miércoles, 4 de julio de 2012

Kanada (II)

NONDIK NORA: Kispiox valley (2012ko ekainak 19) -  Mitten Forest Service Road - Stewart/Cassiar Highway - Alaska Highway - Whitehorse (uztailak 1). GUZTIRA: 1194 km.


Whitehorse -Kanadako Yukon probintziako hiriburua- 25.000 biztanle inguruko hiri lasaia da, baita euritsua eta lainoz betea ere bertan egokitu garen egun hauetan. Oso iparraldean gaude eta esan daiteke gaurik ez duela, inguru hauetan, udako sasoiak, ez gau beltzik behinik behin. Ilunduko du pixka bat 12ak inguruan baina belztu gabe, eta handik oso ordu gutxitara argia nagusituko da berriro egunaz (gauaz, hobeto esanda).

Bidez iparralderantz jarraituz gero, eta Kanadatik irten gabe, Inuvik-era helduko zara. Inuvik Ozeano Artikoaren ondoan dago eta Zirkulu Polar Artikotik 200 km iparraldera. Oker ez banago Kanadako herririk iparraldekoena da (bai errepide bat urte guztian zabalik daukana) eta hara iristeko 1200 km inguruko bidea ibili beharko dugu Julianek eta biok Whitehorse-tik abiatzen garenean (asfaltogabeak azken 700 inguru) . Julian Suitzako txirrindularia da eta Argentinatik dator (www.crazyguyonabike.com/doc/voodoo). Orain hamar edo hamabi egun elkartu ginen Stewart Highway errepidearen hasieran eta geroztik elkarrekin gabiltza. Bederatzi hilabete darama bidean eta mutil lasaia, zentzuduna eta azkarra da. Bidaide ona eta pertsona hobea. Bera bezalakoekin gatazka eta injustizia gutxi izango genuke munduan.
Badaude hemen txirrindulari gehiago eta haiek ere aipatu nahi ditut. Asturiasko Alvaro Neil txirrindulari-malabarista-mago-pailazo ezaguna da lehena (http://www.biciclown.com/). 2005az geroztik darabil munduan barrena bere ikuskizuna eta bere bidaia. Alvaro 2006an topatu nuen Mozambiken eta zera, pedalei eman eta eman ibili eta gero -kontrako norabideetan beti- elkarren ondora ekarri gaitu munduak berriro. Espero zitekeena da. Beste kontinente batean eta atzekoz aurrera jarrita gaude, ordea, oraingoan: 2006an bera iparraldera begira zihoan eta nik hegoaldearekin egiten nuen amets; alderantziz egokitu zaizkigu bideak oraingo honetan, iparraldera noa ni eta Alaskatik hegoalderantz dator bera. Maiatzaren amaieran heldu zen Alvaro hegazkinez Alaskako Anchorage hirira eta esan didanez hozkirri samarra sumatu zuen bertako giroa. Ez da oso harrigarria kontuan hartzen bada sei ordu lehenago Hawain zegoela. “Bi ezkero baietz hiru!”, omen da esaera eta bete dadila espero dugu biok eta gainera hurrengoan norabide berean egokitu gaitzala munduak. Hitzordu bat jarrita daukagu dagoeneko: 2013an Mexikoko Guadalajara hirian afaldu nahi dugu elkarrekin.
Beste txirrindularia Che Pablo Garcia argentinarra da (http://www.pedaleandoelglobo.com/). Egun batean mundua ikusi nahi zuela erabaki eta bizikleta batera igo zen. 11 urte darama  harrezkero handik  jaitsi gabe. Ez da bidaiari arrunta, ez horixe. Arrazoi askorengatik. Esate baterako, gauza jakina da txirrindulariok jende trauskila garela, dotorezia eta aristokrazia gutxikoak eta are sos gutxiagokoak. Jauregietako alfonbrak gutxitan zapaltzen ditugu. Zeinek pasa du gure artean gau bakar bat bost izarreko hotel batean? Oso gutxik, nik uste. Eta ez gau bat baizik eta mordoxka bat, han eta hemen? Pablo Garciak bakarrik, ez dago beste inor. Beti zentimo bat ordaindu gabe, jakina (ez niri galdetu sekretua). “Egun batian pobre, beste baten jauna” ibiltzea zer den ondotxo daki berak, gure bardoak baino are hobeto, apika. Artisten patua, nonbait. Txapela kentzeko moduko bidaiaria eta persona.

Hainbeste jende tintontzian, hainbeste gertaera eta toki aipatu gabe! Horixe gertatzen zait blog honekin. Baina presaka eta arnaska bada ere beste bi lagun aurkeztu nahi dizkizuet. Bidaiak eta ipuinak gustoko dituzue? Badago norbait bi arlo horiek inork baino hobeto uztartzen eta gozatzen dituena: Granadako Salvador Rodriguez dugu artista hori, "un viajero de cuento" ezizenez, bidaiari, poeta eta ipuin kontalari puntakoa (http://www.unviajedecuento.weebly.com/). Salvak 2006ean erabaki zuen sasoia iritsia zela eta aspalditxotik buruan zerabilen narrazioari hasiera eman behar ziola. Pentsatu eta egin, luma eta bizikleta hartu eta.... "un viaje de cuento" idazteari ekin zion. Kontakizunak  Kongoko Point Noire hirira eraman zuen eta han aurkitu nuen nik 2006aren amaiera aldean. Esan behar dut lumarekin txukuna bezain zabarra dela Salva bizikletarekin. Barka bekit hain garbi eta gordin azaltzea gauzak baina halaxe da, egiak ez du hemen itzulingururik ametitzen. "Puskatu-arte-usteldu-arte-ez-da-konpondu-behar", horixe da bere mekanika-liburuan idatzita dagoen guztia. Kongon, bi gurpileko bere tresna noble haren egoera tamalgarria ikusi nuenean ia negarrari eman nion. Eta pasa den urtarrilean Mexikoko Guadalajara hirian bideak berriro elkartu gintuenean, ezin izan nien malkoei eutsi. Sei urte joanak ziren, 100.000 km baino gehiago ibiliak zituen Salvak munduko bazterretan, eta bizikleta gaixo haren piurak bihotza puskatu zidan. Ordubete inguru behar izan zuten Guadalajara en Bici taldeko lagunek (haien egoitzan nengoen ostatuta) nire negar eta zotin lazgarriak kontsolatzen eta ulertzen hasteko. Benetan, uste dut animaliekin gertatzen den bezala zigorra merezi dutela bizikletei tratu txar edo axolagabeak ematen dizkieten bihozgabeek ere. Lau aste eman genuen elkarrekin Salvak eta biok Guadalajaran eta tira, onartu behar dut ahalegintxoa egin zuela bidaiari ipuinzaleak eta bere bizikletaren ajeei (aje ugari eta larriei) kontu pixka bat egin ziela denbora hartan. Gainerako zereginek uzten zizkioten tarte libre laburretan egin zuen hori. Guadalajarako neskak maitemintzea eta bere ipuinak idazten jarraitzea izan ziren, hurrenez hurreneko garrantzian, beste zeregin horiek. Haietan bai saiatu zela gogoz eta arrakastaz.

Eta aipatu nahi dudan azken txirrindularia ez da bat baizik eta talde oso bat. Guadalajara en Bici du izena talde horrek (http://www.gdlenbici.org/) eta bera osatzen duten kideez (lagunak, honezkero) zer esan nezake? Esango dut ondo islatzen eta laburbiltzen dutela Mexikoko jendea nolakoa den. Hitz bakar bat aski da: zoragarria.

1 comentario:

Anónimo dijo...

Increible Lorenzo:
Saludos desde Bolivia, siempre estoy siguiendo tus pasos en tu blog y cada vez te conviertes en una figura que envidio pero que tuve la suerte de compartir algunos kilometros en los Yungas paceños. Te felicito y te admiro por el logro alcanzado nuevamente en esta cada vez mas corta vida.