domingo, 28 de septiembre de 2008
Uganda. Pasadizo txikiak.
" Mzungu hitzak pertsona txuria esan nahi du Kiswahilieraz eta Europako lehen esploratzaileak Ekialdeko Afrikara heldu ziren garaian hasi zen erabiltzen. Kiswahilierazko Kuzunguka aditzetik dator: batetik bestera helbururik gabe ibili, eroen gisara".
(Africa Lonelyplanet gidaliburutik)
2005eko azaroak 9, Jinja - Kampala (Uganda), 89 km.
Jinjak hiri atsegin eta lasai baten itxura du. Iragan koloniala igartzen zaio, akaso. Solairu bakarreko edo bi solairuko etxe eta eraikin gehienak arkupez hornituta daude eta pasabide itzaltsu horiek kaleak edertzen dituzte eta errazten, aldi berean, -bero handiko orduetan, bereziki- beraietan barrena ibiltzea.
Jinja Victoria aintzira handiaren ertzean dago eta han ekiten dio bere bidaiari, han du bere sorburua, munduko ibairik luzeenak: Nilo ibaiak. Nilo ibaiaren ibilbidea zeharka jarraitu dut azken hilabeteotan, harekin egokituz eta harengandik urrunduz aldizka. Kairo hirian topatu nuen aurrenekoz baina enkontru laburra izan zen hura. Egiptoko mendebaldeko desertuek bereizi gintuzten laster eta Aksum-en bat egin zuten gure bideek berriro. Nasser izenaz urtegi erraldoi bihurtu zenean Nilo ibaiaren urak nabigatu nituen Sudan-eko iparralderaino. Nubia urrunaren lurralde mortuak bere ildo urdin-berdeari jarraituz zeharkatu nituen eta, Nilo Txuriak eta Urdinak bat egiten duten tokian -Sudaneko hiriburuan, Khartum-en- bere ertzetako freskurak goxatu zituen han akanpatuta pasatako gauak. Haren arrastoa galdu nuen gero Etiopian eta Kenyan (Etiopian dago Nilo Urdinaren sorburua baina ez nintzen hara gerturatu) eta orain, ia ustekabean, ibai handiaren jatorrira heldu naiz, hiri honetan, Jinjan. Azken agurra ote da?
Jinjatik goizean goiz abiatu naiz Kampalara arratsa baino lehen iristeko asmoz. Ez da izan oso egun atsegina. Errepide nagusitik etorri naiz eta zirkulazio biziak, batetik, eta bideko aldapa gora eta behera labur ugariek, bestetik, nahikoa gogaitu eta nekatu naute.
Kampalara hurbildu ahala biziagotu egin dira trafikoaren emana eta errepide inguruko mugimendua eta zalaparta. Kampala inguratzen duten herriak edo auzoak bide dira orain igarotzen ditudan hauek eta, beti bezala, bizitza kalean dago, bizitza kalean gauzatzen da eta kalea da, arratsaldeko lehen ordu hauetan, bizitza horren kemenak biltzen, nahasten eta bor-bor egosten diren lapiko bero eta zaratatsua. Bizikletek, motozikletek, autoek eta kamioiek, batetik bestera dabiltzan edo egonean dauden bizilagunek, bere merkantziak eskaintzen dituzten saltzaileek, bozinen hotsak, keak, hautsak eta beste hamaika builak eta mugimenduk inguratzen naute. Egun guztian zehar bezala "Jambo Mzungu!", How are you Mzungu?", "Hello Mzungu!", egiten didate agur, ia etengabean, batzuek eta besteek. Izerditan noa astiro aurrera, irentsita, ia urtuta, zurrunbilo erosko honen barnean.
Anabasa honetatik lehenbailehen irten eta camping edo hotel lasai batera iritsi nahi nuke, eta dutxa hotz baten azpian atseden hartu. Halaxe da, egun luzea izan da gaurkoa eta kale zati hau nire azken indar apurrak birrintzen ari da.
Aurrera noa arretaz, bazterretatik datozen "Mzungu!" deiei jaramonik egin gabe orain, eta nire aurreko errepide zati beteari bezainbeste atzeko ispiluari erreparatzen diot, begiratu azkarren bitartez. Bizkarra ere zaindu beharra baitago.
Halako batean, soinu berri bat gehitu eta nagusitu zaio kaleko zalapartari. Sirena hotsak aditu dira eta handik gutxira soldaduak dakartzan jeep bat ikusi dut nire aurrean. Errepidearen erditik dator eta soldaduek keinuak egiten dituzte eskuekin alboratu gaitezen aginduz. Jeepak ez du sabairik eta ametrailadora bat darama aurrealdean. Soldaduek fusilak dauzkate eskuetan eta kamuflajeko uniformeez gain kaskoak eta garai bateko abiadoreen gisako betaurrekoak janzten dituzte. Eserita doaz elkarri bizkarra eman eta bi lerro osatuz.
Zerbait gertatu da orduan. Baztertu ez ezik gelditu ere egin dira tupustean ibilgailu guztiak. Gelditu egin da nire aurrean bizikletaz dabilen gizona. Etenik da bat-batean oinezkoen joan-etorria. Isildu dira saltzaileen bozak. Ezer ere ez da mugitzen, isilik dago kalea, izoztuta. Jelatua dirudi, kolpetik, bere borborrak. Sirena hotsa baino ez dabil airean.
Lehen jeepari beste bat jarraitu zaio. Bazoka itxurako kainoi txiki bat dauka honek aurrealdean, soldaduak modu berdinean jantziak eta antolatuak daude. Eta haren ondoren, orain hutsik dagoen bidearen erdi-erditik, bizpahiru todoterreno beltz datoz abiadan. Kristal beltz erdi irekien bestaldean traje ilunez jantzitako gizon batzuen irudia datorkit begietara, doi-doi, istant batez. Ondotik jeep eta soldadu gehiago.
Azken jeepa igaro bezain laster (minutu bat pasa ote da?) abian jarri dira gelditutako ibilgailuak, abian jendea eta kaleko mugimendua, lehengora bueltatu dira bozina hotsak eta gainerako zalapartak, bere onera etorri da izoztutako kalea, apurtu da sorginkeria eta, ezer gertatu ez balitz bezala, anabasaren erdian nago ni berriz ere.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Hori baino lehenago, artean Kampalatik urrutitxo nengoela, errepideak zeharkatzen dituen herrietako batean gelditzeko keinua egin didate trafiko-polizia bik. "Aspertuta egongo dira eta Mzungu bat, bizikletaz eta modu honetan zamatuta gainera, ez da izango eguneroko kontua" pentsatu dut. Nire susmoa zuzena zen. Astiro hurbildu eta adeitasunez ni agurtu ondoren galdezka hasi zaizkit, jakinminez. "Jinjatik zatoz beraz,... zer ordutan abiatu zara handik?". Harri eta zur begiratzen didate, niri eta bizikletari. "Bizikletaz bide guztia? Ibilgailurik ez duzu hartzen?". Bizikleta dela nire ibilgailua erantzun diet. "Ez al zara nekatzen?....Nola iritsi zinen Jinjara?" Orduan Kenyatik natorrela esaten diet, eta lehenago Etiopiatik, eta Sudanetik lehenago... Afrika alderik alde igaro nahi dudala alegia, Hegoafrikara noala. Pentsakor luzatu dute hurrengo galdera: "Noiztik zaude Afrikan?" "Sei bat hilabete izango dira orain...", nik. Isilik daude, harridura baino ez dute adierazten bere aurpegiek, harridura eta ezinulertua. Eta nik aurpegi horietan irakur dezaket sakoneko galdera, itaunketaren azken muturra, ni emateko gauza ez naizen arrazoia. "Bai... baina zergatik?". Hauxe da hitzik gabe egiten didaten galdera, askotan egiten didaten galdera, galdera nagusia. "Kazetaria zara orduan, edo liburu bat idatzi nahi duzu...", ekin diote.
[Zergatik?. Nola erantzun galdera horri?. Nire baitan ere ez dut aurkitzen arrazoi garbirik... Esan nezake intuizio bati jarraitzen diodala, aurrera joateko esaten didan intuizio bati, eta fedea diodala. Esan nezake zergati berorren atzetik nabilela neu ere edo, bestela, misterioek indar handia dutela eta halako batek naramala. Esan nezake, eta esaten dut maiz, Afrika ezagutzeko gogoak ekarri nauela hona, baina iruditzen zait egiaren puska txiki bat baino ez dudala ematen horrela. Esan nezake hegan egiteko jaioak garela (hala diote zenbaitek), eta nik halako azainarik behin ere lortu ez dudan arren -aitzitik, lurretik arrastaka, indarka eta arnaska nabil gehien-gehienetan, bat ere altura eta loriarik gabe- , batzuetan oso sentipen bitxia izaten dudala (oso noizbehinka, lau edo bost hilabetetik behin, gehienez), bizikleta eta guzti lurretik zentimetro edo zentimetro eta erdi aireratuko banintz bezala-edo, eta goraldi txiki horrek nahikoa pozten nauela eta aurrera joateko indarrak ematen ere. Esan nezake edertasuna dela gu guztion bilaketaren helburua (hala diote zenbaitek) eta nik andere liluragarri hori ez dudala sekula aurrez-aurre ikusi (ala bai? "A veces en un rostro, un paisaje, una calle, su sol de pronto resplandece..."), bere gordelekuaren berri ez dakidala mila tokitan galdetu eta mila bazter miatu ditudan arren, eta, hala ere, batzuetan (oso noizbehinka, hau ere) dardar doi bat sumatzen dudala airean, nire aldamenean, eta aski zaidala hori. Esan nezake bilaketaren tentsioak ematen diola zentzua bideari. Esan nezake utopiara daraman bide bihurria elkarrekin ibili beharko dugula, baina baita bakarka ere ezinbestez, inora iritsiko bagara, hau ere esan nezake uste osoarekin. Esan nezake egunero egiten dudala topo eta estrapozo justizia hitzaren esanahiarekin (buruhausteak ematen dizkidala,alegia). Esan nezake bizikleta gogorra, oso gogorra izan daitekeela batzutan, baina ume-jolas bat ere badela bestetan eta gustoko dudala munduaren jira-bira bere bi gurpilen azpian sentitzea. Esan nezake oso gogoko ditudala hemengo argia, eta goizek eta gauek duten epeltasuna, hasia naizela Afrika maitatzen, ederra eta amultsua dela, merezi zuela hona etortzea. Esan nezake maite ditudala nekea eta bere saria den atsedena. Eta atsegin zaidala bideko bakardadea eta are atseginago bakardade horren ondorengo konpainia. Isiltzen ditudanak ere esan nitzake, agian...]
"... ez, ez naiz kazetaria...", isilune labur baten ondotik etorri da nire erantzuna.
Poliziak ohartu bide dira, honezkero, nik ez dudala balio Mzungu ibiltarien misterioa argitzeko. Eta agian dezepzionatuta nire mozdadearekin eta ganorazko erantzun bat emateko ezinarekin, solasaldia amaitzea erabaki dute. Edo agian gizabide onaren legeak agindu die (holakoxea da hemengo jendea) niri enbarazu gehiago ez egiteko. Edo bere zereginetara bueltatu beharra daukate.
"Beraz, bidaiatzen zabiltza, besterik gabe... OK. Good Bye. Have a safe journey", egin didate agur. "The same to you. Have a nice day", erantzun diet nik. Eta aurrera jarraitu dut, Kampalarantz.
Etiquetas:
Bigarren Bidaia - Segundo Viaje (2004-2007)
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario