sábado, 3 de marzo de 2012

Mexiko (II)

Quiero un viejo sofà
Un pecho donde el peso de mi cabeza
Sea el viaje
la aventura
y basta.

Gioconda Belli


Ibiltariak, abenturazaleak, oporzaleak, jende erraria, jende askea, kalekume aberatsak, robot motxiladunak, noraeza bizimodu bihurtu dutenak, zeruertzen maitaleak, ameslariak, amets-eragileak, kontentagaitzak, ipuin-kontalariak, sustraigabeak, poetak, merkatariak, ilusionistak, bakartiak, bilatzaileak ... bidaiariak.

Mauricio Arce ("Cato" ezizenez) 2002. urtean ezagutu nuen Txina hegoaldeko hiri gris batean, internet-kafe baten atarian. 30en bat urte, txikia, sendoa, arbaso azteken odolak aurpegia taxutzen zion. Bost urte zeramatzan orduan Mexikotik kanpo (nik ere beste horrenbeste etxetik urrun) eta denbora horretan Europa eta Asian barrena bazterrik bazter ibilia zen, bizikleta zahartxo baten gainean beti. Turbante baten modura bildutako zapi batek adats beltz disdiratsua estaltzen zion. Beti pentsatu dut turbante hura bandera bat zela, bizimodu-aldaketa erradikal bat adierazten zuen kanpoko ikurra. Izan ere, turbantea eta bizikleta baino lehen Cato hegazkinez bidaitzen zen, trajea eta gorbata maiz janzten zituen eta soldata polita zeukan Estatu Batuetako konpainia baten Mexikoko adarrean.

Halabeharrak elkartu gintuen eta eskerrak eman nizkion horregatik. Tibetera -Lhasara- zihoan Cato eta hara iritsi nahi nuen nik ere. Ondotxo genekien biok ez zela bide erreza aurrean genuena eta elkarrekin jarraitzeko erabakia berez etorri zen. Eta halaxe, elkarrekin, ekin genion eta burutu genuen urte guzti hauetako ibilaldirik ederrena, basatiena eta gogorrena. Harrezkeroz ezagutu izan ditut toki ederrak eta mendi garaiak munduko bazterretan baina Tibet da oraindik lehena nire gogoan, hari gaina hartu dionik ez dago. Goi haietan, mendi elurtu eta amildegi sakonen artean, txori sentitu nintzen ia egunero; hango herritxoetan, Marco Polo moderno gurpilduna; mendi-lepoetako bakardadean, gizon librea. 2002ko azaroa zen eta kristal aratza eta urdina zen Tibeteko airea; egurats gardenak distantziak ezabatzen zituen eta gure ondoraino ekarri, estepa hutsetan barrena haien kasko txuriak gerturatuz, urrutiko mendiak. Himalaiako tontorrak ziren. Hantxe zeuden, gure inguruan, espejismo bat bezain hurbil eta zehatz, eta hala zirudien, eskua luzatu eta behatz puntekin ikutu ahalko genituela izotzezko erraldoi haiek…
Ez zuen Tibeteko ekialde hark nik espero nuen lurraren antzik. Goi-lautada lehor eta zabal bat neukan nik gogoan, oztoporik gabeko geografía soil bat, eta urrutian mendi handiak. Gure inguruko natura, ordea, hori baino askoz aberatsagoa zen (1): paisaia alpinoak, basoak eta hosto horituko zuhaizti eta ibar bukolikoak eskaintzen zizkigun batzuetan; bestetan -Mekong eta Yangtze ibaiek goldatutako ildo sakonetan, kasu- menditarte arre eta guztiz soilak. Malkar ikaragarriak beti eta non-nahi.

Zeharkaldi ederra, bai, izan zen, ikaragarri ederra. Erreza ez. Igoerak luzeak eta etengabeak ziren, mendate-gainak 4.500 eta 5.000 metrokoak, bideak ikusgarriak baina gehienetan oso txarrak (http://www3.utsidan.se/corax-e/routes/zdallha.htm). Tibet lurralde debekatua ere izan zen guretzat eta horregatik iluntasunaz baliatu ginen eta gau askotan, egunsentia baino lehenagoko orduetan, lapurren modura makurtuta igaro genituen polizia txinatarraren langak, eta isilka zeharkatu hirietako kale bakartiak. Hotzaren eta gosearen eztenkada lagun izan genuen gaueroko kanpaldietan, gure ekipoa ez zen ona, ganorazko janaria aurkitzea, oso maíz, zaila... baina... ba al du horrek axolarik orain? Oroimenak ohi duen bahe-lana egin zuen aspaldi eta, geroztik, dei egiten diodanean, amets giroko gau eta egun eder sorta bat ekartzen dit gogoaren lehen planora. Hantxe daude Himalaiako paisaien gardentasuna, haizearen durundia goi-mendateetan eta koloretako otoitz-banderatxoak astinduka, etxebarru ilunetako egur eta ke usaina, azken mugetara hurbildu izanaren harridura... Lau bat aste izan ziren guztira, mila eta bostehun kilometro inguru (2). Lhasara iritsi baino lehentxoago bereizi ginen. Cato hilabete bat geroago ikusi nuen berriro Katmandun, eta 2003ko hasieran New Delin egokitu ziren gure bideak azkeneko aldiz. Geroztik elkarren berririk izan gabe joan ziren urteak. 2008an, Latinoamerikara berriro etorri nintzenean, bere bidaia luzeei amaiera eman eta Mexikora itzulia zela jakin nuen.

Guatemalatik Mexikora azaroaren 23an sartu nintzen, La Mesillako mugatik. Hiru egun geroago San Cristobal de las Casas herri zahar eta ederreko kaleetatik oinez nenbilela mutil bat ikusi nuen, halako batean, banku batean eserita. Begiak oso larrituta zituen, fantasma bat ikusi eta halakorik sinestu nahi ez duenaren harridura erabatekoarekin; besoa eta hatz erakuslea nire aldera luzatzen zituen. Mutil harengana gehiago hurbildu eta totelka ari zela ohartu nintzen, hitz eten batzuk errepikatzen zituen behin eta berriro: "ez...da...posible", "ez...da...posible". Turbante baten modura antolatutako zapi batek ilea estaltzen zion. Halaxe elkartu zituen halabehar hutsak, bederatzi urte geroago eta bigarren aldiz, bidaide zaharrak. Halaxe topatu nintzen berriro Cato mexikarrarekin, orain dela aste gutxi, Chiapas estatuko San Cristobal de las Casas hiri ederrean. (http://moradasverdes.weebly.com/cato.html) (3)


(1) Txinako Yunnan probintziako Dali hiritik Lhasara doan tarteaz ari naiz.

(2) Dalitik Lhasarako tartea. Lasatik Kodarira –Nepaleko mugara- bakarrik joan nintzen eta ondo oroitzen banaiz beste bi asteko bidea-edo izan zen. Oso ederra hura ere, batez ere Everest parke nazionalean barrena egindako ibilia.

(3) Hona hemen dokumental bat: http://www.asiemut.com/. Aitor Galdos-en bloga ere oso interesgarria da, merezi du ikustaldi bat: http://chinese-dream.blogspot.ca/


Mazatlan (Mexiko). 2012ko martxoak 3





No hay comentarios: