
Lau egun behar izan ditut Tarijatik hona iristeko, 260 kilometro guztira, menditsuak eta ikusgarriak. Berezitasun bat izan dute: basoak eta landaretza. Bolivian izan naizen mendi ingururik basotuenak, dudarik gabe. Goietatik, begiak atzera bihurtu eta kolore berde iluneko mendizerrak ikusten nituen, bata bestearen atzetik, zeruertzeraino. Mendi malda eta zintzur horietan barrena egiten du aurrera -bihurgunez bihurgune eta aldapaz aldapa- pista estu batek. Tarte asko bertigoa sortarazten duten horietakoak dira, bidea malda ia bertikaletan irekitako lerro doi bat baita, pareta alde batean, amildegia bestean, eta bazterretan, via crucis baten gisara, gurutzeak, bidaia beheko zuloetan amaitu zutenen oroigarri. Ez dago hemen seinalizaziorik, babes-hesirik edo bestelako laguntzarik, gidarien zuhurtziak eta abilidadeak erabakitzen dute desafioa. Eta patuaren borondateak.
Bizikletazaleontzat bide hauek amets bat dira, haietan mugitzen diren ibilgailu bakanentzat, kamioi eta autobus handientzat batik bat, amesgaiztoa ("flota" esaten zaie hemen lineako autobusei). Ari dira tarte batzuetan -tarte errazenetan- errepidea zabaltzen eta zuzentzen eta noizbait asfaltatu ere egingo omen dute, zeren "Corredor Bioceànico Central" delakoaren parte baita bide hau. Baina nekez imajina dezaket zer egin daitekeen tarte zailenetan, lurrarenak baino gehiago airearenak diren pareta horietan, gauzak hobetzeko.
Pastelaren ginda Villamontesera iritsi baino lehentxoagoko zatiak jartzen du. "La Angostura" du izena tarte horrek eta Cares-eko zintzurra ekarri zidan gogora: ibaia, zabal samarra, han behean, urruti, eta harrizko paretan zintzilik, badaezpadako orekan, bide estua. Aldea, hemen autobus eta kamioi handiak ere ibiltzen direla, ez bakarrik oinezkoak (trailer bat igaro zen han nengoela. Halakoetan irrati bidez ematen dute abisua han diren zaintzaileek). Bihurgune estuetan paretari pega-pega eginda joaten nintzen ni eta hala ere erne eta kezkatuxea, bestaldetik zer azalduko. Gidari batzuk astiro eta zuhur ibiltzen baitira baina bat baino gehiago, ohiturak edo "singaniak" (hemengo pattarrak) ematen duten konfiantza lagun, behar baino azkarxeago hurbiltzen da bihurguneetara.
Herria da Villamontes, herri lasai bat, handixea. Ez du antzik Tarijarekin, hura txikia izan arren hiria zen, bilduagoa. Villamonteseko kaleak zabalak dira eta hostaila oparoko zuhaitz lerroak dituzte alboetan. Eraikuntza gehienak txikiak dira, solairu bakarrekoak. Goitik ikusita, seguruena, mantxa berde baten itxura hartuko du, zabalgune eta teilatu batzuk agerian, beharbada.
Dena aldatu da. Boliviako mendiak atzean dira, Altiplanoaren laztasuna -eta laztasunaren ederra- ere bai, eta Boliviari berari agur esaten ari naizela sentitzen dut. Paraguaiko muga hemendik bi bat egunera dago, gehienez hirura. Chaco Handiaren ertzean nago eta bero egiten du, bero sapa. Lehen eltxoak ere agertu dira (Paraguain izurrite bat omen dira). Tarijan, astebete lehenago, hotzak dardarka egoten nintzen gauez eta orain sinestezina dirudi horrek. Bitxia da, goizez esnatu eta berotasun eta argitasun horiek beste nonbaiten sentiarazten naute, ez orain arteko tokian. Herri honen eiteak ere beste nonbaitera narama. Erdiko Amerikako herriak -nik aspaldi ezagutu nituen Nikaraguako haiek, kasu- etortzen zaizkit gogora, hango goiz nagiak, hango giro sentsuala.
Herri aparta da Bolivia, bere jendea ere halakoxea. Honelako toki gutxi daude munduan.
0 comentarios:
Publicar un comentario en la entrada