NONDIK NORA: Bellinghan (2012ko abuztuak 18) - EVERETT - Rockport - Winthrop - Tonasket - Sandpoint - Whitefish - Polson - MISSOULA - Salmon - Stanley - BOISE - New Meadows - Council - Enterprise - Walla Walla - Richland - Ellensburg - Leavenworth - EVERETT (urriak 7). Guztira: 3433 km. - EUSKAL HERRIA (2012KO urriak 19).
"On the old highway maps of America, the main routes were red and the back roads were blue. Now even the colors are changing. But in those brevities just before dawn and a little after dusk -times neither day or night- the old roads return to the sky some of its color. Then, in truth, they carry a mysterious cast of blue, and it´s that time when the pull of the blue highway is strongest, when the open road is a beckoning, a strangeness, a place where a man can lose himself." ("Blue Highways" liburutik)
MV
Kennikott, 116 metroko bidaiari eta auto-ontzia, 2012ko abuztuaren
13garren egunean, udako arratsalde garbi batean, abiatu zen Alaskako
Whittier herritxotik eta bost gau eta 1200 itsas milia geroago iritsi
zen bere helmugara, Washington estatuko Bellinghan-eko portura. Bost
egun eskaseko itsas bidaia Alaska eta British Columbiako kostari
hegoalderantz jarraituz, bizikletaz ia hiru hilabeteko ibilaldia izan
zena -Kanadako mugatik Alaskako Anchorage hirira- berdintzeko. Aukera
gutxi nituen Alaskatik irteteko eta azkenean huraxe hobetsi
nuen.
Egun lasaiak izan ziren. Ontziko goiko kubiertan, Solarium
izena zuen areto zabalean, jarri genituen kanpindendak eta zabaldu
lozakuak bidaiari "pobreok" -kabina eta ohe bat bat ordaintzeko beste ez
genuenok- eta, alde horretatik, egun haiek aldaketa gutxi ekarri zieten
nire ohiturei: ordurarte bezala kanpatuta eta koltxoneta mehe baten
gainean igaro nituen gauak -eta baziren horrenbestez bi hilabete,
oso-osorik, ohe baten biguna dastatu gabe- eta otorduak ere neronek
prestatzen jarraitu nuen, ez baso eta tundrako kanpaldietan gauero
pizten nuen gasolinazko su txikian, baizik eta kafetegiko mikrouhin labe
aseptikoa erabiliz. Muga horiek ezartzen zizkien MV Kennikott-ek gure
ohitura nomadei. Baina berritasun nagusia itsasoa zen, noski. Bertan
zegoen, orain, zapaltzen nuen lurra eta bizikletaren eskulekuari barik
kanpoko kubiertako burdin-hesiari helduta so egiten nion inguruko
munduari. Begiratoki
horretatik zaintzen nuen Kennikott ontziak Barne Itsasbidea -The Inside
Passage-
deritzon kanal eta uharte-labirintoetan barrena egiten zuen
aurrerapena. Zeru garbiak eta itsaso barea lagun, trabarik gabe gozatu
ahal izan nuen kostalde hurbileko baso,
mendi eta gailur txurien edertasuna eta baita begiztatu ere, noizik
behin, ur urdinetatik ernetzen ziren baleen bizkar ilunak eta ondorengo
ur-zorrotada airean. Gauez sehaska handi baten itxura hartzen zuen MV
Kennikott-ek: bere kulunka leunarekin hartzen ninduen loak eta halaxe
esnatzen goizak.
Bellinghan-era iritsi ginen goiza ere ederra
atera zuen, eguzkitsua eta epela. Anari, ontzian ezagutu nuen Zaragozako
neskari, eta bere mutilagunari agur esan -Alaskako izokin faktoria
batean lanean arituak ziren- eta portuaren inguruko kale atseginetan
barruratu nintzen. Jack eta Isa, egun hartan ostatu behar ninduten
Warmshowers-eko kideak (1), zain nituen eta haiek bizi ziren auzo aldera
jo nuen. Gogoan dut haruntza nindoala gertatu zen zerbait: nire ondotik
pasatzean auto baten gidariak abiadura moteldu eta burua leihatilatik
aterata oihu egin zidan: "Good luck wherever you go!!" (zoazen
tokira zoazela, ondo ibili!!). Eta besterik gabe, niri ezer esateko
betarik eman gabe, aurrera segitu zuen. Estatu Batuak, ustekabez eta
kontrastez betetako herria: aldizka hain arrotza eta urruna, aldizka
hain ederra eta
abegikorra.
Bellinghan-eko goizak seinale onak eskainiz ematen zidan ongi etorria.
Jack
eta Isa bikote ezin jatorragoa suertatu zen. Jatorriz txinatarrak
-cantoneraz eta mandarineraz zekiten- kanadiar nazionalitatea zeukaten
eta Estatu Batuetan bizi ziren. Haien etxean bi gau eman eta
biharamunean Everett aldera abiatu nintzen, Wall anaiak agurtzera.
(1) Warm Showers: bizikleta -bidaiarioak elkarrekin harremanetan jartzea eta elkarri laguntzea xede duen nazioarteko taldea.
jueves, 25 de octubre de 2012
Suscribirse a:
Entradas (Atom)