"The Great Divide Mountain Bike Route" Estatu Batuetako Rocky mendietan zehar doan eta uren banalerroari jarraitzen dion mendi bizikletarako ibilbidea da, 4000 km ingurukoa (Kanadako mugan hasi eta Mexikokoan amaituz gero) eta % 90ean asfaltatu gabeko bide eta bidezidorrez osatua dagoena. Hari jarraituz heldu naiz orain nagoen tokira (New Mexikoko Los Alamos herria, hemen egin zuten lehen lehergailu atomikoa) eta bide horri jarraituz iritsi nahi nuke Mexikora.
Badira hiru hilabete pasatxo Gasteiz utzi eta Iparamerikako inguru hauetan nabilela. Everetteko (Washington) lagunei agur esan eta ekialdera abiatu ginen uztailaren hasieran, Montana aldera. Eta Montanan hartu genuen, Missoula ondoan, Great Divide edo Banalerro Handia delakoa. Abiatu ginen idatzi dut zeren bi izan baikinen hasierako hilabete haietan. Jon Gome Zubia gasteiztar prestua eta bizikletari bikaina izan nuen bidaikide ia uda osoan (ondorengo argazkietan agertzen den morroskoa bera da). Elkarrekin Coloradoko iparralderaino iritsi ginen. Gero Juanjo eta Kiko Madrilgo anaiekin ere ibili nintzen aste pare batez eta irailaren 10az geroztik bakarrik nago, ohi bezala (baina... cyclotherapy-ko taldea - Aitor eta Eve- ez dabil urrun, beharbada izkin egingo diot bakardadeari berriro ere).
Ahaztuta eduki dut blog hau azkeneko hilabeteetan, eta barkamena eskatzen dizuet horregatik nire gorabeherekin interesatzen zaretenoi, baina... ezin. Ezin denborarik eta sosegurik aurkitu hemen idazteko. Kontua da mendi-baso-zelaietan sartuta pasatzen ditudala egunak eta asteak, basapiztien konpainian gizakienean baino maizago, eta horrela ezin honelako betebeharrei heldu. Tira, gaur loari tartetxo bat lapurtu eta argazki batzuk jarriko ditut hemen. Eta beste batean -Mexikora iristen naizenean-edo- saiatuko naiz orain arteko ibiliaren laburpentxo bat egiten. Great Divide delakoari buruz zera esan bakarrik: natura, trafikorik eza, aldapak eta inguru bakarti eta apartatuak atsegin badituzu primeran sentituko zarela hemen. 4000 kilometroko halako ibilbide bat ez da erraz aurkitzen beste inon. Rocky mendietan barrena etorri arren Coloradorainoko tartea oso irekia da eta behin baino gehiagotan irudituko zaizu mendietan ez baizik eta Patagoniako ordokietan zaudela. "Ze handia den hau!!", hori esaten zuen maiz harrituta Jonek . Handia eta hutsa. Coloradon itxura alpinoagoa hartzen hasiko da paisaia, lertxun eta pinu zuhaitzak jabetuko dira mendi maldez eta... honaino, New Mexikoko iparralde hau guztia ere halakoa baita, alpinoa, apartatua eta oso ederra. Noizbait Chihuahuako desertuarekin topo egin arte (gertu daukat hemendik), hori ere ederra izango da, dudarik ez.... Ondo izan!
Everett-eko lagunekin uztailaren 4an (Independence Day) |
Bidean dagoeneko, lehen egarriak asetzen. |
Washington, Idaho... |
...Montana... |
Montanako azken "euskal" artzaina; atzean bere artaldea eta "waggon"a. |
The Big Hole, Montana, Great Divide-tik gero eta hurbilago. |
Great Dividen azkenean!! |
Marathon Mondial berriaren ahulguneak. XR zaharrarekin ez zen halakorik gertatuko... |
Yellowstone National Park |
Atsedengune bat. Hona iritsi baino lehentxoago hartz bat ikusi genuen. |
"Grizzly hartzen eremua; arau bereziak indarrean" |
Bob trailer hori (bizikletaren atzeko gurditxoa) jatorrizkoaren bertsio hobetua omen da. Eta eusko labelduna, made in Lubiano. |
Great Divideko txirrindulari tropela zuloaren bila |
"...to win and hold the west". The Manifest Destiny. |
Aldapatxoak |
Loretxoak... |
Lore gutxi hemen. Wyoming, Great Basin. |
Eta beste egun bat eremu huts eta itxuraz amaigabeak zeharkatzen... Patagonia? Ez, Wyoming-eko hegoaldea. |
Azkenean gerizpea! Lertxun zuhaitzak. |
Natiboekin harremanetan. |
Great Divide-tik kanpo. Juanjo eta Kikorekin Hagerman Pass mendatean (Colorado) |
Kanadako oreina, Rocky Mountain Parke Nazionalean |
Altzak ez du bihotzik. Lertxunak begiak ditu eta hamaika ahots. |
Udazkena |
New Mexikoko iparraldean |
Iritsi da legea Mendebalde Basatira: "ez tirorik egin kanpinean" |
3 comentarios:
Ze ona zure berri izatea!
Milesker kronika eta argazkiengatik, izugarria dirudi "Great Divide" delako hori.
Aitor eta Everekin elkartzen zarenean, irekiko al duzu gainean eramaten duzun tuna lata berezi hori?
Aio eta Besarkada bat!
Iñigo
Ikaragarria Great Divide! Aurrera Bollie eta... laster arte?
Aitor eta Eve
Bahuen garaia, motel! pentsatzen hasita nengoan ez hiola haserarik emango blogari Poz handia hartu diat sarrera berria ikustean. Argazkiek argi erakusten ditek leku ederrak pasatu dituala. Ai! ze inbiria!!!! Aurrera bolie! Besarkada handi bat. Jaime
Publicar un comentario