miércoles, 23 de junio de 2010

San Pedro de Atacama (Txile). 2010eko ekainak 23

Si no creyera en la locura
de la garganta del sinsonte
si no creyera que en el monte
se esconde el trino y la pavura.
Si no creyera en la balanza
en la razón del equilibrio
si no creyera en el delirio
si no creyera en la esperanza.
Si no creyera en lo que agencio
si no creyera en mi camino
si no creyera en mi sonido
si no creyera en mi silencio...
 

Silvio Rodríguez



Zazpi gau, zazpi egun eta erdi, behar izan ditugu San Antonio de los Cobres-etik San Pedro de Atacamara etortzeko. 350 km inguru, horietatik gehienak 4000 metrotik 4500 metrora bitarteko altueran egindakoak. Asfaltatu gabeko pista kaskar samar batek (uhindua, hondartsua...) lotzen ditu bi herriak eta bi nazioak, Paso Sico mendi igarobidetik zehar (ez da hau inguruotako igarobide bakarra, iparralderaxeago Jama dago, asfaltatua eta trafikoak hobesten duena). Azken partean, San Pedro-ra iritsi baino lehenagoko 109 kilometroetan - Socaire herritik aurrera-, asfaltoa agertzen da. Trafikorik ia bat ere ez. Itxura batera, egun askotan (gehienetan?) ez da inor ere igarotzen Sico-ko mugatik. Kamio handi banaka batzuk eta turista abenturazaleren bat edo beste izaten dira, aldian behin, bide bakarti hauek aukeratzen dituzten ia bakarrak.

Toki apartatuak eta apartak. Puna altu, hotz eta hutsa. Puna menditsua ere bai. Izan ere, Paso Sico ez da mendate bat, mendate eta gailur sorta bat baizik. Igoerak eta jaitsierak etengabeak dira, alturarik handienak 4500 metro ingurukoak. Muga bera ez dago goi batean baizik eta Argentinako aduanan hasi eta 24 km luze den igorera baten erdian. Kanpatu izan dugun egunetan (7tik hiru izan dira) zero azpiko 10 graduko tenperaturak izan ditugu goizez (denda barruan!).

Belar hori ziztrin batzuk izaten dira goi lehor eta ilun horietan hazten diren landare ia bakarrak. Koloreok urre eta brontze bihurtzen ditu eguzkiak ilundu baino lehenagoko orduetan. Ikuskizun ederra. Zeruak urdinak izaten dira egunez, gauez izarrez beteak. Goi-aintzirek, gatz lautaden zuriuneek, maldetako elurrak eta sumendien konoek areago edertzen dute paisaia. Zeharkaldi bikaina eremu austero eta urrunen edertasuna gogoko dutenentzat.

Socairetik aurrera aldatu egiten da paisaia. Are ilunagoa, soilagoa, lehorragoa bilakatzen da. Hondarra eta harria, ia besterik ez. Atakamako desertuan sartu gara, munduko deserturik lehorrenean. Hortxe dago San pedro de Atacama (2400m), oasi txiki bat.

San Pedro de Atacama pezozko herritxo bat da, lasaia, umila. Hala ere, badu berezitasunik: azken hamarkadotan Txile iparraldeko turista eta motxileroen bilgune nagusia da. Ostatuz, hotelez, jatetxez eta bidaia agentziaz beteta dago. Herrixka ahaztua zena munduko bidai-gidaliburu guztietan azaltzen da orain. Zerk erakartzen du hona halako jendetza (gu tartean)? Inguruotan dagoen naturak eta natur ikuskizun apartek, dudarik ez. Baina baita ere, gure baldarkeriak, taldeka eta bakarrik izen handiko guneen inguruan mugitzeko daukagun joera motzak.

Ekainaren 17an iritsi ginen hona (Neil eta Harrietekin nago oraindik) eta bihar abiatuko gara. Boliviara goaz Portezuelo Cajon izeneko mendi-pasabidean barrena. Hortik Eduardo Avaroa parke nazional ospetsura sartuko gara (Laguna Blanca, Laguna Verde, Laguna Colorada...). Boliviako altiplanoko bazter oso altu, apartatu eta ederra omen da hori eta duela 11 urte jakin nuen, aurreneko aldiz, haren berri. 2008an Hegoamerikara itzuli nintzenean bi helburu garbi neuzkan: Montevideora bueltatzea bata, eta bazter hau ezagutzea, bestea. Hala ere dudatan egon naiz atzo arte, joan ala ez. Arrazoiak? Tourrak eta jeepak etengabe abiatzen dira orain hara, bai hemendik, bai Boliviako Uyunitik. Toki urruna eta "basatia" zena modako bihurtu da. Lehen txirrindulari banaka batzuk baino ez ziren ausartzen estepa altu (4500-5000m) eta hotz horietan ibiltzera, orain denok joan nahi dugu hortik. Parkera sartzeko tarifa ere nabarmen igo dute orain dela gutxi.

Dena den, ez naiz Bolivian luzaroan geldituko. Iparralderaxeago Txilera berriro sartzea da nire asmoa, eta Atacamaco desertuari aukera bat (azkenean!) ematea. Santa Maria de Iquique ezagutu nahi dut, nitrato-meategien inguruan sortu ziren herriak -gaur abandonatuak asko- bisitatu. Santa Maria de Iquique: nerabe ginela aditu genuen izen hori aurreneko aldiz. Nire belaunaldiakoek jakingo dute agian zergatik.

Santa Maria de Iquique-tik Aricara (ipar-iparrean, Peruko muga ondoan) eta handik bai, La Paz aldera, Tambo Quemadoko mugatik (4660 m). Ustekaberik ez bada lau bat aste barru La Pazen egotea espero dut.

miércoles, 9 de junio de 2010

San Antonio de los Cobres (Argentina). 2010eko ekainak 9

The future is not some place we are going, but one we are creating. The paths are not to be found, but made. And the activity of making them changes both the maker and their destination. (John Schaar/Matt Pierle)


San antonio de los Cobres herri zarpail samarra da, ez munduko ez Argentinako politena, baina bai lasaia eta adiskidetsua. Jende ona da hemengoa. Argentinako ipar-mendebaldeko puna altu eta hotzean dago, Saltako probintzian. Etxe asko, edo gehienak, oso umilak dira, pezo hutsez egindakoak; biztanleak etnia andinokoak. Izan ere, Boliviarekin antz handiagoa dute inguru hauek Argentina zuri eta "europarrarekin" baino.

Herenegun iritsi ginen hona, Argentinako mendaterik altuena, eta kontinenteko altuenetakoa, igo ondoren: Abra el Acay (4859 edo 4970 m.). Igoera bikaina eta paraje bakarti eta -nire gusturako- eder-ederrak. 4000 metroko altueran kanpatu genuen -lehen bihurgunearen azpian, errekaren ondoan- eta biharamunean 13.5 kilometrotan egin genuen gailurrerainoko azken tartea, gogorrena. Nire urguiluaren alde zera esango dut, bizikleta gainean egin nuela bide guztia eta, baldintzak kontuan hartuta, aparteko nekerik gabe; nire Inglaterrako lagun gazteek (www.pikesonbikes.blogspot.com), ordea, oinez igo behar izan zuten hainbat zati. Haize handia zebilen eta geldialdi ugari egin genituen bidean: goizeko hamarrak hamar gutxitan abiatu eta ordu bi eta laurdenak arte ez ginen tontorrera heldu. Bidea asfaltatu gabea da baina ez txarra. Errekasto izoztu zenbait zeharkatu beharra dago urte garai honetan, beste oztoporik ez genuen aurkitu. Paisaia punakoa, zabala eta soila. Bikuina edo guanako talde handiak zebiltzan maldetan. Kolore arreak nagusi, tarteka horiska batzuk ere bai, hango belarrek jarritakoak. Egun guztian (igandea) auto bat ere ez zen igaro baina bai, ordea, hiru moto: aleman bat eta bi argentinar, eta hirurak, gu bezala, bertara dibertimenduagatik joandakoak.

Ez dira aldapak eta alturak beldurtzen nautenak, hotza baizik. Neguan gaude eta kanpatu egiten dugu gehienetan, beste aukerarik ez digute uzten ingur bakarti hauek. Egunak eguzkitsuak izaten dira baina gauak hotzak. Goizez, adibidez, zero azpiko 8 graduko tenperaturak izan ditugu azken egunotan (Neil arduratzen da neurketa horietaz). Denda barruan hiru bat gradu gorago, uste dut. Nire lo-zakua ona zen erosi nuenean baina 25 bat urte pasa dira harrezkero... Neil eta Harriet, nire kideak, askoz hobeto moldatzen dira arlo horretan (maiatzaren 22tik gabiltza elkarrekin Neil, Harriet eta hirurok. Tinogasta baino lehentxoago egin genuen topo. Ushuaiatik datoz eta ausartak dira, ez dira bide errazekin konformatzen. Bakarrik egotera ez dut uste nik bide hauek aukeratuko nituenik, ez Abra El Acay behintzat, hori zor diet. Izan ere, Agua Negra-ko esperientziak "hoztu" egin ninduen, zuhurtu).

Oso bizimodu "basatia" daramagu, hiririk ez dut oso aspaldian zapaldu, herrietara noizean behin baino ez gara sartzen. Argentina harribitxi bat da eta bere "ruta 40" ospetsua (5200 km guztira, http://es.wikipedia.org/wiki/Ruta_40 ) ikaragarri ederra, ametsa zikloturista batentzat. Uste dut aukera ona izan zela Atakamako desertuari muzin egin eta Argentinara ostera etortzea. Azken partea, Cafayatetik Cahi-ra eta Cachi-tik hona Calchaqui bailaretan barrena datorrena, aparta da.

Ez dira amaitu mendiak eta inguru urrunak eta gutxi zapalduak guretzat. Hemendik Txilera goaz Paso Sico izeneko mendi pasabidetik. Pasa den astean itxita zegoen elurragatik baina, atzo gendarmeek esan zigutenez, zabalik dago ostera. Haizea omen da problema, mendebaldetik jotzen du egunero indar handiz, eguerditik aurrera. 7-8 egunetarako jana eramango dugu. Eta, ondoren, Boliviara. San Pedro de Atacama-tik hara doan bidea ere ez omen da nolanahikoa, eder-ederra eta oso altua eta hotza (gauez) ere bai. Beroa eta epeltasuna La Paz-etik aurrera aurkituko ditut berriro (Inshala!), oihanera jotzeko asmoa baitut handik. Sorpresa atsegina izango dira, dudarik gabe.

Halaxe. Hotza gorabehera, ez daukat kexatzeko bat ere motiborik. La Paz-era iritsitakoan emango dizuet harako bidearen berri. Txiletik Argentinara igaro nintzeneko egunek ere (beste mendate altu bat, Paso de Agua Negra, 4780 m.) merezi lituzkete hitz batzuk, berezitxuak izan ziren-eta. Ea ba.

Segi ondo.


AGUA NEGRAKO MENDATEA

Ai, egaztia banintz, gaiñik-gain nenbilke!

Eric Savard lagun zaharrari agur esan eta apirilaren 28an abiatu nintzen Los Andes-etik, goiz eguzkitsu batean. Kostaldeko errepide nagusiari, "panamericana" delakoari, muzin egin eta barrualdeko bide lasaiak -asfaltatu gabeak askotan- hartu nituen, iparralderantz. Putaendo, Cabildo, Illapel, Cuesta del Espino, Combarbalà, Monte Patria, Ovalle, Samo Alto, Hurtado, Vicuña... mendiak eta inguru lasaiak -tarteka bakarti samarrak- atsegin badituzu horra hor ibilbide benetan eder bat. Santiagoko auzune dotoreek eta, oro har, hiriko giroak, beste mundu batekoak dirudite Txile baserritar eta umil honetatik ikusita.

Eskualde menditsuak dira aurrekoak, biztanle gutxikoak, isilak, kolore eta apaindurarik gabeak, lehorrak. Iparralderago dagoen basamortuaren eragina gero eta nabarmenagoa da. Indar eta edertasun handiko parajeak, guztiarekin ere. Bideak bailara batetik bestera jauzi egiten du etengabe, kaktusekin zipriztindutako maldetan gora eta behera eginez, aldian behin tunel estuak eta ilunak zeharkatuz, nekazari eta mehatzarien herritxoetara presarik gabe jeitsiz. Han, beheko ibarretan, soro emankorrak eta arboladiak dira nagusi. Udazkeneko kolore biziak eta ilun-arreak nahasten dira paisaian. Kontrastea ikusgarria da.

Batzuetan, Cuesta del Espinon bezala, guztiz paraje mortu eta bakartietan barneratzen da bide zaharra. Mehatzari banaka batzuen gordeleku diren mendi zoko hits haietan arboladiak oasiak dira eta zuhaitz horituen distirak begiak itsutzen ditu.
Gau batean, inguru hartan kanpatuta nengoela, euri hotsa aditu nuen dendaren sabaian. Biharamunean urrutiko gailurrak zurituta ikusi nituen. Hurbilagokoetan elur izpiek doi-doi estaltzen zuten arroka beltza.

Bi egun geroago Ovalle hirira iritsi nintzenean karabineroen koartelera jo nuen zuzenean (karabineroak Txileko polizia dira). Agua Negrako mendatea irekita ote zegoen jakin nahi nuen. Agua Negra (4780 m.) mendikatea -"la cordillera"- zeharkatu eta Txile eta Argentina lotzen dituen pasabide altuenetakoa da. Ederrenetakoa ere bai, entzuna nuenez. Horixe zen nire asmoa: Atacamako desertuari uko egin eta Argentinara handik sartzea; iparralderantz egingo nuen gero, mendikatetik asko urrundu gabe, eta Jujuy inguruan mendiak beste behin zeharkatu eta Txilera itzuliko nintzen. Baina justu samar nenbilen: elurrak maiatz inguruan ixten du urtero Agua Negra eta hurrengo udaberrira arte ez da zabaltzen.

Ovalle-ko karabineroen burua gizon berritsua zen eta Europa ezagutzen zuen. Luze jardun zuen nirekin hizketan nik espero nuen telefono deia egin baino lehen. "...tengo aqui un turista que quiere entrar a Argentina por Agua Negra... necesita saber cùal es el estado de la ruta... si... ¿mucho frio?... ¿pero no como para morirse, verdad?..." Telefonoa eskegi eta irribarretsu begiratu zidan: "El paso està habilitado. El ùnico problema son las bajas temperaturas. Pero se nota que vas bien equipado... vas a tener que sacar todos los goretex que llevas en esas bolsas..". Berak uste baino goretex gutxiago zegoen poltsa haietan. Dena den, haietxek ziren -hotza gorabehera- nik entzun nahi nituen hitzak. Eskerrak eman eta pozik irten nintzen polizia-etxetik.

Vicuña (600/700 m inguru) Agua Negra-ko mendatea igotzeko abiapuntutzat hartu daiteke. Neurriz herri ertaina da, izatez lasaia eta txukuna. Eraikin alturik ez dago eta etxe askok, edo gehienek, pezozko paretak dituzte, zuriberrituak. Hotelak eta kanpinak daude eta supermerkatu bat (1).

Hara sartu nintzen arratsalde eguzkitsuan supermerkatura hurbildu eta sei bat egunetarako erosketa egin nuen (1200 gramo espageti, sei lata sardina eta atun oliotan, berrehuna gramoko sei tomate poltsa, tipulak, kilo erdi olo, 400 gramo esne hauts, kilo erdi azukre, tea, kilo erdi ezti, kafea, intxaurrak, lau pakete gaileta). "Residencial La Elquina"ra abiatu nintzen ondoren, gelak ezezik kanpatzeko tokia ere eskaintzen baitute ostatu lasai hartan. Dutxa bero bat hartu, aspaldiko partez, eta mapak aurrean zabalduta kalkuluak atera nituen, beste behin ere: Vicuñatik Txileko aduanara 90 km inguru zeuden, asfaltatuak; aduanatik mendateko gailurrera beste horrenbeste, edo gutxixeago, asfaltogabeak. 180 km. guztira eta 4000 bat metroko igoera. Ustekaberik ez bazen lau egun beharko nituen mendatea igotzeko. Mendateko gailurretik Argentinako aduanara, eta lehen herrira, 90 km gehiago. Beste egun bat edo, ziurrago, bi. Eguraldi iragarpena ona zen, gutxienez lau egun bikain agintzen zituen biharamunetik hasita.


2010eko maiatzak 7, ostirala. Lehen kanpalekua: Vicuñatik 58 kmra

Goiz ederra atera du. Etxeko ogi egin berria erosi (bi kilo), Elqui ibaia zeharkatu eta 10ak inguruan hartu dut mugarako bidea.
Vicuñatik aurrera errepideak hainbat herritxo zeharkatzen ditu, mahastiekin landatutako ibar estu batetan sartu eta handik gora egiten hasi baino lehen. Herri horietako batean txarteltxo bat ikusi dut, halako batean, etxe baten aldamenean: "Se vende miel". Begiak hitz horietan korapilatuta geratu zaizkit, hankak pedaletan trabatuta. Duda eta protesta pixka bat egin dut (leporaino zamatuta zihoan bizikleta) baina laster amore eman diot nire barruko hartz gozozaleari. Atea jo eta kilo erdiko (beste) pote bat eskatu dut. Hura non kokatu asmatu ezinik nenbilela ezti saltzaileak, edadeko senar-emazte bikote bat, hurbildu zaizkit eta begira gelditu. Esan du gizonak:

- ¿Y va para Agua Negra? Los carabineros no le van a dejar pasar, va a ver. Hace mucho frio en la cordillera, se puede escarchar...
Esan du gero andreak:

- ¡Uy! ¡y asi de cargado! ¿llegarà?


Vicuñatik 58 kilometrora kanpatu dut, mahastiak eta Guanta (azken herria) pasa eta aurreraxeago, ur berdeko errekaren ondoan.


2010eko maiatzak 8, larunbata. Bigarren kanpalekua (2500 m.): Txileko aduana pasa eta 15 kmra. Guztira: 48 km.

Sakan edo bailara estuaren barrenetik doa errepide zabala aduanarantz. Bideak Ande mendiak bilatzen ditu malda lehorren arteko itxituran gero eta gehiago barruratuz. Tokia ederra da, bakartia eta soila, harrien artetik ernetzen diren zuhaixka eta sastraka bakanak dira hemengo apaingarri ia bakarra. Erreka beti ondoan, arsenikoak ematen dion kolore berdearekin.

Errepideak trafiko gutxi bideratzen du, autoen motor hotsa oso aldian behin baino ez du adituko handik dabilen txirrindulariak. Asfaltoak -itxura guztien arabera jarri berriak- korridore ilun, zabal eta sendo bat marrazten du haran txikiaren sabelean. Lur zelai ia guztiaz jabetzen da eta hala dirudi zenbaitetan, alboan duen ur berdeko erreka ere zokoratu egin dela eta aldameneko malda zaharrak atzeratu eta kuzkurtu, hari lekua eskaintzeko. Malda horietako batean, asfaltoa dagoen tokitik goraxeago, antzinako mandabide baten aztarnak ageri dira. Oraindik zutik daude, tarte askotan, hari eusteko jaso ziren harrizko hormak. Beste batzuetan denborak eta harritxintxar-jauziek lurperatuta utzi dute bide meharra. Hari begira-begira noa eta iraganaren arrasto hori Egiptoko piramideak baino ederragoa iruditzen zait, eta misteriotsuagoak bere sekretuak. Nork eraiki zuen? Zenbat denboran? Nor ziren urratsez urrats hemendik barneratzen zirenak? Nondik zetozen? Zer garraiatzen zuten? Oroitzen al da inor mundu hartaz ala asfaltoak eta berak dakarren abiada berriak hari hori ere eten dute? Bide zaharraren aldean zatarra begitantzen zait ni araman errepidea. Handiegia, harroegia, axolagabeegia. Badaezpadakoa.

Bailara estua da, tarte batzuetan errepidea eta erreka justu-justu pasatzen dira bertatik. Aldapa ez da oso handia. Txileko aduana (Junta del Toro du izena, 2120 m.) zabalero batean dago, bi errekaren gurutzean. Erreka berdea utzi eta ur garbiko baten ondotik joango naiz hemendik aurrera. Harritu egin naiz aduana handi eta berri hori ikusita, trafiko eta garrantzi gutxiko igarobidea baita Agua Negra. Pasaportean irteerako zigilua jarri eta hemendik aurrerako bideaz galdetu diot ofizialari: "El asfalto se acaba aqui. Unos cuatro o cinco vehículos en total estan cruzando cada día la frontera, en los dos sentidos. A 3100 m. de altura hay una laguna y un campamento de los trabajadores que mantienen la ruta" "¿Y después?", nik. "Después nada. Usted y los dioses. Tendrá que hablar con ellos si se aburre"

Menditarte estu bat aduanatik aurrera ere. Bide zaharraren arrastoa hemen da oraindik. Beste lekurik aurkitu ez eta pistaren ondo samarrean kanpatu dut, 2500 metroko altueran, hegoaldera begira. Zerua izar eta nire aurre-aurrean Hegoaldeko Gurutzea.


2010eko maiatzak 9, igandea. Hirugarren kanpalekua (3500 m.): LLano de Las Liebres. Guztira: 36 km.

Atzo aduanako ofizialak emandako informazioa ez zen zehatza. Ez, behintzat, langileen kanpamenduei dagokienez. Hona hemen gaurko bidearen deskripzioa, mugarri batzuk eta distantziak (gorabehera txikiak egon daitezke distantzietan eta alturetan):

Aduanatik 25 kmra: errepideko langileen lehen kanpamendua.
Aduanatik 31,5 kmra: "La Laguna" goi-aintziraren hasiera, 3100m. (bidea haren ertzetik doa, polita)
Aduanatik 37,5 kmra: "La Laguna" goi-aintziraren amaiera (hemendik aurrera bideak kolore iluneko erreka bati jarraitzen dio, goraka)
Aduanatik 42 kmra: "La Colorada" artzain txabolen hondakinak, 3200m. Mendi erreka garbia.
Aduanatik 45 kmra: artzain txabolen hondar gehiago. Ur garbia.
Aduanatik 50 kmra: "Llano de las liebres", 3500m. Zabalgune handia, langileen bigarren eta azken kanpamendua.

Mendi inguru ederrak, askotariko koloreak maldetan. Gero eta handiagoa da dena, gero eta basatiagoa. Langileen kanpamendutik gertu jarri dut denda. Gaua da baina goiko maldetan lanean segitzen dute makinek. Hemendik mugara 40 bat km daude eta mila metro baino gehixeagoko igoera. Bihar Argentinako aldean kanpatu nahi nuke.


2010eko maiatzak 10, astelehena. Laugarren kanpalekua (4300/4400m ). Guztira: 26 km.

Esnatu naizenean izotza zegoen ur botilen barruan.
Goizeko 9etan abiatu naiz, ohi baino lehenago, mendateko gailurrera arratsa baino lehen iristeko asmoarekin. Bidea kaskar samarra izan arren ondo aurreratu dut, astiro baina sendo. Nere inguruan harkaitzak, errekastoak, elurguneak, mendien handitasuna... 4000 metroko altueran artzain txabolen hondarrak daude, ura eta kanpaleku egokiak (azkenak gailurra baino lehen). Kera bat egin dut han eta zer edo zer jan. "Los Corrales" du izena paraje horrek (64,5 km aduanatik). Handik aurrera gauzak okertzen hasi dira, buruko mina izan da lehen seinalea. 4300 edo 4400 metroko altueran (ezin ziurtasunez jakin, altimetroaren orratza 4100ean trabatzen da, ez du hortik gora joan nahi) oso nekatuta nengoen. Gelditu eta ahalegin bat eginda pare bat intxaur jatea lortu dut. Buruko mina ezezik botatzeko gogoa ere banuen. Gailurrera iristeko 10 edo 12 kilometro faltako zirela kalkulatu dut. Aurrera egin nahi izan dut baina bizikleta gainera igo orduko konturatu naiz alferrik zela. Pedalei bi buelta eman eta oinak lurrean pausatu behar izan ditut berriro. Ezin metro bat gehiago egin, pot eginda nengoen, ahituta, hustuta. Hantxe jakin dut ez nintzela gailurrera iritsiko, gaua toki hartan pasa beharko nuela. Alturako gaitzak jota nengoen, "apunado".


Ingurura begiratu eta ikusi dudana ez zait askorik gustatu. Irtenbiderik gabeko haran txiki baten bukaeran nengoen, pistak 90 graduko bihurgune bat egin eta norabidea aldatzen duen tokian. Inguruan tontorrak eta harkaitz garaiak nituen, gertu samar. Toki ospela, inondik ere. Mendi zulo altu bat. Goiz zen, arratsaldeko 3ak inguru eta eguzkia, artean, goian zegoen, baina ez zuen iraungo haren beroak, beheraka zihoan eta laster gordeko zen tontor grisen atzetik. Bizikleta utzi eta oinez hasi naiz, batera eta bestera, kanpatzeko toki egoki baten baten bila. Harria eta elurguneak, han ez zen besterik. 30 minutu pasa ditut tokia aztertzen, gora eta behera, luzamendutan. Ez zidan bat ere pozik ematen han kanpatu beharrak, hori zen kontua. Azkenean, etsita, bazter bat aukeratu dut, bihurgunetik ez oso urrun. Lurra pixka bat berdindu eta hantxe jarri dut denda. Kanpalekua itzaletan zegoen ordurako, hozkailu bihurtzen hasita. Ura berotu eta kostata edan dut prestatu dudan tea. Arropa guztiak jantzita sartu naiz lo-zakura.

Etzanda eta gora begira: grisa, hotza eta tristea da dendaren oihaletan pausatzen den argi motela. Isiltasuna erabatekoa da. Glaziazioa aurrera doa, kanpoan eta barruan.
........................................................................................................................

Astiro doaz orduak aurrera... loak hartu, esnatu, loak hartu, esnatu... behin eta berriro. Esnaldietako mundua iluna eta hotza da. Kizkurtuta nago zakuaren barruan, belaunak altzoan bilduta. Burua ahotsez beteta daukat, Agua Negrako jainkoak hizketan hasi dira eta ez didate bakerik ematen:

- Larri ikusten zaitugu, lagun, gaixorik, makal, eroria... eta hotzak, pilota bat bezain kiribilduta zaude... A ze gauza txarra den hotza!! Zure zaku zahar horrek aspaldian eman zituen bere onenak, ez al zinen lehenago konturatu...? Dena den, larriagoa izan daiteke biharkoa. Daitekeena da ondoezik eta indarrik gabe esnatzea, ziurrena gure ustez. Zer egingo duzu orduan? Ez zara gauza izango gailurrera iristeko...

- Oinez eta bizikletari bultzaka igoko naiz. Hamar edo hamabi kilometro besterik ez dira...

- Inozoa!! Metro bat aurreratzeko gai ez zinen ordu batzuk lehenago! Bihar zure hanken gainean egoteko moduan baldin bazaude, gaitz erdi. Eta 60 kiloko zama arrastaka eraman nahi duzu? Aldapan gora? Txantxetan ari zara? Ala gu engainatu nahian?

- Autoren bat pasako da agian...

- Amore emango duzu orduan, burua makurtu. Noizbait gertatu behar zen, jakina...

- Ez, ez dut amore emango (amorruz)!! Aurrera ezin badut, bizikleta gainera igo eta Vicuñara bueltatuko naiz. Eta Txilen barrena jarraituko dut San Pedro de Atacamaraino.

- Aukera bat da, bai, metroz metro eta egunez egun hain astiro irabazitakoa galtzea... noiz eta orain, gailurretik hain gertu zaudela...

Isiltasuna. Ez luzaroan.

- Maiatzean gaude lagun, eta maiatzean, zuk ondo dakizunez, elurrak urtero zuritzen ditu goi hauek. Eguraldi onak ez du luze iraungo. Daitekeena da bihar zuk espero duzun zeru garbiaren ordez laino grisekin zabaltzea eguna. Beharbada laino horiek bidean dira dagoeneko, beharbada elurra mara-mara hasiko du laster... Karabineroek honezkero beste aldean zaudela pentsatuko dute... inor ez da zure bila etorriko. Zure egoera delikatu samarra izan liteke hemendik gutxira, larria ere esango genuke guk...

Dardarizo batek hartu dit bizkarrezurra. Areago kuzkurtu naiz zaku barruan.

- Motxila txikia prestatu eta behera abiatuko naiz oinez. Langileen kanpamendua 26 kilometrora dago, han aurkituko dut aterpea...

- Iritsiko zinateke? Zauden moduan egonda? 26 kilometro... zenbat ordu beharko zenituzke?...sei, zazpi, zortzi? Gainera elurrak denbora gutxi behar du bideak ixteko. Kanpamendura iristea lortzen baduzu ere zure bidaiarenak egingo du, bizikleta eta daukazun guztia galduko duzu... akabo zure ibilerak!

- Zoazte pikutara!

Beste isilune labur bat.

- Badakizu, lagun, non zauden, ezta? Txilen, bai. Eta badakizu Txileko lurra... oinarri ahulekoa dela, ikaratia... Eta dardarka hasten bada gau honetan bertan? Eta aldemeneko harkaitz puska hori gainera erortzen bazaizu...?

- Erotu al zarete?! Ez zarete kapaz izango!


2010eko maiatzak 11, asteartea. Boskarren kanpamendua (Argentinako aldean, 3100 m.). Guztira: 64 km.

Etenik gabe zirikatu naute Agua Negrako jaungoikoek, esnaldi luzeetan bere isekak eta mehatxuak behin eta berriro entzunaraziz. Goizeko zazpiak inguruan tonu grisaxka bat hartzen hasi da nire inguruko iluntasun beltza eta egunsentiaren lehen zantzu horrek biziki poztu nau. Kremailerak ireki eta burua kanpora aterata zerua aztertu dut: ilun zegoen artean baina lainorik ez zen ageri, argitasun apurra aski zen horretaz ohartzeko. Itxuraz beste egun eder bat ekarri behar zuen, elurrik ez zuen berehalakoan egingo. Dendako atarian utzitako ur-botilak ikutu ditut: guztiz izoztuta zeuden, harria bezain gogor. Dena jasotzen hasi naiz. Elurra urtu eta kafesnea prestatu dut. Gaileta batzuk ere jan ditut. Buruko mina han zegoen artean baina arinduta, dexente baretuta. Denda jasotzera nindoala tabako-paketea, aurreko arratsaldean bazter batean nahiezik utzitakoa, ikusi dut, eta erretzeko gogoa egin zait. Ez dut erre baina seinale ona iruditu zait, gorputza bere onera zetorren apurka-apurka. Abiatu baino lehen bizikleta-poltsetako gako bat apurtu da eta hura aldatzen denbora puska bat eman dut. Hamarrak inguruan ekin diot aldapari. Eguzkia ordurako gora zegoen, harkaitzen gainetik bere bidea eginez. Goxoa zen bere izpien beroa eta goxoa bere argia: gaueko larritasunak funtsik gabeko amesgaizto bat zirudien orain.


Txarra da bidea, dena zulo, koxka, harritxintxar, harri koskor... Zertan ari ote dira beheko langileak? Hankak ez daude bere onenean baina nik espero baino hobeto ari dira, hala ere. Barraskiloen modura noa, astiro baina etenik gabe, diren eta ez diren laino guztien azpitik eta oztopo guztien gainetik, aldarte nahiko onean. Kanpalekutik 3 kilometrora bideak bira handi bat egin du ezkerretara eta beste haran batean sartu da. Mendatearen amaiera ikusi dut orduan nire aurrean, mendi-lepo polit bat, ez hain urruti, ez hain gora. Hantxe jakin dut, ziurtasunez jakin, Agua Negrako jaungoikoek ez zidatela pasabidea ukatuko. Ez ziren nonbait hain gaiztoak, adar jotzaileak eta bihurriak bai, ederki jostatu ziren nire beldurrekin aurreko gauean...! " Sobera larritzen zara, lagun, mamuei erraz irekitzen diezu atea...", holako zerbait esango lidakete orain, barretxo batez. Bai, bart ez nintzen bat ere ausart, bipil eta zangar sentitu (halaxe esaten dit Arbuluko saxojoleak, "txirrindulari txit ausart, bipil eta zangarra" naizela); txirrindulari txit beldurti, kezkati eta arranguratsua bai, ordea.

"Penitente" (izotzezko irudiak) batzuen aldamenetik pasa naiz. Izotz eta elur gune txikiak daude orain bidean. Haize pixka bat dabil, mendebaldekoa, nire aldekoa. Kanpalekutik 8.5 kilometrora (84 inguru aduanatik) Agua Negrako mendatearen gailurrera iritsi naiz. Goizeko hamaika eta erdiak dira. Nire aurrean, bidearen alde batetik bestera bi zutabe gainean jarrita, metalezko kartel handi bat dago. Bertan idatzita: "Paso de Agua Negra. Lìmite Internacional. 4780 m.s.n.m." Aurrera egin eta Tour-eko irabazleek sekula sentitu ez duten pozarekin pasa naiz pankarta horren azpitik eta muga zeharkatu. Argentinan nago.


( Agua Negra zabalagoa eta sakonagoa da Argentinako aldean, eder-ederra. Harritxintxarrezko mendi maldak eskergak dira eta bailara sakon eta bakarti bat taxutzen dute. Goi haietan erraz sentitu zintezke hegazti. Baina ikusgarriena malda biluzi horien hamaika koloreak dira. Akuarela baten barruan zaudela pentsarazten dizute. Alde hartako jainkoak margolari finak dira, inondik ere. Artista bikainak.
Gailurretik 21 edo 22 kilometrora "Quebrada de San Lorenzo" izeneko parajea dago (kanpaleku egokiak, 4100m.). Han dagoen kartel handi batek zera dio: "Proyecto Tunel Agua Negra". Txileko kanpamendu eta langileen lanek beharbada helburu hori zuten, tunela, eta ez bidearen mantentzea. Quebrada de San Lorenzotik aurrera lanean ari dira argentinarrak ere, haraino doan errepidea zabaltzen eta zuzentzen. Tunel hori noizbait burutzen bada inguru hauek autoz eta, batez ere, kamioiz beteko dira. Agua Negrako lasaitasuna eta xarma galduko dira. Baita, agian, gailurrera doan bidea ere.

Elurrak maiatzaren 14an itxi zuen Agua Negra, nik mendatea igaro eta handik 3 egunera. Hotzaldiak eta ekaitzak goitik behera zuritu zuten mendikatea eta elur-kota oso beheraino ekarri. Egun haietan begiratu nuen Agua Negra aldera azkeneko aldiz eta hango jaungoikoak isilik eta neguko loan sartuta imajinatu nituen. Ziurrenera neu izan nintzen, txirrindularien artean, aurten eduki duten azken solaskidea.

Agua Negrako mendien eta han bizi diren jaungoikoen hurbiltasuna pribilegio bat izan zen, azken batean. Itzulbiderik ez dago eta ez dut uste topo egiteko aukerarik berriro izango dugunik. Gogoan gordeko ditut aurrerantzean, bizi daitezela hor ere.
..................................................................................


(1) Vicuña herri umila da baina ez nolanahikoa. Baditu inguruetan hain arruntak ez diren atrakzioak. Adibidez, izarren salda urdinetik edatea gustatzen bazaizu toki ezin aproposagoan zaude: zeruak oso garbiak dira eta behatoki astronomiko garrantzitsuak daude gertu. Bisitariak onartzen dituzte gainera. Urrutiko zeruak ezezik hurbilekoak ere maite badituzu, nahiago baduzu zeure barruko kontelazioetan murgildu eta han gordetzen diren sekretuetatik edan... ongi etorri, Vicuñako indar kosmikoek lagunduko dizute horretan ere; edo hala diote, behintzat, inguruotan kokatu omen diren New Age-eko talde eta jarraitzaileek. Eta ez batak ez besteak asetzen ez bazaituzte, zure gustuko edariak beste klase batekoak badira, ez etsi, aukerako tokian zaude berriro ere. Pisco pattar ospetsuaren munduko produkziogune garrantzitsuena kilometro gutxitara daukazu. Piscoa, hutsa edo "pico sour" eran hartuta, edari zoragarria da! (aspaldiko auzia dute Peruk eta Txilek pattar honen jatorria dela-eta)