domingo, 28 de septiembre de 2008

Iparraldeko Lurmuturretik Esperantza Oneko Lurmuturrera




IPARRALDEKO LURMUTURRETIK ESPERANTZA ONEKO LURMUTURRERA : NORVEGIATIK HEGOAFRIKARA

 


Bi urte behar izan nituen Europako ipar punta eta Afrikako hegoaldekoa lotzeko. Ondorengo testuak Niger-eko hiriburuan –Niameyn- atondu nituen, 2007ko maiatzean.



Norvegia

2004ko abuztuaren erdialdean iritsi nintzen Iparraldeko Lurmuturrera, Oslotik abiatu eta hiru bat aste geroago. Norvegiak dezepzionatu egin ninduen. Ez hango fiordoen edertasuna, hain goraipatua, nik espero nuen adinakoa izan ez zelako; ez hango lurrek –ipar muturrekoek bereziki- hain gogoko dudan urruntasun eta bakardade giroa eskeini ez zidatelako. Dezepzioa beste mota batekoa izan zen, eta, neurri handi batean, nire erruz etorri zen: idealizatuegiak nituen iparralde urruneko biztanleak. Idealizazio horren arabera lur apartatu haietan bizi ziren gizakiak jende jakintsua ziren, buruargia, lasaia eta sakona. Ez bakarrik bere aberastasuna gizarte eredu jaso baten alde jarri zutenak –kapitalismotik abiatuta sozialismoa eraiki zutela irakurri nuen aspaldi batean nonbait- baizik eta adituak lorpen horietatik harago dagoen jakintza zail batean ere. Punpeziaz esanda, beharbada : zoriontasunaren ehun mehea iruten duten sekretuetan. Errealitatea askoz apalagoa izan zen, noski, eta ustelak gertatu ziren nire hasierako uste inuzente samar haiek. Hasierako mirespenari ustekabea jarraitu zitzaion lehendabizi, eta honen lekua dezepzioak hartu zuen gero.

Ez bainuen espero Norvegia lurralde arrunta izatea, hezur eta haragizko gizon-emakumez osatua, alegia (jakintsuak eta buruargiak batzuk, baldarrak eta kamutsak besteak, munduaren jiran ohi den bezala). Eta ez nituen espero inondik ere –honek harritu eta asaldatu ninduen gehiena, ustekabea eta dezepzioa haserre bihurtzeraino- bere estatus ekonomiko pribilejiatuaren kariaz hala-holako disimuluz harropuzten zirenen komentario baldresak. Norvegia lurralde hotza izan zen niretzat eta han sentitu nuen hoztasunari laineza kutsu bat antzeman nion behin baino gehiagotan (“Noruegarrok oso abertzaleak gara”, esan zidaten Annek eta Erlingek Osloko bere etxean, eta, nahiz eta orduan garrantzi handirik eman ez, gerora askotan oroitu nintzen ateraldi hartaz, batez ere gu oso bereziak gara delako jarrerarekin egokitu nintzen aldietan).

Dena ez zen izan hain negatiboa, jakina, baina azkenean irudi negatibo hori gailendu eta finkatu da nire oroimenean eta, zeinek daki, seguruena oreka handirik gabe finkatu, ideal baten zapuzteak maiz ekarri ohi duen alderantzizko indarrarekin. Desengainuak holako mendekuen zale izaten dira.


Hegoafrika

Bidaiari bati irakurri nion behin – ni bezala Afrikako ekialdean bizikletaz ibilitako bati – Hegoafrika ez zitzaiola gustatu, errepideak onak baina oso trafiko bizikoak zirela, autoz beteak, eta, oro har, hura ez zela egiazko Afrika, antz haundiagoa zeukala lehen munduko herrialde garatuekin. Alde batera utz dezagun egiazko labankor, nahasgarri eta tranpati hori. Hegoafrika egiazko Afrika da, jakina, eta kontinenteak han hartzen duen molde berezia Tanzaniakoa edo Tunezekoa bezain afrikarra eta jatorra da, nahiz eta exotismo bila bakarrik dabilenarentzat ez izan beti –beharbada-  hain deigarria. Lehen munduko herrialde garatuekin antza izateak, bestalde, ez dirudi akatstzat hartu daitekeenik, besterik gabe. Ez, behintzat, gogoan hartzen badugu lehen mundu horretako zenbat ONG, talde eta pertsona –kolore guztietakoak- ari diren, jo eta su, gure garapenaren abantaila batzuk han txertatu nahian (arrakasta gutxirekin,antza).

Askotan esan da munduan gaur egun jaun eta jabe den ereduak – etengabeko hazkundean eta egoismo ekonomikoan oinarritutako ereduak- ez duela bakarrik aberastasun eta ongizate materiala sortzen, harekin batera pobrezia, bazterketa eta indarkeria ere zabalzen dituela. Afrikako toki gutxitan dira bi emaitza horiek Hegoafrikan bezain agerikoak. Kolonialismoak eta apartheidak muturreraino eraman zuten zatiketa ekonomiko-sozialak oparo dirau oraindik ere, nahiz eta, diotenez, egoera hori aldatzeko ahaleginetan ari diren hegoafrikarrak 1994az geroztik. Baina hor daude oraindik orain bi munduak kontraste nabarmenean: mundu diruduna, dotorea eta arrakastatsua, eta langabeziaren, pobreziaren eta aukerarik ezaren mundua. Zatiketa horren lerro nagusia, gainera, arrazarenarekin bat dator oso maiz, apartheidaren garaietan bezala. Maiz baina ez beti: gero eta gehiago omen dira beltz eta mestizo aberatsak edo klase ertainekoak eta, bestalde, Afrikan izan naizen denbora guztian han bakarrik ikusi ditut, gutxitan izan bada ere, eskale zuriak kaleetan.

Hegoafrikako lurretan batetik bestera ibili nintzen bi hilabeteetan, hegoafrikar zuriekin erlazionatu nintzen gehien bat, eta gutxitan izan nuen harremanik –izen hori merezi zuenik- hango populazioaren gehiengoarekin, populazio beltzarekin alegia. Ni ordurarte ibilitako beste herrialde afrikarren aldean Hegoafrika berezia izan zen oso, alde horretatik. Hala iruditu zitzaidan, Ortzadarraren Nazioa osatzen duten koloreen artean –zuriaren eta beltzaren artean bereziki- hesi altu bat dagoela (hango dirudunen etxe dotoreak babesten dituzten hesiak bezain altua eta gotorra, agian) eta urruntasuna, mesfidantza, edota etsaitasuna, handiak direla oraindik bi komunitateen artean. Beharbada Hegoafrika berriak duen erronka garrantzitsuenetako eta zailenetako bat hesi horri dagokiona da.

Baina ez nien nik holako gaiei heldu nahi. Esan nahi nuen, lehenik eta behin, Hegoafrika niri, bai, asko gustatu zitzaidala, eta oso oroimen onak utzi dizkidatela hango lurrek eta jendeek. Oso herrialde polita eta interesgarria deritzot. Errepide onak aurkitu nituen –eta ez dut bat ere kexurik horretaz- baina baita lasai askoak ere, eta espazio zabalen zalea naizen aldetik herriaren erdian kokatzen den goi-lautada oso atsegin izan nuen, bereziki Karoo izenaz ezagutzen den eskualdea.

Hegoafrikan egindako ibiliaren zertzelada batzuk emango ditut jarraian, eta, horretarako, nire egunerokoaz baliatuko naiz, beste batzuetan bezala. Handik hartutako pasarteak trankribatuko ditut hemen.


2006ko maiatzak 15,    Hofmeyr, 82’9 km

Hofmeyr herri txikia da. Bidegurutze batean dago eta oasi bat ematen du, inguruko lurralde bakarti eta hutsetatik ernetzen den oasi xume baina atsegin bat. “Hemen ez da ezer gertatzen, oso leku lasaia da” -esan dit gizon batek eraikin polit baten portxetik. Etxe politak baitaude Hofmeyr-en, antigoalekoak, zurez egindakoak eta barandekin. Ez oso urrun, ordea, auzo afrikarrak erlauntza baten tankera du: etxe txikiak eta berdinak iladaz ilada, adreilua eta uralita lerroz lerro. “Abeltzaintza estentsiboa egiten da inguruko abeletxeetan –azaldu dit portxeko gizonak- Herriko gazte gehienak lanik gabe daude. Zaharrek pentsio bat jasotzen dute eta familiek diru-laguntza bat 14 urtetik beherako seme-alaba bakoitzeko. Horri esker bizi da jende gehiena”

2006ko maiatzak 16,     Denmark etxaldea (Post Chalmers ondoan), 58’7 km

Errepide bakarti eta lurralde are bakartiago hauek asetu egin naute gaur. Alde gutxi dago egun batetik bestera, keinu berdinak errepikatzen ditut egunero, goizetik gauera: denda jarri, denda jaso, bideari lotu, eremu hutsak zeharkatu, geldiune bat egin… Egunak aurrera doaz baina geldirik nagoela ematen du, lur hauek zinez amaiezinak balira bezala, haien monotonia infinituan betirako harrapaturik banengo bezala, betirako jiraka…
Non ote dago kostaldea? Non Cape Town?

Denmark etxaldeko lorategian nago kanpatuta.
Radio Exterior de España entzuten ari nintzen lehentxoago, Un pais solidario edo antzeko izena duen irratsaioa. Afrikaz ari ziren eta norbaitek esaten zuen kanpoko laguntza egokia eta beharrezkoa dela larrialdiko egoeretan bakarrik (goseteak, natur-hondamendiak…) baina egoera horietatik kanpo kalterako ere izan daitekeela, erantzunkizunik eza eta ustelkeria sustatzen dituelako. Programa berean, atzo edo herenegun, Sahara azpiko herrialde musulman batean kooperazio-proiektu bat bultzatzen ari ziren bi lagun elkarrizketatu zituzten. Honela zioen, gutxigorabehera, haietako batek: ”Joan ginen hango herri hartara, eta konturatu ginen neskek eta mutilek komuna berak erabiltzen zituztela eskolan. Baina nerabezaroaren garaian hori problema bat zen neskentzat, kulturak eta erlijioak galerazi egiten zietelako horrela jarraitzea, eta ,ondorioz, neska askok eskolara joateari uzten zioten adin horretan. Eta erabaki genuen komuna bereiziak eraikitzea…".

Etiopiako aldizkari batean irakurritakoa gogoratu zait: "Kolonialismoaren eta esplotazioaren objektu ginen lehen, laguntzaren objektu gara orain… beti objektu, beti ezgai, beti elbarri... zapalkuntza ala paternalismoa".


2006ko maiatzak 17,     Dwarsvlei etxaldea (Country Road Bed and Breakfast), Graaf Reinet,  69’6 km

Zeru ilun geldiak, lurra bera bezain ilunak, geldiak eta eskergak. Iluna baita denborarik ez duen lur amaigabe hau. Zirrikiturik ez zeru lainotuan. Langarra ari du. Hotz egiten du. Xira eta euritako prakak jantzita eragiten diet pedalei, eta, aurreneko aldiz Afrikan nagoenetik, eskularruak jantzi ditut.

Arratsaldean iritsi naiz etxalde honetara. Ardiak eta alpakak dabiltza inguruko larreetan, eta han kanpatzeko baimena eskatu dut. Mariusek, etxeko gizonak, etxe barrura sarrarazi eta kanpatzeko beharrik ez dagoela adierazi dit, Bed and Breakfast ere eskaintzen dutela haiek. Polita da etxea barrutik ere, handia eta goxoa, antigoaleko altzariekin. Sabaiak eta zoruak egurrezkoak ditu. Logelak erakutsi dizkit Mariusek baina nik ezetz esaten nion, nahiago nuela kanpoan, nahiago nuela kanpatu. “Zergatik? Bizimodu diferentea eraman nahi duzulako, kosta ahala kosta?" -galdetu dit azkenik. Ez zuen, nonbait, nire tema ulertzen. Orduan garbi esan diot nire aurrekontua ez dela holako gela bat ordaintzeko adinakoa. ”Hori ez da inondik inora problema bat” –erantzun dit-  “hala bada ez duzu deusik ordaindu behar”. Eta gela dotorea eta afaria ere eskaini dizkit hutsaren truke. Sallyk, Mariusekin etxean dagoen neskak, esan dit behin Espainian ibili zela oporretan eta Iruña ere bisitatu zuela.


2006ko maiatzak 18,    Nieu Bethesda, 31’3 km

Gaur goizean Marius eta Sallyri agur esan eta zeru grisen azpian abiatu naiz. Asfaltatu gabeko errepideak mendietan gora egin du 1700 metro ingururaino. Gero mendi eta muinoen artetik joan da, paraje bakartiak zeharkatuz, Nieu Bethesda-raino. Sahats horituek eta udazken beteko giro malenkoniatsuak eman didate han ongi etorria.


2006ko maiatzak 23,    Beervlei etxaldea, 86’1 km

Gaur, bidean, hegoafrikar zuriek etxaldeetan egiten didaten harrera ezin hobeari buruz pentsatzen nuen. Toki gutxitan egin izan didate halako abegi ona, lehen momentuko ustekabea eta errezeloak gainditu orduko, ateak zeharo zabaltzen dizkidate. Europan ibili nintzenean ez zeukan hango giroak zerikusirik hemengoarekin. ”Zurien arteko elkartasuna handia da hemen, gutxiengo bat dira” -esan zidan Nieu Bethesdan, horretaz ari ginela, Frantziako turista-bikote batek. Eta, bai, uste dut gako bat hor egon daitekeela: zuria izateak taldeko egiten nau, kide. Beste toki batzuetan kidetasuna iritzi politikoek, hizkuntzak edo futbol-taldeek erabakiko dute. Baina hemen, neurri handi batean, azalaren kolorea da elementu identifikatzailea. Beste arrazoi bat ere aipatu zuten frantsesek, mugako espiritua, eremu arriskutsuak zeharkatuz lur berrien bila abiatzen ziren kolonoen espiritua, alegia. Inguru arrotz edo etsai batean irauteko elkartasuna ezinbestekoa zen, talde-izaera indartu egiten zen. Zeinahi dela azalpena ez dio hark balio amiñirik kentzen hemengoen jarrerari.

Gaur berriro gertatu da. Aberdeen-eko turismo bulegoko bi andre adintsuek ahaleginak eta bi egin dituzte nire bidean zeuden etxaldeekin kontaktatzeko, gaua pasatzeko tokia niri ziurtatzeko. Etxalde honetakoekin hitz egitea lortu dute azkenik, ni nor nintzen azaldu diete, eta haiek baietza eman. Iritsi naizenean, ilundu baino lehentxoago, nire zain zeuden.
Afaldu aurretik, sutondoaren aurrean eserita telebista ikusten ari ginela, andre beltz bat azaldu da pantailan. Etxeko gizonak –baserritar handi, jator, lasai batek- atentzioa eman didan zerbait esan du orduan, naturaltasun handiz: “Bera da gure nekazaritzako ministroa”. Geroxeago Mbeki presidentea ere erakutsi dute kamerek eta nigana eginez, ”Bera da gure presidentea” -berresan du. Gure horiek egin zaizkit deigarriak, ezohizkoak, zubi bat zirelako agian. Aurreneko aldiz ikusi ditut Hegoafrikako beltzak aginte- posizio batean, eta haien herrikide zuriak posizio nagusi hori lasaitasunez aitortzen eta onartzen.

Baserritar zurien aurka eraso asko gertatzen ari direla esan didate afaldu bitartean. Astean hiru hiltzen dituztela, horixe dela estatistika. Baina ez inguru hauetan, inguru hauek lasaiagoak direla.


2006ko maiatzak 24,    Uniondale, 104’9 km

“Gu ez gara baserritar aberatsak baina hau zure etxea da” -esan dit Attiek bere etxaldeko sarreran. Pista bakarti batetik iritsi gara hona, ia ilunduta zegoela. Gertueneko etxaldea eta bizilagunak 5 kilometrora daude. Bere emaztearekin eta seme gaztearekin bizi da Attie eta jatorra iruditu zait, gizon garbia eta kemenez betea, ni haren etxean egoteaz pozik zirudiena. Itxura batera, ostrukak dira etxaldeko azienda nagusia. ”Ostrukaren larrua oso estimatua da eta haragia jan egiten da” -azaldu dit. Beti bezala harritu egin da Afrika guztia bat ere arazorik gabe igaro dudala jakitean. Bera Angolako gerran ibili zen: ”Basatia da hango jendea, nik ez nioke neure semeari zurea bezalako bidaia bat egiten utziko”.


2006ko maiatzak 25,    George, 99 km

Laino arrastorik ez gaur zeruan, eguzkia eta urdina jaun eta jabe. Herold-era sartu eta George-ra doan errepide zaharra, asfaltogabea, hartu dut. Oso bide estua eta polita: mendi inguru lasaiak, kareharrizko harkaitzak eta malda leun berdeak. Montagu Pass-eko gailurrera iritsi eta itsasoa ikusi dut handik, Amanda’s grave zioen plakaren ondotik: itsasoaren urdina urrutian, mendien arteko zintzurraren amaieran.


2006ko maiatzak 26,    Great Brak River, 32 km

Lehengo batean, Mozambiken inbertitzearen abantailak deskribatzen zituen txosten batean, reversed racism (“alderantzizko arrazismoa”) esamoldearekin topatu nintzen. Mozambiken ez omen dago halakorik eta Hegoafrikan bai. Bitxia esamoldea, eta bitxia eta ironikoa hegoafrikar zuriak orain horretaz kexu izatea (hegoafrikar zuriei zuzendutako txostena zen eta estilo agresiboarekin zegoen idatzia, hizkera matxista ere tartean zela). Ez dago halakorik, jakina. Arrazakeria instituzionalizatuaren erregimena amaitu egin zen eta zurien eskubideak ez dira hargatik murriztu Hegoafrikan. Gainontzeko hegoafrikarrenak aitortu dira, besterik ez. Eta, gainera, zuriek bere posizio ekonomiko pribilegiatuari eutsi diote. Orduan zer da alderantzizko arrazakeria hori?. Izango da, bururatzen zait, Hegofrikako beltz askok bere herrikide zurienganako sentitzen bide duten sinpatia gutxia, estimu eskasa, eta herri honetan oraindik sumatzen den tentsioa. Baina hori ez da hain harrigarria. Arrazakeria egon badago oraindik, baina hura sustatu zutenen aldera begiratu behar da berriro ere. Apartheida hila egon daiteke baina ez haren oinarri izan ziren pentsamolde eta jarrera asko.
Horren adibide, bart, George-ko backpackerrean edanda zegoen mutil hark garrasi batean esaten zituenak: “This country is fucked up since the niggers took power!! I am a real Dutchman!!” (Herri hau kakaztuta dago beltzek boterea hartu zutenetik!! Ni benetako holandarra naiz!!). Edo era zuhurragoan esanda han eta hemen entzuten ditudan gisa bereko komentario ugariak.


2006ko maiatzak 28,    Albertinia, 64’9 km

Gaur abiatu baino lehenago, gosaldu bitartean, esan dit Marinak: ”Beldurrez bizi gara.
Lehen ez zen horrela baina beltzen beldur bizi gara orain, krimenaren beldur. Problema handia da, hirietan batik-bat. Ez gu bakarrik, beltz asko ere bere arraza berekoen beldur dira, krimenak ez baitu azalaren kolorerik bereizten…”


2006ko maiatzak 29,    Heidelberg, 78’5 km

“Afrikan tristeziak eta zorigaitzak daude baina baita umorea, dibertsioa eta amaiera zoriontsuak ere” (Afrikako kazetariek munduko komunikabideei egindako deia, kontinentearen irudi positiboa ere aintzat har dezaten)


2006ko maiatzak 30,    Potterberg etxaldea, 59’6 km

Etxeko senar-emazteekin afaldu bitartean krimenaren gaia atera da berriro: ”Oso krimen bortitza da, ez bakarrik lapurreta, etxekoak hil ere egiten dituzte" -esaten zuen emakumeak, andre gazte batek- “garai zaharretan ez zen halakorik gertatzen. Ez dakit… apartheidaren azken urteetan gazte beltzak legerik gabeko giro batean hazi ziren, eskolak errez eta autoritateari aurka eginez. Gazte haiek gaurko helduak dira, izugarrikeria horiek egiten dituztenak…”


2006ko ekainak 1,    Napier, 81 km

Bidaiaren bederatzigarren urtemuga betetzen den egun honetan iritsi naiz Afrikako punturik hegoaldekoenera, Agulhas Lurmuturrera. 101.000 km markatzen ditu bizikletako kontagailuak. Oroitarri txiki batek aditzera ematen duenez, hemen elkartzen dira Ozeano Atlantikoa eta Indiakoa. Haiei begira Alemaniako bikote bat eta ni gaude. Ez oso urrun itsasargi bat dago, eta Afrikako herririk hegoaldekoena, L’Agulhas, orain hutsik dauden opor-etxez eta txalet txukunez osatutako ghost town bat. Haizea atera du eta apar txuriko uhin txikitan banatzen da itsasoaren gain iluna.


2006ko ekainak 3,    Gordon’s Bay baino 12 km lehenago, 80’8 km

False Bay badiaren ertzean kanpatuta nago. Nire aurrean, badiaz bestalde, Esperantza Oneko Lurmuturreko itsasargiak jira egiten du ilunpean.


2006ko ekainak 4,    Muizenberg, 83’9 km

"Ez dut politikan sartu nahi baina Strandetik aurrera ez zaizu komeni kostaldeko errepidea hartzea Muizenbergera joateko". Napier-en gaua pasa nuen etxeko gizonak hitz egin zidan horrela, bi egun lehenago.
Strand-en nago eta, hitz haiek gogoan, nire ondoan gelditu den autoko gidariari -50 urte inguruko gizon zuri bat- biderik egokiena zein den galdetu diot: "Nik ez nizuke gomendatuko kostaldeko bidea, it is..., it is...".
"It is no safe" -lagundu diot nik. "Yes, it isn’t safe" -onartu du berak. Aurreragoko gasolindegian garbiago hitz egin didate, hinki-hankarik gabe: "Hortik beltzen auzuneak zeharkatuko dituzu. Ez da segurua, txirrindulari bati eraso egin zioten lehengo batean..." Amore eman dut, aireportuko errepidea hartuko dut, Lurmutur Hirira sartzen den bide nagusia, alegia. Eta hiri barrutik Esperantza Oneko Lurmuturrerantz egingo dut gero.

Esperantza Oneko Lurmuturra... Izen horrek gidatu du nire bidea azken bi urteotan, Norvegiako puntatik -Iparraldeko Lurmuturretik- abiatu nintzen egunaz geroztik. Bitarte honetan bera izan dut norabide-erakusle, helburu eta dei. Eta orain, hain gertu nagoen honetan, presa dut, honainoko bide guztian sentitu ez dudan presa... Igande goiz eguzkitsua da.

Kostaldeko errepideari sahiets emanda N2 autobidean barrena noa hirirantz. Somerset West Malletik aurrera txabola-auzoak hasi dira agertzen bidearen ezkerraldean. Txabola miserableak elkarren segidan, kartoi, egur, uralita, plastiko... edozein kondarrez egindako bizitoki ziztrinak, bata bestearen albo-alboan, ia gainean, modu itogarrian eraikiak. Zementuzko hesi batek bereizten ditu ni noan errepidetik, zeinek, bai itxuragatik bai bideratzen duen trafikoagatik Europa aberatseko edozein hiri sarbidetan nagoela pentsaraz lezakeen -haren lau lerroetan abiadura handian dabiltzan autoen kopuruari zein modeloei erreparatzea baino ez dago-. Hesia igaro eta haur beltzek tarteko belardi zikinean jolasten dute, edo komun gisara erabiltzen. Haien aurretik igarotzen naizenean dirua eskatzen didate, keinu gogorrez batzuetan. Ahuntz taldetxo batzuk bazterretan bazkatzen dira. Gelditu egin naiz istant batez. Zubi batean nago eta gain txiki honetatik so egiten diot errepidearen luzera guztian, eta handik itsasalderantz, etenik gabe hedatzen den txabolategiari: "Lurmutu Hiriari lehen argazkia egin niezaioke hemendik" -pentsatu dut. Baina aurrera jarraitu dut Praktica zaharra zorrotik atera gabe. Ez dakit zenbat kilometro iraun duen oraindik ikuskizun latzak, asko dudarik gabe. Saiatu naiz bitartean, errepasatu dut Egiptotik hona egindako ibilia, baina ezin izan dut gogoratu halako auzotegi txiro, itxaropengabe, zarpailik, beste inon.


Lurmutur Hiria

Herririk herri ibili eta bat etorriko zara gurekin: Lurmutur Hiria munduan den hiririk ederrenetakoa da. Lasaia eta atsegina, hiri honek ezeztatuko ditu Afrikari buruz izan ditzakezun estereotipoak. Lurmutur Hiria Europako hiri puntakoenen pareko da: kaleko kafetegiak eta azokak ugari dira eta arkitektura liluragarria. Gailur zapala eta pareta ia bertikalak dituen Table Mountain mendiaren oinean kokatua, eta txangoz, mahastiz eta hondartzaz inguratua, Lurmutur Hiria Western Cape probintziako hiriburua da eta Hegoafrikako parlamentuaren egoitza. Bertan oinez ibiltzea ,oro har, segurua da, arrazakeria ez da hain agerikoa eta aurrerapausoak nabari daitezke duela gutxi arte bereizirik bizi zirenen arteko hartu-emanetan. (Africa on a shoestring – Lonely Planet)

Jens Deister-ek mapamundi bat zabaldu omen zuen egun batez, 23 urte zituela, Alemaniako bere etxean, eta paperak erakusten zizkion kontinenteak eta lurrak labur aztertu ondoren, Afrika hautatu zuen –“grina berezirik gabe, ia halabeharrean”- egin nahi zuen bidaiaren xedetzat. Prestaketek iraun zuten ondorengo hilabeteetan Andreas ezagutu zuen eta, urte eta erdi eta 14000 kilometro inguru geroago, Afrikako kontinentea erdiz-erdi bizikleta gainean zeharkatu ondoren, Lurmutur Hirira iritsi ziren biak. ”Nekatuta nengoen eta atseden bat behar nuela pentsatu nuen. Geroztik hemen nago, 16 bat urte izango dira honezkero…”. Jens kopa mahaitik altxatu eta ardo beltzari begira gelditu da, pentsakor. Begi gazteek, begirada garbikoek, arindu egiten diote aurpegiko seriotasuna. ”Bidaiak eman zigun esperientziaz baliatu eta Andreasek eta biok Afrikan Bikers sortu genuen, turismoa eta bizikleta uztartzen zituen hiriko bidai-agentzia bakarra, garai hartan. Harrezkero horretan jardun dugu, Europako turista bizikletazaleei Hegoafrikako eta Namibiako bazter ederrak erakusten…”. Zurrut txiki bat egin eta kopa mahaira bihurtu du. ”Baina ez pentsa -ekin dio isilunearen ondoren- hona ekarri ninduen askatasunaren mira sentitzen dut oraindik, batez ere zu bezalako norbait azaltzen denean…”.

Jensek eta Soniak Crescent Garden auzoan duten etxean nago.
Lorategiko bazter honetatik Table Mountain mendi ospetsuaren gailur zati bat ikusten dut, eta handik datorren funikularraren kabina. Bere kasa flotatzen duela dirudi, aire garbian zintzilik balego bezala, eta txikia ematen du hemendik, ezdeusa bere atzeko pareta sendo eta eskergaren aldean. ”Bai, mendi kusgarria da, harkaitz puska harroa. Table Mountain eta Lurmutur Hiria bat dira, elkar osatzen eta edertzen dute. Baina izango duzu biak hobeto ikusteko aukera datozen egunetan, orain hau zure etxea ere bada” –betaurrekoen atzetik Jensen begi urdinek irribarre egiten dute une honetan- “nahi duzun arte gelditu zaitezke. Bederatzi urte behar izan dituzu hona iristeko eta nago atsedenalditxo bat ez zaizula zuri ere gaizki etorriko…”

Bi aste eman nituen Lurmutur Hirian, Jensekin eta Soniarekin, lagunarte onean. Eta haiekin, eta geroago etorri ziren Maite, Luis eta beste hainbat lagunekin, hiria famatzen duten kafetegiak eta mahastiak bisitatu nituen, eta, goiz batez, Table Mountain haren maldei oinez ekin eta hiriko ia edozein tokitatik ikus daitekeen gailur zabala ere zapaldu genuen. Goi hartan sentitu nuen -beste inon baino garbiago han, Lurmutur Hiria eta bere inguruak mendean genituela- toki hark aparteko dohain bat zeukala, merezi zituela sarritan egiten zitzaizkion laudorioak. Penintsula luze eta estu hartan, mendia, itsasoa eta hiria bat eginda ageri ziren, bortxarik gabe, elkarrekiko lehian agian baina baita halako begirune batez ere, hurbiltasunak elkar zanpatu edo desitxuratu gabe mesede egingo balie bezala hirurei. Paisaia bakar –eta eder- bat moldatzen zuten, baina batasunak ez zien indarrik kentzen zatiei, ez zien nortasunik zapuzten, bere hartan irauten zuen bakoitzak zeukan berezkoena. Gu geunden Table Mountain hura, esate baterako, egiazko mendia zen -ez lorategi edo parke, ez osagarri huts, nik noizbait pentsatu bezala-, nahiz eta hiria haren inguruan oso hazita egon eta bere goiko auzoak pareta malkartsuak ia ukitzeraino hedatu; nahiz eta altzairuzko zilborreste batekin –laster hartuko genuen funikularrarekin- areago azpimarratu lotura haren ezinbestekotasuna.
Eta gauza bera esan zitekeen penintsularen amaierak eta itsasoak bat egiten zuten hegoaldeko punta lanbrotsu hartaz ere: Esperantza Oneko Lurmuturra zeritzon.

Esperantza Oneko Lurmuturra

Ekainaren 4an  heldu nintzen Esperantza Oneko Lurmuturrera. Txabola-auzoak atzean utzi, zeharkatu Lurmutur Hiria, eta, gelditu gabe, zuzenean jo nuen Norvegiaz geroztik gidatzen ninduen puntarantz. Igande arratsalde garbia zen. Esperantza Oneko Lurmuturrean turistaz betetako autobusek eta autoek bata bestearen atzetik iristen eta alde egiten zuten; oinezkoak postalen eta oraigarrien saltokien inguruan biltzen ziren, edo hara-hona ibili, argazki-kamerak eskuetan, taldetxoak osatuz eta elkarri kontutxoak esanez. Eta hala ere, joan-etorri urduri eta zarata txiki haiek eta guzti, kostalde hura bakartia iruditu zitzaidan, apartatua eta ederra. Harkaitzak, sastrakadi eta malda hutsak, zeru eta itsaso geldiak, mugarri urrun bat: Esperantza Oneko Lurmuturra. Izen hori baino lehen, antzinako nabigatzaile portugesek beste bat eman zioten: Cabo das Tempestades, Ekaitzen Lurmuturra.

Giroa aratza zen, gardena. Nahiz negua izan haize izpirik ez zebilen eta goi urdinean eguzkia lasaitasunez zihoan sartalderantz. Cabo da Boa Esperança, Cabo das Tempestades: izen soilak baino gehiago ziren, leku turistikoak baino gehiago.  XV. mendean, munduaren amaiera honetara heldu ziren esploratzaile europarren hatsak irauten zuen haietan, hona ekarri zituen patuaren oroimena luzatzen zuten. Bidaiak, grinak, ametsak, ontziak…Cabo da Boa Esperança: zenbat ez ote ziren zure uretan kezkarik gabe nabigatu, zure haitzak konfiantzaz inguratu, egun argitsuetan? Cabo das Tempestades: zenbat ez ote zituen zirtzilatu zure amorruaren enbatak, aldi ilunetan? Zenbat ez ote dira zure itsas hondo isiletan bakardadez  usteltzen? Begira egiozu aurrean duzun itsasoari, kliskatu begiak… ez, ez da hain zaila egun goibelek paraje hauek nola itxuraldatu ahal dituzten imajinatzea, imajinatzea ekaitzaren erasoa, euria eta behelainoa, olatu eta haize bolada izugarrien danbatekoak ilunpean, marinelen borroka eta larritasuna…. Ekaitzen Lurmuturra: egiezu bide gure arimaren zokoetan ezkutatzen diren esperantzagalduko fantasmei. Ikusten han… untzi erdi hautsi hura… olatu harrotuek egur printza bat balitz bezala iraulka darabiltena… ez al da, bada, Bartolomeu Diasena berarena? Eta, ez al zara zu, ezinean, itolarriz, ur beltzetan behera apurka murgilduz doan itsasmutila? Eta False Bay badiaren erdian ainguratuta dauden galeoiak? Ez al da Vasco de Gama haietako baten brankan, besoa luzatuz, argiaren bidea –sortaldea- pozez seinalatzen duena? Kliskatu begiak.

Ekaitzak eta Esperantza: hauspoen gisako izenak ziren, fantasiari –eta fantasmei- arnasa ematen zietenak. Auskalo, beharbada bidaia guztien horizontea bi hitz haiekintxe marraztu zitekeen, eta aukera hartan -naufragioa ala gau baterako ainguralekua- erabakitzen zen dena, gure patua, behin eta berriro errepikatua (ez,ez zen pentsamendu zuzena, patua hori baino askoz askeagoa zen, ez zegoen inongo lurmuturretan idatzia; egotekotan, basamortuko gauean zegoen, hango zeruen infinitutasunean...)

Mendi malda batean nengoen, Esperantza Oneko Lurmuturraren penintsula eta bere itsasbazterrak mendean hartzen zituen talaia moduko batean, iparraldera begira. Gaua han emango nuen. Eguzkia itsasoan murgildu berria zen eta arratseko argia leuna zen artean, mehea. Itsasoa. Ni ere haren baitakoa nintzen. Bizitzaren misterioak arrasto bat utzia zuen zabaltasun hartan eta estela hari segika nindoan. Nabigatzeak poza ematen zidan, eta indarra. Ez nekien –ezin jakin- nora ote nindoan, ez ote ninduen enbatak ni ere irentsiko egun batean, ala, aitzitik, nabigazio-karta batzuetan aipatzen ziren hiri haietara -las espléndidas ciudades, hiri oparoak- helduko ote nintzen; ez nekien airean altxatzen omen diren dorre harrigarriak nire aurrean inoiz azalduko ote ziren. Toki haiek barruan zer gordetzen zuten ere ez nekien. Baina, egia esan, ez zidan horrek guztiak gehiegi ardura une hartan. Han nengoen, haraino iritsia nintzen. Ez nuen beste xederik izan bidaiari ekin nionean.

Robben Uhartea

Igande goiz batez, hurbildu Water Front esaten zaion kaialde dotorera eta Robben Island uharterako ontzia hartu nuen. Eguraldi zoragarriko goiza egiten zuen. Zeru sabai urdinaren azpian Water Fronteko bazterrek diz-diz egiten zuten, eta harro luzitzen zuten bere postaleko irudia ordu hartan harat-hona paseatzen ginen turista bakanen aurrean. Hiriaren alde hartan dena baita egokia eta txukuna, dena pollit eta akatsik gabea: etxeak, kai txikia eta belaontziak, dendak, jatetxeak eta terrazak… Laster, dudarik ez, turista taldeek bete-bete egingo zituzten zoko apain haiek guztiak.

Ni, Robben uharteko museoa non zen galdetu eta hara abiatu nintzen. Museo barruan jende mordoska zebilen ordurako. 1999. urtean Unescok Munduko Gizon-Emakume Guztien Ondare izendatu zuenetik, Robben Island bisita ia derrigorrezkoa da Lurmutur Hiriko ibilbide turistiko-historikoan. Iladan tartetxo batez zain egon eta tiketa erosi nuen. Ontziratzeko berrogei eta bost minutu falta zirela adierazi zidan lehiatilako neskak, eta paretetako idazki eta argazkiei begira jarri nintzen, katamarana atera zain.

Robben izeneko uharte txikia lehorretik 12 kilometrora dago eta Alcatraz-ekin konparatua izan da sarritan. Espetxe moduan XVII. mendean hasi zen erabiltzen, Sortaldeko Indietako Konpainia Holandarra penintsula honetan finkatu zen garaian, gutxigorabehera. Baina bere izenak XX. mendean hartu zuen osperik handiena, apartheid delako erregimen arrazistarekin: haren aurka borrokatutako preso politiko asko seguridade handiko presondegi honetara ekarri zituzten. Eskuetan dudan orritxoan honako hau irakurri dut: “Robben uharteko bizilagun inboluntario haietan famatuena Nelson Mandela izan zen. Asko ikasiko duzu Mandelak eta beste presoek hemen egin zuten gartzelaldiaz, haietako bat izango da-eta, hain zuzen, zure ikustaldia gidatuko duena… Oro har, esan daiteke Robben uhartea borroka harekiko omenaldia dela eta Lurmutur Hiriak eskeiniko dizun adiskidetze-etsenplurik garbiena ere bai…”

Ez naiz gehiegi luzatuko Robben Uharteari egindako bisitaren xehetasunak kontatzen. Bakarrik esango dut hiru gizon izan genituela gidari, hirurak preso ohiak, uhartean urteak emandakoak, eta, beraz, hango zokoak eta historia ezin hobeto ezagutzen zituztenak. Haietako bik –autobuseko txoferrak eta haren aldamenean azalpenak ematen zizkigunak- uhartearen inguruan egindako itzulian lagundu ziguten. Hirugarrenak espetxea erakutsi zigun. Niretzat azken hau izan zen ibilaldi guztiko parterik interegarriena. Segi dezagun barrura, bada.

”Hemen duzue –esan du gure gidariak, 3x3 metro ingurukoko gelak erakutsi eta haietara sartzeko gonbitea egitearekin batera- Nelson Mandelaren ziega. Hamazortzi urte pasa zituen hemen. Harantzago, korridoreko lehena, nire ziega zen, hogei urte eman nituen nik espetxe honetan”. Ziegak, komunak, patioak, jolasgela… ikusi eta, ondoren, sala handiago batera iritsi garenean, hango bankuetan eseri gara denok –ikasgela batean bezala- eta gure galderei erantzuteko prest dagoela adierazi digu lagun dugun preso ohiak. Gure artean Afrikako beste herrialde batzuetatik etorritako bisitariak daude, Argentinako bikote gazte bat, iparramerikar bat edo beste… baina gehienok, Islandiako familia bat barne, europarrak gara. Antza denez, ez dago hegoafrikarrik. Galdera asko egin dizkiote 18 urterekin hona etorri eta 38 bete arte beste bizilekurik ezagutu ez zuen gizon beltzari. “Zer-nolako harremana duzu orain zuriekin?” -galdetu diote halako batean. Erantzuna laster dator eta hitzak, eman dituen erantzun guztietan bezala, soseguz eta irmotasunez ebaki ditu. Itxuraz ez dago zalantzarik, ezta samindurarik ere: “Denok gara Hegoafrika berriaren parte. Hemen daude eta ez diet bizkarra ematen. Nahi banu, hori egitea izango nuke, haiekin hitz egiteari uko egin niezaioke, baina… zertarako?
Ezin da oker bat beste oker batekin zuzendu, denok gara gizakiak… (denok gara gizakiak, – “we all are human beings”- egun hartan behin baino gehiagotan entzun nituen hitz haiek Robben uharteko bisitan lagundu ziguten gidarien ahotik) Mezu bat nahi nuke zuek uharte honetatik eramatea: sekula ez dezala pertsona batek beste bat zapaldu, arrazakeria eta bazterketa ez ditzagula inon onartu”.


2006ko ekainak 24,    Gelbek jatetxea, 105’3 km

Goiz eguzkitsu batean esan diot agur Lurmutur Hiriari. N1 autobidetik Table Mountain mendiaren irudi ederra ikusten dut, nire eskuinetara. Etxeorratzen atzetik bere harrizko pareta sendoak gain hartzen dio hiriari, irmo eta harro. Ezkerrean, gertu, itsasoa daukat. Autobide bazterretan, harriz finkatutako plastiko beltzen azpian, eskaleak eta etxegabeak lo daude oraindik.


2006ko ekainak 27,    Strandfontein, 76’6 km

Iparralderantz noa, itzulbidean, iparraldeko horizonteak ditut orain begietan. Hala ote da? Itsasoari begiratu eta pentsatu dut Hegoamerikatik irten nintzenetik ez naizela handik orain bezain hurbil beste inon egon. Han dago, ozeanoaz bestalde. Ozeano horrek bakarrik bereizten gaitu.


2006ko ekainak 28, Nuwerus,    87 km

Gaur goizeko argiak, abiatu naizeneko argi mehe eta alaiak, Managuakoa ekarri dit gogora. Argi horrek badu berezitasunik: gure ezintasunez bestalde ikusten uzten digu, haiek ukatzen dutena jartzen du ostera bistara. Argi horren izpietan gure ametsak eta desioak daude, eta baita orain arteko urratsak ere, gure oroimena.
Oraingoa, arratsaldeko argi hori eta aparteko hau, bestelakoa da: infinituaz mintzo da, nik ulertzen ez dudan infinitu handiaz, eta harantz narama. Eta ez dago beste ezer, ez beste inor, une honetan lur honen gainean: lautada eta muino bakartien artetik doan bidea, dena betetzen duen argia, eta ni.


2006ko uztailak 3,    Steinkopf, 58’7 km

Namaqualand da eskualde honen izena.
Paraje lehorrak, harritsuak, latzak. Baina kolorez betetzen omen dira urtero, abuztuan eta irailean: udaberriko loraldia da. Hasiak dira dagoeneko. Hor daude lili txuriak, laranjak, horiak, moreak... errepide bazterrak hamaika distiraz janzten. Eta hor daude mendi magaletan ere, koloretako adabakiak txertatzen han eta hemen.

Haswell eta Lion-ekin afaldu dut gaur, haiek gonbidatuta. Haswell beltza da, Durban-ekoa, eta nekazaritza-ministerioarentzat egiten du lan Vioolsdrift-en, muga ondoan. Lion hemengoa da, mestizoa. Afaldu bitartean (nsima (1) prestatu dute, haiek putu esaten omen diote) gai asko ekarri ditugu hizpidera (nire bidaiarekin hasi gara) baina nik Hegoafrika Berria aipatu dudanean Haswellek hartu du hitza, eta Lion eta biok isilik entzun dugu. Haserrea eta samina nabariak ziren askotan haren jardunean. Luze mintzatu da eta saiatuko naiz hark esandakoak laburbiltzen, nahiz eta zatika eta ordenarik gabe (Haswellen ama hizkuntza zuluera da, Lionena afrikaanera. Inglesez aritu gara):

“Denbora laburrerako gaude hemen, kez egindako bideak gara, ordu batzuetako loreak... elkarri lagundu behar diogu. Nire anaia borrokaldian (the struggle, apartheidaren aurkako borroka) hil zen eta nik ere ihes egin behar izan nuen eta mendietan ezkutatu... Boterea daukagu paperean, botere ekonomikoa besteren eskutan dago, betikoen eskuetan... Ikusten eskualde hau? Hemen ez dago zuririk lurra txarra delako. Baina Vioolsdrift-era iristen zarenean errepara egiozu ibaiaren ondoan dagoen etxaldeari: lur hura emankorra da. Nor da jabea? Zuri bat... Ni ere lur-birbanaketaren (land redistribution) zain nago, noiz arte itxaron beharko dudan, ordea, ez dakit, paper eta froga asko aurkeztu behar baitira erreklamazio bat egiterakoan... Hemen bide baketsua, biguna, aukeratu dugu baina pazientzia agortu liteke... Eta badago beste zerbait gobernukoek aipatzerik nahi ez dutena: ustelkeria... Zuri bat hiltzen dutenean telebistan azalduko da berria hots handiz. Baina gure jendea egunero hiltzen da txaboletan eta hori ez da albistea... Zuriak etorri ziren –papera hartu eta marrazki bat eginez lagundu die bere hitzei-, suzko armak zituzten eta lur emankorrenetatik bota gintuzten, gure ezkutu eta lantzek ezer gutxi ahal zuten haien aurka. Horrela hasi zen oraindik harrapaturik gauzkan sorgin-gurpila (the vicious circle), bazterketaren gurpila... Apartheidaren garaian ematen ziguten hezkuntza ere ez zen ona, gure eskolak ez ziren haienak bezalakoak... Gurpil baztertzaile horretatik irten nahi dugu, soka hori apurtu, horixe da gure eginkizuna, gure seme-alabek etorkizun hobea izan dezaten. Ez da erreza baina ahalegintzen bagara gero hori gure esku egongo da. Zulueraz badugu esaera bat horretarako:Vukuzenlele. Esan nahi du: Jaiki zaitez eta egin ezazu zerorrek.


2006ko uztailak 4,    Noordoewer (Namibia), 75 km

Errepideak beheraka egin du, astiro lehendabizi, arinago gero, menditarte batetik barrena. Harria, sastrakadia eta zeru urdin akatsik gabea, ez dago besterik paraje lehor eta bakarti hauetan. Bai, badago besterik: bide bazterreko loreak eta usaina. Usain goxoa da, sarkorra, eta boladaka iristen zait, kanelarena ematen du, Paine Dorreetan bezala, baina ez dut zuhaitzik ikusten inguruan...

Arratsaldean Orange ibaia zeharkatu eta Namibiara sartu naiz.


(1) Nsima: artoz egindako ore bat, Afrikako herrialde askotan oinarrizko elikagaia dena.


The Road to London

Ez dut Hegoafrikako atala itxi nahi gizon bat eta liburu bat aipatu gabe.
Gizon horren izena Eric Attwell da eta berak idatzi zuen liburuarena The Road to London (Londres-eko bidea). 1936garren urtean, hogei urte zituela, Eric Attwellek bidaia ezohizko bati ekin zion hamar urte zaharragoa zen bere anaia Jack-ekin batera: Hegoafrikatik abiatu eta Attwell anaiek Afrika guztia zeharkatu zuten bizikletaz, Egiptoraino; handik Europan barrena jarraitu zuten gero, neguari aurre eginez, eta Londresen eman zioten amaiera bidaia hari, sorterritik abiatu –Port Elisabeth-etik zehazki- eta 13000 km eta 22 hilabete geroago.

Halako txango bat harrigarria izango zen, inondik ere, garai hartan, eta, dakigunez, haiek izan bide ziren bi gurpilen gainean Afrikako kontinentea punta batetik bestera korritu zuten lehenak.
Harrigarria orduan eta baita gaurko egunetik begiratuta ere, kontuan hartzen badugu, besteak beste, 30eko hamarkadan ez zegoela apenas bide asfaltaturik Hegoafrika eta Egipto bitartean eta basapiztiak nonahi eta ugari omen zirela. Attwelldarrek hiru martxako bizikletak erabili zituzten eta bere kasa eta gogo hutsez ekin zioten bidaiari (izan ere, ia ezkutuan abiatu ziren), oso ekipaje eta diru gutxirekin gainera. Aitzindariak izatea eta gisa hartako bidaia bat burutu izana arrazoi aski lirateke haien izenak eta haien abentura gogoan hartzeko. Baina bada besterik. Badago beste zerbait ere ibilera hura areago edertzen duena –nire begien aurrean behinik-behin- eta Eric Attwellen irudiari aparteko xarma eta balioa ematen diona.

Bidaia hark ez zuen nolanahiko hasiera izan. Gure arteko hitz bat erabiliz esan dezakegu Eric Attwell intsumiso bat izan zela eta arrazoi horrexegatik ekin ziola bidaia hari. Izan ere, liburuaren hasieran berak aitortzen digunez, soldaduzka egiteari uko egin zion, ez zion amore eman nahi izan armadaren deiari, eta justizia orpotik segika eta mehatxuka zebilkiola hartu zuen bere sorterritik alde egiteko erabakia. Liburuak, ondoren, Eric eta Jack-en bidaiaren gorabeherak kontatzen dizkigu, eta haien eskutik 30eko hamarkadako Afrika eta Europa haietan barrena eramaten gaitu. Hitzez eta irudiz eraman ere, zeren kontaera bi bidaiariek berek hartutako argazki ugariz baitago hornitua. Zuri-beltzeko argazki haietako batzuek bi anaiak ezagutzeko parada ematen digute. Irudi batean, adibidez, bi gizon zuri eta gazte ikusten ditugu Afrikako herrixka batean; Afrika kolonialaren garaiko kapela borobilak janzten dituzte eta zutik daude bizikleta baten aldamenean; bizikletak ekipajearen zakutoak daramatza atzealdean eta koadroaren barra horizontalaren azpian gitarra baten zorroa ere ageri da.
Narrazioa, bestalde, soila eta garbia da, zuzena, eta ez dago, ez estiloan ez edukian,alferrikako apaingarririk. Kontrako aldera gertatzen dela uste dut, eta, idatzitakoa atzean dagoen eskuaren ispilu baldin bada, esango nuke esku hura nabarmenkeriak maite ez zituen gizon batena zela.
Bidaiaren hasiera berezia izan baldin bazen amaieran ere badago aintzat hartzekoa den xehetasun bat. Xehetasun garrantzitsua nire ustez, gizon hura gurekin eta gure historiarekin lotzen duelako batetik, eta, bestetik, argi gehiago ematen digulako haren pentsakeraz eta nortasunaz. Attwell anaiak Londresera iritsi zirenean Espainiako Gerra Zibila amaitu gabe zegoen artean. Eric Attwellek Errepublikaren alde egin zuen eta Londresetik hari babesa ematen zioten taldeak lagundu zituen. Bigarren Mundu Gerra Inglaterran igaro eta gero, Hegoafrikara itzuli ziren bi bidaiariak.
Eric Attwell espetxean egon zen aldi labur batez 60ko hamarkadan apartheidaren kontra egiteagatik.
Nik ez nuen ezagutu Eric Attwell eta Port Elisabeth-etik gertu nengoela zeharka jakin nuen haren berri aurreneko aldiz. Bizikleta-bidaiariak harremanetan jartzen dituen nazioarteko talde baten zerrendetan zegoen bere izena, baina bertan agertzen zen telefonora hots egin nuenean inork ez zituen nire deiak erantzun.
Gero jakin nuen -Jens Deister-ek esanda- bi urte lehenago hil zela. “Behin Port Elisabeth-etik hona (Lurmutur Hirira) etorri zen auto zahar batean -kontatu zidan Jensek- eta astebetez gelditu zen nire etxean. Liburu batzuk ere utzi zizkidan nik saltzeko. Uste dut pobre bizi zela eta liburuen salmentak aparteko sos batzuk ematen zizkiola. Bere anaia Jack urte batzuk lehenago hil zen istripu batean“. Horrela iritsi ziren Atwell anaiak eta bere historia nire eskuetara. Liburua zatika irakurri nuen une hartan, merezi zuen baino patxada gutxiagorekin, eta, pisua arintzearren, pakete batean sartu eta Gasteizera bidali nuen laster beste hainbat gauzarekin batera. Baina bi bidaiariek eta bere abenturak irabazia zuten ordurako nire arreta eta nire sinpatia. Sarritan gogoratu izan naiz haiekin harrezkero.
Ez nuen ezagutu Hegoafrikan –Jens Deister-ez gain- beste inor Attwell anaien edo The Road to London liburuaren berri zekienik. Aipatu nituen haien izenak inoiz edo behin, baina bizikletaren munduarekin harremana zutenen artean ere ezezagunak ziren.

The Road to London berandu argitaratu zuen Eric Attwellek, 85 urte zituela, eta hori ere egiten zait deigarri, alegia, zahartzaroan hartu zuela gaztetako bidaia hura plazaratzeko erabakia, orduantxe sentitu zuela, eta ez lehenago, hori egiteko beharra.
Esango nuke bidaia hark arrasto sendoa utzi zuela haren baitan eta arrasto hartaz baliatu zela, bere bizitzaren amaiera aldera, seinale bat uzteko.

Esaten du Eric Attwell-ek liburuaren hasieran: “Berandu bada ere nire agur beroa bidali nahi diet bidean lagundu ziguten ehunka lagunei: baldin eta zuetako inor bizirik egon eta hitz hauek irakurtzen baditu, agur t’erdi. Ordainik espero gabe zuen jatortasuna eta adeitasuna eskeini zenizkiguten. Haiek gabe gure abentura guztiz ezinezkoa izango zen“.
Berandu da orain ere, eta, beharbada, ez du honezkero garrantzi handirik baina nik ere neure agurra bidali nahi izan diet Attwell anaiei hemendik. Eta horretarako haiek Londreseraino eraman zituen bidea -The Road to London hura- apur bat luzatu eta guganaino hurbiltzen saiatu naiz. Ez gaitu normalean arrazoi bakarrak bultzatzen eta ez ditut nik bide haren bihurgune guztiak ezagutzen, baina ez naiz hain oker ibiliko esaten badut askatasuna -berea eta lagun hurkoarena- maitatu eta defendatu zuen pertsona zintzo baten urratsak daudela The Road to London liburuan. Iruditzen zait halako pertsona izan zela Eric Attwell.


Lorenzo Rojo
Niamey – Niger
2007ko maiatzak 8