domingo, 20 de marzo de 2016

Singapur



Blog hau bertan behera utzia dago, edo ia. Hala da, zikloak daude gauza gehienetan eta bidaiaren gorabeherak idatziz jartzeko asmo honi ere halako negualdi bat iritsi zitzaion aspalditxoan, eta hortik irten gabe dirau. Hemendik aurrera zer izango den ez dakit baina esango nuke hibernazioak luze joko duela oraindik ere. Dena den, hona hemen, labur, orain arteko ibilerak eta aurrerantzeko planak.

2014ko abenduan Asiara etorri nintzen Mexikotik, eta geroztik nago kontinente honetan. Filipinak - Hego Korea - Japonia - Filipinak, horiexek izan dira orian arte bisitatutako herrialdeak, eta horixe ordena. Japonian ia sei hilabete egin nituen eta denbora horretan behetik gora eta goitik behera ibili nituen hango bazterrak (Kyushu, Shikoku, Honshu eta Hokkaido uharteak); aspaldiko lagun batzuei bisita egin nien (Tsuneaki Kurosawa Afrikan luzaroan izandako bidaideari, esaterako) eta berri batzuk topatu nituen bideetan (Eneko txirrindulari gernikarra)... Filipinetan ere hilabete luzeak eman ditut eta uharte handi guztietan izan naiz (salbuespen bakarra Samar izan da) eta txikiagoak diren beste asko eta askotan ere bai (Siquijor izenekoan nagusiki). Eta orain dela laupabost egun Filipinetako Cebu hiritik hegazkin bat hartu eta Singapurrera etorri naiz.

Beste ziklo bati ekingo dio bidaiak ere hemendik aurrera. Izan ere, Singapur honetan mendebaldeko norabidea hartu eta etxera bidean jarriko naiz (Malasia, Tailandia, Myanmar, India, Erdialdeko Asia...), Urrutiko helmuga, beraz, Gasteiz da, eta jainkoak nahi badu (beti daukat gogoan Argentinako euskaldun egoskorra) urtebete edo, errazago, urte eta erdi barru La Unión tabernako terrazan egon ninteke kafe hartzen.

Singapurrera bizikleta gainean, edo bestela, iristen zaretenontzat gomendio txiki bat: Tree in Lodge izeneko ostatua (zuen hezurrentzako atsedena non bilatu ez badakizue, behintzat). Jabeak hemengoak dira, Jon eta Aski, eta egun batzuk igarotzeko toki hoberik eta jende zintzoagorik nekez aurkituko duzue. Kanpindenda nahiago baduzue East Park izenekoan debalde kanpatu daiteke.

Eta azkeneko berria. Datorren udazkenean liburu bat kaleratu nahi nuke. Autoedizio txiki bat izango da eta
Singapur, Marina Bay
blog honetan plazaratutako hainbat testu, eta berriren bat edo beste, bilduko ditut bertan.

Ondo izan.