jueves, 10 de enero de 2013
Australiako kontu zaharrak (I)
Aurreko batean, etxeko ganbaran pilatzen diren gauza zaharren artean, aspaldiko paper eta idazki sorta batekin egin nuen topo, ustekabean. Galdutzat nituen gutunak ziren, Australian izan nintzen garaian idatzi eta hainbat laguni handik bidalitakoak. Hona hemen orain dela hamar urteko kontu zahar haiek.
MYALL CREEK
Bingara herri txikia da, beste bat gehiago, ia elkarren kopiak dirudite herri hauek. Gelditu gabe pasatu behar nuen baina kale nagusian turismo bulegoa ikusi dut eta sartu egin naiz. Hango arduraduna edadeko andre atsegina da eta Delungrako errepidean -nire bidean- interes historikoa daukan zerbait dagoela esan dit. Myall Creek izeneko tokian monumentu bat eraiki dutela orain dela ez asko, XIXgarren mendean han hil zuten aborigen talde baten omenez. Halako zerbait ulertu dut behintzat.
Aurrera jarraitu dut. Errepidean ia ez dago trafikorik. Eguerdia da eta bero egiten du. Ingurua bakartia da eta paisaian muinoak, belardiak eta zuhaitz eta zuhaizti bakanak ageri dira.
Myall Creek-en, errepidetik 200 bat metrora, picnic mahai pare bat dago eta bertan, itzalean, eseri naiz. Hauxe da tokia baina monumenturik ez dut ikusten. Nire inguruko belardiaren berdintasunean zuhaitz banaka batzuk dira nabarmentzen den guztia eta urrunago, behealde batean, etxalde bat. Izan ere, ez dago monumenturik hemen. Ez behintzat lurretik gora altxatzen den gisakorik, nik espero nuen bezala, bidezidor bat baizik, azkenean ohartu naizenez. Bidezidorra belar eta elorrien artetik barneratzen da lautadan eta kilometro inguruko ibilbidea osatzen du. Tarteka, 50 metrotik behin-edo, oroitarri bat dago. Eta oroitarriok, bakoitzean grabatutako hitz eta irudien bitartez, 1838. urtean hemen gertatu zen sarraskiaren berri ematen dute.
Urte hartako ekainean dozena bat gizon txuri abiatu ziren zaldiz bere ganadua lapurtu edo zegoen bazkatokitik aldendu zuen jendearen bila. Abeltzainek aborigenen lurrak eta ur putzuak bereganatuak zituzten abelgorria hazteko eta haiek ganadua hil edo urrunduz erantzuten zuten. Gizonak Myall Creek-era heldu zirenean aborigen talde bat topatu zuten han. Inguruko kolonoek otzan eta baketsutzat zeukaten talde hau eta ia gauza ziurra zen ez zeukatela zeikusirik ganaduaren aferarekin. Hala ere, zaldizkoek elkarrekin lotu zituzten 28 gizon, emakume eta haurrak, pilota handi bat osatuz bezala, eta arrastaka eraman zituzten inguruetatik. Gero tiroz eta matxetez denak akatu, gorputz adarrak moztu eta sutara bota zituzten.
Bidezidorra bihurgune pare bat egin eta zuhaitz idor batzuen ondotik igaro da. Han, gerizpe ziztrinaren babesean, harrizko jarleku bat dago eta bertan eseri naiz atseden pixka bat hartzera. Eguzkiak gogor jotzen du eta izerdia tantoka datorkit kopetatik behera. Inguruan ez da beste inor ageri, neu naiz Myall Creek-eko zidorreko ibiltari bakarra. Baina oroitarriek ez dute amaitu bere istorioa azaltzen. Laster itzalaren babesa utzi eta aurrera segitu dut.
Ez, ez dute amaitu. Esaten dute, orain, Myall Creek-ekoa ez zela gertaera berria edo apartekoa izan eta garai hartan burutu ziren sarraski handiagoen testuinguruan kokatu behar dela. Hurrengo oroitarriek datu gehiago gehitzen dute. Ordurako hirietan sektore batzuk nekatzen hasiak ziren horrenbesteko krudelkeriarekin eta hiltzaileak epaituak izan ziren. Lehenengo epaiketan errugabe atera ziren baina bigarren batean gizonetatik zazpi errudun jo zituzten eta urkatuak izan ziren. Hura izan zen aborigenak hiltzeagatik txuriak urkatu zituzten lehen aldia. Hala ere, horrek ez zituen geldiarazi sarraskiak eta ia beste ehun urtez errepikatu ziren halako krimenak. Azkena 1928. urtean.
Bidezidorraren amaieran oroitarri handiago bat dago. Adiskidetzeko urrats bat izan nahi du ibilbide honek -dio- eta Australiako txuriek eta aborigenek elkarrekin eraiki dute.
Ibilbidean atzera egin dut astiro eta hasierako picnik tokira heldu naiz. Toki honetatik bidezidorraren eta oroitarrien arrastorik ez da somatzen. Inguruan dena geldirik dago. Errepidetik, oso noizean behin, motor baten hotsa iristen zait unetxo batez. Gero isiltasuna berriro. Eguzkia zeru-lur bakartien jaun eta jabe da, bero zakarra egiten du. Bizikletako motxila batetik liburu bat atera eta gerizpean eseri naiz, ur-botila ondoan dudala. Eta irakurtzen hasi naiz:
Australiako lehen biztanleak orain dela 45.000/60.000 urte iritsi ziren kontinente honetara eta badirudi itsasoz etorri zirela Indonesiatik, Timor-etik beharbada. Geroztik, Australiako klima eta lurretara egokitu eta hemen bizi izan dira. Orokorrean onartzen da munduan etenik gabe iraun duen kulturarik zaharrenetakoa dela eta batzuek diote Australiako hizkuntz-familia munduko zaharrena izan daitekeela. Euren artea, mitoak eta sinismenak munduko zaharrenen artean daude. Ehiztariak, arrantzaleak eta fruitu-biltzaileak ziren. Ez zeukaten buruzagirik edo aginte-egiturarik. Ez zuten arroparik janzten, ez etxerik edo aterpe iraunkorrik eraikitzen. Ez zuten hazirik landatzen edo abererik hazten. Ez zeukaten zeramikarik. Jabetzaren zentzua ia ezezaguna zen haientzat eta euren hizkuntzetan ez zegoen "bihar" edo "atzo" esateko hitzik.
James Cook nabigatzaileak 1770. urtean ezarri zuen Britaina Handiko bandera Australiako ekialdeko kostan. Esan daiteke une horretan hasi zela kolonizazio europarra eta Australiako aro modernoa. 17 urte geroago Inglaterrak erabaki zuen lurralde urrun eta ia ezezagun hura presondegi egokia izan zitekeela eta bere espetxeetatik lehen lapur eta gaizkile taldea atera, 11 itsasuntzitan sartu eta hara bidali zituen. Guztira 1500 lagun. 1778ko urtarrilaren 26an gaur Sydney dagoen tokira iritsi ziren eta horixe da gaur, hain zuzen, Australiako egun nazionala.
James Cook Australiako ekialdeko kostara heldu zenean sinpatiaz eta harriduraz begiratu zien han aurkitu zituen gizon-emakumeei. Bere egunerokoan hau idatzi zuen: "Batzuek pentsatuko dute lurrean dagoen jenderik mixerableena dela baina gu europarrok baino askoz zoriontsuagoak dira. Lasaitasunean eta berdintasunean bizi dira. Lurrak eta itsasoak bizitzeko behar den guztia ematen diete..." Hondartzan eserita edo kanoa txikietan arrantzan ari zen jende haren jokabideak ere harridura sortu zuen Cook eta bere gizonengan. Etorri berriak han egon ez balira bezala jokatu zuten: "...apenas jaso zituzten begiak bere zereginetatik". Cook-ek honako hau ere idatzi zuen: "badirudi ez dietela baliorik ematen guk eskeintzen dizkiegun gauzei... ematen du nahi duten guztia guk alde egitea dela".
Europar gehienek, ordea, basatitzat hartu zituzten, gizakien mailara iristen ez ziren piztitzat ia. Eta ikuspegi horrek XX. mendera arte iraun du. 1960an, Queensland-eko eskolaliburu batek horrela aurkezten zituen gutxigorabehera eta 1967ra arte Gobernu Federalak ez zituen hiritartzat hartu: ez zituen zentsu nazionaletan sartzen eta ez zeukaten botoa emateko eskubiderik.
Inork ez daki ziurtasunez zenbat bizi ziren Australian europarrak heldu zirenean. 300.000tik 1000.000ra pentsatzen da. Baina XIX. mendearen bukaera aldera 50.000 edo 60.000 baino gehiago ez ziren izango. Kolonoek ekarritako gaixotasunak, batetik, eta sarraskiak eta hilketak, bestetik, izan ziren beherakada horren arrazoia. Gaur egun aborigenak Australiako biztanleriaren %1,5 inguru dira eta nekazal inguruetan edo "outback"ean (Australiako barrualdeko eremu mortu apartatuak) bizi dira.
Lapurtutako Belaunaldiak (The Stolen Generations). Izen hori ematen zaie 1910. urtetik 1970.era bere familietatik indarrez urrunduak izan ziren haur aborigenen belaunaldiei. Gobernuaren politika izan zen eta haurrak estatuaren ardurapeko zentroetara, misioetara edo adopzio-etxeetara bidaltzen zituzten. Gurasoekiko loturak hautsiz, haur horiek "zibilizatzea" eta mundu txurian integratzea izan omen ziren esperimentu horren helburuak. Inork ez omen ditu zenbaki zehatzak ezagutzen baina badirudi hamarren batetik heren batera izan zirela guraso aborigenei lapurtutako haurren kopurua. Esan behar da 1960 arte Australiako estatu gehienetan guraso aborigenek ez zutela bere haurren lege-zaintza; estatuari zegokion eskubide hori eta beraz nahi zuena egin zezakeen. Askotan haurrei esaten zieten bere gurasoak hilda zeudela; beste batzuetan ez zituztela gehiago maite. Gurasoen artean, eta minaren ondorioz, alkoholismoa eta suizidioak goreneko mailara igo ziren. 16 edo 17 urte zituztenean haur hauek "libre" geratzen ziren. Aukera ez zen erreza orduan ere: bere jatorrizko komunitateetara itzuli, ordurako arrotzak zitzaizkien bizimodura eta jendartera edo gizarte txuriko aurreiritzi eta mesfidantzen artean aurrera egiten saiatu.
Azken 20 urteetan Australiako gobernuen politika aldatu egin da. Zenbait kasutan lurrak itzuli dizkiete komunitate aborigenei. Diru gehiago gastatu dute eskola eta hospitaletan eta baita komunitateetako ekimen eta egitasmoei babesa ematen ere. Baina ez dirudi horrek aldaketa handirik ekarri duenik. Gaur egun, bizi-kalitatea eta ongizatea neurtzen duten adierazle guztietan (lana, hospitalizazioa, suizidioak, haurren heriotzak, espetxeratzeak...) aborigenak beste australiarrak baino 2tik 20ra aldiz okerrago daude. Aborigenak australiar txuriak baino 20 urte lehenago hiltzen dira, bataz beste.
Orduak aurrera joan dira. Beroaren erasoa apalduz doa eta laster errepidean egotea zeregin atsegina izango da berriro. Haize leun bat atera du. Zuhaitz eta belar hostoei xuxurlatzen die eta hauek, bere lozorrotik esnatuta, kulunka jarri dira. Zeruan hodei gris beltzak azaldu dira eta haizea da orain Myall Creek-eko ahotsa. Bere desolamenduan badu leku honek hunkigarria den zerbait. Aurrera jarraitu behar dut. Liburua itxi, ordeka bakartiari azken begirada bat eman eta abiatu egin naiz.
Darwin, 2002ko martxoak 14
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
3 comentarios:
En español, la segunda lengua más hablada en el mundo, después del chino mandarín, y antes del inglés, lo podríamos entender mucha gente...; qué pena que así no lo puede leer casi nadie.
Un comentario como el anterior sólo lo puede hacer un español monolingüe incapaz de comprender el mundo en el que vive.
Lo siento mucho por ti y por tu inmensa ignorancia de la que haces ostentación.
Me alegra comunicarte que el imperio aquel en el que no se ponía el sol, hace tiempo que cayó por su propio peso (y pronto lo harán las ruinas que aún quedan).
(Escrito en castellano para que entienda el aludido)
Imagina dezagun Lontxo jauna euskalduna izan beharrean, holandarra izatea eta bere ama hizkuntzan idaztea.
Gaztelerarekin konparatuta, hizkuntza horren hiztun kopurua ez da ezer. Baina komentario berak egingo zuen? Inolaz ere ez. Berari mina egin diona ez da ezer ez ulertzea,baizik eta euskerari dion gorroto ulertezina.
Publicar un comentario