miércoles, 25 de julio de 2012

Inuvik - Kanada (III)

Inuvik-erantz. Dempster Highway. Kanada, 2012

NONDIK NORA: Whitehorse (2012ko uztailak 6) - Dawson - Dempster Highway - Inuvik (uztailak 22). GUZTIRA: 1368 km.


Inuvik non dagoen?? Ondo, horra hor hona iristeko jarraibideak: hartu Ipar Amerikako mapa bat, bilatu Alaska eta Kanada arteko muga, jarri behatza muga horretan eta eraman gora poliki Ozeano Artikoraino; orain mugitu behatza zentimetro bat eskuinetara kostaldeari jarraituz.... HORTXE!!! Hortxe bertan dago Inuvik eta hortxe bertan nago ni une honetan.

Inuvik ("gizonaren tokia") McKenzie ibaiaren deltan dago, Ozeano Artikotik 100 bat km hegoaldera eta Zirkulu Polar Artikotik 200 km iparraldera. 3500 biztanle inguruko herria da, kanpoko itxurari dakokionez bereizgarri eta grazia apartekorik gabea, Kanadako bataz bestekoa baino pobreagoa, inondik ere. Kale nagusi bat dago eta bertan bi supermerkatu (garesti-garestiak), denda txiki batzuk, "igloo" tankerako eliza katolikoa, biblioteka publikoa eta eraikin publiko handiagoren bat edo beste. Uda betea da eta horrek esan nahi du eguraldia epela dela, 24 orduko argia dagoela eta urte sasoi honetan iristen diren turista banakak dabiltzala kaleetan. Eta guzti horrekin ere lasaitasuna erabatekoa da kale horietan, ia hilik dirudite. Negua nolakoa izango ote den hemen... pentsatze hutsak tristura ematen du. Inglesa da hemengo hizkuntza nagusia edo ia bakarra. Datu garrantzitsua da kontuan hartuta biztanleriaren erdia baino gehiago Inuvialuit (inuiten talde bat) eta Gwich`in talde etnikoek osatzen dutela. Baina uste dut askoz errazagoa dela tagaloa entzutea Inuvik-en inguru hauetako jatorrizko hizkuntza bat baino (lagun batek esanda jakin dut "anorak" eta "kayak" hitzak Inuiten hizkuntzatik mailegatu ditugula. Eta "tundra" samieratik)

Errepidearen amaiera da hau, kontinenteko ipar-muturra niretzat, Amerikako amets zahar beti berrituaren -eta beti ederraren- azken txanpa. Alaskara noa hurrena eta han badago Inuvik baino iparralderago dagoen eta bertara iristeko bidea daukan petrolio-herri bat, Deadhorse (edo Prudhoe Bay). Izenaren erromantizismoa gorabehera, ez dut uste bertara hurbilduko naizenik. Ez bideak ez helmugak ez omen dute berez merezimendu handirik. Edo hobeto esanda merezimendu bakarra dute: kontinenteko tokirik iparraldekoena izatea. Domina polita da, ez dut ukatuko, baina ez dut jantziko.

Inuvik-era iristeko bidea, ordea, bai, polita izan da, Kanadak eskaini didan ederrena. 700 kilometro inguruko bide asfaltogabe eta bakarti hori baso boreal eta tundrako paisaia zabal eta bikainetan barrena doa aurrera, mendi eta mendi-hegi borobildu eta soilduen artetik batzuetan eta Mackenzie ibai-deltaren lautada zingiratsuak zeharkatuz azken partean. Hainbat mendate txiki igo behar dira eta Zirkulu Polar Artikoko marra igaro, 405garren kilometroan. Ederra. Ez hainbeste baso boreala (aspertu gara honezkero alde batera eta bestera okertzen diren itxura ziztrineko zuhaitz "mozkortiak" ikusten) baina bai tundra huts eta amaigabeko zabaltasun berria. Kontuan hartu behar da Kanada guztiak izan duela niretzat halako itxitura baten antza, zuhaitzez, basoz eta lainoz egindako itxitura egunerokoa eta ia klaustrofobikoa. Hemengo tundrak arnasa eman dit. Patagoniako eremuak ere ekarri dizkit gogora eta Mongoliakoekin amets eginarazi. Animaliak ere ikusi ditugu, oso gertu. Ez kariburik zoritxarrez, baina bai azeriak, artikoko kattagorriak eta grizzly hartzak.
..........................................................................................................

"KIRATSA DARIE GIZAKIEI!", pentsatu zuen, nonbait, 50 metro eskaxera errepide bazterreko gain txiki batetik guri begira zegoen piztiak. Grizzly hartz bat zen, bi metro eta gehiagoko erraldoi iletsu eta buruhandi bat, eta atzeko hanken gainean zutik jarrita zegoen, gure aldera begira, gure usaina aditzen. Jakin nahi zuen nortzuk ginen, nor ziren bere eremuan sartu berriak ziren izaki arrotz haiek. Horretarako zutitzen dira hartzak. 


Yukon eta Northwest Territories probintzien arteko mugara hurbiltzen ari ginen arratsalde hartan eta Julianekin hizketan nindoan ni, lasai asko. Patagoniako ordokiak, Mongoliako estepak, inguruko tundraren zabaltasun berria... tokirik toki hegan zihoan gure hizpidea, muga guztien gainetik, baina ustegabeko agerpen hark hatsa jan zidan eta alturetatik ziplo jeitsiarazi. Bizikletaren gurpilak lurrari josita gelditu zitzaizkidan. "Look!! Look!!", esan nion lagunari. Ondorengoa oso azkar gertatu zen. Hartzak lurrera bihurtu zituen aurreko hankak, buelta eman, ipurdia erakutsi eta ihesari eman zion. Arrapaladan. Infernuko usaina aditu balu bezala. Korri eta korri egin zuen eman ahal guztian eta minutu oso batez ez zen gelditu. Ez dira hartzak korrikalari makalak, gero! Guk harrituta ikusten genuen nola alde egiten zuen, nola urruntzen zen  tundrako lautada zabal, berde, eder hartan. Gero eta urrunago, gero eta txikiago. Azkenean, puntu marroi nimiño bat baino ikusi ez genuenean gelditu egin zen eta hara eta hona patxadaz hasi. Orain bai, bere-berea zen erresuma hura, han ez zion inork enbarazurik egingo.

Hartz puxka hura hantxe, tente gure aurrean, gure usaina hartzen... Instant ziragarria izan zen, begietan eta oroimenean betirako grabatuta gelditzen diren horietakoa. Eta gero korrikaldi hura... benetan izutu genuen pizti gixajoa!! "Kiratsa darie gizakiei", pentsatuko zuen. Eta ez da harritzekoa. Uste dut edozeinek pentsatuko zuela hori egun haietan gurekin topo eginez gero. Izan ere, dutxa aukera handirik ez dago Artikoko bideetan...

No hay comentarios: