lunes, 10 de agosto de 2015

200.000 km

Burdinazko bihotza dauka eta gurpil nekaezinak: 165.000 km
ibili ditu munduan barrena eta aurrera doa
Bidaia honek 200.000 km bete zituen aurreko batean: pasa den maitzaren 25eko lehen orduetan, Hego Koreako Seoul eta Busan hiriak lotzen dituen bidegorrian, Gumi hiritik gertu, eman nuen berrehun mila kilometroko marka ezarri zuen pedalkada. Bizikletako kilometro-kontagailuek adierazitakoaren araberako zifra da eta uste dut aski zehatza dela. Hasiera-hasieratik erabili nituen aparatutxo horiek eta egunez egun hartu eta apuntatu izan ditut ibilitako distantziak. Gasteizen ibilitakoa --hara itzuli naizen hiru aldietan-- ez dut kontuan hartzen. Hori ere aintzat hartuz gero beste 10.000 bat km gehitu beharko lirateke.

Zifra borobila eta potoloa da hainbeste urteren eta gurpil-biraren buruan Korean lortutakoa, baina askoz apalagoa batezbestekoaren ikuspuntutik begiratzen bazaio: hain zuzen, berrehun mila horiek borobildu eta zazpi egun geroago, ekainaren 1ean, bizikletaldi hau adin nagusira iritsi eta bere 18. urteurrena bete zuen (Japoniako Nagasaki hirian); 18 urte behar izan ditut, hortaz, kilometro mordoxka hori metatzeko, 30 pasatxo eguneko, batez beste. Ibilalditxo bat baino ez. Bizikletak, azken batean, horretarakoxe daude: ez denbora eta distantziak "hausteko", baizik eta, alderantziz, denbora ez estutzeko, abiadura txikiko plazerraz gozatzeko eta paseoak --bizialdi baten adinako paseo luzeak ere bai-- emateko.

Eta amaitzeko beste datu pare bat. Guztira bi bizikleta izan ditut lagun urte eta distantzia horietan, baina orain naramana  da aipagarriena: Zeelanda Berrian erosi nuen bigarren eskutik 2001. urtean (lehena Txiletik hara eraman ninduen hegalaldian hondatu zuten) eta 165.000 km egin ditugu elkarrekin. Eta bigarren datua: Hegoafrikako hego-puntan nengoen (Agulhas lurmuturraren inguruan) 100.000. kilometroa bete nuenean; 2006. urtearen erdialdean izan zen hori eta gutxi uste nuen orduan egindako hura bikoiztu behar zenik!

martes, 7 de julio de 2015

Japonia

Osakan, Daisukerekin

Kim eta Deguchi
Tira, blog honetako aurreko sarreraz geroztik pasa da denbora, eta denborarekin batera herriak eta lekuak. Filipinetan hainbat hilabete eman nituen uhartetik uhartera jauzi eginez, eta joan den maiatzean jauzi handiagoa egin nuen: Cebu hirian hegazkin bat hartu eta Hego Korean lurreratu nintzen, Seoul hiriburuan. Eta hurrena Japoniaren txanda izan da. Zer kontatua badago baina ez naiz orain horrekin hasiko. Japonian nago, Osaka hirian egun hauetan, eta txirrindulari bat ekarri nahi dut orri hauetara, Daisuke Nakanishi, hamaika urtez, 2010era arte, munduan barrena ibili zen txirrindulari japoniarra. Behin baino gehiagotan entzun nuen haren izena han eta hemen, baina orain ezagutu dugu elkar. Eta Daisukerekin batera, beste bi txirrindulari, Kim eta Deguchi. Kim mekanikaria ere bada eta nire bizikletaren ajeei kontu egin ezezik,  bere etxean 
hartu eta ostatu nau egunotan. Atsegin handia izan da hirurak ezagutzea. Eskerrik asko!

lunes, 26 de enero de 2015

Palawan irla




Nondik nora: El Nido - Busy Bees - Taytay - Calauag - Itanyl - Bagung Bayan - Ilian - Tumarbong -  Mendoza - Roxas - Puerto Princesa - Aboabo - Española - Aboabo - Quezon - Berong - Napsan - Bacungan - Puerto Princesa - Port Barton - Roxas - Taytay - El Nido. Guztira: 1079 kms.



Palawan-eko ipar-ekialdean, Tumarbong herriaren inguruetan. Bide asfaltogabeak eta kostalde apartatu bat.