lunes, 1 de abril de 2013

Australiako kontu zaharrak (III)

Australia Europatik aski urrun dagoen tokia baldin bada orain, zer izango ote zen aurreko mendearen hasieran? Hori pentsatu dut Sydney-ko Euskal Txokoan jaso duten gonbidapen harrigarriaren berri entzun dudanean. Badirudi batzuetan mugak, distantziak eta hizkuntz eta kultur diferentziak ezer gutxi direla, hori guztia itzaltzen duen zerbait indartsuagoa bizi daitekeela gure baitan, zerbait askoz garrantzitsuagoa. Zerbait hori bizi bide zen orain dela 65 urte bere herria utzi eta munduaren beste aldera joatea erabaki zuten australiar batzuen bihotz eta buruetan. Canberran, Australiako hiriburuan, omenaldi bat egin behar zaie Espainiako Gerra Zibilean, Nazioarteko Brigadak izeneko taldeetan, faxismoaren aurka borrokatu ziren australiarrei. Carlos, Euskal Txokoko lehendakaria, hara joatekoa da. Honela azaldu dit arrazoia: "Gauza apurra da baina gu han egotea merezi dute. Eroak izan behar ziren, oso eromen ederreko eroak".
.............................................................................

Sydneytik abiatu eta nire jomuga Australiako iparraldeko kostan dagoen Darwin hiria zen. Horretarako ekialdeko kostaldean gora egitea erabaki nuen lehendabizi. Gero mendebaldera jo eta "outback" izenaz ezagutzen den barrualde huts eta mortua zeharkatu beharko nuen.

Sydney utzi eta hurrengo egunetan kostaldetik urrundu eta ipar-mendebaldera hartu nuen, kotoia landatzen den barrualdeko lautadetarantz. Entzuna nuen han lanik bazegoela eta ni horren atzetik nenbilen. Errepide txikiak eta askotan asfaltogabeak hartuz kostaldeko eta barrualdeko lurrak bereizten dituzten mendikateak igaro nituen, Yengo eta Wollemi parke nazionaletan zehar. Australian nengoen, ez zegoen dudarik: kanguroak non-nahi ikusten nituen, handi samarrak, grisak eta beltzak. Batzutan errepidea ziztu bizian zeharkatzen zuten nire aurretik; bestetan irudi iheskor bat baino ez ziren zuhaitzen artetik. Kolore bizietako txori taldeak ere, ugari.

Kotoiaren eremua laua eta beroa da. Herri askotan gelditu eta galdetu egin dut  baina ez daukat zorterik: "cotton chipping" deritzon langintzaren sasoia atzeratuta dator eta oraindik ez dago langile askoren beharrik. Lan baimenik ba ote dudan ere galdetzen didate maiz. Trangie-n Akira japoniarra topatu dut. Zorte hobea eduki du, orain lau egun hasi zen lanean. Trangie herri txikia eta lasaia da, nire gustukoa, baina hemen ere ezezko erantzuna hartu dut. "Lau aste barru", esan didate. Baina ezin dut horrenbeste itxaron. Akira-ri hurrengora arte esan, iparrorratza ekialdera begira jarri eta kostaldera noa berriro, Queensland-eko hiriburua den Brisbanerantz.
..................................................................................
Nongoa naizen galdetzen didate sarri. Batzuk asmatzen saiatzen dira: "Frantsesa al zara?" "Italiarra?". Beste batzuek orokorrera jotzen dute horrenbeste zehaztu gabe: "Zuk Europako hegoaldekoa izan behar duzu, ezta?". Baina aldian behin urrunagoko aberriak ere egokitzen zaizkit. Eguzkiak belztutako larruazalagatik izango da, edo bizarragatik, edo auskalo... Lehengo batean hala galdetu zidaten: "Zu irakiarra al zara?".
..................................................................................
Gaur gauza bitxia eta polita gertatu da. Wee Waa aldera nentorren arratsalde partean abiada onean, haizea atzetik bultzaka nuela. Ingurua zelaia eta berdea da hemen, belardiak eta basoa tartekatzen dira paisaian. Halako batean kanguro talde handia agertu da nire ezkerraldean, 20 edo 25 beharbada, helduak, kumeak, tamaina guztietakoak, eta nire parean kokatu dira errenkadan, bata bestearen atzetik, ilara luze bat osatuz. Abiada bizian zihoazen haiek ere, jauzi luze eta dotoreak eginez eta, horrela, lerroz lerro jarraitu dugu tarte luze batez, elkarren ondotik, norgehiagoka bezala. Nik mirestuta begiratzen nien. Itsasontziei segika, saltoka eta jolasean aritzen diren izurdeak etorri zaizkit gogora. Gero abiada azkartu eta banan-banan zeharkatu dute errepidea nire aurretik, ederrak eta arinak, eta basoaren bestaldean ezkutatu dira.
................................................................................
Garai batean belauntzi batekin egin nuen amets, belauntzi bat eta mugarik gabeko itsasoak... Eta uste dut amets hura betetzen ari zaidala orain, marinela naizela, mundu zabaleko lurrak direla nire itsasoak eta bizikleta bat nire ontzia. Haizeak lagun ditut. Munduko azken bazterreraino heldu ninteke. Zergatik...? Nabigatzea ederra delako.

Darwin, 2002ko martxoak 13