Anchorage (Alaska), 2012ko abuztua |
2012ko abuztuak 2, Tok – Dot
Lake, 81 km.
Ia hilabete eta erdi pasa dugu elkarrekin Julienek eta biok
eta gaur esan diogu agur elkarri. Hegoaldera abiatu da bera Malin-ekin.
Malinekin edo Malinen atzetik hobeto esanda, eta ironia handirik gabe diot, ze neska
horren aurretik ibiltzea ezinezkoa da, eta parean joateko ere nahikoa lan. Halako
txirrindulari gogorrik ez dut oso aspaldian ikusi, egun bakar batean bete
dezake berak, erraz, nik bi egun luzetan ibiltzen dudan distantzia.
Bakarrik berriro. Haizea nire alde eta aldapa gutxi, hori ere
berritasuna. Baso boreala, lakuak… betiko paisaia deigarririk gabea. Kanpaleku
ona aurkitu dut Dot Lake-ko postetxearen atzean. Iluntzen hasi du gauez, bart ohartu nintzen.
2012ko abuztuak 4, Richardson Highway errepidea, 81 km.
Oso egun lainotua. Aurpegiko haizea, tarteka gogorra. Trafiko
gutxi eta arratsaldean euria. Alaska mendikateko gailur txuriak nire aurrean
beti. Mendi artean kanpatu dut, euripean, ibaitik gertu.
2012ko abuztuak 5, Denali
Highway errepidea, 77 km.
Ederra, espero baino askoz ederragoa, Utah-z geroztik topatu
dudan lurrik ikusgarriena, agian. Tundra zabala, bakartia eta amaigabea daukat
parean, haren berde infinitua hamaika laku eta aintziraren urdinguneek zipriztintzen dutela.
Urrutirantz ondulatzen da, oztoporik
gabe, baina haren muga ez da zeruertza
baizik eta begien ikusmira guztia betetzen duen 180 graduko anfiteatro
urrun bat, gailur txuriz eta glaziarrez osatua. Alaskako mendiak (1). Ikuskizun benetan ederra. Arratseko
eguzkiak urrezko argi leun batez blaitzen du dena. Ñirñirka ari da tundra,
aintzira bakoitzaren barruan eguzki ttipi bat dagoela ematen du.
2012ko abuztuak 9, Parks
Highway errepidea, 110 km.
Denali-Mackinley mendia, 6194 m. Alaska. |
(1) Izan ere, "Amphitheater Mountains" dute izena mendi horiek eta Denali errepideko Paxson eta Tangle Lakes bitarteko zatian haien bista zabal ederra dago. Denali errepidea 200 km inguruko bide asfaltogabea da, neguan ixten dena. 1971.era arte Denali Parke Nazionalera iristeko bide bakarra izan zen.
..........................................................................................................
¡QUÈ VIVA AMÈRICA! (edo nola ibili nintzen bizitzaren lau puntu
kardinalen peskizan eta bidaia horretan ikusi eta ikasi nuena)
“Està mi casa, donde
mis ojos
quieran posarse para soñar,
duermo en el aire, es el deseo
quien me arrebata a otro lugar”
"Vengo del norte", Luz Casal
“Hala esan zaidan, haizearen boladetan datzala
txorien halabeharra
badirela portua sekula aurkitzen ez duten
ontziak itsasoan”
B. Atxaga
“Eta zuk nola dakizu nora joan nahi duzun?”, galdetu zidan El Cairon, 2005.aren hasieran,
han ezagutu nuen Kanadako txirrindulari batek. Bera ez aurrera ez atzera
zebilen ordu hartan, zalantzaz betea. Ez zekien zein bide hartu, nondik nora
jo. Libia ikusten zuen mendebaldean, Sudan eta Afrika beltza hegoaldean,
Ekialde Hurbileko herriak ere hantxe, gertu…
aukera asko, lurralde asko, zaila zen, nonbait, erabakia. Nik norabideen kontua aipatu nion. Iparrorratzak eskaintzen dituen lau norabide
nagusietatik bat hautatu eta hari jarraitu, horixe egiten nuela nik. Jarraitu
gainera azkeneraino, lurra amaitu arte, tartean oztopo gaindiezinik edo zelai
goxoagorik azaltzen ez bazen behintzat. Hamaika erabaki egin beharko ziren,
bai, gero, unean-unean, hamaika errepide, bide eta zidor daudelako munduko
puzzlearen zatiak, handiak eta txikiak, lotuz, eta hamaika direlako
bidaiariaren kapritxoak eta halabeharraren aginduak. Haiek arduratuko ziren, apurka-apurka, amaraunean hari bat iruteaz. Ibilian. Baina norabide nagusia funtsezkoa
zen, hark ematen zuen iparra. Eta
ibileraren amaieran atzera begiratu – amaitu nuen kanadiarrari esaten,
seriotasun handiz- eta konturatuko zara
zure norabide nagusi hori ez dela izan mapan egindako lerro zuzen eta garbi bat
baizik eta sigi-saga aurreratzen duen bide bihurri eta aldrebestua. Aitzaki bat
baino ez delako, azken batean, gidari izango duzun iparrizar hori.
Ibiltzeko erabiliko duzun makulu bat
eta ez egiazko helmuga.
El Cairoko hartan hegoaldean zegoen ni gidatzen
ninduen iparrizarra eta hari segika nindoan Europako puntaren punta den
Iparraldeko
Lurmuturraz geroztik. Bi bat urtez eraman ninduen aurrera norabide hark
eta ez
nuen abandonatu Hegoafrikako Agullas Lurmuturrera iritsi nintzen arte.
Kanadiarrari esandakoa bete zen arte. Lurra amaitu zitzaidan arte,
alegia.
¡Què viva Amèrica! |
Eta eraman ninduen, ekarri nau. Hegoamerikako bizkarrezurrera igota lehenik, gailurrik gailur, Kolonbiaraino. Han, Argentina eta Boliviako paramo andinoetan, minerala eta pezoa, haizea, gatza eta duintasunaren mintzaera isila; han, punako ilunsentian, urre-brontzezko sastrakadiak eta kanpaleku bat. Peruko goi-mendateetan zerua laztantzen zuten alturak eta bideak, eta airearen hats mehea; berdearen harrera sakona mendikate luzearen delta kolonbiarrean . Ekarri nau. Ertamerikako laku, sumendi eta oihanetako hezetasunetan barrena; behinolako iraultzen oihartzunez eta gaurko bizitzaren indarraz mintzo diren kale zahar beti berrietan zehar (han, Nikaragua, nire lehen latinoamerika). Ekarri nau. Bihotzeko Mexiko garden eta ahaztezineraino (Mexiko, bizikletaren amets alderraiari harrera egin zion nire lehen latinoamerika). Mexikoko egunak, aspaldikoak eta arestikoak, nola ahaztu? Nola ahaztu denbora zaharraren orein-ibilkera, gaztetasun harritu hura? Nola ahaztu denbora berriaren argia, itzuleraren transparentzia?
Lleguè a San Cristobal de las Casas y me encantò,
habia alli una luz y una claridad especial, y la gente con la que me tocò
compartir aquellos dias tambien la tenia. Venia ademas de un periodo de lluvias
y cielos oscuros en Amèrica Central. Pero fue cuando me reencontrè con aquel
Pacifico que ya habíamos recorrido en el año 87, cuando me reencontrè con
aquella costa transparente, suave y solitaria (asi recuerdo al tramo que va
desde Salina Cruz a Huatulco, el que màs me conmoviò), cuando se
despejaron mis dudas… Esa luz de la
costa, esa luz de San Cristobal y de Managua en el 86, y de otros muchos sitios
…es una luz especial, una luz que aparece y desaparece, que a veces solo se
presiente. Una luz que no solo la tienen los lugares... Es la luz que nos recuerda porquè caminamos. La que
el venezolano Eugenio Montejo describe en su poema Manoa. …
Mexiko, Latinoamerikako azken geltokia, hizkuntzaren azken
babeslekua, sutondoa, herrimina. Hurrena, Muga Handia. Ez dago Amerika guztian
antzekorik, urruntzaileagorik,
bereizgarriagorik. Kontinentearen bularra distantziazko haizkorakada batek
erdibiturik, bi ertz itsu elkarri begira, zubi gutxiko leize zahar bat, bi
Amerikak (zorionez han ere, hemen bezala, mugalari onak daude). Handik gora,
aurrerantzean, AMERIKA, hizki larriz idazten dena, izen hori merezi duen
bakarra, kontinente guztiak adina, eta askoz gehiago, balio duena. Handik behera, aurrerantzean, azpiamerika
bat, “subamerica”, muga bakarreko eta
forma eta eduki zehatzik gabeko multzo ilun, pobre eta kaotiko bat.
AMERIKA horretan, honetan, deserriraturik, arrozturik,
etxegabeturik. Eta AMERIKA horretan, honetan, berriro buhame, iheslari, aske,
etxean. Ubi bene, ibi patria. Ongi
sentitzen garen tokian, hantxe daukagu aberria, hantxe aterpea. Beste zerik gabe.
Aintzinakoen egiak. Gure uharteak. Utah hegoaldeko bakardade okreak.
Montanako mendi-zelaiak. Urdin
leuneko udaberria, Missoulan. Jende zintzoen lagunartea. Ibi patria. Aberria, etxe
berria. Your land, my land. Atezuan. Leizeari desafio eginez. Amerika
harro hanpatuaren ertzetik Amerika prestuaren ertzera, arranoaren
hatzaparretatik herritarren elkartasunera, joan-etorri etengabean, mugalari hor ere, edo orekari, (nire) bi ertz
horiek lotzen dituen sokako orekari. Halamoduzkoa. Dorpe samarra.
Kanada ondoren. Arranoaren auzokide europartua, frantsesez
ere dakiena, osasun sistema zibilizatua daukana. Cow Boyrik ez han, private property, keep out, keep away, stay out, no
trespassing… mehatxuzko ohar lehen
non-nahikoek ageririk ez. Burges zuriak, burges otzanak, nonbait, kanadiarrak. Familiarragoa
dena, aspergarriagoa ere bai. Eta basoak, eta mendiak, lakuak, elurra, lanbroa,
euria, hartzak… eta gero eta gorago, eta nire iparrizarretik gero eta gertuago.
Gida nazazu urdin hotzeko zure erresumara, esan nion. Eta hemen nago, izotzaren
udako lorategietan, lurraren amaiera ilunperik gabekoan. Beste amaiera bat.
Zenbat honezkero?
Orain dela aste gutxi Artikoko tundra zeharkatu eta Kanadako
Inuvik herrira heldu nintzen, Ozeano Artikoaren ia parera. Patagoniaz geroztik
ekarri nauen ipar norabidearen amaiera izan zen, bi urte luzeko ibiliaren ipar
muturra. Handik mendebaldera egin nuen hurrena, Alaskara, Tok, Denali highway
errepidea, Anchorage. Eta lerro hauek Anchorage hiritik Seattle-era naraman
ontzian idazten ari naiz, Alaskako uretan oraindik, oker ez banago. Bost
eguneko nabigazioa, poltsa bat bete urre kareletik behera eta milaka kilometro
hegoalderantz.
Iparra galduta nora orain? Bizitzaren puntu kardinalek zer diote? Aitzaki berria aurkitu beharko dute. Eta badirudi aurkitua dutela dagoeneko. Winnipeg du izena eta ekialdean dago. Winnipeg, Kanadako hiria. Norvegia eta Finlandiako baso-gauetan, 2004. urtean, kanpindendan eta kandela baten argitara (iraupen luzeko diodo-linternek erromantizismo horrekin amaitu dute ) entzun nuen izen hori lehenengo aldiz. Indiano aberastu baten paperezko ezpainetan, entzun. Gogoan izkutatu zen eta orain hasi zait deika. Norabide batek ez du gehiago behar. Bidaiari bat pozik egon liteke horrenbestez. Behin-behineko norabidea izango da, izatekotan. Urriak elurra eta hotza omen dakartza inguru haietara. Sutondo bat bilatu behar negurako. Aterpe goxo bat. Bihotza izoztu ez dadin. Eta horizonteak aztertzen, horizonteak laztantzen, jarraitu dezan. Ipar (Izar) berri baten bila.
Iparra galduta nora orain? Bizitzaren puntu kardinalek zer diote? Aitzaki berria aurkitu beharko dute. Eta badirudi aurkitua dutela dagoeneko. Winnipeg du izena eta ekialdean dago. Winnipeg, Kanadako hiria. Norvegia eta Finlandiako baso-gauetan, 2004. urtean, kanpindendan eta kandela baten argitara (iraupen luzeko diodo-linternek erromantizismo horrekin amaitu dute ) entzun nuen izen hori lehenengo aldiz. Indiano aberastu baten paperezko ezpainetan, entzun. Gogoan izkutatu zen eta orain hasi zait deika. Norabide batek ez du gehiago behar. Bidaiari bat pozik egon liteke horrenbestez. Behin-behineko norabidea izango da, izatekotan. Urriak elurra eta hotza omen dakartza inguru haietara. Sutondo bat bilatu behar negurako. Aterpe goxo bat. Bihotza izoztu ez dadin. Eta horizonteak aztertzen, horizonteak laztantzen, jarraitu dezan. Ipar (Izar) berri baten bila.
2012ko abuztuaren 16an
Alaskako uretan, MV Kennicott
ontzian.
1 comentario:
Buenos Dias! Mi llamo es Thomas. You have met my brother, Sean, in Kenniwick, Washington. The pictures of your travels remind me of Thomas Stevens, who rode around the world on a bicycle in 1888. Ride On.
Publicar un comentario