lunes, 24 de noviembre de 2008

Venezuela




 
"Bilatzen ez badugu ezinezkoa, ez dugu lortuko daitekeena"
"Si não buscamos o impossivel, jamais conseguiremos o possivel."

Leonardo Boff


MANOA

Ez nuen Manoa ikusi, ez nituen ediren bere dorreak airean,
hango harrien arrastorik inon ez.

Itzal engainagarriek haren mapetan marrazten zuten ildoari
jarraitu nintzaion.
Tigreen ibaia zeharkatu nuen
eta isiltasunaren borborra paduretan.
Deus ez nuen ikusi Manoaren
ez haren kondairaren antzerakorik.

Hegoalderantz okertzen eta sekula atzematen ez den
ortzadarraren atzetik ibili nintzen, beste ezeri erreparatu gabe.
Manoa ez zegoen han, mundu horietatik legoa askotara geratzen zen,
-beti urrunago.

Bilatzeaz nekatuta, gelditu egin naiz,
zer axola niri haren dorreek?
Manoa ez zuten kantuz laudatu Troia bezala
ez zen setioan erori
ez zituzten haren hormak hexametroekin grabatu.

Manoa ez da toki bat
sentimendu bat baizik.
Batzuetan aurpegi batean, paisaia batean, kale batean
haren eguzkiak distira egiten du bat-batean.
Maite dugun emakume oro Manoa bihurtzen zaigu
ia oharkabean.

Manoa zeruertzaz bestaldeko argia da,
amets egiten duena bidean da, ikusi egin dezake
baina maite duena iritsia da azkenik, bertan bizi da.

Eugenio Montejo ("Trópico absoluto", 1982)


1998. urtea izango zen eta Kolonbian barrena nenbilen bizikletaz. Kasualitatez, hainbat poeta latinoamerikarren lanak biltzen zituen antologia bat iritsi zitzaidan eskuetara eta han ikusi nuen, aurreneko aldiz, Eugenio Montejo venezuelarraren izena. Liburu hartako bere poemen artean bat gustatu zitzaidan bereziki: Manoa izenekoa. Latinoamerikara etorria nintzen ni, ustekabeko bidaia luze bat izango zenaren lehen urratsak egiten ari nintzen kontinentean, eta metafora eder bat ikusi nuen poema hartan. Constantino Cavafis-en Itaca ezagunaren leku anaia iruditu zitzaidan Manoa, bidaiarien ametsak pizten eta gidatzen dituzten lurralde mitikoen gai berberaz eraikitakoa.

Gogoan dut nola 1986. urtean, Nikaraguan nengoela, beste poesia liburuxka bat irakurri nuen han; Rosario Murillorena zen eta En las espléndidas ciudades zuen izena. Oker ez banago Rimbaud-en aipu batek ematen zion hasiera: Y al amanecer, cargados de ardiente impaciencia, entraremos en las espléndidas ciudades. Las Espléndidas Ciudades. Hiri Oparoak. Guztionak eta norberarenak. Nork ez du haiekin amestu? Montejoren Manoa hartan hiri oparoen kondaira eta promesa modu ederrean berritzen zirela iruditu zitzaidan.

Nolanahi ere, bazuen berezitasunik Manoa hark. Poemaren hasierako tonua etsia zen, kexuzkoa, eta bertan Montejok erakusten zigun tokia ez zen amestutako hiri argitsua, baizik eta lurralde nekezago bat: desengainuarena eta etsipenarena. Desengainu baten aitorpena dira poemako lehen hitzak -Ez nuen Manoa ikusi- eta desengainu horren bidea trazatzen dute ondorengoek ere, lerroz lerro. Amore ematea zilegi da, eta, hala dirudi, desilusioaren puntu horretara iritsiak garela -Zer axola niri haren dorreek?- narrazioaren bidea aldatzen denean. Manoa aurkitu ezinak -ahalegin haren alferrikakoak- eragindako nekea eta zalantza, gainditu egiten dira, halako batean, errebelazio baten bitartez -Manoa ez da toki bat, sentimendu bat baizik- Aldi bakan eta berezietan bakarrik azaltzen den sentimendu bat, baina egiaz ibilarazten gaituena.

Bai, gustatu egin zitzaidan Manoa hura. Giza-abenturaren -gure abenturaren- metafora ederra zen bertan kontatzen zen bidaia. Hura eta Montejoren beste poemaren bat fotokopiatu eta bizikletaren poltsetan gorde nituen.

10 urte geroago, 2008ko urriaren 10ean hain zuzen, Venezuelara iritsi nintzenean -Eugenio Montejoren aberrira, alegia- ez nintzen ni, egia esan, askorik akordatzen berarekin eta Manoarekin, nahiz eta hegazkinean nire izenean zetozen bi kutxa handien barruan (bizikleta batean eta 40 kiloko ekipajea bestean) poema zahar haiek beti bezala gorderik ekarri. Hegazkinak ez ditut gustuko eta Santa Barbarako tramankulutzarra Caracaseko aireportuan lur hartu eta erabat gelditu zenean, arnasa lasaiago hartu nuen. Iruditu zitzaidan lehen oztopo bat gainditua nuela.

Ez nentorren lasai. Askotariko emozioak pilatzen ziren nire baitan egun haietan eta zurrunbilo urduri baten barruan sentitzen nituen denak une hartan, jiraka eta zalapartaka. Sortzen zuten burrunba aditzen nuen etengabe aireportuko pasilloetan barrena nindoala, eta aduanako polizia batek pasaportea eskatu zidanean  bere hitzak nire barruko hots artega harekin nahastuta iritsi zitzaizkidan: "Seniderik ba al duzu hemen?" -emakume bat zen, atsegina- "Ez"  "Eta zer egitera zatoz Venezuelara?" -pasaporteko orriak aztertzen ari zen- "Toki askotan ibilia zara..." "Turista naiz, zuen herria ezagutzera nator. Santa Elena de Uairen-era bizikletaz joan nahi dut". Barre egin zuen berak. "Santa Elena urrutitxo dago, hobe zenuke autoz joan. Baina hara baldin bazoaz Gran Sabanatik igaro beharko duzu, eder aparta da eskualde hura, ikusiko duzu, munduan ez dago antzeko beste tokirik" -zigilua jarri eta pasaportea itzuli zidan- "Ongi etorri Venezuelara".

Amerikan nengoen berriro. Hamaika urte lehenago hasitako bidaiak abiapuntura ekarria ninduen, eta, hala zirudien, zirkulu bat ixtera nindoala, nahiz eta ez izan hori, amaierarena alegia, nire barruan une hartan agintzen zuen sentipena. Justu kontrakoa zen: hasiera baten aurrean sentitzen nintzen berriro ere, abentura handi baten atarian. "Nago denbora bereziak ditudala aurrean" -idatzi nion lagun bati egun haietan.

Kezkatuxea ere banentorren. Niretzat berria zen herrialde bat neukan oinen azpian, hika-mika handiko herrialdea gainera azken garaiotan: Venezuela. Nire gidaliburuak honela zioen: Caracas ez da Hegoamerikak daukan sarrerarik samurrena. Eta hona bidaiatu aurretik askotan entzundakoak –batez ere Kanarietan emandako hilabeteetan, eta, sarritan, venezuelarren beren ahotik- buruan bueltaka nerabiltzan: "Oso herri ederra da baina kontuz ibili..." Kontuz ibili, erne egon, begiak ondo zabaldu... horrelakoak eta askoz latzagoak ere hamaika aldiz errepikatu zizkidaten.

Baina aireportuan bertan bidaiaren lehen arazo praktikoak agertu -taxi-gidariekiko negoziazioak eta diru trukearenak- eta haiei aurre egin behar izan nienean, urduritasuna eta kezkak indarra galtzen hasi ziren eta konfiantza berreskuratzen nuela sentitu nuen. Eta lehenago ere, antzeko beste hamaika egoeratan zaildutako erreflexu zaharrak berriro erne eta nire ondoan sentitu nituen (1). Maiketia, Caracaseko aireportua, hiritik 28 kilometrora dago. Taxista batekin prezio bat adostu, nire kutxak eta bizikleta auto barruan sartu, eta abiatu egin ginen.

Taxia lau lerroko autobide batetik doa hirirantz. Mendi muinoak ikusten ditut inguru guztian, kolore berde bizikoak, eta haien maldetan adreiluzko etxetxoz osatutako auzoak. Adreilu gorria bistan gehienetan, eta, noizetik noizera, urdinez margotutako fatxadak ere bai. Caracas inguratzen duten auzo txiroak dira, “los barrios”.
"Que sigan las misiones, que siga la revolución", irakurri dut pasaeran autobide bazterrean altxatzen diren propaganda-iragarki handietako batean.
Caracaseko erdigunera hurbildu ahala zementuzko hiria zabalduz eta trinkotuz doa. Eraikin altuak hasi dira agertzen, itxura maiztuko etxeorratzak, zerua bera bezain grisak eta arrotzak. Giro goibelak ilundu egiten ditu, eta areago tristatu berez higatua eta hitsa ematen duen hiri hau.
El Paraison, garai batean goi mailakoa izandako auzoan, sartu gara. Caracaseko bihotzetik oso gertu gaude. Zuhaitz lerroak daude espaloietan eta parke itzaltsu baten ondotik ere igaro gara. "Vamos a andar”, dio pareta batean egindako pintadak. Kaleetan ur putzuak daude. Taxi-gidaria isilik doa eta doi-doi erantzuten die nire galderei.
Euskal Etxeko sarrera autobide goratu baten azpi-azpian dago. Adreiluzko etxeek eta txabolek, "los ranchos", ez oso urruti dagoen mendiaren malda betetzen dute. Auzo txiro horiek omen dira Chavez-en gobernuak hiriburu honetan dauzkan gotorlekuak. Eta auzo horiek omen dira, baita ere, Caracasek daukan hilketa indize ikaragarri altuaren eszenatoki nagusia

Astebete egin nuen Caracasen eta hiriari buruzko lehen inpresio kaskar haiek ,taxiz egindako bidaian jasotakoak, ez ziren hobetu denbora hartan. Xarmarik gabeko hiria izan zen Caracas niretzat, urruna eta arrotza. Zeru lainotuek gutxitan egin zioten tarte bat eguzkiari, eta zaparrada bortitzetan hustutzen ziren ia egunero. Beste batzuetan euria lasaiago baina egoskor erortzen zen, gurean bezalako setaz, eta ordu luzeak igarotzen ziren atertu gabe.
Hiri erdira maiz joaten nintzen, Capitolioko autobusa hartuta, eta hango kale komertzial eta jendetsuetan osteratxo bat egin eta gero Euskal Etxeko aterpera -hantxe eman zidaten ostatu- bueltatzen nintzen.

Egun batean Bolivarren jaiotetxea eta Museo Bolivariano delakoa bisitatu nituen. Caracas erdian daude biak, hiribide moderno eta builoso baten aldamenean dagoen karrika txikiago batean. Ez zitzaizkidan apartak iruditu baina Bolivarren jaiotetxeko giro lasaia gogotik eskertu nuen. Solairu bakarreko etxe kolonial hari oasi baten tankera hartu nion. Ematen zuen denbora zaharrago eta geldiago batean sartua nintzela, inguruko kale zarpailetatik babesten ninduen denbora zuhurrago batean, agian. Gelaz-gela nenbilela ahaztuz joan nintzen kanpoko Caracas zaratatsu eta baldar hartaz, harik eta, halako batean, barruko patio ireki batera iritsi nintzen arte.

Ataurrera irten nintzen. Bertatik bertara, patio txiki hartako aire grisean gora eginez, egundoko etxe orratza ikusi nuen, beltza eta ikaragarria. Aurrez-aurre neukan, patioko murruaz bestalde baina hari ia atxikita, hain gertu, hain handi eta garai, non Bolivarren etxea azpiratu eta zanpatu egiten zuela iruditu baitzitzaidan, eta ni neu ere bai berarekin batera. Begiak jaso eta begira gelditu nintzaion, gutxiena espero nuen halako dorretzar bat toki hartan ikustea. Haren azpian ñañoak ginen, beste garai bateko kondar ezdeusak. Erraldoia, gainera, ez zegoen bakarrik, haren tontor urrunak beste hainbat kide zituen inguruan, bera bezain gotorrak eta grisak denak, eta haiek ziren patio gaineko zeru pusketatxoaren jaun eta jabe.
Orduan konturatu nintzen hiritzarrak ez zuela barkatzen, ez ziola errespeturik ezta aberriaren fundatzaileari ere. Ez zegoen ihesbiderik, oasia gartzela zen, inguratuta geunden. Bolivar bera izutu eta ihes egingo zuen han egotera.
Nik ere alde egin beharra neukan. Hura ez zen nire hiria. Eragiten zidan sentimendu nagusia bakardadea zen.

Eta alde egin egin nuen. Ohi ez bezalako goiz eguzkitsu batean abiatu nintzen Caracasetik trafiko eta abiandura handiko autopista bat hartuta. Hasierako hogei kilometroak, hiri barrukoak, ez ziren goxoak izan: autoak eta kamioiak (gondolak esaten diete) ziztuan eta etenik gabe igarotzen ziren nire ondotik, eta haien orro eta ke artean egin behar nuen aurrera. Arriskua ere sentitu nuen, batez ere autopistarekin bat egiten zuten albo-sarbideetara iritsi eta trafikoak ezker-eskuin inguratzen ninduenean. Hutsaren hurrengoa zen nire bizikleta orduan, izpi bat uholdearen erdian, eta Bolivarren etxea dorretzarren azpian bezalaxe ikusten nuen neure burua han: gurpil txatxu haiek setiatuta eta ia irentsita (2).

Tarte lasaiagoetan, begiak asfaltotik altxatzeko aukera neukanetan, hiria ikusten nuen inguruan, edo zehatzago, hari gain hartzen zioten etxeorratzak. Orain, goizeko eguzkipean, dorre haiek ez zitzaizkidan hain zatarrak iruditzen. Kilometroak aurrera, eraikin altuak urritu eta adreiluzko auzune umilak hasi ziren bidearen alboetan azaltzen. Azkenik, haiek ere atzean geratu ziren eta inguruko mendien berde bizi-biziarekin bete zen, osorik, paisaia. (handik aurrera, ekialderantz doan bideak behera egiten du, mila metro inguru, kostaldeko lur zelai eta beroetaraino. Ordeka hauetan autopista bi lerroko errepide soil bihurtzen da, estua eta bidebazterrik gabekoa gehienetan ("hombrillo" esaten diote venezuelarrek haien errepideetan hain urria den asfalto-zerrenda zoragarriari) eta arriskutsua horregatik, trafikoa handia eta azkarra delako hemen ere. Inguruan dena basoa da eta horrek, trafikoa gorabehera, atsegin egiten du bidea, gerizpea eta freskura ematen diolako)

Ekialderantz nindoan, kostaldean dagoen Puerto de la Cruz hirirantz. Eta halako gogoz eta kemenez eragin nien pedalei hasierako egun hartan non konturatzerako arratsa zen eta 160 kilometrora nengoen Caracasetik. Mugimendua beharrezkoa omen zaio bizitzari eta hala gertatu bide zitzaion nire aldarte muzinari lehen egun hartan: nire gogoa, Caracaseko zeruak bezain goibela ordura arte, argitzen hasi zen. Eta argi hura, gainera, handituz joan zen pedalkada bakoitzarekin; handituz eta zehaztuz, nire barruan irudi bat osatu arte: lur zabal eta oparo bat ikusi nuen aurrean, aspaldiko lagun on bat. Eta berak egiten zidan ongi etorria ere sentitu nuen. Amerika zen, nire kontinenterik maiteena. Eta pentsatu nuen ez zela besterik behar eta ez nuela zertan larritu, dena zegoelako han, aurrean neukan asfaltozko ildo hartan: mundua eta nik munduari eskatu ahal nion guztia. Ibili egin behar zen, aurrera joan, bizitzaren lege horri beldurrik gabe atxeki. Sentipen zaharrak ziren eta poza hartu nuen bere hartan irauten zutela ikusita, urteak aurrera eta bazirudien ez zirela ahultzen, ez zuela denborak haien lilura higatzen…


Silver Cloud

Puerto de la Cruz-en esnatu nintzenean, ohea kulunka ari zela iruditu zitzaidan. Ahalegin txiki bat egin nuen ametsaren azken kondarrak uxatzeko eta zain gelditu nintzen. Astindu leun eta goxo hura sentitu nuen berriro eta goizaren epeltasuna azal biluzian. Begiak zabaldu nituen. Gelako sabaia egurrezkoa zen, ezti ilunaren kolorekoa, eta gain-gainean neukan, besoa luzatu eta ikutzeko distantzian ia. Burua apur bat jiratu eta pareta txikiak ikusi nituen orduan, haiek ere egurrezkoak eta bertatik bertara, sabaia bezala. Eskuinekoan, goiko aldean, zulo bat zegoen, leiho baten tamainakoa, eta argia sartzen zen handik.
Kabi hartatik irten nintzen. Bero egiten zuen. Argitasun itzela zegoen. Itsasoa ikusi nuen eta distiraz beteriko hiri bat kostalde hurbilean. Aurrean moila iluna. Goizeko lehen orduak ziren eta Silver Cloud belauntzian nengoen, Amaia, Emilio, Izar eta Hodei getariarren etxean, alegia.


Venezuela politikoa

1910eko urteetan aurkitu zuten petrolioa Venezuelan eta 1920ko hamarkadaren bukaeran munduko lehen esportatzailea omen zen. Geroztik petrolioa Venezuelako ekonomiaren ardatza izan da eta hark ekarritako diru-iturri oparotik erruz eta erraz edan dute askok hamarkada luzetan. 70eko urteak on-onak izan omen ziren alde horretatik, petrolioaren prezio altuei esker: "Luxuzko produktu inportatuek gainezka egiten zuten dendetan eta iduri zuen El Dorado azkenean gauzatua zela... Estatu Batuetako unibertsitateetan ikastea, asteburuko erosketa-bidaiak egitea Margaritara edo Miamira, eta itsasoz bestaldeko oporraldiak ohiko bizimodua ziren...". Ez denentzat, bistan da. Eta 80ko hamarkadan petrolioaren prezioek lur jo zutenean, gobernuak, egoerari aurre egiteko, ahalegintxo bat egiteko eskatu zien herritarrei; ez ordea esne-mamitan bizi izandako, eta bizi ziren, haiei, baizik eta urre beltzaren onuraz eta urte oparoez ezer gutxi zekitenei, hots, herri xeheari. Austeridade neurriek (oinarrizko produktu eta zerbitzuen prezio igoerak) kale-istilu bortitzak eragin zituzten Caracasen 1989an eta 300dik gora lagun hil ziren. 1998. urtean Venezuelako 23 miloi biztanleetatik bi heren txirotasun mailaren azpitik bizi omen ziren.

Eta urte hartantxe irabazi zituen Hugo Chavez koronelak lehendakaritzarako hauteskundeak. Boterera iristeko bere bigarren saioa zen. Lehena, 1992. urtean, huts egindako estatu kolpe bat izan zen. Iraultza bolivarianoa eta XXI. mendeko sozialismoa martxan ziren.

Egun gutxi neramatzan nik Venezuelan, ezer gutxi nekien iraultza eta sozialismo haren benetako esanahiaz eta edukiaz. Latinoamerikako elite politiko eta ekonomiko tradizionalen ustelkeria eta menpekotasuna ezagututa, begi onez ikusten nituen haiek ordezkatzera etorritako gobernu berriaren aldarrikapenak (3). Baina aldi berean, nor ote zen Hugo Chavez? Zertan zen bere sozialismoa? Zer gertatzen ari zen benetan Venezuelan? Ez nekien eta nire zalantzak -eta eszeptizismoa- handiak ziren (ez nekien eta jakin gabe atera nintzen Venezuelatik, galdera haiei taxuzko erantzunik ematea lortu gabe).

Hasierako egun haietan, eta Venezuelako giro politikoari dagokionez, hiru gauzak eman zidaten atentzioa. Lehena izan zen eskailera ekonomikoaren erdiko eta goiko mailetan kokatzen ziren batzuek Chavez-enganako erakusten zuten herra, ezinikusi amorratua. Oso jarrera emozionala zen. Ez nuen jakin gorroto haren atzean ze arrazoi objetibo zeuden, pertsona baten edo politika baten aurkako diskurtso koherenterik ez nuelako entzun. Oso haserre zeudela, eta ahal izatera Chavez bertan jo eta akatuko zutela, bai, horretaz ondo jabetu nintzen, ez zitzaidan duda izpirik gelditu.

Deigarria iruditu zitzaidan bigarren gauza hizkera iraultzailea izan zen, edo zehatzago, hizkera iraultzailea eta harekin osatutako mezuen ugaritasuna. Aipatzekoak ziren mezu haien klasizismoa eta gobernuarekin, edo gobernuaren menpe zeuden erakundeekin, lotuta azaltzen zirela -haietatik sortzen zirela- ia beti. Revolución, socialismo, socialista, pueblo, popular, poder... hitz horien konbinazioekin osatzen ziren mezu haiek gehienak, eta pankarta eta iragarki-txarteletan idatzita ikusten nituen: Fortaleciendo la revolución, avanzando al socialismo; La revolución es para todos; Que sigan las misiones (4), que siga la revolución; Fortalecer el poder popular; Unidad de producción socialista; Revolucionando el correo (5)… Esango dut hizkera eta mezu haiek, auskalo zergatik, ez zidatela aparteko zirrararik eragiten, eta bandera iraultzaile eta ezkertiarrei diedan sinpatiak eta atxikimenduak ozta-ozta lortzen zutela nire epeltasuna apurtzea.

Mezu iraultzaileak ez ezik Bolivarren esanak eta bere idatzietatik ateratako aipuak ere maiz samar ikusten nituen kaleetan. Ez nekien, ordea, haiek ere aro berriaren ondorio ziren ala tradizio zaharrago batekin lotu behar ote nituen. Libertadorearen aipu luze eta harrotu haiek slogan iraultzaileak baino are arrotzagoak zitzaizkidan, eta normalean begiek eta gogoak beste nonbaitera alde egiten zidaten haiek irakurtzen amaitu baino lehen.

Eta hirugarrenik esango dut nik Venezuelari egun haietan herri normal eta arrunt baten itxura hartu niola, Latinoamerikako herri normal eta arrunt baten itxura alegia, eta ez nituela ondo ulertzen horregatik ez batzuen amorrazioa ez besteen erretolika, biak gehiegizkoak iruditzen baitzitzaizkidan. Itxura batera Venezuelan bizitzak aurrera egiten zuen normaltasunez. Dendak eta negozioak irekita ikusten nituen, bai kaleetako kiosko xumeak bai aire egokituko supermerkatu eta shopping centre dotoreak ere (entzun nuenez negozioak eta dirua egiteko ez ziren hain garai txarrak haiek), lana zeukana lanera joaten zen, ikasleak eskolara. Handik aste gutxitara hauteskundeak egin behar ziren eta han ibiltzen ziren Chavezen jarraitzaileak kaleetan, alkandora gorriak soinean, propaganda banatzen edo haien mezuak bozgorailuetatik zabaltzen. Eta haien parean, espaloiaren beste aldean, oposiziokoak (halaxe ikusi nituen behin batzuk eta besteak, parez-pare), beste kolore bateko alkondarekin baina inguruko guztien tinpanoak apurtzeko lehia hartan aurrekoak bezain gogotsu. Eta jendea oinez, axolagabe, batzuei zein besteei aparteko jaramonik egin gabe. Itxura batera dena normal. Sloganak alde batera, iraultza haren aztarna garbirik ez nuen nik somatzen inguruan. Eta batez ere ez nuen somatzen Venezuelako herritarrengan, eta hango giro orokorrean, iraultza batek ustez eduki behar duen -eta nire iritziz ezinbestekoa den- bultzada utopiko eta sortzailea.
………………………………………………..

Puerto de la Cruz-en geunden, moilan eserita. Joseba epistemologiako unibertsitate-irakasle erretiratua zen. Sortzez gernikarra, gaztetan emigratu zuen Venezuelara eta hemen ezkondu: "alditxo baterako gentozela uste genuen, urtebeterako edo bi urtetarako, eta hara, konturatu orduko hemen zahartu gara! Josebaren hitz haiek urrutitik bezala entzun nituen. Eskuetan nuen edalontzia ezpainetara eraman eta zurrut egin nuen. Nire gogoa hara eta hona zebilen, herrari. Egia esan hitz eginda nengoen ordurako euskaldun-venezuelar batzuekin eta euskal emigranteen istorio haiek ez ziren berriak niretzat. Josebak bazuen, hala ere, berezitasun bat besteen aldean: Venezuelako egoera politikoaz -pil-pilean zegoen gaia- jarduten zuenean argudioak erabiltzen zituen eta bera zen, nik ordurarte ezagututakoen artean, Chavez infernuko deabrutzat ez zeukan lehena (6). Horregatik Venezuela hizpidera ekarri zuenean lurrera itzuli eta adi jarri nintzen: " ...bizimodu erreza -la vida fácil- izan da herri honetan aspalditik sustraitu den kultura eta jarrera. Aberastasuna ez da izan norberaren lanaren eta ahaleginaren ondorioa. Garrantzitsuena dirua erraz eskuratzea zen eta horretarako postu ona lortu behar zen eta hartaz baliatzen jakin. Kultura hori gizartearen sektore askotara zabaldu da eta intseguritatearen arrazoietako bat hor bilatu behar da: bestela ezin dutenek armekin lortu nahi dute tartaren euren zatitxoa (7)... Horixe da, hain zuzen, Chavezen gobernuaren alde ilunetako bat: intseguritatea. Bestea ustelkeria da. Ustelkeria ere oso errotuta egon da betidanik Venezuelan. Dena den, bere gobernua arduratu da, lehenengo aldiz, herri honetako pobreez. Petrolioaren aberastasuna eurena ere badela esan die. Eta bitxiena zera da, bere hitza betetzen ahalegindu dela. Zerga-sistema bat ere ezarri du. Horrek min eman dio askori..."
……………………………………………………..

"Betiko jauntxo ustelak iraultzaile bihurturik. Prozesu honi haiek baino kalte gehiago ez dio beste inork egiten". Kritika hori egiten zuenak Pedro zuen izena. Pedro sortzez nafarra da, Mendabiakoa, eta bere emaztea venezuelarra. Maisu-maistrak dira sare publikoan eta bi seme-alaba dituzte. Beraiekin afaltzen nengoen, Tucupitan, eta honako hauek izan ziren, oso-osorik, haren hitzak: "Gu Chavezen alde gaude, bera izan da herri honetan beti ahaztuta egon direnekin gogoratu den lehena. Zaharrek orain pentsio bat jasotzen dute, osasunaren arloan eta hezkuntzan egin diren aurrerapausoak ukatu ezinezkoak dira, etxebizitzan ere bai. Guk geuk horri esker erosi ahal izan dugu etxe hau, gure maisu-maistren bi soldatekin ezinezkoa zitzaigun lehen. Auzune hau berria da, etxe-plan berriekin sortutakoa eta etxe duinak dira, gurea bezalako familia bat eroso hartzeko modukoak. Huts asko ere badaude, inefizientzia handia dago, hezkuntzan egiten diren planak eta jartzen diren helburuak oso modu traketsean eramaten dira aurrera, eta, askotan, gogo gutxi dago okerrak zuzentzeko. Baina gehien haserretzen nauena PSUVek (Partido Socialista Unificado de Venezuelak, Chavezenak) datozen hauteskundeetarako (2008ko azaroaren 13koak) hemen proposatu dituen hautagaiak ikustea da, betiko jauntxo ustelak dira iraultzaile bihurturik, prosezu honi haiek baino kalte gehiago ez dio beste inork egiten. Botoa oposizioari emateko gogoa ere eduki dut baina haien hautagaiak igualak dira. Chavez, ordea, zintzoa da, ahoberoa ere bai, aurkariak xaxatzea gustatzen zaio, baina uste dugu sinisten duela proposatzen duen sozialismoan. Ez da fina, Obama baten xarma apur bat hollywoodianotik oso urrun dago (Bush gaiztoa bezala bera da orain pelikula amerikarraren mutil zintzoa), Lularen korrekzio politikotik oso urrun dago (Lulari denek egiten diote txalo), baina zintzoa da, esaten duena sinesten du, eta bere karismaren arrazoia hor ere bilatu beharko da”



(1)- Dibisentzat bi merkatu daude Venezuelan, ofiziala eta paraleloa edo beltza. Paraleloan egiten den trukea ofizialaren halako bi da, gutxigorabehera. Nik dakidala Hegoamerika guztian Venezuelan bakarrik ematen da egoera hau gaur egun.

(2)- Gasolina Venezuelan debalde saltzen da, erran nahi baita daukan prezioa sinbolikoa dela. Autoaren depositoa bi aldiz bete liteke, oso-osorik, zigarro-pakete baten balioarekin -euro bat inguru-. Eta gogora datorkit, honen harira, Tenerifeko La Laguna hirian ikusitako pintada bat: "No sobran emigrantes, sobran coches".

(3)- Aurrera baino lehen esan dezadan badaezpada, baten batek ez badaki ere, ni gorria naizela, lehenik eta behin eta beste ezeren aurretik gorria, gorria izan zela gure lehen aberrian (Adurtzako errepublika berde, nerabe eta urrun hartan) goiz-goizdanik itsatsi zitzaigun kolorea eta geroztik hari diodala, guztien artean, federik handiena. Oraindik dardarizo batek hartzen dit bizkarrezurra eta beso-ukabilak gora nahian sentitzen ditut bandera iraultzaileak altxatzen ikusten ditudanean. Arrazoiak: a) Egoismo eta konpetentzia (kanibalismo) ekonomikoan oinarritzen den gizarte kapitalista arbuiatzen dut, biolentoa, hondatzailea eta injustua delako. Eta doazela popatik hartzera munduaren jabeak eta bere legeak, elkarren etsai eta gauzen morroi izateko jaio garela sinestarazi nahi digutenak, injustizia naturaren legetzat aurkezten dutenak. Eta doazela pikutara haiekin batera makillajearen artistak, errealismoaren izenean etsipena saltzen dutenak, daukaguna beste mundurik ez dela posible diotenak, konformismoaren eta inertziaren kudeatzaileak, ekonomi-hazkundearen jainkoaren gurtzaileak: sozialdemokrazia eta konbertituak; kapitalismoa lehen bezain biolentoa, hondatzailea eta injustua da haien mozorro eta aitzakiekin janzten denean ere. b) Askatasun indibidualak funtsezkoak dira. Haiek ukatzen dituen sozialismoa ere zapaltzailea da. d) Ierarkiek eta botere-harremanek gizakia giltzapetzen dute. Haiek gabe bizi eta antolatzen den gizarte bat imajinatu behar dugu. e) Dogmak fededunentzat edo/eta alferrentzat. Dena eztabaidatu ahal da, dena pentsatu eta birpentsatu beharko da, eta imajinatu, eta sentitu, eta sortu beste behin ere, behin eta berriz ere. Oso mugatuak gara. Nago izpitxoak baino ez ditugula ikusten, kanpoko errealitatearen izpitxoak, geure barruko errealitatearen izpitxoak, eta beste errealitate batzuk imajinatzen saiatzen garenean ere izpiak eta zantzu lausoak baino ez ditugula geureganatzen. Erraz engainatzen gara. Baina, mugak muga eta engainuak engainu, sinisten dut, baita ere, ez garela hutsetik abiatzen, gure intuizio, arrazoi eta amets zaharrek oinarri sendoak eta zuzenak dituztela. Haiei heldu behar diegu, gidaritzat hartu eta zorrotz defendatu. Eta sortzaile izan daitezela utzi, ekar ditzatela intuizio, zantzu eta amets berriak guregana. Azken helburua askatasuna da, norberarena eta guztiona.

(4)- Misioak programa sozialak dira, ik. http://es.wikipedia.org/wiki/misiones_bolivarianas

(5)- Posta-zerbitzuaren leloa. Lelo iraultzaile guztien artetik hauxe zen nire faboritoa, batez ere Santa Elena de Uairen-eko postetxe patxadatsura sartu (irekita aurkitzen nuenean) eta hango hormetan idatzita ikusten nuenean (jakin gabe, artean, zenbat denbora beharko zuen handik bidalitako postalak Gasteizera iristeko. Orain dela gutxi jakin dut: hiru hilabete eta erdi).


(6)- Ez nituen artean ezagutzen Xabiñ Eizagirre, Aizarnako jesuita jatorra, eta Pedro mendabiarra.

(7)- Kale-intseguritatea, lapurretak, hilketak, indarkeria... Venezuelan denen ahotan dabilen arazoa da. "El criminólogo Anthony Platt ha observado que los delitos de la calle no son solamente fruto de la pobreza extrema. También son fruto de la ética idividualista. La obsesión social del éxito -dice Platt- incide directamente sobre la apropiación ilegal de las cosas." (Eduardo Galeano, "Patas arriba. La escuela del mundo al reves").

Lorenzo Rojo

Corumba, Brasil/Boliviako muga, 2009ko maiatzaren 23an

No hay comentarios: