domingo, 3 de septiembre de 2017

Samarkanda mon amour


"Eta orain eraman itzazu begiak Samarkanda aldera! Ez al da bera lurraren erregina? Haren menpeko dira beste hiriak eta haiek guztiak baino harroagoa da"  Edgar AllanPoe

(Amin Maalouf-en Samarcanda liburutik)













Pasa den urrian Gasteizko lagun bati bidalitako emailaren zatia:

"...orain bai, Pamir mendiak poltsikoratuta eta atzean, hemendik aurrera Uzbekistaneko hiriak eta desertuak omen ditut zain... Dushanben nago, Tajikistaneko hiriburu argi, lasai eta hostotsuan. Ugari ditu parkeak, txukunak, zainduak, iturriak eta urmaelak ez dira haietan falta, kale zabalak ondo gerizpetzen dituzte zuhaitz lerroek , zerua beti urdin... ez da antzematen, hemendik ikusita, URSS zaharreko errepublikarik  pobreenean nagoela. Pamirrak eta pamir errepide ospetsuak... aho zabalik utzi ninduten behin baino gehiagotan. Ederragatik eta baita ospearen neurriagatik ere, ez bainuen espero hainbestekoa izatea inguru urrun horiek gure artean daukaten itzala eta tiradizoa: egunero topatzen nintzen aurrez aurre (gehienak ekialde-mendebalde norabidean doaz, Dushanbetik Osh-era) txirrindulari tropelekin. Ia guztiak europarrak: frantziarrak eta alemanak nagusi alde handiarekin; penintsularren artean euskaldunak txapeldun indiskutible; errusiarrak ere hainbestean; eta normalean "txirrindularitzako munduan" ausente diren nazio batzuetako ordezkariak ere tantoka, esaterako turkiar bat eta lau iraniar. Eta ez biziketazaleak bakarrik, motozaleak eta 4x4ak ere hantxe, erruz. Bazter haiek apartatuak dira, bai, sentipen hori emango dizute behin baino gehiagotan, aurkitu ditut aspaldiko biderik kaskarrenak (Mongoliakoekin lehian), biztanleak, oro har, gutxi dira (Wakhan korridorean izan ezik, han bizi dira, mendi mortuen arteko oasi-herrixketan, Tajikistaneko ismaelitak), alturak handi, Afganistan beldurgarria bertatik bertara izango duzu ehunka kilometroan, hango ume artzainek kasu egingo dizute oihuka ibaiaren bestaldetik ... baina, esaten nuen, apartatuak izanagatik ez dira, inondik inora, ezezagunak. Turismo masiboaren garaian omen gaude eta iritsi da, iritsi zitekeen modu "abentureroan", hona ere.

Uzbekistanera sartuko naiz laster. Urteak dira Samarkanda nire zain dagoela, baina ondo daki honezkero nire berandutzea ez dela maitasun falta. Gero ostera Kazakastanera, Kaspiar itsasoaren ertzean dagoen Aktau hirirantz; eta handik ontziz Azerbaiyanera. Negua pasatzeko toki bat bilatu behar dut eta bi dira buruan darabilzkidan aukerak: Georgia eta Ukrania.

Hasi naiz irakurtzen Sergio Ramirezen "Adiós muchachos" liburua. Emozionatu egiten naiz Nikaraguako kontu zahar horiekin.

Eta uda --beste uda bat-- badoa apurka-apurka azkenerantz.

Izan ongi. Besarkada bat.