Norvegia
2004ko abuztuaren erdialdean iritsi nintzen Iparraldeko Lurmuturrera, Oslotik
abiatu eta hiru bat aste geroago. Norvegiak dezepzionatu egin ninduen. Ez hango
fiordoen edertasuna, hain goraipatua, nik espero nuen adinakoa izan ez zelako;
ez hango lurrek –ipar muturrekoek bereziki- hain gogoko dudan urruntasun eta
bakardade giroa eskeini ez zidatelako. Dezepzioa beste mota batekoa izan zen, eta,
neurri handi batean, nire erruz etorri zen: idealizatuegiak nituen iparralde
urruneko biztanleak. Idealizazio horren arabera lur apartatu haietan bizi ziren
gizakiak jende jakintsua ziren, buruargia, lasaia eta sakona. Ez bakarrik bere
aberastasuna gizarte eredu jaso baten alde jarri zutenak –kapitalismotik
abiatuta sozialismoa eraiki zutela irakurri nuen aspaldi batean nonbait- baizik
eta adituak lorpen horietatik harago dagoen jakintza zail batean ere. Punpeziaz
esanda, beharbada : zoriontasunaren ehun mehea iruten duten sekretuetan.
Errealitatea askoz apalagoa izan zen, noski, eta ustelak gertatu ziren nire
hasierako uste inuzente samar haiek. Hasierako mirespenari ustekabea jarraitu
zitzaion lehendabizi, eta honen lekua dezepzioak hartu zuen gero.
Ez bainuen espero Norvegia lurralde arrunta
izatea, hezur eta haragizko gizon-emakumez osatua, alegia (jakintsuak eta buruargiak
batzuk, baldarrak eta kamutsak besteak, munduaren jiran ohi den bezala). Eta ez
nituen espero inondik ere –honek harritu eta asaldatu ninduen gehiena,
ustekabea eta dezepzioa haserre bihurtzeraino- bere estatus ekonomiko
pribilejiatuaren kariaz hala-holako disimuluz harropuzten zirenen komentario
baldresak. Norvegia lurralde hotza izan zen niretzat eta han sentitu nuen hoztasunari
laineza kutsu bat antzeman nion behin baino gehiagotan (“Noruegarrok oso
abertzaleak gara”, esan zidaten Annek eta Erlingek Osloko bere etxean, eta,
nahiz eta orduan garrantzi handirik eman ez, gerora askotan oroitu nintzen
ateraldi hartaz, batez ere gu oso
bereziak gara delako jarrerarekin egokitu nintzen aldietan).
Dena ez zen izan hain negatiboa, jakina, baina azkenean irudi negatibo hori
gailendu eta finkatu da nire oroimenean eta, zeinek daki, seguruena oreka
handirik gabe finkatu, ideal baten zapuzteak maiz ekarri ohi duen alderantzizko
indarrarekin. Desengainuak holako mendekuen zale izaten dira.
Hegoafrika
Bidaiari bati irakurri nion behin – ni bezala Afrikako ekialdean bizikletaz
ibilitako bati – Hegoafrika ez zitzaiola gustatu, errepideak onak baina oso
trafiko bizikoak zirela, autoz beteak, eta, oro har, hura ez zela egiazko
Afrika, antz haundiagoa zeukala lehen munduko herrialde garatuekin. Alde batera
utz dezagun egiazko labankor,
nahasgarri eta tranpati hori. Hegoafrika egiazko Afrika da, jakina, eta
kontinenteak han hartzen duen molde berezia Tanzaniakoa edo Tunezekoa bezain
afrikarra eta jatorra da, nahiz eta exotismo bila bakarrik dabilenarentzat ez
izan beti –beharbada- hain deigarria.
Lehen munduko herrialde garatuekin antza izateak, bestalde, ez dirudi akatstzat
hartu daitekeenik, besterik gabe. Ez, behintzat, gogoan hartzen badugu lehen
mundu horretako zenbat ONG, talde eta pertsona –kolore guztietakoak- ari diren,
jo eta su, gure garapenaren abantaila batzuk han txertatu nahian (arrakasta
gutxirekin,antza).
Askotan esan da munduan gaur egun jaun eta jabe den ereduak – etengabeko
hazkundean eta egoismo ekonomikoan oinarritutako ereduak- ez duela bakarrik
aberastasun eta ongizate materiala sortzen, harekin batera pobrezia, bazterketa
eta indarkeria ere zabalzen dituela. Afrikako toki gutxitan dira bi emaitza
horiek Hegoafrikan bezain agerikoak. Kolonialismoak eta apartheidak
muturreraino eraman zuten zatiketa ekonomiko-sozialak oparo dirau oraindik ere,
nahiz eta, diotenez, egoera hori aldatzeko ahaleginetan ari diren
hegoafrikarrak 1994az geroztik. Baina hor daude oraindik orain bi munduak
kontraste nabarmenean: mundu diruduna, dotorea eta arrakastatsua, eta langabeziaren, pobreziaren eta aukerarik ezaren
mundua. Zatiketa horren lerro nagusia, gainera, arrazarenarekin bat dator oso
maiz, apartheidaren garaietan bezala. Maiz baina ez beti: gero eta gehiago omen
dira beltz eta mestizo aberatsak edo klase ertainekoak eta, bestalde, Afrikan
izan naizen denbora guztian han bakarrik ikusi ditut, gutxitan izan bada ere,
eskale zuriak kaleetan.
Hegoafrikako lurretan batetik bestera ibili nintzen bi hilabeteetan,
hegoafrikar zuriekin erlazionatu nintzen gehien bat, eta gutxitan izan nuen
harremanik –izen hori merezi zuenik- hango populazioaren gehiengoarekin,
populazio beltzarekin alegia. Ni ordurarte ibilitako beste herrialde afrikarren
aldean Hegoafrika berezia izan zen oso, alde horretatik. Hala iruditu zitzaidan,
Ortzadarraren Nazioa osatzen duten
koloreen artean –zuriaren eta beltzaren artean bereziki- hesi altu bat dagoela
(hango dirudunen etxe dotoreak babesten dituzten hesiak bezain altua eta
gotorra, agian) eta urruntasuna, mesfidantza, edota etsaitasuna, handiak direla
oraindik bi komunitateen artean. Beharbada Hegoafrika berriak duen erronka
garrantzitsuenetako eta zailenetako bat hesi horri dagokiona da.
Baina ez nien nik holako gaiei heldu nahi. Esan nahi nuen, lehenik eta behin,
Hegoafrika niri, bai, asko gustatu zitzaidala, eta oso oroimen onak utzi
dizkidatela hango lurrek eta jendeek. Oso herrialde polita eta interesgarria
deritzot. Errepide onak aurkitu nituen –eta ez dut bat ere kexurik horretaz-
baina baita lasai askoak ere, eta espazio zabalen zalea naizen aldetik
herriaren erdian kokatzen den goi-lautada oso atsegin izan nuen, bereziki Karoo
izenaz ezagutzen den eskualdea.
Hegoafrikan egindako ibiliaren zertzelada batzuk emango ditut jarraian, eta, horretarako,
nire egunerokoaz baliatuko naiz, beste batzuetan bezala. Handik hartutako
pasarteak trankribatuko ditut hemen.
2006ko maiatzak 15, Hofmeyr, 82’9
km
Hofmeyr herri txikia da. Bidegurutze batean dago eta oasi bat ematen du,
inguruko lurralde bakarti eta hutsetatik ernetzen den oasi xume baina atsegin
bat. “Hemen ez da ezer gertatzen, oso leku lasaia da” -esan dit gizon batek
eraikin polit baten portxetik. Etxe politak baitaude Hofmeyr-en, antigoalekoak,
zurez egindakoak eta barandekin. Ez oso urrun, ordea, auzo afrikarrak erlauntza
baten tankera du: etxe txikiak eta berdinak iladaz ilada, adreilua eta uralita
lerroz lerro. “Abeltzaintza estentsiboa egiten da inguruko abeletxeetan –azaldu
dit portxeko gizonak- Herriko gazte gehienak lanik gabe daude. Zaharrek pentsio
bat jasotzen dute eta familiek diru-laguntza bat 14 urtetik beherako seme-alaba
bakoitzeko. Horri esker bizi da jende gehiena”
2006ko maiatzak 16, Denmark etxaldea (Post Chalmers ondoan), 58’7
km
Errepide bakarti eta lurralde are bakartiago hauek asetu egin naute gaur. Alde
gutxi dago egun batetik bestera, keinu berdinak errepikatzen ditut egunero,
goizetik gauera: denda jarri, denda jaso, bideari lotu, eremu hutsak zeharkatu,
geldiune bat egin… Egunak aurrera doaz baina geldirik nagoela ematen du, lur
hauek zinez amaiezinak balira bezala, haien monotonia infinituan betirako
harrapaturik banengo bezala, betirako jiraka… Non ote dago kostaldea? Non Cape Town?
Denmark etxaldeko lorategian nago
kanpatuta. Radio Exterior de España entzuten ari nintzen lehentxoago,
Un pais solidario edo antzeko izena
duen irratsaioa. Afrikaz ari ziren eta norbaitek esaten zuen kanpoko laguntza
egokia eta beharrezkoa dela larrialdiko egoeretan bakarrik (goseteak,
natur-hondamendiak…) baina egoera horietatik kanpo kalterako ere izan
daitekeela, erantzunkizunik eza eta ustelkeria sustatzen dituelako. Programa
berean, atzo edo herenegun, Sahara azpiko herrialde musulman batean
kooperazio-proiektu bat bultzatzen ari ziren bi lagun elkarrizketatu zituzten.
Honela zioen, gutxigorabehera, haietako batek: ”Joan ginen hango herri hartara,
eta konturatu ginen neskek eta mutilek komuna berak erabiltzen zituztela
eskolan. Baina nerabezaroaren garaian hori problema bat zen neskentzat,
kulturak eta erlijioak galerazi egiten zietelako horrela jarraitzea, eta
,ondorioz, neska askok eskolara joateari uzten zioten adin horretan. Eta
erabaki genuen komuna bereiziak eraikitzea…".
Etiopiako aldizkari batean irakurritakoa gogoratu
zait: "Kolonialismoaren eta esplotazioaren objektu ginen lehen,
laguntzaren objektu gara orain… beti objektu, beti ezgai, beti elbarri...
zapalkuntza ala paternalismoa".
2006ko maiatzak 17, Dwarsvlei
etxaldea (Country Road Bed and Breakfast), Graaf Reinet, 69’6 km
Zeru ilun geldiak, lurra bera bezain ilunak, geldiak eta eskergak. Iluna baita
denborarik ez duen lur amaigabe hau. Zirrikiturik ez zeru lainotuan. Langarra
ari du. Hotz egiten du. Xira eta euritako prakak jantzita eragiten diet
pedalei, eta, aurreneko aldiz Afrikan nagoenetik, eskularruak jantzi ditut.
Arratsaldean iritsi naiz etxalde honetara. Ardiak eta alpakak dabiltza inguruko
larreetan, eta han kanpatzeko baimena eskatu dut. Mariusek, etxeko gizonak,
etxe barrura sarrarazi eta kanpatzeko beharrik ez dagoela adierazi dit, Bed and
Breakfast ere eskaintzen dutela haiek. Polita da etxea barrutik ere, handia eta
goxoa, antigoaleko altzariekin. Sabaiak eta zoruak egurrezkoak ditu. Logelak
erakutsi dizkit Mariusek baina nik ezetz esaten nion, nahiago nuela kanpoan,
nahiago nuela kanpatu. “Zergatik? Bizimodu diferentea eraman nahi duzulako,
kosta ahala kosta?" -galdetu dit azkenik. Ez zuen, nonbait, nire tema
ulertzen. Orduan garbi esan diot nire aurrekontua ez dela holako gela bat
ordaintzeko adinakoa. ”Hori ez da inondik inora problema bat” –erantzun dit- “hala bada ez duzu deusik ordaindu behar”. Eta
gela dotorea eta afaria ere eskaini dizkit hutsaren truke. Sallyk, Mariusekin
etxean dagoen neskak, esan dit behin Espainian ibili zela oporretan eta Iruña
ere bisitatu zuela.
2006ko maiatzak 18, Nieu Bethesda,
31’3 km
Gaur goizean Marius eta Sallyri agur esan eta zeru grisen azpian abiatu naiz.
Asfaltatu gabeko errepideak mendietan gora egin du 1700 metro ingururaino. Gero
mendi eta muinoen artetik joan da, paraje bakartiak zeharkatuz, Nieu
Bethesda-raino. Sahats horituek eta udazken beteko giro malenkoniatsuak eman
didate han ongi etorria.
2006ko maiatzak 23, Beervlei etxaldea,
86’1 km
Gaur, bidean, hegoafrikar zuriek etxaldeetan egiten didaten harrera ezin
hobeari buruz pentsatzen nuen. Toki gutxitan egin izan didate halako abegi ona,
lehen momentuko ustekabea eta errezeloak gainditu orduko, ateak zeharo
zabaltzen dizkidate. Europan ibili nintzenean ez zeukan hango giroak
zerikusirik hemengoarekin. ”Zurien arteko elkartasuna handia da hemen,
gutxiengo bat dira” -esan zidan Nieu Bethesdan, horretaz ari ginela, Frantziako
turista-bikote batek. Eta, bai, uste dut gako bat hor egon daitekeela: zuria
izateak taldeko egiten nau, kide. Beste toki batzuetan kidetasuna iritzi
politikoek, hizkuntzak edo futbol-taldeek erabakiko dute. Baina hemen, neurri
handi batean, azalaren kolorea da elementu identifikatzailea. Beste arrazoi bat
ere aipatu zuten frantsesek, mugako espiritua,
eremu arriskutsuak zeharkatuz lur berrien bila abiatzen ziren kolonoen espiritua,
alegia. Inguru arrotz edo etsai batean irauteko elkartasuna ezinbestekoa zen,
talde-izaera indartu egiten zen. Zeinahi dela azalpena ez dio hark balio
amiñirik kentzen hemengoen jarrerari.
Gaur berriro gertatu da. Aberdeen-eko turismo bulegoko bi andre adintsuek
ahaleginak eta bi egin dituzte nire bidean zeuden etxaldeekin kontaktatzeko,
gaua pasatzeko tokia niri ziurtatzeko. Etxalde honetakoekin hitz egitea lortu
dute azkenik, ni nor nintzen azaldu diete, eta haiek baietza eman. Iritsi
naizenean, ilundu baino lehentxoago, nire zain zeuden.
Afaldu aurretik, sutondoaren aurrean eserita telebista ikusten ari ginela,
andre beltz bat azaldu da pantailan. Etxeko gizonak –baserritar handi, jator,
lasai batek- atentzioa eman didan zerbait esan du orduan, naturaltasun handiz:
“Bera da gure nekazaritzako ministroa”. Geroxeago Mbeki presidentea ere
erakutsi dute kamerek eta nigana eginez, ”Bera da gure presidentea” -berresan
du. Gure horiek egin zaizkit
deigarriak, ezohizkoak, zubi bat zirelako agian. Aurreneko aldiz ikusi ditut
Hegoafrikako beltzak aginte- posizio batean, eta haien herrikide zuriak posizio
nagusi hori lasaitasunez aitortzen eta onartzen.
Baserritar zurien aurka eraso asko gertatzen ari direla esan didate afaldu
bitartean. Astean hiru hiltzen dituztela, horixe dela estatistika. Baina ez
inguru hauetan, inguru hauek lasaiagoak direla.
2006ko maiatzak 24, Uniondale, 104’9
km
“Gu ez gara baserritar aberatsak baina hau zure etxea da” -esan dit Attiek bere
etxaldeko sarreran. Pista bakarti batetik iritsi gara hona, ia ilunduta
zegoela. Gertueneko etxaldea eta bizilagunak 5 kilometrora daude. Bere
emaztearekin eta seme gaztearekin bizi da Attie eta jatorra iruditu zait, gizon
garbia eta kemenez betea, ni haren etxean egoteaz pozik zirudiena. Itxura
batera, ostrukak dira etxaldeko azienda nagusia. ”Ostrukaren larrua oso
estimatua da eta haragia jan egiten da” -azaldu dit. Beti bezala harritu egin
da Afrika guztia bat ere arazorik gabe igaro dudala jakitean. Bera Angolako gerran
ibili zen: ”Basatia da hango jendea, nik ez nioke neure semeari zurea bezalako
bidaia bat egiten utziko”.
2006ko maiatzak 25, George, 99 km
Laino arrastorik ez gaur zeruan, eguzkia eta urdina jaun eta jabe. Herold-era
sartu eta George-ra doan errepide zaharra, asfaltogabea, hartu dut. Oso bide
estua eta polita: mendi inguru lasaiak, kareharrizko harkaitzak eta malda leun
berdeak. Montagu Pass-eko gailurrera iritsi eta itsasoa ikusi dut handik, Amanda’s grave zioen plakaren ondotik:
itsasoaren urdina urrutian, mendien arteko zintzurraren amaieran.
2006ko maiatzak 26, Great Brak
River, 32 km
Lehengo batean, Mozambiken inbertitzearen abantailak deskribatzen zituen
txosten batean, reversed racism (“alderantzizko
arrazismoa”) esamoldearekin topatu nintzen. Mozambiken ez omen dago halakorik
eta Hegoafrikan bai. Bitxia esamoldea, eta bitxia eta ironikoa hegoafrikar
zuriak orain horretaz kexu izatea (hegoafrikar zuriei zuzendutako txostena zen
eta estilo agresiboarekin zegoen idatzia, hizkera matxista ere tartean zela).
Ez dago halakorik, jakina. Arrazakeria instituzionalizatuaren erregimena amaitu
egin zen eta zurien eskubideak ez dira hargatik murriztu Hegoafrikan. Gainontzeko
hegoafrikarrenak aitortu dira, besterik ez. Eta, gainera, zuriek bere posizio
ekonomiko pribilegiatuari eutsi diote. Orduan zer da alderantzizko arrazakeria hori?. Izango da, bururatzen zait,
Hegofrikako beltz askok bere herrikide zurienganako sentitzen bide duten
sinpatia gutxia, estimu eskasa, eta herri honetan oraindik sumatzen den
tentsioa. Baina hori ez da hain harrigarria. Arrazakeria egon badago oraindik,
baina hura sustatu zutenen aldera begiratu behar da berriro ere. Apartheida
hila egon daiteke baina ez haren oinarri izan ziren pentsamolde eta jarrera
asko. Horren adibide, bart, George-ko backpackerrean edanda
zegoen mutil hark garrasi batean esaten zituenak: “This country is fucked up
since the niggers took power!! I am a real Dutchman!!” (Herri hau kakaztuta
dago beltzek boterea hartu zutenetik!! Ni benetako holandarra naiz!!). Edo era
zuhurragoan esanda han eta hemen entzuten ditudan gisa bereko komentario
ugariak.
2006ko maiatzak 28, Albertinia, 64’9
km
Gaur abiatu baino lehenago, gosaldu bitartean, esan dit Marinak: ”Beldurrez
bizi gara. Lehen ez zen horrela baina beltzen beldur bizi
gara orain, krimenaren beldur. Problema handia da, hirietan batik-bat. Ez gu
bakarrik, beltz asko ere bere arraza berekoen beldur dira, krimenak ez baitu
azalaren kolorerik bereizten…”
2006ko maiatzak 29, Heidelberg, 78’5
km
“Afrikan tristeziak eta zorigaitzak daude baina baita umorea, dibertsioa eta
amaiera zoriontsuak ere” (Afrikako kazetariek munduko komunikabideei egindako
deia, kontinentearen irudi positiboa ere aintzat har dezaten)
2006ko maiatzak 30, Potterberg etxaldea,
59’6 km
Etxeko senar-emazteekin afaldu bitartean krimenaren gaia atera da berriro: ”Oso
krimen bortitza da, ez bakarrik lapurreta, etxekoak hil ere egiten
dituzte" -esaten zuen emakumeak, andre gazte batek- “garai zaharretan ez
zen halakorik gertatzen. Ez dakit… apartheidaren azken urteetan gazte beltzak
legerik gabeko giro batean hazi ziren, eskolak errez eta autoritateari aurka
eginez. Gazte haiek gaurko helduak dira, izugarrikeria horiek egiten
dituztenak…”
2006ko ekainak 1, Napier, 81 km
Bidaiaren bederatzigarren urtemuga betetzen den egun honetan iritsi naiz
Afrikako punturik hegoaldekoenera, Agulhas Lurmuturrera. 101.000 km markatzen
ditu bizikletako kontagailuak. Oroitarri txiki batek aditzera ematen duenez,
hemen elkartzen dira Ozeano Atlantikoa eta Indiakoa. Haiei begira Alemaniako
bikote bat eta ni gaude. Ez oso urrun itsasargi bat dago, eta Afrikako herririk
hegoaldekoena, L’Agulhas, orain hutsik dauden opor-etxez eta txalet txukunez
osatutako ghost town bat. Haizea
atera du eta apar txuriko uhin txikitan banatzen da itsasoaren gain iluna.
2006ko ekainak 3, Gordon’s Bay
baino 12 km lehenago, 80’8 km
False Bay badiaren ertzean kanpatuta nago. Nire aurrean, badiaz bestalde,
Esperantza Oneko Lurmuturreko itsasargiak jira egiten du ilunpean.
2006ko ekainak 4, Muizenberg, 83’9
km
"Ez dut politikan sartu nahi baina Strandetik aurrera ez zaizu komeni
kostaldeko errepidea hartzea Muizenbergera joateko". Napier-en gaua pasa
nuen etxeko gizonak hitz egin zidan horrela, bi egun lehenago.
Strand-en nago eta, hitz haiek gogoan, nire ondoan gelditu den autoko gidariari
-50 urte inguruko gizon zuri bat- biderik egokiena zein den galdetu diot:
"Nik ez nizuke gomendatuko kostaldeko bidea, it is..., it is...". "It is no safe" -lagundu diot nik.
"Yes, it isn’t safe" -onartu du berak. Aurreragoko gasolindegian
garbiago hitz egin didate, hinki-hankarik gabe: "Hortik beltzen auzuneak
zeharkatuko dituzu. Ez da segurua, txirrindulari bati eraso egin
zioten lehengo batean..." Amore eman dut, aireportuko errepidea hartuko
dut, Lurmutur Hirira sartzen den bide nagusia, alegia. Eta hiri barrutik
Esperantza Oneko Lurmuturrerantz egingo dut gero.
Esperantza Oneko Lurmuturra... Izen horrek gidatu du nire bidea azken bi
urteotan, Norvegiako puntatik -Iparraldeko Lurmuturretik- abiatu nintzen egunaz
geroztik. Bitarte honetan bera izan dut norabide-erakusle, helburu eta dei. Eta
orain, hain gertu nagoen honetan, presa dut, honainoko bide guztian sentitu ez
dudan presa... Igande goiz eguzkitsua da.
Kostaldeko errepideari sahiets emanda N2
autobidean barrena noa hirirantz. Somerset West Malletik aurrera txabola-auzoak
hasi dira agertzen bidearen ezkerraldean. Txabola miserableak elkarren segidan,
kartoi, egur, uralita, plastiko... edozein kondarrez egindako bizitoki
ziztrinak, bata bestearen albo-alboan, ia gainean, modu itogarrian eraikiak.
Zementuzko hesi batek bereizten ditu ni noan errepidetik, zeinek, bai
itxuragatik bai bideratzen duen trafikoagatik Europa aberatseko edozein hiri
sarbidetan nagoela pentsaraz lezakeen -haren lau lerroetan abiadura handian
dabiltzan autoen kopuruari zein modeloei erreparatzea baino ez dago-. Hesia
igaro eta haur beltzek tarteko belardi zikinean jolasten dute, edo komun gisara
erabiltzen. Haien aurretik igarotzen naizenean dirua eskatzen didate, keinu
gogorrez batzuetan. Ahuntz taldetxo batzuk bazterretan bazkatzen dira. Gelditu
egin naiz istant batez. Zubi batean nago eta gain txiki honetatik so egiten
diot errepidearen luzera guztian, eta handik itsasalderantz, etenik gabe hedatzen
den txabolategiari: "Lurmutu Hiriari lehen argazkia egin niezaioke
hemendik" -pentsatu dut. Baina aurrera jarraitu dut Praktica zaharra
zorrotik atera gabe. Ez dakit zenbat kilometro iraun duen oraindik ikuskizun
latzak, asko dudarik gabe. Saiatu naiz bitartean, errepasatu dut Egiptotik hona
egindako ibilia, baina ezin izan dut gogoratu halako auzotegi txiro,
itxaropengabe, zarpailik, beste inon.
Lurmutur Hiria
Herririk
herri ibili eta bat etorriko zara gurekin: Lurmutur Hiria munduan den hiririk ederrenetakoa
da. Lasaia eta atsegina, hiri honek ezeztatuko ditu Afrikari buruz izan
ditzakezun estereotipoak. Lurmutur Hiria Europako hiri puntakoenen pareko da:
kaleko kafetegiak eta azokak ugari dira eta arkitektura liluragarria. Gailur
zapala eta pareta ia bertikalak dituen Table Mountain mendiaren oinean kokatua,
eta txangoz, mahastiz eta hondartzaz inguratua, Lurmutur Hiria Western Cape
probintziako hiriburua da eta Hegoafrikako parlamentuaren egoitza. Bertan oinez
ibiltzea ,oro har, segurua da, arrazakeria ez da hain agerikoa eta
aurrerapausoak nabari daitezke duela gutxi arte bereizirik bizi zirenen arteko
hartu-emanetan. (Africa on a shoestring – Lonely Planet)
Jens Deister-ek mapamundi bat zabaldu omen zuen egun batez, 23 urte zituela,
Alemaniako bere etxean, eta paperak erakusten zizkion kontinenteak eta lurrak
labur aztertu ondoren, Afrika hautatu zuen –“grina berezirik gabe, ia
halabeharrean”- egin nahi zuen bidaiaren xedetzat. Prestaketek iraun zuten
ondorengo hilabeteetan Andreas ezagutu zuen eta, urte eta erdi eta 14000
kilometro inguru geroago, Afrikako kontinentea erdiz-erdi bizikleta gainean
zeharkatu ondoren, Lurmutur Hirira iritsi ziren biak. ”Nekatuta nengoen eta
atseden bat behar nuela pentsatu nuen. Geroztik hemen nago, 16 bat urte izango
dira honezkero…”. Jens kopa mahaitik altxatu eta ardo beltzari begira gelditu
da, pentsakor. Begi gazteek, begirada garbikoek, arindu egiten diote aurpegiko
seriotasuna. ”Bidaiak eman zigun esperientziaz baliatu eta Andreasek eta biok Afrikan Bikers sortu genuen, turismoa
eta bizikleta uztartzen zituen hiriko bidai-agentzia bakarra, garai hartan.
Harrezkero horretan jardun dugu, Europako turista bizikletazaleei Hegoafrikako
eta Namibiako bazter ederrak erakusten…”. Zurrut txiki bat egin eta kopa mahaira
bihurtu du. ”Baina ez pentsa -ekin dio isilunearen ondoren- hona ekarri ninduen
askatasunaren mira sentitzen dut oraindik, batez ere zu bezalako norbait
azaltzen denean…”.
Jensek eta Soniak Crescent Garden auzoan duten etxean nago. Lorategiko bazter honetatik Table Mountain mendi
ospetsuaren gailur zati bat ikusten dut, eta handik datorren funikularraren
kabina. Bere kasa flotatzen duela dirudi, aire garbian
zintzilik balego bezala, eta txikia ematen du hemendik, ezdeusa bere atzeko
pareta sendo eta eskergaren aldean. ”Bai, mendi kusgarria da, harkaitz puska
harroa. Table Mountain eta Lurmutur Hiria bat dira, elkar
osatzen eta edertzen dute. Baina izango duzu biak hobeto ikusteko aukera
datozen egunetan, orain hau zure etxea ere bada” –betaurrekoen atzetik Jensen
begi urdinek irribarre egiten dute une honetan- “nahi duzun arte gelditu
zaitezke. Bederatzi urte behar izan dituzu hona iristeko
eta nago atsedenalditxo bat ez zaizula zuri ere gaizki etorriko…”
Bi aste eman nituen Lurmutur Hirian, Jensekin eta Soniarekin, lagunarte onean.
Eta haiekin, eta geroago etorri ziren Maite, Luis eta beste hainbat lagunekin,
hiria famatzen duten kafetegiak eta mahastiak bisitatu nituen, eta, goiz batez,
Table Mountain haren maldei oinez ekin eta hiriko ia edozein tokitatik ikus
daitekeen gailur zabala ere zapaldu genuen. Goi hartan sentitu nuen -beste inon
baino garbiago han, Lurmutur Hiria eta bere inguruak mendean genituela- toki
hark aparteko dohain bat zeukala, merezi zituela sarritan egiten zitzaizkion
laudorioak. Penintsula luze eta estu hartan, mendia, itsasoa eta hiria bat
eginda ageri ziren, bortxarik gabe, elkarrekiko lehian agian baina baita halako
begirune batez ere, hurbiltasunak elkar zanpatu edo desitxuratu gabe mesede
egingo balie bezala hirurei. Paisaia bakar –eta eder- bat moldatzen zuten,
baina batasunak ez zien indarrik kentzen zatiei, ez zien nortasunik zapuzten,
bere hartan irauten zuen bakoitzak zeukan berezkoena. Gu geunden Table Mountain
hura, esate baterako, egiazko mendia zen -ez lorategi edo parke, ez osagarri
huts, nik noizbait pentsatu bezala-, nahiz eta hiria haren inguruan oso hazita
egon eta bere goiko auzoak pareta malkartsuak ia ukitzeraino hedatu; nahiz eta
altzairuzko zilborreste batekin –laster hartuko genuen funikularrarekin- areago
azpimarratu lotura haren ezinbestekotasuna.
Eta gauza bera esan zitekeen penintsularen amaierak eta itsasoak bat egiten
zuten hegoaldeko punta lanbrotsu hartaz ere: Esperantza Oneko Lurmuturra
zeritzon.
Esperantza Oneko Lurmuturra
Ekainaren 4an heldu nintzen Esperantza Oneko Lurmuturrera.
Txabola-auzoak atzean utzi, zeharkatu Lurmutur Hiria, eta, gelditu gabe, zuzenean
jo nuen Norvegiaz geroztik gidatzen ninduen puntarantz. Igande arratsalde
garbia zen. Esperantza Oneko Lurmuturrean turistaz betetako autobusek eta
autoek bata bestearen atzetik iristen eta alde egiten zuten; oinezkoak postalen
eta oraigarrien saltokien inguruan biltzen ziren, edo hara-hona ibili,
argazki-kamerak eskuetan, taldetxoak osatuz eta elkarri kontutxoak esanez. Eta
hala ere, joan-etorri urduri eta zarata txiki haiek eta guzti, kostalde hura
bakartia iruditu zitzaidan, apartatua eta ederra. Harkaitzak, sastrakadi eta
malda hutsak, zeru eta itsaso geldiak, mugarri urrun bat: Esperantza Oneko
Lurmuturra. Izen hori baino lehen, antzinako nabigatzaile portugesek beste bat
eman zioten: Cabo das Tempestades, Ekaitzen
Lurmuturra.
Giroa aratza zen, gardena. Nahiz negua izan haize izpirik ez zebilen eta goi
urdinean eguzkia lasaitasunez zihoan sartalderantz. Cabo da Boa Esperança, Cabo
das Tempestades: izen soilak baino gehiago ziren, leku turistikoak baino
gehiago. XV. mendean, munduaren amaiera
honetara heldu ziren esploratzaile europarren hatsak irauten zuen haietan, hona
ekarri zituen patuaren oroimena luzatzen zuten. Bidaiak, grinak, ametsak,
ontziak…Cabo da Boa Esperança: zenbat
ez ote ziren zure uretan kezkarik gabe nabigatu, zure haitzak konfiantzaz inguratu,
egun argitsuetan? Cabo das Tempestades:
zenbat ez ote zituen zirtzilatu zure amorruaren enbatak, aldi ilunetan? Zenbat
ez ote dira zure itsas hondo isiletan bakardadez usteltzen? Begira egiozu aurrean duzun
itsasoari, kliskatu begiak… ez, ez da hain zaila egun goibelek paraje hauek
nola itxuraldatu ahal dituzten imajinatzea, imajinatzea ekaitzaren erasoa,
euria eta behelainoa, olatu eta haize bolada izugarrien danbatekoak ilunpean,
marinelen borroka eta larritasuna…. Ekaitzen Lurmuturra: egiezu bide gure arimaren zokoetan ezkutatzen diren esperantzagalduko
fantasmei. Ikusten han… untzi erdi hautsi hura… olatu harrotuek egur printza
bat balitz bezala iraulka darabiltena… ez al da, bada, Bartolomeu Diasena
berarena? Eta, ez al zara zu, ezinean, itolarriz, ur beltzetan behera apurka murgilduz
doan itsasmutila? Eta False Bay badiaren erdian ainguratuta dauden galeoiak? Ez
al da Vasco de Gama haietako baten brankan, besoa luzatuz, argiaren bidea –sortaldea-
pozez seinalatzen duena? Kliskatu begiak.
Ekaitzak eta Esperantza: hauspoen gisako izenak
ziren, fantasiari –eta fantasmei- arnasa ematen zietenak. Auskalo, beharbada
bidaia guztien horizontea bi hitz haiekintxe marraztu zitekeen, eta aukera
hartan -naufragioa ala gau baterako ainguralekua- erabakitzen zen dena, gure
patua, behin eta berriro errepikatua (ez,ez zen pentsamendu zuzena, patua hori
baino askoz askeagoa zen, ez zegoen inongo lurmuturretan idatzia; egotekotan, basamortuko
gauean zegoen, hango zeruen infinitutasunean...)
Mendi malda batean nengoen, Esperantza Oneko
Lurmuturraren penintsula eta bere itsasbazterrak mendean hartzen zituen talaia
moduko batean, iparraldera begira. Gaua han emango nuen. Eguzkia itsasoan
murgildu berria zen eta arratseko argia leuna zen artean, mehea. Itsasoa. Ni
ere haren baitakoa nintzen. Bizitzaren misterioak arrasto bat utzia zuen
zabaltasun hartan eta estela hari segika nindoan. Nabigatzeak poza ematen
zidan, eta indarra. Ez nekien –ezin jakin- nora ote nindoan, ez ote ninduen enbatak
ni ere irentsiko egun batean, ala, aitzitik, nabigazio-karta batzuetan aipatzen
ziren hiri haietara -las espléndidas
ciudades, hiri oparoak- helduko ote nintzen; ez nekien airean altxatzen
omen diren dorre harrigarriak nire aurrean inoiz azalduko ote ziren. Toki haiek
barruan zer gordetzen zuten ere ez nekien. Baina, egia esan, ez zidan horrek guztiak
gehiegi ardura une hartan. Han nengoen, haraino iritsia nintzen. Ez nuen beste
xederik izan bidaiari ekin nionean.
Robben Uhartea
Igande goiz batez, hurbildu Water Front esaten zaion kaialde dotorera eta Robben
Island uharterako ontzia hartu nuen. Eguraldi zoragarriko goiza egiten zuen.
Zeru sabai urdinaren azpian Water Fronteko bazterrek diz-diz egiten zuten, eta
harro luzitzen zuten bere postaleko irudia ordu hartan harat-hona paseatzen
ginen turista bakanen aurrean. Hiriaren alde hartan dena baita egokia eta
txukuna, dena pollit eta akatsik gabea: etxeak, kai txikia eta belaontziak,
dendak, jatetxeak eta terrazak… Laster, dudarik ez, turista taldeek bete-bete
egingo zituzten zoko apain haiek guztiak.
Ni, Robben uharteko museoa non zen galdetu eta hara abiatu nintzen. Museo
barruan jende mordoska zebilen ordurako. 1999. urtean Unescok Munduko
Gizon-Emakume Guztien Ondare izendatu zuenetik, Robben Island bisita ia
derrigorrezkoa da Lurmutur Hiriko ibilbide turistiko-historikoan. Iladan
tartetxo batez zain egon eta tiketa erosi nuen. Ontziratzeko berrogei eta bost
minutu falta zirela adierazi zidan lehiatilako neskak, eta paretetako idazki
eta argazkiei begira jarri nintzen, katamarana atera zain.
Robben izeneko uharte txikia lehorretik 12 kilometrora dago eta Alcatraz-ekin
konparatua izan da sarritan. Espetxe moduan XVII. mendean hasi zen erabiltzen,
Sortaldeko Indietako Konpainia Holandarra penintsula honetan finkatu zen
garaian, gutxigorabehera. Baina bere izenak XX. mendean hartu zuen osperik
handiena, apartheid delako erregimen
arrazistarekin: haren aurka borrokatutako preso politiko asko seguridade
handiko presondegi honetara ekarri zituzten. Eskuetan dudan orritxoan honako
hau irakurri dut: “Robben uharteko bizilagun inboluntario haietan famatuena
Nelson Mandela izan zen. Asko ikasiko duzu Mandelak eta beste presoek hemen
egin zuten gartzelaldiaz, haietako bat izango da-eta, hain zuzen, zure
ikustaldia gidatuko duena… Oro har, esan daiteke Robben uhartea borroka
harekiko omenaldia dela eta Lurmutur Hiriak eskeiniko dizun
adiskidetze-etsenplurik garbiena ere bai…”
Ez naiz gehiegi luzatuko Robben Uharteari egindako bisitaren xehetasunak
kontatzen. Bakarrik esango dut hiru gizon izan genituela gidari, hirurak preso
ohiak, uhartean urteak emandakoak, eta, beraz, hango zokoak eta historia ezin
hobeto ezagutzen zituztenak. Haietako bik –autobuseko txoferrak eta haren
aldamenean azalpenak ematen zizkigunak- uhartearen inguruan egindako itzulian
lagundu ziguten. Hirugarrenak espetxea erakutsi zigun. Niretzat azken hau izan
zen ibilaldi guztiko parterik interegarriena. Segi dezagun barrura, bada.
”Hemen duzue –esan du gure gidariak, 3x3 metro ingurukoko gelak erakutsi eta
haietara sartzeko gonbitea egitearekin batera- Nelson Mandelaren ziega. Hamazortzi
urte pasa zituen hemen. Harantzago, korridoreko lehena, nire ziega zen, hogei
urte eman nituen nik espetxe honetan”. Ziegak, komunak, patioak, jolasgela…
ikusi eta, ondoren, sala handiago batera iritsi garenean, hango bankuetan eseri
gara denok –ikasgela batean bezala- eta gure galderei erantzuteko prest dagoela
adierazi digu lagun dugun preso ohiak. Gure artean Afrikako beste herrialde
batzuetatik etorritako bisitariak daude, Argentinako bikote gazte bat, iparramerikar
bat edo beste… baina gehienok, Islandiako familia bat barne, europarrak gara.
Antza denez, ez dago hegoafrikarrik. Galdera asko egin dizkiote 18 urterekin
hona etorri eta 38 bete arte beste bizilekurik ezagutu ez zuen gizon beltzari.
“Zer-nolako harremana duzu orain zuriekin?” -galdetu diote halako batean.
Erantzuna laster dator eta hitzak, eman dituen erantzun guztietan bezala,
soseguz eta irmotasunez ebaki ditu. Itxuraz ez dago zalantzarik, ezta
samindurarik ere: “Denok gara Hegoafrika berriaren parte. Hemen daude eta ez
diet bizkarra ematen. Nahi banu, hori egitea izango nuke, haiekin hitz egiteari
uko egin niezaioke, baina… zertarako? Ezin
da oker bat beste oker batekin zuzendu, denok gara gizakiak… (denok gara
gizakiak, – “we all are human beings”- egun hartan behin baino gehiagotan
entzun nituen hitz haiek Robben uharteko bisitan lagundu ziguten gidarien
ahotik) Mezu bat nahi nuke zuek uharte honetatik eramatea: sekula ez dezala
pertsona batek beste bat zapaldu, arrazakeria eta bazterketa ez ditzagula inon
onartu”.
2006ko ekainak 24, Gelbek
jatetxea, 105’3 km
Goiz eguzkitsu batean esan diot agur Lurmutur Hiriari. N1 autobidetik Table
Mountain mendiaren irudi ederra ikusten dut, nire eskuinetara. Etxeorratzen
atzetik bere harrizko pareta sendoak gain hartzen dio hiriari, irmo eta harro. Ezkerrean,
gertu, itsasoa daukat. Autobide bazterretan, harriz finkatutako plastiko
beltzen azpian, eskaleak eta etxegabeak lo daude oraindik.
2006ko ekainak 27, Strandfontein,
76’6 km
Iparralderantz noa, itzulbidean, iparraldeko horizonteak ditut orain begietan.
Hala ote da? Itsasoari begiratu eta pentsatu dut Hegoamerikatik irten
nintzenetik ez naizela handik orain bezain hurbil beste inon egon. Han dago,
ozeanoaz bestalde. Ozeano horrek bakarrik bereizten gaitu.
2006ko ekainak 28, Nuwerus, 87 km
Gaur goizeko argiak, abiatu naizeneko argi mehe eta alaiak, Managuakoa ekarri
dit gogora. Argi horrek badu berezitasunik: gure ezintasunez bestalde ikusten
uzten digu, haiek ukatzen dutena jartzen du ostera bistara. Argi horren
izpietan gure ametsak eta desioak daude, eta baita orain arteko urratsak ere,
gure oroimena.
Oraingoa, arratsaldeko argi hori eta aparteko hau, bestelakoa da: infinituaz
mintzo da, nik ulertzen ez dudan infinitu handiaz, eta harantz narama. Eta ez
dago beste ezer, ez beste inor, une honetan lur honen gainean: lautada eta
muino bakartien artetik doan bidea, dena betetzen duen argia, eta ni.
2006ko uztailak 3, Steinkopf, 58’7
km
Namaqualand da eskualde honen izena. Paraje
lehorrak, harritsuak, latzak. Baina kolorez betetzen omen dira urtero, abuztuan
eta irailean: udaberriko loraldia da. Hasiak dira dagoeneko. Hor daude lili
txuriak, laranjak, horiak, moreak... errepide bazterrak hamaika distiraz
janzten. Eta hor daude mendi magaletan ere, koloretako adabakiak txertatzen han
eta hemen.
Haswell eta Lion-ekin afaldu dut gaur, haiek gonbidatuta. Haswell beltza da,
Durban-ekoa, eta nekazaritza-ministerioarentzat egiten du lan Vioolsdrift-en,
muga ondoan. Lion hemengoa da, mestizoa. Afaldu bitartean (nsima (1) prestatu dute, haiek putu
esaten omen diote) gai asko ekarri ditugu hizpidera (nire bidaiarekin hasi
gara) baina nik Hegoafrika Berria aipatu dudanean Haswellek hartu du hitza, eta
Lion eta biok isilik entzun dugu. Haserrea eta samina nabariak ziren askotan
haren jardunean. Luze mintzatu da eta saiatuko naiz hark esandakoak
laburbiltzen, nahiz eta zatika eta ordenarik gabe (Haswellen ama hizkuntza
zuluera da, Lionena afrikaanera. Inglesez aritu gara):
“Denbora laburrerako gaude hemen, kez egindako
bideak gara, ordu batzuetako loreak... elkarri lagundu behar diogu. Nire anaia borrokaldian (the struggle, apartheidaren aurkako borroka) hil zen eta nik ere
ihes egin behar izan nuen eta mendietan ezkutatu... Boterea daukagu paperean,
botere ekonomikoa besteren eskutan dago, betikoen eskuetan... Ikusten eskualde
hau? Hemen ez dago zuririk lurra txarra delako. Baina Vioolsdrift-era iristen
zarenean errepara egiozu ibaiaren ondoan dagoen etxaldeari: lur hura emankorra
da. Nor da jabea? Zuri bat... Ni ere lur-birbanaketaren (land redistribution) zain nago, noiz arte itxaron beharko dudan,
ordea, ez dakit, paper eta froga asko aurkeztu behar baitira erreklamazio bat
egiterakoan... Hemen bide baketsua, biguna, aukeratu dugu baina pazientzia
agortu liteke... Eta badago beste zerbait gobernukoek aipatzerik nahi ez
dutena: ustelkeria... Zuri bat hiltzen dutenean telebistan azalduko da berria
hots handiz. Baina gure jendea egunero hiltzen da txaboletan eta hori ez da
albistea... Zuriak etorri ziren –papera hartu eta marrazki bat eginez lagundu die
bere hitzei-, suzko armak zituzten eta lur emankorrenetatik bota gintuzten, gure
ezkutu eta lantzek ezer gutxi ahal zuten haien aurka. Horrela hasi zen oraindik harrapaturik gauzkan sorgin-gurpila (the vicious circle), bazterketaren
gurpila... Apartheidaren garaian ematen ziguten hezkuntza ere ez zen ona, gure
eskolak ez ziren haienak bezalakoak... Gurpil baztertzaile horretatik irten
nahi dugu, soka hori apurtu, horixe da gure eginkizuna, gure seme-alabek etorkizun
hobea izan dezaten. Ez da erreza baina ahalegintzen bagara gero hori
gure esku egongo da. Zulueraz badugu esaera bat horretarako:Vukuzenlele. Esan nahi du: Jaiki zaitez eta egin ezazu zerorrek.
2006ko uztailak 4, Noordoewer
(Namibia), 75 km
Errepideak beheraka egin du, astiro lehendabizi,
arinago gero, menditarte batetik barrena. Harria, sastrakadia eta zeru urdin
akatsik gabea, ez dago besterik paraje lehor eta bakarti hauetan. Bai, badago
besterik: bide bazterreko loreak eta usaina. Usain goxoa da, sarkorra, eta
boladaka iristen zait, kanelarena ematen du, Paine Dorreetan bezala, baina ez
dut zuhaitzik ikusten inguruan...
Arratsaldean Orange ibaia zeharkatu eta Namibiara sartu naiz.
(1) Nsima: artoz egindako ore bat, Afrikako herrialde askotan oinarrizko
elikagaia dena.
The Road to London
Ez dut Hegoafrikako atala itxi nahi gizon bat eta liburu bat aipatu gabe. Gizon horren izena Eric Attwell da eta berak
idatzi zuen liburuarena The Road to
London (Londres-eko bidea). 1936garren urtean, hogei urte zituela, Eric
Attwellek bidaia ezohizko bati ekin zion hamar urte zaharragoa zen bere anaia
Jack-ekin batera: Hegoafrikatik abiatu eta Attwell anaiek Afrika guztia
zeharkatu zuten bizikletaz, Egiptoraino; handik Europan barrena jarraitu zuten
gero, neguari aurre eginez, eta Londresen eman zioten amaiera bidaia hari,
sorterritik abiatu –Port Elisabeth-etik zehazki- eta 13000 km eta 22 hilabete
geroago.
Halako txango bat harrigarria izango zen, inondik ere, garai hartan, eta,
dakigunez, haiek izan bide ziren bi gurpilen gainean Afrikako kontinentea punta
batetik bestera korritu zuten lehenak. Harrigarria
orduan eta baita gaurko egunetik begiratuta ere, kontuan hartzen badugu,
besteak beste, 30eko hamarkadan ez zegoela apenas bide asfaltaturik Hegoafrika
eta Egipto bitartean eta basapiztiak nonahi eta ugari omen zirela.
Attwelldarrek hiru martxako bizikletak erabili zituzten eta bere kasa eta gogo
hutsez ekin zioten bidaiari (izan ere, ia ezkutuan abiatu ziren), oso ekipaje
eta diru gutxirekin gainera. Aitzindariak izatea eta gisa hartako bidaia bat
burutu izana arrazoi aski lirateke haien izenak eta haien abentura gogoan
hartzeko. Baina bada besterik. Badago beste zerbait ere ibilera hura areago
edertzen duena –nire begien aurrean behinik-behin- eta Eric Attwellen irudiari
aparteko xarma eta balioa ematen diona.
Bidaia hark ez zuen nolanahiko hasiera izan. Gure arteko hitz bat erabiliz esan
dezakegu Eric Attwell intsumiso bat
izan zela eta arrazoi horrexegatik ekin ziola bidaia hari. Izan ere, liburuaren
hasieran berak aitortzen digunez, soldaduzka egiteari uko egin zion, ez zion
amore eman nahi izan armadaren deiari, eta justizia orpotik segika eta
mehatxuka zebilkiola hartu zuen bere sorterritik alde egiteko erabakia.
Liburuak, ondoren, Eric eta Jack-en bidaiaren gorabeherak kontatzen dizkigu,
eta haien eskutik 30eko hamarkadako Afrika eta Europa haietan barrena eramaten
gaitu. Hitzez eta irudiz eraman ere, zeren kontaera bi bidaiariek berek
hartutako argazki ugariz baitago hornitua. Zuri-beltzeko argazki haietako
batzuek bi anaiak ezagutzeko parada ematen digute. Irudi batean, adibidez, bi
gizon zuri eta gazte ikusten ditugu Afrikako herrixka batean; Afrika
kolonialaren garaiko kapela borobilak janzten dituzte eta zutik daude bizikleta
baten aldamenean; bizikletak ekipajearen zakutoak daramatza atzealdean eta
koadroaren barra horizontalaren azpian gitarra baten zorroa ere ageri da.
Narrazioa, bestalde, soila eta garbia da, zuzena, eta ez dago, ez estiloan ez
edukian,alferrikako apaingarririk. Kontrako aldera gertatzen dela uste dut,
eta, idatzitakoa atzean dagoen eskuaren ispilu baldin bada, esango nuke esku
hura nabarmenkeriak maite ez zituen gizon batena zela.
Bidaiaren hasiera berezia izan baldin bazen amaieran ere badago aintzat
hartzekoa den xehetasun bat. Xehetasun garrantzitsua nire ustez, gizon hura
gurekin eta gure historiarekin lotzen duelako batetik, eta, bestetik, argi
gehiago ematen digulako haren pentsakeraz eta nortasunaz. Attwell anaiak
Londresera iritsi zirenean Espainiako Gerra Zibila amaitu gabe zegoen artean.
Eric Attwellek Errepublikaren alde egin zuen eta Londresetik hari babesa ematen
zioten taldeak lagundu zituen. Bigarren Mundu Gerra Inglaterran igaro eta gero,
Hegoafrikara itzuli ziren bi bidaiariak. Eric Attwell espetxean egon zen aldi labur batez 60ko hamarkadan
apartheidaren kontra egiteagatik.
Nik ez nuen ezagutu Eric Attwell eta Port Elisabeth-etik gertu nengoela zeharka
jakin nuen haren berri aurreneko aldiz. Bizikleta-bidaiariak harremanetan
jartzen dituen nazioarteko talde baten zerrendetan zegoen bere izena, baina
bertan agertzen zen telefonora hots egin nuenean inork ez zituen nire deiak
erantzun. Gero jakin nuen -Jens Deister-ek esanda- bi urte
lehenago hil zela. “Behin Port Elisabeth-etik hona (Lurmutur Hirira) etorri zen
auto zahar batean -kontatu zidan Jensek- eta astebetez gelditu zen nire etxean.
Liburu batzuk ere utzi zizkidan nik saltzeko. Uste dut pobre bizi zela eta
liburuen salmentak aparteko sos batzuk ematen zizkiola. Bere anaia Jack urte batzuk lehenago hil zen
istripu batean“. Horrela iritsi ziren Atwell anaiak eta bere
historia nire eskuetara. Liburua zatika irakurri nuen une hartan, merezi zuen
baino patxada gutxiagorekin, eta, pisua arintzearren, pakete batean sartu eta
Gasteizera bidali nuen laster beste hainbat gauzarekin batera. Baina bi
bidaiariek eta bere abenturak irabazia zuten ordurako nire arreta eta nire
sinpatia. Sarritan gogoratu izan naiz haiekin harrezkero.
Ez nuen ezagutu Hegoafrikan –Jens Deister-ez
gain- beste inor Attwell anaien edo The
Road to London liburuaren berri zekienik. Aipatu nituen haien izenak inoiz
edo behin, baina bizikletaren munduarekin harremana zutenen artean ere
ezezagunak ziren.
The Road to London berandu argitaratu
zuen Eric Attwellek, 85 urte zituela, eta hori ere egiten zait deigarri, alegia,
zahartzaroan hartu zuela gaztetako bidaia hura plazaratzeko erabakia, orduantxe
sentitu zuela, eta ez lehenago, hori egiteko beharra. Esango nuke bidaia hark arrasto sendoa utzi zuela haren baitan eta
arrasto hartaz baliatu zela, bere bizitzaren amaiera aldera, seinale bat
uzteko.
Esaten du Eric Attwell-ek liburuaren hasieran: “Berandu bada ere nire agur
beroa bidali nahi diet bidean lagundu ziguten ehunka lagunei: baldin eta
zuetako inor bizirik egon eta hitz hauek irakurtzen baditu, agur t’erdi.
Ordainik espero gabe zuen jatortasuna eta adeitasuna eskeini zenizkiguten.
Haiek gabe gure abentura guztiz ezinezkoa izango zen“.
Berandu da orain ere, eta, beharbada, ez du honezkero garrantzi handirik baina
nik ere neure agurra bidali nahi izan diet Attwell anaiei hemendik. Eta
horretarako haiek Londreseraino eraman zituen bidea -The Road to London hura- apur bat luzatu eta guganaino hurbiltzen
saiatu naiz. Ez gaitu normalean arrazoi bakarrak bultzatzen eta ez ditut nik
bide haren bihurgune guztiak ezagutzen, baina ez naiz hain oker ibiliko esaten
badut askatasuna -berea eta lagun hurkoarena- maitatu eta defendatu zuen
pertsona zintzo baten urratsak daudela The
Road to London liburuan. Iruditzen zait halako pertsona izan zela Eric
Attwell.
Lorenzo Rojo
Niamey – Niger
2007ko maiatzak 8