jueves, 18 de mayo de 2017

Ulan Bator, Mongolia

Ulan Bator, nomaden hiriburua. Maiatzaren 4an iritsi nintzen hiri honetara eta hemen nago oraindik, Txinako edo Errusiako bisa lortzeko tramiteen sarean erdi harrapatuta (bi herri horiek ditu mugakide Mongoliak, eta batetik ala bestetik pasa beharra daukat aurrera jotzeko). Txinako bisa ukatuta, badirudi azkenean errusiarrek lau eguneko trantsito-bisa emango didatela. Data zehatz batean sartu behar dut Errusiara: ekainaren 14an. Kazakhstan da hurrengo helburua.





Gobi desertuan, Ulan Batorrera heldu baino lehen: hondar-ekaitz ikusgarria.










Txinan barrena iritsi naiz Mongoliara, Yunnan, Sichuan, Gansu, Ningxia eta Inner Mongolia probintziak zeharkatuta. Irudian Shangri-La (Yunnan) eta Litang (Sichuan) bitarteko zatia, 400en bat kilometroko ibilbide menditsua eta eder-ederra (mendaterik altuena 4700 m.), den-dena Tibet historikoaren barruan. Izan ere, kulturaz, jendez eta arkitekturaz zeharo tibetarra da inguru hura. 




Litang-eko monasterioa.

Txinan egin dudan ia bi hilabeteko ibilaldian harrera on-ona egin didate, behin eta berriro, bertakoek (izan txinatarrak --Han etniakoak--, izan tibetarrak edo mongolak). Irudian familia tibetar baten etxea. Kanpatzeko toki bila nenbilela, bertan pasa nuen gaua.









Txinako mongolak. Haiekin pasa nuen beste gau bat. Aitona hil berriari beila egiten ari ziren, baina hura ez zen izan oztopo niri ongi etorri beroa emateko. Gorpua kalean zegoen eta handik ez oso urruti jarri nuen kanpindenda.



Hezuo hirian kanpatzeko toki bila ibili, eta kanpatu beharrik ez: hainbat izarreko hotel batean amaitu nuen eguna, unibertsitateko irakasle batek gonbidatuta. Txinako hiri askotan --ez turistikoetan, maizago-- kanpotarrok ezin dugu ostaturik hartu hotel merkeetan edo maila ertainekoetan. Izar askotxo behar ditu eduki tokiak. Agintarien aginduak dira. 







Ez pentsa, baina, dena esne mamitan bizitzea izan denik! Sichuan probintzian nengoen hor, irudian, pasa den martxoaren amaieran. Elurrak isolatzaile termikoaren lana egin zuen eta nik goxo-goxo egin nuen lo, ohi baino epelago, kanpoan ze giro zegoen ondo sumatu gabe, ekaitza gauez etorri baitzen. Goizean sorpresa hartu nuen. Argitu eta gutxira gizon tibetar bat etorri zen oinez kanpalekuraino. Harri eta zur begiratzen zidan .






Negu giroa, baina aurrera.

Ez dauka itxura onik, ez. Ulan Batorrera iritsi baino lehentxoago arrakala bat ikusi nuen bizikletaren koadroan (16 urte eta 190.000en bat kilometroren ondoren). Hura soldatu nahian arrakala zena zulo bilakatu zen. Bizikleta-fabrika batera eraman behar izan genuen, azkenik, nire burdina zaharra (Ulan Batorreko bizikleta-fabrika bakarrera), eta han, bai, lan itxurosoa egin zuten. Uste dut Gasteizeraino iristeko moduan dagoela orain. 






Eta amaitzeko jolas tixki bat: iragarki horretan lau alfabeto (edo idazkera) eta hiru hizkuntza daude: zein dira alfabetoak eta hizkuntzak, eta zein hizkuntza dago bi alfabeto ezberdinetan idatzia? (pista bat: Txinako Erenhot/Erlian hirian dago irudiko denda hori).