragan urrun batean ia, beste denbora batean.... Ez dut galdu kontaktua toki horietan ezagutu nuen hainbat lagunekin, eta noizbehinkako harreman horrek sendotasuna eta hurbiltasuna ematen die pertsona haiei, haien bizitzei, haien oroitzapenari... Uste dut neuk galdu dudala, nolabait, sendotasuna. Ez hemen nagoen honek baizik eta lur haiek ibili zituenak, ordukoak... Lanbroaren tankera hartzen diet orain bide eta ibilera haiei, hain aspaldikoak ez badira ere, egunetik egunera dena zaharkitu eta ostera eraberrituko balitz bezala, ni barne. Kontradiktorioa da errelitate hau, batetik nire urratsen mantsotasuna sentitzen dut, inora iristeko presarik eza, egunen joana ez azkartzeko desira; bestetik denboraren arrapalada dago, etengabeko mugimenduaren bertigoa, atzo goizekoa dagoeneko iragan eta distantzia bihurtu duen orainaren bultzada... Sendotasuna du orain horrek, une honek. Sendotasuna du geroaren deiak, haruntzago dagoenaren lilura setatsuak. Eta sendotasuna dute hango eta hemengo lagunek. Zurrunbilo aldakor honetan aingura bat dira haiek, presentzia irmo eta lasaigarri bat.)


Esanak esan, ez dira izan mendiak, edo hondartzak, edo ibaiek lurrari egin dizkioten ebaki sakonak, azken hilabeteotako azpimagarriena. Ez da izango naturaren eskaintza denbora honek oparituko didan oroitzapen bakarra, ezta lehena ere. Jendea izango da oraingoan, pertsona zehatzak, oroimena bahitu eta bertan markarik iraunkorrena ezarriko dutenak. Denetariko pertsonak. Aspaldi bateko lagun ia ahaztuak batzuk, iraganeko biztanle higatu eta lausoak, toki lanbrotsu hartatik jauzi egin eta bidera ustekabean irten zaizkidanak, ez fantasmen gisara, zeudenean berpiztuak, baizik eta mugimenduak eta aldaketak denoi ematen diguten dohaiarekin, izaera berrituarekin. Pozgarria oso izan da haiekin berriro topo egitea. Lagun berriak beste batzuk, berriak izanagatik betikoen gisara hurbildu zaizkidanak, haien indar eta zintzotasunarekin; poz iturri izan dira haiekin emandako egunak ere eta zaila egun horien ostekoa, bideko bakardadera bueltatu beharra. Eta denetariko enkontruak, aurreikusiak eta baita inondik inora espero eta bilatzen ez nituenak ere, batzuk zinez bitxiak, patuaren karanbola arraro eta zailak, hainbesteraino non "bizitza gidatzen duen esku izkutuarekin" gogoratu izan naizen halakoetan, ez ote zen bera han zebilena gu elkarrengana bideratuz, hobe beharrez, "toki egoki eta doia" aurkitu genezan azkenik elkarren ondoan, edo behintzat urrats bat eman genezan bake horretarantz... Baina utzi dezadan poesia alde batera, apur batean behintzat. Piura (Peru), Quito , Esmeraldas (Ekuador) eta Pasto (Kolonbia) hiriak izan dira elkartze eta berrelkartze berezi horien kokalekuak. Azkenekoa, Pastokoa, kontatuko dizuet.

FAMILIA NOMADA BAT


"A tus atardeceres rojos se acostumbraron mis ojos, como el recodo al camino..." (Serrat)


Andoni (Ermua) eta Alice (Bruselas) 2004. urteko abenduan ezagutu nituen Turkiako hegoaldean, itsasertzeko herri lasai eta atsegin batean. Negu gorriko giroa egiten zuen Turkiako barrualdean, elurra eta hotza non-nahi ziren, baina han, Mediterraneoak epeldutako zoko haietan, telebistak aipatzen zituen ekaitzek eta tenperatura gordinek toki urruti batekoak ziruditen. Mendi-muino arbolatu eta berdeek trazatzen zuten kostalde hartako ertza; maldetan eukaliptoen eta fruta-arbolen lurrinak betetzen zuen airea eta eguerdiko orduetan nekazariak olibondoen azpian esertzen ziren, lanean eten bat egin eta atseden pixka bat hartzera. Muinoen tontorretatik itsaso urdin-urdin bat ageri zen, ia arratsero eguzkiak distira gorriz betetzen zuena.


Hilabete gutxi ziren Alice eta Andoni Brusela-ko beren etxetik bizikletaz abiatuak zirela. Asia aldera zihoazen baina neguak bidea ixten zien. Babesleku bat behar zuten eta aste batzuetako geldialdi bat egiteko paraje haiek ezin hobeak iruditu zitzaizkien. Göcek aukeratu zuten, Fethiye ondoan dagoen itsas herri txukun bat. Norbaitek belauntzi bat utzi zien eta han jarri ziren bizitzen.


Europatik nentorren ni ere hilabete haietan baina iparraldetik, Norvegiako ipar puntatik. Udazkenaren hasierak Finlandian harrapatu ninduen eta handik aurrera zuhaitz gorritzen hasiak eta orbela izan nituen lagun Europa ekialdeko bideetan. Hotza orpoz orpo segika nuela iritsi nintzen Turkiako mugara baina Marmarako itsasotik hegoaldera dauden lurretan barruratu arte ez nintzen hasi sentitzen bere benetako haginkadak. Negua hastera zihoan eta nahiz eta gutxitan kanpatu -ia gauero aterpe eta estufa bat eskeintzen zigun Turkiako jendeak (Frantziako bikote batekin nenbilen egun haietan)- kanpoan bizitzea gero eta zailagoa zen. Göcek-era iritsi nintzenean nik ere paradisuaren itxura hartu nien kostalde hartako epeltasunari eta argiari. Trobadore zaharren itsasoa neukan aurrez aurre eta hala sentitu nintzen, Mediterraneoa lehen aldiz orduantxe ikusi banu bezala.


Andonik eta Alicek ordurako belauntzia utzi eta, zortea berriz lagun, apartamendu argitsu bat alokatzen zuten herrian, oso prezio onean. Gela bat eskaini zidaten eta habi hartan pasa genituen hirurok urte hartako Eguberriak eta 2005aren hasiera, pare bat aste guztira. Andonik eta Alicek bizimodu nomadaren -eta haren muinean dagoen askatasun sentipenaren- deskubrimendua eta magia dastatzen zuten bidaiaren lehen hilabete haietan, sentipen bizi-bizia eta zoragarria inondik ere, are eztiagoa bazter haiek eskaintzen zizkiguten ustegabeko udaberriari eta harrera onari esker. Kezkarik gabeko egunak ziren, nagiak, argiz beteak.


Nomadak ginen, ordea, eta bidea zen -eta da- gure legea, gure aberririk behinena, aterpe goxoagorik ez dugu gaurdaino aurkitu. Barrualdean negua ez zuen epeltzen baina urtarrileko egun batean, abiatzeko tenorea heldua zela iritzita, kanpamendua jaso eta ekialdeko bidea hartu genuen, kostaldeari jarraituz. Bi aste geroago bereizi ginen: ni Siria eta Afrika aldera nindoan; haiek, ordea, Asiara, eta horretarako hortzak estutu eta Turkiako negu latzari -oraingoan bai- aurpegi emanez, kostaldetik urrundu ziren eta Capadocian barruratu. Georgia zuten helburu. Handik Kazakhstan-era eta Erdialdeko Asiara iritsi nahi zuten, Armenia eta Azerbaijan-en barrena lehendabizi, eta Kaspiar itsasoa zeharkatuz ondoren. Baina hitz egin dezatela haiek. Hona hemen Andoniren eta Aliceren hitzak, bidaia hura -hiru urte pasatxo iraun zuen guztira- laburbiltzen dutenak:


"Después de tres años, tres meses, tres días y tres continentes, volvimos a casa tras dar la vuelta al mundo en bicicleta. El ocho de septiembre de 2007 finalizo este maravilloso viaje. A fuerza de pedal disfrutamos de una experiencia única e inolvidable. Atrás dejamos grandes recuerdos, miles de encuentros y amistades, increibles paisajes, lugares históricos... fue un viaje impresionante.


Nuestro punto de salida fue Bruselas (Bélgica) para ir hacia el lejano Oriente. Atravesamos Europa central, los montes Carpatos, Euro-Asia, El gran Turkestán, la cordillera de los Himalayas, Nepal, India, el sureste asiático y China para llegar a Tokyo (Japón). Con el objetivo cumplido decidimos ir a Norte-América para dar la vuelta al mundo y regresar a Europa.


Après exactement trois ans, trois mois, trois jours et trois continents, nous terminons notre voyage à vélo, la tête pleine de souvenirs, le calepin rempli d'adresses du monde entier et le sentiment que tout cela a été encore plus merveilleux que nos rêves les plus fous.


Nous avons quitté la Belgique le 6 juin 2004, avec le rêve d'atteindre l'Extrême-Orient à la force de nos mollets. Nous avons pédalé à travers l'Europe, le grand Turkestan, la cordillère de l'Himalaya, la péninsule Indienne, le Sud-est Asiatique, la Chine, pour finalement atteindre Tokyo en août 2006, d'où nous déciderons de prolonger notre périple en Amérique du Nord." (http://www.mundubicyclette.be/)


Bidaia hura amaitu eta 2007ko abuztuan Belgikara itzuli zirenean Alice haurdun zegoen. 2008an Alice, Andoni eta haur jaio berria -Maia izeneko neska bat- Ermuara joan ziren bisitan eta patuak han elkartu gintuen bigarren aldiz, ni ere Afrikatik orduantxe irten eta bisitan bainenbilen Euskal Herrian hilabete haietan.


Eta hirugarren elkartzea orain dela aste gutxi gertatu da, Kolonbia hegoaldeko Pasto hirian. Oraingoan haiek hiru dira eta txikienak -hiru urte ditu Maiak- Andonik bere bizikletari lotuta daraman bi gurpileko gurditxoan bidaiatzen du. Lasai bidaiatu ere, pozik eta sortarazten dituen arretari eta harridurari axolagabe, horixe baita -harridura eta jakinmina- bizikleta zamatuak eta haiek arrastatzen duten gurditxoa ikustean inguruko lagunen begiradek adierazten dutena. Eta areago harritzen dira ikusle horiek, begiak larritu eta ahoa zabaltzeraino, gurditxoaren barruan doan bidaiari txikia begiz jotzen dutenean. Pastoko kaleetan barrena gindoazela ondo konturatu nintzen horretaz: ikuskizun ederra zen, noski, guk bertakoei eskaintzen geniena baina are ederragoa, niretzat batez ere, haien erreakzioak eta imintzioek guri ematen zigutena. Ez da hau Maiaren lehen bidaia. 2009ko udan ere Frantzian barrena ibili zen batetik bestera bere gurpildun habitxoan eta, antza, ezin hobeto moldatu zen bidez-bideko bizimodu ibiltarira.


Orain dela urtebete inguru ekin zioten Andonik, Alicek eta Maiak oraingo bidaiari. 2010eko udan Bruselatik berriro abiatu eta Frantzia eta Espainia zeharkatu ondoren Marokon barruratu ziren. Eta handik hegazkin batek Venezuelako hiriburura ekarri zituen pasa den otsailean. Quiton daude orain eta hegoaldera doaz. Noraino eta noiz arte ez dakite, Alice haurdun dago berriro, lau hilabeteko, eta buhame berria non munduratu eta ondoren zer egin aztertzen ari dira oraindik. Ondo ibili lagunok!


PERUKO TRUJILLO HIRITIK EKUADOR-EKO MUGARA


Urtarrilaren 17an lau txirrindulari abiatu ginen Peru-ko Trujillo hiritik, Lucho eta Araceliren etxetik, eta "panamericana" esaten zaion errepidean barrena iparraldera jo genuen. Honako hauek ginen: Bautista eta Mateo frantsesak, Trujilloko Lucho bera eta ni. Trujillo-tik 50 kmra dagoen Paijan izeneko herria ondo ezaguna da gure artean, hura saihesteko modurik ia ez dago eta azken urteotan indarrezko lapurreta asko sufritu dituzte han txirrindulariek eta txirrindulari ez direnek ere. Bertara hurbildu ginenean errepideko polizia gugana etorri eta eskolta emango zigutela adierazi ziguten. Horrelaxe zeharkatu genuen ospe txarreko tartea.


Paijan gibelean utzi eta Peruko kosta desertikoan azkar egin genuen aurrera, hegoaldeko haizea lagun. Biharamunean, Pacasmayotik 15 kmra dagoen bidegurutzean bereizi ginen: nik eskuin hartu eta mendien aldera jo nuen, bakarrik; frantsesek eta Luchok aurrera jarraitu zuten, panamerikana utzi gabe, Chiclayo aldera. Luchori agur esatea ez zen hain samurra izan. Berak ere bustita zituen begiak.


Bi egun geroago, urtarrilaren 20an, Cajamarca hiri kolonialera iritsi nintzen. Cajamarcan atxilotu eta hil zuten konkistatzaile espainarrek Atahualpa, inken azken enperadorea. Gela bat urrez betearazi ondoren, bi aukera eman omen zioten: bataiatu, kristautu eta urkatuta hil ala sutan kixkalita bestela. Lehena aukeratu zuen.


Cajamarcan pare bat egun egin eta Chachapoyas aldera jo nuen gero. Horretarako Celendin herria igaro eta Marañon ibaia zeharkatu behar izan nuen. Tarte hura oso ederra izan zen. Hona hemen egun haietan nire egunkarian idatzitako sarrerak.

2011ko urtarrilak 22, larunbata. Cajamarca - Celendin, 108 km.

Oso bide polita, ongi trazatua, aldapa eta malkar gogorrik gabe. Aurpegi asko txuriak, nahiz mendialdean egon eta nekazarienak izan. Jende atsegina, adeitsua, Cajamarcan bezala. Pasadizo bat: ni hurbiltzen ikusi orduko korrika irten da pezozko bere etxe umiletik neskatila irribarretsu bat eta bide ondoan gelditu da niri agur eginez: "gringito! gringito!". Nik harrituta eta dibertituta begiratu diot, bere agur xaloa eskertuz lehendabizi, eta biotatik zergatik ote nintzen ni "gringitoa" pentsatuz, gero: txuri-txuria eta ilehoria zen, mendietako bikingo txiki eta sinpatiko bat.

Eguraldi iluna, euritsua. Mendietako berdea, non-nahi ageri dena, ilundu egiten dute zeru goibelek, harrizkoa da bien bitarteko argia, grisa, mugimendurik gabea, eta zerutik lurrera doan tartea txikiagotu egiten du. Zirrikitu lanbrotsu hori da nire bidea, ildo bakarti bat natura eder geldian.
Nire bazter maiteak... hemengoak eta hangoak... lanbro honetan bat eginda ikusten ditu gaur nire gogoak.


Arratsean iritsi naiz Celendin-era, 7ak baino lehentxoago, ilun-bistan. Arrosa koloreko argi mehe bat dago airean, oso berezia. Elizaren kupula urdinak ilunpetik bereizi eta sendo altxaten dira etxe zapalen gainetik.


2011ko urtarrilak 23, igandea. Celendin - Balsas, 60 km.


Azoka eguna gaur Celendin-en. Hamarrak inguruan abiatu naiz, kale jendetsuetan gora eta behera pixka bat ibili eta gero. Herritik irten bezain pronto goraka hasi da bidea eta 13 kilometroko igoerak gain berde batera eraman nau (3150 m.). Ikusgarria begiek handik ikusi dutena: mendien arteko zulo ikaragarri bat, bi mila metro inguruko sakonera duena eta zeinaren maldetan bidea gainbehera amiltzen den, etengabe bihurrituz eta kiribilduz, ia bukaezina dirudien jaitsiera luzean (45 km).


Ezin ikusi goitik zulo horren amaiera non dagoen, baina maldan behera hasi eta bi ordu inguruko bidea egina nuela, begiz jo dut, halako batean, sugea, sakanaren behe izkutuetan bizi den pizti zaharra. Aspalditik ezagutzen dut nahiz eta hau izan bera aurrean dudan lehen aldia: Urrezko Sugea da, Marañon ibaia benetako izenez. Gelditu egin naiz, urrun dago oraindik eta txikia ematen du altura honetatik. Arreak eta lehorrak dira hura inguratzen duten malkarrak eta arrea eta iluna da bera ere, lokatzezko suge nagi bat sakan estuaren barrenetik astiro, sigi-saga, mugitzen dena. Ez dago distirarik, ez arrasto doraturik ur horietan. "Rio Marañon, dèjame pasar...", gogoratu zait eta otoitz batenak balira bezala igaro dira nire gogotik antzina ikasitako hitzak.


Jeisten segitu dut. Bidea estua eta asfaltogabea da baina ondo zainduta dago eta trafiko gutxi darama. Malda bakarti eta idorrak ditut orain inguruan, kaktusak, sastraka arantzadunak, enbor lodiko zuhaitz txikiak. Eguzkia beheraka hasia da. Aurrez-aurre, ibaiaz bestalde altxatzen diren mendi-gailurretatik gora hodei txuri trinkoak ageri dira, elkarri erantsitako kotoi-pinportak dirudite. Gorago urdingune zabalak. Argi-itzalen dantzarekin jostatzen dira nire inguruko mendi-hegal isilak.


Iritsi naiz zuloaren hondora. Ibaiaren aldamenean nago orain, zubia baino lehenagoko tartean, eta lokatzezko sugearen ibilera ez da, bertatik bertara ikusita, hain geldoa, hain nagia. Izan, ur handiko ibaia da, pareta lehorren artetik bere indarrari eutsiz bezala doana. Piztiaren benetako ahalaz jabetu naiz oraintxe.


Ibaiaz bestalde Balsas dago, kale bakarreko herrixka bat (1050 m.), eta izen horrek beste garai eta bizimodu batzuk ekartzen ditu gogora, hemengo biztanleen bizitza eta heriotza ur ilunetan jokatzen ziren garaiak, alegia. Orain ez dago, noski, ibaiaren indarrak gureekin neurtu beharrik, ez du bidaiariak enborrez egindako txalupa hauskorren premiarik bestaldera iristeko, eta ontzitxo haiek gobernatu eta urekin lehiatzen ziren gizonen abileziak eta adoreak liburuetako orrietan bakarrik - eta zaharrenen oroimenean akaso- irauten dute. Orri horietan egin nuen nik topo estraineko aldiz -oso aspaldi dela- Marañon ibaiarekin, Urrezko Sugearekin.


Bai, beste garai batzuetakoak dira Ciro Alegria eta berak sortu zituen pertsonaien bizitzak eta, hala ere, ibai honek ordukoa, betikoa ematen du. Tanta bat gara gu eta gure denbora bere uretan.


Zubira heldu eta errespetuz begiratu diot nire azpiko suge lodiari. Eta antzinakoen hitzak ozen errezitatuz zeharkatu dut burdinazko plataforma estua: "Rio Marañòn, dèjame pasar, eres duro y fuerte, no tienes perdòn / Rio Marañòn, tengo que pasar, tù tienes tus aguas, yo mi corazòn".
..........................................................................................................................................


Marañon ibaia zeharkatu eta 63 kilometroko igoerari ekiten dio segidan bideak, igoera luzea eta baita ederra, oso ederra, ere. Mendi haietan malda da dena eta haiek uzten duten tarte urrian kulunka doa, nola-halako orekan, bide estua. Noizbehinkako etxe bakanak ere han-hemengo balkoi edo zabalgune txikietan kokatzen dira, edo mendien arteko lepo estuetan bestela. Mendatea (Calla Calla edo Barro Negro, 3660 m.) igaro orduko, ordea, paisaia aldatu egin da, borobildu eta zabaldu. Hango larre eta belardien berdea bizi-bizia da, itsugarria.


Mendateko gainetik laster (30 bat kmra) Leimebamba herria dago. Hango museoak merezi du bisita bat. Eta aurreraxeago, Chachapoyas baino lehentxoago, antzinako hiri harresitu bat dago, X. edo XI. mendekoa: Kuelap du izena eta berak ere merezi du bisita. Batzuek diotenez, Machu Picchuren ondotik horiek dira Peruko hondar arkeologiko garrantzitsuenak. Mendi gain batean daude eta bizikletaz edo oinez igo zaitezke bertara, bide ezberdinak aukeratuaz. Harresien tamaina eta sendotasuna ikusgarriak dira. (Errepidez joanez gero: 38 km. bidegurutzetik, Tingo Viejo herritxotik, eta 1100 metroko igoera. Oinez: bi edo hiru orduko bidea?).

Goiz batean, abiatu eta handik gutxira, beste txirrindulari batekin egin nuen topo Cahachapoyas inguru haietan. Daniel Landibar nafarra zen eta oraingoan halabehar hutsari eta Danielen beraren nahiari eta saiatzeari zor zaie, neurri berdinean, topaketa. Kontua da bera gosaltzen zegoela bide ondoko etxe batean ni haren aurretik igaro nintzenean, ez bera ez bizikleta ikusi gabe, eta entzun gabe, gainera, ni ohartarazteko asmoz segituan egin zizkidan deiak eta txistuak. Ez genuen elkar ezagutzen, ez elkarren berri jakin ere,  baina gosaria bertan behera utzi, bizikletara igo eta nire atzetik abiatu zen laster batean Daniel, eta baita ni harrapatu ere, handik ia kilometro batera. Ustekabe galanta hartu nuen gibeletik eta arnaska zetorren txirrindulari hura nire parean jarri zenean. Atzera elkarrekin bueltatu eta orduan bai, lasai eseri ginen biok mahaian eta kontu-kontari hasi, berak gosariari berriro ekiten zion bitartean. Daniel Erriberakoa zen, etxe ekologikoen diseinuan eta eraikuntzan aditua, eta alor horretako enpresa batekin esperientzia txar bat izan eta gero erabaki zuen arnasa pixka bat hartu eta Hegoamerikara etortzea. Bizikleta Quiton erosi eta handik zetorren; helmuga, ordea, toki ezohiko batean jarria zuen, gutxik bisitatzen duten  -eta urte eta erdi lehenago nik zeharkatua nuen-  Paraguai mendebaldeko desertu berde eta biztanle gutxikoan, "Chaco" eskualdean, alegia. Beste kontu bitxi bat: bere herriko bibliotekan Jesus Lopez de Dicastillo delako baten ibilerak eta liburuak ezagutu zituen eta irakurgai haiekin piztu eta sendotu omen zitzaion Hegoamerikara etortzeko gogoa. Eta areago harritu nintzen zera gehitu zuenean: "Peru-ko oihaneko Puerto Bermudez herrian bizi da orain Jesus eta hara joan nahi nuke, aitzindari hura, eta nire bidaia nolabait inspiratu duena, ezagutzera". "Arraioa -pentsatu nuen-, ni neu Puerto Bermudez-era eraman ninduten arrazoi berdinak dira!. Daniel, ordea, ni baino gazteagoa zen, beste belaunaldi batekoa... Gutxi pentsatuko zuen Jesusek noski, 80ko urte haietan, bere ibilera eta hitzek hainbeste ametsen pizgarri izango zirenik, hogei eta hamar urte beranduago ere bidaiarien akuilu eta bultzada izaten segituko zutenik..!"
Quito-ra bitarteko errepide zatiaren berri eman zidan Danielek eta nik ere hegoalderako bidean zein aukera zituen eta zer espero zezakeen azaldu nion. Eta ondoren hurrena arte esan eta, ezinbestean elkarri bizkarra emanda, bideari lotu ginen. Bolivian dago bera orain.



 

EKUADOR

Otsailaren 11an La Balsako muga igaro (Namballe-Zumba) eta Perutik Ekuadorrera sartu nintzen. Lojara bitartean, mendiak, zeru goibelak, euri zaparradak eta herri txikiak eta lasaiak aurkitu nituen. Aldapa ikaragarriak ere bai, aspaldiko gogorrenak, % 10etik 20ra bitarteko portzentajeekin. Loja baino lehen, mendi arteko haran polit batean, Vilcabamba herria dago, bere biztanleen bizitza luzeagatik ezaguna dena. Denak saiatzen dira han -eta arrakasta handiarekin, antza- kanposantura ahalik eta beranduena hurbiltzen eta honelako izenak ugari dira kaleetan: "Minimarket Longevo" "Avenida de la Eterna Juventud"... Bertan egindako zigarro klase bat ere badago, "Longevos" izenarekin komertzializatzen dena (paketean aitona zahar bat ageri da, pozik erretzen).


Lojatik aurrera zalantzan ibili nintzen, zein bide hartu. Bi aukera nituen: errepide panamerikanoa bata, Ekuadorreko bizkarrezurra eta kultura kitxuaren eremu nagusia den mendialdetik barrena doana -ospe handiko hiri kolonial bat dago bertan, Cuenca-, eta ekialdeko bidea, bestea, zein aurrekoarekin paraleloan doan baina oihanaren ondotik, shuar indioen lurraldetik. Azkena aukeratu nuen eta Lojatik Zamora hiri txiki eta txukunera jaitsi nintzen eta handik iparraldera jo gero, Puyo-raino. Puyon ekialdeko behe-lurrak utzi eta mendialdera igo nintzen ostera, Baños eta Latacunga hirietara. Quilotoa aintziraren itzulia egin eta martxoaren bian iritsi nintzen Quitora. Goiz eguzkitsua eta garbia atera zuen egun hartan eta horrek Cotopaxi sumendia ikusteko parada ederra eman zidan: nire eskuinean zegoen, ia sei mila metroko kono perfektu bat, erditik gora elurpean zegoena. 1988. urtean, antzeko beste goiz eguzkitsu batean, han goian, krater haren ertzean, egona nintzen. Denbora haiek bezain urruna ematen zuen orain gailur txuriak.


(Beste digresio bat -edo antzeko zerbait-:


esan behar dut Ekuadorrek, zentzu batean, harritu egin nauela, Perutik Ekuadorrera igaro eta alde handia somatu dudalako bi nazioen artean, orain dela 12 urte ez bezala, orduan ere zeharkatu bainuen muga hori eta aldaketak ez zuen aparteko markarik utzi nire oroimenean. Kontua da Ekuador, bere umilean, hegoaldeko auzoa baino askoz txukunago eta apainago aurkitu dudala, eta herrien eta hirien itxura ordenatua izan dela, batik bat, inpresio hori eragin duena (salbuespen nabarmenak ere badira, haien artean kostaldeko hiri batzuk, Esmeraldas, kasu). Errepideak ere aipatu behar honen harira, Ekuadorren bide dotore eta estrenatu berriak edo haiek sortzeko lanak non-nahi daude-eta. Badirudi Correa lehendakari ezkertiarraren politikan lan publikoak sustatzea izan dela, besteak beste, helburu garrantzitsu bat, eta lan publiko horien artean errepide-sarea hobetzeari eta bide berriak zabaltzeari eman diola lehentasuna. Ez da Correaren kontua bakarrik, kontinente guztian gertatzen ari den zerbait baizik. Susmoa dut ideia berri larregi ez dabilela bazterrotan ere (asmo berriak, bai, zenbaitetan, eta ez da gutxi) eta hemengo gobernariek diru apur bat eduki eta harekin zerbait egin nahi dutenean betiko erritoak berritzen dituztela. Eta errepideak egitea erritorik zaharrenetakoa da eta inbertsio borobila ere bai: erraz ikusten da, aldi baterako lana sortzen du eta dirua desbideratzeko eta poltsikoratzeko aukera onak ematen ditu. Gobernari zintzoenek, agian, eskuak batu eta mirakulu bat ere eskatu eta espero izango dute: errepide egin berrien aditzea eduki dezala, lehenbailehen, zoriontasunak, asfalto leunaren lilurari ez diezaiola muzinik egin haiekin beti hain uzkur izan den andere kapritxosoak, jakin dezala bideak zabaltzen zaizkiola pobrearen etxean ere, etor dadila haietatik arren, ekar ditzala bere onurak... Tira, ez naiz ni asfaltoaren miresle bat eta ez dut askorik sinisten bere birtute magikoetan, nahiz eta batzuetan estimatu -hori ere egia da- eskaintzen dituen erreztasunak eta deskantsua. Eta gai honekin amaitzeko: gure zibilizazioaren ikur nagusiari -autoari- dagokionez ere, Ekuador berriro irabazle: berriagoak, dotoreagoak, distiratsuagoak dira bere errepideetan ibiltzen direnak. Niretzat abantaila gutxi: abiadurak ere handiagoak dira eta gidarien jokabidea, zoritxarrez, betikoa, hemengoak hangoak bezain zoro eta axolagabe, gauza garrantzitsuak -begiratzeko modua, kasu- astiro, oso astiro, aldatzen bide dira.... Ez, zoriontasuna ez da azeleradore bat zapalduz eta errepidez etorriko, nahiz eta horiek ere, neurri batean, beharrezkoak izan. Hari begiratzeko eta deitzeko modua aldatzen ez dugun bitartean gure erreguei entzungor segituko du, noski, andre misteriotsuak.


Beste zerbait ere esan behar dut Peru-Ekuadorrekikoak amaitu baino lehen: muga zeharkatu eta lehen unetik faltan aurkitu nuela atzean utzitakoa. Bai, Ekuadorrera sartu eta ondorengo asteetan Peruko mendi garaiekin eta hango bakardadearekin oroitu izan nintzen behin baino gehiagotan baina hori, izan, ez zen hain arraroa. Arazoa sakonagoa eta larriagoa zen eta horretaz berehala konturatu nintzen, inguruan nituen enparantza eta lorategi txukunei mesfidantzaz begiratu eta Peruko herri nahasien falta sentitzen hasi nintzenean. Okerrena, dena den, geroago etorri zen, "gringo!" oihu baldarren mira ere bilatzen hasi bainintzen halako batean eta horrek, bai, guztiz harritu, nahastu eta noraezean utzi ninduen. Paradoxikoak gara gero, edota ohiturazko abereak, edota erremediorik gabeko kontentagaitzak. Orain dela gutxi irakurri ditudan hitzekin adierazita, bestela: "ez dakigu nahi duguna nahi dugun". Eta nahi ez dugunarekin? Ba, berdin-berdin, igual eta antzera. Nola ulertu, bestela, hainbeste protesta eta purrustada egin eta gero, azkenean, ezari-ezarian, Perurekin maitemindu izana? Nola ulertu herri horrek nigan utzi duen hutsa...? Ez, maitasun eta gorroto kontuetan ez naiz ni lagun fidagarria, zorabiatu egiten naiz itsaso horietan. Pesimista batek honela erabaki zuen, aspaldi, auzia: "ez, ez gara sekula zoriontsuak izango". Auskalo. Oraingoz, gelditu bitez esanda eta idatzita azken lerro hauek Peru zaharraren alde.)

Miller Hernan Yule
MELENDEZ AUZOA

Melendez auzoa Cali hiriko hegoaldean dago eta hona pasa den apirilaren 29an iritsi nintzen. Gaur ekainaren 4a da eta horrek esan nahi du 5 bat aste joan zaizkidala hemen, ezari-ezarian, bat ere nekerik gabe. Lehenengo eta behin eskerrak eman behar dizkiet hori posible egin dutenei, Miller Hernan Yule-ri eta bere familiari, bere etxeko ateak zabaldu ezezik etxekoa banintz bezala hartu nautelako denbora guzti honetan, etxekoei eskaintzen zaien berotasuna erakutsiz. Atzerri honetan bigarren familia bat izan dira haiek, niretzat eta baita hemendik pasatzen diren beste txirrindulari askorentzat ere, harrera ona berdina baita guztientzat... Lau urte dira Miller asmo honekin hasi zela eta ehundik gora dira harrezkero bere etxetik igaro diren bizikleta-bidaiariak.

Melendez auzo herrikoia da, bizia, langile-bihotz sendoa duena. Kaleak, batez ere "Super Inter" supermerkatuaren ingurukoak, jendez eta autoz beteta egon ohi dira baina handik pixka bat urrundu eta giroa nabarmen lasaitzen da, sekulan galdu gabe, hala ere, etxez kanpoko bizitzak auzoari ematen dion kolorea eta alaitasuna. Gauak ere animatuak izaten dira, janari-saltoki txikiak non-nahi ageri dira, espaloietan eta kale bazterretan, eta bertan arepak (arto-irinez egindako opil bero gaztaz eta urdaiazpikoz beteak), ikatzetan erretako txorizoak, enpanadak eta bestelako gutiziak eskaintzen dira, usain goxo eta tentagarrien artean. Halakoren bat erosi eta afari legea kalean bertan egin eta gero, etxerako bidean, gazte taldeak ikusi ohi ditut espaloietan eserita, lasai eta hitz aspertuan, gau giroaz gozatzen, eta haien ondotik pasatzean ere ke eta usain goxo eta biziki tentagarriak aditzen ditut, bestelakoak oraingoan, esate baterako belar mozkorgarriaren lurrin ezagun eta garratza. Auzo segurua da, hala diote auzokideek eta lehen mailako baloretzat daukate hori, ulertzekoa eta estimatzekoa den zerbait, noski, areago Cali bezalako hiri batean, non intseguritatearen gaia pil-pilean dagoen (lapurreta helburu duen biolentziaren intseguritateaz ari naiz). Guztiarekin, dena ez da bake santua, gerraren arrastoa honaino ere iristen da, bisitari ezjakinena erraz  konturatu liteke horretaz, teilatuen gainetik pasatzen diren helikoptero militarren zaratotsa airean zabaltzen denean kasu, edo soldadu armatuen patruilak auzoko kaleetan oinez barruratu eta honelako kartelak zintzilikatzen dituztenean, murruetan eta zuhaitzetan: "Colombia les tiende la mano. No pierdan su vida, abandonen la lucha armada".
 

Auzoko etxe gehienak umilak dira, apartamendu blokeak ikusiko dituzu han eta hemen baina ugari dira, halaber, bizitoki zaharragoak, solairu bakarreko edo bi solairuko etxebizitzak. Nire anfitrioi Miller-ena azken hauen artean dago: etxe zapala da, soila eta alturarik gabea, baina badauka aparteko berezitasun bat, benetako altxor bat, batetik gu bezalako bisitariak hartzea ahalbidetzen diona, eta bestetik etxekoen bizi-kalitatea ikaragarri aberasten duena: barne-lorategi bat, ez hain zabala baina bai luzea, atzean dagoen Melendez ibairaino bertaraino iristen dena. Lorategi horretan fruta-arbolak daude, limoi, platano eta laranjondoak, ahuakate, guaiaba, kakao eta mango arbolak, askotariko landareak eta espezia-belarrak, ortua, oiloak... eta gure kanpindendak.
Etxea dagoen kalea oso lasaia da... larunbat eta asteburuetan izan ezik. Orduan inguruko garajeak diskoteka bihurtu, musikaren bolumena gorenean jarri eta "caleñoen" festarako gogoa eta dantzarako pasioa jabetzen dira kaleaz eta gauaz. Saltsaren Hiria, hala esaten diote Caliri Kolonbian. (1)

Melendez langile-auzoa da, langile jendea, merkatari txikiak, artisauak, ogibide liberaleko profesionalak... dira hemengo biztanleak. Auzo umila baina ez pobrea, ez pobreenetakoa behintzat. Miller-ek ondo azaldu zidan kontu hori atzo. Esplikatu zidan Cali-ko auzoak (Cali Kolonbiako hirugarren hiri populatuena da, Bogota eta Medellin-en atzetik) egoera sozio-ekonomikoaren arabera sailkatzen direla, 0tik 6ra doan eskala batean. Gailurrean, 6garren mailan alegia, inguru esklusiboenak daude, aberatsenak bizi diren hirialde eder eta erosoak. Beheko mailak, ordea, ("estrato" hitza erabili zuen berak)  batez ere 0 eta 1a, auzo txiroenei dagozkie, Cauca ibaiaren ondoan -eta haren mendean- kokatuak daudenak: bizitoki eta zerbitzurik kaskarrenak horiek dituzte (baldin eta inolako zerbitzurik badute...) eta, gehien bat, gerrako desplazatuekin eta hirira etortzen diren nekazari pobreekin osatzen dira. Infernutik zerura doan eskala edo kasta-sistema horretan guri -Melendez auzoari, hobeto esanda-  3. postua egokitzen zaio, denik eta tokirik onenetakoa, nire ustez.
0, 1 eta 2ko auzo gehienak hiriaren ekialdean kokatzen dira, "Aguablanca" izena hartzen duen distrito handian: diotenez, Cali-ko biztanleriaren erdia-edo han bizi da (2). Kontuan hartu behar da Kolonbia, Hegoamerikako beste herrien aldean, ez dela merkea; eta ez da merkea irizpidetzat barruko neurriak hartzen baditugu ere: elikagaien, garraio publikoaren, elektrizitatearen... prezioak eta gehienen soldatak edo diru-sarrerak ez datoz -ez horiek ere- eskala berean. Kontrasteak ikaragarriak dira: esaterako, auzotik oso gertu, 5. Kalean bertan, Unicentro deritzon saltoki-gunea dago: gutxitan ikusi izan dut nik horrelako bat, hain handia, hain distiratsua, hain jendetsua...
...............................................................................................................................

Luzatu zait hemengo egonaldia baina banoa, azkeneko egunak dira hauek Calin. Ez da izan alferrikako denbora, egiteko nituen lantxo eta asmo batzuk, bai, burutu ditut: bizikletari herdoila atera eta koadroa goitik behera pintatu dut, esate baterako (aurreneko aldiz erosi nuenetik, 2001ean, berria ematen du!), dentistarenean izan naiz, lerro hauek zirriborratzen ere eman ditut ordu franko... Eta etxe honetatik pasatu diren txirrindulariekin informazioa eta istorioak trukatzeko parada izan dut. Gure mundutxo honetan nork bere ibilbidea, bere asmoak, bere estilo eta molde berezia du. Asko gara Ameriketan batetik bestera bizikletaz gabiltzanok eta zorionez dibertsitatea handia da. Bi talde nagusi egin daitezke, agian: batean latinoamerikarrak berak jarriko nituzke (argentinarrak, brasildarrak, kolonbiarrak..), talde txikia baina sendoa osatzen dute eta haien arteko askok artisau-lanekin edo antzeko langintzekin finantziatzen dute bidaia; bestean gu gaude, Europa edo Ipar Amerikatik gatozenok (Australia, Zeelanda Berria, Japon... ahaztu gabe) eta, salbuespenak salbuespen, aurrera jotzeko  tokian tokiko irabazpiderik behar ez dugunok. Talde bakoitzean azpi-taldeak egin litezke eta guztiekin, hemengoekin eta hangoekin, 6 mailako beste eskala bat erraz samar antolatu nezake nik, eta esango nuke, halaber, azkar asko, nor non kokatu, bizikletari eta berak garraiatzen duen kanpoko ekipajeari erreparatuta bakarrik. Nago, dena den, garrantzi gehiegi ez duten kontuak direla hauek, zerikusirik bat ere ez dutela, gure kasuan, ez bidaiaren kalitatearekin, ez luzerarekin (ez derrigorrez) eta ez -garrantzitsuena- bidaiarien pozarekin ere. Erosotasunarekin bai, neurri batean, baina hori, izan, ez da gehienetan hain funtsezkoa bizimodu honetan. Badu, ordea, eskala horrek, zerikusia, eta erabakigarria, beste zerbaitekin: mugekin eta haien inguruko legeekin, hots, gure begiek ikusi eta gure oinek zapaldu ahal duten lurrarekin; Latinoamerikako esparrua gainditu eta beste nonbaitera salto egin nahi izanez gero, orduan bai, aukerak murriztu, oztopoak azaldu eta talde baten pribilegioak eta bestearen ezinak ageri-agerian gelditzen dira.
...............................................................................................................................................

Aurkeztuko dizkizuet, amaitzeko, Melendez-eko etxe honetatik azken asteotan igaro diren txirrindulari batzuk. Lehena Nacho madrildarra izango da, pasa den astean egon zen hemen eta gure eskalan 1eko kalifikazioa emango nioke nik, goitik jota, aspaldian ez baititut ikusi halako bizikleta (BH zahar-zahar bat) eta bizikleta-inguru zarpail eta desastrosoak. Bost axola berari horrek, urrutitik dator eta ez du kitto esateko asmorik, ez berehalakoan behintzat; Nacho orain dela urtebete inguru Madrildik abiatu zen eta hegoaldera jo, nora zihoan ondo jakin gabe; ezari-ezarian iritsi zen Senegalera eta han norbaitek Atlantikoa belauntzi batean zeharkatzea eskaini zion, ontziko zereginetan laguntzearen truke; baiezkoa eman eta Cabo Verde-tik igaro ondoren Brasileko kostara iritsi zen duela hilabete batzuk; iparraldera doa, hori da oraingoz dakien guztia. Bitarteko txikiekin bidaia handiak egin daitezkeela frogatzen du berak.
Alan eta Erin estatubatuarrak dira, Winsconsin-ekoak; ezkondu eta bigarren eskuko tandem bat erosi eta gero Alaskatik abiatu ziren pasa den udan; Ushuaiara doaz eta bide asfaltogabeak eta aldapatsuak maite dituzte, ez dira oztopo haientzat.
Alaska-Ushuaia zeharkaldia "klasika" bat da txirindularien artean, eta handik datoz, kontinenteko ipar muturretik, Natxo eta Idoia hondarribitarrak ere; haientzat, ordea, Ushuaia eskala bat baino ez da izango, helmuga beste nonbait baitaukate, Botswanan alegia; ez dute Afrikara eskuhutsik iritsi nahi eta Alaska-ko elur puska bat (elur puska handi samar bat) daramate alforja batean; elurrarekin oasi bat sortu nahi dute Kalahari-ko desertuan.
Eta zerrendako azkena nire lagun Pierre izango da; Pierre frantsesa da noski, 55 urte ditu eta Kanada-tik dator triziklo etzan batean ("triciclo reclinado", "recumbent tricycle" "tricyle couché", euskeraz nola?), "etengabeko siesta batean bezala", norbaitek, zehaztasun handiz, esan zuen moduan; ez Pierrek, ez bere ibilgailuak, ez dirudite mundu honetakoak; berak jakintsu edo inbentore xelebrearen itxura guztiak ditu (Frantziako espazio-agentzian egiten du lan, satelite-programak diseinatzen), oso gizon jator, adeitsu eta manera bigunekoa da, salbu eta Sarcozy izena entzuten duenean: orduan erabat eraldatu eta aieneka, ojuka eta maldizioka hasten da, "in crescendo" doan sekuentzia larri eta beldurgarri batean; gurditxo bat arrastatzen du trizikloarekin eta bertan denetarik garraiatzen du (80 kilo), besteak beste, eguzki-plakak, presio-lapiko bat... (grandpedaleurlibre.org)

Ondo izan denok
Cali, Kolonbia. 2011ko ekainak 4


(1) Un aspecto destacado de la demografía caleña, y en general del occidente colombiano, es el alto porcentaje de población afro-colombiana, aproximadamente un 24%, lo que hace de Cali una de las urbes latinoamericanas con mayor población de raza negra. La influencia afro-colombiana en la cultura caleña es evidente en los aspectos musicales, por ejemplo, la ciudad es reconocida por sus orquestas de mùsica salsa. (Wikipedia)
 
 (2) El incremento de la línea de pobreza en Cali muestra lo crítica que es la situación de ciudad. Según la Misión para el Diseño de una Estrategia para la Reducción de la Pobreza y la Desigualdad, el 67,5% de los habitantes de la ciudad se pueden considerar pobres (2004). Mediciones de expertos en el tema indican que este porcentaje fue 29,8% en 1994 y 39,0% en 1998. Este incremento se debe en gran parte a la crisis económica que empezó en 1998, pero también a la falta de respuesta de las políticas públicas para superar dichas situaciones por parte de las administraciones municipales precedentes.
De acuerdo con la Consultoría para los Derechos Humanos, Codhes, en el período 1999-2005 llegaron a Cali más de 55.000 personas como resultado de desplazamientos, de los cuales casi 20.000 llegaron solo en el 2005. La mayoría de esta población desplazada se establecen en el sureste de la ciudad en el Distrito de Aguablanca. (Wikipedia)










lunes, 28 de marzo de 2011

Quito-ko istorio txikiak (2011ko martxoak 28)

Christian eta Pierre-rekin, Quiton
Aspaldiko lagun bat daukat Quiton, lagun bizikletazale on bat. Christian Medrano du izena, Crosty goitizena, eta Txilen ezagutu nuen, Eric Savarden etxean, orain dela hamar urte. Garai hartan Hegoamerikan barrena zebilen Crosty bere bizikleta gainean. Gaur egun Quitoko hiri-txirrindulariek ondo ezagutzen dute bera, "Andando en bici, carajo (ABC)" taldearen sortzaileetakoa eta partaidea da (80ko hamarkadan "¡Alfaro vive, carajo! (AVC)" zeritzon talde gerrilari bat izan zen Ekuador-en), "radio pedal" izeneko saioa zuzentzen du Radio Municipal irratian eta taberna lasai eta atsegin bat dauka La Floresta auzoan, "La Cleta". La Cleta bilgunea da eta baita bizikletaren inguruko bidaiak, jarduerak eta iniziatibak aurkezteko tokia ere. Quitotik pasatzen bazara inoiz hor duzu hiri honetako txiririndularien eta bidaiarien mundutxoaren berri jakiteko aukera. Kafea eta pitzak ere oso onak ditu.

La Cleta
Calle Lugo N 24 250 (y Gipuzkoa)
Barrio La Floresta - Quito   T: 093367699

Gaur goizean bere etxean geundela gustoko duen istoriotxo bat erakutsi dit Christianek. "enlasoledaddelfaro" izeneko blogean aurkitu zuen eta niri ere gustatu baitzait ondoan doakizue.


Dos niños, dos bicicletas y yo

Cada vez que lo veo bajar por el camino, de esa manera, con su bicicleta, me da miedo. Algunas veces me he cruzado con él en el sendero. Cuando esto sucede se dirige hacia mi tan rápido como le es posible; después, cuando está cerca, aprieta el freno trasero y bloquea la rueda que ya apenas si tiene tacos. Es entonces cuando levanta esa polvareda gigantesca que tanto le gusta y se me echa encima atravesando su bicicleta de uno al otro lado del camino. Salta de su asiento sonriendo y me mira a los pies. Yo creo que lo hace para decirme “mira lo bien que la domino, ni un palmo entre tus pies y mi bici”. Pero no lo dice, tan solo un “Hola farero”, sale de sus labios. Yo se cuanto la domina y cuanto disfruta con ello. Cuando esto sucede, si no es tarde y estamos cerca del faro se vuelve caminando conmigo y me acompaña. Algunas veces lo invito a un zumo, le encanta el de manzana. El hace como que no, pero sabe que los compro y los tengo allí para él. Me gusta verlo, con esa sonrisa casi perpetua en su cara y con su frente llena de churretes del sudor y el polvo. Algunas veces me pregunta cosas del faro, de su funcionamiento, otras son cosas de la mar... otras veces es él quien cuenta, y me habla de sus ilusiones, de que un día irá con su padre y su madre a la ciudad y le comprarán un freno y unas cubiertas nuevas a la bici. Algunas tardes estoy en el balcón cuando lo veo venir camino abajo, levantando la polvareda. Brilla el sol en su manillar, y a mi, el chaval con su bici, se me hace una estrella fugaz que va dejando tras de si su estela de polvo. Lo veo alejarse, y cuando se pierde tras el recodo del camino, otro niño, con una bicicleta negra y grande, sin frenos y muchas veces pinchada, baja por el mismo camino, haciendo las mismas locuras de niño. Es una bicicleta Orbea, grande, negra... es la bici de mi padre, la que yo cogía cada tarde para subir hasta más allá del faro y bajar como baja él. Esta tarde han llamado a la puerta, he abierto y allí me lo he encontrado, gimiendo, casi llorando, con sus manos y sus rodillas desolladas, llenas de pequeños chinitos y arena del camino. Se ha caído y el dolor y la sangre lo han asustado. Mientras yo lo curaba él miraba su bicicleta; tiene la cadena fuera de su sitio, el manillar torcido y la rueda delantera descentrada. Le duele más esto que sus manos y sus rodillas.


Bajando con él hacia el pueblo me he parado en el recodo grande del camino, me he sonreído al recordar a otro niño, hace muchos años, con las manos y las rodillas sangrando, con una bici rota... volviendo al faro, a que, el viejo farero de entonces, lo curase.


El viejo farero.
(http://www.enlasoledaddelfaro.blogspot.com/ blogetik hartua)

viernes, 7 de enero de 2011

Trujillo (Peru). 2011ko urtarrila

Trujillo-ko Txirrindularien Etxea



Cuzco - Trujillo: 2600 km., 50 egun. Nondik nora: Cuzco - Abancay - Andahuaylas - Ayacucho - Huancavelica (Abra Apacheta eta Abra Chontan barrena) - Huancayo - Tarma - La Merced - Villa Rica - Puerto Bermudez - Von Humboldt - Tingo Maria - Huànuco - La Uniòn - Antamina meategia - San Marcos (Chavin de Huantar) - San Luis - Chacas - Carhuaz - Caraz - Tanguche - Trujillo



Miro por las calles esos
nombrecitos raros, y los saboreo
un poquito...
¿què culpas estarè pagando
para caminar tanto y tanto?

Jakin nahi baduzu hor goian idatzi dudan izen-soka luze horren atzean zer dagoen -geografikoki zer dagoen- mendiak imajinatu behar dituzu lehendabizi, mendiak eta maldak, altuera eta forma ugarikoak, alde guztietatik; saia zaitez haien arteko tolesdura, zoko eta sakonuneak irudikatzen ere: ibarrak, sakanak, haizpitarteak, errekak eta ibaiak, belardiak, zuhaiztiak (eukaliptoenak askotan)... Kolorea jarri nahi badiozu orografia malkartsu horri erabili batez ere berdearen tonu diferenteak eta baita, tarteka, marroiarenak ere. Zerurako, berriz, grisei eta kolore ilunei eman lehentasuna, urdina guztiz baztertu gabe. Irudia osatze aldera jarri dezagun orain bertan gizakiak egindakoa: etxetxoak non-nahi hasteko, gehien-gehienak pezozkoak eta txikiak; herritxoak eta hiriak ere han-hemenka, zapalak, alturako eraikuntzarik ia gabe, trinkoak; aldapan gora eta behera etengabe egiten duten bide luze politak (asfaltogabeak eta estu samarrak sarri), soroak eta lur-sail landuak (patata, garia, artoa, garagarra, babak...), harrobiak eta meategiak... Gizon-emakumeak datoz hurrena. Nekazariak dira asko eta asko, maiz aitzurra eta goldea edukiko dituzte ondoan -aldi bakanetan traktorra- eta ia-ia beti abereak (oiloak txerriak, behiak, ardiak, ahuntzak, idiak, zaldiak, llama eta alpaka taldeak...). Gizaki horiek hitz egiten dituzten hizkuntzak aintzat hartu ezkero, azkenik, bi adituko ditugu: ketxua eta gaztelera.


Ahaztuak izango ditut xehetasun asko eta asko, baina Peruko mendialdeko marrazki hala-holako bat (orokor-orokor bat) egiteko, emandako zertzeladak aski direla uste dut. Badira, hala ere, salbuespenak goiko izen-zerrendan, aurreko deskripzioarekin antzik ez duten bi toki. Lehena ondorengo izen hauen inguruan kokatu behar da: La Merced, Villa Rica, Puerto Bermudez, Von Humboldt eta baita Tingo Maria ere. Zergatik? Izen horiek beste nonbaitekoak direlako, beste jende, beste ohitura eta beste paisaia batzuk daudelako haien atzean: Peru erdialdeko oihan eta behe-lurretakoak, hain zuzen. Bigarren salbuespena zerrendari bukaera ematen dioten bi izenak dira: Tanguche eta Trujillo. Bi horiek ere beste nonbait kokatu behar dituzu: iparraldeko kostan, hango basamortu eta hondarretan.
Mendialdea, oihana eta kostaldeko basamortuak: horra hor Peruko hiru eremu geografiko nagusiak.


Badago, hala ere, beste toki bat lehenago aipatu ez dudana, aurrekoak ez bezalakoa, eder-ederra (ederrena nire irudiko). Mendialdean dago baina urruti, gora, apartean: Cordillera Blancako menditzar txuriak dira, hango esmeralda koloreko aintzirak, maldetan izoztutako glaziarrak, lainoak, elurra, bakardadea... Han ere izan naiz, goi-gailurretako lepoak zeharkatu ditut Trujillora iritsi baino lehentxoago. Nere Gabon-oparia izan dira bideok eta haiei esker adiskidetu naiz, nolabait, herri honekin, Perurekin.
...............................................................
GRINGO BATEN GOGOETAK ETA PURRUSTADAK

Mendiak maite ditut eta Perura sartu ezkero mendia ia besterik ez dut ezagutu. Aitzakiarik ez, beraz, alde horretatik. Eta hala ere, behin baino gehiagotan deseroso eta arrotz sentitu izan naiz, ez aurreko herrietan (Bolivia, Argentina...) bezain pozik. Abenduaren 5ean, La Union izeneko herrian nengoela, hauxe idatzi nuen nire egunkarian: "Ohiko mendiak, ohiko herriak, ohiko oihu baldarrak, ohiko giroa... Aurreratzea, hori da nire helburua, gogaituta nago, ez dut bidea gozatzen..."

Batetik ez naiz ohitu -noizbait bestela esan eta sinistu banuen ere- nire deitura eta izaera berrira: gringo bat naiz hemen eta hor daude, nire arroztasuna behin eta berriro gogorarazteko, egunero bazterretatik iristen zaizkidan hamaika oihuak. Hori du bizikletak eta bere abiada motelak: onerako eta txarrerako kanpoan zaude beti, denen agerian, gertu eta eskura. "Hainbesterako ote da "gringo" kontu hori?", pentsa lezake batek baino gehiagok. Bai eta ez. Etxeko eskaratzetik "¡Buenos dias, gringo!!" irribarre batez eta adeitsu esaten didanari "¡Buenos dias!" erantzuten diot nik, eta irribarrea gogoz bihurtu. Gringo horrek ez dakar nekerik, ez dauka garrantzirik. Kontua da askotan, zoritxarrez, ez dagoela ez egunonik, ez diosalik, ez lagun hurkoari hitza zuzentzerakoan gizabideak eskatzen duen bestelako kortesiarik. Bakarrik "gringo!!" soil eta lehorra, harrikada baten gisara. Beste nonbait ere esan nuen eta ez daukat horretaz dudarik: gehien-gehienetan ez dago asmo gaiztorik jokaera horretan, ohitura baldarra baino ez. Baina gogaitu egiten nau baldarkeria horrek, ez zait bat ere gustatzen.


(Honen harira eta gaia pixka bat aldatuz. Zabarkeria hori bera ikusten dut nik gidarien jokabidean. Mendi-errepide estuan bihurgunea "moztu" eta zuganantz zuzen-zuzen abiatzen den auto-gidariak ez dizu gorrotorik, ez zaitu hil nahi, nahiz eta itxura guztiek kontrakoa pentsarazi. Zeuk ibili behar duzu bizkor eta garaiz baztertu, zeure egitekoa da hori. Ez dago inongo legetan idatzita baina hala da eta denek dakite. Ahulenak - dela bizikleta, dela oinezkoa, dela beste edozer- ez dauka eskubiderik hemengo errepideetan, ikustezina da, eta kargu hartuko bazenio gidari axolagabeari eta bere trakeskeria aurpegiratu, harrituta begiratuko lizuke, ez luke agian jakingo zertaz ari zaren.)

"Dame plata, gringo", "dame propina"... bi urte dira Hegoamerikan nabilela eta hemen entzun ditut lehenengo aldiz halako eskaerak, halako deiak. Ez da oso jende pobrea horrela aritzen dena, ez dira berez eskaleak, nahiz eta une batez zu ikustean -gringo bat ikustean, alegia-, bai, eskale bihurtu. Batean lagunekin joasean ari den ume bat izango da, bestean beren auto ondoan eserita dauden familiakideen artetik etorriko da oihua, hurrena mozkor batek eskatuko dizu dirua, balantzaka zugana hurbildu eta bizikleta aurrean jarrita. Halakoetan gringo hitzaren zentzua zehaztu egiten dela iruditzen zait eta pentsatzen dut atzerritarrekiko estereotipoek, tokian tokiko uste eta aurreiritzien arabera eraikiak, nazio guztietan funtzionatzen dutela, denok dauzkagula geureak, denok izan gaitezkeela haien biktima zein borrero.

- ¿De què pais vienes, gringo?
- De Gringolandia, todos nosotros somos de allì
- ¿Ah, si? ¿y còmo es ese pais?
- ¿Por què me preguntas? Tù lo sabes mucho mejor que yo...


Abancay herrian, hotel batean ostatu hartu eta izena erregistro-liburuan idazterakoan:
- No, en ese libro no, ese libro ez para los peruanos. Aqui, èste es el libro de los... de los... americanos.
- Pero yo no soy americano...
- No importa... usted me entiende.

Andahuaylas inguruan. Bi neskato, sei edo zazpi urte ingurukoak, jolasean ari dira, makurtuta, errepide ondoan. Haien ondotik pasatzean burua altxatu eta esan du batek: "¡Hola amigo!", eta besteak segidan: "¡Hola compañero!". Harri eta zur utzi naute, sinisteak lanak ematen dizkit. Halako agur polit eta xaloak "gringo" ahalguztidunaren erresuman...!


Ayacucho baino lehen. Herritxo batera sartu eta haur talde bat oihuka hasi da nire inguruan: "gringo!", "gringo!"... Edadeko emakume bat hurbildu eta errieta egin die: "¿Es que no tienen educaciòn?"


Ez naiz Perura oso gogo beroz etorri, egia esan. Sartu baino lehenago ere banuen halako errezelo bat, banekien giroa diferentea izango zela hemen, nahasiagoa, zailagoa agian. Eta nire usteak bete dira. Usteak, aurreiritziak.... zenbateraino ote nago ni ere haien mende?
.............................................................
BOLIVIA GOGOAN


Ezinbestean konparatu egiten dut. Boliviatik nator eta gainera orain arte ibilitako herrietatik Bolivia da Perurekin antzik handiena duena. Baina Bolivia oso diferentea da. Oro har, zaharragoa, isilagoa eta lasaiagoa dela esango nuke eta jendea ere halatsu (liskar eta protesta politikoak, ordea, gogorrak izaten dira). Bai, boliviarrak isilagoak dira eta badute beste begiramen bat, beste modu zuhurrago bat arrotz batekin tratabidean hasteko. Baina ez dira horregatik hotzak edo urrunak (isiltasuna oihurik baldarrena baino etsai handiagoa izan daiteke), aitzitik nik oso gertu sentitu izan ditut, zerbait behar izan dudanetan gogo onez eta adeitsu hartu izan naute, gustora ibili naiz haien artean.


Horregatik harriduraz bete ninduen behin nire postontzira iritsi zen mezu batek. Bidai-kronikatxo bat zen, gazteleraz idatzia, eta nik ezagutzen ez nuen bikote batek -furgoneta batean Amerikan edo munduan barrena dabilen bikote batek- bidaltzen zuen; Boliviari buruz idatzitakoak utzi ninduen harri eta zur, zeren esan edota iradokitzen baitzuten (ez ditut oroitzen hitz zehatzak) txurienganago halako gorroto edo ezinikusi bat dabilela Bolivian azkenaldian eta indigenek gaizki hartzen gaituztela (bertako zein kanpoko izan). (1)


Nork bere esperientziak ditu, jakina, eta normalean esperientzia diferente eta pertsonal horietan oinarrituta moldatzen dugu, batetik bestera gabiltzanok, herri bati buruzko geure ikuspegia. Baina lehengo komentarioaren atzean beste zerbait zegoela iruditu zitzaidan, ez bakarrik ikusitakoa eta sentitutakoa baizik eta buruak ikusteko eta sentitzeko aurrez agindutakoa. Laburrago esanda, han aurreiritzi ideologiko bat zegoela pentsatu nuen. Izan ere, antzeko arrazoiak (txuriekiko gorrotoa Evo Morales lehendakari indigenak agintea eskuratu zuenetik) entzunda nengoen lehenago ere, beti Evo Moralesen aurkarien ahotik eta kritika politikoaren testuinguruan. Gainera, nola esplikatu nire esperientzia -eta Boliviara doazen gehienena, esango nuke- hain desberdina izatea?


Hirutan izan naiz Bolivian eta ezagutzen ditut hango bideak beste inongoak baino hobeto (nire herrikoak baino hobeto), departamentu guztiak zapaldu ditut. Orain dela 12 urte ibili nintzen aurreneko aldiz han, eta orduan baino txeratsuagoak eta hurbilagoak sentitu ditut boliviarrak oraingo honetan, ez alderantziz. Eta iruditzen zait egoera politiko berriak eragin bat izatekotan horixe dela logikoena, eta ez batzuek aipatzen duten gorrotoa. Nago boliviar asko lehen baino lasaiago eta bere buruarekin seguruago sentitzen direla orain. Baikorrago ere bai. Ezinegona eta etsaitasuna bazterketak pizten ditu eta ez berdintasunaren bideak.


(1) Aurkitu dut furgonetako bikote hark idatzitakoa, nire harridura piztu zuten lerroak. Ahaztuta nengoen Venezuelaz ari zirela eta Bolivia zeharka baino ez zutela ekartzen harira. Berdin dio, orduan bezala ez diot tankerarik hartzen komentarioari, guztiz irreala eta gezurrezkoa iruditzen zait. Uste dut garbi antzematen zaiola nondik dagoen idatzita, ze fobia-klase dauzkan oinarrian: "Sin duda, Venezuela es uno de los países del mundo en donde mejor nos han recibido, pero también es cierto que la cantidad de insultos gratuitos por ser extranjeros y blancos (da igual si vienes de Argentina, España, Estados Unidos o Rusia), se acerca al promedio boliviano." http://viajeros4x4x4.wordpress.com/2009/08/21/86-chavestan-un-nuevo-pais-en-sudamerica/
.............................................................

20010eko abuztuaren 26a da eta La Paz-eko lagun bat eta biok Soratara goaz bizikletaz. Gaua Achacachi herrian pasa dugu eta gaur goiz altxatu eta La Cumbre izeneko mendatea igotzeari ekin diogu. Goiza ederra da, zerua guztiz dago oskarbi eta Illampu menditzarraren gailur elurtuek (6485 m.) diz-diz egiten dute urdinaren azpian. Errepidea asfaltatua da eta La Cumbre gainditu eta gero bailararen hondorantz amiltzen da, aldapa behera larrian. Sorata 32 kmra dago.

Aldapan behera azkar goaz, bihurgunez bihurgune, kilometroak irentsiz. Toki batzuetan, hala ere, asfaltoa oso hondatuta dago, eta abiada moteldu eta kontuz ibili beharra dago. Halaxe noa orain, poliki-poliki, zulo eta kosketan erdi trabatuta. La Pazeko laguna aurrean dabil, urruti, ez dut honezkero ikusten.

Gizon bat dator oinez aldapan gora, errepidearen eskuineko aldetik. Nire ondora iritsi denean hizketan hasi zait. Ez diot ulertu esandakoa eta bizikleta gelditu dut. Gizonak hizketari ekin dio berriro baina laster konturatu naiz jai daukadala, hura ez baita gaztelera edo nik ulertu dezakedan beste edozein hizkera. Aimara behar du, pentsatu dut. Gazteleraz hasi natzaio, lasai eta irribarrez, barkatzeko baina ez dudala bere hizkuntza ulertzen, ez naizela bertakoa... Gizonak, ordea, bereari eutsi eta aimaraz segitzen du, lasai eta irribarrez bera ere, niri begira. Nire adinekoa da edo ni baino gaztexeagoa eta dibertitua ematen du. Susmoa hartzen hasia naiz hura dena jolasa baino ez dela, jolasa edo antzeko zerbait. Hala izan ere. Handik segundu batzuetara erderara (gaztelerara) pasatu da: ea nongoa naizen, ea nora noan, ez ez ote dakidan ezer esaten aimaraz... Akatsik ez du bere gaztelerak. Aimaraz dakidan esaldi paretxoa ahoskatzen saitu naiz, oso arrakasta eskaxarekin...


Elkarri agur esan eta aurrera noa, gertatutakoaz pentsatzen. Gizonaren jarrerak (adeitsua beti) mezu bat bidaltzea zuen helburu (hasiera-hasieratik konturatuta baitzegoen bera nik ez nekiela aimaraz, edo, behintzat, oso zaila zela aukera hori). Eta mezua honako hau zen: hemen gaztelera ez den hizkuntza bat daukagu, aimaraz egiten dugu hemen. Hori eman nahi zidan aditzera, hori zen bere jolasaren helburua. Baina aimara hizkuntza "ikusgarri" egin nahi horrek beste zerbait ere adierazten zuen: balioetsi egiten zuela. Baliorik eman izan ez balio ez zuen horrela jokatuko, garbi dago.


Nire bizikletakidearekin bat egin dudanean gertatutakoa kontatu diot. Ez da harritu, antza gizonak berdin jokatu du berarekin ere. Eta, orduan, oso gaiztoa iruditu zaidan komentario bat egin du: "Ondo iruditzen zait bere hizkuntzari eta usadioei eustea... baina ikasten jarraitu dezatela". Nire laguna boliviar petoa da, La Pazekoa, ez da indigena ez mestizoa, larruazala nik bezain txuria dauka, antropologo bezala lan egin izan du (edo lan egiten du) aldian behin eta ez da gisa horretako komentario bat entzuten diodan lehen aldia. Egun gutxi batzuk dira elkarrekin gabiltzala eta bere herrikide indigenak aipatu dituen bakoitzean haiek gutxiesteko izan da, zeharka eta disimuluz beti. Isilik entzun diot orain arte baina gaurkoa gehiegitxo da nire ustez: "Ikasi? Zeinek du hemen ikasi beharra? -mikaztu natzaio- Gizon horrek bere hizkuntza ezezik gurea ere ondo zekien. Baina zer dakigu guk eta, batez ere, zer dakizu zuk aimaraz?" (lau esalditxo zekizkien, antropologia estudiatu zuen garaian -ni baino zaharragoa da- ikasitakoak).


Ondo ezagutzen ditut Bolivako bideak, baina ez hain ondo bide horien atzean dagoena. Zertzelada batzuk kenduta ez dakit zein den jende honen historia, ez dakit zeintzuk diren eta izan diren elkarbizitzaren koskak eta gorabeherak. Interesatzen zait, eta begi onez ikusten dut, Evo Moralesekin zabaldu den ziklo politiko berria baina azaletik baino ez dut ezagutzen gertatzen ari dena... (1) Hala ere, baditut susmo batzuk eta susmo horiek esaten didate boliviar batzuk - txuriak eta maila ekonomiko altukoak, asko- beldur direla. Ez bere irabazpideak eta bizimodua arriskuan daudelako, ez "komunismoa" datorrelako haien nagusitasun ekonomikoa ahultzera edo ezabatzera. Aginte politikoa galdu eta Evo Moralesen etorrerarekin sektore horiek kolokan sentitu dutena, beharbada, beste zerbait izan da: nagusitasun kultural eta sinbolikoa, hots, Boliviako ikuspegi bat, erro oso sakon eta antzinakoak dituena, zeinetan indigena izatea (halako hizkuntza, kultura eta sinismenen jabe izatea) atzeratu, baliogabe -eta, beraz, menpeko- izatearekin uztartu izan den; berak, ordea, modernitatearen, kulturaren eta beste birtute askoren gordailu eta zaindari egiten zituen ikuspegi horrek eta ematen zien, halaber, nazioa gidatzeko eskubide logikoa, ia naturala. Pentsamolde xenobofo horri, eta berak eskaintzen zuen seguridade psikologikoari, desafio egin diete, seguruenik, azken urteotako aldaketek eta indigenen "ikusgarritasun" berriak (detaile bat, La Pazen ugari dira Boliviako banderarekin batera, edo hura gabe, bazterretan ikusten diren "wiphalak") (2).


Aimaraz hitz egin zigun gizonaren jarrerak, ziurrenera, badu zerikusia giro politiko berriarekin. Eta La Pazeko nire lagunaren erreakzioa ere goian esandakoaren argitan ulertzen dut nik. Gainera bera ez da aberatsa, ez dauka abantaila hori eta goian egon nahi badu gehiago azpimarratu behar ditu bere ustezko nagusitasunaren beste alderdiak. "Ondo iruditzen zait bere hizkuntza eta usadioei eustea... baina ikasten jarraitu dezatela", edo beste modu batera esanda: "Bai, bere hizkuntza, usadio eta abarrak izango dituzte baina gu baino gutxiago dira oraindik, asko falta zaie gure mailara iristeko".


(1). "La elección de Evo Morales como nuevo presidente de la República, más que ser un hecho sorprendente, puede interpretarse como el resultado de un proceso que va más allá del último lustro como muchos interpretan... se ha producido el "retorno del indio"; y no sólo eso... "parece que los indios han entrado dentro del juego y cálculo político". O sea, las identidades no han desaparecido sino que siempre estuvieron (aunque relegadas) y ahora se han politizado.
Lo que tampoco ha dejado de sorprender a muchos es que los protagonistas de esta irrupción en el terreno político y formal hayan sido los propios indígenas. Hasta hace pocos años simplemente eran considerados, desde una perspectiva muy folklórica y paternalista, como una parte simbólica de Bolivia: como los guardianes de la tradición, como sujetos anclados en el pasado y cómo una simple rémora ante los procesos de modernidad que progresivamente han ido alterando el escenario nacional".
http://www.revistafuturos.info/futuros14/emerg_bolivia.htm


(2) La wiphala (aimara: wiphala, "emblema") es una bandera cuadrangular de siete colores usada por las etnias de los Andes... fue reconocida como sìmbolo del Estado Boliviano por la constituciòn de 2008 en el artìculo 6 (II): "Los sìmbolos del estado son la bandera tricolor, rojo, amarillo y verde; el escudo de armas; la wiphala; la escarapela; la flor de la kantuta y la flor del patujù". (Wikipedia)
...............................................................

TXIRRINDULARIEN ETXEAK


Boliviarren aldean peruarrak saltseroagoak dira, ez dago dudarik. Baina saltsero izate horrek baditu bere alde onak ere: "gringo"ka hasten ez direnean inor baino jende beroagoa izan daiteke hemengoa. Orain nagoen tokia, Trujilloko txirrindulari-etxe famatua, horren froga garbia da.

Lucho eta Araceli dira etxe horren jabeak eta haien izenak aspalditik dira ezagunak kontinente honetako bizikleta-bidaiarien artean. Zer dira Ameriketako txirrindularien etxeak? Txirrindularientzat, trukean ezer eskatu gabe, ateak irekita dituzten etxe pribatuak. Haietan aurkitzen dugu lo egiteko eta atseden hartzeko toki seguru bat eta normalean familia baten -eta beste txirrindulari batzuen- lagunartea eta abegia.


Lucho bera txirrindularia izandakoa da (leihaketetan parte hartutakoa) eta aspaldi, oso aspaldi hasi zen txoko bat eskaintzen hemendik pasatzen ziren bizikletazaleei. Denen erregistroa darama. Liburu zaharrak miatzen hasi eta etxe honetara etorritako lehen txirrindularia topatu dut, liburuetan agertzen den lehena, behintzat: 67 urteko peruar bat, 1985eko urrian; bigarrenak Estatu Batuetako bikote bat izan ziren, urte bereko abenduan. Ni pasa den abenduaren 18an iritsi naiz eta erregistro-liburuko 1444garren postua egokitu zait, familia honen 1444garren gonbidatua naiz, beraz. Ez da marka makala, ez!!


Lucho eta Araceli familia umila dira, langile jendea. Orain hamar edo hamaika urte norbaitek ideia polita izan zuen: etxe honetatik urtez urte pasatutakoen artean dirutxo bat jarri eta Luchoren ametsetako bat errealitate bihurtzea, Frantziara eta tourrera joateko aukera eskaintzea, alegia. Ekimenak aurrera egin zuen eta guztiz arrakastatsua izan zen. 2000garren urtean, eta bisa lortzeko oztopo ugariak gainditu eta gero, Lucho Europara joan eta bi hilabete egin zituen han. Tourra gertu-gertutik jarraitzeko modua izan zuen gainera. Izan ere, norbaitek tourreko zuzendaritzaren babesa lortu zuen berarentzat eta lasterketak iraun zuen denbora guztian lehen lerroan eta "handi" guztien ondoan egoteko parada eman zion horrek. Lehengoan esaten zidan: "Han nituen, aldamenean, ordura arte argazkietan bakarrik ikusitako kirolari handi haiek, denen izenak nekizkien... sinisteak ere lanak ematen zizkidan, aldian-aldian neure buruari gogorarazi behar izaten nion egia zela, egiatan nengoela han."


Txango hartatik ekarritako argazki-liburuan orripasan ibili naiz gaur. Halako batean, ezaguna egin zaidan mutil handi bat ikusi dut Luchorekin argazki batean, biak kamerara begira. Oso fisonomista kaskarra naiz (eta une lotsagarri bat baino gehiago pasarazi dit horrek) eta, badaezpada, tentuz ibili eta galdetu nahiago izan dut: "Aizu Lucho, nor da hemen zurekin dagoena?". Begirada arraroa zuzendu dit, esanez bezala: "Benetan ez duzu ezagutzen ala txantxetan ari zara?" Gero erantzuna etorri da: "Miguel Indurain, zure herrikoa da, ba..."


Lucho Ramirez eta Miguel Indurain. Horra hor, elkarren ondoan, bi txirrindulari gogoangarri eta bi gizon prestu. Argazki polita.
.............................................................

"Etxe honetara datorrena bere etxean dago". Nerabe bat nintzela irakurri nuen esaldi hori auzoko lagun min baten etxeko -gurasoen etxeko- sukaldean eta garai urrun haietatik daukat gogoan gordeta (halaxe, euskeraz, halaxe ageri zen-eta lagunaren sukalde erdaldun hartan).

Asko eskatzen -eta eskaintzen- du esaldi horrek. Iruditzen zait ez dela erreza, nahita ere, hitz horietan dagoen mezuarekin, ongi etorri erabateko horrekin, konplitzea. Gertukoekin kostatzen da batzuetan, zer esanik ez ezezagunekin.


Luchok eta Aracelik ez daukate halako esaldirik etxeko inongo paretatan grabatuta baina nonbait behar dute, bihotzean-edo, bestela ez da aise ulertzen hemengoa. Harrigarriena ez baita milaka ezezaguni bere etxeko ateak zabaldu izana, harrigarriena ez da 25 urte eramatea hori egiten. Harrigarriena, nire ustez, honako hau da: mila eta enegarrena ez baizik eta lehena balitz bezala tratatzen dutela etxera iristen den bakoitza. Naturaltasun osoz, gauzak egiteko beste modurik ez balego bezala.
.....................................................................................................................

Bi aldiz izan naiz ni etxe honetan, lehena 1998garren urtean. Urte hartako eguberriak eta 1999ko hasiera ere hemen pasatu nituen, orain bezala. Liburu zaharrak astindu eta hantxe agertu dira orduko argazkiak, nireak eta beste ezagun askorenak, eta haien ondoan idatzitako iruzkinak, halakok egindako marrazkitxoak...


Liburuotako sekretuak: aurpegiak, izenak, datak, bideak, asmoak, abiapuntuak eta helmugak, era guztietako bizikletak (direnik eta harrigarrienak ere), ametsak, uneak, eskerroneko eta animoko hitzak hizkuntza askotan idatziak... urtez urte, liburuz liburu, orriz orri. Ehunka joan-etorriren, ehunka bizitzaren pusketatxo izoztuak. Halako batean ustekabe handia: bizikleta gainean hiru mutil gazte, 1988. urtean. Non? Houston-en again, ez nago ziur. Neu naiz haietako bat. Beste biak Gasteizko bi lagun dira, garai hartan bizikletakide nituenak: Ramon Ruiz de Larrinaga eta Fernando Presa, "Nandus".
"Houston-Buenos Aires, 20.000 km. bizikletaz", horrela deitu genion aspaldiko asmo hari. Perura iritsi baino lehen abandonatu nuen nik bidaia hura baina haiek ez, haiek honaino etorri eta argazki hura - orain ustekabean eta bertigo-sentsazio batekin iraganera eraman nauena- utzi zuten bisita-liburuan.


Gure lehen bidaia handia izan zen hura, urtebetekoa, abentura itzela! Nostalgia pixka bat sentitu dut garai haiek oroitzean eta lagun haiek -eta neure burua- orduko itxuran (ile-mataza eder hura!) berriro ikustean. Gutxi iraun du, baina, nostalgiak. Bere zimikoa laburra da, ez narama bueltan. Garai txarrak ez ziren izan, inondik ere, baina hain daude urruti... gainera nahiago dut oraina. Ez du horrek esan nahi ahaztuta ditudanik ordukoak, aitzitik ondo gordeta daramatzat gogoan bai bidaia eta bai garai hartako guztiak. Orduko bizipen eta lagunei esker naiz orain naizena, haiek ere ekarri naute hona eta nirekin dabiltza. Galera sentipenik ez dago alde horretatik.


Iraganera begiratu eta hura arbuiatu gabe "nahiago dut oraina" ateratzen zait, zalantzarik gabe. Eta uste dut, gainera, beti izan dela horrela. Geroa? Ez diot tankerarik hartzen, lanbroa da, baina hala-holako optimismo neurtu -zalantzati- batez noa lanbro horretarantz.


Iragana beste kontsolamendurik utziko ez didan eguna iritsiko ote zait noizbait? Ez dakit... baina une horren beldur naiz.
..............................................................................................................

NAFAR BAT PERU-KO OIHANEAN

80ko hamarkadako hasierako urteak ziren. Ondo gogoan daukat orduan irakurritako liburuaren izena eta baita azalean agertzen zen mutil ilehoriaren aurpegia ere. "America. Crònica de un viaje en bicicleta" zen liburu hura eta mutil ilehoria -liburuaren egilea- Jesùs Lòpez de Dicastillo nafarra. Uste dut miraz eta harriduraz irakurri nituela orri haiek: ia bi urteko bidaia bat... Amerika goitik behera korritu... bizikleta baten gainean... nola ote zen posible? Eta dirua? Eta mugak? Eta mendiak? Eta distantzia luzeak? Eta pisua? Eta...? Orain niri egiten dizkidaten galdera guztiak egiten nizkion nik orduan neure buruari. Liluratuta nengoen, abentura hartako magiak harrapatuta.


Liburu hura irakurri eta handik urte gutxira, 88garrenan, gu geu ginen abenturaren protagonista, gu geu ari ginen Amerikako kontinentea goitik behera bizikletaz zeharkatzen. Misterioa urratzen hasiak ginen. Izan zuen eraginik Dicastilloren liburuak gure lehen bidaia hartan? Baietz uste dut, ziur asko goranahia eman zion orduko gure hegada txikiari (bizikleta eta bidaiazaleak ginen jadanik), ikusmira zabaldu zigun, ametsa zehaztu eta hurbildu zigun.


Lehen bidaia hartatik ia hamar urtera misterioak indarrean eta deika segitzen zuen eta 1997an, bizikleta eta trasteak berriro hartuta, Amerikara bueltatu nintzen ni, bakarrik oraingoan. Hamahiru urte joan dira harrezkero eta hemen nabil oraindik, biderik bide eta lekurik leku. Eta pasa den abenduan erabaki nuen ezin nuela Perutik alde egin gure lehen "inspiratzailea" izan zen bidaiari hura ezagutu gabe, Jesùs Lòpez de Dicastillori bisita bat egin gabe. Izan ere, bera Peru erdialdeko oihanean bizi da aspaldiko urteotan, Puerto Bermudez izeneko herrian.


Ez ditut oihanak gehiegi maite -klaustrofobia pixka bat ematen didate-, aukeran nahiago ditut mendiak edo basamortuak, baina Puerto Bermudez-era eraman ninduen bidea nik espero baino politagoa izan zen. Lehendabizi, eta ustekabean, jaitsiera luze ikusgarri bat eskaini zidan, 85 kilometrokoa, La Cumbre izeneko mendateko gailurretik (Huancayo eta Tarma bitartean, 4200m) San Ramon-eraino (La Merced ondoan, 990 m.). Garbia da jeitsiera, ia etenik gabea, eta badu berezitasun bat inguru hauetan hain ohikoa ez dena: asfaltozko errepide berriari esker ia pedalik ikutu gabe eta ziztuan egiten da. La Merced-etik Puerto Bermudez-era 173 km inguru dago eta bide horrek ere -batez ere Villa Rica-tik aurrerakoak- badu edertasunik. Menditsua da, gorabehera eta zirrikitu ugarikoa, biztanle gutxikoa eta, oro har, inguru "basati" eta urrunek eskeintzen duten abentura irudipena -gero eta handiagoa Puerto Bermudez-era hurbildu ahala- eduki nuen han. Oihana eta bere berde bizia alde guztietan ziren eta asfaltogabeko bide estuak doi-doi eteten zuen landare eta zuhaitz oparotasun ia gehiegizko hura. Zubirik gabeko errekak eta ibaiak ez ziren falta eta duela gutxi arte, Jesusek geroago esan zidanez, bidelapurrak ere erruz eta lasai asko ibiltzen omen ziren zoko haietan.


Gauez iritsi nintzen Puerto Bermudezera eta ez zen zaila izan Jesus-en etxea - Albergue Humboldt izeneko ostatua- aurkitzea, galdetu eta agudo esango dizu edonork nora jo. Izatez, Puerto Bermudez txikia da, kanpotarrak gutxi eta gutxi horien artean bera ez da oharkabean pasatzen direnetakoa. Albergue Humboldt ilunpean zegoen. Kanpoko ezkilari eragin eta segituan etorri zen barrutik ahots bizi bat, nor zen galdetuz. Lorategiko atexkara hurbildu zen gizona ikusi nuenean ez nuen zalantzarik bat ere izan: 30en bat urteko aldea behar zuen baina aurpegi hura "Crònica de un viaje en bicicleta" liburuko azalean agertzen zen bera zen. Etxe barrura egin genuen. Mahai baten inguruan eseri eta zigarro bat eskaini zidan.


Bidaiariaren biografia labur bat: injiniaria zen Jesus eta lanpostu on bat zeukan, 70eko hamarkadaren amaieran, auto-enpresa handi batean. Hala ere, bizimodu konbentzional harekin ezin burutu eta noizbait, 80. urtean, lanpostua utzi eta garaiko doinu ezagun baten hitzei ("Vagabundear", Joan Manuel Serrat) jarraitzea erabaki zuen: beste lagun batekin Mexikora joan, bizikleta pare bat han erosi, eta hegoaldeko norabidea hartuta Amerikako bideetan barneratu ziren. Ia bi urte iraun zuen lehen bidaia hark segida luzea eduki zuen, eta hurrengo urteetan ugariak izan ziren Hegoamerikara, batez ere Peru eta Boliviara, egindako bisitaldiak. Bizikleta ez zuen, ordea, gehiago erabili. Haren ordez oinak baliatu eta tipi-tapa ibili zituen bi nazioetako bazterrak. Egunkari-kronika ugari eta beste bi liburu jaio ziren ibilera haietatik: " Crònica màgica de Peru y Bolivia, 8000 kms a pie" (Manuel Iradier literatur-lehiaketako lehen saria irabazi zuena) eta "Ayahuasca: la soga de la muerte". Euskal Telebistarako ere hainbat dokumental egin zituen eta, 1998. urtean, batetik bestera ibiltzeari utzi eta Peruko oihaneko baztertxo honetara etorri zen hemen etxe bat jasotzeko asmoz: bizitoki egonkor bat izango zen berarentzat eta aterpe bat bera bezalako bidaiarientzat. Horrela jaio zen "Albergue Humboldt" ostatua.


Etxea: "Albergue Humboldt" oso toki atsegina da. Pachis-Pachitea ibai zabalaren ondoan dago eta bi pisuko egurrezko eraikuntza da, inguru hartako etxe-eredu tradizionalaren arabera egina: zutoinen gainean altxatzen da eta beheko aldea irekia du, hormarik gabea. Lorategi txukun bat dauka inguruan eta begi-bistakoak dira, kanpoan zein barruan, jabeak tokiari eskaintzen dizkion arreta eta ardura. Ez omen dira, hala ere, asko bertara hurbiltzen diren bidaiariak edo bestelako bezeroak. Ohe baten bila dabiltzan peruarrek nahiago omen dituzte herrian dauden beste ostatuak, telebista daukatenak. Eta bestelako bidaiarientzat, Europakoentzat-eta, Puerto Bermudez urruti dago, ohiko turismo-bideetatik aparte samar.


Puerto Bermudez: herri koskor bat, kale guztiak ibiltzeko hogei minutu baino gehiago eskatzen ez duena. Kale asfaltaturik ez dauka. Argindarra bai, baina etenaldiak maiz gertatzen dira. Oso badaezpadako konexioa duten pare bat internet-toki daude, polizia, ibai-portutxo bat, dendak, jatetxeak, bi irrati...


Jesùs Lòpez de Dicastillo: pertsonaje bat. Bizia, berritsua, azkarra, memoria eta etorri handikoa, zazpikia, paisaiaren begiratze soilarekin etsitzen ez duten horietakoa. Herriko aferak interesatzen zaizkio eta parte hartzen du haietan: astean hiru egunetan irratsaio bat zuzentzen du herriko irrati batean eta irakurzaletasuna bultzatu eta "herritarren horizonte kulturalak zabaldu" asmoz biblioteka ibiltari bat jarri du martxan (Puerto Bermudez-eko biblioteka bakarra. Portzierto, erderazko liburu zaharrekin zer egin ez badakizu pozik hartuko dituzte han). Hamar urte daramatza Perutik irten gabe eta orain dela gutxi nazionalitatea eman diote. Batzuek diote, eta ni bat nator, izugarrizko antza duela marrazki bizidunetako aspaldiko heroi batekin -espinakak jaten zituen harekin-. Dena den, nik antz handiagoa hartzen diot fikziozko beste bi pertsonaia ezagunekin: Robinson Crusoerekin eta On Kixoterekin. Noiz bata noiz bestea ekartzen dizkit gogora.


Balizko herri bat (eta aholku bat, apaltasunez): bere ondoko ibaiaren nagitasun eta nagikeria berdinaz mugitzen den balizko herri bat daukat gogoan. Txikia da eta oihanean dago, munduko leku ezagun gehienetatik urrun eta aparte, eta hango erritmo jakinei gertaera gutxik egingo die traba; aldaketak (fisikoak baino gehiago bestelakoak) oso astiro baizik ez dira gertatuko, oso astiro baizik ez dira onartuko balizko herri hartan. Orain 12 urte kanpotar bat iritsi zen bertara eta etorrera hark, urmael geldian erortzen den harriaren antzera, uhinak sortu zituen herriko bizimoduaren uretan. Etorri berriak bere zakutoan zekartzan ikuspuntu, pentsamolde, iniziatiba, ideia eta haize berriek eragin zituzten uhinok eta, halakoetan gertatu ohi denez, berritasunezko dardar haiek oihaneko biztanleen bizitzak astindu eta aberastu zituzten. Baina talkak gertatu ziren, ezinbestez ia. Hartu-emana ez zen beti liskarrik gabea izan. Kanpotarraren espiritu kritiko eta zorrotzak -eta ozen eta hinki-hanka handirik gabe jarduteko joerak- bat baino gehiago asaldatu zuen. Dena den, katramilak katramila, nire balizko herria askoz toki interesgarriagoa izan zen handik aurrera, eta hala da oraindik ere, hori dio, behinik behin, herritar batek baino gehiagok (eta erantsiko du ondoren: "kontuz baina, "interesgarriago"k ez du "erosoago" esan nahi, ez dira biak nahastu behar"). Kanpotarrak ere aspaldi utzi zion kanpotar izateari eta, maiz aitortzen ez badu ere, zor hori dauka balizko herriarekin, han aurkitu baitzuen beste ezein lekuk ordura arte eskaini ez ziona -eta, aldez edo moldez, denok bilatzen duguna "mundu zabal eta arrotz" honetan-: etxe baten babesa bizitzeko eta toki bat, munduan eta munduarekin egoteko. Balizko herri hartan...
Eta hala bazan ez bazan...
Aholkua: ahaztu zait honezkero... Bego horretan.


Bospasei egun eman nituen nik Dicastilloren uhartean, berak berarentzat eta besteentzat oihanaren erdian eraiki duen babesleku lasaian. Bospasei egun goxo, ahaztuko ez ditudanak (hala gertatzen zait etxeko norbaitekin elkartzen naizen gehienetan). Christian izeneko mutil aleman bat ere bazegoen han, eta kontu-kontari, kafe edaten, zigarro erretzen eta xake-jokoan joan zitzaigun denbora. Ez beti harmonia oso-osoan, hala ere. Bitxikeria bat kontatuko dut: xake-jokoa gustatzen zaigu bioi eta, nonbait, jokalari lehiatsuak gara. Partida batean, jokaldi bat zela-eta, biziki haserretu ginen. Txinparta bat izan zen, suziri bat indarrez lehertu eta handik laster itzali zena, baina leherketaren bortitzak itsutu egin gintuen une batez. Partida hura baliogabetu, eta hurrengo egunetan gure lehiaketarekin jarraitu genuen. Berdinketa: hori izan zen azken emaitza.


Alde egin nuen goizean Jesusek galdetu zidan ea ez nengoen nekatuta, hamairu urte askotxo zela, bera bai, azkenean aspertu zela batetik bestera ibiltzeaz, motxila arratsero hustu eta biharamunean berriro bete beharraz, behar zuela bareune bat eta horregatik eraiki zuela Puerto Bermudez-eko aterpea. Egia erantzun nion nik, ezetz, motxilak behin eta berriro desegin eta eginagatik ere ez nengoela nekatuta, eta munduari beste buelta bat emateko eta hartaz gozatzeko gai sentitzen nintzela (bromatan esan nuen hori). Hala da, nork bere bideak ditu eta ni ez nintzateke gai izango Jesusek egin duena egiteko, ez dut horretarako indarrik. Aurrera jotzeko, ordea, bai. Mugimendua eta horizonteak behar ditut nik, "hari fin" horretan aurkitzen dut nolabaiteko oreka. Beste zerbait ere aurkitzen dut edo ematen didate mugimendu eta horizonte horiek: alferrik ez nabilelako, nonbaitera noalako (auskalo nora, ordea!) irudipena.


Lerro hauek amaitzeko agur esango diot Dicastillori eta suerterik onena opa. Gogorarazi nahi diot, baita ere, berdinketa bat daukagula noizbait hautsi beharrekoa. Ez adiorik, hortaz!
...............................................................


PUNTA OLIMPICA


Aurtengo lehen euriekin abiatu nintzen Cuzcotik, pasa den urriaren bukaeran. Mendialdeko bideak aukeratu nituen handik Trujillora -orain nagoen tokira- etortzeko eta horrek esan nahi du gailurrik gailur eta gainik gain ibili naizela, oso salbuespen gutxirekin, denbora guztian: bi mila metro igo, bi mila metro jeitsi, behin eta berriro, eguna joan, eguna etorri. Ibilbidearen perfil grafikoak sismografoek marrazten dituzten lerro puntadun erotu horien antza du. Atseden gutxi hankentzat eta opari handia bihotz-begientzat. Ohi bezala, tokirik altuenak izan dira ederrenak. 4000 metro inguruko mendateak ugariak izan dira, 4500etik gorakoak ez horrenbeste, hiru baino ez. Hona hemen horiek, Cuzco eta Trujillo bitartean igo ditudan 4500 metrotik gorako hiru "handiak":


- Abra Apacheta (4746 m, Ayacucho eta Huancavelica bitartean)
- Paso Chonta     (4853 m,         "                       "                 "       )
- Punta Olimpica (4890 m, Mendikate Txurian, Chacas eta Carhuaz bitartean)


Lehenengo biak zeharkatzen dituen errepideak aipamen berezi bat behar du, titulu-emaileek domina bat eman diote-eta: "Lau mila metrotik gorako munduko errepiderik luzeena" omen da bera , edo "The highest continuous road in the world" titulu-banatzaileen hitz berdinekin esateko. Ayacucho eta Huancavelica bitartean dagoen 155 kmko tartea da, eder askoa. Dena den, nire goiko itzulpena ez da zehatz-zehatza izan, 155 kilometro horietan bidea 3970 metrora jaisten delako bitan.


Altuenetakoa izan ez arren beste mendate batek ere merezi du, nire ustez, aipamen bat, bere edertasunagatik: Abra Huanacocha, 4350 metrokoa. Callejon de Conchucos izeneko bailaran dago, Huari eta San Luis herrien bitartean (Mendikate Txuriaren ekialdean).

Eta beste aipamen berezi bat, bere edertasunagatik, lasaitasunagatik eta kontraste bortitz-bortitzengatik, honako bide honi: La Union herria eta Antamina mehategi erraldoia lotzen dituenari (jarraibideak: La Unionetik abiatu eta 11 kmra hartu eskumako pista, zubitxoa zeharkatuta. 36 km aurrerago pista polit horrek Antaminara doan bide asfaltatuarekin bat egingo du. Antamina Peruko meategirik handiena da eta ederra izandako mendi-inguru batean dago, 4300 metroko altueran. Bideak meategia inguratzen du Callejon de Conchucos-era (San Marcos herrira, 45 km.) jeitsi baino lehen, eta uste dut ikuskizunak merezi duela, espiritua goratzen duten horietakoa ez bada ere. Hango triskantzak eta mendi larrutuek zer pentsatua ematen dute.


Eta dominen banaketarekin amaitzeko, nire lehen saria eta munduko aipamen, laudorio eta gorazarre guztiak Punta Olimpica mendatearentzat. Inoiz igo dudan mendaterik ederrenetakoa eta ikusgarrienetakoa. Edo beharbada, memoriak huts egiten ez badit, ederrena eta ikusgarriena.
......................................................................................................................


Punta Olimpica. Gailurrerantz.
Perun daude, Mendikate Txuria delakoan ("La Cordillera Blanca"), Ande mendietako bigarren gailurrik altuenak, Argentina/Txileko mugan kokatzen direnen ostean. 5000 eta 6000 metroko ezin konta ahala gailur dira eta mundu guztiko eskalatzaile eta mendizaleak erakartzen dituzte (zenbatu ditzagun altuenak: sei milatik gorako hamasei gailur ditu Mendikate Txuriak eta 5500 eta 6000 bitarteko hamazazpi). Peru-ko mendirik altuena, Huascaran (6768 m.), han dago eta berak ematen dio izena ia mendikate osoa bere barruan hartzen duen parke nazionalari. Pentsatzen da 260 glaziar inguru ere badaudela mendiotan, baina zoritxarrez, atzeraka doaz eta haien eremua nabarmen urritzen ari da. Batzuk zeharo urtu eta desagertu dira dagoeneko.


Bi bailarak dute Mendikate Txuria mugatzen eta zedarritzen; bakoitza katearen alde batetik doa, ezker-eskuin, harekin paraleloan, eta haietan daude mendiotara hurbiltzeko herri eta bide nagusiak. Mendabaldean dago ezagunena, Callejon de Huaylas izenekoa (Huaraz hiria hor dago); ekialdean umilago bat, askoz bisitari gutxiago hartzen dituena eta ia bide asfaltaturik gabea: Callejon de Conchucos. Pare bat bidek Mendikate Txuria alderik-alde zeharkatu eta bi bailarok lotzen dituzte. Haietako batean dago, Huascaran mendiaren oinean, Punta Olìmpica mendatea.
.......................................................................................................................


Cuzcon entzun nuen Punta Olimpica izena aurreneko aldiz, "eder-ederra omen da mendate hura", esan zuen afari batean lagunarteko norbaitek, eta, ondoren, non zegoen galdetu nion nik eta kokapena mapan marraztu. Ia hilabete eta erdi beranduago Callejon de Conchuchos bailarako San Luis herrian nengoen, mendate haren ondo-ondoan, eta ez nekien zer egin, ez nekien zein bide hartu eta egun askotxo ziren duda harekin nenbilela.


Bi aukera nituen: lehena Punta Olimpicara igo eta handik Callejon de Huaylas-era jaistea. Bigarrena: mendikatea zeharkatu barik aurrera jotzea, iparralderantz, bailararen goiko muturrean dagoen Sihuas herriraino. Biek ala biek Cañòn del Pato-ko haizpitartera eramango ninduten eta handik barrena kostara eta nire azken helburura, Trujillo hirira.


Mendatea igo ala ez, hori zen nire zalantza, eta igoeraren zailtasuna zalantzaren eragilea. Alturak baino gehiago eguraldiak kezkatzen ninduen, edo, hobeto esanda, bien konbinaketak. Euriak hasiak ziren eta zeru lainotuak eta zaparradak ia eguneroko kontua ziren, auskalo ze giro aurkitu behar nuen han goian, ia 5000 metrotara. Distantzien kontua ere bazegoen, bidea oso txarra omen zen eta ez nekien zehazki zenbat kilometro zegoen abiapuntutik -Chacas herritik- gailurreraino, ezta gailurretik bestaldeko lehen herriraino ere, eta ezinezkoa zirudien hura argitzeko gauza zen norbait aurkitzeak (1).


San Luis-en galdezka ibili nintzen, ea gailurrerako bidean, edo gailurrean bertan, ezer ote zegoen, nekazari-etxerik, artzain bordarik, inolako aterperik... Teilatupe bat nahi nuen, estalpe bat gaua pasatzeko edo, premia izanez gero, ekaitzetik babesteko. Ez nuen kanpatu nahi, nire denda zaharrak itogin gehiegi zeukan gau euritsu bati behar bezala aurre egiteko.  "Despuès de Chacas no hay nada, ni pueblos, ni casas, solo silencio", esan zidan janaridenda batean gizon batek; galdera bera egin nion beste bati gero eta antzeko erantzuna jaso nuen, "las primeras casas estàn despuès de la cumbre, lejos... hasta allì solo silencio". San Luis-eko apaiz italiarrekin ere hitz egin nuen eta haiek Punta Olimpicatik ez joateko aholkatu zidaten, bidea oso txarra zela eta gainera ez nuela, ziur aski, ezer ikusiko, lainoak paisaia ezkutatuko zidala. Neukan alternatiba bestalde, Sihuas herriraino joatea, ez zen txarra, gutxi ibiliak eta ederrak omen ziren hango bideak ere.
Gau hartan, lotara jarri nintzenean, erabakia hartuta zegoen: Sihuas-era joango nintzen. Punta Olimpica, bideko beste hainbat eta hainbat toki bezala, atzean geldituko zen, aukera hobe baten zain.


Auskalo, ordea, zer gertatu zen gau hartan, auskalo nor edo zer ibili zen nire ametsetan azpilana egiten, lotutako hariak askatzen eta haiekin oihal berria josten. Badakit ondo lo egin nuela eta biharamunean, esnatu nintzenean, aurreko gaueko erabakia azpikoz gora jarrita aurkitu nuela: ez, ez nintzen Sihuas-era joango, igoko nintzen Punta Olimpicara, barneratuko nintzen isiltasun hartan. Gainera nire azken goi-mendatea izan zitekeen hura, aurrerantzean, eta Alaskaraino, nekez topatuko nuen halako alturarik berriro. Aprobetxatu beharra zegoen aukera hura, ez zen besterik egongo.
...............................................................................................................................


Punta Olimpica. Azken igoerako sigi-sagak

Ez naiz gehiegi luzatuko igoeraren xehetasunak ematen, merezi badute ere. Esango dizuet, hala ere, Chacas herritik abiatu nintzenetik zeru goibelak eta lainoa izan nituela lagun, baina ez zizkidatela hargatik mendi zokoak ezkutatu, eta zoko haiek eder apartak iruditu zaitzaizkidala, zinez ikusgarriak. Ia igoera guztian menditzar elurtuak eta haien glaziarrak aurre-aurrean izan nituen, gertu, eskura ia; lakuak eta aintzirak ere -esmeralda kolorekoak batzuk- inguruan, baso zaharraren pusketatxoak, belardiak, harkaitzak, errekak.... Eta edertasun hura -eta gu guztiok- bilduz eta ohiko mundutik areago bakartuz, izara mehe bat: iragarritako isiltasuna.


Mendatearen gainak ia azken unera arte ez zuen ageririk eman, igo bitartean zaila zen igarzea nondik joko zuen bideak, non eta nola aurkitu behar zuen mendi puxka haiek gainditzeko pasabidea. Aurkitu zuen azkenean eta, bihurgunez bihurgune, maldan suge bat bezala kiribilduz, ekin zion azken malkarrari. Tontorra toki goibela eta arraroa da, arroka beltzezko ertz zorrotz eta ilun bat, eta hartan egindako ebaki meharretik barrena igarotzen da bidea bestaldera. Giroa negu gorrikoa zen han, elurra ari zuen, eta behe-lainoak, orduan bai, inguruko gailurrak estaltzen zituen. Arratsaldeko ordu biak ziren eta Chacas herritik lehen argi-printzekin abiatua nintzen, goizeko seietan: 8 orduko bidea, beraz, eta kilometro-zenbagailuak esaten zuenez, 33 kmko distantzia. Gainditutako desnibela, 1500 metro.


Tontorretik behera bidea gorakoan baino are okerragoa izan zen, bizikleta gainean ozta-ozta ibiltzeko modukoa. Alde hartan lainoak glaziarren beheko muturra baino ez zuen uzten agerian, baina gailurren faltan beste zerbait eskaini zidan paisaia hark: mendiz eta lainoz inguratutako bailara berde eta luze bat behealdean, harrigarri ederra bere bakardadean. Shangri-La berri bat.


Arratsaldeko seietan, iluntzeko gutxi falta zela, Huascaran-eko parkezainen etxera iritsi nintzen. Gailurretik harainoko 28 kilometroak egiteko 4 ordu behar izan nituen. Paulino parkezainak eta bere laguntzaileak beso zabalik hartu ninduten eta gaua han pasa nuen, haiei esker ez nuen kanpoko giro bustian kanpatu beharrik izan. Haiek esan zidaten igoeran ikusitako bi mendi handiak - bien arteko lepoa zeharkatzen du mendateak- ziur aski Contrahierbas (6036 m.) eta Nevado Ulta (5536 m.) zirela, eta ez Huascaran, nik pentsatu bezala. Huascaran jeitsieran ikusi beharko nuen, oskarbi egon balitz.


Gailurra
Biharamunean, esnatu bezain pronto, Paulinok albiste on bat eman zidan: Callejon de Huaylas-eko errepidea irekita zegoen berriro, herritarrek -matxinatuta astebetez Conococha aintziran egin nahi duten meategiagatik (2)- protesta bertan behera uztea erabaki zuten, bidea libre zegoen. Goiz hartan bai, Huascaran mendiak garbi erakutsi zidan bere kasko txuria eta arratsaldean Caraz herrira arazorik gabe iritsi nintzen, nahiz eta errepidean ugariak izan barrikaden arrastoak. Istiluak, antza, gogorrak izan ziren eta entzun nuenez nekazari bat gutxienez hil zen poliziarekin izandako borroketan.


Hurrengo egunean, Cañón del Pato haizpitarte ospetsuan barruratu eta kostaldera jo baino lehen, penaz begiratu nien nire ezkerraldeko mendi ilunei: han ez zen elurrik, ez zen izotzik, ez zen glaziar-aintzirarik eta eskalatzailerik, baina eder-ederrak begitantzen zitzaizkidan: Mendikate Beltzeko tontor soil eta bakartiak ziren. Isiltasunaren erresumakoak haiek ere. Baina aurrera jo nuen, Trujilloko etxea eta hango lagunak zain nituen. Pozik nindoan. Dohain hori dute bizikletak eta gailurrek, ukendu bat direla. Gringo garela ere ahazten zaigu haien konpainian.

(1). Perun, gehienetan, errepide-distantziak neurtzeko, denbora -motordun ibilgailuek behar dutena- erabiltzen da, eta ez kilometroak.


(2). Conocoha aintziran jaiotzen da Santa ibaia, Callejon de Huaylas guztia eta han dauden herriak zeharkatzen dituena. Meategi berriak hura kutsatuko duela uste dute herritarrek eta egitasmoa bertan behera uzteko eskatzen zuten. Protestaldiari bukaera ematea behin-behineko erabakia izan zen eta abian jarritako negoziazioaren emaitzek erabaki behar omen zuten handik aurrerakoa. Albisterik ez zait iritsi harrezkero, ez dakit zer gertatu zen negoziazio haietan.
..............................................................................................................................


Ia hilabetea eman dut Trujillon eta etzi abiatuko naiz, hemen dauden beste bi txirrindulari frantsesekin batera. Lucho gurekin etorriko da, pixka batean behintzat, Chiclayoraino-edo. Pacasmayo-tik aurrera bakarrik jarraituko dut nik, mendietara berriro igotzea baita nire asmoa: Cajamarca, Chachapoyas, Jaen... Handik Ekuador-era muga txiki batetik (Namballe/Zumba) sartu nahi dut. Vilcabamba eta Loja izango dira mugaz bestaldean aurkituko ditudan lehen herri ezagunak.


Izan ondo.
Lorenzo Rojo
Trujillo, Peru. 2011ko urtarrilak 15

viernes, 29 de octubre de 2010

Cuzco (Peru), 2010eko urriak 29

Cobija (Bolivia) - Cuzco (Peru): 850 km., 14 egun. Nondik nora: Cobija - Brasilea (Brasil) - Assis Brasil (Brasil) - Iñapari (Peru) - Iberia - Mavila - Puerto Maldonado - Quincemil - Marcapata - Ocongate - Urcos - Cuzco


Peruko oihanetik Cuzcora etortzeko Ande mendien ekialdeko lerroa zeharkatu behar da. Alturak zeharo aldatzen ditu paisaia, klima eta biztanleen ezaugarriak. Aldaketa ikusgarri hori Quincemil herrian (720 m.) hasi eta kilometro gutxiko tartean burutzen da.

Brasileko mugatik (Iñaparatik) Cuzcoraino datorren bide hori asfaltatua da, berri-berria (lanean ari dira oraindik tarte batzuetan) eta badirudi azpiegitura handi horren atzean Brasil dagoela; Brasilek bere produktuak Asiara eta Txinara errezago esportatzeko Pazifikoko portuak behar ditu, eta errepide berriari esker hurbilago edukiko ditu hemendik aurrera . "Estrada do Pacifico" esaten diote Brasilen; "Carretera Interoceànica", Perun. Gure garapen-ereduak horrelako komunikabideak behar ditu (Abiadura Handiko Trena, gurean), gero eta urrunago eta gero eta azkarrago iristea da ekonomiak ezartzen duen legea eta bestelako arrazoiek pisu gutxi dute egia horren aldean. Baina kalteak ere badira, bai naturarentzat eta bai natura horretan bizi diren giza taldeentzat (eta bai denontzat, azken batean). Amazonia urratzen eta ahultzen duen bide berri horren inguruan ere iritzi guztiak ez datoz bat. Gaiaz jakinmina duenak hemen ditu esteka interesgarri batzuk:

http://www.bbc.co.uk/mundo/america_latina/2010/09/100809_carretera_transoceanica_interoceanica_peru.shtml, http://www.connuestroperu.com/index.php?option=com_content&task=view&id=2134&Itemid=32, http://esencia21.wordpress.com/2008/05/30/localizan-tribus-desconocidas-en-la-amazonia-peruana/

Urriaren 14an Pirhuayani izeneko mendatearen gailurrera iritsi nintzen. Pirhuayani Puerto Maldonadotik Cuzcora igarotzeko atea da, Ekialdeko Andeak (Vilcanota mendikatea) zeharkatzean errepide berriak hartzen duen alturarik handiena. Elurbustia ari zuen eta aldian behin trumoien danbatekoak eta burrunbak aditzen ziren, lehor, luze. Arratsaldeko ordu bata eta erdiak ziren. Hodei ilun eta beltzek zerua guztiz estaltzen zuten eta behelainoa errari zebilen maldetan, mendizokoak ezkutatuz orain, ostarteak zabalduz geroxeago. "Abra Pirhuayani, 4725 m." zioen kartelaren ondoan gelditu eta praka luzeak eta arropa beroa jantzi nituen. Gero aurreraxeago zegoen baseliza-aterpera hurbildu nintzen.
Familia bat zegoen han, senar-emazte gazteak eta hiruzpalau urteko alaba. Janzkera eta aurpegieragatik ketxuak, inguru haietako nekazariak. Gizona berehala hasi zen hizketan nirekin, gaztelera onean. Emaztea gaixorik zegoen eta Marcapatako "postara" (osasunetxera) zihoazen. Beren etxetik goiz irten eta hainbat ordutako bidea egina zuten haraino oinez; eguerdian iritsi eta orduz geroztik zeuden aterpe hartan Marcapatara eramango zituen ibilgailu baten zain; trafiko gutxi zebilen, ordea, eta gainera emaztea ezin zen kamioi edo kamioneta baten atzeko kaja irekian bidaiatu, kabinan joan beharra zeukan, zailagoa zen horregatik norbaitek hartzea. Marcapata, herri txiki bat, 30 km. eta 1800 m. beherago zegoen, handik abiatua nintzen ni goiz hartan. Gizonak lasai hitz egiten zuen, irribarretsu. Haurrak aitaren hankari heltzen zion eta behe hartatik so egiten zidan, zabal-zabalik begiak, jakinminez. Baselizako atarian geunden hirurok, emakumea barruan. Gure eskuinaldean, lainoak erdi ezkutaturik, mendi handi bat ageri zen, pareta batean glaziar itxurako zurigune bat zeukana. Ausangate ote zen galdetu nion gizonari (Ausangate, 6384 m, Vilcanota mendilerroko gailurrik altuena da). "Ez, ez da Ausangate Colque Cruz (5500 m.) baizik", erantzun zidan. "Ausangate aurrerago ikusiko duzu, Ocongatera gehiago hurbildutakoan". Kamioi bat agertu zen une hartan, aldapan gora astiro zetorren Ocongateko aldetik. Gizona korrika batean hurreratu eta gidariarekin labur hitz egin zuen; ondoren keinuka hasi zitzaien emazte-alabei, joateko, joateko, bazutela tokia han. Atzera korrika etorri eta baselizako lurrean zegoen fardela, oihal handi batekin antolatutakoa, bizkarrean hartu zuen. Agur egin zidan eta hirurak kabinara igotzen ikusi nituen. Gaua Marcapatan igaro beharko zuten, pentsatu nuen. Emaztearen gaitza larria ez bazen beharbada bihar bertan jarriko ziren itzulbidean; zorte pixka batekin gaua baino lehen iritsiko ziren etxera. Bi egun oso, kasurik onenean, medikuari bisita egiteko.

Bizikletara igo eta aurrera egin nuen nik ere, aldapan behera oraingoan. Paisaia igoerakoa ez bezalakoa zen, malkar eta pareten ordez kolore berde-horiko bailara zabal bat neukan aurrean. Herritxoak ugariak ziren eta baita han-hemen bazkatzen ziren alpaka taldeak ere. Poztu egin nintzen, Boliviako altiplanoko irudia zen, aspaldian ikusi gabea. Ezkerrean, garai eta harro, Vilcanotako mendien gailur zorrotzak ageri ziren.

Herri haiek zeharkatzean bi gauzak eman zidaten atentzioa: emakumeen janzkera izan zen bata, zehatzago buruan zeramaten kapela: borobila eta zapala zen, plater handi bat bezalakoa, eta inguru guztian, ertzetik zintzilik, koloreko zinta bat zegoen. Bolivian behin ere ez nuen halakorik ikusi; bestea etxeetako teilatuak ziren: ez lasto, ez kalamina (zinkezko xaflak) teila gorria baizik. (1)
Ocongatera ilundu baino lehen iritsi nintzen. "Inoiz handik pasatzen bazara eman goraintziak Antonio eta Joxerrari", esan zidaten behin Getariako Emiliok eta Amaiak, Sylver Cloud belauntziko nabigatzaileek. Antonio (donostiarra) eta Joxerra (naparra) jesuitak dira eta bi egunez gelditu nintzen haiekin. Cuzcora igande goiz batean, urriaren 17an, iritsi nintzen.
................................................................................

Cusco (Qosqo, bertako udalak hobesten duen grafiaz) Inka inperioko hiriburua eta gobernuaren egoitza izan zen XIII. mendearen erdialdetik aurrera. Andeetako eta Hegoamerikako hiririk garrantzitsuena omen zen garai hartan. XVI. mendearen hasieran Pizarrok konkistatu zuen eta etorri berriek lehengo tenplu eta jauregietako harrien gainean eraiki zituzten bere elizak eta etxeak (Inkak iaioak ziren harria lantzen eta oinarri bikain haiek Cusco kolonialeko eraikuntza askotan ikus daitezke oraindik). XVIII. mendean kontinenteko hiririk populatuena zen baina hurrengo mendeetan gainbehera txikian hasi omen zen. Gaur egun Cusco Hegoamerikako lehen hiria da berriro eta postu hori turismoari esker berreskuratu du: Hegoamerikara datozen turisten helburu nagusia bera da, nahiz eta ez izan bereak bakarrik merituak: ez da ahaztu behar Machu Picchu eta beste hiri eta tenplu inkaikoen aztarna garrantzitsuak inguruan dituela.

Hori dena banekien nik, gutxigorabehera, Cuzcora sartu nintzen igande goiz hartan. Lehen inpresioa? Txarra. Ohiko hiri handi (miloi erdi bat biztanle), zarpail, zaratatsu eta trafiko bizikoa. Erdialde historikora iritsi nintzenean, ordea, hori dena bat-batean aldatu zen. Beste nonbait nengoen, aurreko kaleekin zerikusi gutxi zeukan oasi gisako batean. Erdialde kolonial ederra, oso ederra, du Cuscok, nik espero baino atseginagoa. Haren erdian, inken enparantza nagusia zegoen toki berean eraikia, Plaza de Armas delakoa dago: zaila da haren parekorik, hain ederrik, beste nonbait aurkitzea.
................................................................................

Machu Picchu (mendi zaharra), "munduko mirarietako bat", planetako gune turistiko bisitatuenetakoa.... eta hala ere dudatan egon naiz antzinako hiri famatua ikustera joan ala ez, nire izpiritu bakarzaleak mesfidantzaz begiratzen zien toki hura egunero eta leporaino betetzen duten jende tropelei, haren fama akuilu baino gehiago zalantza-iturri zen niretzat. Joan nintzen azkenean eta ez dut esango damu naizenik. Tokiaz lasai eta (ia) bakardadean gozatzeko aukera ere izan nuen (luxu bat!) Machu Picchu deritzon mendiaren tontorrera igota, eta ibilaldi horri esker salbatu nuen bisita, bestela ziur nago marmarka eta purrustadaka itzuliko nintzela handik, nere buruari errieta eginez amuari heldu izanagatik.
Kokapenak ematen dio Macchu Picchuri daukan indarra eta berezitasuna, natur-inguru ikusgarri hura gabe hondakin haiek munduan ugari diren beste hamaikaren parekoak lirateke. Eta hondakinei eta natur-inguruari ondo erreparatzeko, hartaz gozatzeko, igo egin behar da. Hiru dira aukerak, hiru dira hiri zaharra zaintzen duten mendiak, gaztelu baten dorreak balira bezala: Huayna Picchu, Machu Picchu eta Putucusi. Dorre horien atzean, haiei gain hartuz eta inguru guztia itxiz, mendi-eraztun berde eta ikusgarri bat dago. Handik gora zerua. Behean, aizkora-kolpe baten indarraz mendien artetik sigi-saga aurreratuz, suge bat: Urubamba ibaia eta berak zabaldu duen arro sakona. Bai behean eta bai goian oihanak eta landaretza oparoak bazter gehienak hartzen dituzte.

Lehen aipatutako hiru mendi horietatik Huayna Picchu (argazki guztietan agertzen dena) da entzutetsuena, jende saldoak abiatzen dira egunero tontor hartarantz eta horregatik, hara igo nahi duen jende-kopurua mugatzearren, kupo bat jarri behar izan dute. Huayna Picchuk ("Mendi gaztea") 2667 m. ditu. Machu Picchu mendia ("Mendi zaharra", 2795 m.) aurrekoa baino garaiagoa da eta hondakinetatik abiatuta ordu eta erdi inguruko igoera behar da tontorrera iristeko; bidea basoan barrena doa, itzalpean, eta polita da, jende gehiegi ez dabil gainera; bai igoerak eta bai tontorrak eskaintzen dituzten bistak apartak dira: mendi-ingurua bere zabaltasun eta edertasun osoan eta haren altzoan inken hiri zaharra; ez dut uste Huayna Picchutik ikuspegi hobea dagoenik. Putucusi ("Mendi zoriontsua", 2592 m.) hiruretatik misteriotsuena da, haren berri jende gutxik du eta are gutxiago dira bertara igotzen saiatzen direnak (agian horregatik zoriontsua). Baina lasaitasuna eta bakardadea estimatzen badituzu eta uste baduzu haiek gabe tokirik ederrena arrunta eta baldarra bilakatu daitekeela, hura duzu aukera onena. Putucusiko tontorretik Machu Picchuko oso bista ederra omen dago eta ziurrena bakarrik egongo zara hartaz gozatzeko. Beste abantaila bat: dohainik da. Arazo nagusia: igoera ez da erraza, arduraz egiten ez bada arriskutsua ere izan daiteke (gero emango ditut argibide batzuk).


GERRAKO EKONOMIA DUTEN BIDAIARIENTZAKO AHOLKU PRAKTIKOAK

Machu Pichhu beste zerbait ere bada, bere aire misteriotsu eta erromantikoaz elikatzen den baina oso helburu praktikoak dituen beste zerbait: "Dirua egiteko makina bat da toki hau", horrela entzun nion eta horrela adierazi zuen, garbi eta gordin, handik zebilen batek. Machu Picchu kate baten azken maila da eta kate horretan dena da garestia eta denagatik kobratuko dizute: bertara iristeko, bertara sartzeko eta bertan zaudela bai komunera joateko ere. Gastuak murriztu daitezke hala ere. Azalduko dut nola.

Bi modu daude antzinako hirira iristeko: oinez bata, "Inken bideak" esaten dieten bide zaharretako bat hartuta. Hainbat egunetako ibilaldiak dira eta ospetsuena(k) hautatuz gero diru askotxo ordaindu behar dela uste dut. Dena den, ez dakit gauza handirik bide horietaz. Bigarrena Cuscotik Aguas Calientesera joatea da. Azken honetaz arituko naiz.

Aguas Calientes herria Machu Picchuko ate nagusia da, azken geltokia, hara iritsi behar duzu derrigorrez, han pasa beharko duzu gaua eta handik abiatuko zara biharamunean Machu Picchurantz, zure moduko beste milaka lagunekin batera. Aguas Calientes ( zer zen lehenago ez dakit baina orain toki zatarra da, jatetxe eta hotel pilaketa kaotiko samar bat) Urubamba ibaiak irekitako sakan estuaren barruan dago, Machu Picchuren oinean. Ez da errepiderik iristen hara, trena bakarrik, eta tren polit horretara igo ahal izateko atzerritarrok ondo astindu behar ditugu poltsikoak. Badago modu bat, hala ere, trena erabat sahiesteko, Aguas Calientes-era ekonomiari kalte gehiegi egin gabe iristeko. Honako hau. Garraio publikoa hartu (autobusak eta furgonetak) eta bide hau egin: Cuzco - Santa Maria - Santa Teresa - Hidroelectrica. Hidroelectrica esaten dioten tokira heldutakoan oinez abiatu trenbidearen ondotik; ordu eta erdiko/bi orduko ibillaldi lasaia eta atsegina duzu Aguas Calienteseraino. Cuzcotik goizeko 7etan abiatzen bazara ilundu baino lehen iritsi zaitezke A.Cs-era.

Sarrera-txartela A. Cs-en bertan eros daiteke (126 sol, 34 bat euro) eta bertatik abiatzen dira hiri zaharrera igotzen diren autobusak (10 minutuko bidaia). Ibiltzeak ez bazaitu izutzen, egin uko autobusari eta oinez igo zaitez. Ordubeteko edo ordu eta erdiko osteratxo horrek 20 sol aurreztuko dizkizu eta goizeko freskuraz gozatzeko aukera emango. Goizean goiz abiatu.

Eta areago aurreztu nahi baduzu, sarrera-txartelako 126 sol horiek ere ordaindu nahi ez badituzu, badago aukera bat, aukera ona alde askotatik baina baita zaila ere: Putucusi mendira igotzea. Putucusi mendia, Huayna Pichu eta Machu Picchu ez bezala, hondakinen esparrutik kanpo dago eta bertara daraman bidea Aguas Calientesetik bertatik abiatzen da (trenbideari jarraitu 200 edo 300 metroz eta mendian gora jotzen duten eskumako eskailerak hartu). Goizean goiz ekin nion nik bide horri. Zerua oskarbi zegoen eta baso itxian barrena pozik nindoan, itzalpean, harrizko mailaz hornitutako zidor zahar batetik gora. Baina 20 bat minutuko bidea egina nuela oztopo serio batekin egokitu nintzen: 15/20 bat metro garai zen tarte bertikal samar bat (80 gradu?). Hura gainditzeko egurrezko hiru eskailera jarri dituzte bata bestearen segidan; esku-helduleku bat ere badago, altzairuzko kable lodi bat eskaileren ondotik goitik behera doana. Eskailerak erdi suntsituta zeuden, ordea, maila asko falta ziren, itxuraz lur-jauzi baten kausaz. Kablea egoera onean zegoen eta hari helduta eta eskaileren hondakinez baliatuta paretaren erdia baino gehiago igo nuen. Hala ere, azken partearekin ez nintzen ausartu eta poliki-poliki eta penatuta egin nuen atzera. Igo direnek esaten dutenez Machu Picchuko bistak, tontor hartatik, paregabeak dira. Eskailerak konpontzen ez dituzten bitartean (eta luze joko du horrek!) mosketoi eta eskalada-zinta pare bat aski lirateke altzairuzko kablearekin aseguru on bat antolatu eta lasai igotzeko. Baina une honetan, halakorik ez baduzu, Putucusira igotzea arriskutsua da.
...............................................................................

Ia bi aste pasatu ditut Cuzcon, denbora hegan joan da ihesi... Ustekabe batzuk izan dira hiri honetan, ustekabeko enkontru pozgarrri batzuk zehatzago esateko. Bata Nina Casper berriro topatzea izan da; Nina txirrindulari alemaniarra da eta Iranen ezagutu nuen 2003. urtean; orduan, orain bezala, bakarrik zebilen; 7 urte hauek on egin diote. Neil eta Harriet inglesak ere hemen daude; Neil, Harriet eta hirurok elkarrekin ibili ginen orain hilabete batzuk Argentinan eta Txilen, eta Boliviako Laguna Blancan bereizi ginen; betiko moduan jarraitzen dute, beti bezain jator eta beti bezain gora: 4000 metrotik behera gutxitan jeisten dira, beti bide zailenak eta ederrenak aukeratuz. Hirugarren enkontrua ere guztiz ustekabekoa izan da, egun batean Plaza de Armasetik nindoala Dean Fiore australiarra ikusi nuen (berak ni ikusi ninduen); Dean Fiore eta biok Congon eta Gabonen ibili ginen elkarrekin 2007an eta gero Montevideon elkartu ginen berriro orain dela urtebete, geroztik ez genuen elkarren berri; bizikleta utzi eta motoz dabil orain, Errusiako modelo zahar bat den eta alboan "sidecarra" daukan moto batean. Beste txirrindulari batzuk ere ezagutu ditut hemen: Mateo mexikar-estatu batuarra, Alaskatik datorrena, eta Alaskatik datorren Qebec-eko bikote bat ere. Elkartzeak ustekabekoak izan dira baina ez guztiz kasualak: badago Cuzcon ostatu bat ("Estrellita", Tullumayo kalean) gringo gurpildunen oso gogokoa dena. Hor gaude denok. Bat-bateko aglomerazio horrek, ordea, ez du luze iraungo. Nork bere bideak eta asmoak ditu eta laster bereiziko gara denok.

Bihar abiatuko naiz ni. Orain dela 11 urte kostaldeko bideak hobetsi nituen eta oraingoan mendialdekoak hartuko ditut: Abancay, Ayacucho, Huancayo... Limara ez naiz joango eta kostaldera behin bakarrik jaitsi nahi dut, iparraldean dagoen Trujillo hirira joan eta hango lagunei bisita egiteko. Oihana ez dut oso gustoko baina litekeena da Puerto Bermudez inguruko behe-lurretara ere sartu-atera azkar bat egitea. Arrazoia? Han omen dago Lòpez Dicastillo naparra. Nik ez dut bera ezagutzen baina 25 bat urte izango dira haren liburu bat irakurri nuela ("Crònica de un viaje en bicicleta"), eta nago nire bizimodu honen errua liburu harena -eta liburuaren egileareana- ere badela (nork jakin...).

Segi ondo.


(1)- Hirugarren kontutxo bat ere aipatu beharko nuke, nahiz eta ez izan bailara haietako ezaugarria bakarrik, baizik eta, itxura batera, Peru osokoa. Bai, Perura sartu eta berehala konturatu nintzen hemen, aurreko herrietan ez bezala, denek zekitela -eta denen ahotan zebilela- nire izena; ez zen nik, edo nire gurasoek aukeratutakoa, baizik eta deitura orokor bat ni bezalakoak (?) izendatzeko hangoek baliatzen zutena: "gringo" "gringuito". Afrikako "zuria", hamaika hizkuntzatan esana eta errepikatua, ekartzen zidan gogora. Esan behar dut, hala ere, han, Afrikan, arazoa -deituraren zergatia- oso garbi zegoela, edonork ikus zezakeen hori, eta horrenbestez ulergarriagoa eta onargarriagoa egiten zitzaidala bereizketa (horixe egiten baitute hitz horiek, zu bereizi, aparteko talde batean jarri, diferentzia azpimarratu). "Gringo" honen eremua eta zentzua, ordea, zabalagoak eta lausoagoak dira, eta horregatik, eta baita hitzaren jatorrizko esanahiagatik ere, muturra okertu egiten zitzaidan pixka bat hasieran, entzuten nuen bakoitzean. Nekagarria da, ordea, muturra hain maiz okertu behar hori, orduro bost edo sei aldiz gutxienez, zergatik eta hitz hutsal batengatik, gehien-gehienetan zentzu peioratibo eta bat ere asmo txarrik gabe esaten dena, gainera.... Beraz, onartzen saiatu naiz, eta onartu egin dut azkenean (hala uste dut) nire deitura berria, ez poz-pozik eta gogoberoz baizik eta galtzaile onaren aldartearekin.
"Gringo" hitzaren aldaera dotore edo jaso bat ere aditu izan dut inoiz edo behin (bitan zehazki), oso hitz bitxi bat: "patricio": "Buen dia patricio" "Ya le falta poco patricio". "Gringo" edo "patricio" deitura merezi ahal izateko antzeko merituak behar direla uste dut, hortaz parekoak dira biak, bata bestea bezain urruntzaile. Meritu horien artean, ziurrenik, larruazalaren kolorea da nagusia. Perun, Latinoamerikako beste toki askotan bezala, kolore horrek mailak edo kastak bereizteko balio du, zuriari dagokiolarik gorena)

viernes, 1 de octubre de 2010

Cobija (Bolivia). 2010eko urriak 1

La Paz – Cobija (Bolivia): 1400 km. Nondik nora: La Paz – Sorata- Mapiri – Guanay- Sapecho – Palos Blancos – Yucumo – Rurrenabaque – St Rosa – Yata – Australia – El Triangulo – El Sena – Puerto Rico - Cobija

Beroa, hautsa eta monotonia Bolivia iparraldeko behe-lur hauetan. Asfaltatu gabeko bideak kolore gorriko zidor bat zabaltzen du oihanean, baina askotan -gehienetan- zuhaitzen eta landaretzaren pareta berdea urrutitxo ageri da, errepide inguruak soilduta edo erreta daudelako. Goizak (8ak inguruan abiatzen naiz) ederrak eta lasaiak izaten dira, beroak ez ditu oraindik bazterrak eta burmuinak kiskaltzen eta estimatzen da tregua hori. Erraz eragiten diet pedaleei ordu horietan. Normalean lanbro bat egoten da airean -kea, akaso- paisaia lausotu eta oihanari giro ia fantasmala eransten diona.

Eguerditik aurrera astunagoa da dena. Zeruaren urdina ahuldu egiten da eta ia kolorerik gabeko sabai horren azpian kiskaltzen da mundua. Autobus eta kamioi bakanak ziztuan pasatzen dira hautsa zurrunbiloka harrotuz; behe-laino zikina zintzilik gelditzen da airean luzaroan, eta ni haren barruan. Txitxarren eta beste insektuen eta txorien kantuak grabazio mekaniko eta egoskor baten antza du; batzuetan, ordea, auskalo zergatik, isildu egiten dira hots guztiak eta hila dirudi basoak.

Eguzkia suzko distira txuri bat da zeruan, inguru zehatzik gabeko borobil baldar bat, baina arratsaldea aurrera, bero zakarraren zama arintzearekin batera, zehazten hasiko da, bai forman eta bai kolorean. Arratsaldeko azken orduetan oihan berdearen gainean zintzilik ageriko da, laranja biziko bola perfektu eta ikusgarri bat. Egunak eskeintzen duen bigarren tregua da hori. Handik gutxira bide ondoko komunidade batean bilatuko dut aterpea: oholez eta lastoz egindako etxetxo multzo bat eta eskola txiki bat (eraikuntza moderno bakarra), horixe dira komunidadeak. Suertea izanez gero erreka edukiko dute ondoan edo putzu bat eta gorputzean dudan lohia garbitu ahalko dut. Afaldu eta hamaka eskolan zabalduta egingo dut lo.

.........................................................

Etzi esango diot agur Boliviari. Cobijatik abiatu eta egun berean Iñapariko mugara iristea espero dut. Handik sartuko naiz Perura. Puerto Maldonado hiria da nire lehen helburua baina laster Peruko oihana utzi eta Andeetara igoko naiz, Cuzco-ra iristeko. 4800 metroko mendate bat omen dago Puerto Maldonado eta Cuzco bitartean eta 500 km. inguru. Goi-mendiak ditut zain, beraz, eta ilusioz begiratzen diet.

miércoles, 4 de agosto de 2010

La Paz (Bolivia). 2010eko abuztua

Iquique - La Paz (Bolivia): 16 gau, 17 egun. 858 km. Nondik nora: Iquique - Huara - Cuya - Codpa - Timar - Ticnamar - Belen - Putre - Tambo Quemado (Bolivia) - Patacamaya - El Alto - La Paz

Este es el norte sol
todo desierto
me parece aqui el hombre
más humano
más solo en su tarea de estar solo.

Sergio Hernandez

........................................................

(Putre, Txile. Abuztuak 3)

Aspaldiko ibilaldirik ederrenetakoa izan da egun hauetakoa eta listoia jadanik oso goian zegoen. Egia esan, azken urte honetako bideak ederrak izan dira denak, baina azken hilabeteetakoek goia jo dute. Egun lasaiak ere izan dira honainokoak, kezka gutxikoak: gauean kanpatzeko toki egokia bilatu (errez samarra), ogia nork salduko zidan aurkitu (ia ezinezkoa)... horiek izan dira Iquiquetik hona eduki ditudan buruhauste nagusiak.

Putre Boliviako mugatik gertu, precordilleran -desertutik altiplanora bitartean- dagoen herri txikia eta lasaia da. Txikia baina inguruotako handiena, hala ere. Jatorriz herri aimara izan arren kultura horren aztarnak ez dira hain garbiak Putren, ez hizkuntzari dagokionez behintzat. Aimarazko hitz bakarrak udal liburutegian entzun ditut: hango arduradunak "Kamisaraki?" (zer moduz?) batekin agurtzen ditu bertara sartzen diren guztiak eta "Jikisinkama" (hurrena arte) esanez despeditu.
Atzo iritsi nintzen hona eta aurreneko aldiz, Iquiquetik irtenez gero, dutxa bat hartu eta ohe batean (prezio egokian lortua negoziazio gogorraren ondoren) lo egin nuen. Desertuan eta precordillerako zokoetan kanpatuta igaro ditut honainoko gauak (zortzi guztira). Paisaia aldatuz joan da kostaldetik urrundu eta mendikatera hurbildu ahala. Putre 3500 metro inguruko altueran dago, bailara edo mendi arteko ordeka berde batean. Beste mila metro igo eta laster altiplanoan egongo naiz ostera, beste toki diferente batean.

Esaten nuen, bada, honainoko ibilera oso polita izan dela. Iquiquetik irten eta bideak gora egiten du bat-batean: 600 metro lehendabizi Alto Hospicioraino; beste 500 edo 600 metro ondoren, aldapa etzanago batetik, Humberstone eta Santa Laura nitrato-faktoria zaharretara, eta Panamericana errepide nagusira, iristeko. Atacaman gaude, munduko lehorrena omen den desertuan. Handiena ez da, agian, izango baina hala ematen du, amaigabea. Mundu mortu horri goi batetik begiratzeko aukera baldin baduzu ondo konturatuko zara horretaz: harria eta hondarra besterik ez zure aurrean eta azpian, begien ikusi ahal guztian, zerumugaraino. Eta zerumugatik haruntzago ere berdin, paisaia idor eta marroi bera, itxuraz amaiezina... harik eta itsasoarekin -beste desertu horrekin- topo egin arte. Halaxe ikusi nuen nik Atacama altiplanotik Iquiquera (4000 metro ingurutik itsasora) jeitsi nintzen egunean eta infinitu mortu hura ederra, oso ederra, iruditu zitzaidan.
Errepidez zoazela -Panamericana errepidetik, adibidez-, galduta alturak ematen duen ikuspuntua, Atacamako handitasunak beste izen bat hartuko du: monotonia. Kilometrotan eta egunetan neurtzen eta dastatzen den monotonia. Paisaiak ez du hemen kolore edo bereizgarri askorik eskaintzen baina badaude, iparralderako bidean, berdintasun hori apurtuko duten pare bat ikuskizun: Pampa del Tamarugal izeneko basoa izan daiteke bat (Socairetik San pedro de Atacamara bitartean antzeko beste bat dago, txikiagoa eta garbiagoa: Tambilloko basoa), petroglifoak (antzinako herriek egindako grabatuak) beste bat eta hurrena, Chiza-ra iritsitakoan, Chiza-ko aldapa.
Chizako aldapa ebaki sakon eta ikusgarri bat da desertuko lautada bat-batean eteten duena. Ebaki horretatik behera jotzen du bideak eta Atacamak aurpegi berri eta dramatiko bat erakutsiko digu handik: bailarak, mendiak, sakanak, aldapak, lurraren hamaika gorabehera eta zirrikitu.... itxura batera den-dena hila, isila, bizitzarik gabea. Sakontasun idor eta laberintiko horretan barruratuz gero, nola iraun bizirik? Badira oasiak eta freskura mortutasun horren erdian, ezinezkoa badirudi ere. Lehena gertu dago, mila bat metro beherago: Cuya du izena. Hurrengoak are politagoak dira, biziki politak.
Iquiquetik Tambo Quemadora (Boliviako mugara) joan nahi baduzu utzi Arica alde batera eta hartu -ez zalantzarik egin- Codpan eta Belenen barrena Putrera doan bidea. Trafikorik ia bat ere ez dago inguru hauetan, topatuko dituzun herri bakanak txikiak (husten ari dira) eta umilak izango dira, bideak asfaltogabeak eta aldapatsuak... baina den-dena ederra . Codpa-ra iritsi baino lehentxoago hasiko dira ustekabeak. "Cactus candelabro" esaten zaion kaktusaren ale banaka batzuk ikusiko dituzu lautadan eta, bat-batean, desertua hautsi egingo da berriro, pitzatu, arrakalaz eta zirrikituz bete. Tarte eta tolesdura horietan barruratuko da bidea, eta behera egingo du, bihurgunez-bihurgune, kilometro askotako jaitsiera luzean. Marroia, beste kolorerik ez dago hemen, marroiaren tonu guztiak. Eta bat-batean, Codpa. Behe-behean dago, sakanaren barrenean, eta txundituta gelditu nintzen goitik begiz jo nuenean: pareta garai eta lehorrez inguratutako oasi txiki bat da, ustekabean agertzen dena, herritxo bat bailara estu, berde eta liluragarri batean. Zuhaitzak, ortuak eta ura ez dira falta, tunak eta askotariko fruitu arbolak daude, mahatsa ere landatzen da. Berdetasuna eta freskura basamortuko zoko ezkutu batean. Koloniaren garaiko elizatxo bat... ederra.

Timar ere halakoxea da, beste oasi-herri bat, Codpa baino are txikiagoa, pareta mortuen arteko beste sakan estu batean. Bidea menditsua da inguru hauetan, lehen esan dudan bezala, baina are menditsuagoa eta aldapatsuagoa bilakatuko da laster, Ticnamar-era heldutakoan. Huraxe da muga, esan daiteke herri hartan - Ticnamaren- desertua amaitu eta precordillera hasten dela.
..........................................................

Belen-era bizikleta gainean sartu nintzen, eta bizikleta gainean egina nuen harainoko bidea. Gainean bai, tente eta harro, ordea, ez. Ticnamar eta Belen bitartean dauden aldapak ez dira nolanahikoak: gogorrak, piko-pikoak, etengabeak. Ilundu baino lehentxoago iritsi nintzen eta gogoan dut herri-sarrerako maldetan laborantzako terraza asko ikusi nituela, bertan behera utziak denak. Herri handi samarra eta apaina iruditu zitzaidan. Etxe asko zituen eta hainbat kale; erdian enparantza bat lorategi zainduekin; gertu bi elizatxoren kanpandorre txorrotxak, kalaminazko teilatu grisei gain hartzen zietenak (Kalamina: zinkezko xafla uhinduak). Udaletxeak, enparantzaren albo batean, berria zirudien eta berria, halaber, parean zegoen osasunetxeak. Baina ez zen inor ageri. Inon ez. Hotsik ere ez zen bat ere aditzen. Buelta pare bat eman inguruko kaleetan eta azkenean osasunetxera jo nuen, ate bat irekita ikusi nuen-eta han. "Inor ez al da bizi herri honetan?", galdetu nion, erdi txantxetan, gela batetik irten zen mutilari. "Hamar heldu, denak zaharrak, eta sei haur", erantzun zidan. "Eta etxe horiek guztiak?" "Hutsik daude, giltzatuta. Jendea Aricara joan da bizitzera eta noizean behin baino ez dira itzultzen, oporretan edo erlijio festetan. Gobernuak ahalegin handia egin du precordillerako herri hauek hustu ez daitezen, baina alferrik. Gainera lehortea dago, azken lau edo bost urtean ez du euririk egin... Lehen oreganoa landatzen zen hemen, asko biltzen zen. Orain patata pixka bat, ia besterik ez..." Arratsaldea eguzkitsua eta epela zen eta eguteran eseri eta hizketan jardun genuen tarte batez. Gero altxatu egin nintzen. Denda jartzeko tokia bilatu behar nuen eta ogia erosi. "Janaridendarik bal dago?", galdetu nion Aricako paramedikuari. "Bai, bat. Doña Panchitaren almazena. Gogor jo atea, batzuetan barru-barruan dago eta ez du aditzen. Erakutsiko dizut non dagoen" Izkineraino lagundu zidan eta Doña Panchitaren etxea zein zen adierazi. Ia negar egin nuen hatz erakuslea goratu eta zerua seinalatu zuenean. Doña Panchita goian bizi zen, goregi nire hanka nekatuentzat. Hara zihoan harrizko kaleak harresi bat bezain gaindiezina zirudien.

Doña Pantxitak ez zidan atea ireki, gogor eta luze jo banuen ere. Futbol-zelaiaren parean kanpatu nuen, bideaz bestaldeko terrenoetan, bidezidor txiki baten ondoko sastraken artean. Herriaren kanpoaldea zen, toki lasaia, herri hartako guztiak bezala. Hala uste nuen nik, behintzat. Oker nengoen. Beleneko biztanleak edadetuak dira, bai, baina ez etxe barruan eta geldirik egoten diren horietakoak. Eta nire ondoko bidezidor txatxu hura euren ortuetara eta zereginetara joateko erabiltzen zuten bide nagusia zen. Egunaren azken txintekin itzultzen ziren herrira batzuk, gaututa besteak. Eta argitu baino lehenago abiatzen ziren, ostera, lanera. Nor bere zakurrekin gainera. Langile finak!! Berandu ohartu nintzen horretaz guztiaz, hala ere. Uste dut Beleneko biztanle denak pasatu zirela nire ondotik gau hartan, guztien oin-hotsak aditu nituen; eta Beleneko zakur guztiek egin zuten zaunka kanpadendaren inguruan.

Atseden hartu nuen hala ere. Biharamunean ura erdi jelatuta zegoen botiletan baina gosaria prestatzen hasi nintzen eta mendien atzetik eguzkia atera eta lehen izpiak nigana iritsi zirenean bizitza berriro hasi zen. Beste egun zoragarri bat. Goiz hartan, bai, Doña Panchitak bere gotorlekuko ateak zabaldu zizkidan eta gailetak, latako jurela eta beste gutizia batzuk erosi ahal izan nituen (ez bat ere merke).

Belenetik aurrera maldan gora doa bidea berriro ere (11 km.), baina hankek erraz ekin zioten aldapari igande goiz lasai eta eder hartan. Soro eta errekastoen artetik nindoan, astiro, nekerik gabe igoz. Zaldiak eta astoak zebiltzan larretan. Giroa bukolikoa zen, lehengo nekazari eta artzainen garaikoa, gure aiton-amonen garaikoa. Belen azpian zegoen, isilik bere txokoan, teilatu grisak agerian. Eta ni aldarte ezin hobean nindoan. Eduardo Avaroa eta izen handiko parke nazional guztiekin oroitu nintzen. Ederrak ziren. Baina Belen? Eta Codpa? Eta desertu eta precordillera haietako bideak eta herriak? Nor oroitzen zen haiekin? Ez al ziren ederrak, edo aukeran ederragoak, haiek ere?

.............................................................

Orain dela bi aste pasatxo iritsi nintzen La Paz-era eta bihar abiatuko naiz berriro. Sorata, Rurrenabaque, Cobija... horiek dira nire hurrengo helburuak. Boliviako iparraldea, oihana, herri zoragarri honetan ezagutzen ez dudan eskualde ia bakarra... haruntza hona.

Eta honainoko bideaz -Putretik La Pazerako bideaz alegia- zer esan? Errekak, bofedalak (altiplanoko larre hezeak), lakuak, bikuinak, llamak... eta hiru sumendi kaskazuri: Paranicota, Pomerape eta Sajama. Kaskazuri eta ikusgarri. Altiplanoak gutxitan eskainiko dizu halako ikuskizun dotorerik eta ez dira horiek hitz hutsalak.

La Paz eta El Alto. Bi hiri ote dira edo hiri beraren bi zati? Bien arteko eten fisikorik ez dago baina geografiak, alturak eta konposizio sozio-ekonomikoak bereizten ditu garbiro. La Paz (3600 m.) sortu zen lehenago, bailararen magalean, behean, goiko lautadako haize eta klima gogorretik babestuta (urrea ere aurkitu omen zuten espainiarrek ibaian). Kokapena ikusgarria da, munduan antzeko hiririk ez dago. Gero El Alto (4000 m.) etorri omen zen, herrietatik hurbildutako nekazari indigena pobreekin osatua. Miloi bat biztanle inguru ditu eta diotenez Boliviako hiririk dinamikoenetakoa da gaur egun.

Gauza bitxi bat: ez dago ez La Paz-en ez El Alton txabola-auzorik Buenos Aires edo Montevideon bezala. Dena adreilua da, adreilu gorria bistara, zuriberritzerik gabe (gehienetan). Izan ere, hori da bi hirien ezaugarri bat (El Alton nabarmenagoa), adreilu biluziak El Alto-ko lautadari eta La Paz-eko mendi magalei ematen dien kolore gorria. Lehen begiratu batean zaila egiten zaio atzerritar bati auzo pobreak edo baztertuak zeintzuk diren igertzea. Beharbada alde handirik ez dagoelako batetik bestera. Auzo aberatsak, ordea, bai, berehala antzematen dira: hegoaldekoak dira. Zenbat eta beherago orduan eta aberatsago, hori da hemengo araua.


Lehengo batean, Camacho merkatuaren inguruetan nenbilela, deigarria egin zitzaidan argazki bat ikusi nuen. Handia zen, kartel publizitario baten tamainakoa eta bertan jende multzo bat ageri zen, itxura batera elkarretaratze, manifestazio edo halako kale bilkura batetan parte hartzen ari zena. Zuribeltzeko irudia gertutik hartua zen eta aurpegiak erakusten zituen garbiro. Orrazkerak eta janzkerak 70eko urteak ekartzen zituzten gogora. Irudian deigarriena, ordea, nire atentzioa instantera bahitu zuena, erdi-erdian dagoen gizon txuria da, edo hobeto esanda haren aurpegiera, haren begirada. Hain da ezohikoa begirada hori non bereizi egiten baitu gizona bere inguruan dauden kideengandik, bera aparte eta bakarrik utziz (ez da bera kamerara begira dagoen bakarra). Ez da erraza begi horietan zer dagoen esatea, harridura baino askoz gehiago, kameraren atzean dagoen zerbait ikusi balu bezala, berak bakarrik ikusi dezakeen zerbait, une jakin horretatik baino haratago dagoen zerbait. Irudiaren azpian idatzita zegoena irakurri nuen gero: "Luis Espinal vives en el pueblo. 1980-2010"


"El Padre Luis Espinal Camps (Lucho Espinal) nació el 2 de febrero de 1932 en la ciudad de San Fruitòs de Bages, cerca de Manresa España. En agosto de 1949 ingresa en la Compañìa de Jesùs y se ordena como sacerdote en julio de 1962en la ciudad de Barcelona. Fue enviado Bolivia como misionero, donde luchó por la defensa de los Derechos Humanos.
Entonces se desempeñó como sacerdote Jesuita, Cineasta, Comunicador Social y Radialista en su labor pastoral en Bolivia. Sus posturas contrarias a las dictaduras y su apoyo a los movimientos mineros, especialmente a las huelgas anti-dictatoriales de trabajadores y sus esposas, encabezadas por Domitila Chungara, le valieron enemistades durante el gobierno defacto de Luis García Meza Tejada. Luis Espinal fue detenido por paramilitares y torturado, siendo brutalmente asesinado finalmente el 21 de marzo de 1980. Dicho asesinato había sido planificado, en enero de ese año, por el propio García Meza, junto a Luis Arce Gómez y Guillermo Moscoso". (Wikipedia)