Pasa den astean, Tarija-rantz nentorrela ( Boliviako hegoaldean dago hiri hau, Boliviako Andaluzia du ezizena) nire moduko beste txirrindulari batekin egin nuen topo errepidean. Berak ez ninduen ikusi hasieran. Eserita zegoen bide bazterrean, bizikletaren ondoan, gorputza ekialdeko mendietarantz jiratua. Ibar estu batean geunden biok, bakarti samarra, errepidea bera bezala. Ibarraren alde bat, nire eskuinekoa, arroka gorriko mendizerra lehor eta harritsu batek ixten zuen. Beste aldeak, txirrindularia jiratuta zegoenak, antzeko beste mendizerra bat zeukan gertu, ibaiaz bestaldean, baina haren maldetako sastraka eta zuhaixkengatik kolore berdexka bat nagusitzen zitzaion. Txirrindulariarengana hurbildu eta bozina jo nion. Ogia zeukan esku batean eta dulce de leche pote bat ikusi nuen lurrean, haren ondoan. Harriduraz begiratu zidan hasieran baina berehala altxatu eta libre zeukan bostekoa eskaini zidan, irribarrez. Estephane zuen izena eta frantsesa zen, Lyon-ekoa. Buenos Aires-etik abiatua zen lau hilabete lehenago eta denbora horretan errepidean aurkitzen zuen lehen ziklista-bidaiaria omen nintzen ni. Nik ere oso gutxi ikusiak nituen Caracas-etik irtenez gero, eta poza eman zidan Estephane topatzeak. Ez zen izan hura, hala ere, guztiz ustekabeko enkontru bat. Goiz hartan bertan, Camargo herriko kaleetan nengoela, gizon batek hala esan zidan: "Atzo zu bezalako bat ikusi genuen Sama-ko aldapa igotzen". Beraz, espero nuen harekin elkartzea goiz edo berandu, bideak ez zuen aukera asko uzten. Estephanek eta biok luze jardun genuen hizketan elkarri agur esan eta nor bere bideari berriro lotu baino lehen (iparraldera zihoan bera, hegoaldera ni). Mapak atera genituen, informazioa eta helbideak trukatu... Halako batean Bolivia zein herri polita zen aipatu nion, zenbat gustatzen zitzaidan. Bat etorri zen bera: "Bai, oso berezia. Muga igaro nuenean nire bidaia berriro hasten zela iruditu zitzaidan..." Eta ixilune baten ondoren: "Hori bai, Sama-ko aldapa igotzeko bi egun behar izan ditut".
Estephanek ondo adierazi zuen hitz gutxitan Bolivia nolakoa den. Berezia, oso desberdina inguruko herrien aldean eta aldapatsua. Gogoan dut orain dela hamar urte, Boliviara lehenengoz etorri nintzenean, ez niola hasieran aparteko arretarik eskaini herri honi. Pasoko herria izan behar zuela pentsatzen nuen, Argentinarako bidean zeharkatu beharrekoa. Ez zen hala gertatu. Lur honen edertasunak harri eta zur utzi ninduen eta hiru hilabeteko bisa ia agortu nuen hemengo bideetan gora eta behera. Orain ere, hamar urte geroago, antzeko zerbait gertatzen ari zait. Brasiletik hona sartu nintzenean, Paraguaiko mugarantz zuzenean jotzea zen nire asmoa, baina, horren ordez, bideak eskaini didan ia bidegurutze bakoitzean planak aldatu eta barrura egin dut ezari-ezarian, gero eta barrurago, gero eta gorago: ekialdeko behe-oihanetatik Cochabamba inguruko mendialdera lehendabizi, eta altiplano hotzeko goi-ordokietara gero; eta, handik behera ondoren, orain nagoen hiriraino, Tarijaraino (1800 m.). Bederatzi aste daramatzat Bolivian eta Paraguaiko muga ez daukat oraindik hain gertu (honako hau izan da nire ibilbidea Santa Cruzetik irtenez gero: Santa Cruz - Samaipata - Comarapa - Epizana - Totora - Mizque - Sacabamba - Cliza - Cochabamba - Oruro - Challapata - Ventilla - Potosi - Camargo - Tarija)
Zer daukan Boliviak? Hasteko aldapa asko, luzeak, ederrak, gogorrak. Baina aldapen beldur ez bazara, edo haiek eskatzen duten izerdi-kuota pagatzeko prest bazaude, jasoko duzun saria ez da nolanahikoa izango. Paisaiak ederrak dira, oso ederrak, herriak politak eta lasaiak eta jendea ona. Boliviako altiplanoa apaitu gabe ezin aurrera jarraitu: zabala eta bakartia, isila eta urruna, ohikoa ez den edertasun mineral batez hornitua... Batzuetan ikuskizun apartak eskaintzen ditu. Zeruko ostarteek ordeka eta mendi mortu haietan sortzen duten argi-itzalen dantza, esaterako, ia irreala da, bihotza harriduraz eta mirespenez betetzen du. Oso toki berezia da. Agian, lurrak -eta haren gaineko guztiak- omen daukan arima sakratuaren oihartzuna gordetzen da goi haietan. Manoaren arrasto bat, hori segurua da, hantxe dago.
Baina Boliviak dauzkan altxorren artean bada bat, oso berea, azpimarratu nahi nukeena: isiltasuna. Toki eta paraje isilak aurkitzea gero eta zailagoa da, eta naturarekin gertatzen den moduan erreserben itxura hartzen dute maiz, eremu hesituak dira, exotikoak, edo salbuespenak. Bolivian alderantziz gertatzen da. Hemen zaratak, builak eta motor hotsak dira salbuespena, eta hirietatik edo bide nagusietatik apur bat urrundu eta beste mundu batean sartuko zara. Eta mundu horrek Boliviaren bihotzean dagoela ematen du, erdi-erdian: urrutitik datorren mundu zahar bat da, galdutako gauzen zaporea daukana, galdutako erritmo eta galdutako logiken zaporea, urratsak astiro eta isilik ematen dituena. Nik mundu horri nostalgiaz eta liluraz begiratzen diot. Jakina, Bolivia Latinoamerikako herrialderik txiroenetakoa da eta susmoa dut isiltasuna ezin daitekeela ulertu, gaur egun, datu hori kontuan hartu gabe. Nola ezin diren ulertu, zoritxarrez, patxada, presarik eza, gauzen abiada motela, giza-harremanen zentzu komunitarioago bat agian,... Hori da, antza, mundu modernoak aurkezten digun dikotomia: aurrerapena eta horrek dakartzan pribilegio materialak ala "Hirugarren Mundu"ko toki batzuek oraindik dauzkaten xarma exotikoak, eta, haiekin batera, gabezia ikaragarriak. Dikotomia hori faltsua da, eta uste dut gutxietsi egin dugula erosotasun materialak eta haiek ematen diguten seguritate-irudipena lortzeko bidean galdu duguna. Eta bururatzen zait irtenbidea -jende zuhurrak esan ohi duenez- erdian dagoela eta mundu modernoak eskaintzen dizkigun abantaila behinenak -kontsumismoarekin zerikusirik ez dutenak- eta "mundu zaharraren" altxorrak uztartu litezkeela, han eta hemen. Horretarako austeritatea beharko genuke guk, eta beste logika bat denok.
Tarija izeneko hirian nago. Oso hiri atsegina da Tarija, Boliviako atseginena esango nuke. Ehun mila biztanle pasatxorekin herri handi baten giroa dauka, eta, erdiko kaleetako trafiko bizia eta espaloi estuak gorabehera, lehen aipatzen nuen mundu zahar horren enkantuak somatzen dizkiot nik. Txukuna, garbia eta lasaia, enparantza ugari ditu, politak eta itzaltsuak, eta jendea ona eta patxadatsua da. Eta hori guztia gutxi balitz hemen daude Boliviako mahastiak (munduko altuenak omen), eta ardo beltz goxoa daukagu eskura edari sakratuaren zaleok. Ekintza maite duena, ordea, aspertu egingo da, "ezer pasatzen ez den" leku horietakoa baita Tarija. Zegoen zinema bakarra itxi zuten (eliza bat omen da orain) eta kultur agenda guztia, antza, harekin amaitu zen. Aurkitu dudan hoteltxoa oso nire gustokoa da -"Residencial Rosario", Ingavi kalean-, haren ezaugarriak eta hiriarenak bat datoz erabat. Jabeak edadeko bikote bat dira ("Don Lorenzo" esaten dit andreak, maitekiro) eta gelak, oso txikiak eta txukunak, barne-patio eguzkitsu baten inguruan daude antolatuta. Toki lasaiagorik ezin aurkitu (prezioaz ere ezin kexatu, 35 boliviano, 3.5 euro inguru). Hoteletik oso gertu enparantza polit-polit bat dago, gerlari, libertadore edo abertzale harroaren ohiko estatuarekin. Tristuraz begiratzen diet kale batzuetan, murruz inguratuta izkutatzen ziren antigoaleko etxe eta patioen eremuetan, jasotzen ari diren eraikin moderno zatarrei.
Eguraldia kaxkarra, aldakorra. Iritsi nintzenean hotzaldi bat eduki genuen, sekulakoa, eta dardar batean ibiltzen nintzen gauez kaleetan ("surazos" deitzen zieten Santa Cruz-en hegoaldetik, Antartidatik-edo, datozen aire-masa hotz horiei). Eta orain halako beste baten mende gaude. Bien bitartean izan dugu, baita ere, hemengo neguan ohikoak diren -eta nik oroimenean gordeta nituen- zeru urdin akatsik gabeez goxatzeko aukera, baina.... zoriona, zorion labur...
Bestalde, Bolivia bitan zatitzen duten kategorien barruan ez omen dira sartzen Tarijako biztanleak. Esan didatenez haiek ez dira ez "coyak" (mendebaldeko biztanleak, altiplanokoak) ez "cambak" (ekialdekoak), baizik eta "chapaco"ak, hots, Tarijarrak eta kitto. Guztiarekin ere, izen kontuak gorabehera, "ilargi erdiaren" parte da Tarijako departamendua, Evo Morales presidentearen aurka daudenen artekoa, alegia, eta horretan bat dator "cambekin" ("ilargi erdia" esaten zaie Boliviako ekialdeko departamentuei, mapan irudi hori osatzen dutelako. Tarija ilargi erdi horren behealdea da; Santa Cruz erdian dago; Beni eta Pando, goian). Zatiketa geografikoa, kulturala, politikoa eta ekonomikoa da Boliviako ekialdearen eta mendebaldearen artean dagoena. Ekialde aberatsak ditu petrolioa eta gasa (gasa hemen, Tarijan) eta baliabide natural horien kontrola da talkaren arrazoietako bat. Bestalde, mendebaldean nagusi den kultura indigenatik (kitxuak eta aimarak) urrun sentitzen dira hemen. Beste talde etniko batzuk daude "ilargi erdian", ez oso handiak, eta hirietan mestizoak edo "criolloak"(txuriak, espainolen ondorengoak) dira nagusi. Tarijan, hori oso nabarmena da, populazio indiarra txikia da, kaletik dabilen jendeari erreperatu eta esango nuke gehienak nire moduko rostro palidoak direla (euskal abizenak, portzierto, ez dira falta: Aguirre, Uriondo, Echazù,...). Dena den, Tarijako biztanleek, "chapacoek", jende lasaia izateko ospea dute eta politikan ere halakoxeak direla ematen du. Ez ditut ikusi hemen Evo Morales presidentearen aurkako pintada gogorrak eta iraingarriak, Santa Cruz-en ohikoak zirenak. Bat ere ez. Pintada politikoetan ohikoena "No a la constituciòn" da. "Mujeres creando" talde feministarenak ere ageri dira paretetan. Hona hemen ale batzuk: "Tù me quieres virgen, tù me quieres santa, tù me tienes harta", "No soy media naranja de nadie sino fruta entera y en toda su variedad", "Las mujeres necesitamos a los comites cìvicos (hemengo instituzio bat) tanto como los peces a las bicicletas".
Hiru aste izango dira laster hona iritsi nintzela. Bat-batean, bideak eta bizimodu ibiltariaren ohiturak utzi eta bestelako errutinekin egokitu naiz. Gosaria gelan bertan hartzen dut; bazkalorduan izkinaren bueltan dagoen etxera joaten naiz; arratsaldeetan merkatura hurbildu eta "tojori" bero bat (arrozesnearen modukoa baina arrozaren ordez artoa daukana) eskatzen dut, beti toki berean. Gustatzen zait merkatuko mahaietan esertzea, ni bezala plater beroa dastatzera etorri diren beste hainbatekin batera. Gauez, kalean pitzak saltzen dituen andreagana jotzen dut. Zintzo betetzen ditut joan-etorri horiek, eta beste asko, egunero, ia aldaketarik gabe, beti toki beretan geldituz. Gauez badakit ohea non daukadan zain eta berriak eta atseginak gertatzen zaizkit ziurtasun txiki horiek guztiak.
Ez naiz bat ere aspertu aste hauetan. Bi liburu irakurri ditut (Harry Potter-en bat eta "Zazpi etxe Frantzian". Ernesto Sabatoren "La Resistencia", poltsetan daukat zain), aparatu honen teklekin ere nahiko lanpetuta ibili naiz eta gainontzeko orduetan Toto eta Genaro gogotik saiatu dira "chapacoek" jende abegitsua izateko fama zergatik duten niri erakusten. Toto eta Genaro hemengo bi bizikletazale dira eta hainbat ibilalditxo egin ditugu elkarrekin inguruetan. Zorretan nago haiekin, Totorekin eta bere familiarekin batez ere.
Independentziaren urteurrenaren jaiegunak aprobetxatuz Santa Cruzen ezagutu nituen beste lagun batzuk ere izan dira hemen, "Pedaleros del Urubò" taldeko kideak, hain zuzen. Atzo, goizetik ilunsentira arte, mahastiz mahasti eta bodegaz bodega ibili ginen biziketa gainean denok, eta ilunsentitik aurrera bizikletak utzi eta janari, edanari eta parrandari egin genien leku. Edo idazle handiak esango zukeenez, leku t'erdi. Denetarik izan zen, ez beti neurrian.
Bihar abiatuko naiz. Hemendik Paraguaiko mugara 400 km inguru dagoela uste dut, gehienak asfaltorik gabeak. Hasierako 260ak, Villamontes-era bitartean, oso menditsuak eta politak direla esan didate, bihurguneak, amildegiak eta alturako ikuspegiak ez omen dira faltako. Villamontes Boliviako "chaco"aren parte da eta handik aurrera eskualde bero, zelai eta gutxi populatu horretan sartuko naiz. Aldaketa galanta. Paraguaiko hiribururaino, Asuncioneraino, elorriak, sastrakak edo baso txikiak izango omen dira nagusi nire inguruko behe-lautadetan. Han bizi dira menonitak. Hegoamerikan Paraguai da, orain, ezagutzen ez dudan herrialde bakarra (Guaianak ez ditut kontuan hartzen) eta ilusioz noa haruntza. Bolivian pasa dudan bolada ederra izan da baina etorkizun dagoenaren deia, errepidearen dei hori, indartsua da, ohi bezala, eta aurrera narama gogoz. Hasia naiz Montevideo ikusten, hantxe, zeruertzean.
2009ko abuztuak 10
.................................................................................
Villamontes
Lau egun behar izan ditut Tarijatik hona iristeko, 260 kilometro guztira,
menditsuak eta ikusgarriak. Berezitasun bat izan dute: basoak eta landaretza.
Bolivian izan naizen mendi ingururik basotuenak, dudarik gabe. Goietatik,
begiak atzera bihurtu eta kolore berde iluneko mendizerrak ikusten nituen, bata
bestearen atzetik, zeruertzeraino. Mendi malda eta zintzur horietan barrena
egiten du aurrera -bihurgunez bihurgune eta aldapaz aldapa- pista estu batek.
Tarte asko bertigoa sortarazten duten horietakoak dira, bidea malda ia
bertikaletan irekitako lerro doi bat baita, pareta alde batean, amildegia
bestean, eta bazterretan, via crucis
baten gisara, gurutzeak, bidaia beheko zuloetan amaitu zutenen oroigarri. Ez
dago hemen seinalizaziorik, babes-hesirik edo bestelako laguntzarik, gidarien
zuhurtziak eta abilidadeak erabakitzen dute desafioa. Eta patuaren borondateak.
Bizikletazaleontzat bide hauek amets bat dira, haietan ibiltzen diren ibilgailu bakanentzat, kamioi eta autobus handientzat batik bat, amesgaiztoa (flota esaten zaie hemen lineako autobusei). Ari dira tarte batzuetan -tarte errazenetan- errepidea zabaltzen eta zuzentzen eta noizbait asfaltatu ere egingo omen dute, zeren Corredor Bioceànico Central delakoaren parte baita bide hau. Baina nekez imajina dezaket zer egin daitekeen tarte zailenetan, lurrarenak baino gehiago airearenak diren pareta horietan, gauzak hobetzeko.
Pastelaren ginda Villamontesera iritsi baino lehentxoagoko zatiak jarri du. La Angostura du izena tarte horrek eta Cares-eko zintzurra ekarri zidan gogora: ibaia, zabal samarra, behean, urruti, eta harrizko paretan zintzilik, badaezpadako orekan, bide estua. Aldea, hemen autobus eta kamioi handiak ere ibiltzen direla, ez bakarrik oinezkoak (trailer bat igaro zen han nengoela. Halakoetan irrati bidez ematen dute abisua han diren zaintzaileek, eta kontrako norabidean datozen ibilgailuak geldiarazi). Bihurgune estuetan paretari pega-pega eginda joaten nintzen ni, eta, hala ere, erne eta kezkatuxea, bestaldetik zer azalduko. Gidari batzuk astiro eta zuhur baitabiltza, baina bat baino gehiago, ohiturak edo singaniak -hemengo pattarrak- ematen dien konfiantza lagun, behar baino azkarxeago hurbiltzen da bihurguneetara.
Herria da Villamontes, herri lasai bat, handixea. Ez du antzik Tarijarekin, hura txikia izan arren hiria zen, bilduagoa. Villamonteseko kaleak zabalak dira eta hostaila oparoko zuhaitz lerroak dituzte alboetan. Eraikuntza gehienak txikiak dira, solairu bakarrekoak. Goitik ikusita, seguruena, mantxa berde baten itxura hartuko du, zabalgune eta teilatu batzuk agerian, beharbada.
Dena aldatu da. Boliviako mendiak atzean dira, Altiplanoaren laztasuna -eta laztasunaren ederra- ere bai, eta Boliviari berari agur esaten ari naizela sentitzen dut. Paraguaiko muga hemendik bi bat egunera dago, gehienez hirura. Chaco Handiaren ertzean nago eta bero egiten du, bero sapa. Lehen eltxoak ere agertu dira (Paraguain izurrite bat omen dira). Tarijan, astebete lehenago, hotzak dardarka egoten nintzen gauez eta orain sinestezina dirudi horrek. Bitxia da, goizez esnatu eta berotasun eta argitasun horiek beste nonbaiten sentiarazten naute, ez orain arteko tokian. Herri honen eiteak ere beste nonbaitera narama. Erdiko Amerikako herriak -nik aspaldi ezagutu nituen Nikaraguako haiek, kasu- etortzen zaizkit gogora, hango goiz nagiak, hango giro sentsuala.
Herri aparta da Bolivia, bere jendea ere halakoxea. Honelako toki gutxi daude munduan.
2009ko abuztuak 15